EGUZKIren esker on publikoa ipuinak eman dizkiguten idazleei, Ana Martini, Karlos Corbella argazkilariari, Jon Altuna eta Borja Goitia maketatzaileei eta gure lurraren defentsan egunero ari direnei.

 

 

 

Aurkezpena

 

        Pairatzen ari garen krisialdi ekologikoaren manifestazio guztiak elkarri loturik daude: guztiak dira gaixotasun beraren sintoma, indarrean dagoen garapen ereduaren sintoma, alegia. Hori, ingurugiroa hondatzeaz gain, intsolidario eta injustua da gero eta giza sektore zabalagoekin. Ekologistok ez gara, jakina, garapen eredu horren kontra ari diren bakarrak. Komeni da, bada, sektore aurrerazaleen arteko elkarlana sustatzea. Horretarako EGUZKIk Etorkizunerako Giza Akordioa (EGA) proposatu zuen. EGAren filosofia oso gogoan izan dugu azken urteotako eginkizunetan. Horren ondorioz, ahal izan dugun maila apalean bederen, hainbat sektorerekin batera lan egiten saiatu gara, hala nola nekazariekin, arrantzaleekin, mendizaleekin... Kultur gizon-emakumeekin ere lan egin beharra zegoela garbi ikusi genuen lehenengo momentutik beretik. Lan esparru komun posibleak, ordea, ez dira arestian aipaturiko sektoreekikoak bezain begi-bistakoak. Horregatik sortu zen ipuin liburu baten proiektua, ekologista eta letra jendearen arteko hurbiltze saioa —xume-xumea baina— izan nahi zuena.

        Proiektua joan zen urtean gauzatu zen. EGUZKIren hamargarren urtebetetzea zela aitzakia, zenbait idazle ezaguni ingurugiroarekin —zentzu zabalean— zerikusirik zuen erregaluzko ipuin bana eskatu eta horrela sortu zen «Ipuin berdeak».

        Liburuak oso harrera ona izan zuen. Horren lekuko, mila aleko tirada bizpahiru hilabeteren buruan agortu izana. Gainera, idazle batzuek lan berriak eskaini zizkiguten. Lan horiek dira, hain justu, esku artean duzun «Ipuin berde berriak» honen oinarria.

        Euskal Herriaren eraikuntzan ezin da ekologia bazterrean utzi; Euskal Herria ekologiatik eraiki behar da. Ondorengo orrialdeetan aurkituko dituzun testu guztiak, azal eta mamiz oso desberdinak izan arren, literaturarekin ere Euskal Herria ekologiatik eraiki daitekeen froga dira.

 

 

 


www.susa-literatura.com