Plastik
Xabier Arzelus
Aitak limoizko poloa eskutik bortizki kendu zidanean aho zabalik geratu nintzen, ez bainuen horrelakorik espero. Ondoren, limoizko poloari nire begien aurrean eutsi zion, «Begira! Begira!» esaten zuen bitartean. Nik begiratu bai, baina ez nuen ulertzen zertan ari zen. «Begiratu zeeer!», erantzun nion, erdi negarrez, nire ahots zorrotz eta zakarrenaz. Eta aitak, orduan, «Zeeer, diozu? Plastikoa! Plastikoaaa! «, oihukatu zidan, eta «plas...» esaterakoan, poloa astindu eta limoi zaporezko ur tanta batzuk erori ziren nire sudur gainean.
Nik ikusten nuen plastiko bakarra poloari eusten zion makilatxoa zen. «Sarritan esan dizut ez dezazula honelako polorik erosi!». Eta nik aitari berehala: «Aita! Ia polo guztiek makilatxoa plastikozkoa dute ordea!». Eta berak: «Ondo diozu, semetxo! Ia polo guztiek plastikozkoa dute, baina badira ere egurrezko makilatxoa dutenak!». «Oso gutxi dira, ordea, eta gainera ez ditut maite!», erantzun nion.
Orduan, dagoeneko buruz nekien hitzaldiari ekin zion aitak. Bere kristalezko eskuin begia kristalezkoa diot, eta ez plastikozkoa distira zorrotzez bete zen, plastikoak ingurugiroan eginiko ondorio kaltegarriak banan-banan adierazten zizkidan bitartean. «Bide honetan esan zuen aurrerakoan itsas zabalean biziko diren marmoka bakarrak plastikozko poltsa zikinak izango dira, eta txipiroiak ere plastikozkoak izango dira, eta berdin baleak, eta izurdeak, sabel gainean Made in Taiwan azaltzen duten horietakoak!» Hitzaldia bukatu zuenerako, limoi zaporeko poloa erabat urtuta zegoen eta plastikozko makilatxoa oso-osorik azaltzen zen aitaren eskuin eskuan. Aita horretaz ohartu zenean, makilatxoa zomorro nazkagarriren bat izango balitz bezala zoruaren kontra jaurtiki eta zanpa-zanpa egin zuen bertan.
Nik ez nuen amore eman nahi eta nire betiko argudioa bota nion aurpegira. «Bada, jakin ezazu zurezko makilatxoak egiteko zuhaitz asko eta asko hil eta txiki-txiki egin behar dituztela!» Eta Japonian gertatzen dena aipatu nion. «Japoniarrek jateko zurezko makilatxoak erabiltzeko ohitura dute eta, egunero aldatzen dituztenez, ehundaka milaka zuhaitz bota behar dituzte urtero, makilatxo ziztrin horiek egiteko!» Eta aitak: «Okerragoa litzateke makilatxo horiek plastikoz egingo balituzte, zuhaitzak behin eta berriz sortzen diren bitartean ez baitago plastikoa erabat desagertarazteko biderik!».
Eta, hori esan ondoren, aitak su jaurtikigailu bat lepo gainean hartu, piztu eta polo saltzaileak zuen izozki kutxa erabat kixkali zuen. Gero, handik hurbil zegoen jostailu denda batean sartu, plastikozko jostailuak meta moduko batean pilatu eta su eman zien. Azkenik, plastikozko eta gomazko porrak zituzten poliziak etorri, buru erdian jo eta aita bertatik komisariara eraman zuten. Orain, plastikozko gauzarik ez duen gelatxo huts batean bizi da psikiatrikoan. Hala ere, aitaren omenez, ez dut plastikorik duen polorik erosten, zurezko makilatxoa duen poloren bat erosteko hiri osoa zeharkatu behar badut ere.