I

 

        Erroma, Tiberio Zesarren inperiopean. Gau ederra; eta zerua, konstelazioz harro. Apiar Bideko forotik eta Hiru Tabernetatik hurbil, sigi-saga zihoan kalezuloak (bide nagusitik adarkatuta) jende gutxiko auzo bateraino zeraman (Brindisi-tik, Capri-tik eta antzeko herri apaletatik zetozen itsas gizonak eta txikikako merkatariak besterik ez zebiltzan bateraino). Etxeak, edo hobeto esan, etxola makalak —pilatuta— eta haiek zatitzen zituzten bideska bihurriak, ez ziruditen berariaz itxaropentsuak eta erakargarriak tristurazko eta isiltasunezko bazter txiki hartan, noiz edo noiz liskar bat edo beste lehertzen bazen ere (ardo-saltzaileren baten dendan edota plebearen emagalduren baten bizileku mixerablean).

        Gau argitsu eta konstelazioz jositako hartan eta kalezulo hartatik, tarteka-marteka, misteriotsuki, bata bestearen atzetik hainbat gizon eta hainbat emakume igarotzen ziren. Harriz eta oholez osatutako etxe bateko ate meharretik sartzen ziren, errautsitako egoitza baten zimenduen artetik. Urrats nekatuez, atso bat heldu zen azkenik, gizon baten besotik helduta. Barrura sartu baino lehen, biak bueltatu ziren kalezulo-hondorantz luzaro begiratzeko.

        — Luzila bere nebaren bila joan da —esan zuen gazteak—. Nereo Ostiara abiatu zen duela hiru egun. Luzila hiriko sarrerara joan da harekin elkartzera.

        — Ea heldu den gu baino lehenago...

        Barrura sartu ziren. Oraindik ere atsoaren aurpegia agertzen ikusi zen, artega, itzalean haztamuka, eskuina bixera-moduan jarrita, gaueko urruntasuna begi-niniekin zulatu nahian, bere hankak bezain unaturik.

        Etxe barruan horra hor zer ikusten zen, buztinezko hiru lanpararen argitan.

        Eserleku trauskiletan eserita, gizonak eta emakumeak, hainbat adinetakoak eta itxura desberdinekoak, agure baten inguruan pilaturik zeuden (agurea indartsua zen eta hazpegi kementsuak zituen; tunika gris eta luzea janzten zuen, artilezko lokarri baten bidez giltzurrinei lotuta. Adatsak —zilar ilunezko bi hegal luzetan erdibituta— sorbaldak ukitzen zizkion. Ezkerreko hegalak ez zuen lortzen lepoko orbana eta zeharo falta zitzaion belarria ezkutatzea. Gizon haren belaunen gainean larruzko erroilu bat zegoen, loturik, oraindik ere ireki gabe).

        Atsoa eta honen laguna heldu zirenean, etenda geratu zen kontaketa entzuten ari ziren haren ezpainetatik. Denak zutik jarri ziren eta heldu berriei musu eman zieten anaitasunez.

        — Eta Luzila?

        — Luzila bere nebaren bila joan da, gaur Ostiatik etorriko da-eta.

        Emakume batek —grekoen erara jantzita—, eta bidaiaren seinaleak bere jantzian begi-bistan zituenak, esan egin zuen:

        — Kaira zihoala harekin egin dut topo. Esan dit: «Febe, abegitsu horrek, eramaiezu nire bakemusua gure anai-arrebei.».

        — Orduan, Luzila ez da gaur gauean gurekin izango —esan zuen bertaratuetariko batek—. Horrela, o Santu Malko hori!, gure aitaren eskutitza irakurtzen has ahal izango zara.

        — Oraindik goiz da, Anplias —ihardetsi zion besteak—. Eta diakono maiteak bere kontaketarekin jarrai dezake; bien bitartean, Luzila-ri gurekin elkartzeko denbora emango diogu, gogotsu etorriko baita. Gure maisuari dion maitasuna seme-alabena ez al da? Gure alde eginik bere gutunetan bereziki igortzen dizkigun agurretan hartaz ahazten al da?

        Beraz, diakonoak bere kontaketari horra nola birrekin zion.

        «... Une hartan, esan dizuedan bezala —apaiz nagusiaren mirabe horrek, arima bete ezazu bekatuz, behin baino gehiagotan deabruek ostatu hartu baitzuten bertan—, une hartan, Zedron-en aldeko haizearen hatsaldia gugana heldu zenean, errekaren alde hartan zegoen baratzeko olibondoen arnasaz bustita, nire izpirituaren barrenean zerbait iratzartzen balego bezala sentitu nuen. Ez, grazia sakratuaren tximista artean heldu gabea zen; hala ere, zerbaitek esaten zidan: "Zaude, Malko, izu-laborri dibino eta konkistatzaileok!". Zuhaitz azpira heldu ginen... O, gaua, nire begiek oraindik ere negar dagite!... Fariseoen eta apaiz nagusien soldaduak zuhur zihoazen, beren argiekin. Aurrean Traidorea zihoan. Nik, haren ondoan, linterna bat neraman. Orduan agertu zen, itzalean zurbil eta miragarriro argitsu, gure Jesus. Esan zuen: "Noren bila zabiltzate?" "Nazareteko Jesusen bila." Eta Jesusek esan zuen: "Ni naiz." Lurrera erori nintzen haizete batek jaurkita bezala. Inguruan begiratu nuen: denak lurrean zeuden ni bezala... Berriro ere galde egin zuen: "Noren bila zabiltzate?" "Nazareteko Jesusen bila." "Hala diotsuet: ni naiz; baina nire bila bazabiltzate, ez egin kalterik nirekin datozenei." Une hartan, Saltzaileak musu eman zion. Eta une hartan, Pedrok burua ezpataz zauritu zidan; eta Jainkoak bihotza urrikaltasunez.»

        Diakono santuak azken hitzok amaitu zituenean, denak geratu ziren isilik. Diakonoak, poliki-poliki, pergaminozko erroilua askatu eta zabaldu zuen, eta ahots lasaiaz irakurtzen hasi zen.

        «Paulo, Jesukristoren mirabe, apostolua izatera deitua, Jainkoaren ebanjeliorako bereizia, halaze agindu zuen hark lehenago, haren seme Jesukristoren Eskritura Santuetan Igarleen ahotan, gure Jabe Jesus, David-en hazitik sortu zena, haragiaren arabera, eta Jainkoaren seme aldarrikatu zutena. Santutasunaren izpirituari jarraikiz, hildakoak berpizteko boterearekin; haren bidez grazia eta apostolutza jasotzen baititugu; fedea narrazio guztietan errespetatua izan dadin, haren izenean; haien artetik zeuek ere bazaudete, Jesukristok deituta: Erroman zaudetenoi, Jainkoak maite zaituztenoi, santuak izatera deituak izan zaretenoi: eskerrak zuei eta izan bedi zuekin gure Aita Jainkoaren eta Jesukristo Jaunaren bakea. Lehendabizi, nire Jainkoari eskerrak eman nahi dizkiot Jesukristoagatik, zuek guztiok direla-eta, zuen fedearen berri zabaldu baita mundu osoan zehar. Zeren Jainkoa dut lekuko, haren zerbitzurako bainago haren Semearen Ebanjelioan, etengabe zuetaz oroitzen bainaiz nire otoitzetan; arren eta arren, une honetan nolabaiteko amaiera izan beharko balu ere, Jainkoaren borondateagatik, bidaia ezin onuragarriagoa zuenganatzeko. Izan ere, biziki desiratzen dut zuek ikustea zuekin guztiokin dohain izpiritualen bat erdibanatzeko, konfirmatuak izan zaitezen; jakitera eman daitekeenez, zuekin batera kontsolamendurik izan dezadan, elkarrekiko fedeagatik: zuena eta nirea batera.» Diakonoak arnastu eta esan zuen:

        — O Gure Jaunarengan bilduriko ene anai-arrebok! Ikusten duzuenez, gure maisu eta zuzendari Paulok, beste behin, bere bihotzaren sendotasun gozoa erakusten digu. Badakit bera maite eta gurtzen duzuela.

        — Zu, Canchreas-en opari santuarekin heldu berri zaren arreba horrek, nola begiratzen diozu Paulori?

        Fabek erantzun zion:

        — Brontzezko dorre izugarri altua bailitzan begiratzen diot.

        — Zuk, Epenesto, Acaya-ko lirioa zaren horrek, nola begiratzen diozu?

        — Jainkoaren ekaitzak lotan dautzan haritza bailitzan begiratzen diot.

        —Eta zuk, Priszila?

        — Nire Jainko Jaunarenganako laguntza sakratua bailitzan.

        — Eta zuk, Olinpas?

        — Paulo nire mendia da; itzalaren freskotasuna, ur gardena, eta lehoiaren aho santua aurkitzen ditut nik harengan.

        — Eta zuk, Filologo?

        — Paulo trumoia da; beldurrez maite dut eta haren mihiaren ekaitzaren aurrean umiliatu egiten naiz.

        — Eta zuk, Paulok begirunez musu ematen dizun horrek, zure seme Rufori bezala?

        Atsoa artega dago Luzila oraindik etorri ez delako, eta erantzun zuen:

        — Maite dut! Niri, antzara gaixo honi, fenix santu horrek ama deitzen dit!

        — Eta zuk, Rufo?

        — Nire anaia litzatekeen arkanjelua bailitzan begiratzen diot.

        — Eta zuk, Hermes?

        — Jesus aurkitzera gidatzen gaituen izarra bailitzan.

        — Eta zuk, Flegonte?

        — Aizkora, aizkora izugarria da! Moztu dezala pozoituriko enborra!

        — Eta zuk, Asyncrito?

        — Nik ez dakit hitz egiten. Diot: Paulo! Besterik ez.

        — Eta zuk, Perside, fedearen adats horrek? nola begiratzen diozu?

        — Saula deitzen zidan: hari esker Perside naiz.

        —Eta zuk, Herodion zintzoa?

        — Odol bera dario gure haragietan zehar, eta hari esker, sinesmen bera gure arimetan zehar.

        —Eta zuk, Stakis?

        — Ni haren haize-zirimolaren erdian harri-kozkorra baino ez naiz.

        — Eta zuk, Androniko?

        — Juniarekin batera, kartzelan lagun egin nion: odol berekoak gara, Herodion-en antzera: haren maitasunagatik ari gara lehian. Hark bere borondatearen hegalaldian altxatzen gaitu. Zer egin dugun?

        Jainkoaren ahotsa entzun.

        Eta zuk, Maria?

        — Nik nire Jauna bailitzan begiratzen diot. Eta Malkok:

        — Bedeinka dezagun Jaunaren borondatea: eta joan daitezela Corintora gure oroitzapenak; eta Paulo izena, gure otoitzen bidez, Jesukristo Gure Jaunaren zerura. Amen.

        Eta begiak berriz pergaminoari atxikiz, irakurtzen jarraitu zuen:

        «... Baina ez dut nahi, anai-arrebok, zuek ez jakitea askotan zuengana itzultzen saiatu naizela —orain arte hainbat eragozpen aurkitu baditut ere—, zuen artean ere fruituren bat izateko, gainerako jentilen artean bezala. Bai grekoekin bai barbaroekin, bai jakintsuekin bai ezjakinekin, zorretan nago. Beraz, niri dagokidan bezainbatean, Erroman zaudetenon artean ere prest naukazue Ebanjelioaren berri zabaltzen hasteko. Izan ere, ni ez naiz Jesukristoren Ebanjelioaz lotsatzen, sinesten duenak hortxe aurkitzen baitu Jainkoaren boterea, salbaziorako beharrezkoa: juduak lehenik eta baita grekoak ere. Zeren hari esker Jainkoaren justizia fedez fede azaltzen baita, idatzita dagoen bezala: justua fedeagatik biziko da. Jainkoaren haserrea Zerutik agerian jartzen delako, fedegabetasun eta injustizia ororen aurka: Jainkoaz ezagutu dezakeguna, haiengan agerian dagoelako; Jainkoak horren berri eman dielako. Harengan ikustezinak diren gauzak, munduaren sorreratik ulertutzat hartzen direlako; eginak diren gauzen bidez, argi eta garbi ikusten dira, jakitera ematen denez, haren betiereko boterea eta jainkotasuna, aitzakiarik gabe gera daitezen. Zeren Jainko aldarrikatu bazuten ere, Jainko gisa loriatu ez zutelako, eta eskerrak ere ez zizkioten eman: aitzitik, euren hitzaldietatik desagertu egin ziren, eta horien bihotz ergela goibeldu zen, jakintsuak zirela esan arren, zentzugabeak bilakatu ziren, eta Jainko ustelezinaren loria gizon ustelgarriaren truke aldatu zuten, eta hegaztien truke, eta lau hankako animalien truke, eta narrastien truke. Hargatik, Jainkoak ere lohikeria eman zien oparitzat, bihotzetik zerien gutiziei zegokien bezala...»

        Bat-batean atea indarrez ireki zen: denak zutik jarri ziren harri eta zur; eta neska bat sartu zen, ia-ia neskatoa, zuria, ilea harrotuta, dardarka, deiadarrez:

        — Laguntza! Babes nazazue, Jesus Gure Jaunaren izenean I

        Denek hots egin zuten: —Luzila!

        Momentu hartan, bi erromatar zaldunen toga luxuzkoak agertu ziren, eta horien gainetik ardoak alaitutako bi aurpegi, horietako baten ahotik (adinez sartutako gizon batena zela), barre-algara handia jalgi zen. Eta besteak esan zuen:

        — Fauno zintzoa!

 

 

© Ruben Dario
© itzulpenarena: Xabier Galarreta