Lehen partea
Oraindik ba ote dago istorio posiblerik, idazleentzako istoriorik? Nork bere buruaz kontatu nahi ezean, bere Nia erromantikoki, lirikoki orokortu nahi ez badu, nork bere burua ez badu esperantza eta porrot propioez, erabateko benetasunean, hitz egitera beharturik sentitzen, ezta emakumeekin oheratzeko duen moduaz ere benetakotasunak hori guztia orokortasunaren mailara aldatuko balu bezala, eta ez klinikazko edo psikologiazkoarenera, kasurik hoberenean; hori egin nahi ez bada, gisaz atzera egitea nahiago bada, bizitza pribatua kunplituki babestuz, eskultorea materialaren aurrean bezala gaiaren aurrean jarriz, hartan lan eginez eta hartan norbere burua garatuz eta klasiko-mota baten antzera, berehala etsi gabe, nahiz eta ia edonon nagusi den zentzugabe hutsa ia ezin ukatuzkoa izan, orduan idaztea zailagoa eta bakartiagoa izango da, baita zentzugabeagoa ere, literaturaren historian ez baita nota onik interesatzen nork ez ditu noizbait nota onak atera? zenbat lardaskeria ez da saritu honez gero? egunaren eskakizunak garrantzizkoagoak dira. Baina hemen ere dilema bat eta merkatu-egoera desabantailazko bat daude. Entretenigai hutsa dagoeneko bizitzak, gaueko zineak, poesiak, egunkarien gehigarriak eskaintzen dute; sozialki franko baten gainetik dagoen zerbaiten truk arima, aitorkizunak, benetasuna ere eskatzen dira, goibalioak eskuratu behar dira, gogoeta moralak, sententzia baliagarriak, zerbait gainditu edo baieztatu egin behar da, nahiz kristautasuna, nahiz modako desesperoa: literatura, labur esateko. Baina autoreak gero eta setatiago uko egiten badio hori sortzeari argi daukalako, bere baitan, bere kontzientzian, bere inkontzientean dagoela bere idaztearen arrazoia, eta batzuetan hein dosifikatutan, bere fede edo zalantzan, eta pentsatzen badu halere, gauza horiek orain ez zaizkiola publikoari inondik ere axola, eta aski izan beharko lukeela berak idazten, gatzatzen, formulatzen duenaz, apetitua pizteko gainaldea erakutsi behar dela eta besterik ez, eta horren baitan soilik lan egin, eta gainerakoaz ahoa itxita eduki behar dela, iruzkinik edo berriketarik egin gabe? Ezaguera horretara iritsirik, trikatu, zalantzatan sartu, noraezean geratuko da, hori ia ezinbestekoa da. Kontatzeko ezer geratzen ez den susmoa sortuko zaio eta oso serioski hausnartuko du ez ote duen dimititu behar, agian oraindik posible dira esaldi banaka batzuk, baina azkenean biologiara jo beharko da, buruz bederen, gizateriaren leherketari, etorri datozen milaka milioiei, atergabe emanean dauden uteroei aurre egiteko, edota fisikara edo astronomiara, ordenaren amoreagatik, ideiaren bat izan dezagun zintzilik gaudeneko aldamioaz. Garaitikoa aldizkari ilustratuetarako, Life, Match, Quick edo Sie und Er. presidentea oxigeno-dendapean, Osaba Bulganin bere jardinean, printzesa bere hegazkin-kapitain polifazetikoarekin, zine-izarrak eta dolaraurpegiak, elkartrukagarri, modaz pasatuak beraietaz hitz egiten hasi orduko. Honen ondoan bakoitzaren egunerokotasuna, Mendebaleko europar batena nire kasuan, suitzar batena zehatzago esateko, eguraldi eta abagune txarra, kezkak eta atsekabeak, arazo pertsonalengatiko asaldurak, nahiz eta unibertsoarekiko, bentura eta desbenturen joaira eta ezinbestekotasunen aletzearekiko loturarik gabe. Destinoak alde egin du antzezten ari deneko eszenatokitik, bastidore artean zelatan ari izateko, indarreango dramaturgiaz kanpo, lehen planoan dena ezbehar, eritasun, krisi bihurtzen den bitartean. Gerra bera ere zerebro elektronikoek bere errentagarritasuna iragartzearen baitan egongo da, zeren, dakigunez, kalkulagailuek funtzionatzen badute, porrotak bakarrik baitira matematikoki pentsagarriak; kontuz, ordea, faltsutzeak gertatzen badira, edo tartekatze debekatuak zerebro artifizialetan, nahiz eta hori torlojuren bat kolokatzea, bobina bat hondatzea edo sakagailu batek oker erreakzionatzea bezain posibilitate tamalgarria ez izan: munduaren amaiera zirkuitulabur teknikoz gertatuko litzateke, sasikontaktoz. Jadanik ez digu inongo Jainkok, inongo justiziak, Bosgarren Sinfonia bezalako inongo patuk mehatxu egiten, baizik eta errepide istripuek, dike-hausketek eraikuntzazko huts egiteengatik, bonba atomikoen fabrika baten leherketak, ikertzaile distraituren baten edo gaizki erregulaturiko erreaktoreren baten erruz. Matxura-mundu horretara garamatza gure bideak, zeinaren begi haustuetan, Bally oinetako, Studebaker auto edo izozkiren batzuen iragarki-hesien ondoan, istripuak gogorarazten dituzten hilarrien ondoan, oraindik ere istorio posible batzuk gertatzen diren, aurpegi arrunt batetik gizateria begira dagoelako, zorte txarra, berak hala nahi izan gabe unibertsora hedatzen delako, auzitegiak eta justizia ikuskor bihurtzen direlako, agian baita onberatasuna ere, halabeharrez atzemana, mozkor baten monokuluan islaturik.
© Friedrich Dürrenmatt
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren