Bigarren partea
Ezbehar kaltegabea noski, matxura oraingoan ere: Alfredo Traps, izena esatearren, ehungintza saileko langilea, berrogeita bost urtekoa, ez oso gorputz handikoa, itxura atseginekoa, manera gisakoekin, nahiz eta halako bezaketa bat nabari bazaio ere, kinkilari baten primitibotasuna islatzen duena garaikide honek herrialdeko errepide handi horietako bat korritua du bere Studebakerrean, espero ordu bete barru, bere bizi-lekura, hiri nagusi batera, iritsiko zela baina autoak greba egin zion. Ibiltzeari utzi zion besterik gabe. Erremediorik gabe auto gorriz pintatua errepideak gurutzaturiko muinotxo baten oinean gelditu zitzaion; iparraldean kumulu-hodei bat eratua zen eta mendebalean artean eguzkia oso goi zegoen, ia arratsaldea bailitzan. Trapsek zigarro bat erre eta behar zena egin zuen. Mekanikariak, Studebakerra atoian eraman zuenak, ezingo zuena aberia biharamuna arte konpondu azaldu zion: karburadoreko akats bat zuen. Egia al zen jakiterik ez zegoen, ez zen gomendagarria ere halakorik egiten hastea; gaur egun norbera mekanikarien eskuetan geratzen da behiala bandolarienean, eta lehenago oraindik, tokiko jainkoen eta demonioenean bezala. Nagiegia izaki, ordu erdira zegoen hurrengo tren-geltokira oinez joateko eta nahiz eta labur izan, konplikatu samarra zen etxerako bidaiari ekiteko, emaztearengana, guztiak mutikoak ziren lau haurrengana, Trapsek gaua bertan ematea erabaki zuen. Arratseko seiak ziren, bero egiten zuen, ia egunik luzeena baitzen; garajea bere irteeran zeukan herria abegikorra zen eta muino basotsuetan barreiaturik zegoen, gain batean eliza, erretoretxea eta burdinaroz eta zurkaitzez hornituriko haritz eskerga batekin, dena sendo eta garbi, simaur-metak berak ere baserrien aurrean arretaz txukundurik eta atondurik zeudela. Fabrikatxo bat ere bazen inguruan, eta zenbait apopiloetxe eta ostatu ere bai, zeinetariko batez Trapsek sarritan laudorioak entzunak zituen; baina gela guztiak hartuak zeuden abelxehe-hazitzaileen bilera batzuk zirela-eta, eta ehun-bidaiariari tarteka ostatu ematen zuten villa bat erakutsi zioten. Trapsek zalantzak izan zituen. Artean trena hartu eta etxera zitekeen, baina abenturaren bat bizi izateko itxaropenak liluratu zuen, zeren herrietan izaten baitziren batzuetan neskak, arestian Grossbiestringenen bezala, ehun-bidaiariak preziatzen zekitenak. Eta hala birbizturik, villarako bideari lotu zitzaion. Ezkila-dandara elizatik. Behiak hurbildu zitzaizkion trostan eta murruntzaka. Bizitza bakarreko landetxea jardin handi batean zegoen, hormak zuri itsugarrizkoak, ganbara, pertsiana berdeak, sastra, pagoek eta pinuek erdiestalia, kale aldetik loreak, arrosak batipat, gizontxo bat tartean larruzko amantal batekin, etxeko jauna nonbait, jardin-lan errazetan.
Trapsek bere burua aurkeztu eta ostatu eskatu zuen.
Zure lanbidea ? galdetu zion hesira hurbildu zen agureak, Brissago bat errez eta jardineko atea doi-doi gaindituz.
Ehungintza-sailean aritzen naiz.
Agureak arretaz miatu zuen Traps, presbitek bezala begiratuz, monturagabeko betaurreko txikien gainetik begira:
Jakina, hemen gaua eman dezakezu.
Trapsek prezioa galdetu zuen.
Agureak esan zion ez zuela ezer hartzen, bakarrik bizi zela, semea Estatu Batuetan zeukala, giltzari batek, Mademoiselle Simonek zaintzen zuela, poz ematen ziola noizean behin ostatuko norbait hartzeak.
Ehun-bidaiariak eskerrak eman zizkion. Hunkitu egin zuen abegikortasunak eta ohartu zuen landan artean ez zirela arbasoen ohitura eta usadioak hil. Jardineko atea ireki egin zen. Trapsek ingurura begiratu zuen. Legarrezko zidorrak, soropila, itzalgune handiak, eguzkibegiak.
Agureak esan zion gizon batzuk espero zituela gau hartan, loreen ondora iritsi zirenean, eta arretaz arrosondo bat inausten hasi zen. Auzategian bizi ziren adiskideak ziren etortzekoak, batzuk herrikoak ziren, beste batzuk muino aldera, bera bezalako jubilatuak, klima bigunak bertara erakarriak eta hego-haize beroa sentitzen ez zelako, guztiak bakartiak, alargunduak, berria, freskoa, biziaren irrika zutenak, beraz atsegin bat zen beretzat afaltzera eta ondorengo gau-txolartera Traps jauna gonbidatzea.
Ehun-bidaiaria zurtu egin zen. Izan ere, nahiago izango zukeen herrian afaldu, ostatu hain sonatu hartan, baina ez zen gomita errefusatzera ausartu. Beharturik aurkitu zen. Onartua zuen doan gaua emateko gomita. Ez zuen hiri-gizon kunplimendu gabea bezala agertu nahi izan. Poztu balitz bezalakoa egin zuen. Etxeko jaunak lehen etxebizitzara gidatu zuen. Gela atsegina. Ur korrontea, ohe zabala, mahaia, besaulkia erosoa, Hodler bat horman, larruzko liburu zaharrak apalean. Ehun-bidaiariak maletatxoa ireki, garbitu eta bizarra kendu eta koloniurezko laino batean bildu zuen bere burua, hurbildu leihora eta zigarroa piztu zuen. Eguzki-disko handi bat ari zen muinoetarantz lerratzen, pagoak errainutuz. Gainbegiratu laburra eman zien eguneko arazoei: Rotacher, S.A. haren eskaria, nahikoa ona, ehuneko bosta eskatzen zuen Wildholzekiko zailtasunak, motel, motel, bihurrituko zion egunen batean lepoa. Gero oroitzapenak sortu ziren. Eguneroko gauzak, konponezinak, adulterio proiektu bat Touring Hotelean, seme txikienari (gehien maite zuenari) tren elektriko bat erosi behar ote zion, bere nahigabeko ezinetorriaren berri emazteari emateko telefonatzearen kunplimendua eta, izatez, egin-beharra. Baina ez zuen halakorik egin. Sarritan bezala. Emaztea hartara ohiturik zegoen eta gainera sinetsi ere ez ziokeen egingo. Aharrausi egin eta beste zigarro bat gozatu zuen. Adineko hiru gizon legarrezko zidorrean gora nola zetozen ikusi zuen, bi besoz beso, gizen burusoil bat atzetik zela. Diosalak, esku-emateak, besarkadak, arrosei buruzko aipamenak. Traps leihotik aldendu eta apalera hurbildu zen. Irakurri zituen tituluen arabera, gau-beila aspergarria espero zuen: Hotzendorff: Homizidioaren hogena eta herio-zigorra; Savigny: Gaurko Zuzenbide Erromatarraren sistema; Ernst David Holle: Itaunketaren praktika. Ehun-bidaiariak garbi ikusi zuen. Ostatu-emailea legegizona zen, abokaturen bat agian.
Eztabaida gogaikarriak entzuteko prest jarri zen, zer zekien horrelako ikasi batek bizitzaz, hutsa, legeak ziren horren ondorioa. Beldurra izatekoa zen arteaz edo antzeko zerbaitez hitz egitea ere, hartatik oso txairoki ez irteteko arriskuarekin, baina tira, bera ere negozioetan sarturik ibiliko ez balitz, gai jasoagoen jakinaren gainean egongo zatekeen. Beraz gogorik gabe jaitsi zen gizonak eseri zireneko solairu estali gabe eta artean eguzkitura, bitartean giltzariak, emakume jaseko eta mardulak, alboan, jantokian mahaia prestatzen zuelarik. Baina zurtu egin zen zetorkion lagun taldea ikustean. Poztu egin zen hurbildu zitzaion lehena etxeko jauna, apain jantzia orain, ile bakanak arretaz eskubilatuak eta lebita zabalegia jantzirik. Trapsi harrera beroa egin zitzaion. Hitzaldi labur batekin. Horrela hark disimulatu egin ahal izan zuen bere harrimena, atsegina erabat berea zuela marmar egin zuen, makurtu zen, hotz, urrun, eta ehungaietan aditua zen gizon mundudunaren karta jokatu zuen eta melankoliati, gogora erazi zuen neska bat bilatzeko bakarrik geratu zela herri hartan. Porrot egin zuen. Ostatu-emaile apetatsua atzean uzten ez zuten hiru agureren aurrez aurre aurkitu zen. Bele eskergak bezala betetzen zuten zumitz-altzari eta gortina lauso, antzina-antzinako, tortikatu eta zabartuzko uda-espazio hura, nahiz eta beren lebitei kalitaterik hoberena nabari bazitzaien ere, berehala egiaztatu zuenez, burusoilarenari izan ezik (Pilet izenez, hirurogeita zazpi urte, etxeko jaunak aurkezpenak egitean aditzera eman zuenez), zeina zurrun eta prestu, aulki guztiz ezeroso batean eserita zegoen, bere inguruan zenbait aulki atseginago egon, korrektoki apaindurik, botontzuloan krabelin zuri bat zuela eta beltzez tindaturiko bibote iletsua taigabe igurtziz, jubilatua agi zenez, sakristau edo tximinigarbitzaile ohiren bat zorte-kolperen batez aberastua, behar bada baita lokomotore-makinistaren bat ere. Beste biak hainbat zabartuago ageri ziren. Bata (Herr Kummer, laurogeita bi urte), Pilet baino gizenagoa oraindik, neurgabea, mukulu urdaitsuz eratua bezalakoa, kulunkaulkian eserita zegoen. Aurpegia gorrimin, zurrutero-sudur sendoa, begi jostari irtenak urrezko kebedoen atzean, eta gainera, distrazioz zalantzarik gabe loatorra traje beltzaren azpian, patrikak egunkariz eta paperez, bestea (Herr Zorn, laurogeita sei), luze eta mazkarra, monokulua ezkerreko begiaren aurrean tinkatua, orbainak aurpegian, sudur kakotua, lehoi-galpar zuri-zuria, ahoa eroria, beste garai batzuetako agerkaria, labur esateko, gerrontzea gaizki botondua eta bi galtzerdi ezberdin zerabiltzan.
Campari? galdetu zuen etxeko jaunak.
Bai, eskerrik asko erantzun zuen Trapsek
besaulkian eseriz, luze eta mazkarrak interesaturik monokulutik begiztatzen zuen bitartean.
Herr Trapsek parte hartuko du gure jokotxoan, noski?
Bai horixe. Gogoko ditut jokoak.
Agureek irribarre egin zuten, buruari eragin zioten.
Gure jokoa bitxi samarra da ohartarazi zuen ostatariak arretaz, ia ezbaiti. Arratsetan geure lehengo lanbidetan jokatzean datza.
Hiru agureek berriro irribarre egin zuten, kunplituki, gisaz.
Traps harritu egin zen. Nola ulertu behar zuen hura?
Zera zehaztu zuen ostatariak behiala ni epailea izan nintzen, Herr Zorn, fiskala, eta Herr Kummer, abokatu, beraz auzitara jokatzen dugu.
Ah, bai! ulertu zuen Trapsek eta pasagarritzat jo zuen ideia. Beharbada arratsa ez zegoen oraindik galdua.
Ostatariak solemneki begiratu zion ehun-bidaiariari. Oro har, argitu zuen mintzo bigunez, historiako prozesu ospetsuak hartzen zituzten: Sokratesen prozesua, Jesusen prozesua, Arkeko Joanaren prozesua, Dreyfusen prozesua, arestian Reichstagari su-ematea, eta behin batean Federiko Haundiak bere eginen erantzukizunik ez zuela aldarrikatu zuten.
Traps txunditu egin zen:
Horretara jokatzen al duzue arratsero?
Epaileak baietz esan zuen buruaz. Baina politena, jarraitu zuen azaltzen, pertsona biziekin jokatzea izaten zela, eta horrek sarritan egoera bereziki interesgarriak sortzen zituela, esate baterako, bi egun doi-doi zirela, hauteskunde-hitzaldi bat herriari eman eta azkeneko trena galdua zuen parlamentari bat hamalau urteko kartzelara estortsio eta kohetxoz kondenatu zutenean bezala.
Tribunal zorrotza aitortu zuen Trapsek, jostari.
Ohore-kontua erantzun zuten distirakor agureek.
Eta zer paper mota zegokion berari?
Berriro irribarreak, ia barreak.
Bazituzten epailea, fiskala eta abokatua, bestalde, gaia eta joko-arauak ezagutzea eskatzen zuten karguak, ostatariak adierazi zuenez; akusatu postua bakarrik zegoen hutsik, nahiz eta Herr Traps ez zegoen inola ere haiekin jokatzera beharturik, berak beste behin azpimarratu nahi zuenez.
Agureen asmoak alaitu egin zuen ehun-bidaiaria. Arratsa salbaturik zegoen. Ez zen erretolika jakitun eta aspergarririk, dibertigarria izateko itxura zeukan hark. Bera gizon arrunta zen, pentsamenik eta iharduera horretarako joera handiegirik gabea, negoziolaria, maltzurra, izan behar zenean, bere sailean edozertarako prest zegoena eta gainera ongi jaten eta edaten zuena, denborapasa jakinetarako joerarekin. Jokatuko zuela, esan zuen, ohore bat izango zuela akusatu postu huts hura hartzea.
Bravo! karranka egin zuen fiskalak eta txalo jo zuen, bravo, hura zen gizonak bezala hitz egitea, hari deitzen zitzaion kemena.
Ehun-bidaiaria jakinminez informatu zen leporatu nahi zioten delituaz.
Garrantzirik gabeko puntua, erantzun zuen fiskalak, monokulua garbituz, beti aurkitzen baitzen delituren bat.
Denek barre egin zuten.
Herr Kummer zutitu egin zen.
Tira, Herr Traps esan zuen ia aitakiro, dasta dezagun aurrena hemen dagoen oportoa; zaharra da, ezagutu beharrean zaude.
Traps jantokira gidatu zuen. Mahai biribil handia oturuntza baterako bezala jarria zegoen, aulki zahar bizkar-luzeak, koadro ilunak hormetan, dena trinkoa, antzinako erakoa, solairutik agureen berbaroa sartzen zen, leiho irekietatik arratseko argiek izarniatzen zuten, txorien txorrotxioa sartzen zen, mahaitxo baten gainean botilak zeuden, beste zenbait supazter-tximinian, Bordelekoak otarretxotan etzanak. Defendatzaileak poliki eta ikara apur batekin isuri zuen ardoa oporto botila zahar batetik bi edalontzitxotara, bete zituen ertzeraino, eta ehun-bidaiarien osasunera topa egin zuen, poliki, doi-doi ukituz isurkari preziatuz beteriko edontziak.
Trapsek ahogozatu egin zuen.
Aparta laudorio egin zion.
Ni naiz zure defendatzailea, Herr Traps esan zuen Herr Kummerrek. Beraz orain topa egin diezaiozagun bion adiskidetasunari.
Gure adiskidetasunari!
Hoberena zatekeela, esan zuen abokatuak, Trapsengana bere aurpegia gorria, bere zurruterosudur eta kebedoak hurbilduz, halako moldez, non bere tripatzarrak, masa biguin higuingarriak, ukitu zuen, hoberena zatekeela, errepikatu zuen, jaunak berehala bere delitua aitortzea. Horrela epaimahaiaren aurrean onik aterako zela bermatu ahal izango omen zion. Egoera arriskutsua ez bazen ere, ez omen zen gutxiestekoa: fiskal luze eta mazkarra, artean bere indar intelektualen jabe izaki, beldurtzekoa omen zen, eta ostataria, tamalez, zorroztasunera eta xeheterietara emana baitzen, joera hori adinarekin jadanik bazituen laurogeita zortzi areagotu zitzaiolarik. Guztiarekin ere, berak, defendatzaile gisa, kasurik gehienak salbatzea lortua zuen, edo gutxienez, okerrenetik libratzea behintzat. Behin bakarrik, lapurretarengatiko asasinatze kasu batean, ezin izan zen ezer salbatu. Baina oraingoan ez zen lapurretarengatiko asasinatzerik izango, Herr Traps ongi epaitzen baldin bazuen, ala bai?
Ehun-bidaiariak ihardetsi zion barrezka, tamalez, ez zuela inolako deliturik egin. Eta gero esan zuen:
On egin!
Aitor iezadazu bihotz eman zion defendatzaileak. Ez duzu zertan lotsaturik. Badakit bizitzaren berri eta ez nau ezerk harritzen. Hamaika destino igaro da nire eskuetatik, Herr Traps, eta amildegiak ireki izan zaizkit, sinetsidazu.
Sentitzen zuela, esan zuen ehun-bidaiariak irribarre gogabetearekin, baina benetan deliturik gabeko akusatua zela bera, gainera, fiskalaren gauza zela halakorik bilatzea, berak esan berria zuela eta orain berak, Trapsek, hitzetik heltzen ziola. Jokoa joko zela. Nola amaituko zen jakinminez zegoela. Izango ote zuen egiazko itaunketarik?
Bai horixe!
Asko pozten nau horrek.
Defendatzaileak aurpegi pentsakorra jarri zuen.
Errugabe sentitzen al zara, Herr Traps?
Ehun-bidaiariak irribarre egin zion:
Erabat Eta oso dibertigarria iritzi zion elkarrizketari.
Defendatzaileak kebedoak garbitu zituen.
Sekula ez ezazu ahaztu, adiskide gaztea, errudun edo gabe, taktika dela kontuan hartu beharrekoa! Ausardikeria bat da gogorragorik ez esatearren gure epaimahaiaren aurrean errugabe agertu nahi izatea!, alderantziz, zuhurrena nork bere buruari delituren bat egoztea da, adibidez, negoziolarientzako abantaila berezia duen bat: iruzurra. Itaunketakoan beti gera daiteke nabarmen akusatuak bapikatu egiten duela, egotez ez dagoela iruzurrik, baizik eta gertakarien ezkutatze errugabea arrazoi publizitarioengatik, sarritan merkatal munduan gertatu ohi denez. Errutik errugabetasunerako bidea zaila da, baina ezinezkoa ez, aitzitik ia itxaropenik gabea da nork bere errugabetasunari eutsi nahi izatea, eta azken emaitza, hondamenezkoa. Galdu egingo zenuke kausa, nahiz eta irabazteko eran egon, eta erru berri bat ezin hautatu izatera eta ezarritakoa onartzera beharturik aurkituko zinateke.
Ehun-bidaiariak dibertiturik jaso zituen sorbaldak eta sentitzen zuela baliagarri ezin izana, baina ez zuela legearekin gatazkan jarri zuen inolako desaraurik gogoratzen.
Defendatzaileak berriro jantzi zituen kebedoak. Trapsek ez ziola gauza samur jartzen, aitortu zuen pentsakor, eta auzia zailetik zailera joango zela.
Baina batez ere esan zuen azken ondorio gisa, ongi neurtu ezazu hitz bakoitza, ez ezazu hitz egite aldera hitz egin, edo bestela supituki urte luzetako kartzela-zigorra izango duzu, inolako erremediorik gabe.
Orduan besteak sartu ziren. Denak mahai biribilaren inguruan eseri ziren. Giro atsegina, txantxak. Aurrena zenbait zizka-mizka zerbitzatu ziren: fianbreak, arraultzak errusiar erara, marraskiloak, dortoka-zopa. Umore ona zen nagusi, atseginez eragiten zitzaion goilareari eta kunplimendurik gabe zurrupatzen zuten.
Tira, akusatua, ea zer eskaintzen diguzun, homizidio bikain zirraragarri bat espero dut karranka egin zuen fiskalak.
Defendatzaileak protesta egin zuen:
Nire bezeroa deliturik gabeko akusatua da, bitxitasun bat justizi munduan, nolabait esateko. Errugabe aitortzen du bere burua.
Errugabe? harritu zen fiskala. Orbainak gorrimindu egin zitzaizkion eta monokulua ia platerera erori, eta dilindan geratu zitzaion alde batera eta bestera kordoi beltzetik. Epaile kaskarrak, ogia zopatara apurtzen ari zenak, geldiune bat egin, ehun-bidaiariari gaitzesle begiratu zion, eragin buruari eta krabelinarekiko burusoil isilak ere txunditurik begiratu zion. Isiltasuna larria zen. Ez zen goilare edo tenedore hotsik, ez inoren arnaska edo zurrupakarik nabari. Simonek bakarrik egin zuen atzekaldean barre-txiki.
Ikertu egin beharko dugu esan zuen fiskalak baretuz. Ezin litekeenik, ezin da.
Aurrera orduan barre egin zuen Trapsek. Zuen eskura nago!
Arrainarekin ardoa atera zuten, Neuchatel arin eta burbuilaria.
Tira esan zuen fiskalak bere amuarraina irekiz, ikus dezagun. Ezkondua?
Duela hamaika urte.
Seme-alabarik?
Lau.
Lanbidea?
Ehungintza-sailekoa.
Beraz bidaiaria, Herr Traps adiskidea?
Ordezkari nagusi.
Ederki. Matxura izan al duzu?
Halabeharrez. Urtebetean lehena.
Kontxo! Eta duela urtebete?
Artean auto zaharra gidatzen nuen azaldu zuen Trapsek, Citroen 1939 bat, baina orain Studebakerra daukat, luxu-eredu gorri kolorea.
Studebakerra, eh? interesgarria, eta duela gutxidanik? Lehen ez zinen seguraski ordezkari nagusi.
Ehun-bidaiari arrunt eta soila. Abagadune ona esan zuen fiskalak burua makurtuz.
Trapsen alboan defendatzailea eseri zen.
Kontuz ibili xuxurlatu zion.
Ehun-bidaiariak, edo ordezkari nagusiak, orain esan dezakegunez, axolakabe erasoa zion steak tartare bati, limoiaz, bere errezetaren arabera, koinak, piperrautsa eta gatz-apur batez zirtatuz. Inoiz ez zuela afari entretenigarriagorik izan, esan zuen distiratsu: Bonbonerri klubeko afariak beti jo izan zituela bere mailako norbaiti gerta zekizkiokeen dibertigarrientzat, baina gizonezko arteko arrats hura askoz ere atseginago zitzaiola artean.
Aha! segurtatu zuen fiskalak, Bonbonerri klubekoa zara beraz. Eta zein da zure izengoitia?
Casanova Markesa.
Primeran karranka egin zuen fiskalak pozik, albistea garrantzizkoa bailitzan, eta berriro monokulua tinkatu zuen. Denoi atsegin zaigu hori entzutea. Zure izengoiti horretatik atera al liteke ondoriorik zure bizitza pribatuaz, adiskidea?
Kontuz! marmar egin zion defendatzaileak.
Ene jauna erantzun zion Trapsek, neurri bateraino. Ezkontzaz kanpoko abenturatxoren bat edo beste izaten badut emakumeekin, halabeharrezkoak eta anbiziorik gabeak izaren dira.
Izango al zuen Traps jaunak gonbidatuei larriki bere bizitza kontatzeko atsegina?, galdetu zuen epaileak Neuchatel gehiago zerbitzatuz.
Erabakia zuenez gero bere ostari estimatua eta bekataria auzitaratzea eta, ahal izanez gero, urte batzutarako giltzapean sartzea, bidezko zeritzon gauza zehatzagoak, pribatuak, intimoak, emakume-istorio, ahal bazen gatz eta piperdunen berri izateari.
Kontatu, kontatu! eskatu zioten agureek ordezkari nagusiari barre-txiki eginez. Behin batean putazain bat izan zuten mahaian eta bere lanbideko gauzarik zirraragarrien eta pikanteenak kontatu zizkien eta guztiarekin ere lau urteko kartzelaldia besterik ez zuen izan.
Tira, tira esan zuen Trapsek beraiekin barrezka, zer konta nezake neure buruaz? Eguneroko bizimodu daramat, jaunok, bizimodu arrunta, oraintxe kontatu nahi dudanez. Osasunari!
Osasunari!
Ordezkari nagusiak jaso bere edontzia, hunkiturik begiztatu zituen lau agureen txori-begiak, bere baitan josiak jateko litxarreria bat bailitzan; eta gero elkarrekin topa egin zuten.
Kanpoan eguzkia azkenik sartua zen eta txorien zarata ifernuzkoa ere mututua zen, baina paisaiak artean argiturik jarraitzen zuen, jardinak eta teilatu gorriek zuhaitz artean, muino basotsuak eta, urrunean, mendien hegiak eta glaziare banaka batzuk, bake-giroa, baserriko patxada, zorionaren aieru solemnea, Jainkoaren bedeinkapena eta harmonia kosmikoa.
Gaztaro gogorra izan zuen, aitortu zuen Trapsek Simonek platerak aldatu eta erratilu erraldoi lurruntsu bat mahairatzen zuen bitartean: champignons à la crème. Aita fabrikako langilea izana zuen, Marx eta Engelsen sasi-teorien menpe eroritako proletaria, gizaseme mingostu eta dohakabea, bere seme bakarraz inoiz arduratu ez zena, eta ama, arropa-garbitzailea, goiz zimeldu zen.
Lehen mailako eskolan bakarrik ibili ahal izan nintzen, lehen mailakoan bakarrik aitortu zuen begiak malkoturik, sumindua eta samurtua aldi berean bere iragan behartsuarengatik, orain Réserve de Maréchaux batekin topa egiten ari ziren bitartean.
Bitxia esan zuen fiskalak, oso bitxia. Lehen mailako eskola bakarrik. Baina gero zeure indarrez bakarrik jakin izan duzu bizitzan aurrera irteten, adiskide maitea.
Baietz esango nuke ihardetsi zuen Trapsek harro, Maréchaux ardoak birbizturik, kaixoarte atseginak, leihoetatik ageri zen ikusmira solemeneak biziturik. Baietz esango nuke. Duela hamar urte kinkilari bat besterik ez nintzen eta maletatxo batekin etxez etxez nenbilen. Lan gogorra egun osoan ibiltzearen hori, mandioetan gaua emanez edo badaezpadako izeneko ostatuetan. Behetik, behe-behetik hasi nintzen neure sailean. Eta orain, jaunok, nire banku-kontua ikusiko bazenute! Ez da neure burua goian jartzearren, baina zuetako inork ba al du Studebakerrik?
Zabiltza kontuz xuxurlatu zion defendatzaileak, kezkaturik.
Nola gertatu zen hori, galdetu zion fiskalak jakinminez.
Defendatzaileak gomendatu zion poliki ibiltzeko eta ez hitz egiteko gehiegi.
Kontinente osoan berak bakarrean zeukala «hefestoi»aren ordezkaritza, iragarri zuen Trapsek ingurura garaikor begiratuz. Espainia eta Balkanaldea bakarrik zeudela beste esku batzuetan.
Hefesto jainko greko bat zen, barre-txiki egin zuen epaileak, txanpinoiak bere platerean metatuz, maitasunaren jainkosa eta bere galaia, gerraren jainkoa, Ares harrapatzea lortu zuen errementari handi bat sare ikusezin eta hain finki landuan, non gainerako jainkoek betiereko gozamena izango zuketen harrapaketa harekin; baina berari ulergaitza zitzaiola «hefestoi» hura, zeinaren ordezkaritza bakarrean hartua baitzuen Herr Trapsek.
Eta, hala ere, ez zenbiltzan hain urrun, ostatari eta epaile prestu hori esan zuen Trapsek barrezka. Zerorrek esan duzu ulergaitza zitzaizula, eta nik ezagutzen ez dudan jainko greko hark nire produktuaren ia izen bera duela, sare mehe-mehe eta ikusezina ehundua zuela. Bada, orain niloia, perloia edo mirloia baldin badaude, auzimahai ohoragarriak seguraski aditzera baduen zuntz sintetikoak, hefestoia ere badago, zuntz sintetikoen erregea, urraezina, gardena eta, hala ere, erreumadunei mesede egiten diena, era berean industrian eta modan erabilgarria dena, nola gerrarako hala bakerako. Gai perfektua da jauskailuetarako eta aldi berean zuntz pikardiazkoena emakume ederren kamisoiak egiteko, neure ikerketa propioz dakidanez.
To, to! karranka egin zuten agureek, ikerketa propioak, eh?, ederra bota duzu eta Simonek berriro platerak aldatu eta txahal-giltzurrinak zerbitzatu zituen.
Hau oturuntza! esan zuen distiratsu ordezkari nagusiak.
Pozten nau esan zuen fiskalak honelako gauzei ohore egiteko gai izateak, eta arrazoiz. Hemen emaitzik hoberenak eta nahikoa zerbitzatzen dizkigute, joan den mendekoa bezalako menua, jendea artean jatera ausartzen zenekoa. Laudorio egin behar diogu Simoneri! Laudorio egin behar diogu geure ostatariari! Berak egiten ditu erosketak, gnomo eta gourmet zaharrak, eta ardoei dagokienez, Pilet arduratzen da alboko herritxoan Idiaren Ostatuaren jabe den heinean. Berari ere laudorio! Baina orain gatozen berriro zugana, iaio hori! Zure kasua aztertzen jarrai dezagun. Orain ezagutzen dugu zure bizitza, atsegina izan da begirada labur hori ematea; zure ihardueraz ere dena argi dago. Huskeria bat dago oraindik argitzeke: nola iritsi zara zeure lanbidean hain postu irabazkorrera? Tematua, burdin-borondatekoa izan zarelako bakarrik?
Kontuz ziizka egin zion defendatzaileak. Orain arrisku bihurtzen ari da-eta!
Ez zela hain erraza izan, erantzun zuen Trapsek eta artega begiratu zuen nola epaileak okela errea ebakitzeari ekin zion, aurrena Gygax menperatu behar izan zuela eta egiteko neketsua izan zela.
Aha! Eta nor da Herr Gygax hori?
Nire jefe ohia.
Baztertu egin behar izan zela, esan nahi al duzu?
Albora bultza egin behar izan zitzaion, nire sailekoen jerga gogorra erabiltzearren erantzun zuen Trapsek saltsa hartuz. Jaunok, espero dut nire zintasuna estimatzen jakingo duzuela. Negozio-mundua gogorra da, begia begi truk, prestua izan nahi duena irentsi egiten dute. Nik barra-barra irabazten dut dirua, baina penatu ere egiten dut egunero neure seirehun kilometro neure Studebakerrarekin eginez. Ezin nezake esan erabat garbi jokatu nuenik Gygax zaharraren zintzurrean labana ezarri eta zarratatu behar izan nionean, baina aurrera irten beharra neukan, zer egingo zaio, bada, azkenean negozioa negozio da.
Fiskalak jakinminez jaso zituen begiak giltzurrinetatik.
Albora bultza egin, labana zintzurrean ezarri, zarratatu, esamolde makur samarrak dira, Traps adiskidea.
Ordezkari nagusiak barre egin zuen:
Jakina, zentzu figuratuan bakarrik ulertu behar dira.
Eta ongi aurkitzen al da Herr Gygax, adiskidea?
Iaz hil zen.
Zoraturik al zaude? ziizka egin zion defendatzaileak asaldaturik. Erabat galdu duzu burua!
Iaz deitoratu zuen fiskalak. Zenbat sentitzen dudan. Zenbat urte zituen?
Berrogeita hamabi urte.
Oso gazte. Eta zertaz hil zen?
Gaixotasunen batez.
Zuk zeure postua eskuratu eta gero?
Zerbait lehenago.
Ederki, oraingoz ez dut besterik jakin beharrik esan zuen fiskalak. Zortea dugu, zortea. Hildako bat atera dugu zulotik eta hori da azkenean axola diona.
Denek barre egin zuten. Baita Pilet, burusoilak, ere, adi eta arretaz jaten ari zenak, kopuru neurgabeak asaldagaitz irentsiz, begirada jaso zuen.
Primeran esan eta bibote beltza igurtzi zuen.
Eta isildu eta jaten jarraitu zuen.
Fiskalak solemneki jaso zuen edontzia.
Jaunok esan zuen, aurkikuntza horri mila bederatziehun eta hogeita hamairuko Pichon-Longueville bat dastatuz egingo diogu topa. Bordele ona jokaldi onarentzat!
Eta berriro topa egin eta edan egin zuten.
Arrania, jaunok! txunditu zen ordezkari nagusia bere Pichon ardoa gurkada bakarrez hustu eta edontzia epaileari emanez. Ahogozo aparta du!
Ilunabartu zuen eta mahaikideen aurpegiak doi-doi bereizten ziren. Lehen izarrak susmatzen ziren leihoetatik eta giltzariak hiru ganderailu handi eta astun piztu zituen, lore fantastiko baten kaliza miraritsua bezala mahaikoen itzalak hormetara islatzen zituztenak. Giro bihozkor, atsegina, begikotasuna nonahi, manera eta ohituren erlaxamendua.
Ipuinetan bezala esan zuen Trapsek txunditurik.
Defendatzaileak serbiletaz xukatu zuen bekokiko izerdia.
Ipuina, Traps adiskidea esan zuen zeu zara. Sekula ez dut akusaturik aurkitu, patxada handiagoarekin hain aitorkizun arinak egin dituenik.
Trapsek barre egin zuen:
Zaude lasai, auzo maitea. Itaunketa benetan hasitakoan ez dut burua galduko.
Erabateko isiltasuna gelan, arestian bezala. Ahohotsik ez, hurrupaketarik ez.
Zorigabe halakoa! hasperen egin zuen defendatzaileak. Zer esan nahi duzu «itaunketa benetan hasitakoan» horrekin ?
Zera esan zuen ordezkari nagusiak entsalada hartuz dagoeneko hasia al da?
Agureek irribarre gogabetea egin zuten, zeharka begiratu zuten, maliziati eta azkenerako marraka egin zuten atseginez.
Burusoil, isil, lasaiak barre-txiki egin zuen:
Ez da konturatu, ez da konturatu!
Traps zurtu egin zen, txunditurik zegoen; alaitasun kaskal hari parte txarrekoa iritzi zion, baina laster uxatu zuen inpresio hura, beraz besteekin batera barrez hasi zen:
Barkatu, jaunok esan zuen nik joko solemneago, prestuago, formalago, auzitegikoagoa espero nuen.
Herr Traps adiskidea argitu zion epaileak ez dago zure aurpegi asaldatua ordaintzekorik. Ikusten dudanez, justizia egiteko gure erari arrotz eta alaiegi deritzozu. Hala ere, txit agurgarri hori, mahai honen inguruan bildutako lau adiskideok jubilatuak gara eta geure buruak arindu, jaregin egin ditugu formalitate, protokolo, idatzi, lege eta oraindik gure entzutegietan dagoen trasteleria horretatik. Kodigo eta artikulu likits horiek kontutan hartu gabe epaitzen dugu.
Hori kemena ihardetsi zuen Trapsek mihia zertxobait moteldua zuela, hori kemena! Jaunok, horrek bai eragiten didala zirrara! Artikulurik gabe, bai ideia ausarta!
Defendatzailea zeremoniatsu zutitu zen. Aire piska bat hartzera joango zela, iragarri zuen, oilaskoa eta gainerakoari ekin aurretik: paseotxo osasungarri bat eman eta zigarro bat erretzeko garaia zen, eta Traps jauna laguntzera gonbidatu zuen.
Solairuan zehar azkenean, bero eta maiestatetsu, erabat gainera etorria zen gauera irten ziren. Jantokiko leihoetatik urrezko argi-zerrendak erortzen ziren soropileraino, arrosategietaraino hedatzen ziren. Zerua izarrez betea, ilargirik gabe, han zeuden zuhaitzak mukulu ilun baten modura, eta legarrezko zidorrak ozta-ozta nabarmentzen ziren haien artean. Beraietatik zihoazen orain, elkarri besoak manda. Biak ardoz okiturik zeuden, alderoka eta oztopoka, zuzen ibiltzeko ahaleginak eginez eta Parisiennes zigarroak erretzen ari ziren, gorriguneak ilunpetan.
Jainko maitea hartu zuen arnasa Trapsek, a zer barbuila hot barrukoa! eta leiho argitua seinalatu zuen, non giltzariaren isla mardula ageri baitzen. Dibertigarria dena, oso dibertigarria.
Adiskidea esan zuen defendatzaileak zabuka eta Trapsengana arrimatuz, itzuli eta berriro geure oilaskoari eraso baino lehen, utzidazu hitz bat esaten, hitz serioa, aintzakotzat hartu beharko zenukeena. Begiko zatzaizkit, gazte, samurtasunera eragiten nauzu, horregatik hitz egin nahi dizut aita batek bezala: geure prozesua porrot egiteko zori-zorian gaude.
Zorte txarra erantzun zuen ordezkari nagusiak eta arretaz gidatu zuen defendatzailea legarrezko zidorrean barrena, sastraka baten mukulu biribil beltzari inguru eginez. Gero urmael bat etorri zen, susmatu zuten harrizko eserleku bat, eseri egin ziren. Izarrak errainutzen ziren uretan; hotza jaisten ari zen. Herritik akordeoi-soinuak eta kantak iristen ziren, alpe-adar bat ere entzuten zen, abelxehe-hazitzaileen elkartearen omenez.
Zeure burua mendean hartu beharko duzu ohar egin zion defendatzaileak. Dagoeneko gaztelu garrantzizkoez jabetu ditu etsaiak; Gygax zendu hark, zure berritsukeria neurrigabeak premiarik gabe gogorarazi duenak, ahaltsu mehatxatzen gaitu orain, hori guztia txarra da, eta defendatzaile eskarmentugabeak honez gero armak bertan behera utziak zituzkeen; nik, ordea, hisiaz, aukera guztiez baliatuz eta, batez ere arretarik handien eta diziplinarekin zure aldetik oraindik funtsa salbatuko dut.
Trapsek barre egin zuen. Huraxe bai talde-joko irrigarria, Bonbonerri klubeko hurrengo bileran hutsik egin gabe proposatuko zuen.
Ez al da egia? poztu zen defendatzailea. Birbiztu egiten da norbera. Ahiturik nengoen, adiskidea, erretiroa hartu eta supituki zereginik gabe, lehengo lanbide hura gabe herritxo honetan zahartzaroaz gozatu behar izatean. Ezer gertatzen al da hemen? Ezer ez, hego-haizea ez sentitzeaz aparte. Klima osasungarria? Irrigarria, zeregin intelektualik gabe. Fiskala hilzorian zegoen, gure ostatariari urdaileko minbizia susmatzen zioten, Piletek diabetesa pairatzen zuen, niri odolaren presioak sortzen zizkidan arazoak. Hori izan zen emaitza. Txakur-bizitza. Noizean behin elkarrekin biltzen ginen, triste, geure antzinako lanbide eta arrakastez lehenminez hitz egiteko, gure poz bakar eta urria. Orduan fiskalari bururatu zitzaion joko hau burutzea, eta epaileak etxea jarri zuen eta nik, neure ondasunak zeren bai, mutilzaharra naiz eta zenbait hamarkadaz goi-gizartearen abokatu izan naizenez, diru-mordotxoa aurreratzea lortzen da, adiskidea, ezin sinetsizkoa da goi-finantzetako edozein mauseari errugabe aitortzen badute zeinen eskuzabal izan daitekeen bere abokatuarekiko, zarrastelkeriaren pareko zerbait izan liteke, eta gure osasun-iturri bihurtu zen joko hau; hormonek, urdailek eta area-guruinek berriro behar bezala ekin zioten, gogaitak alde egin zuen, energia, gaztetasuna, zalutasuna eta apetitua berreskuratu egin ziren; begira. Eta bere sabela gorabehera zenbait flexio egin zituen, Trapsek ilunpetan lausoki nabaritu ahal izan zuenez. Epailearen gonbidatuekin jokatzen dugu, horiek erabiltzen baititugu geure akusatutzat jarraitu zuen defendatzaileak, berriro eseri ondoren; batzuk saltzaile ibiltariak dira, beste batzuk oporretan dauden turistak, eta duela bi hilabete jeneral alemaniar bat hogei urteko kartzelara ere zigortu ahal izan genuen. Bere emaztearekin paseatzen zebilela etorri zen hona, eta nire abileziak bakarrik salbatu zuen urkabetik.
Primerakoa esan zuen txunditurik Trapsek muntaketa hau! Baina urkabearen hori ezin liteke egia izan, apur bat bapikatzen ari zarela uste dut, abokatu adiskidea, zeren herio-zigorra dagoeneko aboliturik baitago.
Estatu-justizian zuzendu zuen defendatzaileak, baina hemen justizia pribatuari gagozkio eta berrezarri egin dugu: hain zuzen ere herio-zigorraren posibilitateak bihurtzen du gure jokoa hain hunkigarri eta berezi.
Eta borreroa ere baduzue noski, ezta? barre egin zuen Trapsek.
Jakina baieztatu zuen abokatuak harrotasunez, badugu, Pilet.
Pilet?
Txunditurik, ezta?
Trapsek listua irentsi zuen zenbait aldiz.
Baina Idien Ostatuaren jabea da eta edaten ditugun ardoez arduratzen da.
Beti izan da ostatari irribarre egin zuen gogabetez defendatzaileak. Iharduera publikoan bere ohizko lanbidearen parean ari izaten zen. Ohorezko kargutzat zeukan ia. Inguruetako profesionaririk trebeenetako bat zen eta duela hogei urte jubilatu zen, nahiz eta egunera dagoen bere arteari dagokionez.
Errepidetik auto bat igaro zen eta bere faroen argitan zigarroen kea izeki zen. Segundu batzuetan Trapsek defendatzailea ere ikusi zuen, haren irudi mardula bere lebita tortikatsuan sartua, haren aurpegi guri, ase, atsegina. Ordezkariak dardar egin zuen. Izerdi hotza zerion bekokitik.
Pilet.
Defendatzailea zurtu egin zen:
Baina zer gertatzen zaizu, Traps adiskidea? Dardarka zaudela sentitzen dut. Ez al zaude ongi?
Trapsek burusoila, aski baldarki mahaikide izan zuena ikusi zuen bere aurrean, konpromisua zen halako batekin afaldu behar izatea! Baina zer erru zeukan gizajoak lanbide hura izatearena... uda-gau eztiak eta ardo are eztiagoak aldarte toleratzaile, gizatiar, aurreritzigabean jarri zuten ordezkaria, azken buruan asko ikusitakoa eta mundua zeukan gizona zen, ez zen sabeltxuria ezta burges txikia ere, ez, ehungintzan oso aditua zen, eta bapatean iritzi zion arratsa borrerorik gabe ez zatekeela hain dibertigarria eta irrikagarria izango, eta poztu egin zen laster Bonbonerri klubean abenturaren berri eman ahal izango zuelako, nora noiz edo noiz borreroa ere gonbidatuko zuten, eskupekotxo bat eta gastuak ordainduz, eta azkenik barre egin eta lasaitu zen:
Tranpan erori naiz. Beldurtu egin naiz. Jokoa gero eta dibertigarriagoa da.
Konfidantza konfidantzaren truk esan zuen defendatzaileak zutitu eta besoz beso, leihoetako argiak itsuturik, etxerantz zihoazen:
Nola hil zenuen Gygax?
Nola hil nuen?
Hilik baldin badago...
Baina nik ez nuen hil!
Defendatzailea gelditu egin zen.
Adiskide gazte maitea ihardetsi zion barkabera, ulertzen ditut zure eragozpenak. Delitu guztien artean homizidioa da aitortzen zailena. Akusatua lotsatu egiten da, ez du bere egintza onartu nahi, ahaztu, aldendu egiten du oroimenetik, oro har aurreritziz beterik aurkitzen da iraganarekiko, erru-sentipen gehiegizkoz zamatzen du bere burua eta ez da inorengan fidatzen, ezta adiskide aitazkoa duen defendatzailearengan ere, eta horixe du makurrena, zeren defendatzaile onak maite baitu homizidioa eta pozez txoratzen jartzen da bat ekartzen diotenean. Tira, Traps adiskidea, hustu! Benetako eginbehar baten aurrean soilik sentitzen naiz ongi, mendigoizalea laumilako zail baten aurrean bezala, eskalatzaile zaharra naizenez esaten dizut hori. Zerebroak orduan pentsatzeari eta amets egiteari, furrunda eta burrunba egiteari ekiten dio, eta gozamena izaten da. Horregatik zure mesfidantza errakuntzarik handiena, eta zergatik ez esan, egin dezakezunik kaltegarriena da. Beraz, bota aitorpen hori, adiskide zaharra!
Ordezkari nagusiak segurtatu zuen ez zuela ezer aitortzekorik.
Defendatzailea zurtu egin zen. Leihoak biziki argiturik, zeinatik edontzien txintxinak eta barrealgara gero eta ozenagoak entzuten ziren, Trapsek begiz-begi so egin zuen.
Gazte, gazte marmar egin zuen ezesle, zer esan nahi du honek? Ez al diozu uko egin nahi zeure taktika okerrari eta oraindik ere errugabearena egiten jarraitu nahi al duzu? Ez al duzu oraindik ulertu? Aitortu beharra dago, nahi izan ala ez, eta beti izaten da aitortzekorik, piskanaka ulertuz joan beharko zenuke! Aupa, beraz, adiskidea, ez zaitez harat-honat ibil, eta zoaz zuzenean harira: nola hil zenuen Gygax? Bulkadaz, ezta? Orduan homizidio-salaketa bat espero liteke. Baietz fiskalak hortik jo. Baditut neure susmoak. Ezagutzen ditut lagunak.
Trapsek buruari eragin zion.
Defendatzaile jaun estimatua esan zuengure jokoaren xarma berezia, hasberria naizenez dudan iritzia guztiz umilki adierazterik baldin badut, sentsazio lazkarri eta ondikozkoak sortzean datza. Jokoak errealitate bihurtzearen mehatxua egiten du. Eta bapatean nork bere buruari galdetzen dio benetan asasinatzailea den ala ez, Gygax zaharra hil zuen ala ez. Hitz egiten ari zinela zorabioa egin zait. Beraz, konfidantza konfidantzaren truk, errugabea naiz gangster zaharren heriotzaz. Benetan.
Hori esanik, berriro jantokira itzuli ziren, non ordurako oilaskoa zerbitzatua zuten eta edontzietan Chateau Pavie 1921 batek izarniatzen zuen.
Trapsek, umore onean, serio, isil, burusoilarengana jo eta eskua estutu zion. Defendatzaileak emana ziola bere lanbide ohiaren berri, esan zion, eta azpimarratu nahi zuela ez zegoela ezer gizon kementsu baten mahaikide izatea baino gauza atseginagorik, berak ez zuela aurreritzirik, alderantziz, eta Pilet, bibote tindatua igurtziz, gorritu egin zen zerbait marmarka zioen bitartean, kikildurik eta dialekto ikaragarriz:
Pozten naiz, pozten naiz, e'ingo det ahal de'ana.
Anaitze hunkigarri honen ondoren oilaskoari ere bikaina iritzi zion. Simoneren errezeta sekretu baten arabera prestatua zen, epaileak aditzera eman zuenez. Denek aho-hotsa atera, eskuez jan, goratu maisu-lana, edan zuten, topa egin zuten elkarren osasunean, zurgatu zuten atzamarretako saltsa, sentitu ziren ongi, eta suhartasun orokorrean prozesuak aurrera jarraitu zuen. Fiskala, serbileta lepoan loturik eta oilaskoa bere aho mokotu eta zaratatsuaren aurrean zuela, hegaztiarekin batera aitorpen bat zerbitzatuko ziotelakoan zegoen.
Ziur, akusatu txit estimatu eta ohoragarria ikertu zuen zuk pozoitu zenuela Gygax.
Ez erantzun zuen Trapsek irribarrez, batere ez horrelakorik.
Orduan, diogun... tiro bat?
Ezta ere.
Auto-istripu bat itxuratu al zenuen?
Denek barre-algara bat egin eta defendatzaileak berriro ziizka egin zuen:
Kontuz! Tranpa bat da!
Zorte txarra, fiskal jauna, zorte txar hutsa jaregin zuen Trapsek suharki. Gygax infartuz hil zen, eta ez zuen lehena izan. Zenbait urte lehenago, beste bat izana zuen eta bere burua zaindu beharra zeukan, nahiz eta kanpotik beti osasuntsu itxura zeukan, edozein emoziok errepikaraziko ziola beldur izatekoa zen, iturri onetik dakidanez.
Aha! Eta zer iturritatik?
Bere emaztearengandik, fiskal jauna.
Bere emaztearengandik ?
Kontuz, Jainkoarren xuxurlatu zion defendatzaileak.
Chateau Pavie 1921ak itxaropen guztiak gainditu zituen. Traps laugarren edalontzikadan zegoen, eta Simonek beste botila bat utzia zion alboan. Fiskalaren harrimenaz ohartu zela, esan zuen ordezkari nagusiak agureen osasunean topa eginez, eta auzitegi gorenak zerbait ezkutatzen ari zela uste ez zezan, egia esan nahi zuela eta hartan geratu, nahiz eta defendatzailea bere «kontuz!» haiekin hertsatzen ari zitzaion. Baina, bai, zerbait izan omen zen bera eta Gygax andrearen artean, zeren, gangster zaharrak sarritan bidaiatzen baitzuen eta erarik krudelenean zabartzen bere emaztetxo ongi egina eta irrikagarria; orduan berak kontsolatu egin behar izaten zuen Gygaxtarren egongelako besaulkian eta, gerora, baita ezkon-ohean bertan ere, noizbehinka gerta ohi denez, mundua horrelaxe delako.
Hitz horiek entzutean, agureak harri eginik bezala geratu ziren une batean, baina berehalakoan atseginez garrasika hasi ziren eta burusoilak, bestelakoan isilik egon zenak, oihu egin zuen bere krabelin zuria airera botaz:
Aitorpen bat! Aitorpen bat!
Defendatzaileak bakarrik ematen zizkion etsipenezko ukabilkadak bere buruari baldokietan.
Hori burugabekeria! jaregin zuen. Bezeroa zoratu egin zen eta istorio hori ez zegoen hori eta horrenbestez sinesterik, Trapsen aldetik protesta suminduak eta mahaikideen aldetik behin eta berrizko txaloak eraginez. Orduan fiskala eta defendatzailearen artean eztabaida luzea hasi zen, sokatira tematia, erdi-serio, erdi-txantxazko, Trapsek funtsik ikusten ez zion eztabaida bat. Dolus hitzaren inguruan zebilen gauza, eta ordezkari nagusiak ez zuen hitz hori ezagutzen. Eztabaida gero eta zakarrago bihurtu zen, ozenago, ulergaitzago, epailea ere tartean sartu zen, bera ere berotu zen, eta hasieran adi egoteko ahaleginak egin zituen Trapsek, ea zerbait atzematen zuen, lasaitasunez hartu zuen arnasa giltzariak gaztak mahairatu zituenean: Camembert, Brie, Emmental, Gruyère, Tete de Moine, Vacherin, Limburg, Gorgonzola. Eta dolusari dolus izaten utzi eta topa egin zuen isilik zegoen eta berak ere ez zuela ezer ulertzen zirudien burusoilarekin, eta gaztei eraso zien... harik eta fiskalak, ustekabean, berriz ere berarengana jo zuen arte:
Herr Traps esan zuen lehoi-galpar tximatua eta aurpegi gorrituarekin, monokulua ezkerreko eskuan zeukala, oraindik ere Gygax andrearen adiskide izaten jarraitzen al duzu?
Denek Trapsengan josi zituzten begiak, zeinak ogi zuri zati bat Camembertarekin ahoratu berria zuen eta patxadaz mastekatzen ari zen. Gero beste trago bat Chateau Pavie edan zuen. Nonbaitetik erlojuaren tikitaka iristen zen eta herritik akordeoi baten soinu urrunak eta gizon-ahotsak kantari: Heisst ein Haus zum Schweizerdegen.
Gygaxen heriotzatik, azaldu zuen Trapsek, ez zion gehiago emakumetxo hari bisitarik egin. Izan ere ez baitzuen alargun adoretsuaren izen ona hondatu nahi ere.
Bere harrimenerako, azalpen honek berriro alaitasun espektral, ulergaitza sortu zuen, lehengoa baino suharragoa eta fiskalak oihu egin zuen: Dolo malo, dolo malo, greko eta latin bertsoak marruma egin zituen, Schiller eta Goethe aipatu zituen, epailetxoa kandelak puzka itzaliz zihoan bitartean, bakarra utzi arte, zeina erabili baitzuen, eskuak garraren atzekaldean jarri eta ozenki marraka eta purrustaka, hormaren gainera islarik bitxienak proiektatzeko: ahuntzak, saguzarrak, deabru eta iratxoak. Bitartean Piletek ukabilkadak ematen zizkion mahaiari edontzi, plater, erratiluei dantza eraginez:
Iritsiko dira herio-zigorrera. Iritsiko dira herio-zigorrera.
Defendatzaileak bakarrik ez zuen hartan parte hartzen, eta platera pasatu zion Trapsi. Onartu beharra zeukan, gaztaz gozatu beharko zutela, beste zereginik ez zegoenez gero.
Chateau Margaux bat ekarri zuten. Eta harekin berriro bakea itzuli zen. Denak epaileari begirabegira geratu ziren, zeinak astiro eta arretaz botila haustua (1914 urtekoa) deskortxatzen hasi zen, kortxo-ateragailu bitxi eta aintzinako batez, botilari kortxoa etzanda kentzeko aukera eman zionaz, otarretik atera gabe, prozedura hori aditasun handienaz jarraitu zutelarik, zeren ahalik eta kalterik gutxiena egin behar baitzitzaion kortxoari, botila egiazki 1914ekoa zen froga bakarra izaki, zeren iraganikako lau hamarkadek aspaldi deuseztatua baitzuten etiketa. Kortxoa ez zen osorik irten, garaitikoa arretaz kendu behar izan zen, baina hala ere, urtearen zenbakia irakur zitekeen eta eskuz esku pasatu zuten, usnatu, miretsi eta azkenik ordezkari nagusiari eskuratu zioten solemneki arrats miragarri haren oroigarritzat, epaileak esan zuenez. Honek dastatu zuen ardoa, hotsa atera zion mihiaz eta zerbitzatu egin zuen, eta behingoan ekin zioten besteek usnatzeari eta zurrupatzeari, ostatari eskuzabalaren omenezko laudoriotan. Pasatu zuten gazta ere, eta epaileak bere «hitzalditxoa» ematera gonbidatu zuen fiskala. Honek ezer baino lehen kandela berriak eskatu zituen: hark solemnetasun eta jaiera-giroan gertatu behar zuen, beharrezko zen kontzentrazioa, norbere baitan sartzea. Simonek eskatua ekarri egin zuen. Denak teink zeuden, ordezkari nagusiak parte txarrekoa iritzi zion abagaduneari, hotzikarak sentitu zituen, baina aldi berean miresgarritzat jo zuen abentura, eta munduko ezergatik ez ziokeen uko egingo. Defendatzaileak bakarrik ez zirudien oso pozik.
Ederki, Traps esan zuen, entzun dezagun akusazio-hitzaldia. Txundituko zara zeure erantzun axolakabeekin, zeure sasi-taktikarekin zer lortu duzun entzutean. Lehen makurra bazen, orain hondamendizkoa da. Baina animo! neuk aterako zaitut iztingatik, burua ez galtzeko besterik ez dizut eskatzen, larrutik ordaindu beharko duzu, oso eta salbo irteteko.
Unea iritsia zen. Denek eztarriak garbitu, eztul egin eta berriro topa egin zuten, eta fiskalak bere hitzaldia hasi zuen barre-txiki eta irribarre atseginezkoen artean.
Gure gizon-arrats honetako gozamena esan zuen edalontzia jasoz, baina eserita jarraituz beronen lorpena krimen bat aurkitu izana da, hain sotilki egina, non distiratsuki ihes egin dion gure justizia ofizialari.
Traps zurtu, eta bapatean amorru bizitan jarri zen.
Krimena egin dudala nik? protesta egin zuen. Hau urruntxora joan da, lehen ere defendatzailea etorri zait istorio lardats horrekin; baina gero pentsatu eta barrez lehergaizto egin zen, ia onera etorri ezin zelarik, sekulako txantxa, orain ulertzen zuen, krimen bat egin zuela sartu nahi zioten buruan, barrezka arkuak haustekoa, besterik gabe.
Fiskalak duintasunez begiratu zion Trapsi, garbitu monokulua eta tinkatu egin zuen.
Akusatuak esan zuen zalantzan jartzen du bere errua. Oso gizatiarra. Gutako nork ezagutzen ditu bere delitu eta ezkutuko desarauak? Baina jadanik zerbait baieztatzeko moduan gaude, gure jokoaren grinak berriro piztu baino lehen: Traps asasinatzailea bada, nik baieztatzen dudanez, nik barrenean espero dudanez, une bereziki solemne baten aurrean aurkitzen gara. Eta arrazoiz. Jazoera bozkariotsua da krimen bat aurkitzea, gure bihotzei taupadak bortizkiago emanerazten dizkien jazoera bat, eginbehar, erabaki, obligazio berrien aurrean jartzen gaituena, horregatik ezer baino lehen zilegi bekit geure ustezko hogengileari zorionak ematea, zeren hogengilerik gabe ezinezkoa baita krimena aurkitzea, edo justizia egitea. Gure adiskidea den, Alfredo Traps apalaren, asturu aldeko batek gure artera gidatu duenaren osasun bereziari!
Bozkarioa, denak zutitu eta ordezkari nagusiaren osasunera topa egiten dute, zeinak, begietan malkoak zituela, eskertu eta ziurtatu baitzuen bere bizitzako arratsik ederrena zeta.
Eta fiskalak, berak ere malkoekin:
Bere bizitzako arratsik ederrena, esan du gure adiskide agurgarriak, hitz hunkigarria benetan! Gogora ditzagun estatuaren zerbitzutan lanbide triste batean aritzen gineneko garaiak. Akusatu ez zen egoten orduan gure aurrez-aurre adiskide gisa, etsai gisa baizik, eta orain geure bularraren kontra estutu dezakeguna, orduan gugandik aldendu egin behar izaten genuen. Zatoz nire besoetara!
Hitz hauek esatean, salto batez zutitu, Traps gora jaso eta oldarrez besarkatu zuen.
Fiskal jauna, adiskide maite-maitea esan zuen totelka ordezkari nagusiak.
Akusatua, Her Traps! zizpuru egin zuen fiskalak. Elkarri hika hitz egin behar diogu. Kurt dut izena. Hire osasunean, Alfredo!
Hire osasunean, Kurt!
Elkar musutu, besarkatu, laztandu eta bata bestearekin topa egin zuten, emozioa kutsatu egin zen, loratzen ari zen adiskidetasunaren debozioa.
Nola aldatu den dena! esan zuen bozkariotsu fiskalak. Lehen leher eginik ibiltzen ginen kasuz kasu, delituz delitu, epaiz epai, orain oinarritu, ihardetsi, berri eman, eztabaidatu, hitz egin eta patxadaz, bihozkor, alaitasunez erantzuten dugu, akusatua maitatzen eta baloratzen, berak begikotasunez erantzuten digu, anaiturik egoten ikasten dugu. Honetaratuz gero, dena erraza da, delitua arin bihurtzen da eta epaia alai. Zilegi bekit, beraz, homizidio burutu honen aurrean aintzatespenezko hitz batzuk esatea Trapsek berriro, atzera umore bikainarekin: «Frogak, ene Kurt adiskidea, frogak!» Eta oso bidezkoa da, zeren homizidio perfektu, eder bat baita. Gure hogengile maitagarriak zinismo lotsagabea aurki lezake nire hitzetan, baina ezer ez dago nigandik urrunago; bere egintza bi zentzutan jo daiteke «edertzat», zentzu filosofikoan eta bertutezko-teknikoan: Gure mahaikideek, Alfredo adiskide estimatua, dagoeneko uko egina diote delitua zerbait itsusi, lazkarritzat ikustearen aurreritziari, eta justizian, aldiz, zerbait ederra, nahiz eta agian zerbait lazkarria eta ederra izan, ez, guk delituan ere onartzen dugu edertasuna justizia posibletzen duen aurrebaldintzatzat. Hau da alderdi filosofikoa. Eta orain omena egingo diogu hogenaren edertasun teknikoari. Omena. Hitz egokiarekin topo egin dudalakoan nago, zeren nire akusazio-hitzaldiak ez baitu izu-hitzaldi izan nahi gure adiskidea gaitzi edo nahasgarri izan lekiokeena, baizik eta bere hogena ikuseraziko dion omena, loraraziko duena, kontzientziara ekarriko diona. Ezagutzaren idulki garbian soilik eraiki daiteke justiziaren monumentu arrakalagabea.
Laurogeita sei urteko fiskal zaharrak geldiune bat egin zuen aunaturik. Bere adina gorabehera, mintzo sendo eta zorrotza eta keinu askorekin hitz egin zuen. Xukatu zuen bekokiko izerdia lepoan zerabilen serbileta mantxadunaz, lehortu zuen garondo zimurtua. Traps hunkiturik zegoen. Astunkiro eserita zegoen aulkian, otorduarengatik nagitua. Gogabeterik zegoen, baina ez zuen lau agureak baino gutxiago izan nahi, nahiz eta bere buruari aitortu zion agureen erraldoi-apetitu eta egarria kezkagarri zitzaizkiola. Bera jatun bikaina zen, baina inoiz ikusi gabe zegoen hainbesteko bitalitate eta salokeria. Txunditurik, begiratu nagia egin zion mahaiari, fiskalak tratatzen zuen bihozkortasunaz lausengaturik, entzun zituen elizako hamabi ezkilots solemneak eta gero, gauean, urrun, abelxehe-hazitzaileen koruaren durundia entzun zuen: «Bidaia baten gisako da gure bizitza... »
Ipuinetan bezala errepikatzen zuen txunditurik ordezkari nagusiak, ipuinetan bezala. Eta gero: Asasinatze bat egin dut beraz, neuk hain zuzen? Nola jakin nahi nuke, ordea.
Bitartean epaileak beste Chateaux Margaux 1914 bat deskortxatu zuen, eta fiskala, indarberriturik, hitz egiten hasi zen.
Zer gertatu da, bada? esan zuen. Nola aurkitu dut gure adiskide maiteak laudorioak merezi dituela krimen batengatik, eta ez krimen arrunt batengatik, ez, krimen bertutetsu batengatik, odol-isurketarik, pozoia, pistola edo antzeko bitartekorik gabe burutua izan delako?
Garbitu zuen eztarria, eta Traps, Vacherin zati bat ahoan zuela, liluraturik begira-begira geratu zitzaion.
Aditu gisa, jarraitu zuen, edozein gertakari edo pertsonaren atzean delitu bat ezkutatu zitekeen tesiatik abiatu behar zuela. Lehen susmoa, Herr Trapsengan destinoak abantailaturiko eta krimen batez sarituriko bat ikustea, urte bete lehenago, Citroen zahar batean zebilelarik, orain Studebakerrean ibiltzeaz harro egotearen zirkunstantziari eskertu behar zitzaion.
Baina, noski jarraitu zuen badakit oparoaldi handi batean bizi garela, eta horregatik aierua lausoa zen, esperientzia atsegin baten aurrez-aurrez egotearen sentsazioarekin areago konpara daitekeen zerbait, krimen baten aurkikuntzaren aurrez aurrez ere bai. Gure adiskide maiteak gero bere jefearen postua hartu izana, jefea lekutik baztertu behar izana, jefea hil izana, gertakari horiek guztiak artean ez ziren froga, baizik eta sentsazio hori sendartzen, oinarritzen zuten elementuak. Susmoa, logikoki oinegituratua, jefe legendarioa zertaz hil zen jakitean bakarrik sortu zen: bihotzekoaz. Hartatik abiatu eta konbinatu behar ziren gertakariak, zuhurtzia eta sena erakutsi, gisaz jokatu, arduraz jarraitu egiaren arrastoa, ohieza ohizkoan hauteman, zehaztua zehazkabean, ingurunea lainartean, krimena sinetsi, hain zuzen zentzugabea zirudielako krimena suposatzeak. Gainbegiratu bat eman diezaiogun daukagun materialari. Hildakoaren irudi bat kirrimarra dezagun. Gutxi dakigu hartaz, eta dakiguna ere geure gonbidatu begikoaren hitzetatik atera dugu. Herr Gygax hefeston zuntz sintetikoaren ordezkari nagusia zen, zeinari prest gauden Alfredo gure adiskide maiteak ezartzen dizkion gaitasun atsegin guztiak egozteko. Gizon hura, atera dezakegunez, edozertarako prest zegoen, bere menpekoak errukigabe ustiatzeko eta negozioak egiteko, nahiz eta bitartekoak, negozioak egiteko erabiltzen zituenak, aski badaezpadakoak izan.
Hala da jaregin zuen Trapsek suhartsu doilor hura zehatz deskribaturik dago.
Gainera atera dezakegu jarraitu zuen fiskalak kanpora begira indartsu, ausart eta negoziogizon garaitzailearen itxurak hartzen zituela, beltzak eta zuriak ikusitakoak bezala, horregatik Gygaxek bere bihotzeko gaixotasuna ere arreta handienaz ezkutatzen zuen (hemen ere Alfredoren aipua egiten dugu) eta gaitz hori amorru setati gisako batez hartzen zuen, pentsa dezakegunez, prestigio pertsonalaren galera bezala, nolabait esateko.
Primeran esan zuen txunditurik ordezkari nagusiak, hura ia sorginkeriatzat zeukalako, eta apostu ere egingo zukeen Kurtek bazuela zenduaren ezagupidea.
Isil zedila esan zion ziizka defendatzaileak.
Horri erantsi behar diogu azaldu zuen fiskalak Herr Gygaxen irudia osotu nahi badugu, zenduak zabarturik zeukala emaztea, zeina emakumetxo ongi egina eta irrikagarri gisa irudika dezakegun hala eman du aditzera gutxi gorabehera gure adiskideak. Gygaxentzat arrakastak, negozioak, itxurak, kanpokaldeak bakarrik zuen garrantzia, eta egiantzekotasun ziur samar batez uste izan dezakegu emaztearen fideltasunaz sinetsirik zegoela eta bere burua nortasun apartekotzat eta gizon bereziegitzat zeukala bere emaztearengan adulterioaren ideia bera sor zedin ere, horregatik kolpe gaiztoa izango zatekeen berarentzat, emazteak Bonbonerri klubeko gure adiskidearekin engainatzen zuela jakitea.
Denek barre egin zuten eta Trapsek eskutada bat eman zien izterrei.
Eta hala izan zen berretsi zuen distiratsu fiskalaren aierua. Herio-kolpea hartu zuen, horren berri jakitean.
Zu zoro garbia zara intziri egin zuen defendatzaileak.
Fiskala zutik zegoen eta gogabeterik begiratzen zion Trapsi, labanaz Tete de Moine gazta karrakatzen ari zenari.
Eta? galdetu zuen nola jakin zuen horren berri, bekataritzarrak? Bere emaztetxo irrikagarriak aitortu al zion?
Koldarregia zen horretarako, fiskal jauna erantzun zion Trapsek, egundoko beldurra zion gangsterrari.
Gygax berak aurkitu al zuen?
Arranditsuegia zen horretarako.
Ala zerorrek aitortu zenion, ene adiskide maite eta Don Joan horrek?
Trapsi nahigabe gorritu zitzaion aurpegia.
Bai zera, Kurt esan zuen nola bururatzen zaik holakorik? Negozio zikinetako kide batek jarri zian jakinaren gainean doilorkume hura.
Nolatan gero?
Kalte egin nahi zidan. Beti izan zidan ezinikusia.
Bazeudek ale ederrak! esan zuen fiskalak harriturik. Baina nola jakin zian gizon horrek hire harremanaren berri?
Neuk kontatu nioan.
Heuk kontatu al hion?
Ba, bai... edalontzikada bat ardoren aurrean, zer ez duk kontatzen!
Onartzen diat esan zuen fiskalak burua makurtuz, baina Herr Gygaxen kide hark ezinikusia ziala esan duk oraintxe puntuan. Ez ote huen aurretiaz doilorkume hark guztiaren berri izango zuenaren ziurtasuna?
Orduan kementsu sartu zen tartean defendatzailea eta, izerditan blai, lebitaren iduneko bustia jaso ere egin zuen. Trapsi oharrerazi nahi zion, azaldu zuen, ez zeukala galdera hari erantzun beharrik.
Traps beste iritzi batekoa zen.
Eta zergatik ez? esan zuen. Galdera hori inolako kalterik gabea da. Bost axola niri Gygaxek horren berri izango zuen ala ez. Ganster zaharrak hain tratu txarra ematen zidan, ezen neuk ere ez neukan berari tratu hoberik eman beharrik.
Une batez berriro isiltasuna sortu zen jantokian, isiltasun heriozkoa, eta gero, zarramaltza lehertu zen: zalaparta, barre-algara homerikoak, bozkariozko zurrunbilo bat. Burusoil isilak besarkatu egin zuen Traps, musu eman zion, defendatzaileak kebedoak galdu zituen barrearen barrez, halako akusatua ezin zitekeen gaiztoa izan, epailea eta fiskala gelan zehar dantzari hasi ziren bitartean, hormei kolpeka, elkarri eskua emanez, aulkietara igotzen ziren, botilak hausten eta atseginez bihurrikeriarik zentzugabeenak egiten zituzten. Akusatuak berriro aitorpena egin zuela, karranka egin zuen ozenki fiskalak gelan, aulki baten bizkarrean eserita: ez omen zeukan hitzik gonbidatu estimatuari behar bezalako laudorioak egiteko bere papera hain ongi egiten ari zelako.
Kasua argi dago, orain erabateko ziurtasuna dago jarraitu zuen fiskalak zabuka zebilen aulkitik, afrontuak erasandako monumentu barroko baten gisara. Begira diezaiogun Alfredo, gure adiskide agurgarri, txit estimatuari! Jefe gangster haren eskumenean zegoen eta Citroënean zebilen eskualde osoan barna! Duela urte bete bakarrik! Horretaz bakarrik harto egoteko moduan zegoen, lau seme-alabaren guraso hau, fabrika-langilearen seme hau! Eta arrazoiz. Gerra garaian ozta-ozta lortu zuen baimenik gabeko kinkilari izatea, legez kanpoko salgaiekin tratuan aritzen zen txerpolaria, trenez herririk herri zebilen estraperlista txikia edo oinez auzo-bideetan zehar, sarritan baso ilunetan kilometroak eta kilometroak korrituz baserri urrunetarako bidean, larruzko poltsa zoldatsu bat zintzilik zuela, edo otarre edo maleta erdi-lehertu bat eskuan zuela. Gero hobera jo zuen, postutxo bat aurkitu zuen enpresa batean eta alderdi liberalean afiliatu zen, marxista zen bere aita ez bezala. Baina, nork hartzen du atsedena adarrean, bertaraino igo eta gero, bere gainetik, gailurrean poetikoki esateko, adar berriek artean fruitu hobeak eskaintzen dizkiotenean? Egia da ongi irabazten zuela eta bere Citroënaz mihise-dendaz mihise-denda zebilela, ez zen auto txarra, baina gure Alfredok ezker-eskuin eredu berriak nola sortzen ziren ikusten zuen, tximista bezala albotik igarotzen zirenak, bere bila oldartuz edo aurrea hartuz. Ongizatea goraka zihoan herrialdean, nola ez zuen hartan esku hartuko?
Horrelaxe izan zen zehazki, Kurt esan zuen distiratsu Trapsek. Horrelaxe zehazki.
Fiskala orain bere elementuan zegoen, zoriontsu, pozik, oparitutako haurra bezala.
Hori esatea errazagoa zen egitea baino azaldu zuen, bere aulkiaren bizkarrera arrimaturik; jefeak ez zion gota joaten uzten, makurki eta errukabe ustiatzen zuen, dirua-aurrerapenak egiten zizkion artean gehiago lotzeko, bazekien nola esklabutu gero eta era gupidagabeagoan.
Oso zuzen diozu oihu egin zuen ordezkari nagusiak haserre. Ez duzu susmorik ere, jaunok, nola nindukan harrapatua gangster zaharrak!
Eta dena jokatu beharra zegoen esan zuen fiskalak.
Beharko! berretsi zuen Trapsek.
Akusatuaren eskuhartzeek berotu egin zuten fiskala, zutik jarri zen aulkian eta ardoz, entsalada-hondarrez, tomate-saltsaz, okela-izpiz mantxaturiko serbileta, bandera baten erara astintzeari ekin zion.
Gure adiskide maiteak aurrena profesio mailan jokatu zuen, ezta hemen ere oso bidez, berak onartzen duenez. Irudikatu dezakegu gutxi gorabehera, nola. Sekretuki harremanetan jartzen zen bere jefearen hornitzaileekin, zundatzen zuen egoera, eskaintzen zizkien baldintza hobeak, sortzen zuen nahasmendua, elkarrizketazten zen beste ehun-bidaiari batzuekin eta itunak eta kontraitunak burutzen zituen aldi berean. Baina azkenean beste bide batetik jotzea erabaki zuen.
Beste bide batetik? txunditu zen Traps.
Fiskalak baietz esan zuen buruaz.
Eta bide hori, jaunok, Gygaxen egongelako besaulkitik zuzen-zuzen bere ezkon-oherako bidea zen.
Denek barre egin zuten, Trapsek bereziki.
Benetan berretsi zuen, gangster zaharrari egin nion joko gaizto bat izan zen. Baina orain berriz pentsatzean, egoera barregarria zela konturatzen naiz. Gaur arte lotsatu egin izan naiz hura egin izanaz, zeren, nori atsegin izaten zaio bere buruari argi egitea, inork ez baititu trapu oso garbiak edukitzen, baina honen adiskide ulerkorren artean lotsa barregarri, alferrikako bihurtzen da. Bitxia! Ulertua sentitzen naiz eta neure burua ulertzen ere hasten naiz, neu naizen pertsona batekiko ezagupidea egiten ari banintz bezala, izan ere, lehena oso lausoki bakarrik ezagutzen bainuen Studebakerra eta emaztea eta seme-alabak nonbait zituen bat bezala.
Atseginez egiaztatzen dugu esan zuen orduan fiskalak bero eta bihotzez gure adiskideari argitxo bat piztu zaiola. Laguntzen jarrai dezagun, egunargi dakion. Aztarna ditzagun bere zioak arkeologo alaien lehiaz, eta delitu ahaztuen bikaintasunarekin topo egingo dugu. Harremanetan sartu zen Gygax andrearekin. Zerk horretaratu zuen? Demagun egun batean emakumetxo irrikagarria ikusi zuela. Agian arratseko azken orduan izan zen, agian neguan, seiak aldean (Trapsek: «Zazpietan, Kurt, zazpietan!») hiria gaueko edertasunean zegoela, urrezko farolekin, eskaparate argiztatuekin, zinemetako argi berde eta horiekin eta nonahitik letrero argitsuak, atsegin, gozatsu, lilurakor. Kale labanetan zehar bere Citroëna bere jefea bizi zen egoitza-auzategiraino gidatu zuen (Trapsek beroturik eten zuen: «Bai, bai, egoitza auzategiraino!»), besapean eskari eta ehun-laginekin karpeta bat, erabaki garrantzitsu bat hartu beharra zegoen, baina Gygaxen limusina ez zegoen ohizko lekuan espaloiaren ondoan, hala ere Alfredok parke iluna gurutzatu, jo tirrina, Gygax andreak ireki eta esan zion gau hartan senarra ez zeta etxera etorriko eta neskamea irtena zeta, arratseko jantzitan zegoen edo, hobeki esan, bainu-zapitan, baina aperitiboa hartzera sar zedila, atseginez gonbidatzen zuela, eta biak aretoan eseri ziren elkarren ondoan.
Traps txunditurik zegoen.
Baina, nola dakik hori guztia, Kurt? Hori sorginkeria bat duk!
Praktika azaldu zuen fiskalak. Destinoak denak bide beretik joaten dira. Ez zen seduzio bat ere izan Trapsen edo emakume haren aldetik, abagadune bat izan zen eta berak probetxatu egin zuen. Emakumea bakarrik zegoen eta aspertu egiten zen, ez zuen ezer berezirik pentsatzen eta poztu egin zen norbaitekin hitz egiteko aukera zuelako, aretoa epel eta atsegin, lore koloreanitzezko bainuzapiaren azpian gau-atorra bakarrik zerabilen, eta Traps ondoan eseri eta lepo zuria, bularren erroa ikusi zizkion eta solasean hasi zenean, haserre senarraren kontra, etsita, gure adiskideak igarri zionez, honek ulertu zuen miatzeko ordua zeta, eta taster jakin zuen dena Gygaxi buruz: zeinen osasun nolabaitekoa zuen, nola edozein emoziok hit zezakeen, bere adina, zeinen makur eta zakarra zen bere emaztearekiko eta zeinen irmo zegoen bere fideltasunaz, zeren bere senarraz mendeku hartzeko prest dagoen emakumearengadik dena jakiten baita, eta horrela jarraitu zuen berak harremanarekin, orain asmo jakin batekin, zeren berak nahi zuena, jefeari porrot eragitea baitzen, zernahi gertatzen zeta ere, eta horrela iritsi zen dena eskuetan zeukaneko unea, bezeroak, hornitzaileak, emazte zuri, guri, biluzia gauetan, eta hala tira egin zuen kordeletik eskandalua sortzeko. Berariaz. Horretaz ere dagoeneko jakinaren gainean gaude: ilunabarreko ordu intimoak, arratsorduak honetan ere. Aurkitzen dugu geure adiskidea jatetxe batean, hiriko parte zaharreko taberna batean esaterako, berogailua bizi samar, giro lasaia, abertzalea, zuzena prezioetan beraietan ere, kristal bonbaturiko leihoak, tabernari bikaina (Trapsek: «Udaletxeko tabernan, Kurt!»), edo hobe esateko andre tabernari bikaina, jadanik hildako bezero finkoen argazki artean, gela gurutzatu eta berriz ateratzen den egunkari-saltzailea, geroago salbamen-armada kanta batzurekin, «Utzi eguzkiari sartzen», ikasle banaka batzuk, irakasle bat, mahai baten gainean bi edontzi eta ardo botila bat, ez dio axola gehixeago ordaintzeak eta azkenik, zoko batean, zurbil, gizen, izerdi-patsetan, alkandora-idunekoa askaturik, kolpatu beharreko biktima bezala perlesiak joa, lankide txukuna, harriturik, guzti hark zer esan nahi zuen galdezka, Trapsek zergatik gonbidatu ote zuen besterik gabe, eta adi-adi entzuten du Trapsen ahotik adulterioaren berria, eta gero, ordu batzuen buruan, bestetara izan ez zitekeenez, eta gure Alfredok aurrikusia zeukanez, lasterka jefea ikustera eta, eta betebehar, adiskidetasun eta barne-eskrupuluz errukarri hari berri ematera.
Azalalutsa galanta! jaregin zuen Trapsek, fiskalaren deskribapena begi biribil distiratsuekin entzuten ari zenak, zoriontsu, egia jakiteagatik, bere egia harro, ausart, bakartia.
Gero:
Eta hala iritsi zen kinka larria, Gygaxek dena jakin zueneko une kalkulatua; demagun artean gangster zaharra etxera itzuli zela, amorru bizitan, jadanik autoan izerditan blaiturik, bihotzaldean oinazeekin, eskuetan ikara, haserre txistuka ari diren poliziak, trafiko-seinale aintzakotzat hartu gabeak, garajetik etxeko aterainoko ibilbide neketsua, porrota, agian korridorean arrean, emaztea bila zihoakion bitartean, emakumetxo apain irrikagarri hura; ez zuen luze iraun, medikuak artean morfina eman zion, gero adio, behinbetiko, gero karkara garrantzigabe bat artean, zizpuruak emaztearen aldetik, eta Traps bere etxean, beretarren arrean, desesekitzen du telefonoa, harrimena, barne-bozkarioa, «lortu diat» dioenaren aldartea, eta hiru hilabete geroago Studebakerra.
Barre-algarak berriro. Trapsek berak ere, ustekabez ustekabe zihoala, barre egin zuen, zertxobait zozerbaturik bazen ere, hazka egin buruari eta onarpen-keinu bat egin zion fiskalari, baina dohakabe sentitu gabe. Umore unean ere bazegoen gainera. Arratsa primeran atera zela zeritzon; krimena egotzi izanak zozerbatzen zuen noski zerbait eta ematen zion zer pentsatua, baina aldarte hura, berak atsegintzat jotzen zuen, zeren gauza goitarragoen aierua azaleratzen baitzion, justizia, errua eta gaitzordainarena, eta txundimenez betetzen zuen. Beldurrari, zeina ez baitzuen ahaztu eta zeinak eraso baitzion jardinean eta, geroago, mahaikideen alaitasun-eztandetan, oinarrigabea iritzi zion orduan, dibertigarri gertatu zitzaion. Hain zen gizatiarra dena! Artega zegoen gerokoaren zain. Mahaikideak aretora pasatu ziren kafea hartzeko, alderoka, defendatzailea balantzaka, bibelotez eta lorontziz beteriko leku batera. Grabatu eskergak hormetan, hiri-ikusmirak, gai historikoak, Rütliren zina, Laupengo bataila, Suitza Goardiaren gainbehera, Zazpi Zintzoen eskoadroia, igeltsuzko sabaia, iztukadurak; zoko batean piano isastuna, besaulki erosoak, apal, erraldoi, brodatuak gainean, esaldi deboziozkoekin: «Zorionekoa zintzoaren bidetik dabilena», «Kontzientzia ona burkorik hoberena». Leiho irekietatik eskualdeko errepidea ikusten zen, lauso ilunpetan, aieru zen areago, baina ipuinetako, argi esekien eta ordu horretan igarotzen ziren auto urrien faroen artean, izan ere ia ordu biak baitziren. Kurten hitzaldia bezain gauza liluratzailerik inoiz ez zuela entzun esan zuen Trapsek. Funtsean ez zeukala iruzkin handirik egin beharrik, zuzenketa txiki batzuk egitea aski zutela. Lankide txukuna txiki eta argal samarra zela, adibidez, eta iduneko zurruna erabiltzen zuela batere izerdirik gabe, eta Gygax andreak ez zuela bainuzapitan errezibitu, baizik eta eskote zabaleko kimono batean, beraz «atseginez gonbidatzen zuelakoa» ere metaforikoki hartu behar zela hura txisteetako bat zela, bere umore apalaren adibide bat, jefe gangsterraren infartu merezia ez zitzaiola etxean gertatu, bere sotoan baizik, Föhn-ekaitz batean, artean ospitalera eraman ahal izan zutela, gero bihotz-gelditze bat eta kito; baina hori, esan bezala, bigarren mailakoa zen eta batez ere oso zehatza bere bihotzeko adiskide maiteak, fiskalak azaldutakoa: Gygax andrearekin benetan katigatu baldin bazen doilorkume zaharrari porrot eragitearren bakarrik izan zela, bai, oraindik oso ongi gogoratzen zuela, bera haren (Gygaxen) ohean etzanda zegoela, nola begiratua zion haren emaztearen gainetik carey-betaurrekoak begi irtenen aurrean zituen haren aurpegitzar lodi higuingarriaren argazki bati, eta nola izan zuen aieru bat, poz basati batekin, egiten ari zena hain gogatsu eta gozatsu egitean, bere jefea asasinaten ari zela, herio-kolpea odol hotzarekin emanez.
Ordurako denak esaldi debotoekiko besaulki biguinetan eserita zeuden, Trapsek azalpen hauek eman zituenean, nork bere kikarakada kafe beroa eskuan zuela, goilaretxoaz eraginez eta gainera Roffignac, 1893ko koinak bat edanez gainera, kopa tripoil handitan.
Ondoren epaia ematera ekingo ziola iragarri zuen fiskalak, belarridun besaulki munstro batean zeharretara eseririk, zangoak bi galtzerdi desberdinekin (bata gris iluna koadroekin eta bestea berdea) euskarrietako batean bermaturik. Alfredo adiskideak ez zuela dolo indirecto jokatu, baldin eta heriotza halabeharrez gertatu izan balitz gertatuko zatekeenez, baizik eta dolo malo, aurreasmo txarrez eta, berak eskandalua eragin izanak, alde batetik, erakusten zuenez, eta bestetik jefe gangsterraren heriotzaren ondoren haren emakumetxo irrikagarriari gehiago bisitarik ez egin izanak, horrek derrigorrean pentsarazten duelarik emaztea tresna bat besterik ez zela izan bere asmo odolzaleetarako, krimen-tresna galaia, nolabait esateko, eta beraz psikologikoki buruturiko krimen baten aurrean zeudela eta halako moldez, non adulterioaz gainera, ez zela ezer legearen kontrakorik gertatu, hori itxuraz bakarrik, jakina, hori ikusirik, akusatuak berak guztiz gogara aitortu ondoren, orain itxura hori ezabaturik, fiskal zen aldetik atseginez eta horrenbestez amaituko zela bere omenaldia eskatzen ziola tribunal agurgarriari Alfredo Trapsentzat herio-zigorra, miresmena, harridura eta errespetua merezi zituen hogenaren ordaintzat eta eskubidea zuela mendeko apartekoenen arrean agertzeko.
Denek barre egin zuten, txalo jo eta eta une hartan Simone zerbitzatzen ari zen tartari oldartu zitzaizkion. Arratsari galdorra jartzeko, berak esan zuenez. Kanpoan ikuskari gisa ilargi berantiarraren igitai mehea jaiki zen, zurrumurru neurritsua zuhaitz artean, garaitikoa isiltasuna, errepidetik tarteka autoren bat edo etxera arretaz sigi-sagaka zihoan beranduturen bat. Ordezkari nagusia babestua sentitzen zen, han Pileten alboan eserita besaulki biguin atoskor batean, «Maiteen artean sarritan izan» esaldiarekin, inguratu zuen beso batez isilaren lepoa, zeinak noizean behin bakarrik jaregiten baitzuen «Primeran» lehen silaba luzatuz, eta moldatu egin zen haren dotorezia brilantinazkora. Samurtasunez. Onginahiz. Masaila masailaren kontra. Ardoak astun eta baketsu bihurtua zuen, azkenik bera izateko aukeraz gozatzen ari zen lagunarte ulerkor hartan, inolako sekreturik gabe, ez baitziren beharrezko, bere burua omendua, errespetatua, maitatua ulertua zekusalarik, eta krimen bat burutu izanaren ideiak gero eta gehiago komentzitzen zuen, hunkitu egiten zuen, bizitza aldatzen zion konplexuago, heroikoago, baliotsuago bihurtuz. Ia suhartu egiten zuen. Krimen hura planeiatu eta burutu egin zuen hala irudikatzen zuen orain ez hainbeste zio profesional edo ekonomiko batengatik, Studebaker bat erosteagatik, esaterako, baizik eta hori zen hitza, gizon sakonago eta funtsezkoago bat izatearren, lausoki nabaritzen zuenez bere pentsamenaren mugetan, gizon ikasi, eskolatuen maitasunaren, errespetuaren duin, zeinek orain baita Piletek ere behialako magoak bezala bururatzen zitzaizkion, zeinei buruz «Reader's Digest»en behin irakurria zuen eta zeinek izarren misterioa jakin ez ezik, justiziaren (hitz horrek horditu egiten zuen) sekretuak ere bai baitzekizkiten, zeina beretzat ordura arte trikimailu abstraktu bat besterik ez baitzen izan ehungintza-saileko bizitzan eta orain eguzki eskerga, ulertezin baten gisara irteten ari zena bere horizonte mugatuaren gainean, erabat ulertu gabeko ideia bat bezala eta horregatik hainbat indartsuago hunkitzen eta inarrosten zuena; eta hala entzun zituen orduan, koinak urreiluna irentsiz, miretsirik aurrena, ondoren gero eta suminago, bere defendatzaile gizenaren argudioak, bere delituzko egintza zerbait ohizko, burges, eguneroko bihurtzeko ahalegin grinatsu horiek. Atsegin handiz entzuna zuela fiskal jaunaren hitzaldi irudipentsua, azaldu zuen Kummer jaunak kebedoak aurpegiaren erdian zeukan multzo mamitsu gorriska eta hanpatutik, keinada labur geometrikoen artean sermoiketan hasiz. Noski, Gygax gangster zaharra bere bezeroari bizimodu latza erakutsi ondoren hil zen, eta honek haren kontra benetako ezinikusia metatu zuela, ezeztatu nahirik, nork ukatuko zuen holakorik, edonon gertatzen direla horrelakoak, esan zuen, eta benetan gauza fantasiazko bakarra bihotzetik gaixo zegoen negoziogizon baten heriotza asasinatze bezala aurkeztea zela («Baina neuk asasinatu dut!» protesta egin zuen Trapsek hodeietatik erori balitz bezala). Fiskalak ez bezala, akusatua errugabetzat zeukan eta, errudun izateko gaitzat ere ez zuen jotzen (Trapsek, berriz, mindurik: «Baina errudun naiz ni!»). Hefestoi zuntz sintetikoaren ordezkari nagusiak askorentzat jarraibide bat zela esan zuen. Errudun izateko ezgaitzat jotzen bazuen, ez zuen baieztatu nahi errugabea zenik, alderantziz. Traps ongi harrapaturik zegoen erru mota posible guztietan, adulterioa egiten zuen, eta halako fede txar batez iruzur eginez pasatzen zen bizitzan barrena, baina ez bere bizitza osoa iruzurrez eta adulterioz bakarrik egina egoteraino noski, ez, ez, bazituen bere alde onak ere, bere bertuteak, bai noski. Alfredo adiskidea behargina zen, saiatua, bere adiskideen adiskide leiala, bere seme-alabentzat etorkizun hobea ziurtatzen ahalegintzen zena, politikoki fidagarria, batekoz beste harturik, nahiz eta aje tipiko eta ezinbestekoz zertxobait zipriztindua, lohitua, bizitza arrunt askotan gertatzen denez, eta hain zuzen horrexegatik inolako erru handi, garbi eta arranditsurik izateko, egintza txar bat ezbairik gabe, zalantzarik gabeko delitu burutzeko gaieza. (Trapsek: «Kalumnia, kalumnia hutsa!».) Ez zela delitugilea, jarraitu zuen, bere garaiaren, Mendebalearen, zibilizazio baten, ai! (eta hemen gero eta lainotsuago jarri zen), fedea, kristautasuna eta kaotiko bihurtzeko etika unibertsalaren abiaburuak galduak zituen zibilizazio baten biktima, halako moldez, non norbanakoak ez baitzuen izar gidaririk eta nahasmendua eta basatikeriaren, indartsuenaren legea eta egiazko moralitate baten gabeziaren menpean zegoela. Zer gertatu zen orduan? Gizon arrunt honek, erabat prestatu gabe, fiskal iaio baten eskuetan erori zela. Ehungintzasaileko bere zimardika instintuzkoak, bere bizitza pribatua, negozio-bidaiek, ogia irabaztearengatiko borrokez eta zenbait olgeta errugabe samarrez osaturiko bizitza bateko abentura guztiak, erradiografiatuak, ikertuak, disekatuak izan ziren, gertakari lokabeak harremanetan jarri eta epaituak izan ziren egitasmo logiko eta orokor baten gisara, jazoera isolatuak egintzen kausatzat aurkeztu ziren, zeinak beste era batera ere gerta baitzitezkeen, zoria asmo bezala interpretatu zen makurkiro, eta gogoeta gabezia aurreasmo bezala, eta horrela azkenik itaunketaren amaieran asasinatzaile bat sortu zen prestidigitadorearen kapelatik untxia bezala. (Trapsek: «Hori ez da egia!») Gygax kasua hotzean, objektiboki hartuz gero, fiskalaren mistifikazioetan erori gabe, ondoriotzat ateratzen da, gangster zaharrak funtsean heriotza bere bizimodu desarautuarengatik, bere gorpuzkerarengatik izan zuela. Exekutiboen eritasuna zergatik den nahikoa ezaguna da: estresa, zarata, ezkonbizitza eta nerbio deseginak, nahiz eta infartu jakin honetan Föhn-ekaitza izan erruduna, Trapsek jakinerazia, zeren Föhn-haizeak eragina baitzuen bihotz-kontuetan (Trapsek: «Barregarria!»), beraz, argi eta garbi, ezbehar hutsa izan zen. Jakina, bere bezeroak begiramendurik jokatu zuela, baina bera ere negozio-munduko legeen azpian aurkitzen zela, behin eta berriz berak azpimarratu zuenez, jakina nahi izango zukeela eta behin baino gehiagotan bere jefea hil, zer ez zaion bati bururatzen eta zenbat gauza ez dugun buruan egiten, baina han bakarrik, eta burukoez aparte ez zegoela eta ezin zela deliturik frogatu. Zentzugabea zela suposatzea, eta are zentzugabeagoa bere bezeroak berak orain uste izatea benetan krimen bat burutua zuela: bere autoaren matxuraz gainera, beste bigarren bat izan zuela, matxura izpirituzko bat, eta horren aurrean eta abokatu defendatzaile zen aldetik, Alfredo Trapsentzat absoluzioa eskatzen zuela eta abar eta abar. Ordezkari nagusiaren amorrua gero eta gehiagorantz zihoan, bere krimen ederra estali nahi zuen laino lausoaren aurrean, zeinean itxuragabetu, deuseztatu eta irreal, espektral, barometroaren araberako emaitza bihurtzen baitzen. Gutxietsia sentitu zen eta berriz ere protesta egin zuen, defendatzaileak amaitu orduko. Sumindurik eta eskuinean beste tarta zati bat platerean zuela eta bere Roffignac kopa ezkerrean, adierazi zuen, epaira pasatu baino lehen, beste behin argi eta garbi adierazi nahi zuela bat zetorrela fiskalaren hitzaldiarekin hemen malkoak azaldu zitzaizkion begietara hura krimena izan zela, jakinaren gaineko krimena, orain garbi zekusala, aldiz, defendatzailearen hitzaldiak ez zuela inondik ere bete, izutu baizik, hain zuzen berak ulerkuntza apur bat espero zuelako, edo espero izatea atsegin izango zukeelako, horregatik eskatzen zuela epaia edo, hobeto esateko, zigorra, ez morrontzakeriaz, suhartasunez baizik, zeren gau hartan ulertu baitzuen lehendabiziko aldiz zer zen benetako bizimodua egitea (hemen zertxobait nahastu egin zen Traps jator eta adoretsua), izan ere justizia, errua eta gaitzordaina bezalako kontzeptu jasoak beharrezkoak baitziren bere zuntz sintetikoa egiten zeneko elementu eta konbinazioak bezalaxe, bere sailetik ez irtetearren, berriz jaioarazi zuen aurkikuntza bat izaki hura, nolanahi ere bere hiztegia lanbideko gauzez bestetarako murritz samarra zela, barkatzeko, horregatik ia ezin zuela aditzera eman berak nahi zuenik nolanahi ere «berriz jaio» esamoldeari zeritzola egokia zurrunbilo-haize indartsu baten antzera jotzen, igarotzen eta inarrosten zuen zoriona adierazteko.
Hala iritsi ziren epaira, zeina epaile txikiak eta ordurako erabat mozkortuak barre-algara, garrasi, bozkario-oihu eta alarau-ahaleginen artean (Pileten aldetik) jakinerazi zuen, zeren zokoan zegoen eta ireki berria zen piano isastunera igo ez ezik edo, hobeto esateko, sartu egin baitzen, baizik eta hizkuntzak ere eragozpen gogorrak sortu baitzizkion. Behaztopa egin zuen hitz batzuekin, aldatu edo inausi egin zituen beste batzuk, menderatu ezin zituen esaldiak hasi zituen eta esanahia aspaldi ahaztua zeukan beste batzuei ekin zien berriro, baina hala ere argudiaketari antz eman ahal izan zitzaion larriki bederen. Arrazoia nork zuen galderatik abiatu zen, fiskalak ala defendatzaileak, ea Trapsek mende hartako krimenik apartekoenetako bat egin zuen ala errugabea zen. Berak ezin zuela bi ikuspuntuetako baten aldeko jarrera zehatza hartu. Egia zela Traps ez zela fiskalaren itaunketaren mailan egon, defendatzaileak uste zuenez, eta horregatik aitortu zituela hala gertatu ez ziren gauza asko, baina asasinatu ere egin zuela, ez aurreasmo deabruzkoz, ez, baizik eta munduaren erantzukizunik eza bere bihurtu zuelako, non bizi baitzen hefeston zuntz sintetikoaren ordezkari nagusi zen aldetik. Norbait hil bazuen, berarentzat norbait hertsatzea eta begiramendurik gabe jokatzea, zernahi gertatzen zela ere, gauzarik normalena zelako izan zela. Berak Studebakerrean bizkortasunez gurutzatzen zuen munduan ez zitzaiokeela ezer gertatuko, ezingo zitzaiola ezer gertatu Alfredo adiskideari, baina berak villa zurira etortzeko adeitasuna izan zuela (hemen epailearen hitzaldia lainotsu bihurtu zen, eta ondorengoa bozkariozko zizpuruen artean bakarrik esan ahal izan zuen, bere burua mukizapi batean ezkutatzera behartzen zuten egundoko doministiku zoliek etenik, besteengan gero eta barre-algara ikaragarriagoak eraginez), bere mundua justiziaren izpi satsugabeaz argitu zien lau agureei bisita egitera, justizia horrek, noski, ezaugarri bitxi samarrak zituela, berak bazekiela, eguraldiak landuriko lau alderdietatik irribarre maltzurra egiten zuela, fiskal mekoaren monokuluan, defendatzaile gizen baten kebedoetan errainutzen zela, epaile mozkor baten aho hagingabe eta jadanik totel samarretik barre egiten zuela eta borrero jubilatu baten burusoilunetik dirdira gorria egiten zuela (besteak ezinegonik hainbeste poesiarekin: «Epaia, epaia!»), justizia gortezko, apetatsu, jubilatua, baina justizia hala eta guzti ere (besteek, aho batez: «Epaia! Epaia!») zeinaren izenean berak orain kondenatzen baitzuen Alfredo bere adiskide txit maite eta aparta heriozigorrera (fiskalak, defendatzaileak, borreroak eta Simonek: gora eta bozkariozko oihuak; Trapsek emozioz zizpuruka: «Eskerrik asko, epaile jauna, eskerrik asko!» ), nahiz eta juridikoki epaituak bere burua errudun aitortzean oinarritzen bazen ere. Horixe zen azkenean garrantzizkoena. Pozik zegoela epaituak hain osoki onartzen zuen epai bat eman izanaz, gizakiaren duintasunak ez zuen inolako graziarik onartzen, eta gonbidatu agurgarriak pozik onartu zuen bere krimenari galdorra ezartzea, zeina berak espero zuenez, krimena bera baino atsegintasun gutxiagoko zirkunstantziatan ez baitzen gertatu. Burges baten, pertsona arrunt baten bizitzan halabeharrez gertatzen zena istripu bat, esaterako, edota naturaren ezbehar gisa, gaixotasun bezala, enbolia batek odol-hodia trabatze bezala, edo handitsu gaixozko baten modura, hemen emaitza moral ezinbesteko bezala aurkezten zen, zeren hemen bakarrik lortzen baitzuen bizitzak bere garabetea arte-obra baten zentzuan, hemen bakarrik bihurtzen zen ikuskor giza tragedia, hemen bakarrik dirdir egiten zuen, argi egiten zuen, era akaskabean eta burutzen zen (besteek: «Aski da! Aski da!»); bai, lasai esan zitekeen: epaia iragartzearen egintzan, akusatua kondenatu bihurtzen duenean, burutzen dela justiziaren sendotza; ezer ez dagoela garaiagorik, nobleagorik, handiagorik gizon bat heriotzera kondenatzea baino. Eta horixe gertatu da. Traps, fortunaren agian hain seme legezkoa ez zen hura zeren barrenean herio-zigor baldintzapetua bakarrik baitzen onargarria, baina berak nahiago zuen alde batera uztea bere adiskide maitea ez nahigabetzeko labur esateko, orain Alfredo beraien mailan aurkitzen zen eta elkartean onartua izateko duin zen joko-maisu gisa, eta abat. (Besteek; «Betor txanpaina!»)
Arratsak gorena joa zuen. Txanpaina aparretan, solaskideen alaitasuna ageria, bizia, anaikorra zen, defendatzailea bera ere berriro begikotasunezko sare horretan bildua sentitu zen. Kandelak ahituak ziren, batzuk iraungita zeuden; kanpoan, goizaren, izar gandutuen, urruneko eguzki-irteeraren, freskura eta ihintzaren lehen aieruak. Trapsek, su-harturik eta aunaturik aldi berean, bere gelara eraman zezatela eskatu zuen, bular batetik bestera zabuka. Hitz totelak entzuten ziren, denak mozkorturik zeuden, zaratak betetzen zuen aretoa, hizketa zentzugabeak, bakarrizketak, zeren inork ez baitzion besteari entzuten. Denei ardo eta gazta usaina zerien, eta ordezkari nagusiak, zoriontsu eta nekaturik, laztanak ilean, musuak eta besarkadak hartzen zituen, aitona-amonaz eta osaba-izebaz inguraturiko haurrak bezala. Burusoil isilak gora eraman zuen. Kostata igo ziren eskaileratan gora, lau oinean, bide-erdian gelditu egin ziren, bata bestearengan katramilatuak, ezin zuten aurrera egin, pikotxean jarri ziren eskailera-mailetan. Goitik, leiho batetik zehar, goiznabar harrizkoa erori zen, horma zarpiatuetako zuriarekin nahastu zen, gainera, kanpotik, egunaren lehen zurrumurruak txistuak eta beste maniobra-zarata batzuk trenbidearen geraleku urrunetik, etxeratze hutseginari buruzko oroitzapen lausoak. Traps zoriontsu, gogabeterik sentitu zen bere burges-txiki bizitzan inoiz ez bezala. Irudi zurbilak sortu zitzaizkion, mutiko baten aurpegia, seme txikienarena seguraski, berak maiteena zuenarena, gero ilunabar-giroan, matxurarengatik iritsi zeneko herritxoa, errepidearen zerrenda argia, gain batetik zehar-meharka, elizarekiko muinoa, haritz erraldoi zurrumurrutsua burdinazko estun eta zurkaitzekin, muino basotsuak, baztergabe argitan zegoen zerua atzean, goian, nonahi, amaigabe. Baina une horretan burusoila «lo egin nahi dut, lo egin nahi dut, nekatuta nago, nekatuta nago» marmarka amildu egin zen eta egiazki loran geratu zen, nola Traps eskaileretan gora arrastaka zihoan entzun zuen bakarrik, geroago aulki batekin egin zuen tupust, burusoil isila esnatu egin zen eskaileretan, segundu batzutarako bakarrik, artean aintzinako laborriz eta izuduraz betetako uneen amets eta oroitzapenez beterik, gero zangoen zirriparra bat izan zen lokartuaren inguruan, zeren besteak ere eskaileretan gora igo baitziren. Txilio eta karranken artean mahaiaren gainean pergamio bat kirrimarratua zuten herio-epairekin, oso era laudoriozkoan, itzulika zirtolariekin, esamolde akademikoekin, latinez eta alemaniera zaharrez, eta gero emaitza ordezkari nagusiari ohean ezartzera abiatu ziren, harrapaturiko mozkor galantaren oroigarri atsegin gisa, biharamun goizean esnatzean. Kanpoan argitasuna, goiza, txorien lehen txintak, zorrotz eta ezinegonak, eta horrela igo ziren eskaileretan gora, burusoil lokartuarekin gainetik behaztopaka. Elkarri heltzen zioten, elkarrengana arrimatzen ziren, hirurak alderoka, ongi kostata, batez ere eskaileraren bihurgunean, non derrigorrezkoa izan zen gelditzea, atzera egitea, berriro aurreratu eta porrot egitea. Azkenik gonbidatuen gelako atearen aurrean aurkitu ziren. Ireki zuen epaileak, eta talde solemnea zurrundurik gelditu zen atalasean, fiskala artean serbileta lepoari lotuta: leihoaren markoan Traps zegoen zintzilik, zirkinik egin gabe, errainu ilun bat zeruaren zilar motelaren kontra, arrosen lurrin astuna, hain behinbetiko eta erremediogabe, non fiskalak, zeinaren monokuluan errainutzen zen gero eta goiz argiagoa, airea hartu behar izan zuen, noraezean eta triste bere adiskide galduarengatik, zinezko saminez esan baino lehen:
Alfredo, ene Alfredo zintzoa! Baina nola bururatu zaik horrelakorik, Jainkoarren? Arratsik hoberena izorratu diguk!
© Friedrich Dürrenmatt
© itzulpenarena: Xabier Mendiguren