ODJIGH-EN HERIOTZEA
A.J. -H. Rosny
Hil-zorian bide zegoen denbora haietan gizonen arraza. Hilargiaren hoztasuna zuen eguzkitiar munduak. Hondarrik gabeko negu batek lurra arrailtzen ari zuen. Laba hormatuaz uherturik ageri ziren lurraren errai sugarreztatuak zerurantz okaztatuz sortuak ziren mendiak. Zirrikitu paralelo edo izarkarek kurritzen ari zituzten eskualdeak; ikaragarrizko arrailek, bet-betan idekiak, gain-beherapen gogor batez gaineko gauza guziak irensten zituzten, eta ikusten ahal zen nola lerratzen ziren haienganat emeki-emeki bloke errakorretako lerroalde luzeak. Orratzño gardenez zipriztindurik zegoen aire goibela; zuritasun beldurgarri batek estalki zituen landak; bazirudien mundua esterilizatzen ari zuela irradiazio unibertsal hark.
Ez zen jadeneko landarerik batere, liken hits orbain batzu baizik haitzen gaienan. Erauntzia zuen bere haragia, lurraz egina dena, lur globoaren hezurdurak, eta eskeletoak iduri zabaltzen ziren ordokiak. Behereko biziari eraso zion negu-herioak; hormen artean harrapaturik hil ziren arrain eta itsas-animalia guziak; landare igankarietan xinaurri gisa ibiltzen ziren intsektuak, kumeak beren sabeleko moltsetan eramaten zituzten animaliak eta oihan haundietako ia-ia hegaldariak ziren bizizaleak hil ziren gero; begiek ikus ahalako guzian ez zen ez zuhaitzik ez berderik ageri eta haitzulo, koba edo harpeetan bizi zenak baizik ez zuen bizirik irauten.
Bi arraza ere zeuden jadeneko iraungirik gizonen semeen artean; zuhaitz handien gainaldean lianazko habietan bizi zirenak eta aintziren erdian etxe flotagarrietan gorde beharra izan zutenak; lur dirdiragarriaren gainean eroriak ziren baso eta oihanak eta uretako azala gogor eta distiranta zen harri leunduaren antzera.
Sua ezagutzen zuten basapiztien ehiztariak, lurra bere barneko berotasuneraino zilatzen zekiten trogloditak eta beren hormazko ziloetan itsas-olioa bildua zuten arrain-jaleak, oraindik ere ari ziren neguari jazartzen. Baina gero eta eskasagoak ziren animaliak hormak bere mende hartzen baitzituen musturrak lurraren azalera atera bezain sarri, agortzekotan zegoen suaren egiteko zura eta solidoa zen jadeneko olioa zuriz koroaturikako haitz hori baten iduriko.
Baina Odjigh zeritzan otso-hiltzaile bat, leizezulo sakon batetan bizi zena eta aizkora haundi-haundi bat, jade berdezkoa, astun eta beldurgarria zeukana, izaki bizidunetaz urrikaldu zen. Barne-itsaso haundiaren hegian zegoela, zeinaren muturra Minnesotaz sortaldean luzatzen baitzen, begiak ipar aldeko lurraldeetarantz, hotzak metatzen ari zirudien alderat, eraman zituen. Bere leizezulo hormatuaren sakonenean hartu zuen kalumet sakratua, harri zuriz landua, bete zuen belar urrintsuekin zeinetatik kea koroakara altxatu baitzen eta airean fu egin zuen jainkozko intsentsuak. Zerurantz igan ziren koroak eta ipar alderat bihurtu zen kearen espiral arrea.
Odjigh, otsoen hiltzailea, ipar alderat abiatu zen. Xagu-larru zilatu batekin, zeinaren buztana buru gainean motots baten antzera kulunkan baitzebilkion, estali zuen aurpegia, larruzko uhal batekin moltsa bat haragi lehor xehatu eta gantzarekin nahastekatuagaz betea lotu zuen bere gerri-itzulian eta jade berdezko haizkora iharrausiz, hodeiertzean pilaturikako laino lodien alderat joan zen.
Bizia iraungitzen zoaien bere inguran berak pasa arau. Aspalditik isilduak ziren uhaldeak. Hots motelak baizik ez zituen berekin ekartzen aire opakoak. Masa hormatu haiek, urdinak, zuriak eta berdeak, lantxurdaz nir-nir, bide monumental baten zutabeak iduri zuten.
Etsipenez oroitzen zituen Odjighen bihotzak arrain nakaratuen furrinda zuntzazko sareetako mailen artean, itsas-aingiren zirrara sigi-sagaka zabiltzala, apoarmatuen ibiltze astuna, begi zeiharretako karramarro erraldoien lasterketa zehar-meharra eta lehorreko piztien aharrausi biziak, moko leun eta erpez hornitu piztiak, ezkataz jauntzirikako piztiak, begiendako atsegingarriak ziren era aunitzez pikardatu piztiak, jauzi zauliak eman edo zirimola bitzi zein hegalaldi arriskutsuak egiten zituzten eta beren kumeen maitaleak ziren piztiak. Otso basen hutsunea senditzen zuten batez ere animalia ororen gainetik, baita beren larru arreak eta beren uluka ezagunak ere, ohitua baitzen beraien ehizatzerat harrizko gabiko eta haizkorarekin, gau lanbrotsuetan eta hilargiaren argi gorriaren pean.
Orduan bere ezkerretik, ziloko pizti bat jalgi zen, lurraren barna-barna bizi eta bere ohantzetik neke handiarekin baizik ezin dena ateratua izan, ile laztutako azkonar mehe bat. Ikusi eta poztu zen Odigjh, beraren hiltzeko pentsatu gabe. Bien arteko aldeak mantentzen zituela, harenganat hurbildu zen azkonarra.
Geroago, Odjighen eskuinetik, katamotz errukarri bat begi barna-ezinak zituena jalgi zen bet-betan iraganbide hormatu batetan. Begien ertzetik begiratzen zion Odjighi, beldurrez, eta urduri arrastatzen zen. Baina poztu zen ere otso-hiltzailea eta azkonar eta katamotzaren artean segitu zuen aitzinat.
Aragiaren moltsa saihets batetan joka aurrera zoaien bitartean, gose-uhuria bat aditu zuen gibelean. Boz ezagun baten hotsa balitz bezala itzuli eta, begi ilunez jarraiki zitzaion otso hezurtsu bat ikusi zuen. Buruko hezurrak hautsi zizkien otso guziengatik urrikaldu zen Odjigh. Kea zerion mihi bat ateratzen zuen otsoak eta begiak gorriturik zeuzkan.
Lagun animaliekin batera jarraitu zitzaion bere bideari otsoen hiltzailea, ezkerrean lurpeko azkonarra, eskuinean lurraren gainean oro dakusan katamotza eta gibelean sabel gosetuaren otsoa zeramatzala.
Lehorretik hormaren berde zabarrarengatik baizik ezin bereiz daitekeen barneko itsasoaren erdigunerat iritsi ziren. Hantxe, Odjighek, otsoen hiltzaileak, tenpano batetan jarri eta bere aitzinean ezarri zuen harrizko kalumeta. Kea bazkatzen den intsentsu-ontzien iduriko hormazko blokeak ebaki zituen bere aizkoraren anguluarekin, eta bizirik zirauten bere lagun bakotxaren aitzinean ezarri zituen. Belar urrintsuak pilatu zituen lau kalumetetan, bata bertzearen kontra jo zituen gero suaren sortzaile diren harriak, belarrak erretzen hasi eta lau ke-adar mehe goratu ziren zerurantz.
Azkonarraren aurrean altxatzen ari zen espirala sartalderat bihurtu zen, katamotzaren aurrean altxatzen ari zena sortalderat itzuli zen eta otsoaren aurrean altxatzen ari zenak arku bat egin zuen hegoalderantz. Baina iparralderantz altxatu zen Odjighen kalumeteko espiral arrea.
Ibiltzen hasi zen otsoen hiltzailea. Tristatu egin zen bere ezker alderat so egiten zuela: sartalderat aldatzen ari zen lur pean bizi den azkonarra; eskuin alderat so egiten zuela, lur gainean oro dakusan eta orai sortalderat ihesi zoaien katamotzaren galtzea senditu zuen. Bat-bederari emana izan zaion alorrean, bere bi lagun animaliak zuhur eta zoliak zirela pentsatu zuen.
Haatik ere, ausartki joan zen aurrera atzean zeramala begi gorritutako otso gosetua zeinarendako errukia senditzen baitzuen.
Ortzeari hatz egiten ziola iduri zuen hodei hotzen araldeak. Oraindik gordinagoa bilakatzen ari zen negua. Odola zerioten Odjighen oinei hormak zaurtuak, eta azal beltzak eginez hormatzen zitzaion odola. Baina aurrerantz zoaien beti ere, orduak, egunak, asteak ere zalantzarik gabe, hilabeteak beharbada, joan eta etorri ahala, haragi lehor apur bat zupatuz eta hondarrak jarraiki zitzaion lagunari, otsoari, urtikitzen zizkiola.
Halako esperantza ilun batekin zoaien aurrera Odjigh. Hiltzen ari ziren gizon, abere eta landareen munduaz urriki zen eta indartsu atzematen zuen bere burua hotzaren kausari aitzi borrokatzekotz.
Gailurra ezin-ikusia duten halako mendialde bat iduri, ortzearen kupula goibela hertsirik zeukan hormazko hesi gaitz batek moztu zion bidea azkenekotz. Berde gardenak ziren itsaso haundiaren azal solidoan murgildurik zeuden tenpano handiak; uher bihurtzen ziren gero pilatuta zeuden lekuetan eta, gorantz joan arau, behialako egun ederretako zeru kolorearen antzerako urdin opako batekoak iduri zuten, elur eta ur gezaz baitziren eginak.
Mailak landu zituen erroitzetan Odjighek bere jade berdezko aizkorarekin. Emeki-emeki igan zen izigarri goiti harik eta bere burua lainoz inguratua egon eta lurra ihes eginda zegoela iduritu zitzaion arte. Odjigh ondoan, azpiko mailan jarririk zegoen otsoa eta konfidantzaz igurikatzen zuen.
Gailurrera iritsia zela uste zuelarik, murraila zut dirdiragarri batez eginda zegoela eta haratago joatea ezina zela ikusi zuen. Baina gibelerat so egin eta animalia bizirik eta gosez ikusi zuen. Indarrak eman zizkion animali-jendearendako zeukan urrikiak. Sakonki sartu zuen jadezko aizkora murraila urdinean barrena eta horma zilatu zuen. Hormazko ezpal nabarrak hegaldatu ziren bere inguruan. Orduak eta orduak bitarte zilatu zuen. Horiska eta hotzaz kizkurturik jarri zitzaizkion gorputzaren adarrak. Aspaldi-aspaldian zeukan husturik haragiaren moltsa. Kalumeteko belar urrintsua erabilia zuen hortzen artean gosearen enganiatzeagatik eta, bet-betan, infidel Goiko Botereenganako, kalumeta amildegietarat urtiki zuen su egiteko bi harriekin batean.
Zilatzen ziharduen. Kirrinka idor bat entzun zuen eta deiadar egin zuen hots hori itzelezko hotzarengatik arrailtzear zegoen jadezko aizkoraren ahoak zegiela bazekielakotz. Orduan, ez baitzuen deus ere aizkoraren berotzeko, altxatu eta indarrez sartu zuen bere eskuineko izterrean. Odol epelez tindatu zen haizkora berdea. Berriz ere iharduki zion Odjighek murraila urdinari. Otsoak, bere gibelean jarririk, minezko uhurien artean mihazkatu zituen gainera jausten zitzaizkion odol tantak.
Leher egin zuen bet-betan murraila leunduak. Berotasun uhain haundi-haundi bat jalgi zen, urteko aroaldi beroak ortzearen hesiaz bertzaldean bildurik baleude bezala. Handiagoa egin zen ziloa eta ufako bizkor batek inguratu zuen Odjigh. Bedatsaren ernamuinska guzien zurrumurrua aditu eta udaren bero-garrak senditu zituen. Haize-olde haundi batek goratu zuen eta, bere hartan, bizitza ororen hormen artean iraungitzetik salbatzera, urteko aroaldi guziak mundura itzultzen zirela iduritu zitzaion. Eguzki erraiñu zuriak, euri epelak, haize leun ferekagarriak eta emankortasunez beterikako hodeiak zerakarzkien haizearen lasterrak. Bizi beroaren arnasean bilduta, sua sortu zuten hodei beltzek.
Sugar lerro luze bat agertu zen ximisten harrabotsarekin batean eta, ezpata gorri bat iduri, Odjighen bihotzean jo zuen marra dixtirantak. Murraila leunduaren kontra eta munduari bizkar emanez jausi zen, harantz eta erauntsi haundian itzultzen ari baitziren urteko aroak, eta otso goseztoa, beldurrez igan zelarik, garondoa hasi zitzaion jaten hankak besaburuetan ipintzen zizkiola.