LURRAREN SUTEA

 

Paul Claudel-i eskainia

       

        Ez zuen mundua salbatzerik izan astindu zuen azkenengo fede arrapizteak. Alfer-alferrik sortu ziren profeta berriak. Debaldetan izan ziren argituak giza-gogoaren misterioak, ez baitzuen jadeneko inportantziarik batere haren menderatzeak ala ez menderatzeak, bere indarra tipitzen hasia bide zelakotz. Beheraka ari zen izaki bizidun guzien barne-indarra. Azken eginahal haundi batetan izan zen bildua etorkizunezko erlijio berri baten xedetarat eta guziz elkorra gertatu zen entsegua. Berekoikeria ezti batetan gordetzen zen mundu guzia. Grina guziak ziren toleratuak. Tregoa bero batetan irauten zuen lurrak. Landare pozoingarri haundien jolakabetasunarekin handitzen ari ziren bizioak. Biziaren Azar-a deitu jainkoarekin batera, gauza guzien berezko lege bilakatua zen hilezintasuna; sineskeria mistikoak ilundurik zegoen zientzia; bihotzeko tartufokeriaren garroak bihurtu ziren zentzuak; urteko aroak, behiala zehazki mugaturik egondu zirenak, ekaitza mehatxatzen zuten egun euritsu sail batetan nahastekatuak zeuden oral; ez zegoen deus zehatzik, deus tradiziozkorik; gauza zaharren nahaste-borraste bat eta ezezagunaren erreinua bertzerik ez.

        Orduan, ekaitzeko gau batez, iduritu zuen hondamendiaren seinalea jausten zela zerutik. Ezagun gabeko ekaitz batek, lurraren ustelkeriak sorrarazia, fu egin zuen goitik. Hotzek eta beroek, eguzki-uneek eta elurrek, euriek eta tximistek elkarrekin nahasian, bet-betan zapartatuko ziren indar hondatzaileak sorrarazi zituzten.

        Aerolito euri aparteko bat bota zuen eta lerro leinuruz hildaskatu zen gaua; su garretan irazeki ziren izarrak zuziak iduri, suzko mezuak ekarri zituzten hodeiek, eta kolore askotako jaurtikigaiak goitikatzen zituen su-ontzi gorri bat bihurtu zen hilargia. Gauza guziak izan ziren barneratuak azken bazterzokoetaraino argitu zuen argi hits batez eta zeinaren zohardurak, mazatua izanik ere, min ikaragarri bat egiten baitzuen. Zabaldutatako gaua hertsi zen ondoren. Sumendi guziek egotzi zituzten zeru alderat hautsezko habeak basalto beltzezko bolutak iduri, lurraren gaindiko mundu baten harroinak bailiren. Iruntzitara egin zuen hauts goibela euria iduri eta lurra estaliko zuen gaitzeko laino bat jalgi zen lurraren azaletik.

        Gaua joan zen eta ezin-ikusia zegoen beti ere arginabarra. Itzelezko orbain gorri ilun bat zeruko errautsetan gaindi ibili zen sortaldetik sartalderat. Eguratsa gori-gorian jarri zen eta alde guzietatik itsasten ziren puntu beltz zorrotzez bete zen airea.

        Lurrean etzinda zeuden jende-araldeak, ez baitzekiten norat ihes egin. Eliza, komentu eta monasterioetako kanpaiek erarik gabeko soinua egiten zuten naturaz gaineko ezkilamihiek joak bailiren. Eztandak aditzen ziren aldizka akoartelamenduetan, non eta artileria-tresnek salbak botatzen baitzituzten airea garbitu nahian. Ondoren isilune orokor bat egin zen, globo gorriak Mendebaldea ukitu eta egun bat pasatu zenean. Inork ez zuen jadeneko indarrik batere otoitz edo erregu egiteko ere.

        Masa gori hark hodeiertz beltza iragan zuenean ortze guzia izan zen suak hartua eta suzko uhain bat itzuli zen gibelerat ekiaren aitzinako bidetik.

        Jende guzia eman zen ihesari ortzearen eta lurraren sutearen aitzinean. Bi gorputz ttiki leiho apal batetik jalgi eta lasterrari ekin zioten etsi-etsian. Aire ustelaren orbainengatik ere, hagitz horaila eta begi gardenetakoa zen neskatila; beltxarandua zuen larrua mutikoak eta bere buruko ile hizkurren gortina gardenari errainu moreak ateratzen zizkioten argiaren dirdirapen arraroek. Deus ere ez zekiten batak zein bertzeak; erdi haurrak ziren orainik ere, auzokoak ziren eta anai-arreben maitasun-atxikimendua zioten elkarri.

        Eskutik hartuta, etxeetako gainak eta kebideak argi beldurgarriz bainatuak ageri ziren karrika beltzak iragan zituzten; lurrean eroritako gizon eta daldaraka etzinikako zaldien artean pasatu ziren; beti ere sortalderat zoazela, sugarraren kontrako alderat alegia, kanpoko harresiak eta jendez hustu hiribarrenak zeharkatu zituzten.

        Urak azkar isurki zituen ibai batek moztu zien bidea bet-betan, eta gelditu egin ziren.

        Hala ere txalupa bat bazegoen urbazterrean; bultza egin, barrenerat bota eta uraren lasterrak eraman zitzala utzi zuten.

        Urek gilatik harrapatu zuten txalupa eta haize-erauntsiak kaskotik; habailaz jaurtikitako harri bat iduri irten zen.

        Arrantzari txalupa bat zen, gorki zaharra, ilundu eta leundua hainbertze igurtziren ondotik, toletak higatuak zituen arraunen igurtziarekin eta karel guzia dirdir sateen ibilduragatik, hiltzear zegoen zibilizazioaren lanabes zahar eta zintzo bat halaxe.

        Txaluparen zolan etzin ziren, eskutik helduta beti ere eta daldaraz ezezagunaren aitzinean.

        Zirimola baten idurikoa zen ekaitzaldi beroaren petik ihes eginez, itsaso misterioso batera eroan zituen txalupa zauliak.

        Itsaso idor batetan itzarri ziren. Itsas-belar zurbil meta haundiez inguratua zegoen txalupa, zeinetan aparrak bere lerde lehorra utzi eta itsas-abere irisatu eta itsas-izar xuri gorriak usteltzen hasiak baitziren. Hildako arrainen sabel zuriak arrastatzen zituzten uhain ttipiek.

        Aitzinat oso nabarmenki hedatzen zoaien su haundiak zeruaren erdia estali zuen eta bertze erdiaren banda hauskara irensten zebilen.

        Bertze guzia bezain hilik iduritzen zitzaien itsasoa ere. Usteldurik zegoen bere hatsa, eta urdin eta berde sakon bateko zainak zebiltzan haren gardentasunaren gaindi. Guziarekin ere, ttipitzen ez zen higidura batez ari zen aitzinat txalupa uraren azalean.

        Argi urdinskak erakuski zituen ekialdeko hodeiertzak. Neskatoak eskua urean sartu eta berehalaxen atera zuen: berotuta zeuden jadeneko uhainak. Itsasoa beharbada, irakinaldi ikaragarri batez lehertzekotan zegoen.

        Motots zurigorridun laino zuriak ikusten zituzten hego gunean eta ez zekiten suzko lurruna ba ote zirenez.

        Txundiduraz geldirik aurkitzen ziren hango erabateko isiltasuna eta etengabe handitzen ari zen suaren garraren aurrean; nahiago zuten, haizeak handitzen duen koroka baten oihartzun baten antzera, haraino lagun izan zuten oihu gaitza.

        Itsasoaren muturra, errautsezko habea —iluna oraino ere urpera sartzen zen gunean—, arrakala zuriago batez idekia zegoen. Zirkulu puska batek, urdin ubel batekoak, mundu berri baten etortzea iragartzen bide zuen.

        — A! Begira! —erran zuen neskatoak.

        Zurbil eta daldaraz ageri zen zeruaren argi berberaz argiturik haien atzean itsasoan igerika zebilen behelaino mehea: itsasoa zen erretzen ari.

        Zerengatik suntsidura unibertsal hau? Beren buruak, aire berotua zela eta barrundik taupadaka ari zirenak, galdera honetaz beteak ziren gero eta gehiago. Ez zekiten. Ez zuten arau-hausteen berririk. Biziak bultzatzen zituen eta lasterrago, kolpeka bizi ziren; nerabetasuna jabetu zen haietaz munduko sutearen erdian.

        Txalupa zaharrean, behereko biziaren lehen tresna horretan oso Adan gaztea eta oso Eba ttipi-ttipia ziren, lurreko infernutik bizirik atereak ziren bakarrak.

        Suzko kupula bat zen zerua. Puntu urdin-urdina bat baizik ez zegoen hodeiertzean eta haren gainerat hersten zen sugarraren begia. Itsaso orroakari bat harrapatzen ari zen neska-mutikoak.

        Neskatoa zutik jarri eta arropak erauntzi zituen. Argi unibertsalak argituak ageri ziren bere beso-zangoak, biluzi, minbera eta leunak. Eskuak hartu eta musu eman zioten elkarri.

        — Maita dezagun elkar —erran zuen neskatoak.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia