EMAKUME BALTSAMATZAILEAK

 

Alphonse Daudet-i

 

        Dudarik batere ez dut ezen Libian, Etiopiako azken eremuetan, non eta arras gizon zahar eta jakitunak bizi baitira, badirela aztikeriak Tesaliako azti-emaztekienak baino oraino misteriosoagoak. Egiaz izigarria da pentsatzea emaztekien enkantamenduek hilargia ispilu baten barruan herts dezaketela, edo hilbete garaian zilarrezko ontzi batetan sar urez blai egindako izarrekin batean, edo zartagina batetan preji itsas-medusa hori bat bailitzen tesaliako gaua beltza deno eta larrua aldatzen duten gizonkiek trunpatzeko libertatea duten bitartean; lotsagarria da hau guzia, baina beldur gutiago izanen nuke nik gauza horiei ezenez eta berriz ere aurkentzeari Libiako andere baltsamatzaileekin odol koloreko basamortuan.

        Iganak genituen anaia Ophelion eta biok Etiopia inguratzen duten harea desberdinetako bederatzi zirkuluak. Lurrezko dunak badira, urrundik berde-garbiak itsasoa bezala edo urdinskak lakuak lez iduri dutenak. Pigmeoak ez dira latitude horietaraino joaten; oihan haundi ilunetan, eguzkia behin ere sartzen ez baita, utziak genituen; kobrezko gizonak, giza-haragiaz bazkatu eta matalhezurren hotsez elkar ezagutzen omen dutenak, urrutiago daude, eguzkia sar aldetik. Itxura guzien arauera, Libia alderat joateko igan genuen basamortu gorria gizonez zein hiriz biluzik dago oso.

        Zazpi egunez eta zazpi gauez ibili ginen. Eskualde honetan gaua garden eta urdina, fresko eta begiendako lanjerosa izaten da, norainokoan ezen eta, batzutan, argitasun urdinak begininiak puztutzen baititu sei ordu baino lehen eta behin ere gehiago ez omen du eriak argi-hasterik ikusten. Holakoa da gaitz honen naturaleza soil-soila atakatzen baititu begien estali gabe harea gainean lo egiten dutenak; baina gau eta egun ibiltzen direnek eguzki pean betazalak mintzen dituen desertuko hauts zuriari baizik ez diote beldurrik izan behar.

        Zortzigarren eguneko arratsean oso handiak ez ziren kupula zuri batzu ikusi genituen; zirkuluan ziren jarriak odol koloreko ordokian eta haien ikertzea probetxuzkoa iduritu zitzaion Ophelioni. Libian ohi denaz azkar iluntzen ari zuen eta, hurbildu ginelarik, oso handia zen iluntasuna. Lur barnetik jalgitzen ziren kupulak eta ez genuen sar-aterabiderik ikusterik izan lehen mementuan, baina osatzen zuten zirkulua pasatuta, gizon arrunt baten tamainako ateak zilatuak eta zirkuluaren erdirantz begira ikusi genituen. Ate hauen zabalgunea ilun zegoen, baina oso zirrikitu mehe batzu ziren haien inguruan, zeinetatik behatz luze gorriekin aurpegira seinalatzen gintuzten argi-izpiak pasatzen baitziren. Inguratzen gintuen ere usain batek, ezagutzen ez genuen eta urrinez eta kiratsez nahasia ematen zuenak.

        Geldiarazi ninduen Ophelionek eta kupula batetik baten bat keinuka genuela zidan erran. Behar bezala ezin ikusi genuen emazteki bat zegoen ate ondoan eta sartzera gonbitatzen ari gintuen. Zalantzan egon nintzen, bainan harenganat arrastatu ninduen Ophelionek. Iluna zen sarbidea, hala nola kupularen pean zegoen sala zirkularra ere eta, gu sartu orduko, ostendua zen handik hots egin ziguna. Hitz barbaroak erraten zituen boz ezti bat aditu genuen. Ondoren beraiz ere agertu zen emaztekia gure aitzinera kea zerion buztinezko lanpara bat zeramakiela. Agur erran genion eta Libiako mintza-doinuaz geure greziar mintzaira berean eman zigun ongi etorria. Lur egosizko ohantze batzu, gizon biluzi eta xori-iduriez apainduak, erakutsi zizkigun eta bertan jarrarazi zigun. Berehala joan zen atzera ere gure afariaren bila zihoala erranez, eta lurrean zegoen lanparako argi xume harekin, ezin ikusi izan genuen nondik irtetzen zen. Bilo luze beltzak eta begi ilunak zeuzkan andereak, lihozko tunika batez zen jauntzia, gerriko urdin batek atxikitzen zizkion bularrak eta lur usaina zerion.

        Ogi kiribila, pikuak eta arrain gatzitua izan zen buztinezko plater eta beiraki ilunezko kopetan zerbitzatu zigun afaria; ez zen okelarik matxinsalto prejituez bertzerik, ardoa gorri eta zuraila zen, uraz nahasia antza, eta ezinago gustu finekoa. Gurekin jan zuen, baina ez zuen arrainik ez matxinsaltorik ukitu. Kupularen pean egon nintzen denbora guzian ez nuen okelarik ahoratzen ikusi; aski zituen ogi puska bat eta kontserbazko frutuak. Duda izpirik ez dago kondaira honetan erraz konprenituko den iguin hutsa zela halako barau baten zergatia, eta beharbada urrinek, zeinen artean bizi baitzen emazteki hau, jateko beharra kendu eta beren partikula finez bazkatuko zuten.

        Gauza guti galdegin zigun eta ozta-ozta ausartzen ginen berari mintzatzera, arraroak iduri baitzuten bere usantzek. Afaldu ondoan geure ohantzeetan etzin ginen; lanpara bat utzi eta bertze ttikiago bat prestatu zuen beretzako; alde egin zuen gero eta kupulako bertze muturrean zegoen zilo batetik zelan jausten zen lurpera izan nuen ikustea. Gogo gutirekin aurkitzen bide zen Ophelion nirekin aieruka hasteko eta lo urduri batek hartu ninduen harik eta gaua ondo sartua zelarik itzarri nintzen arte.

        Lanpararen pindarren hotsak iratzarri ninduen: olioraino errea zen metxa eta ez nuen Ophelion neure aldamenean ikusi. Jaiki eta boz apalekin hots egin nion, baina ez zegoen kupulan barruan. Gauaren erdira irten nintzen orduan eta lurraren azpitik deiadar eta nigar-intziriak aditzea iduritu zitzaidan. Aurki hil zen oihartzun haren hotsa. Kupula guzien itzulia egin nuen deus ere aurkitu barik. Baina halako daldara bat, lurraren azalean egiten den lan baten antzerakoa edo aditzen ahal zen, eta basa-zakur baten dei tristea entzuten zen urrunerat.

        Izpi gorriak jalgitzen ziren zirrikituetako batera hurbildu eta kupula baten gainera igan nintzen barrenalderat begiratzeko. Orduantxe ulertu nuen eskualde hura eta kupuletako hiriaren bakantasuna. Bada begira nindagoen lekua, tortxez argitua, jende hilez tapizatua baitzen eta emazte nigar-egileen artean ontzi eta tresnekin harat-hunat zebiltzan bertze emazteki batzu baziren eta. Han ikusten nituen sabel freskoak saihets batean zilatzen eta ondoren anforetan gordeko zituzten heste nabar, berde eta urdinak barrundik ateratzen; zilarrezko gako bat sartzen aurpegietako sudurretan, barneko hezur beratzak hautsi eta buruko muinak espatulez kanporatzen; gorputzak ikuzten koloretako urekin; Rodas-ko urrina, mirra eta zinamomoarekin igurtziz; ileak txilikordatuz; bekainak eta betileak gantzuz olioztatuz; hortzak pintatuz eta ezpainak gogortuz; esku eta oinetako hatzazalak leundu eta urrezko marro batez inguratuz. Horrez gero, sabela leundua eta zilborra zimurdura zirkularren erdian hutsik zeudenez geroztik, gainean hedatzen zituzten hildakoen behatz zuri eta kuzkurtuak, elektroinezko eraztunekin inguratzen zituzten eskutur eta orkatilak eta linaberazko banda luzeekin estaltzen zituzten polliki-polliki.

        Iduri zuenaz, inguruko herrien hildakoak eramaten zituzten emazte baltsamatzaileen hiri bat osatzen zuten kupula haiek. Ganbara zenbaitetan lana goian egiten zen, baina lurpean berriz bertze batzutan. Horrelako gorputz bat ikusteak, ezpainak hertsirik eta zeinen artean mirto-abarno bat jarria baitzuen, irrinorik ezin egin eta hortzak erakusten ohitu nahi duten emaztekienetan bezala, lotsatu egin ninduen.

        Argitu bezain laster, emazte baltsamatzaileen hiritik Ophelioekin ihes egitea erabaki nuen. Geure kupulara itzuli, metxa berri bat ezarri lanparan eta kupularen uztai azpian zegoen supazterrean irazeki nuen; hala ere Ophelion itzuli barik zegoen artean. Salaren bukaeraraino joan nintzen, argitu nuen lurperat sartzen zen zurubiaren ziloa eta musu hotsak aditu nituen petik. Irri egin nuen orduan ustez eta anaia amodiozko gau bat pasatzen ari zela haietako emazteki hilontzaile batekin. Baina zer pentsa jakin gabe gelditu nintzen, duda gabe zementuzko harresiaren barruan egindako korridore batera ateratzen zen zabalgune batetan errezibitu gintuen emaztekia kupularat sartzen ikusi nuenean. Zurubi alderat joan eta neronek egina nuen bezalaxe jarri zen han beharria erne. Ondoren nireganat bihurtu eta beldurra eman zidan bere aurpegiak. Bekainak zimurtu eta zirudienez, harresian sartu zen berriro.

        Lo pisu batek hartu ninduen atzera ere. Goizean, ondoko ohatzean etzinda ikusi nuen Ophelion. Hausterre kolorekoa zuen aurpegia. Astindu eta handik alde egiteko erran nion. Ezagutu gabe begiratu zidan. Berriz ere sartu zen emaztekia eta anaiaz galdeketan hasi nintzaiolarik fu egina zegoen zegoen haize hilgarri batez zitzaidan mintzatu.

        Sukarrak harturik, anaia alde batetik bertzerat iraulka ibili zen egun osoan emaztekiak sendoki begira zion bitartean. Ilunabar aldera ezpainak higitu eta hil zen. Nigar-zinkurinaka besarkatu nituen bere belaunak eta malkotan urtu nintzen gauerdiaz bi ordu geroago arte. Ondoren ametsen herrira hegaldatu zen nire arima. Ophelion galtzearen minak zoratu eta iratzarri egin ninduen. Hilotza ez zen jadeneko nire aldamenean eta emaztekia ere aldegina zegoen handik.

        Oihuka hasi nintzen orduan eta sala guzia ibili nuen, hala ez nuen eskailera aurkitzerik izan. Kupulatik irten, izpi gorriraino igan eta begiak zabalgunean itsasi nituen. Honatx zer ikusi nuen:

        Baso eta pitxer artean zabaldua zegoen nire anaia Ophelionen gorpua, gakoaz eta zilarrezko espatulez ateratuak zizkioten burmuinak eta idekirik zeukan sabela.

        Hatzazalak urreztatuak eta larrua asfaltoz igurtzia zituen jadeneko. Bi baltsamatzaile artean zegoen eta hain zituzten elkarren antz haundiak, eze ezin izan bainuen errezibitu gintuena bereizi. Biak nigarrez ari ziren, eta aurpegiak hatzamarka zerabiltzaten, Ophelion nire anaia musukatu eta beren besoen artean besarkatzen zuten bitartean.

        Kupulako zabalgunetik hots egin nuen, lurpeko salaren sarbidea bilatu eta bertze kupuletarantz joan nintzen lasterrean; baina ez nuen erantzunik erdietsi eta gau garden eta urdinean nora ezean ibili nintzen.

        Ene iduriz, ahizpak, aztiak eta jeloskorrak ziren bi hilontzaile haiek eta bere gorputz ederraren gordetzeagatik hil zuten nire anaia Ophelion.

        Gainekoagaz burua estali eta zoraturik atera nintzen ihesi sorginkeriazko eskualde hartatik.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia