IZURRITEA

 

Auguste Breal-i

 

                                CCCCI e mille l'an corant

                                nelle citta di Trento Re Rupert

                                Volle lo scudo mio essor copert

                                De l'arme suo Lion d'oro rampant

                                                     Cronica del Pitti.

 

        Nik, Donacorso de Neri de Pittik, Bonacorso-ren semeak, justiziako gonfalonieroak Florentziako hirian, zeinaren harmarria urrezko lehoi erpekariaz ohoratua izan baitzen Trentoko hirian mila eta laurehun eta batgarren urtean Ruperto erregearen manuz, mundua abentura eske ibiltzen hasi nintzenean agitu zitzaidana nahi dut kondatu, neure ondorengo nobleztatuek jakin dezaten amoreakatik.

        MCCCLXXIV garren urtean, dirurik gabeko mutil bat nintzela, erregebide handietan barna ihes egin nuen Florentziatik Matteo neure lagunarekin batean. Izurriteak bere menpe baitzeukan hiria. Bat-batekoa zen eritasuna eta karrika erdian erasotzen zuen. Irazekitan eta gorri-gorri jartzen ziren begiak, eztarria laztu eta sabela puztu egiten zen. Ur erregarriz betetako maskuilu ttiki batzuetaz estaltzen ziren gero ahoa eta mihiak. Egarriak kiskali egiten zuen. Eztul idor batek joak, daldaraka hasten ziren eriak orduak eta orduak ezin geldituz. Ondoren tinkatuak jartzen ziren gorputzaren besoak eta hankak junturetan eta larrua batzuk zornezorroak deitzen zieten halako orbain gorri eta hantuez betetzen zen. Eta, azkenik, aurpegia laxo eta zurail, ubelune odoltsuekin eta ahoa zabalik godaleta baten antzera gelditzen ziren hilik. Auzoko iturriak, ia-ia agortuak beroa zela eta, burua uretan sartu nahi zuten gizon konkortu eta flakoez zeuden inguratuak. Haietarik asko barrura jausten ziren eta kateen gakoekin ateratzen zituzten, limoz beltzatuak eta buruko hezurrak hautsita. Gorpu beltzatuez bete-beteak ageri zen karriken erdialdea, nondik eta errekasto bat isurtzen baita euri aroan; kiratsa ezin jasana eta ikaragarria beldurra.

        Baina nola Matteo oso dado-jokalari ona baitzen, poztu ginen hiritik aterata eta, lehenengo ostatutan, ardo espeziaduna eskatu eta herioren hatzaparretatik salbatuak ginela ospatzeagatik edan genuen. Genova eta Paviako merkatariak baziren han; erronka jo genien dado-godaleta eskuan, eta hamabi dukado irabazi zituen Matteok. Nik neure aldetik kartetan hartzera gonbitatu nituen eta urregorrizko hogei florin irabazteko xantza ukan nuen. Haiekin, dukadoak eta florinekin, mandoak eta artile karga bat erosi genuen; Matteo azafranez hornitu zen, Prusiarat joatea erabakia zuen eta.

        Paduatik Veronara bitarteko bideak ibili genituen, Paduara itzuli ginen artile gehiago nahi baigenuen erosi, eta Veneziaraino bidaiatu genuen. Handixe itsasoa iragan eta Esclavonian sartu ginen, Croaciako azken mugetaraino dauden hiri onak bisitatuaz. Sukarrez eritu nintzen Buda-n eta bakarrik utzi ninduen Matteok hango ostatuan hamabi dukadorekin; Florentziarat joan behar zuen afera batzuren egitera eta hantxe hitzeman ginen elkarrekin berriz hartzeko. Ganbara idor eta hautsez beterikako batetan, lastozko zaku baten gainean nindagoen etzinda medikurik gabe eta hango atea zabalik zegoela ostatuko salarat. San Martin gauan pifano eta xirulari talde bat etorri zen hamabortz edo hamasei soldado beneziano eta tudeskorekin. Botila ardo asko hustu, eztainuzko kikarak zapaldu eta pitxerrak paretan kontra leherrarazi zituen ondoan, pifanoaren soinuz hasi ziren dantzan. Atean agertu zituzten beren aurpegi gorri argituak eta, nire zakuan etzinda ikusi nindutelarik, salara atera ninduten oihuka: «Edantzak, gizon hila haiz bertzenaz!». Gora-beheraka ibili ninduten gero burusi batetan sukarra dunbaka ari zitzaidano buru barruan; hondarrik, zakuaren lasto barruan sartu eta bere ahoa lepoan lotu zidaten.

        Izerdi ugari egin nuen eta, dudarik gabe, sukarra joan egin zitzaidan kolerak bere menpe hartzen ari nindueno. Trabatuak nituen besoak eta basilarea kendu zidaten; soldadoen kontra urtikiko nintzakeen bertzenaz lastoan harrapaturik egonik ere. Baina, baneramakien gorrian, galtzen azpian, daga motz bat bere zorroan sartua; haraino ahal izan nuen eskua eraman eta zakuaren oihala urratu nuen.

        Sukarrak puztuak izanen nituzkeen beharbada orainik burmuinak, baina guk Florentzian utzi eta gero Esclavoniaraino hedatu zen izurriteaz oroitzea, Sila, Ciceron haundiak aipatzen duen latindar diktadorearen aurpegiaz egina nuen halako ideia batekin nahastu zen nire gogoan. Atenakoek ziotenaz irinez estalitako mazusta-ondo bat iduria omen zen. Veneciar eta tudescoar harmagizonak izitu eraztea erabaki nuen eta, nola ostalariak jatekoak eta fruitu lehorrak gordetzen zituen ganbaran aurkitzen bainintzen, arto irinez bete moltsa bat ideki nuen azkar. Aurpegia igurtzi nuen irin-hauts honekin eta, ez horia, ez zuria zen kolore bat harm zuenean, besoan zarrastada bat egin nuen dagarekin eta aurpegi irindua odolezko orbainez tindatzeko aski odol isuri nuen. Zakura itzuli gero eta gaiztagin mozkor haien zain etzin nintzen. Irriz eta aldo-maldoka etorri ziren, eta nire aurpegi zuri eta odoleztatua ikusi bezain laster harrapataka irten ziren oihuz: Izurria! Izurria!».

        Harmak eskuratu gabe nituen artean eta hutsik zegoen jadeneko ostatua. Bilauek egin erazitako izerdiarengatik sendatua senditzen nintzenez geroz, Florentziarat abiatu nintzen Matteorekin biltzeko.

        Florentziako landetan nora ezean zebilela eta frango estado txarrean aurkitu nuen Matteo adiskidea. Izurriteak bere indar osoan segitzen zuenez, ez zen ausartzen hiri barrura sartzera. Atzera itzuli eta Gregorio Aita Sainduaren estadoen alderat joan ginen fortuna eske. Avignonerat igaten ari ginela, lantzak, pikak eta orratzak zeramazkiten harma-gizon talde zenbaitekin gurutzatu ginen, Boloniako hiritarrak Florentziakoek bultzaturik Aita Sanduari aitzi altxatu berriak baitziren. Alegeraki jokatu genuen han alderdi bateko zein bertzeko jendearekin kartetan eta dadotan, hainbertze xantzarekin eze hirurehunen bat dukado eta laurogei florin urrezko irabazi genituen.

        Ia-ia osotara hutsik zegoen jendez Bolonia eta alegrantziazko oihuekin errezibitu gintuzten bainutegietan. Ganbarak ez daude lastoz tapizatuak Lombardiako hiri askotan bezala eta ez da kamaina eskasik zintxa gehienak hautsiak egon daitezen ere. Florentziartsa ezagun bat aurkitu zuen Matteok, Monna Giovanna, eta nerau ere, pentsatu ere ez banuen ere neureari izenik galdetzea, kontent gelditu nintzen. Ausarki edan genuen han garagardoa eta eskualdeko ardo lodia eta konfiturak eta pastel ttikiak jan genituen ere. Kondatua nion ordurako neure abentura Matteori eta halako batean komunera joan behar zuelako plantak egiten hasi, sukaldeetara jautsi eta izurridunez txatxutua itzuli zen. Oihu zorrotzak urtikiz atera ziren handik ihesi bainuetako neskak, trankildu ziren gero eta artean beldurrak joan ziren Matteoren aurpegia ukitzera. Monna Giovannak ez zuen harengana itzuli nahi eta txoko batetan gelditu zen daldaraz eta sukar usaina zuela erraten ziola. Baina Matteok, hordirik zegoela, burua ontzien artean, bere zurrungek kordokarazten zuten mahaiaren gainean ezarri, eta saltinbankiek taulatuen gainean erakusten dituzten halako zur pintatuzko aurpegien iduria zuen.

        Bolonia utzi genuen azkenekotz eta, abentura zenbaiten ondoren Avignonetik gertu iritsi ginen. Hantxe jakin genuen Aita Sainduak Florentziar guziak gartzelatu eta ondoren sutan, beren liburu guziekin erre erazten zituela haien matxinadaz mendekatzeko. Baina berantegi jakinerazi ziguten hau, gauaz harrapatu baigintuzten ustegabean Aita Sanduaren mariskalaren goardiek eta Avignoneko presondegirat bota gintuzten.

        Juje batek etsaminatu gintuen supliziora eramanak izan aitzin eta baita ogia eta ura bertzerik ez hartzera kondenatu ere lurpeko kalabozo batera harik eta gure gaineko zenbait argitasun lortu arte, huraxe baita eliz-justiziaran ohidura. Horrengatik tunika pean gorde ahal izan nuen gure oihalezko zakutoa, hantxe baikinaukan arta pisko bat eta oliba batzu.

        Istiltsua zen kalabozoaren lurra eta presondegiko baila gainean lurraren mailean idekia zen argi-zilo batetik sartzen zen airea baizik ez genuen. Zurezko zepo astunetan kurrikatu zizkiguten oinak eta eskuak frango kate laxoekin estekatu, halako moldez eze gure gorputzek elkar ukitzen baitzuten belaunetik bizkar gaineraino. Grazia berexi bat egin zigun gibel-atearen jagoleak erran zigularik pozointzaileak ginelako susmo pean ginaudela preso hartuak, zeren eta Aita Sanduak, enbaxadore batzuk erranik, Florentziako gonfalonieroek bera erail nahian omen zebiltzalako berria hartua baitzuen.

        Horrela bada, presondegiko ilunbeetan ginauden, batere hotsik aditu gabe, zer tenorea zen eguneko nahiz gaueko jakiteke eta erreak izateko arrisku haundiarekin. Geure amarruaz oroitu nintzen orduan eta Aita Sanduaren justiziak, gaitzaren beldur, kalera bota gintzakeelako ideia etorri zitzaidan burura. Asko lanekin hartu nuen artaia eta honelaxe deliberatu genuen: Matteok aurpegia irinez zipriztindu eta odolez orbanduko zuen eta ni artean oihuka hasiko nintzen esbirroen erakartzeko. Maskara paratu zuen Matteok eta eztarria zarratua balu bezalako zinkurina erlatsak hasi zen botaka. Ama Birjinari dei egin nion nik neure kateak astinduz. Baina kalabozoa sakona zen eta atea lodia, eta gaua zen. Alferrik egin genuen oihu zenbait orduz. Utzi nion oihu egiteari nik, baina zinkurinaka segitzen zuen Matteok. Ukondoagaz jo nuen eguna argitu arte hatsaldi pisko bat hartzeko: haundiagoak egin ziren bere zinkurinak. Ilunpean ukitu nuen eta bere sabela, zagi baten antzera puztuta zegoela iduritu zitzaidana, haztatu zuten nire eskuek. Menperatu ninduen orduan beldurrak, baina hari itsasia nintzen. Artean, «Ura! Ura!» oihu egiten ari zen hura boz erlatsarekin. Egunabarraren inguru zurbila jautsi zen orduan argizilotik. Izerdi hotz bat jalgi zen nire beso-zangoetatik, hautsezko maskara eta odol lehorrezko orbainen azpian Matteo ubeldurik ikusi bainuen, eta Florentziako izurritearen azal zuriak eta zorne-jarioa ezagutu nituen.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia