KARATULAK
Paul Arene-ri
Ejertzituak desegin zituen Charles II-a Frantziako erregek, Toursen, Henry VI-a Inglaterrako erregerekin akordatu zuen tregoak. Harmadun jendea baserrian zegoen eta soldadarik, jatekorik eta gerla-botinik gabe gainera. Larrutzaileak, Armagnacakoak, gaskoinak, lonbardoak eta eskozesak, hordatan zetozen Saint Jacqueseko gugu lotsagarritik nekazarieri zangoak erretzen zizkietela bide guzian barrena. 1.444-garren urtearen hazila zen. Baserria elurtua zen eta zuhaitzak beltz. Bideetan zehar pasatzen zuten gizonek jipoi zilatuak eta kasaka gorriak txanoak buelta handiekin eta estandarta zimurtuak eta lokarri gorriez sostengatuak eramaten zituzten; burdinazko kaskoak bazeuzkaten batzuk eta denak zebiltzan orratza lepoan edo alabarda edo mailu hortzatuak edo eta dagak gerrian zeramatzatela. Ostatuak guztiz egoera nigargarrian zeuden. Lehen aipatu gizonok, ardoa zerbitzatzen zuen neskamearen atzetik jausten ziren eta burua barrika barruan sartzen zioten, mahaietan baso eta ontzien artean atzendurikako kapeluen gainean jarri eta arraultzeak txitatzen baleude bezala txapal-txapal eginda uzten zituzten, eztainuzko kaikuak altxa-ta, emaztekien kutxatilak hautsita, beraien zilarrezko errosarioak eta urrezko eskiak ebasten zituzten. Ahalik eta gutiena pasatzen zuten hirietatik, baina bainuetxeetarat urtikitzen ohi ziren, hango andra lotzen zuten ahoa eta guzi, lastoa leihoetatik kanpora botatzen zuten, neskak bortxatzen zituzten kutxen gainean, eta ateetako gakoak sarrailtziloetan lizungarriki doblatu ondoan, trumilka aldegiten zuten. Sindikoa eta errondako soldadoek, arkulari eta baleztariek, izituta, moltzo ilun batetan bilduak ikusten zituzten handik ihes egiten.
Hiri dezenteen ateetan, hilerrien ondoan, arratsaldetan jartzen ohi ziren neskatxa arruntak nahiago izaten zituzten komunzki. Gona eta atorra bat ez zuten bertzerik eramaten, hilobietako harlauzen gainean pausatzen zituzten beren oinak eta argizagiaren argiak zuri agerrarazten zituen. Hilharrien gainerat igan eta elkarri deika hasten ziren: «Denise!, Marion!, Museau!». Izarren pean egiten zuten lo, hobizulo eta ur ustelduaren artean, karrika ilunen batean izkutatu bainuetxeetako lastoz estali zoluagaz egiten zuten amets. Bide bazterreko ohoinek, mertzenariek espiek eta soldado faltsoek puska batendako edo eramaten ohi zituzten beraiekin eta, batzutan, lepoa moztu gabe utzi ere. Orratzak haien buruen gainetik gurutzatzen zituzten eta besoen azpitik heltzen zieten bi harma-gizon estrainioren artean izaten ziren ikusiak.
Bufoin, biolinista eta biola-jotzaileen artean, bazoazin ere elizgizon izandako ibildarien batzu eta nola, eliz-jauntziak zerekin aldatu ez zuten, jipoiaren idunekoa urratu eta lepoxerra bat jartzen ohi zuten. Ume bat edo bi eramaten ohi zituzten haiekin; gaixoeri hankak mozten zizkieten aztal-beharrien gainetik eta begiak leherrarazi; dohakabeak handik pasatzen zirenei erakusten zizkieten biola jotzen zuten bitartean. Haien inguruan jendemultzo bat biltzen zenean epilepsia zutelako plantak egin eta gibeletik erortzen ziren lurrera, lurra jotzen hasten ziren burua eta eskuekin eta «Jainko madarikatua» egozten zuten ahotik lerdea zeriela. Beren adiskideek orduan uhaletako herstailuak ebaki eta orduliburuak kentzen zizkieten emaztekieri apaingarrizko orratzak arrankatzeko.
Azkenean, hazilean, gautiar iduri misteriosoak agertu ziren ibildari eskale haiei jarraikian. Jendeak ez zekien zer zen hori. Asko gisatara zeuden beztituak, jipoi beltzak, kapelu gorriak eta zibelinazko bizkarrekoak zeramatzatela; zeta gorrizko gainekoak eta zeta berdezko zirringolak zituzten txanoak jauntzitzen zituzten bertze batzuk; jaunak ziruditen batzuk beren herenile beltzezko tunika luze lepahoriz forratutakoekin, emazteki txatxutuak ematen zuten bertze batzuk beren burutxeta bioleta eta paplinarekin. Harmaturik zoazin denak eta askok talabarte eta bular-sarea ere eramaten zuten.
Baina ohidura lotsagarri eta ezezagun bategatik bereizten ziren bertzeetarik gaueko gizonak: maskaraz estalirik zeramatzaten aurpegiak. Beltzak, txapalak eta, ezpain gorridunak izaten ziren maskarak, edo moko luza kakodunak bestela, edo kolore askotako bizarrak zituzten zintzilik esklabina gainean, edo aurpegia zeharkatzen zuten banda ilun bakar batez aho eta bekainean artean, edo gerrontzezko mahuka luze bat iduriak ziren, goitik lotuak eta begiak eta hortzak azaltzen ziren ziloekin.
«Karatulak» deitu zituen azkar jendeak gizon horiek; behin ere ez omen zen deus holakorik ikusia herrialde bakezale hartan; soil-soila noble batzuk paratzen ohi zituzten metale ederretako maskarak zeremonietan, Italiatik etorri modaren arauera.
Jendaki haiek Creully-ko ingurumenetatik hedatu ziren, hango jauna Mathew Gough baitzen, inglesa, eta bazter guziak zeharo txiki-txiki eginda, izigarriki, utzi zituzten. Bada Karatulek krudelki hiltzen baitzuten emaztekieri sabelak urratuz, haurrak sardeeskuaretan hiltzatuz, gizonak burduntzi haundietan errez xosak non zituzten gordeak erran arazteko, eta gorpuak odolez tindatuz nekazariak trunpatu eta beldurrez menderatzeko. Beraiekin eramaten zituzten hilerri ondoetan hartzen zituzten neskatxak eta gauaz berauen uhuriak entzuten ziren. Inork ere ez zekien mintzatzeko gai ote zirenez. Misteriotik jalgitzen ziren eta isilean ilauntzen zuten.
Ustea zen haien artean bazirela Frantziako erregeari edo Inglaterrakoari edo-ta bieri traizio egindako nobleak. Jaunen seinalea zuen haien basakeriak. Goraka zihoan jendearen beldurikara. Aurpegia ikertzen zitzaion jendeari egunean gaua etorri-ta Karatulak bihurtuko ote ziren jakin gabe.
Jende harmatuak hasi ziren zelai-landak patruilatzen. Mathew Gough-en arkulariek, jende bipila, Karatulen zelatan jarri eta zenbaitzu harrapatu zituzten. Creully-ko jujeagana eroan zituzten galdeak egin ziezazkien. Inor ere ez zen ezagutua izan. Herri diferenteetakoak bide ziren, errege izena ematen zioten beren aitzindariari eta Alain Blanc-baton deitzen zuten beraien artean.
Bide bazterreko arboletan beren maskara eta jauntzi aberatsekin urkatu arazi zituen Mathew Gough-ek. Haien ikusterat joan zen jendea haizeak kulunkatuak estrainioki koloreztatu txoriak bailiren. Animalia harrapalariak haien buruetaraino igan eta haragia urratzen zieten maskaren azpitik. Honela, Normandiako bide asko, arbol-enborren erdialderat, ipar haizearen enbatek elkarrekin jo arazten zituzten larru, ehun, zur edo burdinazko aurpegi ezberdin eta beldurgarriez zeuden hesituak.
Hala-ta ere, Lord Alan Blankbate, Rouen eta Bayeux-eko kapitainaren etortzearen berri eman zen. Jauntzirik ederrenak paratu zituzten gazteluko jendeek errezibimendura joateko. Harathunat haundi bat zen oro Creullyko plazan. Tunika gorria, kapelu berdea eta eskularru larruztatuak zituen beztitzen Mathew Goughek.
Sala haundira igan zen presondegiko zaina. Bere makilarekin Mathew Gough-en besoa hunkitu zuen. Karatulek Alain Blanc-baton deitzen zutena harrapatu berria zutela erran zion. Gero, bertze hitz batzu erran zituen gartzelazainak Inglesaren beharrian. Altxatu zen Mathew Gough, zeremoniarako prestatua zuen urrezko maskara ezarri aurpegian eta tortura ematen zen sala baldosatuaren mailak jautsi zituen.
Hiru gizon ziren han, haietarik bat potroan etzinik zegoen. Biluzik zituen petxoa eta hankak, ile horiaz estaliak. Larru beltzezkoa zen bere maskara eta onil batetik ura botatzen ari zitzaizkion aho ziloan. Lepoa hantu eta bustia zuen eta bere giharreak tinkatzen ari zeuden. Bizkarraldea konkortua zuen. Istil bat ageri zen adreiluen gainean, potro aldamenean. Baina hitz bat ere ez zuen torturatuak erran.
San Andres gurutzearen gisara jarritako bi estrabez egina zen aulki bati loru-eta bi borreroek pibote itzulkari bana ipini zuten bere beso eta hanka bakoitzean, ondoren ahoz pera jarri eta bihurrikatzen hasi ziren. Gizonak zinkurina ez zuen bertzerik egin.
Txinar eske joan zen borreroetako bat lur egositako ontzi batetan, hankarteka jarri zen gizon gainean eta maskarako ziloetatik txindiak bota zizkion ufaka larruan. Torturatua daldaran hasi iharrausi eta ondoren eta higigabe gelditu zen.
Itoa zelakoan, seinale bat egin zuen Mathew Gough-ek supazterreko sura hurbilt zezaten. Bizkortu zen pixko'at eta emeki hartu zuen hatsa. Mathew Gough orduan, sugarretako argitara dirdirka zegoen urrezko maskararekin aurpegia estalita, maskara beltz aldera makurtu eta boz apalez mintzatu zen. Ingelesez mintzatu zen eta deusik ere ez zuten borreroek entendatu. Prisioneroaren beso eta hankak ikaran ikusi zituzten. Baina ez zuen errespondatu eta isilik jarraitu zuen bere maskara ilunaren pean.
Begiramendu gehiagorik gabe, soka bere lepoan ezartzea manatu zuen Mathew Gough-ek eta bi borreroek tira egin eta sabaiko harrietan sarturikako zirrindola baten bitartez altxatu zuten. Supazterreko suak iharrausia, hormen gainerat jausi zen bere itzala.
Gero, berriz ere igan zituen mailak astiro-astiro Mathew Gough-ek eta plaza sitio-estadoan jartzeko manua eman zuen erranez eta traizio baten berri jasoa zuela; zeremonia jauntziak erauntzitzeko ere erran zuen zeren-eta Alan Blankbate-k, Rouen eta Bayeux-eko kapitainak, txoil mezulari segur baten arartez, ez zela etorriko errana baitzion.
Ezkutariak, arkulariak eta soldadoak alde batetik bertzerat joan ziren lasterka eta burdinen elkar-jotzea aditu zen gotorleku guzian.
Holaxe hil zen, ilunkiro, Karatulen aitzindaria, zeinari bere harma-lagunek Alain Blanc-baton erraten baitzioten.