EUNUKOAK

 

Maurice Spronck-i

       

        Spadoinak! Kokoriko zeuden baldosen gainean, belaunak hertsaturik eta zilarrezko eskutokia zuten makilekin igurtzen ari beren pantuflen ertza. Beraien inguruan hedatuak ziren beren tunikak azafran kolorekoak eta zinamomo urrina zerion beren larruari.

        Bainu-mutil izerditsuen artean, sareak bete jostatzeko pilota berderekin joaten ziren bainuetara, pelutxe gorriz jauntziriko gizonak eta gerezi koloreko gerrikodun tunika lehonatuak beztitzen zituzten iduri ederreko gazte ileluzeen artean pasatuz, ondorenean biloa bildu eta larrua bipildutako andereek ezagunei agurrak itzultzen ohi zizkieten esku-aulkien aitzinetik zihoazten mutil soinkarien artean pausatzeko.

        Urdin bero batekoa zen zeruaren sabaia, izpi xurrigorriez estalia zegoen eta hodeiertzean batzen zen astiro-astiro hori garden bat, oso zurbila zen urdin turkesa bat eta berde delikatu eta daldarati batekin. «AQUA NIVATA, NIVATA» oihukatzen zuten saltzaile ibiltari batzuk elur-ura eskainiaz. Anfiteatroko harearen hauts gorria eztitzeko erabiltzen direnen antzerako zagi zulatu eta ttiki-ttiki batzuetako urarekin ureztatzen zuten dena etiopiano latz batzuk.

        Baina, hango giro bibrakorraz inguratuak, sorterria zerabilkiten beti beren gogo-ametsetan, bero kiskalgarrietako Siria eta urrezuri mehatzeetako Iberia. Ibiliak zituzten jadeneko hamabortz urte bete ordurako soterriko belagi garai eta meheak ahuntz eta akerrekin batean, esnea irabiatuz eta gero ote-arbazta batekin pasatzen zituzten gazta zuri eta gogorrak trinkatuz eta molatuz. Lastozko kapelu haundiak eramaten zituzten neskatxak maitatuak zituzten. Beraien zelatan egoten ziren urrezko lilialdeen artean pasatzean eta intsusazko txulubitak egiten zizkieten ere. Nekazalgo-etxaldeetan ebatsitako garbantzuak eramaten zizkieten askotan. Egun horietan zulo bat egiten zuten lurrean eskuekin eta arbaztak eta hosto idorrak botatzen zituzten barrura. Hurbilen etxera joaten zen neskatxa txinar baten bila, kalotx lauan sar eta etengabean iharrausten zuen ikatza itzal ez zedien. Gero, serioski jarriak bata bertzearen aurrean, hagaho zorrotz baten muturrean garbantzuak kixkortzen zituzten. Edo errege-erreginetara aritzen ziren jostetan. Errege-erregina-aulki bat egiten zuten harri zenbait bilduta edozein tokitako itzalpean. Bere hartan jartzen zen erregina eta espedizioz joaten zen erregea bere ahuntzen zaintzera. Tronuan lokartzen zen erregina txirritak entzunda gero. Orduan, erregea itzulirik, goroldiozko burko bat egiten zion eta hantxe gainean etziten zuen eztiki.

        Itzalak luzatu egiten ziren arratsean eta mazusta-ondoz hesitutako bide-xendretatik jausten ziren neskatx-mutikoak beren ahuntzekin. Gau-enarak iheska ateratzen ziren sasitzetatik. Belarren azpitik, bizizulorat itzultzen ari zen sugearen igurtzihotsak aditzen ziren; kantuz ari zen txirritxirria hiltzekotan zegoen egunaren azken urrezko errainueri; haitzak gris bihurtzen ziren eta zuhaitzetako hostoak iharrausten zituen gauaren lehen enbatak. Haize hozkirri batek hantzen zien gainekoa eta ilea kiribilkatu ahuntzei; sudurra aidean hango hats lurrintsua usnatzen zuen zakurrak eta gisatsek beren buru horiak kulunkatu eta itsasuhainen antzera kordokatzen ziren. Beheitixeago, sastraken artetik eskapatzen ziren konejuak eta ilunbea arte zaharren ingurura biltzen zen. Berehala begiztatzen zuten txabola eta atean goilarea eskuan zain zeukaten ama.

        Zeruko Jainkoak, non ote zeuden orai Espainiako sastrakak, mendiko txabola eta golde adiskidea? Italiotak etorri ziren beren kasko pelatuak eta ezpain hertsiekin, txabolari su eman eta ahunztaldea jan zuten.

        Oska gertuko garaldeetan atzeman zituzten mutikoak. Zinka ibaiaren paretik jautsi eta Surdako ordokia iragan zuten soldadoek kautiboak Ilerkara eramateko. Eta Ilerkatik Tarracora eraman zituzten Iakketa eta Ilerka-ko mendialde beltzetan barrena. Tarracon eta minik gabe irenduak izateko, lobelarraren hazien infusione bat edan arazi zieten merkatariek. Abereen antzera untzira sar eta Populonia, Cosa edo Alcioko eskaletan saldu zituzten. Bertze zenbait Erromara irritsi ziren Ostia-tik.

        Esklabo tratalariek erosi zituzten, oinak klera-hautsakin igurtzi zizkieten eta burua oihalto zurizko boneteekin estali. Alkanforraz igurtzi zituzten, pintzak eta suakin bipildu eta ilea zizurkailuekin kizkurtu. Taulatu baten gainean eman zituzten agertzera, txartel batzurekin. Hortzak zuriak eta begiak beltzak zituzten, eta latina zintzur-hots eta doinu zorrotzez mintzatzen zuten. Eskatutako prezioa pagatu aitzin, mirrazko keaz murgiltzen zituzten epilepsia padezitzen zuten ala ez frogatzeko.

        Orai, ate-goardiak, zilarreriaz arduratzen zirenak, bainuzaleak, lurrin-emaileak, zerbitzariak, jan-edanen dastatzaileak, kopazainak, tunika berdeko atezainak, tunika bildutako mando-mutilak, urketariak, esku-aulkiak eramaten zituzten esklaboak, baita abaniko eta itzalkia eramaten zituztenak ere, jendaki hau guzia ondoan zeukaten eunuko hutsak ziren orain, eta urkabera, latigora eta Esquilinia deitu atearen suplizioetara arriskatzen ziren. Ugazabandrek masailak puztu arazten zizkieten masaileko bat emateko eta otsein-buruek ile-orratzekin zirikatzen zieten lepoan.

        Halabeharrez, Tuscus Vicus aldera joaten ziren, libertinoak han ibiltzen baitira ehunak erosteko eta, astaperrexila, irabelarra, urrilo eta erraulia saltzen dituzten belar-saltzaileei akara anfora ttiki batzu, kisuz silatuak, bilatzeko. ILIADA eta ODISEAko pasarte batzu kantatzen ohi zituzten atrioan lehen zerbitzuan eta Elephantis liburuaren bertsoak postretarako. Atalanta Meleagrorekin ageri zituzten pinturei minez begiratzen zieten. Gomitatuek musu ematen zieten haien ondotik pasatuz bidanabar eta sofritu egiten zuten. Beren arraietako latiklabiak, beren urrezko eraztunak burdinazko izarrekin eta beren metalez inguratutako bolizko besaztunengatik ere, bekaitzez begiratzen zieten biluzik zeuden ezpain lodietako libio beltzei. Ajolarik gabe jostatzen ziren kristale pintatuzko abakoekin ahuntzaderrezko oholtxen gainean. Guti jaten zuten, pikuak eta arraultzegorringoa piperbeltzarekin ondoan, gehiagorik ez. Ezerk ere ez zituen tristura lazo hartatik ateratzen ahal, ezta etxeko jaun edo anderearen nahikeriek ere.

        Ardo gorriz hordirik, ahuntz odoldu eta mirtoz apainduak erakusten zituzten harakinen sal-mahaietatik haratago joaten ziren korrika, intxaur prejituak eta azelgak eztiarekin saltzen dituzten erretegien «POPINAE-etatik» eta botila lerroka luzeak zintzilik ageri ziren tabernetatik haratago, korrika beti ere emazte biluziak ilunpean harat-hunat ibiltzen diren ganbara dobelatuen belztura borobilen alderat. Baina harrizko dobeladun ganbaretako nagusia azafran koloreko tunikak ezagutzen zituen; eta koltxoirik gabe segitzen zuten beti-re oheetako somiereek, ze ardo gorriz hordirikako gizon hauek, kokoriko baldosen gainean, pantuflen ertza zilarrezko eskutokiak zituzten makilekin igurtzen zutenak, «SPADOIN-haserrekorrak» bertzerik ez ziren.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia