MILESIAK

 

Edmond de Goncourt-i

 

        Bet-betan eta zergatik inork ere jakin gabe, beren burua urkatzen hasi ziren Miletoko birjinak. Ginezeoen ateak zabaldu-ta, habeetatik zintzilikako gorputz xuri baten oinekin, oraino daldaran egiten zenuen topo. Hasperen erlats bat eta txurmioetatik behera erortzen ziren eraztun, besaztun eta zirgiloen tilin-tilinek asaldatzen zintuzten. Itolarrian dagoen xori baten hego ikaratien antzera altxatzen ziren urkatuen eztarriak. Lotsaz baino gehiago etsipenez beteak iduri zuten haien begiek.

        Gauaz isilean erretiratzen ziren neskak, behar den bezala eta itxura apalean eta belaunak estutu gabe egoten ziren. Baina zinkurinak aditzen ziren gauaren erdian eta, lehenean, ustea zen amets pisuek, burmuinetako gau-txoriek zapaltzen zituztela. Ahoz pera etzinik eta saihetsetik beldurrez daldaraka edo besoak petxoan gurutzaturik eta behatzak bihotza taupaka ari den lekuan pausatuak aurkituko zituztelakoan joaten zen jendea. Baina hutsik zeuden nesken ohantzeak. Kulunka hotsak aditzen ziren ondoren goiko saletan.

        Hantxe zeuden zintzilik, hilargiaren argitara, tunika xuria eroririk eta eskuak behatzen azken junturetaraino hertsatuak, urdin ezpain hantuak. Argi-nabarra heldu-ta, haien sorbalden gainetik hegaldatzen ziren kurloi xaloek mokokatzen zituzten eta larrua hotz aurkituta txioka egiten zuten alde.

        Goizeko lehen hatsak, etxeetako patioetan zabaldurikako beloak daldarazi bezain sarri, andere erostarien kantu larria eramaten zuen etxe adiskideetara.

        Merkatuko plazan gauan hildako birjinen izenak ematen ziren erosle goiztiarren aurrean eta laino meheak zurigorriz tinda zitezen baino lehen. Legegizon eta arkonteen alabak ere, apenas ezkont-adinean eta anderegai-beloa hartzeko bezperatan, bertzeak bezala urkatzen ziren misteriosoki. Batzarrera joaten ziren gizonek, denak atzeratuen gerriko gorriaz markatuak, ajolarik gabe eramaten zituzten herriko egitekoak eta aurpegia eskuetan sartuta egiten zuten nigar. Desherrirako sententziak ematen zituzten juje izituek eta ez ziren jadanik hiltzera kondenatzera ausartzen.

        Droga-saltzaile emaztekiak bizi diren karrika mehar ilunetatik, aurpegia egunaren argira gordetzen duten asko atso bota zituzten. Ibiltzea astuna eta begiak beltzez sobera tindaturik erakusten zituzten emazteki lurrinztatuak bota zituzten ere. Arkupeetan dotrina ezezagunak erakusten zituztenak, gazteekin filosofatzen zutenak, jainkosa-iduriak zamari baten gainean ibiltzen zituzten sazerdoteak, misterioetan eskolatuak eta Zibelesen adoratzaileak harresietatik kanporat izan ziren eramanak.

        Haiek guziak joan ziren ondoko mendietako harkaitzetan aintzinako denboretan zulatuak izan ziren harpeetan bizitzera. Hantxe kokatu ziren harrizko ganbaretan, batak emagalduentzat eta bertzeak filosofoentzat, molde hartaz, ilunabarraz geroztik, hiritik irtetzen ziren Miletoko gazteak gau lurpetar baten pasatzeko. Hala bada, mendiaren mazeletan eta arrokan ideki zuloetatik, argiak nirnir ikusten ziren lehenengo beila-ordutik goiti eta Mileto hirian estrainio eta lizun izandako guziak bizitzen segitu zuen lurraren barrunbeetan.

        Gazte urkatuak manera berri batez ehorzteko dekretua ezarri zuten orduan koloniako Arkonteek. Jende-mendearen aitzinean izanen ziren erakutsiak, biluzik eta soka lepoan, hilobira hola eramanak izateko. Hola agertuak izateko lotsaz heriotze boluntario haiek akabatuko zirela espero zen; baina lege horren promulgatuta ondoko arratsaldean ediren zuten milesien segeretua.

        Atenea-ren tenpluko su sakratuaren irautea zaintzen zuten sazerdoteak gauerdia baino lehentxeago altxatu ziren sura abarrak iratxeki eta lanparetako olioa berritzeko. Erdiko salaren ilunbeetan barna, birjina-alde bat zoaiela ikusi zuten; amets batek iratzarriak ziruditen, ezen-eta gauaren beltzean aldaretik gertu altxatu zuten harlauza jakin batetarantz joan baitziren. Mutil batek, jainkosaren otarreak eroaten ohi zituena, aurpegia estali eta tenplu pean sartu zen birjinekin batean.

        Dobela gora zen eta apenas argitua zegoen goian argigune ttar batez. Gibelean, distiranta ageri zen horma, mirail metaliko bakar batez egina baitzen. Hastapenean lainotsua zen azal leundu hura, baina iduri iheskorrak iragaten ziren gero. Urdinberde kolorekoa zen Palas Atenea-ren hontz konsakratuen begiak bezala.

        Irrino bat ezpainetan, gaitzeko mirail alderat aurreratu zen lehen milesia, arropak erauntzi eta biluzik gelditu zen. Sorbaldan lotu beloa erori zen, ditiaren tolesa eta bularrak sostengatzen zituen gerriko urdina ondoren. Bere edertasun osoan agertu zen gorputza. Bere biloen txirikorda desegin eta sorbaldan gainetik orpoetaraino hedatu zitzaizkion hauek. Irri egiten zuten gainarako neskek bere buruari begira ikusten zutelarik. Hala ere, haren ondoan zeudenendako, ez zen inongo imajinik ageri metalezko mirailean. Baina neskak, begiak izigarriro hanturik, animalia izitu baten karraxia urtiki zuen. Ihesi joan eta bere oin biluziek baldosetan zegiten hotsa aditu zen. Gero, minutu batzu lotsa eta isiltasunean pasatu ondoren, andere nigar-egileen intziriaren hotsak jo zuen.

        Bigarrenak bere imajinari so egin, azal leundua ikusi eta auhen bera urtiki zion bere biluztasunari. Zoratuta, tenpluko harmaila guziak igan zituelarik, hilargiaren argi hotzaren pean, berak ere bere burua urkatu zuela iragarri zuten urrutiko intziriek. Hirugarrenaren atzetik jarri zen mutikoa, behakoa milesiarenaren berlekurat eraman zuen eta ber-denboran jalgi zen bien ezpainetatik beldurikararen karraxia, mirail beldurgarriaren imajinak gauzen berezko iduria bertzelakatzen baitzuen. Mirail hartan, milesiak, bere antzak zituen imajina batetan, bere bekokia zimurrez arraildua ikusten zuen, betazalak pikatuak, zaharreriaren itzala makarrak gainezka zerizkien begietan, beharriak eroriak, moltsak masailetan, sudurraren hegalak gorri eta ilezu , okotsa koipetsu eta idekia, bizkar gaina hondatua, bularrak zakartuak eta ditiburu arrastorik gabe, sabela'lurraldera eroria, izterrak lurkarak, belaunak zapalduak, zaintxuriak zangoetan markatuak eta oinak zaintsuak. Bilorik ez zuen imajinak, eta opako koloreko zainak ageri ziren buruko larruaren pean. Zolaz eginak ziruditen bere esku hedatuek eta hatzazalak berunkara zituen. Honelaxe erakusten zion mirailak milesiari biziak gordetzen ziona. Bere antz guziak aurkitzen zituen imajinaren ezaugarrietan, honela, bekokiaren borobiltasuna, sudurraren marra, ahoaren uztaia, ditien arteko aldea eta, oroz gain, begien kolorea haretxek ematen baitu zentzuna eta sakona pentsamenduari. Lotsatua bere gorputzarekin eta geroaz ahalketurik ginezeoko atean urkatu zen Afrodita ezagatu barik.

        Haren atzetik atera zen mutikoa eta gainarako birjinei bere aurretik irten arazi zien, baina berantegi joan zen eta azken hatsetan zegoen jadeneko milesiaren gorputza. Lurrean etzin zuen, leunkiro ferekatu zizkion beso-zangoak eta mun egin zuen begietan andere-nigargileak heldu baino lehen.

        Hauxe izan zen mutikoaren ihardespena geroko egiaren miraila zen Ateneakoari.       

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia