ORFILA 52 ETA 53

 

Georges Courteline-ri

 

        Errepide zabala zen. Arbolez landatua zegoen bi baztarretan. Oso ugariak ziren hauek eta beren hostaia erregularki inausia ageri zen, zuztar xamurren gainean sartutako halako azukarezko ogiak iduri. Errepidearen saihetsean horma horiska eta uniforme bat, muturretan bi pabiloi berdintsu zituela, ikusten zen. Iluna zen burdinsarearen pintura; bazen gero baila hareatsu eta luzanga bat zeinak bi etxe paralelo ate gora kristalatuekin bereizten baitzituen; bi plantakoak ziren eraikuntza hauek; pika handikoak ziren teilatuak eta arbelaz estali dorreska batzu altxatzen ziren hor goiti bitarte zehatzekin. Agerizko aterabiderik gabeko sabai grisak zabaltzen ziren bailako xokoetan; baziren lorategi ttiki batzu biribilak, koadratuak, triangular eta erronboidalak, lurra harrizu eta belarra motz, zeinek, aulkien ondoan, bailako lur eremu tristea berdaska erresto zenbaitekin mozten baitzuten. Harmailetatik zintzilik zeuden landarezko irudi geometrikoen artean, eta ateen beiraduren pean, lau kantoietatik barreatuak ziren zenbait harri grisen aho higatuetatik jalgitzen zen estanke errektangular bakarraren inguruan, aiko-maikoka zebiltzan gizaseme eta emakume talde batzu burua kordokan eta belaunak daldar; agure eta atsoak, batzuek beti BAI, BAI erraten bide zutenak beren buruaren amaigabeko baiezko keinuak salhatzen zuenez, EZ, EZ beti bertzeek eskuin-ezkerka higitzen baitziren geldi-ezinean; baiezko zaharrak eta ezezko ibildariak, setatsuak beren mugimendu indarge aldaezinean.

        Feldroa hondoa hautsi edo konkortua zutela-ta, inolako itxurarik gabeko sonbreroak jauntzitzen zituzten gizonezkoek. Baina haundi-nahiaz beterik, kapeluak pisko bat alboratuak jartzen zituzten baten batzuk. Ile zuri kaskartuak agertzen zituzten andrazkoek bonete zikinen azpitik kulunkan, baina zenbaitzuk ileordea, izigarri beltz eta iluna beren aurpegi apergaminatuen gainean, kiribilkatua zeukaten. Baila ajardinatu eta ajolakabe zaindu hartatik pasatzean, keinuak egiten zituzten eskuekin agure harroskoren batzuk eta atso poxpolinen batzuk irtirinkeriak egiten zituzten betaurrekoekin. Taldeka biltzen ziren aulkien inguruan, eta sudurrautsa eskaintzen zioten elkarri, pentsionistarik ezinduenek bitartean begi urduriz begiztatzen zituzten ezin konpreni zitzaketen irrino axeri haiek.

        Orai bizi ziren ospitaleak, mila libera eta errantxuari okela apurtxo bat gaineratzeko balio zuen errenta ttiki bat pagatutakoan, hirurogei urte betez geroztik hartzen zituen. Aberatsek bazuten ganbara propio bat korridorean, numero batez markatua. Jendeak ez zuen izenik han. Voltaire 63 eta Arago 119 ziren han; alde batera uzten ziren hara sartzean bizi normal batean jendartean erabili ezaugarri guziak, eta hilen hilerria baino anonimoagoa zen bizidunen hilerri hori.

        Guziarekin ere, bazituen bere erregela eta arauak gizarte numeratu honek, bada korridoreko ganbaradunek, nola baitzuten zer galdua joko-saletan eta nola eskain baitziezazkieketen jan-edari finak bertze sexuko pertsona hatseginei, sala komunetako bizizale miserableak mespretxatzen zituzten, hantxe, ez behar bezala txukundu, ez eta buruaren soileria bertzeen begi ikertzaileen aurrean izkutatu ere baitzen posible.

        Nola deretxoa baitzuten bi asteoroz sendakai banaketa batendako, tenorea baino lehen hasten ziren medikuak asediatzen, kahierra espiatu eta, jakidendara bezala, hara joaten ziren enkargua anotatua zuten paper puska zaharrekin, laket ohi zuten estul bat boteaz beren bular karkaradunetan, beren besozango bihurtuen mina gehituz, to ezin egitearen antzak eginaz eta idurimenezko gaitzak zirela-ta nigar eginez. Kontsultan, elkarri inbiriatzen zizkioten beren eritasunak, bainu-bonuak, botilatxoak alkool alkanforatuak eta jarabe-fraskoak garaipen gisa eraman ahal izateko. Gau-mahaiaren gainean jar eta banan-banan begiratzen zituzten eder-lan miresgarriak edo prezio on bat ordaindutako jakiak bailiren. Baina batez ere bertzeek baino gehiago izatearen poza senditzen zuten, hauxe baitzen haiendako jabegoaren azken agergarria.

        Emazte zaharrak, ganbara baten alokatzeko behartsuegiak, bizi ziren Orfila salan. Hala-holako zuritasuna ageri zuten bi ohe lerro baziren eta maindire plegatuen gainean kamisolaz estalitako soinak ikusten ziren bi ilaratan. Artean bizkor xamar egonik ere, 53garren numerokoa ez zen ohetik altxatzen eta hori kontutan harturik bazuela erreumatismo artikular bat ezkerreko belauna plegatzen uzten ez ziona, hala nola bed ere gerrian plegatua eramaten zuen eskuin besoaren paralisi partzial bat ere. Ondo ikusia zegoen bada dirua jasotzen omen baitzuen ahaide urrun batzurenganik, hala ere sos horiek bere nahiara nahiago omen zituen xahutu, ganbara baten izateko orde administrazioneari ordaindu baino. Haren ondoan, 52 numerokoa etengabe umilarazten zuen hura baino aise bigunago aurkitzen baitzen. Bi besoak ibiltzen zituen aise oraino eta soil-soila hezueria pisko bat zuen oineko behatz batean, baina bere eskuin begiko behereko betazalak, giharre baten gero eta goragoko makaltasunagatik eroria, begiaren barne odoleztatuak uzten zituen agerian.

        Bi emazteki hauek, lehiakide osagarrikoan, lehiakide izan ziren ere bihotz kontuetan. Ezein giza-grinarik ez zen itzalirik gizon eta emazte zahar hauengan. Bina eta hirunako ezkontza faltsoak zeuden ganbaretan, jelosia-aldi bortitzak aditzen ziren, petakak eta ibil-arraunak botatzen zizkioten bururat elkarri iraganbideetan, itzal kikilduak nabaritzen ziren gauaz ate ondoetan burko handi mehatxugarri batekin harmatuak eta bonetea kokotseraino beheratua egoten ziren zelatan. Izaten ziren ere hanka-motzen pertsekuzioak, emazteki koxalgikoen ihesak eta beldurgarrizko berriketaldiak arropa garbiketan aritzen ziren atsoen artean; haundizki goresten zuen batak bere gizona, kondekoratu eta ondo zaindua baitzegoen, bereak soinaren zintzilikario guziak orainik osorik bazituelako harrotzen zen berriz bertzea.

        Honelako gisan, ukabil zahar hezurtsuak jausten ziren oraino masaila irtenen gainera, ile moltzoak hegaka atera-ta agerian uzten zituzten kaskezur zorrotz eta itsusiak, betaurrekoak apurtzen ziren tabakoz baltzituriko sudurren gainean, ukondo zahar zorrotzak simetrikoki jartzen ziren eskuak mehaketan eta irainik lotsagarrienak aditzen ziren burrunbaka boz daldaratsuekin egunean zehar.

        Azukare beltxaraneko pipa bat zela kausa hasi zen 52 eta 53en arteko gerra. Bazen militar aurpegiko gizon bat, kontserjea izana dudarik gabe oraindio gizona zenean, eta Orfilia 53, bere lehengusina zelakoan bisitatzen zuena. Hortzik gabeko aho haiek oihartzun bat bezala errepikatuak erizaintsen beharriendako, zaingoko pertsonala loharrarazten zuten «neure lehengusua» eta «neure lehengusina» hitzek. Baina auzoaren gizona laketu zitzaion 52-ari. Ahoa estutu, begiak irauli eta, bere ondotik pasatzean, baskarekin igurtzen zion, ele-mele ttiki bat totelduaz. Bertze atso guztiek zeinek baino zeinek gehiago gorroto zuten 52 delakoa, haiek ez bezala, hura artean bizkor baitzegoen harat-hunat ibiltzeko. Katarrozko barre lodiak, unadura-eztul urduriak sorrarazi zituztenak, aditu ziren. Agurea hartaz gustaturik, bolo edo malillako partidak utz eta gustora joaten zen flirteatzera arratsaldeetan. 53 numerokoak korbataren gorapiloa egiten zion, kolirioa ipintzen zion begietan eta burko pean izkutaturiko kaxa ttipi batean gordetzen zituen pildoratto elektriko eder batzu erregalatzen zikion.

        Hala ere ezin egon zitekeen bekaizkeriaz begiratu gabe 52koaren gau-mahainoari, hau main asko joaten baitzen kontsultara gero askietsirik erakusten zituen botilak ekartzeko. Egun batez azukare beltxaraneko pipa bat ilki zuen xotilki agureak bere belarpainuelotik, alegeraki higitu zen 53-koa, burkoa lekutu, hartan pausatu eta begiekin xaxatu zuen bere auzo-emaztekia pipa bere hortz daldartien artean hartuta.

        Haur baten antzera erakuski zuen pipa, jauzika botatzen zuen aiderat, txupatu egiten zuen, txupatutako muturrari begiratu eta bi errannahitako hitzak erran zituen, hitzok ez ziren ihardetsiak, baina ez ziren gaidu beti ere.

        Izan ere, harrez geroztik, goizero tenore berean ostentzen zen 52-koa. Inork ez omen zekien nora joaten zen. Amodiozko penetan zegoela iduritu zuen egun batzutan barna. Pixkanaka-pixkanaka kontentuago jarri zen. Hondarrik, goiz batean, bere ibilaldi misteriosotik itzuli-ta, sudur-iseka galant bat egin zion azukare beltxaraneko pipari eta gero, eriak bereizita, adarrak egin zituen bere kopeta gainetik eta halako betetasun isekagarri batekin ukitu zuen bere ezkerreko besoa, 53garrena errukiorra bailitzaio bezala gauza bera egin ezin zuelakotz.

        Hori sobera zen. Konplot bat egin zuten Orfila salan ahalkegabeko nardagarri haren kontra. Ttu egiten zuten arrandiaka hura pasatzean bertze astoek, gezurrezko goragaleekin ukitzen zituzten begiak, marmarka erausten zuten eta 52-koaganik bereiz egoten ziren beti. Arratsaldean paper-igurtziak eta lapitzkirrinkak entzun ziren. Agurea, hala ere, bere «lehengusinari» bisitatzen etortzen segitzen zuen itxura inozoarekin.

        53koak ez zirudien hargatik haserre. Baina, otzanago, arrenguraz galdegiten zion «lehengusuari» eian zer egiten zuen goizean, eta agureak, bere esku idorrak igurtziaz, batere ahalkaizunik gabe gezurra erraten zion.

        Jakingura jeneral bat sortu zen mediku-buruaren bisitaegunean. 52koaren aitzinean galditu zen osagilea eta ozenki erran zien erizaintsei: «alda ezazue salaz». 52ak harriturik, hauxe marmartu zuen: «Baina, zergatik jaun medikua?». Bere errondari jarraikiaz bidanabar erantzun zion medikuak: «salakideek jakin araziko dizute zergatik».

        Medikua handik irten orduko hasi zen kontziertua. Txistualdi ahulak entzun ziren salako alderik alde alegrantziazko espasmoekin batean. Pozaren pozaz lerdea zerien atso batzueri. Maindirak zartaka ari ziren bertze batzu barre-aldaraz. 53a, erabat jaikia, pipa goratzen zuela, erran zuen uhuka: «Zergatik, kuttuna? Eskaera bat altxatu dugulako zure kontra. Sala guziak. NAZKA ematen digu zure begi gorriak. Ezin jan daikegu».

        Koro erlats bat eginaz erran zuten atsoek beren bular zarratuekin: «Bai, NAZKA ematen digu zure begiak!»

        Burkoari itsasirik zegoen harriturik 52a. Bere ezker aldean, begi-giharreak gelditurik zeuzkan emazteki bat, harat-hunat ari zen burua higitzen, loro bat iduri, begininiak tinki, gozatuaz bere irain-laidoarekin. Bere eskuinean, San Bitoko dantzak atakaturikako atso bat, ero antxean ari zen matalhezurrak klaskatzen, eta zimurrik gabeko maskarak etengabean ziharduen idurimenezko zigarretak egiten burusiaren arrasean geldigabeko mugimendu batekin.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia