MOFFLAINES-EKO AKELARREA

 

Jean Lorrain-eri

 

        Colart, zalduna eta Beaufort-eko jauna, hilerriaren ondotik pasatu zen gau batez Arras-eko hiria iragan zuenean, txoil berant arteo egon ondoan hipokrasa eztiarekin edanaz Zisnearen Ostatuan. Hilargiaren argipean, gorria iduri baitzegoen lainoz koroatua zegoen-eta, bizi alegerako hiru neska ikusi zituen eskutik elkarri helduta. Xotilki ari ziren eleketan eta irrino bat zerakuskiten ezpainetatik kanporat. Hagitz eztiki heldu zioten besoetatik, eta haietarik bik Balnominette eta Belotte zeritzatela erran zioten. Hirugarrenak, flamendarra zenak, beren bilo horiak iharrausi eta bere berbetaz hitz egin zion. Vergensen deitzen zuten bertzeek.

        Hurbiltzerakoan, harlauza zuri baten inguruan bueltaka ari zirela ikusi zuen Beaufort-eko jaunak. Atzera egin zuelarik parra egin zuten haren gainean bizi alegerako hiru neskek, errege-ura isurtzen ari baitziren harriaren gainerat frasko berde batetik eta kare biziaren antzera kirrinka hasia zen harria. Tripak kendutako muskerrak, igel-hankak, arratoi-mustur ilezuak, gau-txorien erpeak, artseniko boratatua, kobrezko bazin bateko odol beltza, arropa zikin zerrendak, urrilo-erroak eta hil-behatzak erraten zaien kukubelar lore luzeak bota zituzten bere hartan. Hauxe zioten geldi gabe aldi berean: «Erratzeko zaldikoak, erratzeko zaldikoak».

        Handik ixtant bat edo bertzera ez zuen gehiago jakin Colartek munduko ze lekuan zegokeen. Belottek, Blancminettek eta Vergensenek hilerritik gertu zegoen karobi zahar bateraino eroan zuten. Ate zuri baten itzalean gelditu zen eta emazteki bat irten zen zaiarik, oinetakorik eta jauntzirik gabe. Atorra luze bat, banda pikardatuez ebakia, jauntzitzen bide zuen soil-soila eta erdizka estalirik zegoen bere aurpegia txano beltz batekin. Oihu eginaz txalo egin zuten bizi alegerako hiru neskek: «Demiselle, Demiselle, Demiselle.»

        Lurrezko ontziño bat eta egurrezko makila batzu zeramatzin eskuetan Demiselle delakoak. Ontzian zegoen unguendu beltz batez igurtzi zituen bortz makila eta bizi alegerako hiru neskek bana paratu zuten hanken artean eta beraien gainean jarri ziren zaldi baten gainean bezalaxe. Bergauza egin arazi zion Demisellek Beauforteko jaunari. Behatzarekin olioztatu zizkion eskunabak eta, tupustean, Colartek hegaka senditu zuen bere burua gaueko aidean barna lau emaztekiekin. Bada hanken artean zeukan makila olioztatu hark zaldi ibildari bat hegalaldi isilean iduri baitzion, eta bere esku unguenduz gantzutuak hego moduko erpeak zituzten mintzak begitantzen baitzitzaizkion.

        Arras hiri gainetik hegaldatzen ari zirenean galdeak egiten hasi zitzaien hiru neskei Colart jauna. Handik legoa batera, landa erdian dagoen Mofflaines-eko oihanera, beren nagusiarekin biltzera zihoaztela erran zioten. Irri egin zuen Vergenesek aidean burua astintzen zuela.

        Eskas argitutako oihaneko garbiune batetan pausatu ziren. Daldaraka ari ziren hostaiak. Bazen mahai bat ikaragarri luzea zeinaren muturra oihanean, iturri gora batzuren ondoan galtzen baitzen. Bete-betea zegoen haragi gorria, zuria eta ehizakoak, zikirolaurdenak, idi-saiheskiak, antzume-hankak eta basurdeburuekin. Hegaztiak, koipez beteak larru finaren azpian, metaka pilatuta zeuden, eta antzara lodi batzu, burduntzian sartuak, gauza guzien gainean zeuden ezarririk. Erratz-belarrez eta ur-azukaredun zuku mehe batez gaintzen ziren salda-ontziak. Urregorria eta urrezuriaren antzera dirdiratzen ziren azpilak pudinak, loriazko pastelak eta zartagin-fruituen azpitik. Kea zerien pitxerrei ardo beroaz bete-beteak, eta baziren pitxerrak ezti-ur errubio bisdunarekin ere. Mahai osoan, begiek ikus ahala, emakume biluziak zeuden etzinik, oin-orpoak kristaleria eta esmaltea eta zur bandatuzko katxarroen artean jarritako arraultzantzeko kikaretan sarturik zeuzkatela. Ororen erdian, emakume eta jan-edatekoen artean jarririk, gaitzeko zakur beltz bat altxatzen zen hankak bereizita eta bere ahutz odolkoiak hilargiari ahausika ari.

        Ahausi bat bota zion zakurrak Demiselleri, eta Colart ikaratu zen Belotte eta Balncimette artean, Vergensenek biluztuta mahai aldera joan eta gaitzeko zakurraren mustur goibelak munkatu baitzituen. Jaunari iduritu zitzaion eze zakurrak, erantzun gisa, zintzurrean ausiki ziola flamendartsari, triangulo gorri bat uzten ziolarik, suaz markatua bailuten. Guziarekin ere, Belotte eta Blancminette artean paratu zen Colart eta hauek likore bero bat eta tinta gustukoa edan arazi zioten itxura bakaneko baso batetan. Berehalakoan ikusi zuen eze, tximino berde bat zela zakur beltz bat iduritua zitzaiona; tximinoa kokoriko jarria zegoen eta buztana zigor itxurakoa, matalhezurra ikaragarria eta suzko begiak zituen. Hankan mun egitera joan zitzaizkion zenbait gomitatu eta hark hatzaparra aho inguruan hiltzatzen zien. Jende hau guzia ezagutu zuen Colart de Beaufort-ek haien artean: Jehanne de Auvergne Arraseko etorki handiko andere bat, Huguet Camery Paternoster izengoitiaz ezagun zen barber bat, Jehan Le Fevre korrejidore nagusia, eta hiriko bertze zenbait korrejidore, jaun, eskribau eta notable gehiago, eta baita hirurogei urteko pintore bat, bizar zurikoa eta bere adiskide handia zena.

        Txoil estimatua bide zen bilgura hartan pintore zaharra; abate Peu-de-sens deitzen zuten bertzeek, eta buruko-oihala erauntzitzen zuen hark ezker-eskuinka salutatuaz. Mintzo ederrekoa zenaz geroz, hitzaldi zenbait eta balada gordin xamar eder batzu, hauetarik bano Ama Birjinaren alabantzetan, erran zituen; Ama Birjinarena burutatu ondoan buruhas jarri eta hauxe erran zuen: «Ez dadila haserra neure jaun eta jabea». Irria sorrarazi zion azken honek Vergenseni eta tximino berdeak biloetatik tira egin zion txanoaren petik.

        Colart jaunarengana hurbildu zen abate Peu-de-sens, debotoki salutatu «jaun ederra» ziotsala, eta nagusiagana, gorazarre egin ziezaion eraman nahi zuela erran zion, baina bidean ttu egiteko manatu zion. Hari jarraikiaz, beldurrak zihoan Colart, bada gurutzefika luze bat bazen lurrean zeinean gomitatuek oinak paratu baitzituzten eta berari lohitzea agindu baitzioten. Tximino berdearen aitzinerat joan zen ondoren eta okerrik zebilela oharteman zuen ikusiz-eta egiaren errateko, tximino berdea oin arrailduak zituen aker bat zela eta soil-soila bere buztan luzean bazituela tximino baten antzak. Abate Peu-de-sens-ek bi kriseilu irazeki paratu zizkion eskuetan eta belauniko joan zedin akerraren ipurdian mun egitera erran zion, huraxe bai omen zen-eta hari gorazarre egiteko moldea. Colart bere bi kriseilu irazekiekin zihoala, oihu egin zuten ezkerreko zaldiko guziek: «Gorazarrea, gorazarrea!» eta eskuineko zaldiko guziek oihukatu zuten: «Geure nagusia, geure nagusia!» Bihurtu zen akerra eta obeditu zuen Colart-ek ahoa sutan eta kea zeriolakoan.

        Hau eginda, ezker aldeko eta eskuin aldeko zaldikoei hots egin zien akerrak eta Colarten alabantzak egin zituen bere fedeagatik; abatek ondoren bertze berri batzu, nor bere kriseiluarekin, eraman zituen. Beaufort-eko jaunak egina zuen bezala akerra munka zezaten haiek ere. Gero, jaten eta edaten hasi ziren denak, emakume biluzien eta salmoak erraten ari zen abatearen ondoan. Haize ufada hotz bat altxatu zuen bet-betan eta zerua uher jarri zen hostoen artean. Zaldikoek erratzak hanken artean ezarri zituzten eta berriz ere atzeman zuen bere burua hegaka goizeko aidean barna Colart jaunak. Demiselle aienatu zen lehenik, Belotte eta Blancminette gero, baina Vergensen akerrarekin geratu zen Mofflaines-eko oihanean.

        Gauza hauk guziak aitortu zituen Colart-ek, Beaufort-eko jaun eta zaldunak, Arras-eko obispoak tormentua eman arazi ziolarik bere kalabozoetan. Demiselle, Belotte eta Blancminette, bizi alegerako neskak, abate Peu-de-sens bezala ere, lehenagotik izan ziren laikoen justiziara entregatuak. Deabruaren aurpegia sugarren artean pintaturik zeukan mitra banarekin koroatu zituzten, eta urkamendietan erreak izan ziren, nahiz-eta abate Peu-de-sensek mihia haizto batez moztua zuen torturatua izatean ahoak ez zezan hitzik jaulk. Akelarrean zamalkatuz bidanabar irri egiten zuen bilo horailetako flamendar neskaz bezanbatean, inork ere ez zuen aurkitzerik izan eta sekula ere aboro ez zuen Colart-ek ikusi. Ez baitzuten Beaufort-eko jauna erre. Borgona-ko dukeak bere heraldo faboritoa igorri zuen Bruselas-etik, Toison d'or alegia, haren aitormena entzun zezan. Toison d'or delakoak barkazioa eskatu zion harendako eliz-justiziari. Colart de Beaufort deabruaren aurpegia pintatua zeukan mitrarekin koroatu eta «BONNELA» deitzen zuten Arras-eko obispoaren kartujetako batean hertsi zuten zazpi urtez ogi eta urez bizitzera.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia