BLANCHE, NESKATO ODOLZALEA
Paul Margueritte-ri
Guillaume de Flavy, gerlaz eta politikaz aspertu zenean, bere ondasunak handitu eta andrea hartu nahi ukan zuen. Gizon luze eta azkarra zen, lodia bizkarrez, bular handitakoa eta arras ilezua; bi eskuak gainean ezartzen zizkiela, lurreraino makurrarazten ahal zituen bi zaldun harmatu. Hazpantarrak jauntzi eta hura bera joaten zen glebako jopuenganaino ildoen gainean okerturik zeuden gizon zoldazuen bizkarrean bere esku lodiarekin jo egitera. Aurpegia koadroa eta gorria zuen bere bur-muinetan etengabe taupadaka ari zen odola zela-ta, eta haragien hezurrek karrask egiten zuten bere matalhezurren artean.
Egun batez, bere soro-alorren mugetatik zaldiz zihoala, Reimsetik hurbil, Robert d'Ovrebreuc-en eremuak begiztatu zituen. Zalditik jautsi eta etxeko sala handira sartu zen. Etxeko hormen parean lerrokaturikako kutxek, zabalak eta gizabanako baten gordetzeko aski handiak, itxura zaputza zuten, mahaia herren zegoen, sutondoko burdinak herdoilduak eta bi hatzbete koipez estalia ageri zen burduntzia. Han-hemenka ikusten ziren zapatagin-mandarra bat, eztenak eta mailu lauak. Gizon bat zegoen zoko batean zangoak gurutzatuta eta orratza zerabilkiela ehun arruntezko alkondara batean. Baina bazen neskato bat ere, kokoriko supazterreko harrien gainean, begiak bere baitan bildurik eta urrezko biloak aurpegi zurbilaren inguruan; Gillaume de Flavy alderat itzulia zuen burua orai neskatoak. Hamar urte zitukeen, bularra leun, gorputzaren beso-hankak minbera, eskuak txiker; bere ahora, odolezko arrastada bat bailitzen aurpegian dibujatua, emakume batena zen.
Blanche de Ovrebreuc zen; etorki-legez Acy-ko bizkunte bilakatu berria zen bere aita egun guti batzu lehenago. Bizkarra borobildua zuen hark, luzea bizarra, eskuak soilki erremintetarako trebe; bere menpeko feudoetaz pentsatzen zuenean gauza lanjeros baten erabilten duenaren itxura harritu eta urduria hartzen ohi zuen. Jacques de Bethune ingles ezkutaria, Luxemburgoko banderapean zerbitzatzen zuena, etorria zen neskatoaren eskua eske, eta aitak, kolokan, ez zekien zerbait hobeagoren zain gelditu ala ez. Hirurehun mila ezkututan grabatuak ziren etxaldeko ler-eremuak; leheneko Acy-ko bizkunteak bertze hamar mila gehiago zor zituen bere aldetik; inglesek edo luxemburgesek hartuko zuketen bere gain beharbada zorren kitatzea.
Baina Guillaume de Flavyk eraman zuen Blanche ttipinoa. Lureremuen gordetzekoz zorrak ordaindu zituen eta ezkontza xuri batez esposatu zen berarekin hitz ematen zuela hirur urte pasatu artean ez zuela ezkontzea bururatuko. Honelaxe jabetu zen agerre gaitzeko gizon hau Acy-ko feudoetaz eta izaki minbera, basa eta haurkoi hartaz. Hirur hilabete geroago, kateme eri bat bezala, bekainak zimur eta begiak inongo ñabardurarik gabe, ibiltzen zen harat-hunat Blanche ttipia gaztelutik, Guillaume de Flavy-rekilako espos-hartze gordinak ezagutuak baitzituen.
Deus ere ez zuen berak konprenitzen ez eta konprenitu ahal ere. Arras diferentea zen adinean eta hezkuntz aldetik ere. Bere barberarekin bezain gogorra zen gizona neskatoarekin. Mahaian jarririk zegoenean, eskuaren ateekaldeagaz garbitzen ohi zuen ahoa eta sobratzen zitzaizkion jakiak barber zerbizalearen aurpegirat urtikitzen ohi zituen. Oihu eta maldizioka aritzen zen geldigabe eta berak eramaten zuen zuzenean bere jan-edatekoen afera. Azpilak beraren aitzinean paratzen zituen mahaiaren bi aldetan uzten zituela Blancheren aitamak. Blancheren amak burua daldaran zuen jadeneko eta bere hezurrak gorputz guzitik nabarmentzen zitzaizkion anguloski; gaizki baino gaizkiago bizitu zen puska batez jan eta hitzik egin gabe, zahar eta ezinkonprenituzko gauzak erranki, harik eta ubel jarri eta hil zen artio. Pozoina hartu balu bezala erori zen aita eta edanez geroztik akta batzu sinatu zituen Flavy-rentzat; bere lurraldeak, zorrez kargatuak, abandonatuak zituen eta kantuz igurtzitzen zituen bere eskuak, pozik bere bizi guziko errentarekin. Baina nola jadanik ez baitzuen jaten dirua ukitu nahi ukan zuen, indarge egin zuen oihu izitutako haur gaixo baten antzera eta plegu bat egin zuen erregerentzat bere kejekin eskritura daldaratiagaz. Txiripaz harrapatu zituen Guillaumek paper horiek, aiene egin zuen agureak, hobipean hertsi zuten otseinek eta, hilabete bat geroago, eguzkira atera zutenean, hilotz idor bat, arratoiek punta marraskatua zuten zapata batean hortzak sartuta aurkitu zuten.
Ikaragarri jantzale bihurtu zen Blanche ttipia. Gozokiak jaten zituen enpo egon arte eta pastel eta kremez beteta egoten zen beti bere aho odolezkoa. Mahai gainera makurrua, begiak jatekoetatik gertu, azkar-azkar irensten zuen dena begirakune garden itzalgabeko batekin; ardo, gorri zein beltz, zurrutaldi luzeak edaten zituen, gero burua aterantz jarri eta hatsegin-uholde bat nabaritzen zitzaion aurpegitik pasatzen; ahoa zabaltzen zuen oso-osorik eta godaleta bat ardo botatzen zuen barrura, edan gabe gordetzen zuen masailak puztuta, eta gero, iturri bizi bat bailitzen zipriztintzen zuen gomitatuen aurpegirat. Aldo-maldoka jaikitzen zen apairuaz geroztik eta, hordirik, paretaren kontra jartzen zen zutik gizon bat bezala.
Aurbandac-eko bastartari gustatu zitzaizkion Blancheren eiteak. Gizon beltzarro eta gaiztoa zen jaun hau, eta bere bekainak lerro bakar batez biltzen ziren sudur gainean. Maiz joaten zen Flavyren etxera. Bere ahaidea zen eta irrika bizian zegoen haren lur eremuez noiz jabetuko zain. Nola gizon lerdena, nerbiosoa, altzairuzko orkatilak eta ukabil indartsuetakoa zenez, aldarte maltzurrez behatzen ohi zion Guillaumeren gorputz astunari. Baina ez zen beldurtu Blanche ttipia. Bastarta orduan eztiki hasi zitzaion bere jazkietaz mintzatzen, harriturik oraindio ere bere ezkonteguneko arropaz jauntzirik ikusteaz (harrezkeroztik aise kozkortua zela erran zion) eta Malinasko, eskarlata edo lepahorizko soinekoak larruz forratuak, mahuka handiekin eta txano bat buruan zeinaren ttuntturro luzetik lurreraino erortzen zen zeta gorri edo berdezko zapi bat zintzilik baitzen, honelaxeko jauntzi ederrak beztitzen zituzten burges-neskatilak erakutsi zizkion. Panpina batendako jazki bati buruz mintza balekio bezala entzuten zuen Blanchek.
Aurbandaceko bastartak jokoari jarraitu zion basoa eskuan, edan eta irri egin arazi zion eta gozokiak eskaini; halako moldez trufatu zen bere senarraz, eze neskatoak urez betetako gurmarka batean hegoak astinduz igerian dabilen xori bat iduri zipriztintzen baitzuen ardoa.
Barberak, zeinaren aurpegiak axuri-hezur-arrastoak baitzituen, bien artera makurtu eta bere burua bastartarenarekin juntatu zuen. Konplot bat tramatu zuten elkarrekin gazteluaz jabetzeko eta erabaki zuten gaztelua bastartarendako izanen zela, eta Karen anderea, bere lanotasuna zela-ta, bien eskumenean egonen zela ardandegiko eta jakitegiko giltzen kargua eraman ezkero behinik behin.
Arratsalde batean, atalarriarekin oztopatu zen Guillaume de Flavy eta kolpe bat hartu zuen aurpegian, masaila eta sudurra idekitzen zizkion zauri bat eginez. Oihu egin zuen barberari deitzeko eta is berehalakoan etorri zen berau usain berezi bat zerien mihise batzurekin. Puztu zen Guillaumeren aurpegia gauaz, larrua zuri eta laxo jarri zitzaion zerrenda ilunagoekin, bere begi jauzkariak nigarrez ari ziren geldi ezinean eta haragi martirizatuen itxura inguingarria hartu zuen zauriak.
Besaulki batetan egon zen goiz osoan, minez intzirika; hain izitua bide zegoen Blanche ttipia, eze edateaz ere atzendu baitzen eta Guillaumeri beha zegoen ganbarako bertze muturretik bere begi gardenekin, ahoa, gorri-gorria, eztiki higitzen zuen bitartean.
Bastoigne ezkutariak lagundurik Guillaume etzitera igan bezain laster, milaka arroitu mehe aditu ziren gazteluan. Beharria erne zegoen Blanche ateari itsasita eta eri bat ezpainetan. Mailazko koten jo-hots meheak aditzen ziren, harma-ukaldi erlatsak, hirrinka ari zen borta handiaren isil-atea eta kirrinka bakan-arraro bat heldu zen bailatik. Farol-distirak pasatzen ziren behin eta berriz. Hala eta ere, haragi-zatiak orainik prestik zeuden sala handian, erretxinazko tortxak irazekirik zeuden gar zutaz. eta alde baretik goiti altxatzen zen keadar luze batekin.
Astiro-astiro igan zen Blanche, bere neskato pausoarekin, senarraren ganbararat. Aurpegia gora zegoen hau etzinik, aurpegi hantua mihisez inguraturik eta goiko gapirioen aldera begira. Blanche oheratzera zihoanez, Bastoigne irten egin zen handik. Izan ere, neska ohean sar eta besoan hartu zuen buru iguingarri hori ferekatzeko gisa. Hats-handitua zuen Guillaumek. Blanche ttipia, orduan haren gainean jarri zen burkoa hartu, gogor eutsi zion aurpegi mihiseztatuaren gainean eta komunzki hertsirik egoten zen ohe gaineko lehiatila bat zabaldu zuen.
Handixe agertu zen bastartaren buru beltza haraino kasu handiz iganez geroztik. Jauzi batez belauniko jarri zen Guillaumeren petxo gainean eta bizpahiru sastakada eman zion buruan berekin zekarren kana arrainduarekin. Izaren artetik jalgi zen gizona eta heiagora lotsagarri bat ilki zen bere aho puztutik. Lastairaren azpitik irten zen barbera eta Bastoigne ezkutariari heldu zion gorputz erditik atea zabaltzen ari zenean; gerrian zeraman daga batekin lepoa moztu zion bastartak Guillaumeri. Zuzen jarri zen gorputza eta lurrera jausi zen Blanche ttipia berekin arrastatzen zuela. Lurrean gelditu zen Blanche etzinik hilotz beroaren gaineqn eta lepotik zerion odol epela errezibituaz; azken hatsa eman hurrean zegoen bere senarraren pean harrapaturik gelditua zen bere soinekoa eta ez zen behar bezain indartsua handik ateratzeko.
Barberak, sotilki, Blanche ttipiari altxatzen lagundu zion bastarta lehiorat urtikitzen zen bitartean; eta nola Blanche d'Ovrebreuc, Acy-ko bizkuntesa, erlijiozalea baitzen, bere ahoa eta senarraren aurpegia garbitu zituen Picardiako txanoarekin, aurpegi puztuaren gainean paratu zion eta hiru PATER eta AVE bat erran zituen bere haur bozarekin olo kutxen bila zebiltzan Aurbandac-eko bastartaren gizonek botatzen zituzten oihuen artean.