TXILIBISTA
Rachilde-ri
Hagitz urrun igorri gintuen ekaitzaldiak kurritzen ohi genituen kostaldeetatik. Egun goibel eta luzeetan barrena, aurrera egin zuen gure untziak, brankaren erasiaka, aparrez koroaturikako ur berdezko oldeetan what. Itsasorat hurbildu nahi bide zuen zeru goibelak buru gainetik, marka ubel batez inguratua zegoen hodeiertz hutsa eta itzalak iduri gindabiltzan gu harat-hunat untziko zubian. Kriseiluak zintzilik zeuden belazurrun bakotxetik eta hairs ugariak irristatzen ziren euri-xortak beraien beirakietatik etengabe, apenas ematen baitzuten argirik. Gibelaldean, gorri heze eta garden batekin diztatzen zuten lemazainaren kabinako idibegiek. Iluntasunezko semizirkuluak ziren kofak eta bela zurbilduak agertzen ziren goiko ilunbean haizearen enbata bakotxarekin. Batzutan, linternek, kulunkak hasten zirelarik, kobrezko dirdirapenak isladatzen zituzten kanoinak estaltzen zituzten lona ezkoztuen gaineko istiletan.
Haizearen laguntasunagaz ari ginen aitzinat geure azkeneko harrapakinaz geroztik. Kareletik zintzilik ageri ziren oraino abordaiako gakoak era zeruko urak, xirristatu-ta, gudukaren hondar guziak garbitu eta pilatu zituen. Orainik etzinik zeuden nahaspila ederrean mihisez beztitu gorpuak metalezko botoiekin, hala nola haizkorak, txulubitak, kate eta soka puskak burdinagen ondoan; esku zurailek estuki heltzen zieten oraindio pistolen kulatei eta ezpaten eskutokiei; ametrailatutako aurpegiak, eurijazkiez erdi tapatuak, kordokan zebiltzan untziaren maniobretan eta urez blai egindako bildakoen artean behar genuen ibili.
Untzia ordenan jartzeko gogoa kendu zigun urakan beldurgarriak. Zain ginauden eguna noiz argituko geure lagun hilak bate eta beuren petateetan josteko. Rumaz kargaturik zihoan harrapatutako azken untzia. Upela batzu lotu genituen aitzin eta gibeleko masten oinetan, eta guretako aunitzek, haiei inguruan heldu-ta, beren godalet edo ahoak hedatzen zituzten zurrunga bustitsuen artean untziaren burukada bakotzarekin bateo isurtzen ziren txorrotada ilunetarat.
Ipar-orratzak gezur erraten ez bazigun, untzia hegoalderat zoaien, baina goibeltasunak eta zeruertz ilunak ez ziguten inongo erreferentzipunturik ematen itsaskarta aztertzeko. Batzutan gai batzu ikusi uste genituen sartaldetik, hondartza zurailak besteetan; baina ez ginakigun gain horiek mendiak ala erroitzeak zirenentz, ezta hondartzetako zurbila, itsaso ubela uhaitzen kontra zartaka ote zitekeen.
Halako batean, euri mehetik barrena su batzu gorri lainuzkoak atzeman genituen eta kapitainak lemazainari oihu egin zion haiei itzuri egiteko. Baginakien seinalatuak eta pertsegituak ginela, eta su horiek beharbada, «su-untziak» izanen ziren. Bertzelakoan, kostalde zakar haien ondoan beraiek ikusiak izan gabe nagigatzen egonez gero, «kostalapurren» untzien seinale traidoreen beldurrak behar genukeen egon. [1]
Itsasoa ibiltzen duen ur beroaren lasterra iragan genuen, eta denbora batekotz ur-zipriztinaldiak bero bihurtu ziren. Ondoren ezezagunean amildu ginen berriro. Kapitainak lerrokatu erazi gintuen orduan, ez-jakinki geroak deparatzen ziguna. Gauaren erdian, gure tropa guzia bildu zen oihal baten azpian, zenbait lagunek linternak atxikitzen zituzteno; Ekipoko Kapitainak taldeka banatu gintuen eta ohapeko hitz beldurgarriak aditu ziren. Bat-bederak gure espedizioko egoki zitzaion botinaren partea errezibitu zuen nol jauntzietan hala probisioetan, hau da urregorria, urrezuria eta untzi sakaiatuetako gizonkien zein emaztekien lepo esku eta sakeletan aurkitu harri bitxiak oro.
Ondorean lerrokak hautsarazi zizkiguten eta isilean bereizi ginen. Banazioa ez zen komunzki horrela egiten, baina gure gordelekutik hurbilen uhartenoan, espedizioa bururatuta ondoan, untzia aberastasunez gainezka zegoela eta juramentuak eta odolezko aharraldien artean. Lehen aldikotz egin genuen batere labankadarik eta pistola-tirorik gabe.
Banazioa egin-ta ondoan, zerua argituz joan zen astiro-astiro eta iluntasuna zabaltzen hasi zen. Lehenik hodeiak barreiatu ziren eta behelainoa urratu; ondoren, zeruertzeko hesi ubela hori dirdiragarriago batez tindatu zen eta itsasoa kolore argixeago batekin hasi zen gauzak isladatzen. Orbain argitsu batek iruzkia non zen zigun erakutsi eta urrunerat errainuak hedatu ziren abaniko baten antzo. Uhainak laranja, more eta purpurazko ziren bihurtu eta gizonek alegrantziaz ujuka ziren hasi, urazalean algak igerika ikusiak zituztelakotz.
Besarkada astun batekin jausi zen ilunabarra eta hegoaldeko itsasoetan gaindi iratzari gintuen goizeko argi zuri eta zurbilak. Begiek min ematen ziguten zuritasun bero hari ohitu gabe zeudelakotz eta begiraileak erran zuelarik: «Lurra gure aurrean», harrapataka joan ginen karelerat ezer ere ikusi barik. Ordu bat geroago, zerua urdina zegoela, lerro ilun bat aparrez orlatua ikusi genuen itsasoaren hondarrean.
Harantz abiatu ginen. Xori zuri eta gorriak hegaldatzen ari ziren untzia igurtzika. Zurak, kolore guzietakoak, zerakarzkiten uhainek. Puntu higikor bat agertu zen gero. Zurrigorria ematen zuen itsaso opakoaren erdian eguzki goriaren pean, eta hurreratu zitzaigularik, kanoa edo piragoa bat zela ikusi genuen. Txalupak ez zeukan belarik eta arraunik gabe zegoen antza.
Hala eta guztiz ere, zuzen-zuzen zetorren gureganat, eta hots egiten genuen arren ezer ere ez zen bertan ageri. Aurrera joan arau, haize leunaren hegaletan zetorkigun soinu bare eta ezti bat entzuten genuen soil-soila, eta hain ondo modulatua zegoen, non ez baitzen nahasten itsasoren auhenekin edo gure beletako soka tinkatuen bibrazioarekin. Soinuak, tristura bare batekoa, untziaren bi alboetara erakarri zituen gure untzikide guziak eta jakin minez beterik begiratu genion piragoari.
Brankako gaztelua ausikika ari zitzaiolarik uhain handi baten zolari argitu zen untzi ttiki haren misterioa. Zur koloreztatukoa zen; jitoan joanak bide zeuden arraunak eta agure bat zegoen barruan etzinda, oin biluzi bat lemazurruman, pausatua zeukala. Aurpegi guzia inguratzen zioten bere bizarra eta ile zuriek. Arroparik batere ez zeraman salbu-eta arraiatako tunika bat hegalak beraren gainean tolesturik zeuzkana, eta bi eskuekin sostengatzen zuen txilibista bat jotzen ari zen.
Agurearen indiferentzia osoarekin lotu genuen bere piragoa; begiak hustuak bezala zituen eta itsua zatekeen. Oso zaharra behar zuen izan, larru pean nabarmentzen baitzitzaizkion besohanken zaintxuriak. Zubiraino goratu eta lona alkitranatu baten gainean etzin genuen masta nagusiaren oinean.
Une hartan, txilibista eskuagaz ahoan atxikitzen zuela beti, beso bat luzatu eta bere inguruan erabili zuen hazta-maztaka.
Eguzkitara bero goxoan zeuden harma, gabiko eta hilotzen nahaspilaren gainean ezarri zuen eskua, haizkoren ahotik pasatu zituen eriak eta aurpegietako haragi martirizatua haztatu zuen. Eskua lekutu zuen handik gero begi zurbil eta hustuekin, eta aurpegia zeru alderat itzulita, fu eman zion txilibistari.
Zuri eta beltza zen txilibista eta, guretako soinatzen hasi bezain laster, marfilez pikardaturikako ebano leundozko xori baten antzak hartu genizkion.
Apal eta minbera, daldartia, agureak behiala izan zukeen boza bezalakoa, izan zen lehenengo soinua, eta iragan-denbora sartu zen gure bihotzetan, gure amatxiak izan ziren andere xaharren eta haurrak gineneko lañotasuna-aroaren oroitzapena. Oraiko aldia osotara ostendu zen gure ingurunetik, irrino batekin higitzen genuen burua, jostailuak erabili nahi zituzten gure behatzek eta haur-musuak emateko bezala edo, erdizka hitsita zeuden gure ezpainak.
Aise handiagoa egin zen gero txilibistaren soinua eta grina burrunbatsu baten oihu bat bezala bihurtu zen. Gauza hori eta gorriak, haragiaren kolorea, urrearena eta odolarena pasatu ziren gure begien aurretik. Pozaz gainezka jarri ziren gure begiak denok batean erantzun nahian eta gure buruetan krimen-bizira bultzatuak izan ginen egunetako eromena hasi zen iraulka. Oraino handiagoa egin zen txilibistaren soinua harik eta ekaitzaldietako boz ozena, haizearen deia uhainekin buruz-buru jotzen duenean, untzi-kasko leherrarazien burrunbara, lepoa moztu zaien gizonen heiagora latza, abordaiara sablea hortzetan doatzilarik gedarrez beltzaturikako aurpegien beldur-ikara, burdinagen kexua eta hondatzera dihoaztenean untzien kaskoek egiten duten airezko eztanda bihurtu zen arte. Isilean entzuten ari ginen, murgilduta geure biziaren barrunbeetan.
Haur-nigar bat bihurtu zen bet-betan txilibistaren hotsa eta mundura etortzen ari diren umeen intziria aditu zen, oihu bat hainen minbera eta hunkigarria eze lotsa-orroe bat jalgi baitzen gu guzion eztarrietatik. Bada, une hartantxe, begiak geroari zabalduta, ginauzkala, jadanik ezin eskura genezakeen eta etengabean suntsitzen ari genuena baiginakusan: esperantzaren heriotzea itsasoko nora-ezeko ibildariendako eta betikotz ezabatu araziak genituen etorkizuneko biziak. Guhaurk ere, emazterik gabe, erailketaz gorrituak eta urrean itoak, behin ere ez giniroke jaioberrien ahotsik entzun zeren-eta uhainen amaigabeko kulunkara baiginen kondenatuak, dela zubia dantzan aritzen denean gure inguruan, dela gure burua, bonete beltz batekin estalia, belazurruna baten sokan dantzan hasten delarik; gure bizi galduak berririk sortzeko esperantzarik gabe.
«Hala Heriotzea» egotzi zuen Hubert ekipoaren kapitainak, eta zuriz pikardatutako ebanozko xoria kendu zion agureari. Hil zen soinua eta itsasora bota zuen Hubertek txilibista. Ikaratu ziren gizon zaharraren begi hutsak eta gogor jarri ziren bere beso eta hanka higatuak ezer ere aditu ahal izateke. Hotzik zegoen jadeneko ikutu genuenean.
Ez dakiket itsasoarena izanen ote zen gizon arraro hura, baina bertara iritsi orduko, bere txilibistarekin bat egitea igorri genuelarik, hondatu eta aienatu zen bere tunika eta piragoarekin bateo; eta sekulan ere ez zen gure beharrietaraino ailegatu haur jaio berri baten nigarra ez lehorrean ez itsasoan ere.
[1] Itsasbazterretan ibiltzen diren untzi ttikiak
piraterian ari edo naufragioetan galdu gauzak biltzen.