ORGA
Octave Mirbeau-ri
Ulertzen al duk? xuxurlatu zion Charlot-ek bere lagunari, zeinaren burua bet-betan agertua baitzen orgako endaitzaren ondoan. Labana koadratu bat bezala diztatzen ari zen ointokia. Ehundaka beso luzatzen ari bide zituzten bide bazterreko sastraka beltzek. Haize bolada batek linterna emetatu zuen.
Zeinek egin dik hori? erran zuen gizonak boz apal eta presatiaz. Aditzen al didak, Charlot? Zergatik itzali duk? Ez diat gehiago ikusten gauza distirante hori...
Hator, hator hemendik! Zer duk mutikoa? Eskua hedatu zion Charlot-ek eta arrodatik goiti igan zen gizona.
Bahago jadeneko erran zion. Zaldi ondoan niagok.
Ezar ezak gu bion artean, aulkian; segur egonen duk hola. Oihurik egin al ditek?
Kirrinka egin zuen ardatzak, soinu egin zuten aberearen kaskoek eta zaldiaren lepoko eta txalmatik zintzilik zeuden txintxarrien hotsa aditu zen.
Hori ez erran zuen gizonak. Ene Jainkoa! Zergatik ez dituk txintxarriak kendu? Gauean entzuten dituk. Ezin jasana diat arroitu hori. Aski duk orga ondoan paratua dukan labana.
Zer labana? erran zuen Charlot-ek. Hilargiak egiten dik hori ointokian. Errak, ba al ziteian zaharrek kobratzera joanen ote ginen susmorik?
Behin ere ez ditiat holan ikusi. Zerritegi batean bezala zebiltzan lasterka alde batetik bertzerat. Lau leihoetatik agertzen zituian eta zerri-musturrak iduri ziteian goi-leihoetatik. Gaueko kapelu bat zeramakian agureak eta musturrean erortzen zitzaizkioian atsoari kalparrak. Daldaraz zeudeian eta ahotsa ezin goratuz zebiltzaian. Marmariorik ere ez ziteian egiten. Bapatean sartu naizenean ferietan kaiola barruan erakusten diren eta beren begi gorriak irabiatzen dituzten halako arratoi zuriak iduri-iduriak zituian. Ganbarako txokoetatik barrena zebiltzan bizkarrezurra konkortuaz.
Eta txanponen txilin-txilina aditu dutelarik?
Ez ditiat aise atzeman. Ai, mutikoa! Oso ondo altxatuak zeudeian. Hirurehun da berrogeita hamar pila alkondara bazituian apalenaz ere gainean. Hiretako zirela erran zieat, hirea dena... untziratzeko behar genituela, urre gorrian eta bilete berdeetan itzuliko hizkiekeela han ganaduarekin errekuperatu bezain laster... Kontu guziak... Elkarren ondoan jartzen zizkiaten orduan beren aurpegi mixerableak: «Ezin dugu erraten ziteian, ez, ezin dugu». Animalia izituen antzera itsasten zituian paretei.
Bero izan ote duk ene xokoekin? Ein? Hots handia aterako huen oinekin eta ez ziteian etxera sartzen utziko. Beti jartzen nitian nik.
Bai gizona, bai! eta hedatu zituen hankak jarleku azpian barreatua zegoen lasto moltzo gainetik.
Ez al ditek deus erran alde egin dukalarik?
Charlot! zergatik egiten ote duk hori? Kentzak hemendik labana hori; hotza ematen dik...
Hilargiak egiten dik hori ointokian, berriro erraten diat, alua!
Hesietako itzalpetik irten zen orga. Leun-leuna zihoan bidea hilargi zuri eta urdinaren pean. Haizea ari zuen goitik eta lain arre batzu pasatzen ziren azkar zerutik.
Lo egiten hasi zen gizona eta hari begiratu zion Charlot-et uhalak eraman bitartean. Bularraren kontra jauzika zebilkion burua putzu guzietan. Eskuinarekin oratua zuen jarlekua eta beroni lotzen zitzaion.
Daldaraka zihoan orga eta gizonak ez zuen jadeneko entzuten txintxarrien soinu mingotsa. Lainoren pare-paretik kurritzen ari zen zaldia. Lertxun luze grisak baziren, erdi urperatuak zeuden belardi dirdiragarri xamar batzutan bainatzen zirenak. Itotzear dagoen gizon baten behatzak iduri, adar bereiziak sortuak ziren haritz ebakien motzondoetan. Biluzik eta zauri-kolpe zuriekin ageri ziren urkiak. Zirraratu egiten ziren belar-zerrenda meheak ipular ikaratien xorta bat higiaraziaz muturretan.
Haizea atertu zuen gero eta mendebal aldetik juntatu ziren lainoak. Kexatu ziren lertxun makurtuak. Mihura-ondoen xuxurmintzoa aditzen zen haritzen enborren gainean. Txaplastagarria bihurtu zen soro urperatuen ura eta urduri kulunkatu ziren belarrak, hark arrastatuak. Haize bolada bat iragan zen organ barreatutako lasto izpien artetik eta laztu egin ziren zaldiaren grinileak. Txintxarriez beterikako lepokoa iharrausi zuen zaldiak. Zeiharretarat eta altzairua iduri bota zuen euria.
Isilean jasan zuen Charlot-ek. Bere kasketatik beheiti jausten ziren ur-tantak eta lerro heze luzeak isurki zitzaizkion kokotsetik. Besagainak busti zitzaizkiolarik daldara bortitz bat senditu zuen bizkarretik zehar eta hitz egin beharra izan zuen.
Zer? erran zuen gizonak. Ez dik oraindik argitu. Astia badiagu.
Ortots euria ari dik erantzun zuen Charlot-ek. Gaueko ortots euri bat. Gehiago ere izanen diagu holakorik Ameriketara iritsi baino lehen.
Ondo erran zuen gizonak. Eta zer? Utzidak to egiten. Ezin diat nik ekin zuen beriz Charlot-ek. Jende txarra izan dituk betire zaharrak. Ai! Haietxek nahi izan ditek. Baina denbora askoan egonen gaituk oraindio untzi batean han leku bat bilatu aitzin. Zer jazotzen ote zaik? Aditzen al didak?
Badakik zer jazoten zaidan, Charlot. Dena erran diat ja. Aski duk. Lo egitera nihoak. Ezin diat gehiago.
Guziarekin ere erran zuen Charlot-ek, gaizki ari nauk hemen neure buruari tormentu ematen. Lehen ez ziteian deus, eta orain baditek oraino pittat. Bazekitek non gorde mixarableok. Miseriaz lehertzen egon nauk ni haiek alegrantziaz gizentzen zireno. Beraiei tokatu zaiek orai arrengura izatea.
Sortaldetik argitzen hasia zen zerua, eta bolada hotz batek harrotu zizkien arropak. Ubel jarri zen argia berehala. Urak menperatu eremuen gainean hedatzen ari zen behelainoa. Berun kolorekoa zen ura. Bere lagunaren aurpegia, hori eta urdinska masailetan eta begien azpian, painuelo bat lepoaren inguruan, ikusi zuen Charlot-ek. Eskua jarlekutik beherat pasatua zuen behatzmarkak utzirik. Marka gorri beltziska horiei begiratu zien Charlotek eta lotan zegoena iharrausi zuen.
Ei! Aski duk! erran zuen gizonak. Argitzen ari dik! Bagaudek? Zer nahi duk?
Hori erran zion Charlot-ek boz itoarekin. Odola ziagok zurajean.
Bai, kolpe bat hartuko nikean igotzean erran zuen gizonak hitzak ongi neurtuaz.
Behatzak! oihu egin zuen Charlot-ek. Behatz gorriak! Ez ote hitukeen...
Zer eginen ote huen hik? Oihurik egin ote duten galdetu didak. Bai, jendarmeria guzia iratzartzeko beste oihu egin ditek. Ez al huen diruarekin joan nahi? Tira, badaukak.
Ardo-hondarrez mantxatua balego bezala, euriaz txirriatuta zegoen bi gizonen artean hots egiten zuen zorro zuriak.
Gizonaren aurka urtiki zen Charlot, orgako uhalak laxatu zituen eta errepideraino kordokatu ziren biak. Gizonak, erdi eroria, ointokiari heldu eta birao bat egotzi zuen.
Ez duk hori dena erran zuen Charlot-ek. Non dituk ene xokiak edo etxe-zapatak?
Lastoan izanen dituk, horra erran zuen gizonak. Ikus dezagun, ea.
Bi aldeetatik miatu zuten, baina deusik ere ez zuten aurkitu. Daldara bizian zeuden Charlot-en masaila zuriak. Etxean utzi dituk! egin zuen oihu.
Ez nauk gogoratzen erran zuen gizonak. Erauntziko nituzkeen beharbada odolean txipli-txaplaka nindabilararik.
Zapatei so egin zien. Lerro gorriska batek bereizten zuen zapata-zola oinbularretik.
Ezagutuko naitek! oihu egin zuen Charlot-ek. Ganbaran utzi dituk ene xokiak!.
Gizonak ez zuen erantzun baina. Lur heze moltzo bat hartua zuen eta oin-puntak garbitzen ari zen. Itzulia eman zion Charlot-ek orgari eta oihu bat urtiki zuen:
Odola duk ointokian!
Borrero-aihotz bat ematen zuen ointoki distiranteak.
Gurmarka sakonaren gainean belaunikatu ziren biak argina barraren argi zurbilaren pean zaldiak kaskoekin zipriztintzen zitueno eta kaso handirekin igurtzi zuren burdina basarekin.