HERRIALDE URDINA

 

Oscar Wilde-ri

 

        Berriz ere ezin aurki nezakeen probintzi-hiri bat zen, zaharrak dira pika haundiko karrikak eta arbelaz jauntzirik daude etxeak. Zutoin eskulpituen paretik irristatzen da euria eta bere tantak leku berean eta soinu bera eginaz erortzen dira beti. Kolpeetatik babesteko bezala edo, hormetan sartu-sartuak daude leiho ttiki borobilak. Karrika estu-meharretan, huntza ateetan eta goroldioa hormen gainaldean dira ausardia apur bat erakusten duen gauza bakarra, bada huntzosto ilun eta distiragarriek hortzak aurreratzen baitituzte eta goroldioa kanpoko harri lodiak uztaitzera ausartzen baita bere ileguri horiagaz, dena den itzala bezain lurrungarri dira hango gizabanakoak.

        Badira han oraino argi-untzi gorriskak ataburuetatik zintzilik eta kandela meheak eztainuzko argitokietan, mixto azufrosoetako paketeak eta itzalpe eta hautsez betetako kristal ttikiak zeinen gibelean berde eta urdinak izaniko likoreak dauzkaten frasko ttipi batzuk lo egiten baitute. Mexana zimurtuak ikusten dira daldaraz leihoetako beirakietan eta haur aurpegi zurbilak eta kolorea galdutako panpin bat, zurezko abate bat edo pilota destindatu bat astintzen dituzten behatz minberak agertzen dira batzutan ere.

        Hantxe berean, neguko gau batez, arkupe ilun baten pean, eskuno hotz bat sartu zen enean eta honelaxe erran zuen emekiemeki haur boz batek nire beharrian: «Zatoz!» Maila daldarakorretako eskailera bat igan genuen; karakol baten gisa bueltak ematen zituen eta soka bat jarrita zegoen barandatako; hilargiaz hori zeuden leihoak eta kirrinka egiten zuen ate bakarti batek haizeak iharrausia. Eskumuturra estutu zidan eskuno hotzak.

        Ganbara batera sartu ginelarik kandela zaratatsu bat piztu zen eta botila batean izan zen ezarria. Gaizki uztarturik eta soka puska batez lotuak zeuden lau egurrez hetsita zegoen ganbara. Hamahirur urteko neskato bat zegoen nire aurrean, eskutik hartua; sorbaldaraino erortzen zitzaizkion bilo leun urre kolorekoak zituen eta pozarren dirdiratzen zeuden bere begi beltzak. Baina mehe eta ttipittoa zen eta goseak ematen duen tonua zuen bere larruak.

        — Maie izena dut —erran zuen eta, behatzaz sainalatzen ninduela—: Ez ote duzu beldurrik izan, monstruo izigarriori, eskutik hartu zaitudanean?

        Ganbararen inguru guzitik eramo ninduen gero: «Ola, ispilu pollita —erran zuen—, apurtu xamar zaude, baina ez du ajolarik. Oso lagun sotila da aurkezten dizudan hau. Ola, mahai itsusia, hiru hanka bertzerik ez duzu eta; itsusia zara, baina orobat maite zaitut. Ola, kantaroa, ahorik ez duzuna; ez dut hala ere hori oztopo izango zuri musu emateko zeure uretik edateko. Ola, ene etxea, sindikalki agurtzen zaitut: lagungoa badut gaur».

        Diru puska bat mahai gainean ipini nuela uste dut. Lepora bota zitzaidan Maie. «Nahi duzuia? —erran zidan—, ogi haundi bat, sei liberatakoa, bilatzera noatzu; izan ona kanpoan naizeno; bada inon imajinak dituen albun zahar bat».

        Berriz ere igan zen larrikiro, okotsa ogi irinduan pausatuta, bi besoak azpian eta eskuekin eusten ziola bere mandarra lodiari. Lurrerat erortzen utzi zuen guzia: «Beha zazu —erran zidan—, gaztainak erosi ditut; ez naiz horrela larri eta estu ibiliko; bete eta elikatu egiten dute eta negu guziko badut». Mahaiaren kajoian ipini zituen banan-banan barreatuak, irrino bat egin zien hitsi aitzin eta ohean jesarri zen. Gero, gaitzeko ogia har eta bertzerik gabe hoska egin zion; jan ahala arrailetik aitzinat zoaien bere aurpegittoa eta bere gainean trufatzen ari ote nintzenez ez zizkidan begiak aldetik aldaratzen.

        Hasperen egin zuen jan ondoan: «Gose ninduzun —erran zidan—. Eta Mixelek ere, apika. Non ote dabil bihurri hori? Badakizu? Oso ume zoritxarrekoa duzu Mixel aitarik ez amarik ez duena; izigarria da; konkorduna da; sua pizten laguntzen dit eta urketa joan ere; horregatik jaten du nirekin, eta xos poxi bat dudalarik, ematen diot».

        Eskalapoi batzuren klaska-hotka aditu zen eta higitu zen krisketeko kordela. «Hor dago», erran zuen Maiek. Monstruo ttipi ubel bat ikusi nuen sartzen, eskuak eta sudurra beltzik ikatzaz eta praka motzak zabalik lau haizetarat; mihia atera zidan eta keinu haundi bat egin ere ahoarekin. «Ea, Mixel, zaude geldirik —erran zion Maiek—. Entzun egin behar diozu jaun honi, zurekin hitz egiten dago eta. Hara, azkar». Berriro igan zen Mixel enkargatua nion botila ardo gozoarekin.

        Betea eta piztua izan zen toskazko berogailua. Etxe-hondar egur pixkak bat bazegoen oraindio, zementuz zikindua. Tapagailuaren azpian kiskortzen ari ziren gaztainak. Aidea sar zekien horzkatu zituen Maiek. Leher egiten zuten batzutan eta Maiek gaizkitu egiten zien orduan: «Gaztaina itsusiak, geldi egongo al zarete?» Brusa baten muletoinezko forroa josten ziharduen. Kirrinka ezti batekin irristatzen zen jostorratza. Bere esku trebe biguinak argitu eta ehuna diztarazi egiten zuen berogailuko argiak. Buruan atxikitzen zituen oraino bere paperetako pasarte batzu eta bat edo bertze gainean eta paper urreztatuko koroa bat buruan.

        Josi eta josi ari naiz —erran zuen Maiek—. Bortz txakur txiki emanen dizkidate. Ez al dago ondo ordaindua? Emaidazu ardo gozo apurtxo bat, monstruo . Edantzazu hondarrekoa: ez dut esposatzea ezta urkatua izatea nahi ere.

        Bere bizia kondatu zidan bere haur mihiarekin. Ezer ere ezertaz ere ez zekien. Baserritik barna ibilia omen zen harat-hunat komediak jokatzen beldurgarrizko mutil batzurekin. Printzesa bat zen bederatzi urterekin nekazal-etxalde batetan, ortozik lasto gainean eta paper urreztatuko koroa bat buruan. Buruan atxikitzen zituen oraino bere paperetako pasarte batzu eta bat edo bertze entzunarazi zidan: «Oi! bazen emanaldi bat oso pollita —erran zuen—. «HERRIALDE URDINA» zeritzana uste dut. Ez zen ikusten urdina zela, baina idurikatu egiten zenuen, aditzen duzuia? Mendiak urdinak ziren, zuhaitzak urdinak, belarra urdina eta abereak urdinak. Erraten nuen nik: Printzipea, hauxen duzu erregeren jauregia, ene aita baita; altzairu azkarrekoa da, atea burdin gorikoa du eta hirur burutako herensuge batek gordea dago. Nire eskua erdietsi nahi baduzu... Ui. Gaztaina bat saltatu da oraitsu. Mixel, xuritu itzazu gaztainak lo egin ordez. Egia ote da badela herrialde urdin bat? Ziur nago bertara joanen naizela, baina hespetxean daude komediak nirekin egi ten zituzten mutiko guziak. Etxeetan ebasten omen zuten... Goardia bat jin zen egun batez eta erran zien, eta erran zien..., ez du inporta, ez naiz oroit; ez ditut gehiago ikusi. Hirian bizi nauzu harrezkeroztik; baina hagitz tristea da. Euria ari du geldi ezinik. Arbelak eta dendatto beltzak ikusten dituzu bakar-bakarrik».

        Honelaxe mintzatzen zen eta haserretu egin zen gero: «Mixel, debekatu dizut ganbara oskolekin zikintzea. Batu egizuz. Oi, zikintsua! Tori! Botin bat ken eta bururat bota zion. Gorri zuen aurpegia eta dixtirant begiak.

        — Ezin duzu pentsatu ere zeinen gaiztoa den. Zenbat eta zenbat behar diodan jasan!

        Utzi behar izan nuen Maie ttikia, baina itzultzea hitz eman nuen. Egunoro ikusi nuen geldigabe josten ziharduela berogailuaren magalean. Soineko arraroak konpontzen aritzen zen oral koloretako ehunekin. Biziaren kolorea hartzen zihoan berriz bere larrua; Hondarrik jan egiten zuen Maiek. Baina miseriak bere ondotik alde egin arau, triste jartzen zen . Euria erortzen ikusten ohi zuen. «Monstruoa, monstruo itsusia», erraten zuen begiak huts eta ezpainak beratz. Behin batean, atea pixko bat zabaldu-ta, ispilu hautsiaren aitzinean ikusi nuen urrezko biloak apenas nabarmentzen zitzaizkion bularren gainean eta paperezko koroa bat, artaziek ebakia, buruan. Entzun ninduelarik, izkutatu zuen: «Gaiztoa da Mixel —erran zuen—; ongi eginen luke herensugea».

        Amaitu hurrean zegoen negua. Goibel zegoen orainik zerua, baina eguzki izpi batzu hasiak ziren diztatzen arbelen ertzean. Euri meheagoa ari zuen orai.

        Hutsik atzeman nuen gau batez ganbara. Ez zegoen jadeneko mahairik, ez silarik, ez berogailurik, ez kantarorik. Leihotik kanporat begiratu eta gizon makur batzu bailako atzekaldetik ostentzen zirela iduritu zitzaidan ikustea. Eta eskailera igaiteko erabiltzen nuen mixtoaren argira pankarta bat ikusi nuen paretan honako hitzak letra haundiz izkiriaturik zeuzkala:

        EGUN ON, ENE ETXEA, MAIE ETA MIXEL HERRIALDE URDINERAT JOANAK DITUZU.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia