ETXERA ITZULTZEA

 

Catulle Mendes-i

 

        Igande arratsaldea zen eta durrundaka ari ziren ezkilak. Erdizka argitzen zituen eguzkiak dantzalekurat eroaten zuten kale labainak. Neskatx taldeak ikusten ziren handik pasatzen buruhas eta zinta bat lepoan gorapiloa alde batean zutela; udal-goardiaren aitzinetik igarotzean isekari antexean salutatzen zioten eta dantzaren aretoan sartzen ziren.

        Emakumeen aurpegietako zurbiltasuna handitzen zuen sabaitik jausten zen argi gordinak. Parejaka ari ziren itzuliak ematen gizon talde nabar bat harat-hunat zebilen koadrilatero haundiari. Familia oso-osoak jezarririk zeuden dantzarako barrutian, eta amek, motxota beltz batean bilduak, haur bat zeukaten altzoan batzutan; baziren ere hiruzpalau urteko neskato eta muttiko ttipiak karamelo barra bat xupatuz edo begiak zabal-zabalik euren amen gona-hegalei helduta. Neska bat jiten zen noizetik noizera beraien ondoan jezartzera soinekoaren dindirria eraikitzen zuela. Kasko baten gainaldea balitz bezala bildurik zeramakien neska haietako batek bere bilo gaztainetako adatsa, soina zut eta sorbalda harro, enperatrize baten antzera altxatzen zuen burua bere arrano-sudurra, aho konkortua eta desafiozko irrino batekin. Gona doi-doia bi behatz-bete eralkiaz dantzatzen zuen «Koadrila» eta aurpegia zurbil-zurbil pasatzen zuen dantzarien kordontzearen artetik. Keinu eta zipo guziak ikusten ez balitu bezala ematen zuen eta bere fiertasunak doi-doia permititzen zion halako agur bat bezala zen bere aldaken kulunka ttipia.

        Harrabots haundi bat egin zen bapatean, eta ejerzitu bat jende etorri berriarena sartu zen dantzalekura. Gisarik arraro-bitxienekin txatxutuak zihoazten eta «Rochechouart Boulebard»-etik bide zetozen. Klak ttipiegi batekin jauntziriko pailazo bat zihoan denen aitzindari; osotara bizargabekoa zen bere aurpegi koloreztatua eta saihetsetatik masailetako izurdura alderat erortzen zitzaion bere aho mehea. Lehoinabarrez pikardatu frak hori luze bat bezala ageri ziren botoiak; maillot laxoak, larruzko galtza motzak, beso tatuatuak eta larrukizko zirgiloekin eskutur eta orkatiletan zihoazten indartsuak; gasazko gonak, koska beltz eta urrezkoz ebakiak, jauntzitzen zituzten dantzarisek; erronbo anitzkoloredunez egindako leotardoetan sartuak ziren arlekinak larruzko gerrikoa eta sandaliekin; beso-zango urduriak zeuzkaten, aideari erasotzen zioten sable batekin eta ehunezko aurpegiordeko bat zeramaten adarbiko kapeluaren pean; nir-nir diztatzen zuten begiek aurpegiordeetako ziloetatik itxura isekari bate emonaz euren aurpegieri; gona zabal nabarretako hitzontzi merkeak; saltinbanki eta perstidijitadoreak, igarleak, pisu-jasotzaileak, ekilibristak eta malabaristak, sekretu-saltzaileak ziren gizon-emakume enanoak, hagin-ateratzaileak, irringile eta bufoinak. Izaki ttiki arraro bat etorri zen jendetze honekin batean, hogeita bortz eta hirurogei urte bitartekoa izan zitekeena, guztiz garatutako soin bat motzegi ziren bi hanka gainean bihurtzen ari zen eta antzara baten antzo zebilen bilintzi-balantza.

        Turko emazteki talde bat, horailak eta beltxaranak, iritsi zen gero; dantzagurat joan ziren korrika; satenezko galtza zabalak astindu eta harrotu egiten zituzten, hori xamarrak ziren besoak altxatzen zituzten behatzak gerriko handietan sarturik eta soinean zeramatziten txintxarri guziak eta biloetako urreizunak elkarrekin jo arazten zituzten.

        Erabat gorriz jauntzirik zihoan emazteki haietariko bat, kopetan zeki urreztatuak eta bilo beltz eta kizkurrak zituen; txoil zaulia zen eta berehalaxe ekin zion dantzari burua tolestatua. Irripar batekin ihardesten zuen jendearen aierueri, ahalkerik gabe habailtzen zituen eskuak, inongo lotsarik gabe altxatzen zuen hanka, sorbalda goratzen zion salaren hondarren uxatua bezala ilkitzen zen «CARMEN» bati desafioka, bat-bateko zartak ematen zituen eskuaren gibelarekin koadrilaren figura-pausoetan artarik jartzen ez zutenen besoetan, zezekatuz mintzatzen zen sudurra haize alderat zuela eta ispiluz estali pailazoaren begiratuen zain zegoen denbora guzian.

        Bertze aldean, dantzari-taldeari begira zegoen dantzarisa harroa bere begi haundi lasaiak, bere sudur zorrotza, bere perfil inperiala eta bere mugimendu neurtuekin. Berehala ikusi zuen pailazoak, berarenganat joan zen arinki eta bere aurrean ipintzen zela, jauzi-txintxilipurdi batzu eman zituen besoak errotahegalak bailiren iharrausten bidanabar.

        Odol hotz haundiarekin begiratu zion dantzarisak ekialdetar emazteki ttipiak begialdi amorratuak botatzen zizkion bitartean. Koadrilaren musika isildu zen azkenik eta pailazoak dantzarisari gerritik heldu eta salaren bukaerara eraman zuen; halako ganga batzuren pean edatekoak zerbitzatzen ziren han zurezko mahaietan. Batere indarrik ez zuen neskak pailazoagandik laxatzeko, baina zalu zafratu zuen behatzekin haren aurpegi keinu-egilean.

        Hitzik atera gabe aulki batean jartzen utzi zen, ezpainak busti zituen pontxeko baso batean eta sendokiro begiratu zuen hustasuneko puntu batetarantz pailazoaren buru gainetik; ezin geldituz zegoen hau, mahukak astinduz, bere sonbreroaren erresortea soinaraziz, begiak keinuka eta dir-dir bere ispilu guziekin.

        Beltxarana, bere jaka eta galtza gorriekin, nigar-xipek daldarez sar-ate alderat joan zen ihesi. «Joan nahi dut, joan nahi dut» erraten zuen behin eta berriro. Sila batean, mahaino pintatu baten aurrean, etzin zen gero; bere nigar-malkoek ildo beltzak agerrarazten ari zituzten aurpegia estaltzen zion arroz-hautsean, eta painueloa hortzen artean ari zuen urratzen.

        Hantxe nindagoen ni eta kontsolarazteko hitz egin nahi izan nion. Baina atzera bota ninduen berak bi besoekin eta nigarrez segitu zuen; bere nigar-xipak zirela-ta gora eta behera zebilkion sorbalda, eta aurpegia eskuetan sartuta zeukan. Pailazoaz maitemindua zela erran zidan azkenean zotin eta zotin artean, baina zeinen esker gaiztokoa zen agertzen zuela argi eta garbi bere jokaerak; samurtu zen gero eta gaizki esaka hasi zen hari aitzi; berriz ere ekin zion nigarrari eta burua etengabeki higitzen zuen erranez: «Joan nahi dut, Joan nahi dut!».

        Bihotza zabaldu zidan hondarrik eta erran zidan: «Ase egina naiz zure Parisez, oro jan, irentsi eta goitikatzen baitu; hiltzen diren emakumeez eta berauk ustiraten dituzten gizonez beteak dira etxeak; gordeleku beldurgarriak dira hotel guziak; basapiztiren bat zain izaten duzun kobazuloak dira kafetegi guziak. Gasa edo zur pintatua izaten duzu beti zeure buruaren gainean dibertitzen zaren guzietan; arroz-hautsa zipriztindu edo pintura arrailtzen zaizu irri egiten duzun aldioro; nigar egiten duzularik lekurik ere ez duzu burua pausatzeko isekiarik entzun gabe. Gaisorik bazaude hil-oihalak diruditen ohe zurietako ospitalea aurkituko duzu soilik. Orbandua zaude inoiz maitatu aitzin eta inor maite izanez gero, bertze emakumeren batek egiten dizu traizio. Ogiz eta maitasunez gosetutako jendeaz beteak daude kaleak. Alde guzietan ebasten dizute hemen. Sakela eta bihotza ebasten dizkizute. Inork ere ez du ezer segurrik, ezer sendorik, ezta arropa ere (xehe-xehe uzten ari zen bere soinekoa). Inor ere ez da zutaz urrikaltzen; ez irri egiten duten gizonak, ez aiher dizuten emakumeak, ez eta ororen arteko txarrenak diren ume beldurgarriak ere. Emakume bat ikusi nuen neguko gau batez orgategiko ate baten ondoan; hartaz isekatzen ari zen gazte talde bat eta nigar eta nigar zebilen zoritxarrekoa. Apenas izaten duzu denborarik bertzeen errukia iratzartzeko. Kafetegi baten salunetik eskaparate baten espaloira ateratzen zara, eta handik goizean kale-garbitzaileek eramaten duten zakar-pilora. Azkar-azkar joaten da gauza: hirur, laur arte, eta otarrera! Joan nahi dut. Ene etxera itzuliko naiz, baserrira».

        Eia han zertan aritzen zen galdegin nion.

        — Zertan aritzen naizean? Urdaina naiz, oraikoa hobetuz. Ai! Zelan dibertituko naizen? Ba al dakizu? Zeru urdina dugu buru gainean, aire garbia, ur ona eta ogi bikaina bat. Piarre dago han eta esnea emongo dit. Ttirrittak hartuko ditugu zelaietan eta kaiolak irunen dizkiegu itzalpean. Geuren abere guziak zafratuko ditugu, beltzak eta zuriak batez ere, buztana bihurria badute eta oso jatunak direlako. Ilunabarra ikusiko dugu eta basaz beteta egongo gara, zikin, gorri, pozik...

        Eta ihes egin zuen odaliskak; ateraino iritsi eta aienatu zen. Dantzaleku eta kafetegietaruntz errainu gorriskak zebilen gaitzeko ilunabar bate besarkatua, Paris ikustea begitandu zitzaidan orduan pizten ziren lanparak eta sabaieraino igotzen zen kearen azpitik eta eguzkiaren azken printzek zurigorri ageri ziren bide zurietatik, ilaraka ari ziren aldentzen urdaintsa ttipiak euren probintzien alderat hiri nagusia utzi-ta, painueloa begietan eta puskak bizkarrean.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia