BARGETTE

 

Maurice Pottecher-i

 

        Esklusa gora eta beltz bat zegoen bi ubideak bat egiten ziren lekuan; ura, mantsoa, berdea zen harresietako itzaleraino; klaska eta klaska ari ziren haizeak iharrausirik jagolearen etxolako leihoskak; plantxa alkitraneztatuez egina zen etxola hau eta lorerik bat ere ez zen bertan ageri; erdi zabalikako artetik biloak nahasiak eta soinekoa zangoen artean eraikia zuen neskato baten aurpegi mehe eta zurbila ikusten zen. Gora-beheraka zebiltzan asuinak ubidearen bazterrean; udazken-hasierako hazi hegaldun mordoak eta hauts zuriaren bolada ttikiak heltzen ziren. Hutsa zirudien etxolak, tristea zen landa eta hodeiertzetik galtzen zen belar horiska banda bat.

        Egunaren argi motza beheraka hasten zelarik, atoiuntzi ttikiaren hats-beherapena entzuten zen. Esklusatik haratagotik agertu zen; eroalea, aurpegia ikatzez zikindua, ajolakabe zegoen begira txapazko atetik; kate bat laxatzen ari zen haren atzetik urean. Emeki-emeki flotatzen zen gabarra ilun, zabal eta lau bat zetorren gibeletik; bazuen erdialdean etxeto bat oso txuria, kristaltxo biribilak eta urrez pintatuak zituena; aihenbelar hori eta gorriak igaiten ziren leihoen ingurutik eta lurrez betetako zuraskak aunitz maiazlili, origeibelar eta jeraniorekin ageri ziren atariaren bi alboetan.

        Urez blai egindako brusa bat astintzen zegoen gizon bat gabarraren ertzean eta hauxe erran zion lazafrina zeukanari:

        — Mahot, nahi al duk mokau bat jatea esklusa idekitzen duten artean?

        — Ondo ziagok —erantzun zuen Mahotek.

        Lazafrina bere lekua utz, soka biribilkatu pila zulodun baten gainetik jauzi eman eta lorez beteak ziren bi zurasken artean eseri zen. Bizkar gainean zartatxo bat eman zion bere lagunak, etxeto zurira sartu zen gero berau eta paper koipetsu bat, ogi-puska handi bat eta lurrezko pitxer batekin atera zen. Maiazlili-ondoetaraino saltatu arazi zuen haizeak paper olioztatua. Heldu egin zion Mahotek eta esklusara bota zuen. Neskatoaren oinetaraino hegaldatu zen papera.

        — On egin! —oihu egin zuen gizonak—. Gu afaltzen ari gara. Eta hauxe erran zuen ere:

        — Indioa nauzu, zure zerbitzuko, neskatxa. Hemendik pasatu garela erran laguneri.

        — Txantxetan ari haiz, Indio —erran zuen Mahotek—. Utzak bakean neskatoa. Larrua beltzaran duelako da, andereno; holaxe erraten diogu txaneletan.

        Boz ezti batek erantzun zien: —Norantza doa gabarra?

        — Ikatza daramagu hego alderat —oihu egin zuen Indiok. —Eguzkia dagoen lekurat? —erran zuen boz eztiak. —Hainbertzetaraino, zahar horren larrua beltzatu duela — erantzun zuen Mahotek.

        Boz ele horrek berriz erautsi zuen:

        — Zeuekin eroan nahi nauzue gabarran?

        Utzi egin zion Mahotek bere ogi-tartea mastekatzeari. Irri egiteko, alde batera utzi zuen Indiok pitxerra.

        — Begira ezazue hori, GABARRA! —erran zuen Mahotek—.

        Andereno Bargette [1], eta zure esklusa? Bihar goizean ikusiko dugu. Aita ez duzu batere kontent izango.

        — Asko irauten du morroi batek eskualde hontan? —galdetu zuen Indiok.

        Boz eztiak ez zuen ezer gehiago ere erran eta bere etxolara itzuli zen aurpegira mehe eta zurbil.

        Ubidearen harresiak hitsi zituen gauak. Uhateetatik barrena igo zen ur berdea. Kandela baten argia, gortina gorri eta zuri batzuen atzetik, ikusten zen soilik etxetoan. Txaplasta neurtu batzu aditzen ziren gilan eta kulunkan eta goraka zebilen gabarra. Kirrinka egin zuten erroek egunsentia baino lehentxeago kate-herresta hots batekin, esklusa zabaldu zen eta atoiuntzi ttiki hatsantuak arrastaturik goitiagoraino flotatu zen ibai-untzia. Beiraki biribilek lehenengo hodei zurigorriak isladatu zituztenean atzean utzia zuen jadeneko gabarrak haizea asuinen gainetik ufaka zebilen zelaialde tristea.

        Ele egiten zuen xirula baten kantu xamurra eta beirakietan emandako ukaldi ttiki batzuekin itzarri ziren Indio eta Mahot.

        — Hotza pasatu ditek xoriek gau hontan, amigo —erran zuen Mahotek.

        — Ez —erran zuen Indiok—, xorieme bat duk; esklusako neskatoa. Hortxe duk, egitan erraten diat! Astopitoa!

        Irripar bat eskapatu zitzaien bieri. Gorri-gorri zegoen neskatoa argi-haste horrekin eta honelaxe mintzatu zen bere boz ttipinoarekin:

        — Utziko didazue etortzen zeuekin bihar goizean. Oraintxe da bihar goizean. Zuekin noa eguzkiraino.

        — Eguzkiraino? —erran zuen Mahotek.

        — Bai —ihardetsi zuen neskato ttipiak—. Ba omen dira han gauan argia ematen duten euli urdinak eta euli berdeak; ba omen dira xoriak, hatzazal baten neurrikoak, lili artean bizi direnak; ogia bada zuhaitzetako abarretan eta esnea intxaurretan, eta zakur larrien antzera ahausi egiten duen igelak eta... uretan dabiltzan... zer batzu... kubiak, ez, burua txirla batean gordetzen duten animaliak. Zopa egiten omen da beraiekin. Kubiak edo dira... Ez, ez dakit... lagunt nazazue mesedez.

        — Deabruak eraman nazala! —erran zuen Mahotek—. Apoarmatuak ote dira?

        — Bai —erran zuen neskatoak—. Bai... apoarmatuak dira.

        — Utzazu hori —erran zuen Mahotek—. Eta zure aita?

        — Aitak erran dit hori.

        — Gehiegi da —erran zuen Indiok—. Zer erran dizu?

        — Kondatzen ari naizen guzia; argia ematen duten euliak, xoriak eta... kubiak. Aita marinela zen esklusa ideki aitzin. Baina zahartua da. Euria ari du beti gure herrian. Landare kaltegarriak ditugu soilik han, ez al dakizue? Lorategi bat, lorategi pollit bat nahi ukan nuen egin gure etxean. Haize gehiegi zebilen kanpoan. Parker erdiko plantxak kendu gogo nituen eta lur ona, belarra, arrosak, gauaz histen diren haietako lore gorriak jarriko nitukeen, baita xori xaloak, urretxindorrak, txorruak eta kuliskak erraterako, hitz egin lezaten. Debekatu dit aitak. Etxearen kaltetan izanen zela eta hezetasun gehiegi ekarriko lukeela erran dit. Nik ez dut hezetasunik nahi ordea. Hara nora zuekin beraz.

        Astiro-astiro flotatzen zen gabarra. Zuhaitz-lerroek egiten zuten ihes ubidearen ertzetatik. Urruti zegoen, jadeneko esklusa. Ezin zitekeen bueltarik eman. Aurrerantz ari zen txistuka atoiuntzia.

        — Ezer ere ez duzu ikusiko —erran zuen Mahotek—. Ez goaz itsasoraino. Behin ere ez ditugu zure euli, zure xori eta zure abarrak aurkituko. Eguzki gehixeago izanen dugu eta kitto. Ez duk hala, Indio?

        — Noski —erran zuen.

        — Noski? —errepikatu zuen neskatoak—. Gezurtiak! badakit nik, tira!

        Sorbalda jaso zuen Indiok.

        — Ez dugu dena den gosez hil behar —erran zuen—. Zatoz zopa hartzera, Bargette.

        Izen honekin geratu zen neskatoa. Lagungoa egin zien gabarran ubide uher eta berde, hotz eta epeletatik zehar, mirakuluen herrira iristeko esperantzan. Zelai beltzak euren kimu beratz minberekin iragan zituen gabarrak, eta zuhamuxka meheak hostoak iharrausten hasi ziren; horitzen ikusi zituzten gari-soroak eta halako kopano gorriak iduri zabaldu ziren mitxoletak. Baina ez zen udarekin poztu Bargette. Loretako bi zurasken artean esertzen zen Indiok eta Mahotek lazafrina ibiltzen zuten bitartean eta enganiatu zutela pentsatzen zuen. Bada nahiz eta eguzkiak errainu biribil alaiak bidaltzen zituen urrez pintatu kristaltxoen artetik, nahiz martineteek uretik gurutzatu eta enarek, euren moko bustia astindu, ez zituen berak ikusi loreetan bizi diren xoriak, ez zuhaitzetatik igaiten den mahatsa, ezta esneaz betetako intxaur lodiak eta ezta zakurrak iduriak omen ziren igelak ere.

        Hegoaldera iritsi zen gabarra. Loratuak eta hostoz beteak zeuden ubidearen ondoko etxeak. Tomate gorriez koroatuak ageri ziren ateak eta biper-xortekin egindako gortinak baziren leihoetan.

        — Hori da dena —erran zuen egun batez Mahotek—. Aurki deskargatuko dugu ikatza eta itzuli egingo gara. Aita pozik jarriko da, ein?

        Burua higitu zuen Bargettek.

        Goizean, ibaiuntzia oraindio amarratua zegoela, ukaldi ttiki batzu aditu zituzten berriz kristaletan:

        — Gezurtiak! —oihu egin zuen boz ezti batek.

        Etxetotik kanpora irten ziren Indio eta mahot. Haiei begira zegoen aurpegi mehe eta zurbil bat bazen ubidearen bazterrean; eta Bargettek berriz ere egin zien oihu ubide-ertzetik harat ihesi zihoan bitartean:

        — Gezurtiak! Gezurtiak zarete guziok!

 

                [1] Hitz jokoa: Bargette Barge (gabarra) hitzaren diminutiboa da.

 

 

 

 

"Marcel Schwob / Urrezko maskaradun erregea" orrialde nagusia