NEGARRETAN ARI DIRENAK
1
Xariar joan egin zen, atzean sultanaulkia eta ohoreak, emaztea eta semea utzirik. Bere baitaren baitan bentzutua, tronutik jaulki zuen bere burua, noiz eta ere erresumak haren lehengo bekatuak ahantziak baitzituen. Prestakuntza luzea behar izan zuen. Izuak goia jo zuenean eta salbamen gogoa gailendu zitzaionean, orduantxe hartu zuen erabakia. Jauregia gauez utzi zuen, eta, soingaineko arin bat eta makila bat beste ekipajerik gabe, norako argirik gabe abiatu zen. Menturatzea zeukan, Sinbadek nola, edota, Al-Baljiren etxera joanik, hausnarketarako denboralditxo bat hartzea. Nahi bezainbat denbora zuen. Ibilian-ibilian, noizbait ere ibai bazterreko lurmutur berdera heldu zen. Hots susmagarriak entzun zituen bertan. Belarriak ernatu zituelarik, jende sail baten aieneak entzun uste zituen. Zertan ari ote ziren han auhenka? Isil-gordeka hurbildu zitzaien, palmondo baten atzealdean kukutu. Handik gutxira ganga gisako haitz bat begiztatu zuen, eta, haren aurrez aurre, pikotxean eta lerrokaturik, gizon multzo bat, denak ere negarrari emanak. Jakingosea piztu zitzaion, irudimena bizkortu. Halako batean, gizonetako bat altxatu da eta, haitzeraino hurreraturik, ukabil ukaldika hasi zaio. Horren ondotik, bere tokira itzuli da eta, besteekin batera, negarrari lotu zaio. Xariar begirik kendu gabe egon zitzaien eta bere mirabeetako batzuei antzeman ahal izan zien. Han zeuden Suleiman Al-Zaini, Al-Fadil Ibn Jakan, Sami Txukri, Jalil Faris, Hasan Al-Atar eta Jalil Al-Bazaz. Haien artera agertzeko eta misterioa argitzeko gogoa etorri zitzaion arren, zuhurtasunak bertan egotera behartu zuen. Egunsenti aurretxoan, gizonetako bat altxatu zen eta esan zuen:
Ordua da oinazeen mundura itzul gaitezen.
Eta negarrari utzi ziotelarik, biharamunean itzuliko zirela hitz eman eta, mamuak nola, hirirantza abiatu ziren.
2
Zein ote zen haren guztiaren esanahia?
Xariar ere hurreratu zaio haitzari, eta itzuli osoa eman dio. Ganga gisako haitza besterik ez zen, bat ere ikusgarririk gabea... Gainazala ukitu zuen eta latza egin zitzaion, zimurtsua. Hainbat ukaldi eman zizkion eta, alde egitekotan zela, hots bat heldu zitzaion haitzaren barrunbetik. Doi bat mugitu zen orduan, arku itxurako sarbidea erakutsiz. Beldurrak hilik, atzera egin zuen. Segidan klartasun ilaun bat zabaldu zen, urrin ezti batekin batera, eta aienatu egin zitzaion beldurra. Irudipena izan zuen ezen huraxe zela gizonek kosta ahala kosta zabaldu nahi zuten atea, hain zuzen ere negarra eragiten ziena. Atzera hurreratu zen eta, burua doi bat sartzea eta barrunbeak ezinbestean erakarria sentitzea dena bat izan zen. Eta, hara sartzearekin batera, atea itxi egin zitzaion, baina tokiak guztiz xarmatu zuen. Argiztatu gabe zegoen, eta argi hala eta guztiz ere; leihorik ez, eta egurastua; lorategirik ez, eta urrin gozoak zerizkion. Lurzorua zuri dirdaitsua zuen, halako mineral ezezagun batean landua, horma bete harribitxi, eta sabaia elkarren alboan ongi ematen zuten koral kolore desberdinez osatua. Pasabidearen buruan, ate argitsu bat zegoen, harri preziatuz josia irudi. Bere atzealdekoa ahantzirik, urrats kementsuetan egin zuen aurrera. Atera bizpahiru minutuan helduko zelakoan zegoen, baina aurrerago eta atetik urrunago... Eta tokia unetik unera xarmatuago. Beldur izan zen pasabidea amaigabea ote zen, baina ez zitzaion bururatu ere egin urrats bakar bat ere atzera egitea; hain zen atsegina bide azkengabe hartan ibilian-ibilian joatea. Bere ibilbideak helburua zuela ahantzixea, ur gardeneko urmael batera hurreratu zen, zeinak atzealdean ispilu eder bat baitzeukan. Mintzo bat entzun zuen orduan:
Egizu gogoak ematen dizuna.
Eta bere bat-bateko desirei errendaturik, biluztu, eta uretan sartu zen. Urak bere hatz aingerutiarrez laztandu zuen, baina hark eragindako ongizatea gorputz osora zabaldu zitzaion. Halako batean, irten da urmaeletik, bere burua ikusi du ispiluan, eta hartan gazte ezin lerden eta segailago baten irudia ikusi du, gorpuzkera neurri-neurrikoarekin. Begitarte apaina, gaztetasuna eta nobletasuna ageri, ile beltz trinkoa arraia batek bereizia, ernetzear bibotea ernetzear.
Goretsia Jainko Ahalguztiduna! atera zitzaion.
Hurrena begien bistan egon behar zuten arropak bilatu zituen, baina haien ordez Damaskoko galtza zetazkoak topatu zituen, eta Bagdageko soingaineko bat, eta Jurasango durbante bat, eta babutxa egipziarrak. Eta jantzi zen, eta txanbelin baino txanbelinago zegoen.
Atzera bideari lotu zitzaiolarik, ateraino heldu zen. Neska xarmant bat topatu zuen han. Irribarre batez galdegin zion:
Nor zara?
Xariar erantzun zuen, harri eta zur.
Zein lanbide duzu?
Iraganaz beste egitea.
Noiz utzi duzu zure herria?
Orain dela ordubetetsu bat.
Kontadurian kaxkarra zara, gero! hots egin zuen neskak, barreari eutsi ezinik.
Gero, begiak begietan:
Luzaroan itxaron dizugu. Hiri osoa duzu zain.
Nik? galdegin zuen Xariarrek, ahoa bete hortz.
Erregina goresgarriaren ezkongaia espero dute.
Eta, esku batez keinua egin zuelarik, atea rababaren gisako azantza marrankariarekin zabaldu zen.
3
Xariarrek topatu zuen hiria ez zen gizakiek egina. Handitasunean eta garbitasunean zinezko paradisua zirudien, dotoretasunak, urrinek eta giroak ederragotua. Nonahi eraikinak eta lorategiak, kaleak eta plazak dirdaika, gisa guztietako lorez apaindurik. Nonahi azafraia, uraska eta errekastoak. Hirian emakumeak besterik ez ziren bizi, gizon bakar bat ere ez haien artean, eta denak ala denak ere gazteak ziren, eta aingeruak bezain ederrak. Eta Xariarri erreparatu ziotelarik, jauregira ematen duen errege bidera bildu ziren. Buru makurtuak egiten zizkioten graziaren ereserkia kantatu bitartean. Eta Xariarrek, neska gazteak lagundurik, jauregira bidea hartu zuen.
4
Bere erresumako eskale arrunt bat nola, halatsu geratu zen jauregiak miretsirik. Haren aldean, bere bizitoki ohia etxola ziztrin bat baino ez zitzaion iruditu. Neska gazteak tronu aretora gidatu zuen, non erregina, perla gisako neskatilak albo banatan zituela, dirdaiz beterik agertu baitzitzaion. Neska laguntzailea hari ahuspeztu zitzaiolarik, esan zion:
Berorren senargaia, Maiestate.
Erreginaren irribarreak Xariarren bihotz pilpirak azkarragotu zituen. Eta bera ere ahuspeztu egin zen:
Ene Maiestatearen mirabe soil bat baino ez naiz.
Hori baino gehiago, amodioan eta tronuan kide zaitut erreginak, ahots eztiz.
Aitorpen bat egin beharra daukat Xariarrek, orduan, egiaz mintzatu beharrez: iraganean, zahartzarora heldu arte, bizialdi luzea izan nuen.
Ez dakit zertaz ari zaren erreginaren arrapostu gozoa.
Denboraren atzaparraz ari naiz, Ene Maiestate.
Guretzat, baina, denbora aliatua da, traidorea bainoago.
Goretsia izan bedi oro egin dezakeen Jainkoa xuxurlatu zuen Xariarrek.
Hiriak berrogei egunez ospatu zituen ezteiak.
5
Denbora amodioaren eta hausnarketaren artean igaro zen. Otoitz ere egiten zuten, eta hura ere edariaren, kantuaren eta dantzaren bitartez mamitzen zen.
Xariarri iruditu zitzaion milaka urte beharko zituela lorategiaren zoko-mokoak oro deskubritzeko, eta beste hainbeste jauregiko harrera eta albo aretoak ezagutzeko. Egun batez, Xariar eta emaztea urre trinkoko atexka baten albotik igaro ziren; sarrailean harribitxiz apaindutako giltza bat zegoen eta, haren gainean, ohar bat beltzez idatzia: «Ez hurreratu ate honetara», eta horrexek piztu zuen, bada, gizonaren jakingosea.
Zer dela eta ohar hori, ene maitea? galdegin zion erreginari.
Hemen denik eta askatasunik handienean bizi gara hark, ohi bezain ezti, erantzun, gomendiorik ttikiena akats larria da gure begietarako.
Hortaz, ez da errege agindu bat?
Agintera ezezaguna da gurean, amodioan salbu, eta hori, ongitxo dakizunez, duela milioika urteko kontua dugu.
6
Emaztea besarkatzen ari zela, Xariarrek hizketa molde trufarian galdegin zion:
Noiz izango dugu haur bat?
Oraindik elkarrekin ehun urte besterik ez ezkondu ginela, eta dagoeneko horretaz pentsatzen ari zara?
Ehun urte baino ez?
Egun bakar bat gehiago ez, ene maite.
Ehun egun zirelakoan nengoen!
Emakumeak ezin izan zuen bere atsekabea disimulatu:
Oraindik ez duzu iragana guztiz ahantzi!
Dena dela desenkusatu zen, oso zoriontsua naiz. Ezein gizakik ez du egundo ezagutu nirea bezalako zoriontasunik.
Emakumeak musuz josi zuelarik:
Iragana guztiz ahantzi arte ez duzu zoriontasunaren betea dastatuko.
7
Urre gorrizko atetik igarotzen zen bakoitzean, jakingosezko begirakunea josten zion, eta ezin areto hartara hurreratu gabe luzaroan egon. Hura buru-bihotzetatik kendu ezinik zebilen.
Dena argi dago, ezpada ate hau egiten zuen bere baitan.
8
Egun batez, borondateak huts eginik, amore eman zuen dei setatsu haren aurrean. Mirabeak adia galdurik zebiltzala baliatu, eta giltzari eragin zion. Atea aisa ireki zitzaion, musika liluragarria eta urrin kitzikagarria zabalduz. Bihotza punpaka, baina pozarren, sartu egin zen. Atea itxi egin zitzaion orduan, eta jeinu likits bat agertu. Eta, Xariarrengana makurtu zelarik, txoriño bat nola, bi eskuen artean jaso zuen.
Aska nazazu, Jainkoarren hots egin zuen Xariarrek.
Eta, haren agindua zela eta utzi ote zuen lurrean?
9
Ingurumariari begi arranpaloekin begiratu zion.
Non nago? galdegin zuen.
Basamortua, gaua, ilgora, haitza, gizonak eta haien auhen etengabeak, Xariar, makila eta hiriko aire zikina...
Ez... Ez...
Ukabil ukaldika erabili zuen haitza, odola egiteraino.
Gupida... Gupida...
Alabaina, egia gailendu zen eta bere aurrean errealitate etsigarria besterik ez zuen topatu. Akitu egin zen, konkortu, zahartu. Herrestan joan zen gizonengana, aldaroka, eta lerroaren amaieran egokitu zen. Eta brixtakoan negarrez hipaka hasi zen ilgoraren klartasunaren azpian.
10
Egunsenti aurretxoan, gizonak ohi bezala aldendu ziren, baina bera, negar egiteari utzi gabe, bertan geratu zen. Iluntasunean bakarrik zihoan gizon bat hurreratu zitzaiolarik, galdegin zion:
Zergatik ari zara negarrez?
Hori ez zaizu axola Xariarrek, gogaiturik, erantzun.
Polizia burua naiz aitzakiatu zion besteak, begitarteari igarri nahirik eta ene eskumenetako bat da zuri galderak egitea.
Ene malkoek ez diote bakeari eragiten.
Utzidazu niri hori erabakitzen eta erantzun esan zuen Abdula Al-Akil jakitunak, eta hari antzematen ahalegindu zen.
Xariar isil-isila geratu zen puska batean. Gero, sorgortu samarturik, esan zuen:
Bereizketaren oinazea da, halakoetan denek egiten dute negar.
Ez al duzu bizitokirik? galdegin zion Abdula poliziak, irribarre biratsu batekin.
Ez.
Bizi nahi ote zenuke lurmutur berdearen alboko palmondopean?
Beharbada... erantzun zuen, axolagabe.
Orduan, jakituna leunkiro mintzatu zitzaion:
Entzun ezazu eskarmentu handiko gizon baten iritzia: «Egiaren ezaugarrietako bat da ezen inori ez diola hura iristeko bidea zelaitzen ez hura iristeko esperantzaz gabetzen. Jendea kezkaren basamortuetan noragabetzen uzten du, zalantzaren itsasoan itotzen. Azkenean iritsi duzulakoan? Itzuri egingo zaizu. Urrundu zarelakoan? Iristeko esperantza emango dizu. Iritsezina, saihestezina eta, hala ere, ezinbestekoa, halakoxea da Egia».
Horren ondotik, Abdula Al-Akil hirira bideari lotu zitzaion.
© Nagib Mahfuz
© itzulpenarena: Patxi Zubizarreta