Irakurlearendako oharra
Iheskarian kontatzen zaigun istorioa Bloran, Eki Javako hirian kokatzen da, Bigarren Munduko Gudatean, Japonia Armada Aliatuei errendatu zitzaien bezpera egun eta gauean. Hardo, pertsonaia nagusia, eta Dipo bere laguna ihesean dabiltza militar japoniarrengandik, zeinekin lehen elkartu ziren kolonialista holandarrak Indonesiatik botatzearren, independentzia lortu nahian. Okupazio armada diktadorearen aurka sei hilabete lehenago prestatu zuten matxinadak porrot egin zuen Karminek, hirugarren matxinatuak, bere laguntza azkeneko minutuan ukatu zuenean. Ihesean hilabeteak eman ondoren, iragaten den ordu bakoitzak hurbiltzen ditu gazteak harrapaketa eta hilordura.
Eleberriaren hasieran ikus dezakegu Hardo bere andregaia, Ningsih, bisitatu nahian, honen anaiaren zirkuntzisio egunean. Eskale erratzailearen antzera jantzita eta erdi baraurik bere buruari inposatutako barauaren ondorioz, Hardok ez dio bere nortasuna inori agertuko, ezta bere aitari ere, arriskuan ez jartzeagatik eta saldukeria ekiditearren. Hardoren harremanak beren aita eta andregaiarenarekin liburu honen osagai nagusia osatzen dute; harreman hauen zalantzagarritasuna, maitasun eta ankerkeriaren arteko nahasketa, Pramoedyaren idatzietan behin eta berriro agertzen den gaia da.
Iheskariaren egitura Javako itzal antzerkiaren ildotik badoa ere, bere arima nazionalista eta gaurregungoa da.
Pramoedyak Bukit Duri lan-bortxatutako presondegian zegoen bitartean idatzi zuen Iheskaria; hemen eman zuen 1947tik 1949 arte, Bigarren Munduko Gudatearen ondoren sortutako iraultzan parte hartzeagatik.