Bat

 

        Brontzezko orkestraren gongen azkeneko soinuak ahulduz joan ziren arratsaldeko airean. Goiz hartan zirkuntzidatua izana zen Kaliwangan azpibarruti buruaren semea. Gonbidatuak etxera joanak ziren eta hantxe zetorren ilunabarreko argi motela. Han gelditu ziren bisitari bakarrak, eskale talde bat, begira ari zitzaizkion inguruari non lehentxeago itzal antzerkia antzeztu zen. Eskaleak, emakumeak nahiz gizasemeak, ia biluzirik zeuden. Gizonezkoek beren iztapea baino ez zuten estalita. Eskale batzuk lurrean totorika zeuden bitartean, besteak teilatuari eusten zioten zutabeen kontra zeutzan, jai ekitaldiak ospatu ziren hiru aldeko pabiliopean. Zorua lurra baino bi zentimetro gorago besterik ez zegoen.

        Eskaleen artean zegoen gazte baten saiheskiak eta bularrezurra, beste gainerako eskaleenak bezala, nabarmentzen ziren xilofono baten teklak bailiran. Bere besoak meheak ziren, urdaila kuzkurtua, eta hankak bi zotz ibiltari baino gutxi gehiago. Hala eta guztiz ere, ez zen bertze eskaleak bezalakoa. Bertzeenak ez bezala, bere begiak ez zebiltzan alde batetik bertzera noraezean, baizik eta zuzenean so egiten mutil zirkuntzidatu berriari, aitzineko sofa batean erdi etzanda zegoenari. Eskale gazteak geldi-geldi zirauen, gorputza iltzea bezain zurrun; ezker hezurtsuaz zutabe bati helduta. Bere jantzi bakarra iztapeko bat zen.

        Etxe nagusitik baten bat garbitu edo txukuntzera ateratzen zen aldioro, intziri parrastada bat sortzen zen eskaleen ahoetatik. Haatik, abesbatza pattal hark ez zuen arreta bereganatzea lortzen, eta otseinak bere eginbeharra burutu bezain agudo alde egingo zuen. Eskale gaztearen ahoa hertsi-hertsia zirauen. Zutik sor, bere ezkerra zutabeari heiduta.

        Gazte zirkuntzidatua, zeini eskalea begi-begi zegoen, bakarrik zegoen eserita, bere gorputzaren beheko atala sarong marroi batek estalia. Aurpegian ageri zen irribarreak bere azken azterketak gainditu berri dituen eskolako ikaslearen itxura zemaion. Baina bere begien argia zurbiltzen zen eskalearen begiradari erreparatzen zionean. Pinu adaxka, bere eskuetan zeukan makilatxoa, etengabe mugitzen ari zen euliak uxatzera saiatzen arituko bailitz. Mutilaren begiak eskalearengandik orkestra ixila eta pantaila ilunaren aurrean zegoen itzalezko panpinen erreldo hormatura zihoazen.

        Iluntzean ez zegoen ñir-ñir egiten zuen kriseilurik. Bloran behartsuek eme-emeki pizturik edukitzen dituzte gehienetan beren kriseiluak. Eguzkiaren argi gorriak flotatzen zuen zeru urdin ilunean. Azkenean bi koloreak batera nahastu ziren. Gozokien bildukin berde ilunek, zoruan bazter batetik bestera sakabanatuta zeudenak, uherrera jo zuten. Bananen zurikin horiak marroi bihurtu ziren eta koko gazteen hostoek okrearen abardura hartu zuten.

        Emakume heldu bat etxetik agertu zen eta alboratu egin zitzaion mutil zirkuntzidatuari. Maitekiro hitz egin zion.

        — Deus nahi al duzu, Ramli?

        Burua mugituz ezetz adierazi zuen, baina bere izai adaxka eskaleenganantz zuzendu zuen.

        — Zergatik ez diezu zerbait ematen, ama? —galdegin zion—. Zergatik uzten diezu hor egoten, itxoiten?

        Mutilaren amak haserre antza begiratu zien eskaleei, zeintzuk erremusin bila elkartuta zeuden.

        — Egun hauetan, milaka dabiltza hemen barrena. Zinaurriak bailiran. Eta batere arretarik jartzen badiezu...

        Mutilak adaxka bere magalean lagatu zuen.

        — Baina ez baldin badiezu ezer ere eman behar, zergatik uzten diezu hemen itxoiten?

        — Zergatik ez? Agudo aspertzen dira esperoan eta alde egiten dute —erantzun zion. Mutila jolastu zen orduan gaueko argiak beltza bilakatu zuen bere izaizko haizagailuarekin. Zoruari beha gelditu eta oinak pailakatu zituen—. Ez mugitu oinak —gogorarazi zion amak—. Luzeago hartuko du sendatzeak —ondoren lekutu egin zen pabilioaren ertzera joz.

        Eskaleen aurrera ondoratzerakoan, andreak, gelditu eta bularraldea puztu zuen. Han gelditu zen haiei so, gorputza tente eta bere kokotz meharra tinkatuz. Iletximak zetozkion lokietatik behera. Sudurzuloak zabaltzen zitzaizkion eskua altxatu eta behatzak airea zulatzen zuen biartean. Ia garraisia bezain ozen zen ahotsez hasi zen oihukatzen:

        — Tximino talde halakoa! Ospa hemendik! Zeru gorena urrintzen duzue. Utikan! Alde!

        Mintzatzen ari zen heinean, har zein emeen ahotsak igo ziren eliza abesbatzaren eran:

        — Andere, andere, urrikal zakizkigu, andere!

        Abesbatza laister bilakatu zen intziri sakabanatuen letania. Eskaleek begi-keinuak egiten zituzten orduantxe ernatu bailiran. Japoniarrak balira bezala, kilimusi egiten zuten haren aurrean. Zazpi pare beso hezurtsuk gora egin zuen. Euliak zunburrunka halen larru zoldatsuaren inguruan. Eskale bakarra geratu zen mugitu gabe, geldirik eta hitzik errateke.

        Emaztearen hankek tinkoki erroturik eutsi zioten zoruari.

        — Martxa! —egin zuen zaunka bere erkina haiengana zuzenduz.

        Abesbatza pattalaren ahotsek gora egin zuten berriro ere:

        — Urrikal zakizkigu, andere, mesedez...

        Eskale bakarra ez zen higitu. Une batez hiski begiratu zion andreari, baina gero utzi zien bere begiei gela bilatzen berriro mutil zirkuntzidatuarengan ezarri arte. Eskalearen ile beltz lodia sorbalda azpira iristen zitzaion. Begiak sakonki zintzilikaturik beren zuloetan. Bere bekainak iletsu eta sasitsuak ziren.

        — Ama —dei egin zuen mutilak sofako bere tokitik.

        — Alde egizue denek! —orro egin zuen emazteak jiratu eta mutilaganantz itzuli aurretik—. Bai? Zer da? —galdetu zuen eztiki.

        — Nahi dut horiei zerbait ematea —erran zuen mutilak ahulki.

        Andrea ezbaian jarri zen.

        — Hori izango al da zure gaurko oparia? Hori da nahi duzuna?

        — Bai, hori da nahi dudan guztia —mutilak segundu bateko atsedena hartu eta berrekin zion—. Noiz itzuliko da Hardo?

        — Ixo, ixo! Ez duzu izen hori aipatu behar hemen barrena —ohartarazi zion amak etxe nagusirantz hartuz—. Ekarriko dut zerbait horientzat —erran zuen itzalen pantailaren atzetik desagertuz.

        Pabilioaren ertzean lehen bezala segitzen zuten eskaleek. Eguzkia mendebaldean sartzen joan ahala, pabilioa gero eta ilunago jartzen ari zen. Gaueko haizebolada hasi zuen leunkiro, eta etxe ondoan zegoen kanpoko sukaldetik jendeak apailatzen zegien hotsa etorri zen. Atarla apaintzen zuten palmondo adarrak eta makilsaretik pabilioko teilaturaino igaten ziren paper-zerrendatxoak kulunkaka ari ziren astiro aurrera eta atzera. Dragoi-musker batek hamabi aldiz egin zuen oihu.

        — Ama —deitu zion mutilak bere amari hau saskikada bat gaileta bere eskuan zuelarik agertu zenean—. Ama! —erran zuen lehiatsukiago.

        — Zer da, Ramli? —itaundu zuen andreak hurbilduz.

        Mutilak eskale bakartia ikusarazi zion. Andrearen begiak jarraitu zitzaizkion semearen eskuari.

        — Nor da hori? —xuxurlatu zuen mutilak.

        — Zer erran nahi duzu, nor? Bai galdera bitxiak egiten dituzula batzuetan! Nor bada, basoko alfer alen horietako bat baino?

        — Baina ematen du...

        — Nor ematen du? —galdegin zuen amak—. Ematen du... Hardo.

        Mutilaren aipuak haserrarazi zuen andrea tentsioa gorputzera itzuli zitzaionez.

        — Utzi gauza arraroak asmatzeari —txistukatu zuen arnasa zurrunbiloarekin—. Inork adituko balizu, sartuko gintuzkezu gu denok saltsan —pabilioaren ertzera jo zuen bere ezkerreko beso gakotutik saskia zintzilik zeramala. Eskuinarekin banatu zizkien gailetak eskaleei—. Orain, behingoz, zoazte —ohartarazi zien.

        Bere erremusinaren truke andreak hitzgabeko esker leloa jaso zuen, baina eskale bakartia ixil eta geldi mantendu zen. Eskaintza hartzeko eskurik altxatu gabe. Bere begi sakonek aurrean zeukan andreari erreparatzen zioten. Banaka-banaka beste eskaleek alde egin zuten eta agudo bakarrik gelditu zen. — Ez duzu hau hartu eta hanka egiten? —murdurikatu zuen.

        Ez zuen erantzunik jaso.

        — Ama —oihu egin zuen mutilak aulkitik. Amak burua jiratu eta begiratu zion—. Hardo ematen du.

        Andrearen begitartea ilundu zen bere aurreko eskaleari berriro begiratzean.

        — Alde! —berrekin zion, zorua ostikatuz. Andrearen begiek oinetatik kopetaraino aztertu zuten eskalea. Honek ezkerreko besoa zutabetik mugitu zuen eta andreak begiztatu zuen eskuineko besoaren atzekaldean orbain luze eta mehar bat, bere larrua baino zurbilxeagoa. Begiak kliskatu egin zituen. Gorputza zurrundu zuen garrasiarekin batera, «Hardo!», berehala eskua ahoan jarriz. Harri eta zur geratu zen; eskaleak, bat-batean, burua gora-behera eginez alde egin zuen.

        Ilunabarraren itzala azkar jaitsi zen. Berriro ere suma zitekeen airearen garbitasuna. Haize xuabearen korronteetan enarak pinpilinpauxaka zebiltzan aitzina eta gibela. Bazter halen barrena, han-hemenka, kerosenozko kriseiluen argi pattalak biziagotu ziren, izarrak zeru hitsean bezala. Gaueko airea mezkitako atabalotsek —gaueko otoitz egiteko tenorea zen— eta haurtxoen negarrek bete zuten.

        Eskalea zirola-mirola zebilen, begiak aurrean zeuzkan, zoruan. Hamar, hamabortz etxe utzi zituen atzean. Oin bat aitzinera, ondotik bertzea; bere beso hezurtsuak zintzilik makalki bi aldeetara. Hirira zeraman bidetxora iritsi zen. Bi bazterretan luzatzen ziren arroz landak, zeintzuk, urtaroen bitartean, bertze uztek hartzen zituzten.

        — Karmin, Karmin komandante, non zaude orain? —xuxurlatu zion eskaleak bere buruari, ondotik ixilduz. Burua gora-beheratu, aurrera jo.

Ilargia oraindik agertzekoa zen eta izarrek ñir-ñir zegiten lasaiki hodei prozesioaren gainetik. Kaliwangan, Blora hiritxoaren aldameneko herria bakean zegoen. Ilunabarreko gurdibidea ia hutsik zegoen. Eskaleaz landa, pertsona bat edo bi bertzerik ez zebilen han barrena. Ez behirik, ez bufalorik. Aurrera jarraitu zuen oinez, bidexka zuzen batetik hirirantz. Kilkerrek beren kil-kirriari ekin zioten, ezagutzen zuten doinu bakarrari, alegia. Saguxaharrek erratzatu zuten airea haurren kometek lehiaketa sutsu batean bezala.

        Eskalearen atzetik, nonbaitetik, oinkada zalapartatsuen zarata etorri zen. Eskalea ez zen jiratu. Aitzinera jarraitu zuen, zoruari tinkoki erreparatuz.

        — Ningsih, non zaude? —xuxurlatu zuen emeki berriro ixilik gelditu aurretik. Bere behatzek hazka egiterakoan egiten zuten soinuak paperlatzarena ematen zuen—. Karmin! Karmin komandante! —murmurikatu zuen—. Ez nuen zugandik halakorik espero. Noiz elkartuko gara berriro? Ningsih —intzirikatu zuen—, zergatik ez zeunden etxean? Dagoeneko urte erdia joan da. Nola lortu nuen bizirik irautea? Nola lortu nuen bizirik irautea Sampur Lezearen ilunpean. Ene Jainkoa; hain baitzen iluna! Hain baitzen ixila! Eta zu ez zeunden han... —aurrera jarraitu zuen. Behin eta berriro egiten zuen so goiti, hodei mugikorren artean ñir-ñir zegien izar bati begira-begira geratuz. Une batez ageri zen, hurrengoan batere ez. «Non dago?» galdetzen zion bere kolkoari. «Gure promesaren lekuko zena? Joana da, Karmin! Galdu dut hori zu zure saldukerian galdu zintudan bezala». Aitzinera segitu zuen.

        — Joana da —xuxurlatu zuen berriro—. Joana zu bezal-bezala.

        Oinkaden zalaparta gero eta hurbilago zegoen. Eskaleak bat-batean ezkerretara jo zuen eta soro batean sartu zen zuztarren artean bere gogoetekin eseriz. Burua magaleraino makurtu zuen. Bere gainean ilunabarraren itzala hedatua. Eserita zur geratu zen bide ertzetik bortz metrotara.

        Bidean irudi motz eta mehe batek agerpena egin zuen: oinez azkar zetorren gizon bat zen, tunika ilunpean hegazkatuz, bere burutik ozenki marmarka.

        — Berriro bera, berriro bera! Denek ahantzia zuten, baina berriro hemen dago! —birao egin zuen arnasestuka—. Bera da berriro ere. Zergatik sumatzen du hainbertze nere andreak beraren falta? Eta Ramlik ere bai? Eta orain nik aurkituko dudalakoan, ergel honek! agirika egin zuen—. Zer presa dago? —utzi zion hitz egiteari, eta abiada moteltzearekin batera tunikak bere tokira egin zuen. Urrats eman zuen bide bazterrera eta gorputza makurtu zuen atsedena hartzearren. Bere gibelean, landan, eskalea eseria zegoen bere gogoetan. Aitonak berrekin zien lehen utzitako marmarrei.

        — Ergela! Zer presa dago? Hobe izanen litzateke hemen eserita gelditzea ordu erdi batez. Hartzazu irtenbiderik errexena, etxera itzuli eta bota emazteari gezurretan ari dela. Erran ez zegoela Hardo inon aurkitzerik. Eginen dut izerdi eta nekeak haserrarazi dutenarena —irriari eman zion, gogoeta honek poztuta.

        Sakeletik sukarri eta ardaia atera zituen. Sukarriari eragitean txinpartak bere aurpegia nabarmendu zuen iluntasunean.

        — Sukarri madarikatua! Hezea behar du! Zergatik ez da piztuko? —zutitu eta bidea zeharkatu zuen. Berriro eragin zion sukarriari. Txinpartek hegan egin zuten eta bere sudur zabal eta begi ukabilatsuen marra zehazgabeak agerian geratu ziren. Azkenean ardaiak su hartu zuen. Zigarro bat piztu eta erretzeari ekin zion.

        — Dena den, zer ari da Hardo hemen egiten? —arrenkura egin zuen—. Nondik atera ditu Blorara itzultzeko gorriak? Eta hara! Eskalearen itxuran, edo hala zioen neure emazteak. Zer arraio espero dezakezu eskale batengandik? Neure dirua xahutuko luke, hori da! Ziur nago hori eginen lukeela —zigarroari eman zion, baina oraindik gehiago sutu zen—. Denbora honetan guztian ezta hitzik ere berari buruz eta orain berriro hemen arazoak sortzen. Lortuko du japoniarrek jendea bildu, lerrokatu eta agintzea Blora inguruko mendiak ongi araka ditzaten. Bera aurkitu nahian Plantunganen egindako bilaketak zeharo nahasia eduki zuen jendea. Erran nahi dut, halajainkoa, japoniarrek denak ikaratuta zeuzkatela. Bai egun zorigaiztokoa! Egun nardagarria! Ematen zuen hankak lokartu behar zitzaizkidala. Une batez har zezaten ere desiratu nuen. Nola demonio egin zuen ihes? Mila pertsona edo izanen ziren bere atzetik eta oraindik ere hanka egin zuen.

        Ostera ere zigarroari eman eta murdurikatzeari berrekin zion.

        — Baliteke ahalmen ezkutatuak edukitzea —erran zuen kezkati edo—. Lau mila pertsona zebiltzan han barna. A zer nolako amaiera izan zuen bere aitak, Plantunganeko buruzagiak! Lanpostutik bota ondoren eta gobernuak bere ondasunak kentzeaz gainera hara non hiltzen zaion andrea. Atsekabeak hila doike. Alagandik gatoz eta Alagana itzuli behar —bere zigarroaren kea irentsi eta eztulka hasi zen. Zigarro-mutur dirdiratsua lurrera erori zitzaion ezpainetatik—. Sinestekoa! Bere aita kargutik bota...

        Zeruertzean hodeiak jadanik desagertuak ziren eta izarrak ñir-ñir ari ziren motel. Herriko bidea lanbro artean luzatzen zen hirirantz. Kaliwangan zenbait kandelak, zeru goibelean izarrek bezala, jositako meta ilun bat zen. Eta hirian, haizeak behin eta berriro mugiarazten zuen banbudi baten bestaldean, kaleargien izpiak agertu eta desagertzen ziren.

        Eskalea eserita zegoen, ixilik, eskuak zangaztaleetan. Bere aitzinean, batere urruti, zegoen eserita zuriz jantzitako gizon marmartsua, bere zigarroaren dirdira bizituz edo motelduz bere ezpainen mugimenduen arabera. Eskaleak gizonaren hitz bakoitza eta guztiak aditzen zituen. Arnasketa mantsotu eta isilean haznahia egin zuen. Irripar triste bat egin eta xuxurlatu zuen berekiko:

        — Hori auhendaria. Ez da batere aldatu.

        — Eta zertan ari zen Ramli? Hardo benetan eskale bat baldin bada, zergatik beraz kezkatu? Pentsa, eskale ziztrin bat! Dirudienez hori da japoniarrek eman diguten guztia: beren barraskilo higuingarriak eta eskaieak. Zer arraio sartu izanen zaio Ramliri buruan? Itzal antzerki oso bat plantatu berarentzat eta ia ezta irripar bat bera ere. Ez dut ideiarik ere zer nahi ote duen. Zergatik ez zidan txirrindula bat eskatu? Zirrika neumatikodun bat eskatu balu erosiko niokeen. Demonio! Ongek saldu nahi zidan bat atzo. Baina ez, Ramlik ez zuen deus ere nahi. Ez zuen ezer eskatu. Eta eskale hori heltzen denean, hara non ateratzen zaigun erregu zoro horrekin! Zoroa, hori da. Eskale bat nahi du! Ez al da erregu zoroa? «Aita, bilaidazu Hardo», eskatzea ere! Arranopola, benetan eskalea bada zergatik eraman nahi dut etxera! Eta bere ama ere gauza bera, jo ta ke. Nola maita lezake inork eskale bat? Kaka, oilo hil batek eskale batek baino gehiago balio du. Bidean oilo hil bat balego jendeak borroka eginen luke hura lortzearren. Baina eskale hil bat? Denek hanka eginen lukete eta gorde, ikaraturik lanen bat egin beharko luketela eta —eten bat egin zuen. Eztarria garbitu eta erretzeari berrekin zion.

        Bere atzean eserita zegoen eskaleak arretaz entzun zituen gizonaren ahuenak. Hotza sumatuz kuzkurtu eta belaunak elkartu zituen besarkada estu batez. Bere hezurduraren karga ezkerreko aldera mugitu zuen astiro eta hatz egin zion bere zima luzeei.

        — Gonbidatuak joanak izango direlakoan nago —pentsatu zuen gizonak—. Gonbidatuak..., baina zer perkaletako gonbidatuak dira hauek? Orain, japoniarren menpean, gonbidatuak eskaleak dira, den-denak. Eta itsuak gainera. Badakite japoniarrek ebatsi behar dizkietela beren uztak, herrian japoniar bakarrik ere ez egonagatik, eta hala eta guztiz ere ez dute behatz bat ere mugituko horiek berreskuratzearren. Gonbidatuak? Ezer onik egin al dute nere alde? Goienez, txinatarrek lagun ziezadaketen zertxobait. Baina, zer arraio! Ez nago gaizki. Gutxienez hor daukat nere teka eta japoniarregandik lor dezaket nahi dudan adina.

        Bere ezpainetan distiratzen zuen zigarroak argitzen zituen gizonaren aurpegiera arrunt eta kopetiluna. Azkenean, zutitu eta hirirantz egin zuen oinez. Eskalea ere poliki zutitu zen eta jarraitu zion. Gauaren ixiltasunean eskaleak aditzen ahal zuen Megaegia-ren doinua, tristura eta atsekabearen doluzko abestia.

        — Noiz elkartuko gara berriro Karmin? —xuxurlatu zuen eskaleak eta emeki solas egiten hasi zen bere aurrean zihoan gizona kantatzen ari zen abestiaren akordeen artean—. Gisa honetako gizona al da zuen aita, Ningsih? Errukigarri zu, hala bada, zeren halako gizon batek ez baitu zeure sentimenduen ideiarik ere izanen —hatz eman zien bere ipurmasail eta buruari—. Eta zuk, Karmin, zuk neregana itzuli behar duzu. Ez kezkatu; ez diot mendekua bilatuko zeure saldukeriari.

        Haizea indartuz joan zen, bi gizonak aitzinera egin ahala, ñir-ñir zegiten izarrek, hori hitsak zeruaren urdin sakonean. Zeru ilunduaren oinetan, eta harantzago zegoen hiriarentzat hesi ziren banbu mordoak kulunkaka aurrera eta atzera. Banbu zurtoinen artean kaleargiak kiriketan ari ziren.

        Zigarroa erretzen ari zen gizon adintsua bat-batean gelditu zenean, bere atzean zihoana ere geratu zen. Eta aurrekoa itzulikatu zenean, ondokoa azkar makurtu eta eseri zen bide bazterrean, bere oinak arroz landa idorrean.

        — Jarraitu beharko nuke bilatzen ala ez? —galdetu zion bere buruari ozenki—. Morroi horrek ni kezkarazi baino ez du egiten. Baina, egon-egon. Agudo ez du inortxo ere estualdietan sartuko —mehatxu egin zuen.

        — Gaurgero han behar dute gonbidatuek. Noizez geroztik ote nabil? Hamar minutu? Ordu erdi bat? —eta intentzioz aldatu bailitzan, jiratu eta herrira ibiltzen hasi zen, baina ehun metro egin bezain laster berriro bira egin eta hirirantz zuzendu zituen bere urratsak. Totorika zegoen eskalearen paretik iragatean berriz ere marmar egin zuen:

        — Hau da zure emaztearen gutizia egitera saiatzeagatik sortzen den arazoa. Farregarria! Hona, Kaliwangango buruzagia naizen hau eskale baten atzetik andreak jarria. Halere ezin bertze inor lan honetan paratu. Horrek saltsa haundia ekar ziezadakeen —bere ahotsa pattalduz zihoan bidean aurrera egiten zuen heinean. Mantso zebilen, zigarro mutur distiratsua dantzan ari zelarik ilunpean—. Edozein joan zitekeen japoniarrengana eta erran Kaliwangango buruzagia Hardo gudaroste komandantearekin harremanetan dagoela. Eta orduan, zer gertatuko litzateke? Burua moztuko lidakete, hori da gertatuko litzatekeena. Beno, beharrik eskale hutsa den —eskalearengandik bost metro aurrerago geratu zen—. Eta oraindik ere Ningsihren bila etortzeko gorriak ditu! Hobe legoke... —haizegoak eraman zituen bere hitzak. Bere aurrean luzatzen zen bideari so gelditu zitzaion. Haizea mantsotu zenean berrekin zion ibiltzeari. Eskalea altxatu zen gizonari jarraitzearren—. Japoniarrek burua moztuko lidakete, zalantzarik gabe. Egun zoriontsua izango da neretzat hil dela eta beldarrek jan dutela adi dezadanean. Ez dut Ningsihez gehiago kezkatu beharko bederen. Ningsih, oi Ningsih, bai inozoa zarela! Horren zain egotea ere! Zure leialtasun okerra burugabekeria da. Ezin dut sinetsi ere egin. Ez zen etorri ezta Ramliren zirkuntzisiora ere. «Nere lana eta memoriez arduratu beharra daukat», erran zuen neskak —geratu eta zigarro muturra arroz landara bota zuen; gero, itzuli eta atzera jo zuen herri urdinska-beltzarantz.

        Eskalea berehala jarri zen bidearen ondoan berriro. Gizona, ia bere ondoan orain, bat-batean geratu eta beherantz begiratu zuen bere azpian eseritako gizonaren irudia ikusi zuenean.

        Eskaleak intentzio osoz ozenki egin zuen arnas.

        — Jesus, Maria....! —gizon adintsuak atzera egin zuen jauzi—. Gizon bat da? Alajainkoa, zer ikara eman didan!

        Eskaleak ez zuen ihardetsi.

        — Gizon bat zara, ez da?

        Erantzun ezean, gizonak, giza-trokoa bere eskuez ukitu zuen. Eskaleak ez zuen ezer ere erran, arnasak bularrari gorabehera eraginagatik.

        — Ene lainkoa, gizon bat da. Barkatu —erran zuen damuan—. Zaharra naiz eta nere begiak ez daude arrunt ongi —eskalearen besoak ukitu zituen—. Bai, orbain bat behar luke bere ezkerreko besoan. Ez, itxoin, eskuinekoan. Bai, orbaina eskuineko besoan dago. A, hau da eskuineko besoa. Eta hau da baioneta japoniar baten orbaina. Oroitzen naiz ederki. Zeu al zara, Hardo? Zeu al zara benetan? —gizona eskalearen ondoan eseri zen—. Gizarajoa. A zer lotsa!

        Gauak aurrera zegien segunduz segundu. Hitzik ez batak zein bertzeak. Haizea berriro hasi zuen eta banbua —hiriko hesia— ere murmurioka eta kulunkaka haizearekin batera. Argizpiak gezien erara agertzen ziren banbu zurtoinen tartetik, ipurtargiak bailiran elkarri jazarka.

        — Zer gertatu zaizu halako egoeran egoteko? —galdetu zuen aitonak.

        Eskaleak nekez hartu zuen arnasa eta honen soinua haizeak hodi batean barna iragatean egiten duen antzekoa zen.

        — Luze eman duzu hemen eserita? Eskaleak ez zuen ezer ere erran.

        — Andreak eta biok zu gure etxera etortzea nahi genuke. Horra zergatik natorren zure atzetik. Hasieran gezurretan ari zirela uste nuen ez baikenuen zutaz hitzik ere aditu aspalditik. Baina ongi zaude, ezta? —erantzunaren zain gelditu zen, baina eskaleak ahoa itxita segitu zuen—. Ez dugu zure berri zuzenik urte erdi batez edo izan, zurrumurruak baino ez. Dena den, ongi zaude, salbu, ezta? —berriro erantzunaren zain gelditu zen, baina eskaleak ez zuen txintik ere erran—. Barkatu seme, baina nire begiak jadanik ez dira onak. Hain da txarra nere ikusmena ezin dudala ikusi ere egin nola zauden. Baina zatoz etxera nerekin, Hardo —eskaleak ez zuen deus ere erran. Aitonak hasperen egin zuen—. Hala eta guztiz ere, beldur naiz etxera etortzen bazara ere —totelka hasi zen— Ningsih ez dela han izanen. Hirian bizi da orain. Hirira egin zuen orain dela une erdi bat edo, japoniarrak jazarka hasi zitzaizkizunarekin batera. Bai, hirian bizi da orain. Hantxe dago.

        — Eta orain —eskaleak hausnartu zuen— saiatuko zara berriro atxilo nazaten?

        — Atxilotu? —oihu egin zuen aitonak—. Tximistak jo eta bertan hil nazala baldin eta inoiz halakorik egiten badut, zin dagit.

        — Ez duzu zin egin beharrik. Nik nihaurek ikusi nuen nola ibili zinen nere bila Plantungan inguruko mendietan. Ikusi zintudan, nire bi begiek ikusi zintuzten.

        — Hardo, mesedez. Ez dakizu nolako mina egin zidan japoniarren aginduak bete beharrak, baina japoniarrak izan ziren Kaliwangango buru izendatu nindutenak, badakizu hori. Eta kamioietan igoarazi gintuzten eta bere eskuineko besoan orbain luze bat zuen gizona aurkitzeko agindu ziguten —bere sakeletan zerbait bilatzeari ekin zion—. Ez zidan, bada, Ningsihk madarikazio ttikirik bota horregatik! Hitz goxoak izan zituen bere aita gaixoarentzat! Erran zidan, «Orduan, zure lana gordetzearren, Hardo ehizatzera zoaz? Horixe erran zuen —eten egin zuen—. Beno, ez nekien zer egin. Alegia, horiek ziren aginduak. Halere Ningsihri erran niona hauxe da. Erran nion «Hardo Nere begiren aurrean agertzera ere ez dut ikusiko!». Garbi dagoen bezala, ez zintudan ikusi. Hainbertze jende zure bila eta inork ezin izan zintuen harrapatu —emeki solastu zen—. Ez zuten zu aurkitzerik izan. Mirakulua izan zen. Badakizu, ezta? —berotu zen—. Jendeak miresten zaituela egin zenuenagatik. Den-denek, salbuespenik gabe, goi-goian zauzkate. Are gehiago nik. Jendeak dio ahalmen bereziak behar dituzula. Egia ote den galdetzen diot neure buruari.

        Eskaleak hasperen egin zuen.

        — Hain izaten zinen solastia. Orain ez duzu ezertxo ere erraten. Deus okerrik ala, Hardo? Eskaleak berriro ere hasperen egin zuen.

        — Gizarajoa. Hainbertze sufritu behar izan behar duzu. Sobera. Eta jantzirik ez. Oinetakorik ere ez barruti buru baten semea zaren horrek. Entzun, zer irudituko litzaizuke nere jantziak emango banizkizu?

        — Ez ditut behar.

        — Baina ez duzu ezer ere.

        Ixilune luzea egin zen, Hardok, azkenean, erantzun bitarte.

        — Ez.

        Herjauna berekiko ari bailitzan mintzatu zen.

        — Dena desberdina da orain. Zuen aita... —etena egin zuen hizpidea aldatzeko—. Ramlik zure falta hartzen du. Ez da mezkitara klaseak hartzera berriro joan. Zer etorriko zaio? Zer egin pentsatzen ere etsia hartu dut. Benetan, ez dakit zer egin, Hardo. Zu zara berak kasu eginen dion bakarra. Beti eman ohi zenidan aholkua umeei buruz, baina orain, zu joanez geroztik, Ramlik ez dit entzuten. Egunero, berak galdetzen duen gauza bakarra da: «Non da Hardo, aita?» edo «Non da Hardo, ama?». Eta zaila da, ezin baita beti engainatzen ibili. Badaki japoniarrak zure atzetik dabiltzala. Ez balego zirkuntzidatu berria, ziur naiz zure atzetik abiatu izanen zela sterka. Ziur nago horretaz. Beharrik zirkuntzidatuta zegoen! Bertzenaz, ez dakit... Nolanahi ere, espero dut i etxera etortzea nerekin. Mesedez?

        — Eskerrik asko, dena dela.

        Herriko buruak arnas sakona egin zuen.

        — Ez zenuke ze geratu beharko. Alditxo bat nahikoa izanen litzateke.

        — Ez.

        — Jaungoiko guzti ahaldunak bakarrik daki zenbat gustatuko litzaidakeen zu nere teilatupean berriro edukitzea. Zergatik ematen du maite ohi zenituen gauza guztiak ez zaizkizula jadanik batere axola? —bere ahotsa emeki erreguka ari zen—. Burutan daukat zein kontent zeunden gure lorategia lehen aldiz ikusi zenuenean eta itzalean, banbudiaren ondoan zegoen arrain putzua eta atsegin zenituen barazkiak eta ahuntzume gizenak... eta gogoratzen naiz nola Ningsihrekin etxaldean barna bueltaxka bat eman ondoren... —eten egin zuen zerbaitez oroitu bailitzan—. Baina Ningsih ez da jadanik etxean bizi. Ez legoke han zurekin ibiltzera ateratzeko. Japoniarrak zure ehizean hasi ziren une beretik, hirian izan da. Oi, gauza berak erraten ari naiz behin eta berriro, ez da? Lehen ere erran dizut hori. Ningsih gaixoa, a zer nolako ikaraldia izanen litzatekeen berarentzat zu egoera honetan ikustea!

        — Mmmm.

        — Ez zara nerekin itzuliko herrira?

        — Ez, eskerrik asko.

        — Mesedez —estutu zuen buruzagiak—. Mmmm.

        — Zergatik ez duzu deus erraten? Beharbada ez nauzu jadanik aitatzat hartzen. Agian ez naiz jadanik nahikoa on zuretzat.

        Eskaleak irri egin zuen ahulki. Hodei multzo bat pasatu zen zeruertzetik eta gazteak begiratu zuen zerurantz.

        —Izar hori... —xuxurlatu zuen, baina ez zuen aurrera egin. Burua berriro makurtu zuen.

        — Zein izar? —galdetu zuen herjaunak—. Zer erran nahi duzu, «izar hori» horrekin —galdetu zuen berriro—. Behin sumatu nuen Ningsih gauza bera erraten. Eta hartaz galdetu nionean, hodeiek estalia zegoen izarra biharamunean berragertuko zeta izan zen aipatu zuen gauza bakarra. Oroitzen naiz hori erran zuela erauntsi haundia bota zuelakoz gau hartan eta gau-gauerdian Ningsih izarrekin edo ametsetan ari behar zuela zeren bere loan behin eta berriro errepikatzen zuen, «Izar hori, izar hori...». Ez, ez zait ahantzi —eztula egin zuen eta eztarria garbitu—. Zer arraiotarako ari naiz guzti honetaz hitz egiten?

        Eskalearen farretxoak trufa kutsua zeukan. Hatz eman zion besape eta buruari.

        — Goazen etxera, Hardo. Ama zain dugu.

        — Ez, mila esker.

        — Zer dago gaizki? Zeri diozu beldur? Ez da zu salduko zaituenik. Nor ausartuko litzateke? Izan ere, denek eskainiko lizukete babesa. Ez al zenuen zihaurek behin aipatu jendea gorriak eta beltzak ikusten ari zela! Hala gertatzen ari da eta zure matxinada beren sentimenduen agerpentzat jotzen dute. Egia da, Hardo, eta ez dio axola inork zure eskuineko besoan duzun orbaina ikusiko balu, ez luke ezer erranen eta —saiatu zen etsigarriro mintzatzen—. Ez, inortxok ez zintuzke salduko. Eta fidatzen ez bazara, geldi zaitezke barrenean. Ez zenuke zure aurpegia ezertarako agertu behar izanen. Zatoz etxera nerekin. Nere hitza daukazu. Nere gain zure segurtasuna. Zugatik lepoa arriskatuko nuke, Sumok soldadu australiarra ezkutatu zuenean egin zuen bezalaxe. Bainu bat har dezakezu eta lo pixkat egin. Badakit gonbidatu anitz dauzkagula gaur gauean baina ez zaitez horregatik kezka; ez da arazorik izanen. Ez zintuzkete ezagutuko. Sar gintezke atzeko atetik. Goazen. Ez zara etxera etoriko nerekin?

        — Ez, eskerrik asko.

        Iluntasunak inguratzen zituen bi gizonak bi gau-txori beren buru gainetik txioka hasi ziren arte. Baina istant batean, ixiltasuna itzuli zen.

        — Ez didazu gehiago hitz egin nahi? —aitona erantzunaren zain geratu zen—. Beldur zara salduko zaitudanentz? —erantzunik ez oraingoan ere—. Ez duzu kezkatu beharrik. Japoniarrentzat ari naiteke lanean, erran nahi baita eurek jarri nindutela nere karguan, baina ez nuke inor ere salduko, eta zu are guttiago. Azken finean nere semetzat zauzkat. Tximistak jo eta hil nazala zurekin azpikerian aritzeko inolako intentziorik baneuka. Zinetan ari naiz. Sinets iezadazu. Ez gara arrotzak. Ezagutzen nauzu. Etortzen ahal zara nerekin etxera. Mesedez —berriro erantzunaren zain geratu zen.

        — Ez eskerrik asko, mila bider eskerrik asko.

        Aitonak hasperen egin zuen.

        — Zeruko Printzeak bakarrik daki zer nolako irrika dudan zu gure etxera etor zaitezen eta orain arte eraman duzun bizia utz dezazun —gaueko haizea hotz zetorren—. Ez zaude hotzak? —galdetu zuen.

        — Ez.

        — Ez zenituzke nire jantziak jantziko?

        — Ez.

        Berriro ere ixiltasun artegatsua nagusitu zen; ondotik kilker baten kil-kirra. Herriko buruzagiak eztarria garbitu zuen.

        — Erre ohi zenuen. Beti edukitzen zenuen zigarro mutur bat zure ahotik zintzilik. Hori da, Scissors izeneko zigarroak oroitzen naizenez. Baditut bakarren batzuk. Nahi al zenuke bat?

        — Ez.

        Orain ere ixiltasuna errege. Hodeiek zeruertza azpimarratu zuten. Herrian gong batek behin jo zuen, behin baino ez, baina danborren durrunda etorri zen atzetik.

        — Saltzaileak ailegatu izanen dira doike. Eta oraindik ez dira zortziak. Ez al zara etxera etorriko Ramli ikustera? —erantzunik ezean, herjaunak berrekin zion mintzatzeari ulerkortasuna erregutzen zuen ahotsaz—. Ramlik ikusi nahi zaitu. Luzaroan geratu nahi ez baduzu, ez duzu zergatik. Alditxo batez nahikoa. Bere amak ere ikusi nahi zintuzke. Orain dela se hilabete jazokuntza itsusi hura gertatu zenez geroztik, biok otoitz egin dugu zure segurtasun, osasun on eta japoniarrengandikako askatasunaren alde. Denok zure berrien zain geunden. Eta orain, hemen zauden honetan ez al litzateke arraroa zu gurera bisita egitera ez etortzea? Ez zara etxera etorriko?

        Eskalearen eztul behartuak adierazi zuen bere zalantza buruzagiaren hitzetan. Hatz eman zion bere bizkarrari.

        — Ramlik zerbait berri dauka zuri erakusteko —erran zuen buruzagiak harro—. Xaboia egiten ikasi du errautsa eta koko-olioaz. Pilo bat egin zigun bere zirkuntzisiorako aste pare falta zirela. Eta oroitzen zara lorategiko hesi ondoko putzuaz, ezta? Oraindik ere amaigabeko ur etorkia da guretzat. Eta Ningsihk zuk lo egin zenezan leku berezia prestatu zuen. Inork ez du egundaino han lo egin. Zure aitak ezik. Lehengaldian etorri zitzaigun Ramli ikustera zirkuntzisio aurretik. Erran zidan, Izutu egiten nau Hardo non izan daitekeen pentsatzeak. Sufritzen behar du». Ez duzu zuen aita ikusi nahi, Hardo?

        — Ez —erantzun zuen eskaleak—. Ziur zaude?

        — Mmmmm.

        — Baina zuen aitari gustatuko litzaioke zu ikustea —aitonak berriro ere aldatu zuen hizpidea—. Ikusi beharko zenuke zuk landaturiko artasoroa. Ez litzaizuke gustatuko hori ikustea? Zu joan ondotik Ramlik erein zituen pipermn landare batzuk eta orain baratzea gorriz estalita dago. Piperrak itzelak dira. Ez zenituzke ikusi nahi?

        — Ez.

        — Zer gustatuko litzaizuke egitea?

        Hardo unetxo batez hausnarrean geratu zen ahots mantso baina indartsuaz hitz egin aurretik.

        — Inoiz agertu al da Karmin zuenean?

        Aitona ezbaian geratu zen mintzatu aurretik.

        — Beno, Japoniarrak zure atzetik hasi zirenetik hilabetean bitan edo agertu da han barna. Beti galdetzen du zutaz.

        — Eta zuk, zer erraten diozu?

        — Beno, nihaurek ez dakidanez, ez dakidala baino ez diot erraten. Berak dio zuk egin zenuena benetako herolaren seinalea dela —eskaleak sinesgogorrean barretxoa egin zuen—. Eta etorri baino lehen —aurrera egin zuen buruzagiak— beti gelditzen da hirian Ningsihren etxean berarekin etor dadin.

        — Non dago Ningsih orain? —itaundu zuen eskaleak. Aitonak zalantzati eman zuen erantzuna—. Hirian.

        — Hirian? —galdetu zuen susmabera eskateak—. Hirian? —arnas sakona hartu zuen eta berriro ixildu zen.

        — Bai, hirian —xuxurlatu zuen herjaunak. Sukarriari eragin eta bertze zigarro bat piztu zuen. Zigarroak zartotsak egiten zituen erretzean. Gizonaren sudur potolo eta begi ukabiltsuak berriro nabarmendu zituen zigarroaren argitxoak.

        — Erre nahi? —erantzunik gabeko galdera—. Ez duzu jadanik erretzen? —erantzunaren zain, aitonak zigarroari eman zion, baina erantzuna ez zen iritsi—. Iruditzen zait ez zaizkizula axola lehen axola zitzaizkizun gauzak. Hala ematen du bederen. Ez dituzu gogoratzen piper landare berde ilunak beren fruitu gorri distiratsuekin? Eta zigarro on bat zeure burua berotzeko? Arrain putzua bere ur berde eta gorolditsua eta artasoroa haizearekin murmuriatzen? Ez al genuen putzua egin japoniarrak zure atzetik hasi baino lau hilabete lehenago? Eta ez al zinen zu zeu izan putzua arraikumeez bete zuena? Gomutatzen nota joaten zen Ningsih putzura arrainak bazkaltzera? Arrainak haunditu dira dagoeneko. Ez al zenituzke orain ikusiko eta aire frexkoa arnastuko? Beti erraten zenuen nota gustatzen zitzaizun handik ikusten zen ingurua. Eta ikusten zenituen animaliekin hartzen zenuen atsegina! Ez zara etxera etorriko nerekin?

        — Ez.

        — Ez? Iruditzen zait jadanik ez dakidala zer den nahi duzuna. Putzua arrainez josita dago, baina Ningsihk erraten du «ez ditzala inortxok ukitu ere egin». Eta horrelaxe izan da zuk alde egin zenuenetik. Ez dugu arrain bakarrik ere hartu. Eta Ningsih...

        — Non da Ningsih orain? —eten zion eskaleak.

        — Hirian —erantzun zuen herjaunak, bere doinuan gogaipena nabarmenduz.

        — Hirian, non?

        — Hirian, hori da dena. Kartini Eskolako bertze irakasle batekin.

        — Oi —eskaleak sakonki hartu zuen arnasa.

        Buruzagiak segitu zuen erretzen, eta zigarroari ematen zion aldiro bere aurpegiera nabarmena agertzen zen ilunpetik.

        — Eta zure atzetik egindako bilaketak porrot egin zuenetik egun batera, armada unitate-buru japoniarra, zure unitateko burua, etorri zen herrira Karminekin batera ni itauntzera. Esperientzia beidurgarria izan zen. Hain zegoen gorri bere aurpegia mozkorra zirudiela. Denbora guztia oihuka beren hizkera horretan. Mahaiak eta armairuak arakatu ezezik aurkitu zituzten paper guztiak irakurri zituzten. Den-denak. Ohe azpian ere begiratu zuten, ganbaran, eta baita aletegian ere. Ez zait sekula santan sudur erremolatxa-gorri hura ahantziko, eta ia ulertezina zen bere hitz egiteko moduan erran zidanean, gutti gorabehera, «Kontuz, zu, traidore bat ezkutatzen baduzu hemen, ulertzen?» Orduan bere eskuaren hegala lepora eraman zuen keinua eginez eta gehituz «Gure polizia, ulertzen?» buruaz baietz egin nuen eta gaineratu zuen, «ederki. Zure burua moztua, ulertzen?» Orduan hasi zitzaidan Ningsihz galdezka. «Non dago bere andregaia?» galdekatu zuen. Eta une hartantxe nere gorputz osoa dardarka hasi zen. Ningsihk kezkatzen ninduen. Bere bila ere abiatu behar zuten. Izututa nengoen, Hardo. Zu galdua zinduzkadan eta uste nuen Ningsih ere galduko nuela —eskaleak zintzurra garbitu zuen. Arratsaldeko baretasuna itzuli zen haizea desagertzearekin batera; kilkerrak ere ixildu ziren.

        — Orduan zer? —galdetu zuen eskaleak.

        — Orduan erran nien: «Hirian».

        — Non?

        — Hirian, bertzerik gabe —aitona ezbaian jarri zen—. Eta ondotik autoz joan ziren. Ofizialaren sudurra gorrituta zegoen oraindik, baina joan aurretik Karminek xuxurlatu zidan, «Ez kezka, Ningsih zainduko dut. Dena den, kasu eman eta ez ezer erran honetaz inori. Nik aholkatzen dizudana egiten ez baduzu, ondorioak ezin lazgarriagoak izan daitezke. Eduki hori buruan eta ez ahaztu soldadua naizela». Ezin izan nuen errateko ezertan pentsatu. Eta horren ondoren biek alde egin zuten.

        — Karmin pelotoi komandante...

        — Eta geroztik maiz izan da hemen. Bisitatxo bat egitera gelditzen da eta berriro martxa.

        Ixiltasuna itzuli zen. Gong baten soinuak zeharkatu zuen gaua.

        — Hasi da itzal antzerkia —aipatu zuen eskaleak.

        — Oraindik ez —erantzun zuen buruzagiak—. Saltzaileak dira orainclik. Ordubete barru arte ez da jaialdia hasiko. Goazen etxera, Hardo —aitona erantzunaren zain gelditu zen zigarroari ematen zion bitartean, baina erantzuna ez zen heldu. Kea berriro irenstearekin batera, bere aurpegiera zimurtua goibeldu zen. Bere aitzinean bota zuen zigarrokina, zein mahatsondo baten azpira erori zen. Bat-batean, lehen bururatu ez zitzaion galdera bat gogoratu bailitzaion, galdetu zuen:

        — Hala eta guztiz ere, zer moduz zaude?

        — Ongi.

        — Ongi? Zauden horretan, ongi zaude? —itxaron zion eskalearen erantzunari, baina honek ixilik segitu zuen—. Gustokoa duzu zaren hori? Ez duzu zerbait desberdin nahi?

        — Ez —erantzun zuen tinkoki eskaleak.

        — Orduan ez dut batere ulertzen. Zergatik aldatu zara hainbertze? Ez duzu atsegin lehen atsegin zenituen gauzetatik bakarrik ere. Arrunt desberdina zara orain. Zutaz pentsatzen dudanean zure uniforme berde dotore, galoi eta ezpatarekin ikusten zaitut, zutik irmo japoniar ofiziale baten ondoan eta kotxe ofizialetatik sartu eta ateratzen. Baina agur denari. Arrain putzuari, lorategiari... jadanik ez zaizkizu batere axola. Ez dut ulertzen. Benetan, ez dut ulertzen —zoruan, mahatsondopean zegoen zigarrokinaren dirdira motelduz joan zen errauts geruzaren azpian. Mantso hitz egin zuen, zerbait gogoratzen ari bailedin—. Ramlik eta bere amak nahi dute zu etxera etortzea, baina zuk ez duzu nahi. Zergatik ez? Oi, Zeruko Printze, ahalegindu naiz. Joan egin naiz bere atzetik, baina nere semea ez da itzuliko. Ningsih hemen balego lortuko luke zu etxera etortzea. Baina...

        — Non dago? —xuxurlatu zuen eskaleak.

        — Hirian —buruzagia zalantzan jarri zen—. Hirian. Baina non?

        — Kartini Eskolako bere lagunarekin —erantzun zuen totelka aitonak.

        Orain eskalearen hitz egiteko txanda zen, baina azkenean ez zuen deus ere erran. Buruzagiak hizpidea bertze bidetik eraman zuen.

        — Molda zaitezke zauden egoeran?

        — Bai.

        — Egiatan? Ezin dut inondik ere ulertu. —aitona mintzatu zitzaion haur bati bezala—. Hirira joaten zarenean errepide bazterrean haurrak zabal-zabal etzanda ikusten dituzu. Azoka eta denden aitzinean, zubipean, zabor-meta gainean eta erretenetan gorpuak. Gorpuak baino ez. Bazterrak heriotzeak hartuak, haurrak eta zaharrak. Eta badakizu zer egiten duten? Hiltzear badaude, azken arnasa hartu baino lehen, teka-egur mukuru bat pilatzen dute edo janaria biltzeko erabili diren banana hostoak. Eta beren gorputzak hosto horiekin estali eta gero hiltzen dira. Bi ordu barru hil egingo direla eta inork ez dituela euren gorpuak ehorzteko prestatuko bailekiten. Garaiaren emmena! Eta ez dakit zergatik den. Nere bizi osoan hau da halakorik ikusi dudan lehen aldia. Gorpuak. Leku guztietan zaindugabeko gorpuak. Zatoz etxera, Hardo.

        — Mita esker, baina ez —erantzun zuen Hardok aitonaren erreguari kasurik ere egin gabe.

        — Inork ez zaitu salduko —aitona begira-begira gelditu zitzaion bere zigarrokinaren distira motelduari. Ilunpean marraztuta egona zen mahatsondoaren enborra desagertu zen. Distira ere iraungi zen.

        — Beldur zara inor azpijokoan arituko ote zaizunentz?

        — Ez.

        — Orduan zergatik ez duzu nik egindako eskaintza, han geratzeko leku atsegin batena alegia, onartzen? Lehen atsegin zenuen hura.

        Eskaleak irrifarre egin zuen.

        — Ez zara horrela hiltzearen beldur?

        Hardok irri egin zuen oraingoan. Izar-argipean herriko buruak Hardoren gorputza dardarka zekusan, baina ez zuen deus ere erran.

        — Beldur? —galdegin zion Hardok—. Badakizu zer den gizona izutu egiten duena? Zerk bihurtzen duen gizona koldar? Zekenkeriak. Behin gizon batek bere beharrak gutxienezko puntura murriztu dituenean, ez du beldur izateko arrazoirik. Ez dio mon zein ezeri beldurrik eduki behar.

        — Ez dut ulertzen zertaz ari zaren —hasperen egin zuen buruzagiak—. Dakusadan gauza bakarra gorriak ikusten ari zarela da. Sufritzen ari zarela eta sufrikario haundia.

        — Zure ikuspuntutik —osteratu zion Hardok.

        Buruzagiak ez entzunarena egin zion Hardoren erraizunari.

        — Noraezean beti alde batetik bertzera. Urte erdi bat dagoeneko, jantzirik gabe zure soinean, oinutsik, japoniarrengandik ihesean. Ez, ez dut ulertzen. Ez dut inola ere uiertzen. Denak zutaz solas egiten ari dira. Orain, zeruari otoi, guttienez hori bukatu da, nik dakidanez behintzat. Ez dirudi jendeak matxinadaz hitz egiten duenik. Agian japoniarrei, eurei ere ahantzi izanen zaie. Eta orain, jendeak zure izena aipatzen duenean, emeki xuxurlatu eta ohore eta begirune doinuaz egiten du. Benetan ari naiz, Hardo —aitona gero eta etsigarriroago ageri zen—. Japoniarrek burutik erabat utzia dute. Eta hemen, Kaliwanganen, baserritarrak baino ez dira bizi. Haiek ez zaituzte saiduko. Sinets diezadakezu, seme. Jakina, bertze gaineko tokietan bezala jagoieak eta gazte-lagun taldeak ditugu, baina bufalo talde inozo bat bezalaxekoak dira. Eta badakizu zer gertatzen den baserritarrekin. Edozer gauza sinetsiko dute; are gehiago eskoladun batek deus erraten badie. Ez zaituzte salduko. Izatekotan, alderantziz izango litzateke. Errespetatzen zaituztenez, babestuko zaituzte. Goazen bada etxera, Hardo. Ramli eta bere ama zain dauzkazu.

        Inork ez du zure ohean lo egin aspaldidanik. Eta Ningsihk ohazala zaharra kendu eta berria jarri zuen, garbigarbia eta zuri-zuria. Goazen etxera!

        — Mmmm...

        Aitonak adoregabetua xuxurlatu zuen bere kolkorako:

        — Zer erranen diet Ramli eta bere Amari? —bere iletik tiraka hasi zen seme bakarraren hileta jotzen duen atsoaren antzean—. Mesedez, Hardo! Ez natzaizu batere axola? Edo Ramli? Gaur bertan zirkuntzidatu dute. Edo bere ama? Adi dezatenean ez duzula etxera joan nahi izan, zer pentsatuko dute? Ez duzu luzaro gelditu behar; alditxo bat nahikoa. Zalgurditxoa oraindik han dago. Sarriago, eraman zintzaket hirira hala nahi izango bazenu. Saia zaitez nitaz pentsatzera eta zeinen kezkatuta... —bere esaldi bukagabea arratsaldeko airean iraungi zen—. Non eginen duzu lo gaur gauean?

        — Mmmm...

        — Oi, Zeruko Aita, egunen batean zoru gogorrean lo aurkituko zaitudalako pentsamenduak usteldu egiten nau —bere hankez zikinkeria barreiatu zuen—. Gauez eltxoek eta egunez euliek jana. Zer sentituko nuke? Eta adituko banu poliziak atxilotu zaituela ijitokeriagatik, zer erranen lidake jendeak? Ez lidakete errua botako. Ikusten, Hardo, denek nere semetzat zauzkate. Ramlik eta bere amak maite zaituzte. Baita Ningsihk ere. Oi, Jainko Orojakile, berak bakarrik daki orain zer ari naizen sentitzen. Mesedez etor zaitez etxera.

        Eskaleak ixilik zirauen eta bere gainean piztu zen izarargiak agerian utzi zuen bere eskuez lur-koskorrak biltzen. Bere parean bota zituen lur-muturrak. Une batez kilkerrek eten zuten haien doinua, baina istant batean berrekin zioten. Urrundik, hiri aldetik, iritsi zen Kaliwanganerantz zihoan gurpil haundiko idi-gurdi baten kirrinka. Buruzagiak, ixilik eta zapuztuta, bere onetik aterea zirudien, ideiarik gabe geratu den gizona bezala. Sakelatik bertze zigarro bat atera, baina atzera gorde zuen.

        — A, nere idi-gurdia izanen da —erran zuen herriko buruak ixiltasun zapaltzailea arindu nahian—. Bazkalondoan itzaina txinatar tratante horietako batengana igorri dut arroza eraman diezaion eta horren truk azukrea, olioa eta palma-ardo pixar bat ekar ditzan. Legez kanpokoa izan daiteke, baina zuri ere ez lizuke batere kalterik eginen nerekin batera zurrupatxo batzuk hartzeak. Gorputza epeltzen laguntzen du —burua jiratu zuen gurdiaren zarata zetorren aldera, baina ez zen oraindik ageri, errepide-bihurgunearen atzean ezkutatuta baitzegoen—. Atsegin duzu palma-ardoa?

        — Mmmm...

        — Oi, zer erran dezaket? Zatoz etxera. Mesedez.

        Deus erran gabe eskalea tente jarri, errepide erdira jo eta abiatu zen poliki-poliki hirirantz. Berehala buruzagia ere zutitu zen eta bere atzetik abiatu zen, ezkerretara jarriz. Eskalearen eskuari heldu eta emaro tiraka has zitzaion.

        — Zatoz etxera —erran zion.

        — Aska ezazu nere eskua —agindu zuen eskaleak.

        Aitonak utzi zuen eskalearen eskua.

        — Ez duzu inolako sentimendurik Ramli edo bere amarenganako? Ramli gaur zirkuntzidatu dute.

        — Erran iezaiezu itxaroteko —izan zen eskalearen erantzuna.

        — Itxaroteko? —errepikatu zuen etsiturik herriko buruak—. Noiz arte?

        — Japoniarrak menperatu arte.

        Herjaunak harriturik ematen zuen.

        —Japoniarrak menperatu arte? Noiz gertatuko da halakorik? Japoniarrak, garaituak? Posible al da? Hain ematen baitu arraro hori errateak... japoniarrak garaituak. Zuk zihaurek ezagutzen duzu zein indartsu den beren armada. Garaituak izan daitezke japoniarrak? —nahasia zirudien.

        — Indar aliatuak hurbil daude. Borneon lurreratu dira eta laster Javan izango dira —eten egin zuen eta bi gizonek oinez segitu zuten elkarren ondoan, poliki aurrera eginez. Eskaleak berrekin zion solas egiteari, baina bere ahotsaren doinu xuabeak otoitza itxura ematen zien hitzei—. Pertsona batek ezin du beti irabazi. Gizonak garaipena bizi du eta gero porrota edo alderantziz.

        — Badut uste oraindik zure izakeraren epaile ona naizela, Hardo —ahoskatu zuen aitonak, ondoren zuhurki galdetuz—, irabazteko eta galtzeko. Japoniarrak garaituak noiztsu izango direnaren ideiaren bat?

        Hardok ez zion galderari erantzunik eman eta aurrera egin zuen hirirantz zeraman errepidetik. Haizeak ziztu zegien indartuz zihoan heinean. Zerua oskarbi zegoen eta izarrek ir-ir zegiten lasaiki. Aitonak eutsi zion bideari Hardoren atzetik, bere begiak eskalearen atzekaldean erantsirik.

        — Nerekin zatoz? —galdetu zuen Hardok lehorki.

        — Oi zeruko Jainko —intzirikatu zuen aitonak. Etsiturik mintzatu zen—. Orduan, ez zara nerekin itzuliko?

        Ixiltasunean eskaleak aitzinera jarraitu zuen. Idigurdiaren gurpilen kirrinka ozenduz joan zen.

        — Ez dizu batere lastimarik ematen etxean zure zain dagoen jende guztiak? —aitonak eztula egin zuen eta hatz eman zion bere atzekaldeari—. Nere begiak ez dira jadanik zirenak. Gauzak ez dira neretzat garai batean izaten ziren bezain garbi. Eta ez dezaket zure aurpegiera hain ongi ikus.

        Bi gizonak tamarindo baten ondotik pasatu ziren. Bere adarrek errepidearentzat zein arroz-soroaren ertzarentzat estalki bat egiten zutela, zuhaitzak aterki ireki bat ematen zuen. Beren hankapeko orbelen kriski-kraskak doinu erritmikoa zemaion ibilaldiari. Urrunean, halen aurrean, hiriko kaleargiek distira zegiten geruza urdin baten azpian. Errepideko bihurguneari jarraitzen zioten neurrian argiak desagertuz joan ziren. Eskuin-ezker zeuden soroetan angurri, kui eta piper-landareak landatuta zituzten. Errepidean, haien aurrean idi-gurdi baten irudia agertu zen. Bere kriseilua, zein pertikatik zintzilik baitzegoen, binbilikatzen zen aitzinera eta gibelera mugimenduarekin batera.

        — Inork ere ez zaitu salduko, seme. Zatoz nerekin, mesedez. Mesedez, Hardo, etorri etxera —aitonaren ahotsak dardar zegien, baina eskaleak ez zion, halere, kasurik ere egiten. Aurrera segitu zuen poliki—. Zergatik? Zergatik ez zara nitaz batere arduratzen?

        Eskaleak irri egin zuen ahulki.

        — Zoaz etxera —zirikatu zuen.

        — Etxera joan? Bakarrik, zu gabe? Zer erranen luke orduan Ramliren amak? —tristura eta zalantza azaltzen zituen bere ahotsak—. Badakizu zein gogor izaten den neretzat Ramliren amari aurpegia ematea. Zihaurek ikusi izan duzu. Etxera bakarrik agertuko banintz, oihuka hasiko litzaidake eta ez naizela zure bila ibili botako lidake muturretik behera. Eta ez da gizon batentzat bere andrea berari oihuka hastea baino gauza okerragorik. Ez da, ez. Hondoratze sentimendua sumatzen duzu barrenean eta zer egin jakin gabe geratzen zara. Deusetako gai sentiarazten zaitu. Zatoz nerekin etxera!

        Eskalea hiriranzko bideari jarraitu zitzaion aitona fiderki bere ondoan zeukalarik. Gurdiaren kirrinka gero eta garbiagoa zen. Ilargia, hori-gorriska eta ez palmahosto bat baino haundiagoa, sortaldeko ertzetik kirikaka hasi zen. Zeru urdin-iluna kolore pixar bat galtzen joan zen eta ilargiaren ondoan zeuden izarrak zurbiltzen. Hodei zerrenda fin batek zerua zeharkatu zuen. Izarrak pallakatuz alboratzerakoan, banaka-banaka desagertuz joan ziren, atzean utzitakoan berragertuz. Gauak ekarri zien idi-gurdizaina abesten hasi zen kantaren doinua. Abesti ezaguna zen, mendeetan abestu izan diren folkopera haietako bat, gaurregungoen idealismo hotz eta zurrunetik urrun zegoena.

        — Zortziak izanen dira dagoeneko —erran zuen buruzagiak tristeki —gonbidatuak iristen ariko dira—. Itxaron zuen bere ondoko gizonak zerbait aipa zezan, baina ez zuen erantzunik hartu. Gero ahots eztitsuaz hitz egin zion eskaleari—. Ez duzu aitaren falta sumatzen?

        — Ez.

        — Ziur nago berari gustatuko litzaiokeela zu ikustea. Urte erdia joan da. Eta beldurra eta kezkaz beteriko urte erdia hagitz luzea da. Kaliwanganen geldituko bazina bera ikus zenezake. Oso polita izanen litzateke —aitonak eztula egin eta zintzurra garbitu zuen—. Agian ez duzu aditu izanen zer gertatu zen? Zuen aita... zuen aita... —itxaron egin zuen ea bereganatu ote zuen bere lagunaren arreta, baina Hardok izarrei begira, ixilik, segitu zuen. Aitonak azkenean ozenkiago hitz egin zuen—. Japoniarrek kargutik bota zuten.

        — Hori onerako da.

        — Zer onura dakar horrek?

        — Zapaltzeko ahalmena kendu egiten dio.

        — Jainko maitea, baina zuen aita ez da jendea zapalduko lukeen buruzagi horietako bat.

        — Dena dela, azken linean lagunduko luke zapalkunerrazago bilakatzen.

        — Zeruko Printze! —oihu egin zuen buruzagiak. Une batez ixildu zen—. Zergatik erraten duzu halako

        — Gobernu zapailtzaile batentzat lan egiten duen sona ere zapailtzailea da. Ez dio axola zein kargu —Hardok irri egin zuen—. Denak berdinak dira.

        — Horrek, alegia, erran nahi du ni ere zapaltzailea naizela.

        Eskaleak begiratu zion eta furrust egin zuen.

        — Bai, jakina.

        — Jainko Guztiahalduna! —erran zuen arnasestuka—. Baina gobernurik gabe bide-lapurrak gailenduko lirateke.

        — Nonnahi aurkituko dituzu bide-lapurrak. Gobernua dagoenean ere kausituko duzu odolotzean egindako hilketa. Hori hala izanik, zertarako behar da gobernu bat? Zer da hobe gizartearentzat, lapurtxo anitz edo lapur haundia den gobernu bat edukitzea? Eta zu ere, zu ere lapurra zara!

        Buruzagiaren ahotsak bere ustekabea agerian utzi zuen.

        — Baina honelako garaietan inolako gobernurik ez balego, arazo gehiago izango lirateke.

        — Zaborra! Arazo gehiago? Zu soldatarik gabe geldituko zinatekeela izanen litzateke arazo bakarra —Hardok irri egin zuen arbuioz—. Orain, zoaz etxera.

        Herriko buruzagiak hasperen egin zuen, ondoren arnasa poliki hartuz. Bi gizonen aurrean gurdiaren irudia haundiagotu zen. Kriseilua erritmikoki kulunkatzen zen, batean argia aurrera botaz, hurrengoan atzera, honela bai gurdiaren ezkerreko zein eskuineko gurpilak, bai hau tiraka zeraman idiaren atzea azalduz. Gurpilen erradioek gora eta behera zegiten mantso eta iraunkorki jiratuz.

        — Pentsatzen ari naiz zer erranen lukeen zuen aitak horrela solasten adituko balizu —buruzagiak berehala aldatu zuen norabidea—. Badakizu deus zuen amaz?

        — Zer gertatu zaio?

        — Alagandik gatoz eta Alagana itzuliko gara —ahomotelkatu zuen aitonak—. Zuen ama gure Egilearen magalera itzuli da. Otoitz dagit zeruko argiak betirako distira dezan bere hilobian —berri lazgarriak ez zuen ematen eskalea hunkitu zuenik—. Ez dakit zer erran —murdurikatu zuen aitonak—. Ahalegintzeak ere alferrekoa dirudi. Ez zatzaizkit gehiago mintzatuko, ez lehen bezala behintzat. Mundu hau atzean utzi duen apaiz errakor baten itxura daukazu. Noraezean dabilenaren bizia! Ederki, otoitz dagit alai izan zaitezen eta miseria eta kezkatik aske. Gehien maite zenituen gauza guztiak bazterrean utzi dituzu. Baita zigarroak ere! Zuen ama eta aita! Gure familiak berak ere ez dauka jadanik leku berezirik zure bihotzean. Ez, Hardo ez dut ulertzen eta ezin ditut imajinatu zein izan daitezkeen zure Ningsihganako sentimenduak.

        Aitonak eten egin zuen aurkikuntzaren harriduragatik bere onera egin nahi izan bailuen.

        — Non dago Ningsih? —galdetu zuen berriro Hardok, gizonaren oharrei entzungor eginez.

        — Hirian dago! Non?

        — Bere lagunarekin, Kartini Eskolako irakasle denarekin.

        — Baina Bloran ez dago Kartini Eskoiarik.

        —Benetan, Kartiniko irakasle batekin dago.

        Eskaleak irri egin zuen eta begirada zerura goratu zuen.

        — Izarra ageri da berriz ere —erran zuen mantso.

        — Zein izar? —galdegin zuen aitonak—. Zein izar? —errepikatu zuen.

        — Han, zeruan.

        — Non?

        — Han, zeruan, eta nere bihotzean.

        — Zure bihotzean? —aitonak burua astindu zuen—. Ez dut ulertzen.

        — Zoaz etxera.

        — Etxera joan? Baina etxera joaten banaiz, bederen zuri buruzko berriak eraman beharko nituzke. Eta, zer egin behar duzu? Aitarenera joan behar duzu?

        — Ez.

        — Edo zure amaren hilobia bisitatzera?

        — Ez.

        — Erraidazu nora zoazen.

        — Izarretara —erantzun zuen laburki eskaleak.

        — Zeruko eta zure bihotzeko izarra? —totelkatu zuen aitonak zapuztuta.

        — Hori da.

        — Ez dut batere ulertzen.

        — Segi etxera!

        Buruzagiak ez zuen deus erran. Hori eta distiratsu, ilargiak sortaldean ezpata baten zabalera eta igitai baten itxura zeuzkan. Aurrean, errepidean zegoen gurdia haundiagotu zen. Bere kriseilua, ilargiaren hori-argi kolorekoa, etengabeki kulunkatzen zen alde batera eta bertzera. Itzainak bere abestiarekin jarraitzen zuen. Bere ahotsa karrankari eta batere edertasunik gabekoa zen, baina ziur, lasai eta alaiki ari zen abesten gudaurreko egunak itzuli bailiran. Idiak nagiki altxatzen zituen hankak eta mantso-mantso zegien aurrera bere atzea eta isatsa pendulu nekatu baten antzean dantzatuz.

        — Zoaz etxera —erran zuen berriro Hardok. Ilargia haundiagotu zen. Idi-gurdiaren kirrinka ozenagotu. Buruzagiak Hardoren bizkarrean jarri zuen bere eskua geldiarazi nahian edo, baina azkenean, zer gehiago egin ezjakinean, askatu egin zuen.

        — Hori nere gurdia da —xuxurlatu zuen—. Gurdiz itzul gaitezke.

        — Ez nazazu berriro uki. Zoaz etxera.

        — Baina zer erran behar dut?

        — Benetan halako beldurra diozu zure emazteari?

        — Bai.

        — Erraiozu itzuliko naizela.

        — Eta nora zoaz orain, Hardo? Erraidazu, mesedez.

        — Izarretara.

        — Oi... —aitonak sumindua eta denbora berean tristatua zirudien—. Nola jakinen du inork zer erran nahi duen horrek?

        — Hori ez da nere arazoa; haiena da —erran zuen azkar Hardok norbaitek ustekabean adi ziezaiokeelakoan.

        — Erruki zakizkio Ningsihri —erran zuen aitonak goibel.

        — Erruki Ningsihri, zergatik?

        — Bada, aurkituko bazintu zauden egoeran... Zatoz herrira, etxera. Ningsihri eskatuko diot etor dadin. Hori da. Deituko diot etxera etor dadin bihar gauean. Inork ez luke hori ikasiko. Baina egoera horretan ikusiko bazintu, ziur aski haserretuko litzateke.

        — Haserretu?

        — Horixe bada. Andreek gauzak itxuragatik balioesten dituzte. Begiak! Begiei burua edo bihotzari baino garrantzi haundiagoa ematen diete —eten egin zuen irensteko—. Ulertzen duzu?

        — Hori da zeure alabaz pentsatzen duzuna?

        — Emakume bat da, Hardo. Emakume bat —oroitarazi zion buruzagiak—. Buruan eduki behar duzu hori.

        — Orduan ez duzu ezta zeure alaba ere ezagutzen —erran zuen ziurtasun haundiz.

        Gurdia hurbiltzen ari zelarik, herjaunak azkar segitu zuen.

        — Gauzak bista-bistan eduki behar dituzu, Hardo. Itzul zaitez. Deituko diot Ningsihri bihar bertan etxera etor dadin. Nihaur joanen naiz beraren bila. Mesedez, Hardo, zatoz etxera!

        — Ez, eskerrik asko.

        — Zeruko Printzea! Zuk bakarrik dakizu noraino nahi dudan gure semea etxera ekarri —otoitz egin zuen mantso—. Eta Ningsih?

        Eskaleak berriro ere itaundu zuen:

        — Non dago Ningsih?

        Aitonak uko egin zion erantzuteari. Zerbait murdurikatu zuen loturagabeki eta ukabilak estutu zituen borrokatzeko prest bailegoen, baina bere burua behartu zuen lasaitzera.

        — Hirian —totelkatu zuen—. Han izan da japoniarrak zure bila has zirenez geroztik. Dena dela, japoniarrak ez dira egundaino joan bere etxera. Hala erran zuen Karminek. Karminek bere gain hartu du haren ziurtasuna. Engoitik urte erdi bat joan da. Baina ez duzu kezkatu beharrik. Eta Ningsihk berak erran zidan, «Ez naiz herrira joanen Hardo itzuli arte». Hori orain dela urte erdi bat; ez da denbora aburra. Ez zara etxera etorriko?

        — Hirian, non? —Hardok estutu zuen.

        — Kartini Eskolako bere lagunarekin —Herjauna sutan zegoen—. Berandu da. Gonbidatuak gaurgero han izanen dira. Zatoz etxera! —gizonen arteko ixiltasun artegatsua itzuli zen. Idi-gurdiaren kirrinka hurbildu zen—. Benetan ez zara etxera etorriko?

        — Ez —erantzun zuen Hardok tinkoki.

        — Jazteko zerbait nahi al duzu?

        —Ez.

        Aitonak arnasa bota zuen bere galtzen sakelan arakatzen zuen bitartean.

        — Hemen da —erran zuen azkenean—. Zorionekoa zara; diru pixar bat ekarri dut nerekin. Hona bostehun! Ez al duzu hartuko? —bere eskuan ehuneko mukurutxo bat zeukan. Eskaleak bere burua atzera eta eskuinetara jiratu zuen pixka bat, arroz landarantz—. Ez? Ez duzu nere dirua ere nahi? Ez kezkatu; ez dut dena xahutuko. Teka saltzen ibili naiz merkatu beltzean eta etekinak ederrak izan dira. Bertzela ez nintzateke gai izanen bi egunetako itzal antzerkiak ordaintzeko Ramliren zirkuntzisioaren ospakizunetan. Hartzazu!

        Hardo gurdiari so gelditu zen.

        — Emaiozu behar duen norbaiti.

        — Denek behar dugu dirua.

        — Orduan zihaurek erabili.

        — Ene Jainkoa, ene Jainkoa! Ez dut ulertzen. Ez dut batere ulertzen —berriro sakelaratu zuen dirua.

        Hilgora zeruertzetik agertu zen. Berrogeita hamar metro baino ez ziren bi gizon eta gurdiaren artean. Izarren argia moteltzen joan zen haizea lasaitzearekin batera; hiria inguratzen zuten banbu mordoak altuagoak egin ziren. Banbu piloen arteko hutsunea aurrerago zegoen hirirantzerako ataka bihurtu zen.

        — Gurdia ia-ia hemen dago —erran zuen aitonak—. Goazen etxera —erran zion bere lagun ixilari. Gizonek entzun zuten aire lasaian flotatzen zuen itzainaren abestia—. Benetan ez zara etorriko?

        — Ez —errepikatu zuen eskaleak gogaitua.

        —Eta ez duzu dirua nahi?

        — Ez —erantzun zuen ahulki eskaleak. Gurdia gero eta hurbilago zegoen.

        — Nora joanen zara? —aitonaren ahotsa urduritsua zen.

        — Izarretara.

        — Otoitz dagit Jainkoak zain eta onik eduki zaitzan —erran zuen buruzagiak hasperen etsitua eginez.

        — Eskerrik asko.

        Ia-ia haien ondoan, itzainak oihu egin zuen:

        — Aizu, jauna! Kaixo! Nora zoaz gaueko tenore honetan?

        — Geldi! Zurekin joanen naiz etxera —erantzun zuen herjaunak. Gurdiaren gurpilak bi gizonen sorbaldak bezain garaiak ziren. Gurdiaren kriseiluak azpiko zorua argitzen zuen, gurpilak eta idiaren atzea eta hankak, pertika eta errepideko bazterrak.

        — Beno, Hardo, orduan zer? —erran zuen aitonak emeki.

        — Zoaz etxera.

        Gurdiak kirrinka batez gelditu zen. Aitona atzetik igan zen eta aurrekaldera egin zuen.

        — Dirua?

        — Zoaz etxera —Hardok aitzinera jo zuen jiratu gabe.

        Gurdiaren gainetik itzainak mantso hitz egin zuen.

        — Nor zen hori?

        — Eskale bat baino ez —aitonak burua astindu zuen—. Ez dut inola ere ulertzen.

        Bi gizonak bide banandutik zihoazen berriro. Eskalea oinez zirriki-zarraka zihoan, baina gurdia zertxobait urrundu zenean, eskuinetara azkar jiratu eta arroz landa zeharkatzen zuen bidexka batean sartu zen. Pausua berreskuratu zuen eta bere ingurua bare-bare geratu zen. Moldatsuki txingoka hasi zen dike batetik bertzera. Abiada berrartuz hegoalderantz jo zuen.

 

 

© Pramoedya Ananta Toer

© itzulpenarena: Jose Emilio Txoperena

 


www.txalaparta.com
www.susa-literatura.com