Lau
Arratsaldeko bietan beroak goia jotzen du Bloran. Hiri osoa kiskaltzen duen bero itogarria da. Eta etxeko sarrera aretoan, beroak ordainak hartu ditu. Kafemahaitxoan dauden lurrezko lorontziko loreen hostoak kizkurtu eta orbeltzen hasiak dira. Ezkutatuta dauden hostoek soilik, sortaren erdian daudenek, alegia, diraute ukigabe.
Teka zaharrezko lau aulki apal, marroi ilunak, taiututa zeuden kafe-mahaitxoaren inguruan. Gelako lau paretak, ornatzeko margo edo argazki bakarrik ere gabe, erabat biluzirik, krema kolorezkoak ziren; ageri zen egun gutti batzuk lehenago zurituak izan zirela.
Sarrera aretora kanpotik ematen zuen ateak kale nagusira eramaten zuen eta bertze aldetik geltokiko sarrerara. Etxebizitzara zeraman atea pareko horman zegoen, zintzilikatutako eltxo-sare zarpail batek zeharkatzen zuela. Ate nagusitik bi metrotara leihoa zegoen, kontraleihoak irekita eta beheko erdia inoiz eltxo-sarea izan zenak estalita. Leihoaren azpian, ezkerretara, idazmahaia zegoen; parean, gelaren txokoan, besorik gabeko aulkia buruko mehe bat kuxintzat zuena. Idazmahaiaren gainean bi mukuru koaderno, hogei zentimetro edo garaierakoak bakoitza, tinta pototxoa, erregela, arkatza, eta idazluma.
Atzeko atea estaltzen zuen kortina ireki eta jantzi tradizionalak zeramatzan andre gazte bat sartu zen gelan. Idazmahaira eginez, ezkerretara edo eskuinetara begiratu gabe, aulki batean eseri, arkatza hartu eta koadernoetan behatzeari ekin zion.
Bere eskuineko liburu batzuk aztertu ondoren, ezkerreko mukuruan jarri zituen. Arkatza utziz, leihoari so egin zion lehenik, eta gero kortina bazterrera egin zuen. Bere aurpegia serio zegoen altxatu eta aurreko aterantz jotzerakoan.
Karmin komandantea gelan sartu zen.
Ningsih erran zuen andre gaztearen aitzinean gelditzean, bere kopeta mukizapi batez txukatuz. Zer moduz zaude?
Ongi ihardetsi zuen neskak, biak bi aulki apaletan, elkarren parean, esertzearekin batera. Bero izanen duzu.
Karminek ostera txukatu zuen kopetako izerdia; ondoren, galtzen sakelan sartu zuen mukizapia.
Bai, karagarri bero dago.
Karmin... Ningsih zalantzan zegoen. Egia da Hardo hemen dagoela?
Non aditu duzu hori?
Denak ari dira horretaz hitz egiten erran zuen goibel.
Karminek, erdi txorabiatuta zirudienak, ez zuen erantzun. Honen begietan estualdia ikusirik, Ningsihk burua beheratu zuen. Bere ahotsak asaldaketa adierazten zuen.
Ez da egia, ez da? Karminek berari so jarraitzen zuen. Burua makurtuta, andre gazteak aurrera egin zuen. Denak ari dira hori erraten. Eta gaineratzen dute zera... eskalez mozorrotu dela Karmini begiratzera saiatu zen berriz, baina honen begietan begirada malenkoniatsua ikusirik, lorontzira jaitsi zuen berea.
Astiro, Karminen soak ere lorontzira egin zuen.
Bai erran zuen.
Ningsihk hasperen ttiki bat egin zuen.
Militarrak bere etxean sartu ziren bart. Norbaiten bila zebiltzala erran zuten, baina nik ez nekien nor nahi zuten. Gaur goizean oraindik ez nekien ezer nere ikasleei entzun diedan arte... Hardoren bila zebiltzala susmoz begiztatu zion Karmini. Eta horregatik zaude hemen doike.
Karminek, eserlekuan itsatsita, lorontziari begira segitu zuen. Ez zuen ezer erran, eta, ezkerreko ukalondoa aulkiaren besoan euskarrituta, burua eskuan ezarri zuen.
Karmin? galdetu zuen neskak. Karminek orain begiratu zion. Ez dirudizu zu zihaur. Zergatik ematen duzu hain goibel?
Karminek burua altxatu eta arnasa haundia hartu zuen.
Espero dut oraingo honetan nitaz fidatzea, oraingoan behingoz. Horren ondotik, ez du axolarik; zuk ikusi altxatu zelarik nekatua eta arnasgabetua ematen zuen. Ez kezkatu, ez nago hemen horri buruz mintzatzeko. Gainera, badakit ez zenukeela nahi izanen! Erraten dizudan gauza bakarra da oraingoan entzutera saia zaitezen.
Ningsih betilun jarri zen.
Utz nazazu bakarrik, mesedez.
Jainkoaren izenean, ez! Orain entzunen didazu ala ez?
Neskak haserre begiratu zion Karmini ezpainak estutuz. Azkenik, solastu zenean, hitzak ahotik jario zitzaizkion.
Ez naiz eseriko zure erreguak entzuteko, Karmin! Iraganean gertatutakoa iragana da eta beti izanen zara ongi etorria nere etxera. Baina ez zaitut inoiz hitz horiek errepikatzen sumatu nahi. Beharrik erran gogo duzuna igartzeko adina buru daukadan Karminek burua beheratu zuen. Beraz, hitz egin nahi hainbat, zure bihotza lasaitzeagatik, baina buruan hartu ohartarazi zion ez dut aditzeko gogorik.
Karminek burua jaso eta begira-begira jarri zitzaion, begirada triste eta pentsakorra bere begietan.
Baina Ningsih, sinets iezadazu, nere asmoak zintzoak dira erregutu zuen emeki.
Neskaren irribarrea trufa ukitua zeukan, baina bere doinua lagunkoia zen.
Zer erran nahi du «zintzoak dira» delako horrek?
Entzunen duzu? galdetu zuen Karminek. Neskak buruaz baietz. Ez dut batere atsegin Hardo ihesean ibiltzea, harrapatua izateko arriskuan dabilen iheskaria izatea Ningsihk irribarre mingotsa egin zuen. Ez didazu sinesten, ez da?
Ez al zen hori zuk nahi zenuena?
Beraz, traidorea naizela uste duzu?
Deus erantzun gabe, neskak geltokiko sarrerara eraman zuen begirada. Ahoa estuki hertsia zeukan arnasa hartzen saiatzen ari zelarik.
Hala uste duzu baieztu zuen gizonak. Eta hau da neretzat gorde duzun zigorra? erran zuen Karminek berekiko ari bailitz. Denek diote traidorea naizela. Baina ni ez naiz horretaz ohartu. En nuen egundaino pentsatu zein erraz den hala labeldua izatea. Denek uste dute traidorea naizela ixilduz, Ningsihri erreparoan jarri zitzaion, hau geltokiko sarrera aztertzen ari zela. Azken finean ez duzu entzun gogo hasperen egin zuen, burua jiratuz ikustearren ea zeri ari zitzaion Ningsih behatzen. Ningsih? deitu zuen poliki. Ningsih? honek bira eman zuen.
Zer dugu?
Ez duzu entzun nahi, ez da? erran zuen etsituta.
Eta zer da entzun behar dudana?
Nere ahotsa. Nere ahotsa entzun, bertzerik ez erantzun zuen itxaropentsu. Orduan bakarrik hasi zen neska arreta jartzen. Beharbada ezin duzu ikusi batzuek saldukeria deritzotena ez dela beti hala izaten Ningsihk irri egin zuen trufatsu Karminen defentsa entzutean. Ikasi dut inoren laguntzarik gabe jarraitu zuen, iritzi publikoak berezko bizia daukala. Iritzi publikoa, egia baztertuz, bere burua iraunarazteko gai dela. Eta une honetan ni naiz bere biktima. Jendeak dio traidorea naizela. Eta utzi erratera; behin nik nihaurek ikusi nuen, holandarrak belaunika zirela, jendeak nola tratatzen dituen traidoreak. Ez dago barkamenik. Badakit zer gertatzen den jendeak mendekuaz hitz egiten duenean. Orain badirudi egoera berriz alda daitekeela eta kinka honetan ni izanen naiz jendearen mendekurako jomuga begira geratu zitzaion Ningsihri, zeinek serioago erreparatzen zion. Behin traidorea izateagatik jendetzak urratutako gizona ikusi nuen. Beraz, oraingoan agian ni urra nazakete Karminek sakelatik mukizapia atera eta aurpegiko izerdia txukatu zuen. Baina ez nago hemen horretaz solasteko. Erran gogo dudana da zenbaitetan pertsona bat ez dela ohartzen traidorea izan dela. Horixe da, hain zuzen, niri gertatu zaidana. Ahalegindu nintzen Hardo eta gaineko gizonei egindako promesa betetzera. Oroitzen naiz ederki gau hartaz. Gau hura, zeinetan hitzarmena egin genuen, ilargi gabekoa zen, zeruan ñir-ñir zegiten izarrak ziren ikus genezakeen gauza bakarra. Eta horregatik gau hartan izarrak hartu genituen lekukotzat. Hitz eman genuen Blitarren matxinada hasi bezain laster denak batera altxatuko ginela. Baina orduan...
Ningsihk so egin zion, urrikia bere begietan. Komandanteak galdua zuen bere militar itxura.
Zer gertatu zen orduan? galdetu zuen neskak bortxan.
Bi egun matxinada hasi aitzinetik, nere andregaia bertze batekin ezkondu zen. Ustekabean nere etorkizuna, bizitzeko arrazoia, desagertu zen, neskarekin batera. Zertarako burruka egin? japoniarren aurka burrukatu behar nuen? Zergatik? Nere burua ezkutatu baino ez nuen egin nahi. Ez nuen nere promesa bete burua belaunetaraino jaitsi zuen. Eta Hardo, Dipo eta bertze gaineko guztiak iheskari bihurtu ziren. Aditu dut zenbaiti burua moztu dietela Jakartan. Eta gertatu zen guztia emandako hitza jan egin nuelakoz. Berandu arte, ondorioak hazitu eta ekaitza bihurtu ziren arte, ez nintzen ohartu traidorea nintzela, lagunak saldu nituela ixildu egin zen; gero begi beiraztatuez begiratu zion Ningsihri. Traidorea naiz, nahi badut eta ez badut! arnasa bota zuen hustu arte. Fidatuko zara nitaz orain? galdetu zuen goibel, baina itxaropentsu.
Ningsihk ez zion galderari erantzun.
Horregatik zaude hemen?
Ez, bertze zerbaitengatik. Baina ez eztabaidatu nahi ez duzun gai horregatik katxutxa kendu eta mahai gainean utzi zuen, lorontziaren ondoan. Sinbolo bat da, Ningsih. Kapela erantzi eta zure ohorean jasotzen dut, zure fidertasunagatik. Hardori fider izan zatzazkio, bere bizia eta etorkizuna desegurua izanagatik. Ez naiz berriro zure leialtasuna probapean jartzera saiatuko. Zure leialtasunak ageriago uzten du nere burugabekeria.
Ningsihk irri egin zuen.
Non dago Hardo orain?
Ederki. Entzunen duzu erran zuen lasaiturik. Zeren ezin baitut ezer erran normalean bezala kasurik ere egiten ez badidazu. Baina ez da harritzekoa, kontutan hartuz higuingarria izanen naizela zuretzat. Denek dakite traidorea naizela. Zuk edozeinek baino hobeki. Baina ohartu egin naiz hori dela denek uste dutena. Sinesten didazu? so egin zion Ningsihri, zeinek, burua mugituz zalantzati, baietz adierazi zion. Promes dagizut ez naizela gezurretan ari! Ahantzi behar duzu gertatutakoa lepogibela eskuez hartuz ukalondoak belaunetan paratu zituen. Bere begiak zapatei so. Denek dakite nor naizen. Denak ari zatzaizkit beha. Eta egoera alda dadinean... ahotsa hartuta geratu zitzaion ...ezin izanen dut ihes egin. Jendeak mendekua hartuko du. Armada japoniarra presiopean dago fronte guztietan eta denbora ailegatu da; nere biziko une garrantzitsuena da. Eta, erabaki bat hartu beharra daukat burua altxatu eta Ningsihri behatu zion. Hau pelotoiburuaren bizkar gainetik kalera begira geratu zen. Aditu duzu erran dizudana, Ningsih?
Segi aurrera.
Beldur naiz ez duzula aditu nahi izanen erran behar dizudana.
Segi aurrera erran zuen neskak ostera, begiak gonbidatuarengan jarriz.
Etorri naiz erabaki bat hartu behar dudaia zuri erratera. Jendearen epaiari ihes egitera lagunduko nauen bitartean, heriotzea ekarriko dit japoniarren eskuetatik. Baina ez zait axola. Hardorengana itzuliko naiz. Aurkitu eta berarekin elkartuko naiz. Espero dut nere gizonak nerekin etortzea. Zinetan, Ningsih. Eta bihar edo etzi harrapatzen banaute eta lepoa moztu, eta gauzak zuri eta Hardori ongi ateratzen bazaizkizue, espero dut zuk berari erratea nere partetik... Karminek arretatsu begiratu zion Ningsihri. Neska buru-belarri entzuten ari zen.
Zer nahi duzu hari erratea?
Damutu zaidala promesa ez bete izana eta ordainak emanen ditudala Ningsih sinesten ari zela ematen zuenez, Karminek aurrera egin zuen. Oraingoan, barteko erasoa... bazirudien ezin zuela jarraitu eta eten egin zuen bertze bidetik segitzeko. Benetan zaila egin zait oraingoan Hardo eta bere lagunak atxiloketei ihes egin diezaieten ziurtatzea. Oi, ziur nago ez dakitela zer egiten ari naizen edo zer egin dudan haien alde. Eta ziur nago ez luketela jakin nahi izanen. Ez dute ideiarik izanen oraingoan ez naizela ni izan haiek saldu dituena. Eta oraingoan hagitz zail eginen zaie hanka egitea. Baina oraingoan Hardo ederki ezagutzen duen bat izan da traidorea.
Nor? galdetu zuen hitzetik hortzera Ningsihk.
Zuen aita.
Nor? oihukatu zuen, aulkitik jauzi eginez elektrifikatuta. Nola ausartzen zara gure aitaz hori erratera? begiak zabaldu zituen eta kokotza gailendu. Bere onera itzuli nahian, emeki solastu zen, baina bere begiek errepideari so jarraitzen zuten.
Zergatik uste duzu behin eta berriro eskatu dizudala nitaz fidatzeko? Eta agian hau ere ez duzu sinetsiko, baina orain bertan, une honetan, atxilotuta zaude.
Atzera egin zuen indarge aulkian eta sinesgaitz erran:
Atxilotuta nago? aurpegia manu geratu zitzaion, kemena joana. Besoak aulkiaren bazterretara erori zitzaizkion. Hebaindu antzean behatu zion komandanteari eta poliki galdetu zion: Zer egin dut gaizki?
Gizonaren erantzuna ere gozoa izan zen.
Deus.
Orduan, zergatik nago atxilopean?
Nitaz fidatzen zarela erran arte ezin dizut kontatu.
Nitaz fidatzen zara? neskak ez zuen erantzun. Ez duzu behingoz nigan jarriko zure konfidantza? neska tente paratu zen eta so egin zion. Badakit zein garesti den konfidantza jarraitu zuen mutilak. Jakin badakit zein gogor den inori zure konfiantza ematea, beraz, badakit zail izan behar duela zuretzat nitaz fidatzeak gizonaren ahotsak eztitu zuen neska. Onartu dut traidorea naizela, eta orain erregutuko dizut entzuteko. Lurrean belaunikatuko natzaizu horrekin zure konfidantza lortzen badut Ningsihri begiratu zion etsiturik. Neskaren begiak beiraztatuta zeuden, hunkipena gainezka bere aurpegian. Bai, Ningsih?
Saiatuko naiz, Karmin.
Saiatu baino ez?
Ezin dizut bertzerik prometatu erantzun zuen neskak. Bere ahotsak indarra berreskuratu zuen. Aurrera.
Laster ofizial japoniar bat etorriko da zure etxera...
Zer? oihu egin zuen neskak. Gorputza zurrundu eta aurpegia kolorge geratu zitzaion.
Itaunketa eginen dizu. Baina ez beldurtu. Ahaleginduko naiz zu, Hardo eta bere lagunek ihes egin diezaiozuen zuen aitaren saldukeriari.
Karmin! garrasi egin zuen neskak. Saiatzen ari naiz zutaz fidatzera, baina zu gure aita guzti honetan kakazten ari zara behin eta berriro!
Baina egia da, Ningsih. Beharbada gustatuko litzaizuke dena gezurra dela sinestea, baina ez da. Ez iezadazu sinets nahi ez baduzu; halere, horrek ez du geldiaraziko gertatzear dagoena. Une honetan zuen aita polizia komisaldegian dago preso.
Zer egin du? galdetu zuen neskak asaldaturik.
Gizonak kontu haundiz aztertu zuen neska. Bazirudien sinesten hasia zela.
Bart, Hardok zuen gurasoak bisitatu zituen Kaliwangango etxean Ningsih luze-luze jarri zen aulkian. Eta ordu laurden batez edo, herriko bidean, zuen aitarekin solastu zen neskak arnasa sakona hartu zuen. Begitarteak gakotu zituen bere begiek ategaina aztertzen zutelarik. Horren ondotik, zuen aitak txosten bat igorri zion gobernuari...
Ningsihk jauzi egin zuen aulkitik eta so gelditu zitzaion Karmini bere onetik aterata garras egin aurretik.
Gure aita?! ixildu, bere burua aulkira beheratu eta ostera eseri zen.
Eta txosten hori zela medio berriro hasi ziren erasoak gizonak eten egin zuen gozo, baina serio, gaineratuz, Cepu kuartelean nengoen bart, Hardo Blora inguruan ikusia zutela zioen telegrama iritsi zitzaigunean. Batailoi buruarengana jo nuen Hardo bilatzeka lana berak har zezan konbentzitu nahian, honela polizia militarren eskutik kenduz niri eman ziezadan. Era horretan erasoen ardura nere gain hartuko nukeen eta ez zegokeen inolako arazorik. Zorionez, polizia militarraren buruzagia orain dela aste bat geldiarazi zuten Juana-Lasem kostalde inguruan, eta ez zioten oztopo haundirik jarri nere iradokizunari. Baina orduan agertu zen zuen aita eta gauzak nahasi zituen...
Gure aita?! oihu egin zuen berriz neskak.
Zer egin zuen?
Bere txosten hura! Eta gero, gaur goizean ere, zubi azpian... gizona pixkat jiratu zen hegomendebalderantz seinalatzeko. Hantxe egurtu zuen japoniarrak eta berak aitortu zuen zu zarela Hardoren lagunik minena.
Gure aita... xuxurlatu zuen neskak nahasmenduan. Horregatik atxilotu nauzu?
Ez beldurtu! Hori ere moldatu dut. Dena prestatu dut polizia komisaldegira eraman ez zaitzaten. Gezurra erran diot batailoi buruari eskolan atxilotua izan ez zaitezen. Zurekin mintzatzeko abagunea nahi nuen aurreti k.
Neska mahai gainean zeukan kapelari erreparoan gelditu zen. Ixilaldi astuna egin zen bertze deus erran aitzinetik.
Zer eginen diote? galdegin zuen Ningsihk azkenean.
Atxilotuta dago.
Eta Hardo, harrapatzen badute?
Ez dakit.
Harrapatuko dute?
Hori ere ez dakit.
Eta ni?
Zu nere ardurapean zaude. Ez zaizu ezer gertatuko ziurtatu zuen Karminek.
Orduan, zertara dator honantza ofizial japoniarra?
Zure etxea arakatzera erantzun zuen azkar gizonak.
Baina nik ez dut deus ere eginbazirudien ez zela gai gertatzen ari zena ulertzeko. Ezker-eskuin begiratu zuen, gela aztertuz, baina bere begiek Karmin topatu zutenean geratu zen. Zer egin dut nik? galdetu zuen ostera.
Zuk ez duzu makurrik egin baieztu zuen gizonak. Dena den, ziur zaude Hardo ez dagoela hemen? neskak burua dardaratu zuen ahulki. Eta ez duzu ideiarik ere non izan daitekeen Blora inguruan? neskak burua dardaratu zuen berriro ere. Ningsih azpimarratu zuen, ez nago hemen zu itauntzeagatik. Mesedez, etzazula halakorik pentsa. Otoi, fida zaitez nitaz neskak buruaz baietz egin zuen. Ez duzu komunikaziorik berarekin, ez da?
Neskak susmoz behatu zion; gero, burua dardaratu zuen.
Ez erran zuen irmoki.
Ez duzu gutunik? galdetu zuen gizonak apalki.
Ez!
Jainkoari esker. Edukitzera, erre itzazu berehala gizonak eten egin zuen pentsatzeko. Baduzu susmoren bat sortzen ahal duen deusik? neskak bekainak zimurtu zituen galdera hausnartzen ari zelarik. Ez naiz zu itauntzen ari erran zuen Karminek berriro. Bai ala ez?
Ez! Neskaren aurpegia lasaitu zen.
Ederki. Sinesten dizut. Beraz, ofiziala etor dadinean, erantzun berak eman neskak buruaz baietz egin zuen. Sinesten didazu, ezta, nere ardurapean zaudela? neskak ez zuen erantzun, baina bere begiek gizonaren galoietara egin zuten. Ez, Ningsih, ez naiz mailaz arduratzen diren horietakoa. Hardo militarren eskuetan eror ez dadin, horregatik soilik, ari naiz hau egiten. Badakit zail dela zuretzat niri sinestea gehitu zuen ahulki. Eta jakin ere badakit zuk eta bertze gaineko guztiek traidoretzat naukazuela. Baina orain zu nitaz fida zaitezen behar dut. Bai, Ningsih?
Non dago Hardo orain? itaundu zuen neskak, gizonari arreta haundiz erreparatuz.
Non erran zuen honek lur jota, etsiak hartua jarraitu aurretik. Jainkoak eta Hardok berak baino ez dakite. Nola jakinen dut nik? Polizia militarrak, gazte taldeek, eta nere pelotoiko gizonek ere ez dakite non dagoen. Eta hori ona da; horixe gauza ona berarentzat. Eta non dagoen baneki ere, ez nizuke zuri erranen. Espero dut eta otoitz dagit inork harrapa ez dezan.
Uste duzu harrapatuko dutela? Ningsihren ahotsak dardar zegien galdera egiteaz batera. Ez al da posible? hitz egin zuen bere hitzen beldur bailegoan, baina poliki-poliki lasaitasuna itzuli eta bere begiek distira pizar bat berreskuratu zuten. Azkenik gauza izan zen bere aitzinean zegoen ofizialari so egiteko. Honek ez zuen ezer erran. Neska indartsuago solastu zen. Eta?
Erran dudan bezala, Jainkoak eta Hardok baino ez dakite! sutua ematen zuen. Halere, nitaz fidatzen zara, ez da? itxaropentsu begiratu zion Ningsihri. Bai, ezta?
Zer axola du?
Zeren eta arazoak bertzerik ez baititut sortu zuretzat, eta Hardo eta bere lagunentzat.
Atsegin hartuko duzu zutaz fidatzen banaiz? Zoriontsu eginen zaitu horrek? galdetu zuen neskak.
Karminek buruaz baietz egin zuen, ahalketuta.
Orduan, emanen didazu zure konfidantza?
Neska pentsakor geratu zen une batez, gero, ahots mantso eta atseginez solastu zen:
Karmin, nere konfidantza osoa daukazu. Badakit damu zaizkizula zure okerrak. Baina Hardo harrapatzen baduzu, zer eginen duzu?
Etzazula hori galde! erran zuen gizonak, ondoren ixilduz. Kopeta zimurtu zuen, bekainetatik zeharka begiratzen zuela. Zerbait sumatu zuen kanpoan. Kotxe bat aditu dut. Batailoi burua izanen da.
Ningsih, ixilik, saiatu zen indarra biltzera.
Zer eginen didate? galdetu zuen urduri.
Ez kezka. Ez zaude bakarrik. Hemen naukazu zu babesteko ziurtasuna zerion bere kapela mahaitik hartu eta paratzen zuelarik. Zuzen nengoen. Batailoi burua da. Ez duzu gutunik hemen, ez da? galdegin zuen gogoraraziz.
Ez! erantzun zuen neskak doinu gozoz, baina urduri.
Baldin baduzu, desagertuarazi berehala. Ezta bertze komunikazio aztarnarik, ez da?
Garanik ere ez erantzun zuen neskak, oraindik gozoago.
Elkarrekin entzun zuten hurbiltzen ari zen kotxearen soinua. Galgen kirrinka aditu zuten, eta gero, asfaltoan zirrikek zegiten zirrista. Ningsihk errepidera begiratu zuen korridoretik. Bat-batean, zurbil-zurbil jarri zen. Zutituz, zera xuxurlatu zuen:
Japoniarra da. Hemen dago!
Ez beldurtu erran zion Karminek. Bufalo baten garuna du! bere bizkar gainetik behatu zuen. Batailoi burua da baieztatu zuen Ningsihri so egiteko jiratuz. Ez ahantz erran dizudana Ningsih lehen bezain hits zegoen. Eta ez ahantz Hardorentzat eman dizudan mezua neskak, mututua, buruaz baietz egin zion. Ez beldurtu. Ez duzu izutu beharrik.
Botek harxehean zegiten zarata aditu zuten, eta gero, eskailerak igotzerakoan halen zunpadak. Karmin errepideari begira paratu zen, militar itxura berreskuratu eta irten zuen ataritik etxaurreraino eginez. Ningsihk aulki bat hartu eta bere albora eraman zuen, haren ondoan zutik geratuz.
Gelan sartzearekin batera ofizial japoniarren begiek Ningsihrengana jo zuten artezki. Neskak kilimusi haundia egin zion. Ofizialaren gibelkaldean Ningsihren aita, Karmin, eta guardia indonesiar bat zeuden.
Ofizial japoniarra Ningsihren aurrean geratu zen eta behatzaz seinalatu zuen. Bere ahotsa gogorra zen, baina ez zakarra.
Andereño, eser zaitez mesedez neskak urrats batzuk eman zituen berarengandik urrutiago zegoen aulki batean esertzeko. Ofizialak urrats egin zuen aurrera neskak lehen erabili zuen aulkian esertzeko. Neskari begira-begira jarraitu zuen. Zu zara Ningsih andereñoa?
Bai jauna, ni naiz erantzun zuen neskak lasaitasuna azaidu nahian.
Karmin lehenago egon zen toki berean eseri zen. Herriko burua alabaren alde batean eta soldadua sarreran zutik irmo.
Gizon honen alaba zara? ofizial japoniarrak herjaunarenganantz jiratu zuen burua eta gero Ningsihganantz. Bai?
Bai jauna erantzun zuen neskak mantso, aitari begirada bat botaz. Aitaren aurpegia zurbil-zurbil zegoen. Bere ator zimurtua odoieztatuta zegoen.
Ofizialak haserre behatu zion herjaunari.
Eta zu, neska hau zuen alaba da? aitonak burua zertxobait altxatuz baiezko keinua egin zuen. Ofizial japoniarrari bat-batean odoia igo eta sudur muturra gorritu zitzaion. Behar bezalako erantzunak nahi ditut! erremuska egin zuen. Behar bezalako erantzunak!
Bai jauna ihardetsi zuen aitonak, dardar eginez mintzatzerakoan.
Hobe duzu! erran zuen ofizialak eskuina pistolatik aldenduz. Ningshiganantz jiratu zen berriro. Non dago Hardo? galdetu zuen adeitsuki.
Ez dakit erantzun zuen neskak lasaiki. Karminek, bere ezkerretara, buruaz baiezko keinua egin zion.
Hardo zure gizongaia da? bere ahotsa neurtua eta erabidetsua zen.
Bai, hala da erantzun zuen Ningsihk azkar. Hala eta guztiz ere, ez dakit non dagoen gehitu zuen berehala.
Ofizial japoniarrak zorrozki begiratu zion.
Galdetzen dizudana erantzunen duzu, andereño, eta ez bertzerik. Ulertzen duzu?
Nigsihk buruaz baietz egin zuen, baina erronka bota zion:
Mesedez, galde iezadazu nahi duzuna.
Ofizial japoniarra gorritu zen; halere, bere ahotsak erabidetsu jarraitu zuen. Ningsihgandik Karminengana iragan zuen begirada.
Karminez fidatzen naiz erran zion. Beraz, ez dut zure etxea arakatuko.
Hemen ez dago deus, aitzindari ohoragarri! erran zuen Karminek berehala.
Ez duzu ideiarik ere Hardo non egon daitekeen? galdetu zuen leunki ofizial japoniarrak. Bazirudien Ningsih galdera hausnartzen ari zela. Ez?
Neskak burua dardaratu zuen.
Ez!
Ulertzen duzu, andereño, ez da... ofizialak eten egin zuen berrekiteko. Ulertu behar duzu, andereño, ezen Hardo harrapatzen ez badugu burua makurtuta zuen aitonari behatu zion zuen aita militarren eskuetan utzi beharko dugula buruzagiaren kokotsak dardar egin zuen eta aurpegia keinuka hasi zitzaion begi guztiek berarenganantz egitean. Ezagutzen duzu polizia militarra, ez da, andereño? Hardo harrapatzen ez badugu zuen aitarenak egin du.
Ningsihk haizea bota zuen, bere adoreak arnasarekin batera ihes egiten ziolarik. Begirada bota zion Karmini, laguntza erregua. Karminek burua dardaratu zuen.
Ez dakit erran zuen neskak.
Eta zu ere haien eskuetan utziko zaitugu mehatxatu zuen japoniarrak.
Ez dakit errepikatu zuen neskak.
Eta lepoa moztuko dizute.
Bertze begirada Karmini. Honek ostera dardaratu zuen burua.
Ez dakit! lehiatu zen neska. Ihardespen honekin, ofizial japoniarra ixilik geratu zen.
Nihaurek itaundu dut Ningsih andereñoa azaldu zion Karmin komandanteak bere nagusi japoniarrari. Itaunketa zorrotza egin diot artezki behatu zion gizonari, gero, burua ahulki dardaratu zuen. Dena dela, ez dut erru aztarnarik kausitu.
Ofizial japoniarrak Karminengandik bere eskuinetara buru makur zegoen herjaunarenganantz igaro zuen begirada.
Orduan, herriko buruak preso jarraituko du erran zuen bortizki. Aitonaren burua gehiago hurbildu zen zorura.
Zergatik daukazue preso gure aita? galdetu zion Ningsihk.
Ez hitzik egin, andereño, inor mintzo ez bazaizu. Ez erran deus! ofizialaren ahotsa irmo, baina neurtua zen. Gizonak eskuineko hatz erakuslea ezpainetara eraman zuen. Ez erran deus.
Ningsihk burua basaki dardaratu zuen.
Erran behar didazu zergatik! Zer egin du? burua berriz ere dardaratu zuen, baina polikiago oraingoan.
Zaude geldirik! ofizialak zapla eman zion, aurpegia gorri egina utziz.
Ixo errepikatu zuen ofizialak. Indonesiarrek ezin dituzte galderak egin! Zu indonesiarra zara, horregatik ezin duzu ezer erran! gizonaren hitzerraztasuna desagertuz joan zen. Indonesiar japoniarkin dagoenean... japoniarkin, ulertzen? Ez gezurrak erraten. Zuk hori oroitu gizonaren begiak hazitu ziren solasterakoan. Indonesiarrak ez onak. Indonesiar ikasi behar ahoak itxita edukitzen. Zuk ulertzen? Ulertzen duzu? Ningsihk bere kolera kontrolatu zuen. Beldurra joan zitzaion eta harekin batera aurpegiko zurbiltasuna. Matelek dirdir zegioten japoniarren begiei artezki behatzen zielarik. Ulertzen duzu? galdetu zion gizonak, erantzunik hartu gabe. Bai? neskak uko egin zion erantzuteari. Azkarrarena egiten japoniarkin? neskak tinko jarraitu zuen erantzun ezean, bere begiak oraindik ofizialarengan. Neskaren begiradari eutsi ezinik, azkenik ofizialak burua makurtu zuen. Herjaunak preso jarraituko du berbaieztatu zuen. Buruzagi zaharrari begiratu zion. Eta Hardo harrapatzen ez badugu, poliziak lepoa moztuko dio.
Aitonak nolabait ere lortu zuen bere burua altxatzea.
Ez naiz gezurretan ari, jauna. Egia erran dizut. Han zegoen alabaren begiak bilatu zituen, baina bien begiek topo egin zutenean, aitonak behera begiratu zuen. Ez naiz gezurretan ari errepikatu zuen.
Karminek so egin zion Ningsihri, bere begiak neskaren konfidantzaren erreguka. Ningsihk arnasa sakonki hartu zuen eta une batez gelako aireak bare eman zuen. Sarreran zegoen guardia bere karga bertze hankara aldatzearren mugitu zenean, begi guztiek harenganantz jo zuten apur batez. Itxura batez, egonezina lasaitu zen.
Eta zu ere preso edukiko zaitugu, andereño. Noiz arte, ez dakit gaineratu zuen ofizial japoniarrak. Agian urte betez, beharbada hamarrez, apika zeure bizi guztian.
Ningsihk erantzun bat eskatu zuen.
Zein gaiztakeria egin dut?
Harremanak dituzu traidore batekin.
Harridura agertu zen neskaren aurpegian.
Non daukazu horren froga?
Zure gizongaia traidorea da.
Malkoak igo ziren Ningsihren begietara Karminengandik laguntza bilatzen zuelarik. Karminek burua dardaratu zuen.
Hori ez da froga bat erdimintzatu zen neska.
Hala eta guztiz ere preso edukiko zaitugu berbaieztatu zuen ofizialak.
Ningsih ixilduaz batera egonezina itzuli zen. Gelakide bakoitzarentzat geltokian sartzen ari zen Rembangeko trenaren burrunba orro desberdina zen. Bidaiarien algara eta zalapartak etxean sartu ziren dena hartuz. Gelan zegoen taldetxoak entzun zituen zaldien irrintziak eta haiek apaintzen zituzten kaskabiloen giltzotsak, beren zalgurdiak kaleetan zehar garraiatzerakoan. Entzun zituzten japonieraz kantatzen zihoazen tropak gora eta oihuek tarteka mozten zuten abestia.
Ostera entzun zuten. Oihu bat aditu zuten. Aupa! Bolondresak eta armada bananduak izan dira! eta gero oihu gehiago: Aupa! Aupa! Aupa!
Zer gertatzen da? murdurikatu zuen japonieraz ofizialak zutik paratu eta oinez bere aulkia zakarki baztertu aurretik. Sarrerarantz egin zuen eta ezker-eskuin begiratu zuen.
Karminek arretatsuago entzun zituen ahotsak. Izerdi tantek dirdir zegiten bere aurpegian. Eskuinetara makurtu eta Ningsihren belarriaren ondoan paratu zuen ahoa.
Bolondresak eta armada bananduak izan dira xuxurlatu zuen. Horixe da oihukatzen ari direna.
Baina zergatik? atzera xuxurlatu zuen neskak. Doike lapon garaitua izan da.
Bi gazteen aurpegiek distira egin zuten; Ningsihren aitaren begiak beiraztaturik zeuden gazteei begira-begira. Bat-batean norbait berari begira zegoela oharturik, Karminek tente jarri zuen bere burua.
Zer ari da gertatzen, Karmin? galdetu zuen aitonak.
Herjaunaren ahotsak jirarazi zuen ofizial japoniarra. Hiruei beha-beha geratu zitzaien susmakor. Buruzagiak arin makurtu zuen berriz ere burua. Ningsihk zoruari erauntsi zion bere zurezko sandaliez. Karminek mukizapia hartu, aurpegia txukatu, eta berriro sartu zuen sakelan.
Astiro-astiro, harrapakinari zelatan ari zaion katuaren antzera, ofizial japoniarra bere aulkira itzuli eta eseri zen. Bere begiak pertsona batengandik bertzearengana mugitu ziren, gero eta susmakorrago bihurtuz. Azkenik, Karminengan finkatu zituen begiak. Ezin zuen bere jakinmina gehiago kontrolatu.
Zer ari da gertatzen? galdetu zuen.
Galdera erantzun gabe, Karmin altxatu eta aterantz mugitu zen, ofizial japoniarraren begiak bere mugimenduei jarraika. Gizonaren susmoak gero eta haundiagoak ziren. Sarreran Karminek arretatsuago entzun zuen. Kanpoan jendetzak oihukatzen jarraitzen zuen. Jiratu eta ofizial japoniarrari so egin zion.
Bananduak izan dira armada eta bolondres indonesiarrak? galdetu zuen. Bere nagusiak ez zuen aditu antza. Zer erran nahi du horrek, jauna? berriz ere erantzun eza zeta eta jiratu eta gelatik atera zen.
Kanpoko zarata haundituz zihoanez, gelan zeudenek arreta haundiagoz entzun zuten. Helduen gora eta oihuei nerabe multzo haundi baten irriak jarraitzen zitzaizkien.
Karmin gelara itzuli zen, bere aurpegia gorri-gorri, eta aulkian bota zuen bere burua.
Jaun ohoretsua... txundituta zirudien. Kanpoan dauden gizon gehienak gure batailoiko bolondresak dira ofizial japoniarra zuri-zuri egina gelditu zen. Gure batailoia ere banandua izan omen da. Zer erran nahi du horrek?
Ningsihk arreta haundiz behatu zion Karmini, baita bere aitak ere. Ofizialak lepaondoari hatz eman zion zer egin ez bailekien.
Hobe izanen genuke batailoira itzultzea iradoki zuen Karminek. Bertze pelotoiko gizonek ziotenez nere pelotoia da banandua izan ez den bakarra. Zer erran nahi du honek, jauna?
Ofiziala pentsakor geratu zen une batez, irmoki hauxe erantzun aurretik:
Hardoren bila aterako gara harrapatu arte haserre bizian begiratu zion Ningsihri, zein berehala zurbildu zen. Eta hori egin ondoren gure batailoira itzuliko gara. Baina lehen traidoreak zigortuak izanen dira! Herjaunari so egin zion. Afera hau konpondutakoan bakarrik askatuko zaitugu. Eta gezurra erran badiguzu japoniarroi, bururik gabe geldituko zara. eten egin zuen, eta gero, eroak bezala, jauzi egin eta lasterka jo zuen aterantz. Basaki irri eginez desageru zen. Karminek ere aulkitik salto egin eta presaka atera zen guardiarekin batera. Etxaurrean ofizial japoniarra zegoen, oraindik ere irri egiten.
Ningsih altxatu zen haien atzetik joateko, baina aitak heldu zion. Besarkada baldar hartan, begira geratu zitzaion aitari eta galdetu zion:
Zer ari da gertatzen?
Oi, gure neska ttikia, nolako arazoa sortu dizudan. Baina orain aske zaude bozkariozko malkoak jaitsi zizaizkion mateletatik beheti.
Zer ari da gertatzen? errepikatu zuen neskak, aitaren besoetan zurrun.
Eta ni ere aske nago! irri egin zuen herjaunak. Finean, japoniarrek ez dute nere burua lortuko.
Aitaren besarkada itzuli ezinik, Ningsihk begiak gelako zokoan zegoen idazmahaira joaten utzi zituen. Aitak estu eutsi zion bizkarretik.
Zergatik ari zara guzti hau egiten? galdetu zion neskak azkenean.
Ez duzu ulertzen? ia-ia garrasi egin zuen. Salbu zaude! Salbu zaude. Eta ni ere salbu nago so egin zion alabari. Ikusi berri dut.
Ningsih azkenean aitari amore ematen hasi zen, baina begiek idazmahaian jarraitzen zuten.
Aita xuxurlatu zuen zer egin duzu?
Aitonak arnasa tristea bota zuen.
Zuregatik... egin dudan guztia zuregatik egin dut besarkada laxatu zuen neskaren ondoan gelditzeko.
Aske nago, Ningsih! Eta zu ere bai. Ikusi dut. Eta aberatsak gara, Ningsih! Aberatsak gara. Goazen etxera.
Une batez ezeinek ez zuen hitz egin. Kanpotik jendetzaren zarata eta ofizial japoniarraren irria zetozen.
Goazen extera, Ningsih! erran zion aitak keinua eginez.
Etxera? Baina atxilotuta gaude!
Ez. Aske gaude. Goazen etxera. Harrapatu dute. Joaten ahal gara etxera!
Nor harrapatu dute? galdetu zuen neskak isilka. Zergatik? Hardo, noski.
Hardo? Ningsihren gorputza gogortu zen. Bere aurpegia zurbildu. Nola dakizu hori?
Ikusi dut! Zaintzapean ikusi dut.
Ningsihk korrika egin zuen aterantz. Lorontziko loreak hegazkatu ziren poliki haize xuabean. Kanpoan, etxaldean, «gora» eta irriek betetzen zuten airea.
Batailoi buru japoniarra zutik zegoen etxaurrean, eskuak gerrietan zituela, Karmin komandantea bere alboan ezkerretara eta polizia militar komisaria bere eskuinetara. Bere parean, eskaileraren ondoan, Karangjatiko barruti burua, zeinen aurpegia gorri zegoen beroagatik. Azpikaldean, etxaurrearen aitzinean, patruila talde bat hiru eskale Hardo, Dipo eta Kartiman zaintzen.
Zubi ondoan harrapatu genituen erran zuen harro barruti buruak Lusi zubirantz seinalatuz. Lehen solasten aritu ziren lekutik hurbil gero, geltokirantz bira eginez eguzkitan beroak itota zeuden zaintzale eta eskaleei begiratu zien.
Ofizial japoniarraren irriak kokotza dardararazi zion eta hortzak ageri-agerian utzi.
Azkenean, azkenean oihukatu zuen pozez gainezka. Keinu egin zuen eskuinez eta patruilak beraganantz eraman zituen eskaleak. Beraz, japoniarrei adarra jo nahian, ez da? Ederki, ez da?
Eskaleek militar jarrera zuten, kokotzak aurrera eta begiak artezki aitzinera begira. Barruti buruak bazter batera egin zuen itzalaren bila, baina patruilak eguzkitan jarraitu zuen.
Komisariak bira egin zuen, bere eskuina pistola ipurdiari helduta.
Urrats aurrera! oihukatu zuen, baina hiru eskaleek bere hartan segitu zuten.-Aurrera! errepikatu zuen, deus lortu gabe. Ofizial japoniarrari so egin zion. Hau al da? galdetu zuen Hardo seinalatuz. Orbaina du eskuineko besoan.
Luzatu besoa! agindu zuen ofizialak.
Hardok matelezurrak estutu eta besoak luzatu zituen. Ofizial japoniarrak behatu zien. Dipok hortzak karraskatuz egiten zuen soinuak berarengana erakarri zituen denen arreta.
Bazirudien zerbait mugitu zela japoniarraren baitan.
Dipo! oihu egin zuen Kartimanengan begiak paratu aurretik. Eta Kartiman! garrasi egin zuen, ostera basaki barre eginez. Ona, hagitz ona erran zuen. Hagitz ona, alajaina!
Jendea pilatzen hasi zen hesiko atakaren inguruan. Iragaten ziren kotxeek abiada ttikitzen zuten, gidariek etxaurrean gertatzen ari zena ikus zezaten. Kale hartan, pareko ertzean zegoen geltokiaren gainean bandera japoniarra, Sortaldeko Eguzkia, hegazkatzen zen haizetxoan.
Beraz, indonesiarrak traidoreak dira, e? erran zion japoniarrak Hardori irain eta erronka moduan. Jakartara bidaliko zaitugu lepoa moz diezazuten. Gustatzen, e?
Hardok irribarre egin eta besoak jaitsi zituen. Ofizial japoniarraren gainetik begiratuz, Karmin ikusi zuen haren atzekaldean. Burua mugitu zuen apur bat, eta Karminek begiak behera egin zituen. Bilaketari jarraituz, Hardok Ningsih eta honen gainean besoak paratuak zituen aita antzeman zituen. Polizia komisariari so egin eta irribarre egin zuen berriro.
Orduan, ez zaude beldurturik? gozamena suma zitekeen ofizialaren ahotsean. Ez diozu beldurrik polizia militarrari? urrats egin zuen Hardoganantz eta ukabilak estutu zituen burrukarako prest bailegoen. Ez zaitu ezpatak izutzen? Hardok irribarre egin zuen. Ofizial japoniarra orekan jarri zen burrukarako, baina bat-batean bere gorputza zurrundu zen. Binbilinkatu zen sorki, bere begiek aurreko irudia eromenean bilatzen ari zirelarik.
Ataka inguruan zegoen jende multzoaren atzetik, kamioi bat zihoan kalean behera. Kamioiaren gainean zutik zihoan gizon batek oihu zegien bozgoragailutik.
Indonesia aske da! Indonesia aske da! Japonia errendatu zaie Aliatuei!
Une batez inor, deus ez zen mugitu ere egin; jendetza zur eta lur geratu zen. Gero, patruila, azkonak zutik gizonen aitzinean, jiratu zen, denak batera, toki berera. Handik, hain zuzen ere, baitzetorren ahotsa.
Kamioia etxearen parean zegoen, gainean zegoen gizona oraindik bozgoragailutik oihuka. Haienganantz mugitu zuen bozgoragailua.
Japoniak galdu du. Japonia errendatu zaie Aliatuei. Aske gara! Sukarnok eta Hattak independentzia iragarri dute!
Kamioiak ekialderantz jo zuen astiro. Begibistatik desagertu zenean, begi guztiak ofizial japoniarraren aurpegi odolgabeturi beha jarri ziren. Bizkarrak eroriak, gizonak lor eta sor begiratzen zion geltokiaren gainean hegazkatzen zen bandera japoniarrar.
Eskolakume talde batek kalea zeharkatu zuen korrika eta dantzan, denak batera oihukatuz:
Japonia errendatu da. Indonesia aske da! japoniarrei erreparoan egona zen jende multzoak geltokiaren gaineko banderarantz jiratu zituen begiak. Orro itzela bota zuen. Urra dezagun bandera madarikatu hori! orroa ahuldu orduko, Sortaldeko Eguzkia, hiru urte t'erdiz leku hartan harro hegazkatu zena, erortzen hasi zen. Sokari eragiten ari zitzaizkionen behatzek txinpart zegiten gorroto bizian, eta ofizial japoniarra gero eta zurbilago jartzen ari zen banderaren jaitsiera laidogarria ikusirik. Azkenik, bistatik desagertu zenean ofizialak begiak jaso zituen, azpitik gora begiratuz orain bere muturra biluztuta zeukan bandera-makilari. Indonesia aske da! Indonesia aske da! berrekin zioten oihuari, «gora» abesbatz ozena atzetik. Ningsih eta aita etxeko ataritik azaldu ziren.
Denen aurpegiak gorri-gorri zeuden, ofizial japoniarrena ezik. Jendetza hunkipenak mozkortuta zegoen. Dipok bat-batean ukabilak estutu, bere buru gainetik altxatu eta garrasi egin zuen, ez burruka oihu bat, baizik eta Askatasuna! Askatasuna! Askatasuna! une hartan Gorri eta Zuria, nazio berriaren bandera, igo zen lirain bandera-makilan.
Bataloi buruari odola igo zitzaion, zurbiltasuna gorri bihurtuz. Burua makurtu zuen otoitz egiten ari bailitz. Geltokiaren parean, kalean, jendea oihuka eta garrasika ari zen. Ataka leporaino zegoen eta jendetzak ofizial, japoniar garaitu eta presoei erreparatzen zien. Ofizial japoniarrak eskua armara eraman zuen eta zorrotik atera. Bere begiek dirdir zegiten amorrazioz. Bizkarra zuzendu, arma krisketa askatu eta jendetzar tiroka hasi zitzaion. Jendea garrasika hasi zen eta izuitsuak jota sakabanatu zen, baita presoak zaintzen aritu ziren guardiak. Une bat beranduago, arma automatikoaren tiro zurrunbiloa eten zenean, Karminek jauzi egin zuen aitzinerantz eta heldu zion ofizialaren besoari. Askatu nahian, ofizialak makurtu eta besoa kiribildu zuen beherantz. Hankak zabaldu zituen oreka mantentzeagatik. Gizonak kukutu eta burrukatu ziren bertan. Beren inguruan ez zegoen inor, komisari eta barruti burua ezik. Hauek etxaurreko zoruan beldurrez kuzkurtuta zeuden, eskuak buru gainean. Hardok, zutik, ez zuen imintziorik ere egin bi gizonak burrukan ari zirelarik. Kartiman ere zutik zegoen, metrailetaren tiro zurrunbiloari ihes egin ziola eta zur eta lur. Dipo lasaitasunez hurbildu zitzaien burrukan ziharduten gizonei, eta ofizialaren ezpata gerriko zorrotik atera zuen.
Burrukak aurrera egin zuen. Japoniarra beherago makurtu zen, hanka tartean kiribilduz arma. Bat-batean tiroka hasi zen berriro.
Bota ezazu arma! oihukatu zuen Dipok ezpata muturra ofizialaren atzean bultzatuz.
Urrikitu! garrasi egin zuen. Karminek arma eskuetatik kendu zion. Ofizialaren alkondara odolak gorriztatzen zuela, berriro garrasi egin zuen: Urriki zaitez, indonesiar! ahoa zabaldu zuen airearen bila. Indonesia aske da! oihukatu zuen marrangaturik. Bizi luzea Indonesiari.
Ofizialaren bizkarzaina, txokoan zur eta lur, bat-batean ernatu zen bere liluralditik. Hurbildu zitzaien kolorge eta dardarka zorutik altxatzen ari ziren komisari eta barruti buruari.
Dipok ofizialari oihukatu zion:
Lurrera!
Urriki zaitez, indonesiar! Barka nazazu negarrari eman zion lurrean belaunikatzean. Arnasa zurrustaka zetorkion. Bere aurpegia kolorge zegoen eta odola alkondararen atzetik zerion.
Kalean, patruila lasterka zetorren etxera, banbuzko azkonak eskuetan. Ofizialaren tiroek lurreratutako lau ikusle, oinazeek bihurrikazten zeutzan atakan. Aiene zegiten penagarriki lurretik altxatu eta eramaterakoan. Geltokiaren gainean Gorria eta Zuria harro hegazkatzen zen Ekialdeko Eguzkiaren lekuan. Gizon gehiago agertu zen lasterka, haietako anitz armaturik, eta bailan bildu ziren.
Ofizialaren gorputza dardarka zegoen.
Utz nazazu bizirik, indonesiar. Urrikitu! oihukatu zuen ostera.
Jendetzak armak jaso eta oihu egin zuen:
Eman guri!
Dipok ezpata distiratsua airean dantzatu zuen ofizialaren leporantz. Ahula zegoen eta ez zeukan lehen zuen kontrola; ezpatak huts egin zuen arruntean ofizialaren lepoa eta bere buruaren gainekaldean jo zuen. Ofizialaren kapela botaz, ezpatak kaskezurraren gainaldia moztu zuen eta lurrean panpatu. Ofizialaren buru erdian esku adinako zulo zuria agertu zen. Istant batean, zuria gorri bihurtu zen. Ofiziala lurrera ixilean erortzen zihoalarik odola jariotzen hasi zen zauritik eta lurrean hedatu zen.
Bailan zeuden gizonak beha-beha geratu ziren, ixilik, eta armak jaitsi zituzten. Hardok eta Kartimanek elkarri so egin zioten. Barruti buruak begiak estali eta hormarantz jiratu zen. Bizkarra bortxan jaso zuen goitika hasi zelarik. Bere ondoan polizia komisaria etxaurreko zutabeari heltzen zion larriduraren larriduraz, bere burua zutik eduki nahian.
Dipok gorpuaren alboan, lurrean zegoen muin eta buruhezur zati koskadunari so zegion, odol gorriko istilean zegoen irla bitxia bailitz. Ezpata bere eskutik zintzilik, behatzak gogortuak eskutokian eta muturra lurrean. Jiratu eta Karmini behatu zion, bere begiak sutan gorrotoaren eraginez. Karmin ondoratu zitzaion eta luzatu zion ofizialaren metraileta. Gero Diporen aitzinean geratu zen arretatsu.
Bailako jendetza oihukatzen hasi zen.
Karmin komandantea traidorea da! oihua orro bihurtu zen berehala. Ondotik, bertze oihu bat:
Eman guri!
Eta bertze bat, ozenagoa oraindik:
Bere larrua nahi dugu! banbuzko azkonak jendearen buru gainetik dantzatu ziren. Azkon-muturrek, olioz oratuta, dirdir zegiten argitan. Oihuak gero eta ozenagoak ziren.
Hardok etxaurrerantz jo zuen eta jendetzari behatu zion goibel. Bere eskumuturrak lotzen zituzten kateek giltzotsa zegiten eskuak beheratzerakoan. Jende multzoa aurrera mugitu zen, azkonak buru gainetik hegazkatuz. Hardok eskuak altxatu zituen, ostera jaisteko. Oihuak iraungi ziren.
Apur batez ixiltasuna nagusitu zen, baina istant batean oihuak entzun ziren berriro.
Eman iezazkiguzue polizia komisaria, barruti burua, eta Karmin komandantea. Traidoreak dira! Eman guri, Hardo. Halen odola nahi dugu.
Etxaurreko txokoan barruti burua paretaren kontra zetzan, hankak makotuak bere azpian. Ahoa erdi irekita, begiak bezala, arnasketa kontrolatzera saiatzen ari zen. Polizia komisaria kulunkaka zebilen aitzinera eta gibelera, uhin haundi batek jotako txaluparen antzera; bat-batean lurrera jausi zen, paretaren kontra geldituz.
Bailan azkon dantzariak biderkatu eta elkartzen ari zirela ematen zuen. Jendetzak aurrera jarraitzen zuen. Hardok eskuak ostera jaso zituen, oraingoan bizkarraren pareraino, goitik behera zetorren paretari eutsi nahi bailion. Bere begiak oraindik beiraztatuta zeuden, matelezurra estututa, eta kokotza beherantz sakatuta. Jendetza geratu zen eta urrats bat atzera egin zuen.
Bere ezkerrez Dipok arma beheratu zuen lurreraino eta eskuineko hanka gainean jarri zuen. Karmini begiratu zion eta hortzak karraskatu. Harrapakina eratsotzeko prest dagoen katua zen, baina denbora berean bertze katu batek saria kentzen ahal ziolako beldur.
Karmin! erran zuen amorruz hortzak erakutsiz.
Karmin tente jarri zen eta agur egin zion.
Bai erantzun zuen japonieraz.
Belaunika! agindu zuen Dipok. Bai! erran zuen belaunika jarriz.
Dipok urrats egin zuen aitzinera, begiak eskuan zeukan ezpatan. Karminen lepondoa igurtzi zuenean jendetzak orro batez oneritzia azaldu zuen eta alboratu zen.
Hardok eskuak airean kontu zituen.
Atzera! oihukatu zuen, baina jende multzoak ez zion kasurik ere egin. Bildutakoen arreta bere harrapakinaren bizkarra bultzatzen ari zen Diporengan jarrita zegoen. Bere begiak distiratzen ziren txakal gosetienen erara. Oihuak ozendu eta nahasi ziren: Aurrera, Dipo, egin ezazu! Urrikirik ez! Moz iezaiozu lepoa! Eman guri, Dipo! Guk eginen dugu!
Hardok atzera begiratuz Dipo ikusi zuen, ezpata buru gainetik altxatuta. Haren azpian, lurrean, Karmin makurtuta, lepoa aterata, ezpatarako prest.
Dipo! oihu egin zuen Hardok.
Ezpata airean geratu zen geldi. Dipok Hardori behatu zionean, gorrotoa ageri zen bere begietan. Hortzak karraskatu zituen. Zoratua ematen zuen, ahoa zabal-zabalik irekita eta matelezurrak gora eta behera. Arnasbehartuta zegoen. Bere begi gorrituek odol gehiago eskatzen zuten. Begiak kliskatu eta kopetilundu zen, baina gorputzak zurrun jarraitu zuen. Bat-batean ahoa ireki eta garrasi egin zuen:
Madarikatua! ezpata botaz, etxaurrera jo eta eskaileretatik jaitsi zen. Txakalbegi jendartean sartu zen, eta azkon dantzariak binbilinkatu ziren multzoan galtzerakoan.
Dipok aldegin zuenean Hardok Karmini behatu zion.
Zutik erran zion. Karminek bere burua zutitu eta Hardoren aitzinean gelditu zen tente, agur egiteko prest.
Jendetzak aurrera egin zuen ostera.
Traidore! Traidore! oihukatu zuten. Karmin traidorea da. Eman guri!
Ixo! oihu egin zuen Hardok, baina jende multzo hura ez zegoen entzuteko moduan eta ozenago egin zuen garrasi.
Atzera! bota zuen Hardok ahal zuen ozenen, jendetzak bertze urrats bat eginagatik. Azkonak bat eginda zeuden. Hardok bira eginez Karmini so egin zion. Laster! Atera gibeleko atetik.
Hori egin beharrean Karminek jauzi egin zuen Hardoren aurrean, etxaurrearen ertzean agertuz. Jendetzak aurrera jo zuen berriz ere, azkon gandor bat beren buruen gainetik uhinka.
Hardok Karmini bizkarretik helduz atzerantz eraman zuen.
Agudo! Korrika egin!
Karminek artezki begiratu zion jende pilo eta haien begi gosetiei. Aurrerantzeko higidura eten eta oihuak eta garrasiak iraungi ziren Karminek jaka bota eta alkandora eta jertsea kendu zituenean. Bat-bateko lilurak jota bailegoan, jendetza geldi-geldirik geratu zen. Karmin haien aurrean paratu zen, bere bularralde biluztua azalduz. Bere ofizial gerrikoa askatu eta lurrera jaurtiki zuen.
Otoi! erregutu zuen Hardok. Alde egizak hemendik!
Baina Karminek bertze urrats erdi bat eman zuen aitzinerantz. Bere ofizial kapela jasoz airera jaurtiki zuen, jendetzaren artera.
Hil nazazue! oihukatu zion jende multzoari. Hil nazazue! Traidorea naiz!
Denak txundituta geratu ziren. Azkon dantza iraungitzen joan zen eta banan banan lurrera jaitsi zituzten.
Hil nazazue! eskatu zuen. Karmin pelotoi komandantea naiz. Traidorea naiz! bertze urrats bat aitzinera egin zuen jendetzaren aurre-aurrean geidituz, beso baten distantziara. Aurrera! Hil nazazue! begiekin erronka egin zien banan-banan eta laster den-denek buruak makurtu zituzten.
Karmin... erregutu zuen Hardok.
Baina Karminek ez zuen atzerantz begiratu. Berriro oihukatu zuen. Hemen nago, Karmin komandantea. Hil nazazue! jende multzoak ez zuen deus egin. Zergatik ez nauzue hiltzen? besoak gora egin zituen. Ez nauzue hil nahi? galdetu zuen. Ez duzue nahi?
Orduan, Hardok oihu egin zien: Zoazte etxera, denak. Zoazte etxera!
Denek buruak altxatu zituzten Hardori begiratzearren, baita berehala jaitsi ere. Jendetza sakabanatzen hasi zen. Istant batean denak joanak ziren.
Pixkat urrutiratuz itzuli ziren Hardo eta Karmini behatzera, baina bira eman eta urrundu ziren.
Karmin... erran zuen Hardok.
Karmin bailan zanpatuta eta pilota egina zetzan. Ofizial kapelari so zegoen, baina orduan, miretsaraztuta bezala, jirabiratu eta Hardori beha paratu zen.
Bai!
Hardok bere esku zaragarduna luzatu zion eta Karminek berean hartu zuen. Aterantz ibili ziren elkarrekin, baina beren alabaren gainean makurtuta zegoen herjaunaren ikuspenak gerarazi zituen. Ningsih.
Oi, gure neska. Oi, ene Jainkoa, gure neska ttikia intziri egin zuen, malkoak masailetik behera irristatzen eta gorputza negarzotinek dardaratua.
Hardo makurtu zen Ningsih odolak estalita ikusiz.
Ofizial japoniarraren bala bat bularraldetik sartu, angeluan igo, eta atzekaldean geratuta zeukan. Bere begiak lausotuta zeuden. Hardok bizkarretik hartu eta garrasi egin zuen:
Ningsih, Ningsih!
Nor zara zu? xuxurlatu zuen neskak ahots mehez.
Ez nauzu ezagutzen? totelka erantzun zion Hardok.
Neskak ahulki dardaratu zuen burua.
Utz nazazu bere arnasketa larria zen. Utz iezadazu bakean hiltzera... nere oroitzapenak ditut. ezpainak mugimendurik gabe geratu zitzaizkion. Betazalak kliskatu eta zurrun gelditu ziren. Ahoa pixkat irekita. Azkenik, orduan baino ez, arnasarik gabe geratu zen.
Aitonak artean dagoen tximino baten antzera garrasi egin zuen. Hardok Ningsihren bularraldean ageri zen zuloa eta handik zerion odolari so gelditu zen. Karmin zutik lurrari itsatsia. Barruti burua, polizia komisaria, guardia indonesiarra, eta Kartiman elkarren aldamenean.
Hardok hasperen haundia bota zuen.
Bukit Duri presondegia, 1949
© Pramoedya Ananta Toer
© itzulpenarena: Jose Emilio Txoperena