www.armiarma.com
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Erri bat guruzbidean
Salbatore Mitxelena
1958-1962, 1977

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Idazlan guztiak (I), Salbatore Mitxelena (Karmelo Iturria eta Jose A. Gandariasen ediozioa). EFA, 1977.

 

 

  hurrengoa

ERRI BAT GURUZBIDEAN

 

Azken mendeko

Euskal Bizinaiaren

«sentimendu trajikoa»

draman aurkeztekoa

izlauz, kantuz

eta Pasio irudiz.

 

 

                                «Un Miserere cantado en común por una

                        muchedumbre azotada del destino vale tanto

                        como una filosofía».

                                Miguel de Unamuno (Del sentimiento

                        trágico de la vida en los hombres y en los

                        pueblos)

 

 

JAKINGARRI BATZUK:

        Drama au irakurri soillik egitekoa da, antzezteko bezela idatzi bazan ere. Beste izen bat du antzeztekoak: «Confixus». «Confixus» geiena edo ia dana emendik aletua bait da, nai aiña laburtu naiz erreztu aal izateko eran.

        Antzezteko eran idatzia dagoan ezkero, ordea, konbeni da irakurleak jakin ditzan zenbait zertzelada, bai antzezketari, bai doiñuei buruz.

        Antzezlekuak iru «saillok» bear lituke:

        1) Ezpaloi bat, prozezioa pasaran joan dedin eskubitik ezkerrera.

        2) Estratua, nazarenutzan jardungo diranentzat.

        3) Gaingune edo beiraleku bat, komisaria ta Joxemingorentzat.

        Estratuaren erdiz erdi Aritz Arbola gazte lirain bat, bertako zutabe.

 

NORTZUK ZER:

        AITA MIXIOLARIA: 35enbat urteko prantziskotar bat da. Xaloa, ez batere solemnea. Gure errietako mixiolariek oi duten gurutze aundi oietakoxea eraman dezake lepotik bularrean zintzilik.

        JOANES: «Garoa»ko uraxe bezin beneragarri, zangar eta giz-eredu ederra. Zergatik ez «Garoa»koa berbera? 60 urte ditu. Illea zuri. Baju abots zolia.

        PRUDEN eta IÑAKI: Biak Joanesen semeak. Pruden, reketea da, ta mendu bizikoa; 26 urte. Iñaki, «gudaria»; 20 urtetsu.

        KOMISARIA: Eman 40-renbat urte. Falanjista purrukatua: jazkeraz, bibotez, izatez. Belarrimotxa, noski.

        JOXEMINGO: Falanjista auxe ere, Komisariaren morroia, ta adin beretsukoa. Euskalduna, jatorriz eta...

        MISTER HAMILTON: 50-enbat urteko zaldun «yanki» atsegiña. Yanki-tankera nabarmena digu zernaitan.

        MANU AGUAZILLA: Erriko gizajoa da. Lodikote musugorria. Soiñez bezin motza buruz ere. Zazaaka itzegiten du. Errian maite dute baiña ez diote errespetu aztarrenik; utsaren zai egoten dira, aren bizkarretik parra egiteko.

        BI GUARDIZIBIL: Beste danak oi diran alakoxeak, ezertan alderik gabe. Ez gaiztoak.

        ETA PASARAN EGOKITUKO DIRANAK: Ama Doloretakoa, Beronika, ta izketagille askotxo.

 

DOIÑUEN ADIERAZGARRI:

        1) Sarrera, Otañoren «Aita-semeak».

        2) Egonaldi bakoitzeko leenbiziko aapaldia (Guruzbidariek pasaran), «Pilatosek esan du» ontara:

                si-mi. fa-sol. fa-fa-mi.

                si-mi. fa-sol. la-si.

                si-do. si-la. sol-la fa.

                la-si. la-sol. fa-mi.

        3) Egonaldi bakoitzeko bigarren aapaldia (Publiku osoak), «Josirik ikustean», ots:

                si/si. sol/do. si/si la.

                si/sol. fa/sol. la/si.

                re/sol. la/si. do/re re.

                mi/mi. fa/sol. la/si si.

                si/sol. la/fa. sol/mi.

        4) Egonaldi bakoitzeko azken aapaldia (Guruzbidari ta Publiku, salmuz), Miserere salmu doiñua, lau bider auxe:

                si si do si la sol

                la la mi sol fa mi

        5) Egonaldi bakoitzeko tarte aapaldi aundia (Koruak), polifoniz; on ezean, bertsolari doinuz; edota, baitare, «recitado coral» eran.

        6) Laugarren egonaldiko tarte aapaldia (Koruak), Arantzazuko himnuaren «Agur, zeruen edertasuna» osorik, azken puntua berrituz.

        7) Amabigarren egonaldiko leenbiziko aapaldia, «Gernikako Arbola»-ren doiñua bera.

        8) Bukaera (Surrexit: pixtu zaigu...), Aita Donostiren «Salbatore gora da», azkenpuntua berrituz.

 

 

SARRERA

 

Haec est victoria
quae vincit mundum:
fides nostra.

 

        Teloia irikitzean, (magnetofonuz) parrokiko kanpaiak ari dira. Aldi berez, orkestak edo organuak jota, leenbiziko doiñua (Otañoren «aita-semeak») aditzen da. Aldi berez, plazaren eskubi aldera, giza tertuli batzuk agiri dira, alaiki izketan. Agiri ez dan plazako jendetza aundiaren zurrumurrua entzuten da, eskubitsutik.

        Tertuli oietako aundienean zegon AlTA MIXIOLARIAK uzten ditu izketa lagunak bi aldamenekoei anaikiro bizkarreko bana emanaz, eta arin-arin armaillatan gora igotzen doa. Jendea beira jartzen zaio sinpati bizienez. Prailleak eskuan daramazki brebiarioa ta kuadernu bat. Armaillatan topatzen dun mikrofonu zutikoa ere eskuan artzen du ta estratura eramanaz antxe kokatzen du.

        Beiñola kanpai orkestak ixiltzen dira. Baita jende marmarra ere.

        Mixiolaria, estratutik kuadernu irikiari aiña bider beetik gorako jendetzari bein ta berriz beiratuz, asteko dagon prozezioaren azken detalleak buruzbiltzen ari da. Mikrofonua ao pareratuz arraiki galdezka asten da.

 

MIXIOLARIAK: Entzuten al duzute ondo?

BATZUK: Bai, jauna.

MIXIOLARIAK: (bere ezkerreko urrutikoei beetik gora so) An goikoek ere bai?

BATZUK: (urrutian) Poliki. Emendik ere naiko poliki.

MIXIOLARIAK: (mikrofonua metro bat apartatuz) Orain? Ea orain?

BATZUK: (urrutian) Berdintsu.

MIXIOLARIAK: (tertulietako bati) Loidi, itzegiezu aortitxe, ea entzuten duten.

LOIDIK: Ea ba emendik. Jasotzen? Aditzen, zerbait badare?

BATZUK: (urrutian) Or nonbait. Tira. Ainbestean.

MIXIOLARIAK: Ori bear dugu ba. Ez dedilla iñortxo gelditu entzun gabe. Ikusi, berriz, ez daukat galdetu bearrik ondo ikusten duzuten edo ez onako estratua. Aurrez aurre baitakazute danok, (ezkerrera apuntatuz) bai goitik beera zatoztenok, eta orobat (bere eskubiruntz apuntatuz), prozezioa aurrera doan bezela beetik gora joango zeratenok. Ikusi ezin obeto noski.

BATEK: Lasai egon ortan. Ez dugu galduko izpirik ere, estratuan esaten edo gertatzen danetik.

MIXIOLARIAK: Ea ba. Dagoneko, jarri zaitezte bakoitza zeon lekutan. Irugarren kanpai aldia jo du ta, aguro asi bear dugu. Loidik zion, Mixio Santu ontako elizkizun ederrena barkazio sermoia baietz. Orain ikusiko du ezetz. Guruzpide onetxek atera bear du bikaiñena. Jokatuko nioke Loidiri... lepoa. Prailleok ezin ba dirurik joka.

 

(parreantxak)

 

        Ta? Obispu jaunaren baimena? Zertan da? Ez al da etorri oraindik?

 

LOIDIK: Ezetz aditu dut. Ez omen da aztarrenik oraindik.

MIXIOLARIAK: (Muker keiñua egin ondoren) Ba, ez daukagu geiago itxoiterik. Gaua gaiñean dugun ezkero, abitu bearra daukagu nai ta ez. Baimenik eza dalata, ez al dugu okerrik izango. Ez didate beintzat kulpatuko, eskatu ez nuanik baimen ori. Ondo garaiz eskatu ere nuan.

 

(Egontxoa)

 

        Kantapaperak? Danek bai al dituzute? Irakurtzeko naiko argi gutxi, ez da ala?

 

LOIDIK: Ez dugu argi bearrik. Ezta papere bearrik ere. Buruz badakizkigu itzik itz.

MIXIOLARIAK: Bertsu danak?

BATEK: Bat baiño bestea obeto.

BESTEAK: Danak ikasi ditugu ederki.

BESTEAK: Ez du esango enseiutan saiatu ez geranik.

BESTEAK: Gogotik ikasi ditugu bertsuak. Alako ederrak izan ere dirata.

MIXIOLARIAK: Bertsu oiek egin ditunak baiño meritu geiago du balinbaite sentipen santu oiek bizi ditun Erriak.

 

(MISTER HAMILTON agiri da ezker aldetik,
gizaseme bat lagun.
Fotomakiña dakar sorbaldan zintzil eta linterna eskuan.
Gizaseme laguna aurreratzen da ta Mixiolariari urbilduz:)

 

BAT ONEK: Jauna. Jauna. Zaldun dotore bat eldu da errira rorren billa. Aor. Praintzikoa edo... Ez da beintzat Astigarragakoa.

MIXIOLARIAK: Nongoa ba?

 

(Mixiolaria jeisten da armaillatan eta
Mr. Hamiltoni urbiltzen zaio kortesiz)

 

MR. HAMILTON-EK: Arratsaldeon Jaungoikoak, Aita.

MIXIOLARIAK: Arratsaldeon deigula danoi, Jauna.

MR. HAMILTON-EK: Badakit zein zaitudan. Ez duzu presentatu bearrik. Ni, Mister Hamilton nazu, United Press-eko korrespontsala.

 

(Bostekoa damaie alkarri)

 

MIXIOLARIAK: Nondik eta nongoa zaitugu ba, Mister Hamilton?

MR. HAMILTON-EK: Norteamerikanua, serbitzeko. Yanki utsa lau saietsetatik: jaiotzez, bizitzez, odolez, abizenez...

MIXIOLARIAK: Norteamerikanua, alajaiña? Yanki utsa zernaitan? Eta orren jator euskeraz itzegiten zatozkit?

MR. HAMILTON-EK: Orixe bera esaten didate danek: euskeraz poliki egiten omen dut. Baiño, ara, ez da arritzeko. Nere bizitza guzian saiatu izan naiz euskera ikasten eta Euskalerri gauzak ezagutzen.

MIXIOLARIAK: (zoratzen) Bejondeizula. Beste gabe, adiskide nazu.

 

(Bostekoa berriro)

 

        Nai duzuna eskatu.

MR. HAMILTON-EK: Eskatu? Ain zuzen, eskatzera natorkizu gauzatxo bat. Interbiu bat, labur labur badare.

MIXIOLARIAK: (Erlojuari beiratuz) Laburra bearko oraingoz. Guruzpidea asteko bait gaude. Zer derizkiozu, elizkizuna bukatuta. bertan, itzaspertu bapo bapo bat?

MR. HAMILTON-EK: Zer besterik nai dut? Itzaspertu luze luze bat.

MIXIOLARIAK: (Prestu dagon prozezioko gizaseme bati, norteamerikanuagatik) Imanol, zalduna ez dala Astigarragakoa? Aizarna berta-bertakoa, motel. Euskeraz ari gaituk eta. Jator, alere.

 

(Jendeak parre)

 

        Eeeh? Iru akolituak, non dira, oraindik prozezio buruan jarri gabe?

 

(Irurak txuriz eta erdikoa gurutzez ager bitez gerotxoago)

 

        (Mr. Hamilton-i) Interbiu bat, zenion. Jakin askuretan jarri nazu oraintxe. Ta... askure onekin ez naiz asiko guruzpidean. Pixkat badare aurreratu bearko didazu zure asmoa.

MR. HAMILTON-EK: Ara ba. Bi illabete ontan Euskalerrian nabilkizu, batera ta bestera turista antzo, bazterrak eta azalmamiak ezagutzen: parajeak, usarioak, folklorea, ertigintza... Apunterik galanki atera dut. Baita fotografirik ere. Ikusten?

 

(Mordotik bat edo beste erakusten dizkio)

 

MIXIOLARIAK: Poliki. Poliki.

MR. HAMILTON-EK: United Press-ekoek artikulu errezka bat eskatu bait didate Euskalerriari buruz. Artikulu oiez gaiñera liburu bat ere atera nai nuke gai orretantxe.

MIXIOLARIAK: A ze mesede dagiguzuken.

MR. HAMILTON-EK: Ta ara: Euskal Animaren ezaugarri jator jator bat nai nuke. Euskal drama jator jator bat. Opera batzuk aitatu dizkidate. Tituluak ementxe ditut. Bildur naiz, ordea, beren funtsa zearoko autoktonu ote dan; geienetan ez musikaz eta ez testuz.

MIXIOLARIAK: Ea zeintzuk?

MR. HAMILTON-EK: (Blok bat irikiz eta bertan irakurriz) Guridi-ren «Amaya»... Usanditzagaren «Mendi-mendiyan»... «Txanton Piperri»... «Mirentxu»...

MIXIOLARIAK: Ez daude gaizki. Andik edo emendik, oietxek ere Eusko Gogoaren emaitz dira, ta ezaugarri. Ta Eskudero-ren «Illeta»?

MR. HAMILTON-EK: Baitare, izendatu didate. (Blokean irakurriz) Ara emen. Patxi Eskudero-ren «Illeta».

MIXIOLARIAK: Nai litzake baietz! Aitatu dizkidazunetan, orixe duzu nere ustez jatorrena, sakonena.

MR. HAMILTON-EK: Ainbeste? Tristeegia ez al derizkiozu? Euskalerria alaia da gero, sendoa, osasuntsua, optimista.

MIXIOLARIAK: Sendoa ta osasuntsua baietz nioke. Ez orratio alaia. Ez barrutik beintzat.

MR. HAMILTON-EK: Nola ez ba? «Un peuple qui chante et dance aux Pyrénées».

MIXIOLARIAK: Bai, mundu guziak ala uste du. Etnologu ta turistek ala jotzen gaituzte. (Imitatuz) «Un peuple qui chante et dance aux Pyrénées». Baiño ni kontrara nago, ta kontrara aldarrikatuko dut, danek erotzat jotzen banaute ere. Euskal Anima bestelako da! Da edo dago. Ondo bestelako, gaiñera! Ondo larri ta triste.

MR. HAMILTON-EK: Nola ordea alaia ezetz? Onatx fotografiok: (erakutsiz) Biarritzeko plaiak..., Donosti apaiñeko estropak..., San Martzieleko erromeria..., Zuberoko dantzariak...

MIXIOLARIAK: Zuberoko dantzariak, aitatzen dizkadazu. Dantzari oien kopla zarrari aditu al diozu zer dion?

MR. HAMILTON-EK: Zer ba?

MIXIOLARIAK: «Ortzetan dizut irria eta

                bi begietan nigarra!!».

        Axaletik beiratuz, egia da: parajeak irribarrez daude. Biarritz, Donosti, ondartzak, mendi-ibarrak, fabrika, uri, kaleak... Itxuraz, dana parrez, kezkarik gabe, alai. Baiña, Euskal Anima? Oien danen barrutik, Euskal Anima nigarrez dago. Bakar-bakarrik eta agoni izuan dago, Jesus Jetsemanin antzo: ilnai ta bizinai. Zuk badakizu latiñez: tristis est anima mea usque ad mortem.

MR. HAMILTON-EK: ¡Very interesting! Ea, ea berriz, berriz ori. (Blokean kopiatuz) «Ortzetan dizut,..

MIXIOLARIAK: ...irria eta...

MR. HAMILTON-EK: ...irria eta...

MIXIOLARIAK: ...bi begietan nigarra.

MR. HAMILTON-EK: ...bi... begietan... nigarra. ¡Very interesting!

MIXIOLARIAK: Gizona, fotografiek axala besterik ez dute erakusten. Ta axaletik erri ta nazio danak gera berdintsu; danok or nonbaiteko, gurariz, jolasgogoz... Barrutik, barrutik izan oi gera Erri bakoitza bakoitz!

        Ara nere kontsejua: fotomakiñari lan gutxiago eman bear zenioke.

 

(Kentzen dio linterna ta au piztuz eta itzaliz)

 

        Gu ondo ezagutzekotan, geranez ezagutzekotan, linternari, linternari, eman bear zenioke lan geiago, gure barruko illunpeak urratuz zokobarrunak miatu ta jotzeraiño.

MR. HAMILTON-EK: (Blokean presaka zerbait idatziz) ¡Very interesting!

 

(Bloka gordetzen du ta prailleari linterna artzen dio)

 

MIXIOLARIAK: (Parrez) Noski ba. (Erlojuari beiratuz) Oraindik ez dizut ulertu ordea zertaz interbiatu nai nazun.

MR. HAMILTON-EK: Zure dramaz. Ortaraxe, berariz, bidali naute zugana.

MIXIOLARIAK: (Igerri ez dunarena egiñaz) Nere drama? Motillak, gure artean ere bazegok nonbait humore oneko jenderik. Ortarako nigana errizoko ontaraiño etorri?

 

(Bizkarrean txapla-txapla dagio jolas itxuraz Mister-i)

 

        Adiskide, oraingo ontan zuri egin dizute, praille kaskamotzoi sarritxotan egiten zaiguna:

MR. HAMILTON-EK: (Benaz) Zer gero?

MIXIOLARIAK: Illea artu. Martxa ontan, aguro utziko zaituzte neu bezin kaskamotz.

MR. HAMILTON-EK: Drama edo, opera edo... ez dakit ba nik zer... baduzula, ala esan didate.

MIXIOLARIAK: (Parreantxez) Zer opera izango dut nik, gizona, umetxikien txilibitua ere jotzen ez dakit eta?

MR. HAMILTON-EK: Baiño, organua edo, zerbait beintzat, jotzen jakingo duzu.

MIXIOLARIAK: Ez, Mister adiskide, ez. Ezertxo ezertxo ere ez, biboliña ta... adarra ezpada.

MR. HAMILTON-EK: (Siniskor) Adarra bai, orratio! Adarra bai, antziñateko kantabru basatiar aiena, alajaiña? ¡Very interesting!

MIXIOLARIAK: (Korapilloa askatu eziñik) Adarra... adarra... Ezin ukatu: iñoiz edo beste, neronek ere jotzen dut bearbada. Baiña, ori, kantauritarroi, ez antziñakoei, batez ere gaurko-gaurko kantauritarroi jotzen digute, geiegitan arranoak ezpadu.

 

(Berriro txapladak bizkarrean)

 

MR. HAMILTON-EK: Ez dut ulertzen. Serio esan, ez al duzu drama bat zuk, bertsuz eta kantuz?

MIXIOLARIAK: (Serio antzera) Astera goazen «guruzpide» auxe ezpada, ez. Ta au ez da nerea.

MR. HAMILTON-EK: Oooori da! Guruzpidea! Ala omen du bai titulua edo...

MIXIOLARIAK: Bah, bah, bah! Ori al zan guzia? (Gaiztoz) Nola ba bati burutik pasa ere, zuk billatzen duzun drama aundia gure kalbariuok zitezkenik? Kalbario arruntak, Mixiotako denboretan kantatzen ditugunak... Obeto esan: gure urietako jendeari aurrerantzean kantarazi ta komentarazi nai nizkiekenak.

MR. HAMILTON-EK: Alako eskasak?

MIXIOLARIAK: Eskasa, nere partea. (Bi beatzekin bertsuen lerro tamaiña mimikatuz) Onenbestekoxea.

MR. HAMILTON-EK: Nola da ori?

MIXIOLARIAK: (Kuadernua erakutsiz) Ikusten kuadernutxo au? Arrasto beltz txiki oietxek zirriborratzea, besterik ez dut nik parte.

MR. HAMILTON-EK: Ta bertako doiñuak, sentimenduak, ideiak, gurariak?

MIXIOLARIAK: Oooori beste kontu bat da! Oiek bai ederrak. Ederrik ederrenak. Entzun? Ederrik ederrenak. Bestela ez nituken kopiatuko. Ez nintzaken burua austen jardungo, sentimendu oiek lerrotxuotan sartu ta mamitu bearrez. Erri oso batek, azken mendeon, zinki bizi ditun sentimenduak! Ondo bereak!

MR. HAMILTON-EK: Very interesting!

MIXIOLARIAK: (Kirioz eta entusiasmuz) Ori bai. Erri baten sentipenak darizkin aldetik, guruzpidetxo au (kuadernua erakutsiz), edozein errikoskorrek non baiño non obeto sentitzen dun eta kantatu ere kantatuko didaten guruzpidetxo au. Euskal Animaren drama duzu! Ez batere gutxiago: Euskal Animaren drama!

MR. HAMILTON-EK: (Zoratzen) Benengon ba.

MIXIOLARIAK: Gure Euskal Anima berbera bezin lamia, eriosuarra, kristau-kristaua! Kristauegia noski, kanpotarrek ulertu dezaiguten.

MR. HAMILTON-EK: Ain berezkoa?

MIXIOLARIAK: Ain gurea! Argatik, adiskide, argatik neri ainbat gustatzen zait, neronek itzegin bearrez, jendeari berari itzegin araztea, egonaldiz egonaldi kalbariuok egiten goazen bitartean.

 

(Egona, Erlojuari beste beiratua)

 

        Lastima! Ezin nindeke zurekin geiago luza. Illundu ez dakigun, asi bearra dugu bertan guruzpidea.

MR. HAMILTON-EK: Ikusi bear dut! Bai anbat! Ikusi ta jan, jan! Nondik dezaket ederkienik?

MIXIOLARIAK: Ara. (Bere eskubiruntz apuntatuz) Zoaz arako etxera. Esaiezu, nere partez zoazela. Angoxe balkoitik ikusmiratuko duzu ederki dandana. Mister...

MR. HAMILTON-EK: Aita...

MIXIOLARIAK: (Kortesiz) Gero arte ba.

MR. HAMILTON-EK: Gero arte ta eskerrik asko.

 

(Bostekoa alkarri eman ondoren,
Mister abiatzen da ezkerreruntz
eta praillea estraturuntz.
Onek bat-batean atzera so:)

 

MIXIOLARIAK: (Erdi oiuz) Ah! Ez aaztu gero!: drama au ez da ikustekoa. Ez iñola ere, komeri entretenigarri bezela ikusmiratzekoa. Eztare, nere kuadernuon (au altxatuz) irakurtzekoa. Baizik eta, Euskal Animarekin kantuz eta miñez bat-bat eginda errezatzekoa. Gogoan artuko? Soil-soillik, errezatzekoa.

MR. HAMILTON-EK: (Irribarrea utzi gabe) Saiatuko naiz.

MIXIOLARIAK: (Berebat) Ah!, ta baitare, gogoratu arestiko kontsejua: lan gutxi fotomakiñari! Linternari, linternari, eman, zoko barrunak argitu ala!

 

(Jendea, atsegin eta parre.
Mr. Hamilton izkuta bedi ezkerreruntz
eta Praillea estratugaiñera,
berekaxa esanaz:)

 

        Jatorra, Mister Hamilton auxe, alajaiña. Ez omen dala Astigarragakoa. Ta alare, geu baiño euskaldunago.

 

(Ixiliunea, Kuadernua berriro irikiz,
zerbait pentsatzen jartzen da.
Mikrofonura urreratuz:)

 

        Ea ba, jaun-andreok. Asi gaitezen jadanik. Prestu al zerate?

BATZUK: Bai, jauna. Nai duanean.

MIXIOLARIAK: (Galdera bakoitzeko kuadernua kontsultatuz) Bikario jauna? An da. Agiri dut. Amalau taldeak? Sail berezitan jarriak al zerate?

BATZUK: Bai, jauna. Koskan koskan. Amalauak.

MIXIOLARIAK: Seina gizasemezko illeratan?

BATZUK: Baitare, batez beste beintzat.

MIXIOLARIAK: Talde bakoitzetik urrengora, bizpairu metroko utsunea bear dugu gutxienez.

BATEK: Ez dugu aaztu. Ikusten zaude baietz.

MIXIOLARIAK: Ederki. Olako jende txintxoarekin, guruzpideak nola ez ba jator irten?

 

(Egontxoa)

 

        Zortzigarren egonaldirako, emakumezkoa bear du taldeak. Talde ortan ez dugu bear gizasemerik, gero?

EMAKUME BATZUK: (Urrutian) Ez kezkatu. Emen gera. Baitare.

MIXIOLARIAK: Laugarren egonaldirako gizataldearen aurretik, Doloretakoa? Ikusten dut. Bapo. Beronika ez dut agiri seigarrenerakoaren aurretik. Barkatu. An da ta. Bikario jaunak (mikrofonutik beetik gora bere ezkerreko urruti aldera beiratuz) badaki zer enkargu latza egotsi diodan. Zuk duzu arazo gaitzena.

BATEK: (Urbillenetik) Gaitzena?

MIXIOLARIAK: Oillategia ixillik euki bear, gutxi al da?

BATAK: Zein oillategi?

BESTE BATEK: (Leengo goialderuntz apuntatuz). Arako ura, motel. Beira zak, prozezio azkenean, emakume mundu ura. Zeiñek burutu ainbeste emakumekin?

 

(Jendeak parre)

 

MIXIOLARIAK: (Aldarte onari jarraituz) Bai, Bikario jauna, bai. Guruzpideak iraun lezaken ordu pare ontan, gorriak eta beltzak ikusi bearko dituzu, oillategia kotan ixillik gordetzen.

 

(Jendeak parre. Mixiolariak azken kontsulta kuadernuari)

 

        Ta? Gure protagonista oraindik. Non dugu gure «Nazarenua», oraindik estratura igo gabe? Datorrela bere bi semeekin.

 

(JOANES tantaia aurreratzen da jende artetik,
Pruden eta Iñaki bi semeak ezker-eskubian dituala,
bata reketea, bestea gudaria)

 

JOANES-EK: (Prailleari) Jauna, nik ez dut ordea sekula jakin izan imintzioak egiten. Pantomimak egite ortan, jauna, edozein diteke errian ni baiño abillago.

LEENENGOAK: Gizona, Kristo ordekoa egiteko ez duzu imintzio bearrik.

BIGARRENAK: Aski dugu gogoratzea zein zeran, zenbat sufritua zeran zeure bizitzan.

DANEK: Noski ba. Tira, tira. Joanes! Joanes zaarra!

LEENENGOAK: Gure erriko abasoa!

BIGARRENAK: Zazpi semealaben aita alarguna!

IRUGARRENAK: Zein zu bezelakorik, Joanes, Nazarenutzan? Polita litzake ezezkoa.

BIGARRENAK: Ala da ta. Kristoren eta Euskalerriaren gogorazgarri, zein gero zu bezelakorik?

DANEK: Joanes, Nazarenu!

        Joanes!

        Zazpi semealaba duna! (bis, ter)

        Joanes estratuan!

        Nor egokiago!

MIXIOLARIAK: (Maitariko) Ikusten duzu gure Joanes orrek. Orra erriaren iritzia ta borondatea. Ez diozu amor emango.

JOANES-EK: (Etsirik) Erriaren borondatea ala bada, bedi. Zer egingo da ba. Bedi. Ez, ez da Joanes izango erriari kontra egingo diona. (Pentsakor) Gaiñera, kristau bakoitza gera, ala edo ola, Kristo bana. (Bi semeei) Goazemazue.

 

(Armaillatan gora igotzen dira irurak. Igotzean:)

 

        Jazkera ok, ordea...

MIXIOLARIAK: Kristoz jantzita dagoanak ez luke azal estalki izun bearrik, nazarenutzan jator egiteko. Aski duzuke Nazarenu tunika. (Maite irriz) Ille zuri oiek ere estaldu bear zenituzke ba. Ogei ta amartxo urte gazteago izan zure aldean Jesukristo.

 

(Jendeak atsegin zuzmurra)

 

        Iñaki, kuadernu au utzi zaidak or petrillean, onezkero ez diat bearko ta.

 

(Iñaki jeisten da, ta artzean)

 

        Biak, biak. Kuadernuakin brebiarioa ere bai. Jarri zaizkidak or.

 

(Iñakik jartzen ditu)

 

        Ortxe. Agiri agirian. Ez ditzadala gero aaztuta galdu.

 

(Egona.
Bitartean JOANES-EK, danen agirian,
jazten du tunika morea ta gerria lotzen
kordoez, bi semeak lagun.
Gero, arantza koroia jartzen du buru gurgarri zurian.
Moztxo datorkio tunika.
Torpeki xamar, ez parregarri,
karakterizatua (?) nabari da.
Nazarenutzan egitiago ta unkigarriago
egitea gerora egokituko zaio.
Aldi berez, urrengo dialogua:)

 

MIXIOLARIAK: (Jakinmiñez, izketan dauden batzui) Zer dio Loidik?

LOIDI-K: Benturari esaten ari nintzaion, Joanesek oraintxe bertan ere sententzi mardula bota digula.

MIXIOLARIAK: Zer, alegia?

LOIDI-K: «Kristau bakoitza, esan digu, gerala ala edo ola Kristo bana».

BENTURA-K: Komentatzen ari giñan, nekez aukera ditekela pentsamentu egokiagorik guruzpide onen asierarako. Kristau bakoitza Kristo bana.

LOIDI-K: Beraz, kristau bizitza bakoitza, guruzpide.

BENTURA-K: Ta guruzpide bakoitza, piztubide. Ez al da ala?

MIXIOLARIAK: Ori da arrazoia, jaun ederrok! Sufrimentu guziek, naiz partikularrek naiz kolektibuek, Kristorentzat bear dute; Kristorenak. Gure euskaltzale sufrimentuak ere ez ditezela ba alperrik galdu. Ez ditezela gerta antzu. Fedearen Fedez eskeiñi ditzaiogun Zeruari. Sortu dezatela Kristo, gure Kristo, enderri bakoitzak norberea ta euskaldunok euskaldunona.

 

(Ixillunea.
Orkestak edo organuak asi orduko doiñua
(Otañoren «Aita-semeak» alegia),
guruzpidekoekin batera publiku osoak
ekiten dio orru batean, paperak lagun:)

 

GURUZBIDARIEK eta PUBLIKU OSOAK:

        Ezin etsi dugunon

        jagole eder, Fede:

        Erri ilzori bat gaitun,

        ia itxaro gabe,

        eun urte laburretan

        galduz lau gudate...,

        Ana, Kaifa, Pilato-

        tarren epai mende.

 

        Ana, Kaifa, Pilato-

        tarren epai mende.

 

        Onatx Oriamendi

        ta Artxandatik eske

        Santa Kutz, Unamuno,

        Sabin naiz Azkue:

 

        —«Ia illok iltzekotan,

        Kristorenak beste

        gure guruzpideak

        dezala Berpizte!».

 

        Fede, Fede, garaman

        Kriston ostez oste!

 

 

I. EGONALDIA

—ERIOTZ EPAIA—

 

1 nos stulti propter Xtum, vos autem prudentes.

2 illi autem clamabant:

toile, toile.

 

        Prudenek PILLAREA bazterretik estratu erdira ekartzen du. Arixe loturik jartzen du Joanes Nazarenua.

        Urrengo kanta abestuz batean, eskubian erdi agiri dagon gizataldea, ezkerrean erdi izkutatzeraiño aldatzen da, geldiro, alde batetik bestera, urrengo gizataldeak bizpairu metroz atzetik jarraitzen diola. Kanta au bukatzean, taldetik talderako utsune orrek estratuaren parean egokitu bear du.

        Berebat egiten da egonaldi bakoitzean, leenengo doiñu au abestean.

        Guruzbidari bakoitzaren jazkera, jarkera ta beste zeaztasunak, Zuzendariaren iritzira.

 

GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:

        Bizirik nai geranok

        gatoz guruzlagun,

        gaurko guruzpidea

        Berpizte dezagun.

PUBLIKU OSOAK:

        Gaurko guruzpidea

        Berpizte dezagun,

        bizirik nai geranok,

        bizirik nai geranok

        gatoz guruzlagun.

 

(MANU AGUAZILLA sartzen da eskubi aldetik.
Urreratzen zaio Mixiolariari ta
mintzatzen dio, izutukiro:)

 

MANU AGUAZILLAK: Jauna, bai al daki zer galdetu didan Komisariak?

PRUDEN-EK: Komisariak? Gauza onik ez.

MANU AGUAZILLAK: Ea badugun Gobernadorearen permisurik kalbariuok egiteko.

MIXIOLARIAK: Ta zuk zer erantzun diozu?

MANU AGUAZILLAK: (ziñu egiñaz) Nik, bizkarra altxa diot. Zer erantzungo nion ba? Ez nekiala.

PRUDEN-EK: Komisariaren tripamiñak zer ajola bear ziguk?

MANU AGUAZILLAK: Eztakizute nolako amorrutan jarri zaidan. Ez zetxegon gozoaaa!

PRUDEN-EK: Listor gozorik ikusi al duk sekula?

MANU AGUAZILLAK: Listorra, diok. Ara, egitan esaten dizutet: gaur eskarmentu gogorren bat egin bear dik. Ikusiko duzute: permisurik gabe, kalbariuokin, izango diagu trumoia ezezik... baita.... baita...

LANGILLE BATEK: (imitaka) Baita... baita... zer? Txingorra?

MANU AGUAZILLAK: Txingorra? Baita arria ere. Pentsa: neronek, (arropuzki) erriko aguazilla naizelarik, anka egin bear izan diat bere aurretik, ostikoka aidean botako ezpaniñun.

LANGILLEAK: (txuliaka) Komisariaren ostiko bat edo besteri baiño bildur geiago diek ik andrearen astinduei.

MANU AGUAZILLAK: Andreak neri astinduak eman?

LANGILLEAK: Motel, ez didak ukatuko. Euk aitortua.

MANU AGUAZILLAK: (gizajokiro) Ori leeenago izaten uan, leeenago, errepublikako denboretan, enpleo gabe bizi nintzaneko artan.

LANGILLEAK: Manuk etxean izaten zuan ordun naiko errepublika.

MANU AGUAZILLAK: Badakik ba: amabi umegorri etxean da..., danak neronenak eta..., (gaizto parreak) danak neronek mantendu bear da... Konprenitzekoa duk. Larunbata illuntzetan «kintzenik» gabe etxeratzen nintzaionean, ez uan gero giro izaten gure atsoakin. Neu baiño indartsuago duk eta...

 

(parreak areago)

 

LANGILLEAK: Ez duk ainbeste izango.

MANU AGUAZILLAK: Parre egiten duzute baiña... Zuek ez duzute probatu. Burrukan ekiten dionean, nolako sasoia!

 

(parreak geiegi)

 

MIXIOLARIAK: (jendea errespeturatu nairik) Ez esan olakorik, Manu. Andreak entzuten badizu...

MANU AGUAZILLAK: Entzun? Bai zera. Ja, ja, jaaa! Ni ez naiz tontua. Andrea ta pamilia urruti bizi bait gera. Ez gera erri ontakoak.

LANGILLEAK: Babua, konta lezaiotekek ordea.

MANU AGUAZILLAK: Eeeh! Faborez, ez al diozute kontatuko. Pentsatu utsak izerditan jartzen natxegok. Ara, (izuz) kontatuko baliozuteke, orduntxe neretzat bigarren errepublika. Bigarrena edo beintzat azkena; akabo ni; erri ontan etzenuteke geiago izango Manu aguazillik.

MIXIOLARIAK: Oraindik ez diguzu garbi esan Komisaria zergatik dagon orren aserre.

 

(Jendea seriotzen da)

 

MANU AGUAZILLAK: Zergatik egongo da ba? Euskerazko kale manifestazioak kondenatuak daudelako.

ZALDUN BATEK: Euskeraz egin dugu ba Mixio guzia agintarien baimen berezi bearrik gabe.

MANU AGUAZILLAK: Gaiñera, Komisariak berak esan dit, kalbariuok ez dirala besteak bezela.

ZALDUNAK: besteak bezela izan bear nonbait gure guruzpideak. Polita kontua. Ez daukagu nonbait geure modura egiterik. Ez daukagu, geure miñak eta ezbearrak zeruari eskeintzerik. Besteenak eskeiñi bear, agi danez!, ez geureak.

MANU AGUAZILLAK: Ba..., kondenatua dago euskera. Zuek dakizute ondo.

LANGILLEAK: Zeintzuk kondenatua ordea? Ik eta iretarren batzuk.

MANU AGUAZILLAK: Nik? Demonio! Nik? Ondo dakik nik ezetz. Nerez, ondo gustora sartuko nindukek zuekin guruzlagun, emen egon bearrez «tente ponente».

LANGILLEAK: Sartu adi ba. Nork debekatzen dik?

MANU AGUAZILLAK: Bai..., ta enpleoa galtzen badut?

LANGILLEAK: Galtzen baduk, ori bai, berriz errepublika. Auskalo zenbagarrena. Presidentak ez likek ipiñiko moko gozoa.

MANU AGUAZILLAK: Tiá-tiá. Etzazutela ixekarik egin. Komisariaren erretolika ez duk txantxetan artzeko. Ara, nik abertitu egiten dizutet: Kristonak artu bearko dituzute!, Kristonak!

ZALDUNAK: Orixe nai dugu, ain zuzen.

MANU AGUAZILLAK: Eeeeh?

ZALDUNAK: Ain zuzen.

MANU AGUAZILLAK: Eeeeeh?

ZALDUNAK: Bai, Manu, bai. (Parreantxez) Kristonak artu bear. (Benetan) Guretako bakoitzak naiago dugu Kristonak artu, geure gauzei ta izakerari uko eman baiño.

MANU AGUAZILLAK: (Jendeari) Entzun al duzute? (Zaldunari) Zu ere, jauna, ez al zaude gero (bere burumuiña siñalatuz) pipiak jota? (Jendeari) Kristonak artu nai ditula!!

BATZUK, ASKOK: Guk ere bai, Manu.

        Danok ori, motel.

        Noski ba.

ZALDUNAK: Orrelaxe izango genduke jatorrena guruzpidea: Kristonak artuz, jakiña ba.

MANU AGUAZILLAK: (laborriz) Oraintxe bai uzten nazutela... jo ta ma. Zuekin etzegok konpontzerik. Or konpon. Nai duzutena egizute. Nik abertitu besterik ez nizuten nai. Nik eskuak garbitzen dizkiat. Or konpon zerok. Ez gero neri ezer kulpatu.

LANGILLEAK: Bermion ba omen dugu Pilatos etxea. Pilatos billa ez daukagu araiño joan bearrik. (Imitaka) «Or konpon... Nik eskuak garbitzen dizkiat... Ez neri kulpatu...» Onatx emen errian bertan Pilatos borobil askoa. Ez litzakela bere familiko errepublikan presidente izango? Bai orratio Jesusen Pasioko gobernadore.

MIXIOLARIAK: Atoz onera, Manu.

 

(Maitakiro babesten du bizkarretik)

 

        Manuk arrazoi jatorrik jaulki du bai.

MANU AGUAZILLAK: (zoratzen) Ikusten? Ikusten nola Aita Mixiolariak arrazoi ematen didan?

MIXIOLARIAK: (Maite irriz) Bai anbat, bai. Kondenatuak daude gure gauzak: mintzaira ta guruzpide, sentipen, pentsakera ta izakerak. Nork kondenatuak?

        Ez noski gure Manuk. Bearko bere enpleoari eutsi, ogibidea aterako badu.

        Ez noski Jaungoikoak. Berak egin bait gindun euskaldun eta sortu zizkigun maitasun joranok.

        Beste batzuk dira kondenatzen gaituztenak. «Kaiser beste erregerik ez dugu nai» otsegiten duten oiek, oietxek. Ez al da ala, Manu?

 

(Au eztitan, bere buruaren depentsa entzun bailu)

 

        Nik, nerez, bildur diet alakoei. Gaur illuntzeon ez nuke nai, Manuk jakiñarazten digun era ortan Kristonak artzerik. Ez oien eskutatik beintzat...

ZALDUNAK: (begirunez) Zergatik ez, Aita, oietxen eskutik izanda ere? Ditezenak ditezela gure kondenatzaille, ez bedi beori kezkatu. Norgerok artzen dugu geure buruen erantzukizuna. Ta ez diogu amor emango gure odolaren deiari. Eztare alajaiña Aita San Iñaziori.

ASKOK, DANEK: Ori. Ori.

        Aita San Iñaziorena.

        Il edo bizi.

        Aita San Iñaziorena.

ZALDUNAK: (sukarki) Jesus oiñazetuakin!

DANEK: Oiñaze !

ZALDUNAK: Jesus lerregiñakin!

DANEK: Lerregin!

ZALDUNAK: Jesus kondenakoakin!

DANEK: Kondena!

KORUAN BATEK:

        Atzo ta gaurko iskanbil

        ori alperrik dabil aserrez

        zure eriotza eska ta oska.

        Jainko zera!

        Zu iltzerik ez!

BESTE BATEK:

        Gizatasuna

        soil ken zizuten

        pizteko orpoa emanez...

KORU BETEAK:

        Onatx Euskadi!,

        Onatx Euskera!,

        bizitan lurpe gaudenez

        esan zaiguzun:

        —«Jeiki ta abil»,

        beste bein Lazarori lez.

GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:

        Agur, Mindun Ama,

        Seme galtzekoa;

        zazpi ezpatadun,

        zazpiontzakoa;

        Eusko Pasioak

        miñagotzekoa,

        «onatx zure seme»

        ordez artzekoa.

 

 

II. EGONALDIA

—GURUTZEARI LAZTAN—

 

1 tollat crucem suam et sequatur me.

2 O crux, ave, spes unica!

3 in hoc signo vinces.

 

        Prudenek, Joanes askatuz, pilarea bazterrera eraman eta an uzten du. Iñakik GURUTZEA bazterretik artuz Joanesi eskeintzen dio. Onek ura laztantzen irauten du egonaldi osoan.

        Manu aguazilla estratuan bego geldi, guruzpideko ertzain edo zaindari.

 

MIXIOLARIAK: Bigarren egonaldia: Jesukristo gure Jaunak gurutzea laztantzen du.

GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:

        Aritzan iltzekuok

        gatoz gurutzadun,

        Aritza ala Gurutza

        laztandu dezagun.

PUBLIKU OSOAK:

        Aritza ala Gurutza

        laztandu dezagun,

        Aritzan iltzekuok,

        Aritzan iltzekuok

        gatoz gurutzadun.

MANU AGUAZILLAK: (Izuz, erdi aopean, Mixiolariari) Jauna, jauna, Komisaria dator.

MIXIOLARIAK: Komisaria? Testigu badaezpadakoa, arranetan. Manuk arrazoi orian ere: trumoia emen dugu ta arria ere ez urruti.

MANU AGUAZILLAK: Bai, jauna. Bertan da. Gaiñera, Joxemingo dakar lagun. Joxemingok euskeraz badaki. Emen esaten dugun guzia salatuko dio.

MIXIOLARIAK: Ori okerrena. Badaki euskeraz. (Itunkiro) «Egi-egitan dasaizutet: zuetako batek salduko nau».

 

(Guruzbidariek atzera beiratzen dute.
Leku dagie bi elduberriei.
Komisaria parrekera minkorrenez aurkezten da,
puru irazekia eskuan duala.
Sarkasmuz mintzatzen ere da, ia beti.
Armaillak igotzen ditu estraturaiñoxe.
Onen atzetik Joxemingo, burumakur, lotsati)

 

KOMISARIAK: (bazterrak aztertuz) ¡Vaya, vaya!

 

(Ikusmiran jarraituz, Joanes Nazarenuari so:)

 

        ¡Vaya obra de arte! (Prozeziokoei) Y todo ello en vascuence.

ZALDUN ZAAR BATEK: (zakarki. Unamuno berbera dala antzeman bezaio publikuak: bizar, jazkera, aserrean) «Como si la religión fuera una obra de arte, y no un algo formidable y serio». «Sépanlo de una vez para siempre: no somos un pueblo frívolo». «¿O es que todavía quieren hacer españoles a palos?».

KOMISARIAK: (sumin ta ironi-par) ¡Vaya, vaya! ¿También usted? Ya me lo parecía a mí. Vasco al fin y al cabo. Un separatista más, y de los peores, camuflado de intelectual.

 

(Jende marmarra)

 

PRUDEN-EK: (Komisariarixe so-so, amorrua gordetzerik pentzatzeke) Piztikume onek gure erlijioari parre?

KOMISARIAK: (armaillatan gora abiatu orduko, Prudeni beiratuz) ¡Ja, ja, ja!

MIXIOLARIAK: (Naiko kukil, arrenga) Kontu, Pruden. Kontu danok, mintzatzen duzutenakin. Kristo ixil ixillik egon zan Erodes-en aurrean. Alik ixillenik Ana, Kaifa, Pilato-tarren isekapean ere. Otzanago ta guruzpidea izango dugu bikaiñago!

KOMISARIAK: (Ia «gaingune»-ra iritxirik) Muy democrático todo esto. Con diálogo y todo. Me temo que demasiado democrático. Tanto que acaso (Prudeni, ta Iñakiri ere, zemaia adieraziz) participe también yo.

 

(«Gaingune» bazterrean tinkatzen da zelatari,
dongekiro purua erreaz,
oin bat edo bestea ormaren kontra.
Aldamenean, Joxemingo)

 

PRUDEN-EK: (Oartzeke, berean, bi ukabillak estutuz) Atzo-atzo arte auskalo nolako anarkista izana dan. Orrek, orrek etorri bear, guri erlijioa irakastera. Jota garbituko dut bertan...

IÑAKIK: Ez, motel. Ez adi ire onetik atera. Ukabilla erakusteak etzekarrek gauza onik. «Ezpataz erailtzen duana ezpataz iltzen duk».

ZALDUN BATEK: Erlijioari etzioguk eutsi bear desapioz eta ukabilka. Etsaien pare jarriko giñekek.

IÑAKIK: Arronkak ez dik balio. Gutxiago, bata besteak iltzen jarduteak. Erri baten kristautasuna nola dan eta zenbat dan jakiteko, bere emaitzetatik ezagun bear dik. Bere emaitzetatik. (Mixiolariari) Ez al da ori, Aita, Kristok erakutsitako neurria?

MIXIOLARIAK: Neurri ziurrena, ta bakarra: ex fructibus cognoscetis.

NEKAZARI BATEK: Ez ditek esango beintzat, beren aldean zintzoak ez geranik. Etzigutek oiek irakatsiko elizarako bidea. Eztare geure lanetik bizibearra.

OLAGIZON BATEK: Ots, ots, erakus deigutela beren lurraldeetan gurean aiña fabrika, gurean aiña lansoro, gurean aiña eliz, gurean aiña langille, gurean aiña gurutze...

ARANTZALE BATEK: Non?, non?, gurean aiña galerna!!!

 

(Jendeak parre, onen tajuaz eta ateraldiaz.
Baita urrengo ateraldietan ere)

 

MIXIOLARIAK: Gurean aiña apaiz-praille.

ZALDUNAK: Guretik aiña mixiolari.

IÑAKIK: Guk aiña limosnagite.

PRUDEN-EK: (Alaiki onek ere) Guri aiña pertsegitze.

NEKAZARIAK: Guk aiña Eliza Amaren aginduak gordetze.

OLAGIZONAK: Guri aiña zerga ta kontribuzio lapurtze.

MIXIOLARIAK: (lillurati) Guzia, guzia gurutze!

ZALDUNAK: Jaunak, ez gaitezela luza gure katolikotasunaren laudoriotan. Arronkak askotan galdu izan gaitu euskaldunok! Bai amaikatxo aidiz! Obe dugu Kristorena: ex fructibus. Ta gure aurrekoena: «itzetan labur, egiñetan luze».

NEKAZARIAK: Ori da arrazoia. Obe bai, ixil ixillik, geure lanetik bizi...

PRUDEN-EK: (Komisaria beaztatuz)... ta ez besteren bizkarretik purua erre.

MIXIOLARIAK: (Lilluratik ateratzeke, zoratzen) Guzia gurutze! Gurutze!!

        Il edo bizi, Aita San Iñaziorena bezagu, bai, gure betiereko bizilege, ta kristau neurri: Kristo oiñazetuakin?

DANEK: Oiñaze!

MIXIOLARIAK: Kristo lerregiñakin?

DANEK: Lerregin!

MIXIOLARIAK: Kristo langilleakin?

DANEK: Langille!

MIXIOLARIAK: Kristo gurutzadunakin?

DANEK: Gurutzadun!

KORUAN BATEK:

        Erri zaillenak

        non eultzen diran

        irakurtzen dan Liburu,

        oiñazezaleen

        biotz ederra

        zure aztunak neurtzen du.

BESTE BATEK:

        Kristok laztanduz

        biurtu zindun

        gizakien Erosgaillu.

KORU BETEAK:

        Agur, «Santa Kutz»,

        zaarren Santa Kutz,

        Lezon Jai ta Antzi zaitugu.

        Urkamendira

        kondenatuon

        Ezilkorgille soilki Zu!

GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:

        San Martin-darron oi,

        aldare ta tronu,

        gaillur bakoitzetik

        darigun el oiu,

        Ereserkiaren

        goiburu, elburu...

        Ave, spes unica;

        laztantzen zaitugu.

 

 

III. EGONALDIA

—LEENENGO ERORTZEA—

 

et sui eum non receperunt

 

        Joanes Nazarenua III egonaldiari dagokion jarkeran AUZPEZTEN da, zearo etzan gabe. Prudenek eta Iñakik laguntzen diote gurutzea irauli ez dakion.

 

MIXIOLARIAK: Irugarren egonaldia: Jesusen leenengo erortzea.

GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):

        Lau gudate galduok

        gatoz guruziagun,

        gaizkian jausi ala

        berrekin dezagun.

PUBLIKU OSOAK:

        Gaizkian jausi ala

        berrekin dezagun,

        lau gudate galduok,

        lau gudate galduok

        gatoz guruzlagun.

MIXIOLARIAK: (Enfasi geiegirik gabe) Eroriak gaituzu, Kristo, gu ere: iru aldiz, Zu bezela, karlistetako gerrateetan. Eta oraindik oraiñena, beste bein, Bizkaiko gudatean.

 

(Egona)

 

        Ea, Pruden; leenengotik, konta itzak euk, zuen aldetik eroriak.

PRUDEN-EK: Galanki dira ta idatziak dituzu elizetako orma nagusietan ere. Baiña ez ditut gogoan.

MIXIOLARIAK: (Guruzbidariei) Beste aldetik eroriak gogoan al dituzute?

BATEK: Gogoan bearko. Ez dituzu iñon idatzirik ikusiko.

ERROKE-K: Idatzirik ezetz? Ara emen neronek (poltxikotik aterea) paperean.

MIXIOLARIAK: Ea ba, Erroke, irakur itzatzu, Euskadi aldetik eroriak, elbarrituak, espetxetuak, langille batalloietara eramanak...

ERROKE-K: (astiro, ozenkiro)

        Ildakoak, gudari ta zibil: 50.000

        Larriki elbarrituak: 49.000

        Kartzelatuak: 34.550

        Konzentrazio kanpuetara edo langille batalloietara eramanak: 52.000

        Oraindik erakutsi bear da, erbestera

        sakabanatutako euskotarrena.

        Oek: 150.000

        Orra ba, guzira: 335.550

MIXIOLARIAK: Irureun ta ogei ta amabost milla! Gure martiriok. Gure eroriok. Gure onenok. Etzaituztegu aazturik.

        Euskotarrok ozta gaituzute milloitxo ta erdi. Alare, alderdi bakarretik, gerrate bakarrean, bai martirolojio ugari ederra, Askatasun alde jausiona!

        Irureun ta ogei ta amabost milla boluntari, , Ezin ziteken oparoago azaldu gure Erriaren borondatea. Ez da alperrik izango zuen odola.

        Memento, Domine, famulorum tuorum qui nos praecesserunt curn signo fidei et dormiunt in somno pacis...

 

(Ixillune luzea.
Ixilluneon «gaingune»-ko Komisariaren eta
Joxemingoren alkarrizketa entzuten da:)

 

KOMISARIAK: Véte anotando. Que no se te escape la más pequeña alusión subversiva.

JOXEMINGOK: Ai está pués. Subertsiba..., así así. Difizil sehase entender la intentsión bien-bien.

KOMISARIAK: Del requeté me encargo yo. No se me escapará detalle. Te aseguro que me las pagará.

 

(Ixillak darrai)

 

KORUAN BATEK:

        Beste danek bai,

        guk sartzerik ez

        gobernutar jauregitan.

        Erri agotak

        barkapenik ez

        eskubiar ta andikitan.

KORUAN EMA ABOTSAK:

        Kale zakurrik,

        basa euskerarik,

        nola ba aberats klub-etan?

BAJU ABOTSAK:

        Eskale ezaiña

        dagola dar dar

        zimitaioko atetan;

        landerrak landerrekin!

KORU BETEAK:

        O bai, Zu,

        Jesus Lander!,

        Zu gu baitan!

GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:

        Il baiño len iltzat uztako Erria

        bide bazterrean onatx elbarria,

        Ama bat bear ta, Zugana jarria,

        Ama bat bear ta, Zugana jarria.

 

 

IV. EGONALDIA

—AMA BIDERA—

 

ecce mater tua

 

GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:

        Arantzazu zaleok

        onatx Bion lagun,

        umezurtz iraun ala

        gaitezen Amadun.

PUBLIKU OSOAK:

        Umezurtz iraun ala

        gaitezen Amadun,

        Arantzazu zaleok,

        Arantzazu zaleok

        onatx Bion lagun.

 

(Pasara aldi ontan agertu dan gizataldearen
aurretik aurkeztu da AMA DOLORETAKOA.
Astiro igotzen ditu armaillak.
Joanes Nazarenuari urreratuz,
Mixiolariak esango dituanak dagizki,
onek esanaz batera)

 

MIXIOLARIAK: Orra Ama Doloretakoa geure bidera. Jesusi beiratzen dio. Jesusi bezela geuri. Banan banan besarkatzen gaitu.

 

(Doloretakoak Joanesi damaio laztana.
Ta bertan, eskuak biotz gaiñean dituala,
ta arpegia goruntz, otoi jarkeran tinkatzen da.
Jarkera au ez du utziko XIII egonaldira arte)

 

        Gure alde erregu bizian gelditzen da.

 

(Egona)

 

        (Itzalditxoa asiko bailu) Begoña, Estibalitz, (enfasi geiagoz) Arantzazu!, Lurdes!...

KOMISARIAK: («Gaingune»-tik mugitzeke, ironi ta sumin) Ya me lo parecía a mí. Ya me lo parecía a mí.


(Danak, buru makur, ixillik, Doloretakoari so)


        Salió la palabrita que no podía faltar. (Aspabentuz, zarabataz) Aranzázu! Aranzázu! Y por fin, para colmo, Lurdes!

        Trenes y trenes. Domingo tras domingo. Todo el mundo a Aranzázu. ¡Que se abre la frontera, y a Lurdes!, ¡a Lurdes!

        (Esanetik esanera egontxoak. Suminki ta garratz) ¿Y cuándo al Pilar? ¡Nunca! ¿Por qué nunca al Pilar? ¿Por qué? ¡Contesten! ¿Por qué no contestan? (Sumiña gordez) Claro, callar, siempre callar. Y salir con la suya. Aldeanos.

 

(Ixilla)

 

(Prudenek ukabillak estutzen ditu ta
ortzak karraskatzen, amorruari ezin eutsiz.
Iñakik sosegarazi nai luke)

 

IÑAKIK: (Ixilki) Sosega adi, motel. Orrekin ez dagoala txantxik.

PRUDEN-EK: Triku bibote, txitxare kume...

KOMISARIAK: Ja, ja, ja!. (Irriz, puruari txupara emanaz)

 

(Ixillak darrai.
Koruak Arantzazuko himnuaren
«Agur, zeruen edertasuna»,
asi ta bukatzeraiño:)

 

KORUAN AINGERU ABOTSAK:

        Opa ta topa.

        Eusko historiak

        bear zun Ama idoro du:

        —«Ona Arantzazu,

        euskal Golgota,

        nun ezbearrak kristautu!».

GIZA KORUAK: («martxa» airez):

        Eta gizaldi

        etengabeak,

        Iñigo dugula buru,

        zirgillu latzez,

        katez,

        gurutzez...,

        igo ta igo gatozkizu.

KORU BETEAK:

        Euskal Pasio

        onen Amatzat

        zaude bai or Arantzan Zu!

GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:

        «Orra zure Ama»: bai egi gozoa!

        Uxue, Estibalitz, Begoña, Ainhoa,

        Arantzazu, Lurdes... Bai egi naroa!

        Arantzazu, Lurdes... Bai egi naroa!

 

 

V. EGONALDIA

—ZIRENEKOA—

 

1 oportet me minui,

illum autem crescere.

2 qui perdiderit animam

suam, inveniet eam.

3 Ave, Caesar Imperator,

morituri te salutant.

 

        Egonaldi ontatik aurrera, EUSKALDUN PAISANUZ jantzirik agertuko da Joanes Nazarenutzan. Alkandora zuri; galtzak, mendigoizaleen aiek edo oraingo urdiñak, txorgatilletan galtzerdipean bildurik; abaso buruan, betiko arantza koroia.

        Aldamenean ditu Pruden eta Iñaki bi semeak, reketea reketez, gudaria gudariz. Bion artean gurutzeari eusten diote eta aitari erazketan laguntzen.

        Bi euskal partidu nagusien Alkartze Irudia bear du izan onako aurkezpenak.

 

GURUZBIDARIEK, eskubitik ezkerrera pasaran:

        Euskaldun nai geranok

        onatx Bion lagun,

        Zazpiok batu ala

        Kristo osa zagun.

PUBLIKU OSOAK:

        Zazpiok batu ala

        Kristo osa zagun,

        euskaldun nai geranok,

        euskaldun nai geranok

        onatx Bion lagun.

MIXIOLARIAK: Usai txarrak artzen zaizkio, jaun-andreak, asieratik gure guruzpideari. Eder litzake noski Kristori laguntzen jarraitzea gurutzea eramaten, Zirenekoak bezela. Nik ez nuke ordea aurrera jarraitzerik nai zuen erabakia jakin gabe.

        Beira, jaun-andreak: laiño zemaikorrak dauzkagu aurrean. (Aguazillari parreirriz beiratuz) Gure Manuk arrazoi zuan orain ere: trumoia ezezik txingorra ere larri izango dugu nunbait.

MANU AGUZILLAK: (arro arro, payasoki) Nik asmatu. (Begia apuntatuz) Bixta emen..., bixta. Zer esaten nizuten ba nik? Esan gero ni naizela... «erriko tontua».

MIXIOLARIAK: Kalbariuok jarraitzekotan, kastigu gogorrak letozkiguke.

BATEK: Datozela!

DANEK: Datozela!

MIXIOLARIAK: ...negargarri geiegi dezakegu.

DANEK: Dezagula!

MIXIOLARIAK: Zer diozu, Joanes? Utzi edo segi, zer egingo dugu guruzpide onekin?

JOANES-EK: Erriaren borondatea entzun dugu, Jauna. Beraz, segi. Ederregi da gure guruzpide au, utsagatik atzera egiteko!

JENDEAK: Ori. Ori !

        Ez atzera egiterik.

        Aurrera!

        Beti aurrera!

BATEK: Aski dugu Joanesen ejenplua, kukildu ez gaitezen.

BIGARRENAK: Ta Joanesen bizimodu latza.

PRUDEN-EK: Triku biboteren mokoka oiek baiño leenagotik ere, amaika sufritua da bai gure aita zarra, arranoak ezpadu.

BATEK: Adoretu gaitezen, konta zaiguzu, Jones, zure bizitzako gorabeera.

GEIENEK: Ori. Ori!

        Konta zure bizitza. Zure bizitza.

JOANES-EK: (Apalki, pilpiraz) Nere bizitzak, jaun-andreak, ez dauka konta bearrik. Zuek dakizute. Ostera, berriz, aldeak alde, zeona berbera da. Orain kontatzen asteko, gauza utsa.

DANEK: Konta. Konta. Labur labur badare.

JOANES-EK: Gazterik alargundu. Zazpi seme-alaba txiki. Aziko banitun, neure bakarrez baliatu bear. Jaungoikoak ala nai ta, bikaiñak atera nitun. Zazpiak. Sendo ederrak, lau mutillak. Polit maitagarrienak, iru nexkak. Arro nintzan zazpiekin. Aguro itzali ziran (tristetuz) nere arrotasunak. Zuek dakizute gerokoa. Zertan konta?

BAT edo BESTEK: Segi, Joanes. Segi.

        (Negartsu) Gerratea sortu. Lau semeak txoratu. An joan zitzaizkitan, laurak. Berriotxoa ta Iñaki, alde batetik. Xabier eta Pruden, bestetik. Bi zaarrenak, antxe akabatu, bata bestearen kontra. Bi urrenguok, alako batean, gerra bukatuta etxeratzean, elkar ezin ikusi. Aita zaarrak ordun sufritu zitunak! Arrezkero dut nere biotzeko anjiña. Nere kontsolu bakarra iru alabatxoak ziran; aiek beintzat poliki ezkonduak bizi ziran alboerrian.

        Dagoneko, ordea, pozik bizi naiz.

 

(Bi semeengan besoak ipiñiz edo)

 

        Bi semeok beintzat adiskidetu zaizkit. Alkar benetan maite dute. Konturatu bait dira, amorru aiek kanpotik eragiñak zirala!

        Senideok ola alkartu ta lagundu ezkero, zer ajola bear digu iñoren zemaiak? Zer, «Kristonak artu» bearrak? Zer, ilbearrak berberak, ilbearrak berberak bai, garaitzekotan Kristok, Elizak, Euskadik?

        (Sukartuz) Errikideok: Kristo Erosleakin!

DANEK: Erosle!

JOANES-EK: Kristo gurutzadunakin!

DANEK: Gurutzadun!

KORUAN BATEK:

        «Ni illagatik

        jarraitu zuek»,

        zion Zumalakarregik.

KORU BETEAK:

        Zer da gu iltzea,

        garaitzekotan

        Kristok, Elizak, Euskadik?

KORUAN BATEK:

        Garaitu zuek,

        Iru Irurak bat!

        Ez ajola guregatik!

KORU BETEAK:

        Zer gaurko iltzea,

        berpiztekotan

        Irurokin bat egiñik?

        On deizutela

        gure eriotzak;

        «Agur, Kaiser, urkabetik».

GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:

        Zure Zirene Erri iñor izatekoz

        kondaira betean geu gaitezen gatoz

        Xabier, Soubirou, Garikoitz, Iñigoz...

        Zure Zirenerri geu gaitezen gatoz.

 

 

VI. EGONALDIA

—BERONIKA—

 

1 et conspuebant eum

2 portantes imaginem Xti

 

MIXIOLARIAK: Seigarren egonaldia: Beronikak Jesus otxanari arpegia garbitzen dio.

GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):

        Txistu dagigunaren

        eskuari guk mun,

        Biokin antzik ala

        edertasun zagun.

PUBLIKU OSOAK:

        Biokin antzik ala

        edertasun zagun,

        txistu dagigunaren,

        txistu dagigunaren

        eskuari guk mun.

 

(Kanta ari bitartez antzerkiratu dan
gizataldearen aurretik BERONIKA eldu da,
zapi bildua biotz-eskuetan duala.
Astiro igotzen asten da armaillak estraturuntz.
Batbatez, zurrun tenkatzen da Nazarenuari so,
bi gauzok gertatzean: Pruden-en gero esango dan
laidoa; ta Komisariaren gero esango diran purrustak)

 

PRUDEN-EK: (Komisariari lotsagabetxo beiratuz, onek entzungo ez diolakoan abots bajutxoz) Tripamiñak eh, tripamiñak?

KOMISARIAK: (Pruden-en iseka igerriz, barruko sumiña lertzen zaio. Ironi parreak, oraingoz beintzat, utzirik, eskuko purua amorruz lurrera botatzen du, oiñez sakatzen du ta «gaingune»-tik estraturuntz abiatzen da)

        Maldita sea su... (Jetxi bezela, Pruden-ixe so) No lo tolero más. (Pruden-i arpegiz arpegi) ¿Olvidas acaso que yo soy la autoridad máxima en el pueblo? Para que lo recuerdes...

        (Ta txistu jaurtitzen dio arpegira. Pruden-ek ukabilla jasotzen dio. Joko zuken, Iñakik atzetik eutsi ezpalio. Pruden-ek alare eraso nai; Iñakik ez dio uzten)

        Me alegro, hombre. Me alegro mucho. Conque ibas a pegarme? Así tengo un motivo más para... lo que yo me sé.

 

(Pruden, leenbiziko amorrutik,
orain negarrera pasa da, bi eskuez
arpegia estaliz. Negarrez benetan)

 

JOANES-EK: (gurutzea bizkarrean, galeri goiruntz so, dardaraz) Nere semea, Jauna!... Se-mea!... Se-mea!!...

KOMISARIAK: (Nazkaz imitaka)! Se méa! (Joanes-i) Eso se lo hago yo a usted!

 

(Joanes-i ere txistu ta gaiñetik,
bertan, zaplasteko bat damaio.
Joanes erortzen da gurutze ta guzi.
Auzpez edo zerraldo irauten du
onako ta urrengo egonaldian.
Anjiña berritu edo zaiola ezagun du.
Iñakik asistitzen dio)

 

PRUDEN-EK: (negarrez zorabear)... nik, iru aldiz elbarritzeraiño, defenditu Españiko erlijioa..., ta ortarako?..., nere aitari txistu?... pizti orrek... nere aitari?

KOMISARIAK: (Joxemingori azpikiro) ¿Qué dice?

JOXEMINGOK: (lotsati, gogoz kontra) Dize que usted escupir a su padre.

KOMISARIAK: (Egundo baiño frenesi itxuagoz, axut eta ukabil, publikuari berari zemai bailegio) ¡Sí! ¡Yo escupo a tu padre!... ¡¡Y a vuestro Cristo!!... ¡¡Y a toda Euzkadi!!

 

(Bi ukabillak estutuz,
begietatik sua dariola gelditzen da,
ixtanpat, itzik gabe.
Ixillunea ta izua. Gero baretuz:)

 

        Buena cuenta le daré de todo esto al Señor Gobernador. Se la daré personalmente. Ahora mismo.

MIXIOLARIAK: Baita guk ere eskatua diogu baimena Obispu Jaunari. Ez al zaigu beranduegi etorriko erantzuna.

 

(Komisaria prailleari so, susmo okerrenez)

 

        Batista: aurrea artuz zoaz mesedez lenbaillen telefonura ta deitu zaiozu Obispu Jaunari, ea zertan dan erantzuna.

 

(Bijoa presaka Batista,
gizataldeko edozein bat.
Komisariak galde keiñu dagio
Joxemingori praillearen solasaz)

 

JOXEMINGOK: Dize que también ellos recurrir al Obispo.

KOMISARIAK: Camarada José Domingo: quédate aquí observando cuanto sucede y se dice.

 

(Joaten asten da, eskubiruntz.
Izkutatu baiño leen, atzera beira prailleari)

 

        Y usted, Padre, no se crea seguro. No olvide que fusilamos 14 sacerdotes vascos. 4 de ellos los tiene en el cementerio de Hernani, sin cruz y sin sufragios, como perros en una fosa común.

        ¡Ja, ja, ja! ¡Sacerdotes vascos! ¡Qué dos términos incompatibles! ¿Sacerdotes? Sin la «sa», sin la «sa»: ¡cerdotes!

 

(Bijoa. Ixillunea ta izua.
Belauniko dago jende geiena
kuadru ontan, erreza ta erreza.
Beronika, leen esan bezela, zutik.
Zortzigarren emakume talde oraindik agiri
ez danaren zizpuru ta intziriak entzuten dira)

 

MIXIOLARIAK: (Naigabeak jota, pentsakor) Egia da. Egia da. 14 apaiz dizkigute fusillatuak. Obispu Jauna ere, gure Mujika maitea, erbestera bidali. 446 apaiz-praille, presondegi ta atzerrietan.

        Egia da. Fusillatutako apaiz aietakoxe bati, Aitzol aundiari ain zuzen, asesinatzerakoan, aoa lokatzez bete zenioten, errezatu etzezan. Ta, gero..., katoliko omen dira.

        Ez jakin doakabeok, galazi arren ezpaiñetako errezoa, eztagoala galazterik biotzetakoa; debekatu arren kaleetako guruzpidea, ez digutela debekatzerik etxe barruetakoa...

BATEK: (emakume talderuntz so) Emakumeak, arren!, gorde albait zotin oiek.

BESTE BATEK: Zer egingo da ba. Guruzpide au ezin izan zitekean perfeta, txistuka ta zaplasteko oiek gabe!

 

(Zotin asperenak areago)

 

MIXIOLARIAK: Beronika: goazen aurrera. Urbil zakizkio gure Joanesi.

 

(Beronika urbiltzen zaio.
Nazarenuari arpegia zapiz garbitzen asten da)

 

        Ez geiegi kendu, Beronika, Joanesi txistuka ori. Txistuka orrek, asko edertzen bait dio, Kristorekin dun antza.

 

(Joanesen arpegia garbitu edo ondoren,
Beronikak zapia bereganatzean,
ustekabez dakus «Musu Santua»;
mun damaio begirunez; eta, zabalduz,
publikuari erakusten dio. Urrengo kantaldiak
iraun bitartez, bego era ortan.

Zapian ager bitez, lausokiro, Euskal Ikurriñaren koloreak,
«Musu Santua»-ren ingurubiran)

 

KORUAN BATEK:

        O Euskalerri!,

        agoni-Erri!,

        amaika txistu artua.

KORU BETEAK:

        Orra beinberriz

        betarte ederra

        sasi kristauek loitua.

        Eutsi, alare, Jesusenakin

        opaltzen zure iltamua!

KORUAN BATEK:

        Or Beronika!,

        or Historia!,

        arpegi nork garbitua.

KORU BETEAK:

        Txistu oietxez

        bai ederrago

        duzula «Musu Santua»!

GURUZBIDARI ta PUBLIKU, txandan, salmuz:

        Irureun Ernanin il kristau ta apaizak; debekua aientzat gurutz, obi, mezak... Ez gaitzala ain gogor aaztu «gizeleizak», ez gaitzala ain gogor aaztu «gizeleizak» !

 

 

VII. EGONALDIA

—BIGARREN ERORIA—

 

spiritus promptus;

caro autem infirma.

 

MIXIOLARIAK: Zazpigarren egonaldia: Jesus maitea bigarren aldiz erortzen da.

GURUZBIDARIEK (eskubitik ezkerrera pasaran):

        Euskaldun bezin kristau,

        onatx Bion lagun,

        gauzeza aitor ala

        gaitasun dezagun.

PUBLIKU OSOAK:

        Gauzeza aitor ala

        gaitasun dezagun,

        euskaldun bezin kristau,

        euskaldun bezin kristau,

        onatx Bion lagun.

 

(Joanesek aurreko egonalditik auzpez jarraitzen du.
Miñari ezin eutsi dionaren gisara,
alde batera edo bestera mugi diteke larrikiro.
Larrialdi oni Zuzendariak artu bezaio bere tamaiña,
siñesgarri dedin. Prudenek eta Iñakik sorozten diote.)

 

IÑAKIK: (Joanesi) Anjiña berritu al zaio, aita?

JOANES-EK: (arnas estu) Ez duk ezer... Ez duk ezer... Pasako duk...

IÑAKIK: (Joanesi) Orrela ezin jarraituko du gurutza lorrean. (Prailleari) Jauna!, aita zaarrak ezin du geiago. (Jendeari) Biotzeko anjiña berritu zaio nunbait. Datorrela besteren bat Nazarenutzan ordezko egitera!

MIXIOLARIAK: (izuz) Anjiña berriro? Joanes, etzera gauza. Utzi zaiozu besteren bati.

JOANES-EK: (biotzari eutsiz, setatsu) Ezetz ba, Aita, ezetz!... Il... bear izan... da ere..., azkeneraiño!...

 

(Mixiolaria ere Joanesi urreratzen zaio arretaz)

 

ZALDUN BATEK: Oraintxe bai ez duala pantomimak egin bearrik. Aski du bere martirioa sufritzen jarraitzea.

BIGARRENAK: Izan ere zer nazarenutza jatorragorik, bere Miñari il arte eustea baiño?

IRUGARRENAK: Orra Jesusen eriotz aurreko Pasioa bere soin eta animan. Ez, alegia, aktoreek bezela: imintzioka ta itxura utsez.

EMAKUME BATEK: (urrutiratsu, eskubi aldetik) Batista! Ara emen Batista!

BATZUK: (pozaren poz) Alare.

        Ongietorri.

        Badator orratio.

BATEK: (urrean) Obispuaren baimena?

BESTE BATEK: Komisariak errenditu bearko dik oraingoan.

BOSPASEIK, GEIAGOK: (an ta emen, naasian)

        Obispuaren baimena!

        Eupa!

        Leku Batistari!<