GERNIKA
«Bigarren doñuz»
Euskal semeak sumatu al zezaken
zorigaitz aundiago?
Bizkai erdia birrindu izan ondoren
Gernika sutan dago!
Gauaz, Bizkai gain, ageri zitzaigun
odoletan ortzia...
Ta arri azpietan, artean, genun
txingarretan erria!
Siñistu eziñik eldua naiz
Gernika'raño gauerdi garaiz:
Erria su-argietan dago!
Zelai ta bideetan... umeak lo!
Anai dabil anai billa,
ta aitak arkitu semea illa!
Beiak marruka mendi bidez...
Andrak begietan negarrik ez!
Entzun, entzun suaren zarata...
Odol-malkoa iduri txinparta!
Baiña arrotzak alperrik dabiltza:
Zutik, besoak zabal, Zugaitza!
Gernika ba'zan len gurea,
orain Ludiak du berea...!
Askatasun izenarekin
Gernika'rena dala bat egin!!
Erriak Dantza ta Guda mendi goietan...
Aupa mutillak! Aurrera!
Bakea baitegu biotzetan,
ez degu iltzeko beldurra!
Euskalerri'ko mutil gazteak,
Aingeru, naiz ta Gudari
gorroto gabe yausiak dira
mendigoietan kantari!
© Telesforo Monzon