ZIGOR ZELAIETAN

 

                        «Seigarren doñuz»

 

Bartzelona galdu zala,

mugatik bide barrena,

gudari ta ume, andra ta gurdi, abere ta abarra

zetorren —ura naspilla!—

Prantziruntz aterpe billa...

Ostikoka bai azkar eraman zigor-zelaitara!

 

Aterpe bakar ozkarbi...

Ondartza zabal oñazpi...

Otz eta nekearen laguntzat gose ta egarri.

Il-erdi aien zaindari,

morrozko beltz zaldi txuri

itxas-aizeak arrotzen zitun aien yantzi gorri.

 

Barrengo batek eskeiñi

beltz aietako bateri,

dundadun pitxi borobiltxo bat, yostaillu ikusgarri!

Begira, poztu, erosi,

beltzak bildu, erakutsi...

«Bonba» izan eta eskun lertuta bost beltz illak utzi!

 

Sei milla euskaldun ba ziran,

erdaldunekin batean

zorigaitz antza, neke ta gose zutela agirian.

Begi larri, egonean,

arantza-burni atzean...

Andra ta seme galdu zituzten geienak bidean.

 

«Où sont les basques, allez, allez»

oroi ziardula galde

egun batean ageri zaigu Buru zan Fagalde!

Bera bai zan ango yabe,

danak arrituta daude...

Biotzak dar-dar, entzun genion arnasarik gabe:

 

«Nere euskaldun anai maite,

biar, zelai onen atze

erri berri bat eraikitzera nerekin atozte.

Zuek bai lanaren seme

lanak aupako zaituzte.

Biar goizean, egun sortzean an naiz zuen arte.

 

Gazteak lanean yarri,

batzuek olak ekarri,

zelaia neurtu, txabolak altxa, estalpeak yarri...

Zerra t'egurra karrazi,

mallu soñua nagusi...

«Gernika Berri» sortu da eta txapelak erantzi!

 

Ikusi zuten aien lan,

ta arin asko zabaldu zan:

«Langille bikaiñak dituzute euskotar artean»

Naiz Prantzia izan bakean,

guda zetorren bidean,

ta garai artan zegon langille bear-bearrean.

 

Argeles'etik Gurs'era

Prantzi baratza barrena,

sei milla euskaldun, bultzi zarretan, doazte lanera.

Eldu ta aien eskaera:

«Langille baldin ba'gera

lan egiteko bear genuke yana ta lo-gela.»

 

Lo egiteko, lur busti...

yateko, ondakiñak urri...

Zelai inguruan ipiñiak arantzazko burni.

Askatasunak igesi...

Malkoz bete geure begi,

aurre-aurrean ager zaizkigu Euzkadi'ko mendi!

 

Euskaldunak arantzetan,

Zaindarik inguruetan.

Aldaretxo bat xuriz yantzita Gurs'ko zelaietan...

Goi-argia begietan,

Euskal apaiz bat izketan...

Aurki Yainkoa, ogiz yantzirik, aren eskuetan!

 

Apaiz gazte ura, maitena

erabat zan guziena,

ta alaitasuna bere ezpaiñetan beti zekarrena.

Itza Yaungoikoarena,

zekarkin zelai barrena...

Biotz erdian biziko zaigu aren oroimena!

 

 

 

 

                        «Zazpigarren doñuz»

 

—Aizak Pello Joxepe

ba al dakik berria?

Yarri nai zigutek pillota tokia.

—Pillotarako, Praixku,

sasoia igesia.

Burutik oiñetara

ezurra agiria.

Arpegi larria...

makurtzen gerria...

au dek mixeria!

Trinkete bi baño obe arkume erdia!

 

—Begira ta antz eman ez...

i al aiz guria,

garai bateko pillotari argia?

Tximistaren antzeko

uan ik sakia.

Besteak yaso orduko,

an pareta bia...

Aren izerdia!

Ik, berriz, nekia

ezautu gabia...!

Gudak nola leiken kristaua galtzia...!

 

 

 

 

                        «Seigarren doñuz»

 

Beiak erosten diran lez

—au nai diat, beste ura ez—

nagusi batzuk ageri ziran langille on eskez.

Gazteak bear ziranez,

zarrak antxen utzi miñez.

Alkar agurtuz abestu zuten langilleak garrez:

«Yaiki ta goaz lanera,

deika da guda-beldurra.

Prantzi'k ortzia txoriz yazteko du gure bearra.

Ator Burni lagun zarra,

atzera gure eskutara.

Orain ludiak ezautuko du langille euskotarra».

 

Itxasotar seme yator,

zure billa iñor ez dator!

Praketan esku biak sartuta ixillik ta ameskor...

Alaia itxasoari zor,

illobia dezu legor,

Begi urdiñok illun dituzu zaudenetikan or!

 

Alako baten ageri,

aurretik beia ta txerri,

atzetik mandu zar bat artuta, yauntxo bizardun bi.

Txerpolariak iduri

—zioten danak alkarri—

Bai zera! Nonbait nekazarien azterketalari:

 

Bati beia yetzi azi,

«Mandoa perra zak» —ari—

Txerria noizko izan ume-berri, ia arek igarri?

Zer zimaur bota lurrari?

Noiz erain arto ta gari?

Jornal konturik entzun ez baiña... galderak ugari!

 

Prantzi'gatik ez ba'litza

galdua genun bizitza,

zori larrian yaurti bai zigun bere etxeko giltza...

Eskerronez, geure eskeintza

ez da izan —uts-utsez— mintza:

Prantzitarrekin, gerla berean, geureak dabiltza.

 

Amaitu det abesti au.

Oroitzak bultz egiña nau...

Zigor-zelaian igaro ditut egunak eta gau.

Beti kantari... naiz barau!

Onek aspertu ez ba'au

beste batean... Aprika'koak kantako dizkiau!

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Gudarien egiñak"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia