GOAZ, DOÑU YOKA...!

 

                Garikoitztarra egin berria zaigun Aita Iñaki'ri,

                Euren Erria maite, beartsuen alde lan egin,

                ta amaren ezpainetatik ikasitako izkera

                goratzeagatik, erail, espetxeratu ta

                ludi oro barrena, umezurtz, sakabanatuak izan

                diran geure euskal apaiz errikoi guzien oroitzaz!

 

Artzai Ederra'ren txistua aitu zenun...

ta Arengana igesi zoazela, lagun,

urrundu baño len irtenik bidera

natorkizu, illuntziz, agur egitera.

 

Erriak dei ziñun! Gudarien apaiz!

ta ni, berriz, aien bertsolari bai naiz,

orain arte biok alkarrentzat anai!

Orregatik negon bidean zure zai.

 

Ara... Eskuetan bai dakart alboka,

lagundu nai zaitut erri-doñu yoka...

Bidean egingo nik zurekin otoi.

Zuk abestu neure kanta zar errikoi!

 

Mendian, makillaz eginda gurutze

zure poza izango ardi billa ibiltze.

Nik ere, ezpaiñetan izaki alboka,

ardi billa nai det, erri doñu yoka.

 

Goaz bidez bide. Goaz euskal apaiz!

Zer ardura zuri bide luze t'ekaitz?

Goazen oiñutsik, eusko lurra ikutuz,

ozkarbi izartsua begietan artuz.

 

Ta arkitzen ba'degu ardi galduen bat

—Amarentzako nik zuk Artzaiarentzat—

pozaz! egingo det nik zurekin otoi..

Zuk abestu neukin kanta zar errikoi!

 

Gauaz, gelditurik..., izarrei begira

ba'zabiltza, lagun, Artzaiaren billa...

«Ez —esango dizut— yetxi gaitez arin,

bai dakit nun arki Yainkoa'ren berdin»

 

Eroango zaitut auzotxo batera,

Zurgiñola aurrean geldituko gera.

Lanean diardun arotzaren seme,

uraxe du Yaunak iruditzat Bere!

 

Nik ari txukatu kopetako izardi...

Garbituizkiozu zuk oiñak berari...

Etxekoei deitu! Mai inguru yarri

ta aiekin banatu dakargun yanari!

 

Gero, apaloste, yaiki zaite apaiz.

Ni, albokarekin, ere yaikiko naiz.

Ta sutondoan, zuk amaitzean otoi,

abestuko ditut kanta zar errikoi!

 

«Geure Euskalerrian ez degu ikusi nai

geienen malkoaz bakar batzuk alai...

zabaldu eitzagun ogia ta alaitza.

Egin zak, Euzkadi, lan ondoren dantza!

 

Bear ta yokoan sendotuz besoa,

uxatuitzak Illun eta Gorrotoa,

Artu zak besotik Maitasun ederra!

ta oa berakin! dantzan egitera...!

 

Egiñetan ere bear aizela ager,

itxas-mendi yantziz aizen bezin eder,

izan adi apal, kementsu ta garbi.

Astegunetan lan...! yaietan kantari!

 

Eta yantzi gaitzak asaben oroitzez,

goratu gaitezen askatasun-aizez.

Erriaren Lege, guzien legea!

Ez, norberakeriz, bakoitzak berea...

 

Asi adi ibiltzen! Yaiki euskotarra!

Kantauri itxasotik yaso zak indarra.

Boga mariñelak! Urrutira goaz...!

Odol ta itxaropen-kolorezko oialaz!»

 

Bertsuok esanda, etxekoei Agur!

—ekaitz illunari ez diogu beldur—

Besoak zabalik, lo diranai oska...!

Zu Gurutzeakin... ta ni doñu yoka!

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Gudarien egiñak"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia