MENDI-GIZONAK

 

             I

Mendi-mendian artzai bi

«Begibeltz» eta «Illegorri»

Bakartasunean bakar,

etsai itxuenak alkar...

 

«Illegorrik» —odol gaitza—

«Begibeltza»-ri bekaitza.

Onek ari gorrotoa,

ixilik asitakoa.

 

Urteak igaro dira

batak ez beste begira...

Bidean elkar arkitze,

bien barneak sua artze!

 

Gauerdiz, askotan esnai

artzai biok elkarren zai.

Marru ta zaunka aien zakur

bata bestearen beldur.

 

Mendi-mendian bakea?

Bakean bai... artaldea!

Mendi-mendian artzai bi

«Begibeltz» eta «IIlegorri»

 

             II

«Begibeltza»-ren semea

—basakar ezigabea—

mendirat aitak ekarri

artaldearen zaindari...

 

Mutiko biurrri, oker,

—irri goxo, begi eder—

mendian zilipurdika,

txori-kabiei arrika...

 

Goizeti doaz batera

aita semeak larrera...

Mendian aren zorion

aurrari begira egon!

 

Ta txabola barru, gauaz,

entzun semearen arnas...

«Illegorri»-k —odol gaitza—

Orain bai ari bekaitza!

 

             III

«Au dek au ene larria!!»

Semea gauaz eria

txabolan, ta sukarrakin

arnas estuz egon ezin...

 

Aita alboan, belauniko,

noiz ote zitzaion ilgo...

Yaiki bat-batez —eroa!—

Kapusaia artu ta doa...

 

Gau illunean, —tximista!—

—loietan sartu ta irrixka—,

«Illegorri» zegola lo,

«Begibeltza»-k atean jo.

 

Besteak —otsa aditu—

yaiki ta artuz izkillua:

«Nor aiz?» oyu —Zakurrak zaunk—

«Begibeltza'k dear: Ni nauk...!!»

 

«Baldin ba'ator izkar billa

bertan utziko aut illa».

—«Gaurkoz eskean —au lana!—

lotsaz natorkik igana...»

 

Zakurra ixildu arazi,

izkillua orman utzi,

arek zabaldu atea

ta, «Begibeltza»k eskea:

 

«Semea utzirik erdi illa

eldua nauk ire billa.

Igoiok osagillea...

bestela jun dek umea!»

 

T'erantzunik artu gabe

«Begibeltz» artzaiak alde...

 

             IV

Egun eder, urdin, argi,

Egoak Udazkena'ri...

 

Txabola aurrean zugaizpe,

artzai biok aurrez-aurre.

Mai gaiñean ogi ta arno

ta, zintzilik, euren albo.

 

Txinpartetan arkumea.

Aurkitxo zegok errea!!

Ari beira ta aren zai,

artzai bien barren alai...!

 

Zakurrak, begiz, diote;

«Guretzat ere elduko ote?»

 

Ta umea, zilipurdika,

txori kabiei arrika...

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Olerki solteak"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia