HITZAURREA

MARGUERITE DURAS,
BERE BIZITZA IDAZTEN

 

 

Heriotza iragarria

 

        Marguerite Duras 1996ko martxoaren 3an hil zen, 81 urte zituela, Parisen. Handik gutxira argitaratu zuten haren azken liburua, Itsaso idatzia, liburu laburra, zeineko hainbat irudi aurre-testuak baitira. Halako ehundura sortzen da argazki eta hitzen artean: «Han geratu zen itsasoa, egoki, diskretu, perfektu, ikustezin, betiereko». Marguerite Duras, M.D.: idazlea; nekez aurki daiteke beste egilerik hainbeste argitaratu duenik, 70 liburutik gora, hainbeste hizkuntzatara itzulia izan denik, 40 baino gehiagotara, eta mundu osoko unibertsitateetan hain aztertua izan denik.

        Haren heriotzak ez zuen, alabaina, inor ustekabean harrapatu. Iragarrita zegoen. Agur esana zion M.D.k biziari, idazteari 1995eko azken aldera. Hori da dena liburu patetikoa da, halako literatur testamentu bat, non Yann Andréarekin, 1981az geroztik «gaueko maitale» izan zuenarekin izandako elkarrizketa baten bidez, «isiluneek» etendako elkarrizketa baten bidez, jakinaren gainean jartzen baitu irakurlea: «Hurbil nago azken egunetik... Galduta sentitzen naiz. Hilda bezala... Bukatu da dena». M.D. kontsolamendu bila dabil hitzetan, betierekotasunaren bila, oroimen baten bila idazten du. «Isiltasuna», eta gero «amodioa, heriotza, hitza». M.D.k ezaguna du hurbiltzen ari zaion heriotza, askotan ezagutu baitu bere bizian, bere obran. Zazpi urte zituenean galdu zuen aita. Neba txikia, miresten zuen neba hura, oso gazterik hil zen, 1943an. Bere lehen semea ez zuen ia ezagutu ere egin. «Amaigabea da heriotza». 80ko hamarkadan, M.D. hiru aldiz egon zen koma egoeran, alkoholaren eta desintoxikazio-aldien artean, heriotzatik hurbil oso. Maitale txinatarra ere 1972an hil zen. Hala, haren bizitza idazketa bilakatu zen eta idazketa, berriz, bizitza.

 

 

Indotxinako haurtzaroa

 

        M.D. Indotxinan jaio zen 1914an. Matematika irakasle zuen aita eta ama, Marie Legrand, maistra; bi neba zituen. Ama alargundu zenean, Frantzian urtebete egin ondoren, Indotxinara itzuli ziren, eta hantxe pasatuko zituzten hamar urte mahastizaintzatik bizi nahian. Hamar urte haiexek dira Durasen idazlanaren sorburua, behin eta berriro errepikatzen den historiarena, historia amaigabe, tematsu, betiereko harena. Hamar urte haietan amak beharturik ikusi zuen bere burua aurreztutako diruak xahutzera, lur-sail bat eskuratzeko, arroza ereiteko lursaila hain zuzen; lur-sail hura ez da ordea emankorra izango, zeren Ozeano Bareko urek arras estaliko baitute urteko sei hilabetetan. Amak dike bat eraiki nahi zuen, urteroko uholdeen ondorioz lurrak oro alferrik gal ez zitezen, baina porrot egin zuen eta oso behartsu bizi behar izan zuen bere hiru seme-alabekin maistra kontratatu gisa arituz. Ama behartsu baten historia, bakarrik, ustelkeriaren erasopean, etsita dagoen ama batena. Eta horixe kontatu digu Durasek bere liburuetan, amaren historia izugarri hori, alferrikako aienetan aritu eta «suminduraz hil zen», burutik eginda amaitu zuen amaren historia.

        1936an Parisa itzuli eta filosofia, matematika eta zuzenbidea ikasi zuen, amaren asebetegarri. Egun osoak eman zituen irakurtzen Saint-Geneviève Liburutegian, aldi berean Salbaziorako Gudarostean gertatzen zenaz interesatzen zelarik. Robert Antelme-rekin ezkondu zen, liburu garrantzitsu eta triste baten egilearekin: Giza espeziea; lanbidez paper-arrazionamendua kontrolatzen zuen. Gerra iritsi eta François Mitterrand (ezizenez Morland) ezagutu zuen: «miretsi egiten dut... ezkerreko politikaren poeta da».

 

 

Literatur hastapenak

 

        Lizunkeria, bere lehen eleberria (1943), ez zitzaion gustatu; bai, ordea, Queneau-ri. Borroka politiko eta militarra sasian egiten zireneko garaia zen. Kazetaritzaren munduan sartu eta Les Temps Modernes taldera hurbildu zen, Sartre eta Beauvoir-en aldizkarira. Talde horren bidez sartu zen M.D.ren obra Gallimard argitaletxera eta hala argitaratuko du hurrengo urtean bere bigarren eleberria, Bizimodu lasaia, landa giroko nerabe batzuen istorioa.

        M.D. komunista zen eta deportatu egin zioten senarra. Okupazio garaiko urte haietan du sorburua Mina eleberriak (1985), non Robert, senarra, kontzentrazio-eremuetatik itzuli zenekoa kontatzen duen. Liburu horretan, egunkari gisa, kontatzen dena halako aitortza bat da, halako nortasun zehazkabe bat bilatzea, itxuraldatutako oroitzapenak zehaztea. Oroitzapenak berregiten tematzen da bere idazkera, objektibotasunez, pentsamenduaren lerraldiak ber-aurkezten ahaleginduz. «Mina nire biziko gauzarik garrantzitsuenetakoa da». Garai hartan Dionis Mascolo-rekin maitemindu zen, Komunismoaren egilearekin, eta seme bat izan zuen harengandik. Frantziako Alderdi Komunistako kide lehiatu izan ondoren, alde egin zuen alderdi horretatik; Erresistentzian ere aritu zen alemanen kontra borrokan.

 

 

Etengabe sortzen

 

        1950ean argitaratu zen Dike bat Ozeano Barearen kontra, bere hirugarren eleberria, bere obran behin eta berriro errepikatuko diren gaietako askoren sorburu izango dena eta René Clément zuzendariak zinemarako egokitu zuena. Liburu horretan kontatzen du lehendabizikoz hiru seme-alaba dituen ama alargunaren historia; Indotxinako funtzionario frantsesa zen eta kolonietako administrazioak ezarritako sistemaren arabera eskuratutako lursaila ustiatuz saiatu zen dirua egiten. Bidegabekeriak kontatzen ditu, hala nola emakume arlote bati erositako neskatxarena, hil ez zedin erosi baitzuten eta oinak handi-handi eginik hil baitzen. Behin eta berriro errepikatuko da istorio hori; hala, Kontsulordea liburuan berriro azalduko da. Lortua zuen ospea Tarkiniako zalditxoak (1953), Square-a (1955) eta Moderato Cantabile liburuei esker. Bere idazkeraren ezaugarriak arras ongi isladatzen dituen liburua dugu Lol V. Steinen eroaldia (1964) «alkoholaren eraginpean» idatzia. Lol emakumeak bere baitan biltzen ditu sinbolikoki M.D.k etengabe egiten dituen galderak: nola erotu daitekeen emakume bat ahaztu-nahiaren, sufrimendua gainditu nahiaren poderioz. Ahanztura, beldurra, sufrimendua, horra Durasen idazkeran behin eta berriro azaltzen zaizkigun gaiak. Eta halaxe erakusten digu egileak berak Bizitza materiala (1987) eleberrian: «emakumeak ez dira zuhurrak, ez dira kontuak atera zale, alde batera utzia dute nolarebait beren burua. Ikaraturik daude. Ez dute espero zoriona ate-joka joango zaienik». M.D.rentzat idaztea «pasioaren lekua» da, «entzun-leku sakon-sakona, baina kanpoaldetik». Denetarik idazten du: eleberria, antzerkia, zinema, saiakera, kazetaritza-artikuluak. M.D.ren benetako zaletasunen erakusgarri ditugu Outsaide (1981) liburuan jasota dauden artikuluak: kazetaritza, gezurrak salatzea, elkarrizketak. Isiltasunean itotzen den hitza beti, betiereko izan nahia aldarrikatzen duena, zeren «galdutakoa besterik ez baita izango betiereko».

 

 

Zinemagintza

 

        70eko hamarkadan zinemagintza nabarmendu zen gehienbat M.D.ren lanean: hamahiru filme egin zituen eta berak egindako bost gidoi argitaratu. Hiroshima mon amour-en gidoiak (1959) arrakasta handia izan zuen Alain Renais-ek zuzendutako filmearen bitartez. Hauexek dira haren filme ezagunenak: Horia eguzkia, Nathalie Granger, Ganges-eko emakumea, Baxter, Vera Baxter, Haren Venecia-ko izena Kalkutako desertuan, Kamioia eta Aurelia Stéiner-en hainbat bertsio. Benetako izar bihurtu zen, dudarik gabe, Cannes-en, 1975ean, India Song filmearekin. Filme bitxiak denak hala estetikaren aldetik nola ikuspegi intelektualetik, marjinalak, abangoardistak eta esperimentalak. M.D.ren zinemagintza ez zen jende askorengana heldu, ia ez zen Frantziatik irten, eta zinemazale-talde txiki batzuek baino ez dituzte ikusi ahal izan.

 

 

Le Nouveau Roman

 

        M.D., besterik esan izan bada ere, ez da Noveau Roman-en kokatzen. Literatur mugimendu hura osatzen zuten idazleak batzen zituena denek gauza jakin batzuk errefusatzea zen, hala nola psikologismoa eta antropomorfismoa, ilusio errealista, pertsonaiaren kontzeptua, garapen kronologikoa, esan nahi baita, eleberri tradizionalaren elementu guztiak. Baina M.D.ren idazkerak kolokan jartzen du, orobat, sorkuntza artistiko klasikoa, eta horregatik bilatu izan zaio zerikusia «Ecole du Regard»-ekin. Irakurtzeko zail samarrak gertatzen dira gainera, batzuetan, haren lanak, eleberrigile berrienen antzera, muga-mugako egoerak kontatzen baitira muga-mugako idazkeraz, oihuaren eta isiltasunaren artean, hitzaren eta desioaren artean. M.D.ren eleberriak ezohiko gertakari baten ingurukoak izaten dira, krisi mingarri baten ingurukoak, eta sekula ez dute benetako eta behin-betiko amaierarik izaten. Agortzen ez diren pasioak, atsedenik hartzen ez dutenak. Testu bakoitzak aurretiko beste testu bateko zantzuei jarraitzen die, harrigarri gertatzen zaigularik beti egileak duen iradokitzeko ahalmena. Idaztea amaigabe idaztea da, historia bera berridaztea. Bere bizitzatik hartutako pasarteak dira, bere desioetatik, amodio eta desamodioetatik hartuak, denbora beti garaile batetik. 68ko maiatza eta haren gorabehera guztiak, komunismoa, feminismoa eta lesbianismoa, anarkismoa, horra beste gai batzuk, poliki-poliki balore mesianikoa, sakratua hartuz doan idazkera osatzeko erabiltzen dituenak.

 

 

Alkohola eta amodioa

 

        Alkoholak aldatu egin zizkion azkenean ahotsa, arnasa, aurpegia. Hamalau urtez bakarrik egon ondoren M.D. beste amodio bat ezagutu zuen, «gutxien espero nuena neure biziko azken aldi honetan, garrantzitsuena» dio Bizitza materiala liburuan (1987). Yann Andréa, bera baino 38 urte gazteago dena, beti izango du ondoan eta azken hilabeteetan kontsolamendua eman zion, lasaitasuna. Andréak kontatu du aparteko fintasun eta objektibotasunez haren desintoxikazio-prozesua, M.D. liburuan, liburu zirraragarri eta zirgigarrian. M.D.ren irakurle, zuzentzaile eta solaskide izan zen Yann Andréa. M.D.k pasio bat eman zion izenburu eder baten pean idatzia, Yann Andréa, neure amodioa (1993). «Inoiz ez dut idatzi idazten ari nintzelakoan, inoiz ez dut maitatu maitatzen ari nintzelakoan, ate itxiaren aurrean zain egon besterik ez dut egin inoiz».

 

 

Lan-aldiak; etenak eta jarraipena

 

        Durasen lanean bi aldi nagusi bereiz ditzakegu: «Indiakoa», zeinetan, Lol V. Stein eta Anne-Marie Stretter pertsonaien inguruan, hamabi urtetan egindako sei idazlan biltzen baitira: Lol V. Stein-en eroaldia (1964), Kontsulordea (1965), Amodioa (1971), Ganges-eko emakumea (1975), India Song (1973) eta 1976an egindako filmea, Veneziako haren izena Kalkutako desertuan; eta «Indotxinakoa», egilearen haurtzaroarekin estuago lotua: Dike bat Ozeano Barearen kontra (1950), Txinako Iparraldeko Maitalea (1991), Eden-Zinema (1971). Gainera, badira zenbait elementu testu askotan errepikatzen direnak eta, hala, bi aldiak elkarrekin lotzen dituztenak, hala nola emakume arlotea. Dena dela, azpimarratzekoa da M.D.ren obra guztian genero-bereizkuntza zalantzan jartzeko joera. Izan ere, haren eleberriak, zeinetan elkarrizketa nagusitzen baita, arazorik gabe bihurtu ahal izan dira antzezlan; baina, era berean, haren antzezlan edo eleberriak filme bihurtu dira, haren filmeak ere neke handirik gabe bihurtu direlarik testu. Tradizionalki bereizi izan diren generoak trukatzeko askatasun horrexen alde azaldu izan zen Duras bera. Hona, esate baterako, nola definitu zuen India-Song idazlana: «testu-antzezlan-filmea». Azken urteetan idazleak jadanik ez zituen sailkatzen bere lanak, halako antza dute denek elkarren artean nahiz eta desberdinak izan. Hala, Agatha eta Savannah Bay, benetako antzezlanak baitira, eta Gizon atlantikoa eta Herio-gaitza eleberri laburrak, zeinetan erotismoaren bidetik ikertzen jarraitzen duen. Obra guztietan maiz azaltzen zaizkigun elementuak dira: autobiografia, lilura, hizkuntz esperimentazioa, gogoeta sakona, M.D.k ikuspegi desberdinetatik, inongo koderi, inongo arau orokorri jarraitu gabe heltzen dien gai jakin batzuei, historia jakin batzuei buruzkoa.

 

 

Gai jakin batzuekiko obsesioa

 

        Errepikatu egiten dira bere lanetako gaiak; hala, amodio ezin eta beharrezkoa, desio debekatu eta absolutu baten bila aritzea, irudiarekiko edo begiradarekiko obsesioa, oihuarekikoa edo isiltasunarekikoa. Beti azalduko zaigu gizakiaren egoera jasangaitzaren kritika, itxialdi baten bidez adierazia, eta askotan, horrekin batera, bero itogarria, asper handia eta ezkutuko mina agertuko zaizkigu. Egoera horietan beti azalduko zaigu, batetik, zoriona, lortu nahi den objektua eskuratzeak sortua, eta zorigaitza bestetik, halakorik ez eskuratzeak sortua, edota zoriona eta zorigaitza elkar nahasita. Eta testuinguru horretan, pertsonaiek, emakumezkoak gehienetan, hortxe egoten dira, amodioaren, desioaren, erotismoaren, pasioaren zain. Hortxe dago beti pasioa, bortitz, absolutu, egunerokotasuna apurtuz. Baina hiltzaile ere bada pasioa, eta izatez estu-estu lotuta daude amodioa eta heriotza, anbibalentzian eta kontraesanean. Eta gai horiei oso erraz ezagutzeko moduko idazkera dagokie, oso durastarra, zeinak, eleberri tradizionalaren zenbait gauza jasotzen baditu ere, etengabe jartzen baitu kolokan hura; lehentasuna ematen die elkarrizketa lakonikoei, denbora-hutsuneei, barneiraupenaren mugimendu erritmikoari; estilo eliptiko eta aipamenezkoa, irudi estutuak, isilune eta errepikapenak, prosa landua, musikala. Haren prosaren musikak adieraztezina adierazi nahi du, bete-beteko zentzua aurkitu, adiezina hitz bihurtu. M.D.ren idazkerak beharrezko du irakurlearen partaidetza. Irakurleak, kontakizunaren adiera semantikora mugatu beharrean, testuaren plazer horri eutsi beharko dio, hitz bakoitzak eta isilune bakoitzak sorturiko emozioak dastatuz. M.D.k argi utzi izan du beti eleberri tradizionalaren metodoak kolokan jarri nahia; horretarako idazkera anbiguoa darabil, irakurleari askatasun handia uzten diona, kontakizuna bera halako egitura tematiko batera mugatzen duelarik, non pertsonaiak, heroi ez baina halako zeinu edo arketipo bihurtzen baitira, gisa horretan literatura tradizionalaren logika tematiko eta argumentala gaitzesten dituelarik.

 

 

Maitalea eta autobiografia

 

        Egia izanik ere Durasen idazkeran beti aurki ditzakegula testu batean beste testu baten zantzuak, edo min hori, sekula desagertzen ez dena eta ezinbestean idazkera bera sortarazten duena, begien bistakoa da, berebat, haren literatur ibilbidean badela halako aldaketa handi bat. Maitalea, 1984an Goncourt saria irabazi zuena, mugarri dugu M.D.ren idazkuntzan, bai izan zuen arrakastarengatik bai eta bere literatur bilakabidean idazkera «autobiografikoa»ren bidean abiatu zelako eta horrenbestez, ikuspegi horretatik, narrazio hutsera itzuli zelako. Lehenengo pertsonan idatziz ehuntzen ditu bere obsesioak eta hala lotzen da bere idazkera gaur egungo literaturaren joera nagusietako batekin. 80etan, Claude Simon, Alain Robbe-Grillet, Nathalie Sarraute, Patrick Modianok idatzitako liburuak, liburu arras autobiografikoak, harrigarri egin zitzaizkion irakurlegoari zein kritikari. Baina, egia esan, M.D. beti mintzatu zen bere buruaz: «Konturatu nintzen nola neure haurtzaroaz, neure haurtzaroko urte jakin bati buruz idazten banuen ere, alde guztiez, neure bizi osoaz idazten nuela, bizi horretako urte guztiak inoiz ez bezala nahastekatuz». Idazketa autobiografiko joria, sistematikoki halako kontzeptu jakin batzuetara jotzen duena: oroimena, nortasuna, egia. Baina baita beti hurbilketa-gune izan diren unibertso durastarreko gainerako alderdi guztietara ere: ausentzia, isiltasuna, mundu irudikatua, mundu erreala, erotismoa, tragikotasuna, irudi zinematografikoa, ahotsak, «emakume-eremuen» definizioa, denbora... Bizi osoa eta biziaren alderdi guztiak hartzen ditu haren obrak. «Oso goiz izan zen beranduegi neure bizian... Hemezortzi urterekin zahartu nintzen». Liburuaren lehen lerro horiek erakusten digute, denik eta usadio autobiografiko argienean, abiapuntu izan duen egoera, idazleari bere iraganari buruz idaztea eragin diona: gizon batek haren aurpegiaren eboluzioa aztertu eta dio behiala baino ederrago ikusten duela orain. Hala onartzen du M.D.k bere buruaren irudi hori, inorekin topo egin baino lehenagokoa, Mekong-a batxilergoa egitera joan aurrekoa, aldi horrek berealdiko eragina izango baitzuen haren bizian: hamabost urte t'erdirekin hantxe utzi zuen bere haurtzaroa, Vietnamgo sastrakan galdua, eta Saigona joan zen bigarren mailako ikasketak egitera. Liburuetan ikasten ez diren lezioak ikasiko zituen ordea han.

        Maitalea eleberria hastapenak bilatze bat da, aurpegia bere hartan mantentzen zuen neskatoa aurkitzeko bidea, hamabost urte t'erdiko neskato hura, zeinentzat artean ez baitzen «beranduegi». Hala ere anonimotasun handia soma dezakegu bertan, ezinezko gertatzen delarik ezein erreferentzia egiaztatzea. Hori horrela, bere aurretikoen ildo bereko dugu testu hau, zeren haiek ere, ez Durasek bezain argi, baina pasabide bera ezartzen baitzuten biziaren eta obra autobiografikoaren artean. Liburu horretan idazleak hamabost urte zituenean merkatari txinatar gazte aberats batekin izandako amodiozko harremana kontatzen da; Vietnamen, 30eko hamarkadako kolonialismo frantziarraren menpe zegoen herrialde hartan gertatzen da (garai hartan Indotxina zuen izena). Berehala somatzen da bertan, esana dugunez, beste kontakizun batzuen, filme batzuen oihartzuna. Leku handiagoa hartzen du, alabaina, liburu honetan erotismoak, desioak, sexuan hasteak, sexuan haste inozo bezain perbertituak. Harreman hori, berandu gabe debeku sozial eta eskandalu publiko bihurtzen dena. Amaitzeke bukatzen den istorioa.

        Aitorpen-liburu bat da, non egileak, egile ezagun bezain misteriotsuak, bere familiaren eta bere amodioaren iragan ez ohikoari buruzko konfidentziak egiten dituen. Eskandalua, exotismoa, erotismoa, horra eleberriari aparteko arrakasta, arrakasta sentsazionalista ematen dioten elementuak. Zehazkabea da, alabaina, testua: muturrak, amodioa eta isiltasuna, desioa eta plazerra, ausentzia eta heriotza, trasgresioaren aurrean amore ematen ez duen idazketa esploratzea. Idazlearen ahotsak desegin egiten ditu bere familiari, bere hastapenei buruzko oroitzapenak, eta berregin egiten du gero istorio sakon hori, kolektibotasunari zuzendua: koloniaren egoera, arrazismoa, administrazioko ustelkeria, politika, amodioaren sorrera, sexuaren ezagutza, emakumeari porrot existentzialen aurrean geratzen zaion destinua. Gizon txinatar gazteak azkenean ez du, egia esan, berak seduzitzen neskato frantsesa, baizik eta, seguraski, neskatoak seduzitzen du gizona, misteriotsu egiten zaion gorputz horrek. Eta neskatoa ez doa gizonarengana amodioak eraginda, oraindik ez baitu ezagutzen, ez eta sexuak eraginda ere, batere esperientziarik gabea baita oraindik, ez eta diruak erakarrita ere; desioa da kontua, baieztatze-desioa, liberazio-desioa, bere osoan ezagutu nahi du bizia, porrota barne. «Nire bizitzaren historia, ez dago halakorik. Ez dago... Idatzia dut dagoeneko neure gaztaroko zati ttipi baten historia... Orain, berriz, gaztaro hartakoxe aldi estaliez ari naiz». Protagonista itxuraz ahula izan arren, beronen pubertaroak erakartzen baitu gazte txinatarra, garaile izango da, hargatik ere, egoera hartan. «Konturatu naiz ni neu nintzela liburua. Liburuaren gai bakarra idazkuntza da. Beraz, neu naiz liburua». M.D.rentzat beharrezkoa ez baitzen bizitzea; sortzea, idaztea zen benetan beharrezkoa. Literatura sentimentalaren barruan argudio hutsal eman lezakeen horrek badu, haatik, estrategia formal bat askoz ere korapilatsuagoa. Irakurketa-maila bat baino gehiago dago testuan, hala nola idazketa autobiografiko bat, hastapenen eta haurtzaroaren bila aritze bat, amodio eta desiozko istorio bat, ikuspegi feminista edo salaketa sozialeko batetik egina, hastapenen kontakizun denez; horrek esplikatuko luke agian liburuaren arrakasta, liburua hainbeste jendek irakurri eta ulertzea. Maitalea, anekdota hutsa baino harantzago, M.D.k ordura arte egindako sormen-lanetan garatutako gaien, irudi guztien goren gradua genuke. Aipatu ditugu lehen ere gai eta irudi horiek: neba, gizarteak traizionaturik burua galtzera heltzen den ama, Savannahket-eko emakume arlotea, Indotxina berrasmatua, lizuna, Ozeano mitikora irekia, bat-bateko pasioa, desioak eragindako premian bizitua, ezezagunarekin elkartu-nahi eutsi ezinekoa. Iragana zehatz-mehatz berreskuratzeko, autobiografia osoki berregiteko ezintasun mingarria, horra nola irakurri behar den Maitalea. Ikastaldi baten kontaketa dugu, zalantzarik gabe, emakume izaten hasten den emakume batena, zeinak aldez aurretik bide luze eta neketsua pasa beharra baitu, amodioz eta desioz, bekatuz eta kondenaz betea, heldutasun sakon batera, bete-beteko emakumetasun konplexu batera eramango duen bidea, hain zuzen. «Neure burua da hunkitzen nauena. Horrexek sortzen dit negargura, neure bortizkeria horrek, neure buruak».

 

 

Eta Txinako Iparraldeko Maitalea

 

        Eta 1984tik aurrera beste modu batera irakurtzen da M.D. Literatura filme bilakatzen du J.J. Annaud-ek 1992an, baina M.D. ez dago ados ez gidoiarekin, ez egokitzapenarekin, eta hala berridatzi zuen Txinako Iparraldeko Maitalea (1991), lehenengo eleberri famatu haren aztarnei beste ikuspegi batetik begiratzeko batetik, bai eta, bestetik, bere eleberria nola egokitua nahiko zukeen iradokitzeko ere. Oso testu ederra da, idazkera objektibo hutsez egina, hirugarren pertsonan, literatur arau eta paktu orotatik aske, modu eder eta bikainean emana. Ez da errepikazio huts, gogoeta berri bat baizik, gai berari buruzko bariazio bat.

        M.D.k berriro heltzen die bere obsesioei, 1930ean merkatari txinatar aberats haren 27 urteko semearekin izandako harreman sentimentalari, famili eta gizarte egoera tirabiratsu batean gertutako harreman hari.

Txinako Iparraldeko Maitalea goitik behera josita dago oharrez, aipamenez eta erreferentzia zinematografikoz (iruzkinak, enfokeak, planoak, enkuadreak, aktore-hautaketa, oin-oharretako irudi-iradokizunak eta abar). Ez da, ordea, gidoi bat, literatur kontakizun hutsaren eta filme-narrazioaren arteko zerbait baizik, egileak maiz egiten duen fusio orokor horietako bat. Maitalearen ikuspuntua autobiografikoa zen, lehen pertsonan kontatua; bigarren bertsio hau, berriz, hirugarren pertsonan idatzia da, oroimenaren subjektibitatean objektibitate handiagoa bilatuz. Oso zehatz ematen dira testuan amodiozko istorioaren inguruko xehetasunak, zabalago ematen ditu bigarren obra honetan halako kontu eta gertakariak. Maitalea berrasia, izen horixe jartzea pentsatu baitzuen bigarren bertsioari, oso testu urratzailea da, ertz-ertzekoa. Giro ikaragarri baten barruan bizi da familia. Ama, senarra galtzeak sortu dion agoniaren eta opioak harrapatutako seme zaharrarenganako amodio patologikoaren artean mugitzen da. Drama horren lekuko dira, berriz, protagonista eta bere neba txikia, inolako babesik gabe geldituak. Ama hark dirua jasoko du txinatar gazte dirudunari Marguerite gaztearen maitale izaten uzteagatik; Margueriteren eta Hélène Lagonelleren arteko adiskidetasun lesbikoa, edo neba gaztearenganako xera, «printzearenganakoa», intzestuzkoa argi eta garbi, protagonistak pertsonaia berri horrekin, Thanh-ekin, kaletik jasotako umezurtz vietnamdarrarekin, morroi zintzo bat besterik ez den horrekin mantentzen duen harremana bezalaxe. Bigarren bertsio honetan garrantzi handia hartzen dute, bistan denez, bigarren mailako pertsonaiek. Istorio lizun honen barruan berriro nabarmentzen da amodio-harreman hori, paroxismo suntsitzaile baten elementu masokistez betea. Liburu honetako giroa ere trinkoa da, estugarria, errealista: irakurleak somatu egin dezake opioaren perfumea, zetarena, jazminarena, hezetasunarena... Aldizkako euri-jasa montzonikoek eta bero itogarri horrek laguntzen dute, azkenik, giro aparteko hori sortzen, hantxe kokatuko direlarik giza-pasio gogorrenak. Maitalean, bertsio batean zein bestean, elkarrekin doaz ongia eta gaizkia, argia eta iluntasuna, krudeltasuna eta samurtasuna.

        Hona, bada, existentzia baten, idazkuntza baten aztarnak. Idazle gutxik aztertu ditu hain xeheki bere bizitzako gorabeherak testu bat egiteko, alkimikoki literatura bihurtzeko. Bizitza horren hari nagusia, ikusi dugunez, haurtzaroa da, dudarik gabe, «beti ere haurtzaroa». Haurtzaro hartatik dator dena eta hartara doa dena, hark esplikatzen du dena, eta handik abiatuta sortzen da dena edo suntsitzen. Nahitaez kontuan izan beharrekoa dugu

        M.D.ren testu bakoitza haren beste testu baten aztarna dela, bai eta M.D., gaur egungo literaturan funtsezko garrantzia duen idazlea, oro har ulertzeko arrasto ere.

 

Rosa de Diego

Euskal Herriko Unibertsitatea, 1996

(Mikel Garmendiak euskaratua)

 

 

"Marguerite Duras - Maitalea" orrialde nagusia