MAITALEA
Bruno Nuytten-i
Behin, urtetan sartuxea nintzela, gizon bat hurreratu zitzaidan edifizio publiko bateko hall-ean. Bere burua aurkeztu eta esan zidan: «Betidanik ezagutzen zaitut. Ederra omen zinen gaztetan, hala diote denek; nik, ordea, ederrago ikusten zaitut orain gaztetan baino eta hori esatera etorri natzaizu, askoz ere gustukoago dudala zure oraingo aurpegia, aurpegi hondatu hau, orduko neskato aurpegi hura baino».
Askotan etortzen zait pentsamendura irudi hori, nik ez beste inork ikusten duena, eta sekula inori aipatu ez diodana. Hortxe dago beti, isiltasun berean, liluragarri. Horixe dut guztien artean neure buruaren irudi gustukoena, neure buruari antzematen diodanekoa, xoratzen jartzen nauena.
Oso goiz izan zen beranduegi nire bizian. Hemezortzi urterekin beranduegi zen jada. Hemezortzi urtetik hogeita bosterako tarte horretan, ezusteko joera bat hartu zuen nire aurpegiak. Hemezortzi urterekin zahartu nintzen. Ez dakit denei berdin gertatzen zaien, sekula ez dut galdetu. Entzunda nagoela iruditzen zait nola, batzuetan, bizitzako urterik gazteenak, urte loriosenak pasatzen direnean, denborak halako bulkada bat ematen digun. Kolpetik gertatutako zaharkitzea izan zen. Ikusi nuen nola jabetzen zen banan-banan nire hazpegiez, nola aldatzen zuen beren arteko erlazioa, nola handitzen zizkidan begiak, nola bilakatzen zuen tristeago nire begirada, behin betikoago nire ahoa, nola markatzen zidan bekokia arrail sakonagoez. Izutu beharrean, irakurketa batek, esate baterako, nire baitan piztuko zuen interes berberaz jarraitu nion zaharkitze hari. Banekien gainera ez nenbilela oker, moteltzen hasiko zela halako batean prozesu hura eta bere onera etorriko zela. Hamazazpi urterekin ezagutu nindutenak, orduan joan bainintzen Frantziara, zur eta lur geratu ziren handik bi urtera, hemeretzi nituela, itzuli nintzenean. Aurpegi berri hura gorde dut. Hura izan da nire aurpegia. Zahartu da harrezkero, noski, baina ez behar zukeen bezainbeste. Urratua dut aurpegia, zimur idorrez betea, arraildua azala. Ez da desegin aurpegiera fin batzuen antzera, bere hartan diraute aurpegiko ertzek, baina suntsitua du materia. Aurpegi suntsitua da nirea.
Berriro esango dizuet, hamabost urte t'erdi ditut.
Transbordadore bat Mekong ibaian barna. Ibaia alderik alde zeharkatu arte dirau irudiak.
Hamabost urte t'erdi ditut, herri hartan ez dago sasoirik, sasoi bakarra dugu, beroa, monotonoa, lurreko eremu bero eta luzean gaude, ez udaberririk, ez berrikuntzarik.
Estatuaren barnetegi batean nago, Saigonen. Hantxe egiten dut lo, barnetegi hartan, baita otorduak ere, baina klaseak hartzera kanpora joaten naiz, lizeo frantsesera. Nire amak, maistra bera, bigarren mailako ikasketak nahi ditu bere neska txikiarentzat. Bigarren mailako ikasketak beharko ditugu zuretzat. Amarentzat nahikoa izan zena ez da orain aski txikitxoarentzat. Bigarren mailako ikasketak, eta matematikako oposaketa on batzuk gero. Lelo berbera entzunda nago betidanik, eskolan egindako lehen urteetatik. Sekula ez zitzaidan burutik pasa matematikako oposaketei itzuri egiterik izango nuenik, geroko uztearekin ni kontent. Beti ikusi izan dut ama egunero bere seme-alaben etorkizuna antolatzen, baita berea ere. Egun batetik aurrera ez zen gehiago kapaz izan bere seme-alabentzako etorkizun handi-nahirik antolatzeko, eta bestelako etorkizunak antolatu zituen, gose eta miseria gorrikoak, antolaketa horiek ere beren funtzioa betetzen zutelarik halere, aurrean zuen denbora betetzea, alegia. Gogoan ditut nire neba txikiaren kontabilitate-klaseak. Eskola unibertsalekoak, urtez urte, mailaz maila. Egunera jarri beharra dago, esaten zuen amak. Hiru egun irauten zuen, inoiz ere ez lau, inoiz ez. Inoiz ere ez. Postuz aldatzen genuenean utzi egiten genuen Eskola Unibertsala. Berriro hasten ginen beste batean. Hamar urtez eraman zuen amak. Alfer-alferrik. Neba gaztea Saigongo kontable arrunt bilakatu zen. Kolonian Violet eskolarik ez eta, horra zergatik alde egin zuen nire neba nagusiak Frantziara. Urte batzuk pasa zituen Frantzian Violet eskolako ikasketak egiten. Ez zituen burutu. Amak hobe zukeen ilusiorik egin izan ez balu. Ez zuen, ordea, beste aukerarik, bereizi beharra zegoen seme hura beste bí seme-alabengandik. Utzi egin zion urte batzuez familiako partaide izateari. Hura kanpoan zela erosi zuen amak gure lursaila. Abentura ikaragarria, nahiz ikaragarriagoa izango zatekeen guretzat, han geratu ginen haurrentzat, hiltzaile haren presentzia, gaueko haurren, ehiztariaren gaueko haurren hiltzailearena.
Askotan esan izan didate txikitan eguzkia hartu izanari egotzi behar niola, indartsuegi jotzen baitzuen, niri gertatutakoa. Nik, ordea, ez dut halakorik sinetsi izan. Beste batzuetan esan izan didate miseriak haurrak barnerakoi bihurtzen dituelako izan zela. Baina ez, ez da hori. Gosete endemikoaren haur zahartuek bai, baina guk ez genuen goserik pasatzen, haur zuriak ginen gu, guk bagenuen lotsarik, saldu egiten genituen geure altzariak, baina ez genuen goserik pasatzen, otsein bat genuen etxean eta jaten genuen, batzuetan, egia da, zerrikeriak, zango-luzeak, kaimanak, baina zerrikeria haiek otsein batek prestatuak izaten ziren, eta batzuetan muzin egiten genien, jateari uko egitera ere iristen ginen. Ez, zer edo zer gertatu zen hemezortzi urte nituelarik aurpegi hau honelakoa bilakatzeko. Gauez gertatu behar izan zuen. Beldur nion neure buruari, beldur Jainkoari. Eguna argitzean gutxitu egiten zitzaidan beldurra, ez zuen hain izugarria ematen heriotzak. Nire baitan jarraitzen zuen, alabaina, beldurrak. Hil egin nahi nuen, neure neba nagusia, hil egin nahi nuen, behin, behin besterik izango ez bazen ere menderatu egin nahi nuen eta hiltzen ikusi. Aurretik kendu nahi bainion amari bere amodioaren objektua, seme hura, eta zigortu hainbeste maitatzeagatik, hain gaizki, eta batez ere nire neba txikia, nire umetxoa, salbatu nahi nuelako bizi zuen beste bizitza hartatik, neba nagusiarenetik, bere bizia estaltzen zuen hartatik, eguna estaltzen zuen zapi beltz hartatik, gizaki batek, neba nagusiak berak, ordezkatzen eta ematen zuen legetik, animali legea bera, neba txiki haren bizitzako egun bakoitzeko une bakoitza beldurrez betetzen zuena, hainbesteko beldurrez, non behin haren bihotzera heldu eta hil egin baitzuen.
Asko idatzi dut neure familiakoez, baina haietaz idatzi izan dudanean, bizirik zeuden artean ama eta senideak, eta haiei buruz, gauza horiei buruz idatzi izan dut haietaraino beretaraino joan gabe.
Nire bizitzaren historia, ez dago halakorik. Ez dago. Hartan, ez da inoiz erdigunerik ageri. Ez biderik. Ez marrarik. Halako pasarte arrunt batzuk daude, norbait izan zela iradokitzen dutenak, ez da egia, ez zen inor izan. Idatzia dut dagoeneko neure gaztaroko zati ttipi baten historia, gutxi gorabehera, esan nahi dut aditzera eman edo egin dudala, hauxe bera, ibaia zeharkatu genuenekoa. Orain hemen egiten ari naizena bestelakoa da, eta aldi berean antzekoa. Lehen, aldi argiez mintzatu naiz, garai argiztatuez. Orain, berriz, gaztaro hartakoxe aldi estaliez ari naiz, ezkutuan gorde izan ditudan gertakari batzuez, sentimendu batzuez, gertaera batzuez. Idazten hasi nintzen inguruneko jendeak ikaragarri lotsarazten ninduen. Moral-kontua zen idaztea haientzat artean. Orain, berriz, idaztea gehienetan ez bide da deus ere. Horretaz jabetzen naiz batzuetan: gauzak oro elkar nahastekatuz ezerezaren eta haizearen alde egitea ez den ber, idaztea ez da deus ere. Aldiro gauzak oro elkar nahastekatu eta izatez izenik ez duen gauza bakar bilakarazten aritzea ez den ber, idaztea publizitatea besterik ez da. Gehienetan, alabaina, ez dut iritzirik, ohartzen naiz eremu guztiak zabalik daudela, ez dela gehiago harresirik izango, idatzitakoak ez duela non sarturik izango ezkutatzeko, egina izateko, irakurria izateko, ez dela gehiago errespetatuko bere eragozpenik funtsezkoena; horrelakorik ez dut, ordea, aldez aurretik pentsatzen.
Orain konturatzen naiz oso gazte nintzelarik, hemezortzi urte edo hamabost urte nituelarik, halako premoniziozko aurpegia nuela, geroago, nire biziaren erdi aldera alkoholarekin jarri zitzaidanarena. Alkoholak izan zuen Jainkoak izan ez zuen eginkizuna, baita ni hiltzekoa ere, hiltzaile-eginkizuna. Alkohola baino lehenago etorri zitzaidan alkohol-aurpegi hori. Konfirmatu egin zuen alkoholak. Gertagarria zen hori ere nire baitan, banekien, bestelako gertagarriak bezalaxe; denbora baino lehen gertatu zen, ordea, horra. Desioa ere nire baitan zegoen bezalaxe. Plazerraren aurpegia nuen hamabost urterekin nahiz eta plazerra ezagutu ez. Oso indartsua zirudien aurpegi hark. Nire ama ere konturatua zen nonbait. Nire nebak ere bai. Halaxe hasi zen dena niretzat, aurpegi nabarmen, ahitu harekin, denborari aurre hartzen zioten betondo haiekin, halaxe hasi zen esperimentua.
Hamabost urte t'erdi. Ibaia zeharkatzea. Saigonen sartzean, bidaiatu egiten dut, autobusa hartzen dudanean batez ere. Eta goiz hartan Sadec-eko autobusa hartu nuen, hango neska-eskolako zuzendaria baitzen nire ama. Eskolako oporren amaiera zen, ez dakit noizkoena. Amaren funtzionario-etxetxoan pasa nituen oporrak. Eta egun hartan bueltan nentorren Saigona, barnetegira. Bertakoentzako autobusa Sadec-eko merkatutik abiatu zen. Beti bezala, amak lagundu ninduen haraino, bai eta gidariaren ardurapean utzi ere, beti uzten nau Saigongo autobus gidarien ardurapean, badaezpada ere, istripurik, bortxaketarik, pirata-erasorik, transbordadorearen heriotza-matxurarik gertatuko balitz ere. Beti bezala, aurrean jarri ninduen gidariak, berarengandik hurbil, bidaiari zurientzako gordetako lekuan.
Bidaia hartan nabarmendu bide zen irudi hura, orduan iritsi bide zen gailurrera. Benetako bihurtuko zatekeen, argazki bat egin zekiokeen, beste edozein bezalaxe, beste nonbait, beste egoera batean. Baina ez dago halakorik. Ezdeusegia zen objektu hura halakorik probokatzeko. Nork pentsatu behar zuen halakorik? Gertakari hark, ibaia zeharkatze hark, nire bizian izango zuen eragina aurrez ikusi izatez gerotan egin zitekeen soilik. Zeren, gertatzen zen bitartean, ez baitzegoen jakiterik existitzen zenentz ere. Jainkoak baino ez zekien. Horra zergatik irudi hori, ezin bailiteke bestela izan, existitzen ez den. Ezabatua izan da. Ahaztua izan da. Ez da nabarmendu, ez da gailurrera iritsi. Egina ez izate horri zor dio bere bertutea, gauza absolutu bat islatzearena, egilea izatearena, hain zuzen.
Mekong-en adar bat zeharkatzen ari gara, beraz, Vinhlong eta Sadec-en artean dagoen transbordadorean, Kontxintxinako hegoaldeko lohi eta arroz-lautada zabalean, txorienean.
Autobusetik jaitsi naiz. Karelera hurbildu. Ibaiari begira nago. Nire amak batzuetan esaten dit neure bizi osoan ez dudala ikusiko, inoiz ere ez, hain ibai ederrik, hain handirik, hain bizirik, Mekong eta bere adarrak, ozeanorantz jaisten direnak, ur-eremu horiek, ozeanoaren barrunbeetan galduko direnak. Lautadan begien bistatik ezkutatzeraino, ibai horiek arin-arin doaz, jario handian, lur-azalak beherantz egingo balu bezala.
Transbordadore ondora iristean jaitsi egiten naiz autobusetik beti, gauez ere bai, beldurrak egoten bainaiz beti kableek ez ote duten amore emango, ez ote garen itsasorantz arrastaka eramanak izango. Neure biziko azken unea ikusten dut korronte ikaragarri hartan. Hain da indartsua korrontea, ezen den-dena irentsiko bailuke, baita harriak ere, edo katedral bat, edo hiri bat. Denboralea dago ibaiaren ur sakonetan marruka. Haizeak eragina.
Zeta naturalezko soineko bat dut jantzita, maiztua, gardena ia. Amarena izandakoa da, egun batetik aurrera ez zuen gehiago jarri, argiegia iruditu zitzaion eta eman egin zidan. Besorik gabea da soinekoa, eskote handikoa. Zeta naturalak erabiliaren erabiliaz hartzen duen distira dauka. Gogoan dut jantzi hura. Larruzko gerriko bat jarri nion, nire neben gerrikoren bat izango zen. Ez naiz oroitzen zer-nolako zapatak jartzen nituen urte haietan, soineko bat edo bestez baino ez naiz oroitzen. Oinutsik ibiltzen naiz gehienetan, lonazko sandaliatan. Saigongo eskolara joan aurretiko garaiaz ari naiz. Handik aurrera beti jarri izan baititut, noski, zapatak. Egun hartan lame doratuzko takoi-luze pare famatua izango nuen jarrita. Ez zait otutzen zein beste pare izan nezakeen jarrita egun hartan, haiek dira, beraz, jarrita dauzkadanak. Nire amak erositakoak, beherapen beheratuetan. Lame doratu horiek jartzen ditut institutura joateko. Institutura joateko gaueko zapata horiek jartzen ditut, iruditxo distiratsu batzuez hornituak. Halakoxea da nire apeta. Halaxe baino ez nago gustura neure buruarekin, eta oraindik ere halaxe ikusten dut ongi neure burua, takoi altu horiekin, nire biziko lehenak baitira, ederrak, eta ezabatu egin baitituzte aurreko beste zapata guztiak, korrika ibiltzeko eta jolaserakoak, txapalak, lona zurikoak.
Egun hartan bada zerbait ezohikoa, harrigarria, neskatoaren janzkeran, baina ez jantzita dauzkan zapatengatik, buruan jarria duen gizon-sonbreruarengatik baizik, ertz txapalekoa bera, feldro malguzkoa, arrosa-ardaskaren kolorekoa, zinta beltz eta zabal bat jirabueltan daukana.
Sonbreru horrexetan datza irudiaren anbiguitate erabakiorra.
Nire eskuetara nola heldu zen ahaztua dut. Ez zait otutzen nork emana izango zen. Esango nuke amak erosi zidala, nik propio eskatuta. Gauza bakarra dakit: beherapen beheratu bat zen. Nondik nora erosi, alabaina, halako sonbreru bat? Garai hartan, kolonia hartan, ez emakumeek ez neskatoek ez zuten, bakar batek ere ez, feldrozko sonbrerurik, gizon-sonbrerurik janzten. Ezta bertako emakumeek ere. Hara zer gertatuko zen: probatu egingo nuen, nonbait, sonbrerua, txantxetan, besterik gabe, eta dendako ispilura begiratzean, hantxe ikusiko nuen, nonbait, gizon-sonbreruaren pean, irudiaren argaltasun eskergaiztokoa, txikitako oker hura, beste zerbait bilakatua. Aurrerantzean ez zen gehiago halako naturaren elementu gordin, elementu ezinbesteko bat izango. Guztiz bestela, naturaren aukera kontraesankor bilakatu zen, izpirituaren aukera bat. Desiragarri egin zen bat-batean. Bat-batean hara non ikusten dudan neure burua beste bat bainintzen, beste bat izango bainintzen behatua, hor kanpoan, denen eskueran jarria, denen begietara jarria, hirietako zirkulaziora, errepideetara, desiora jarria. Hartzen dut sonbrerua eta ez dut gehiago kenduko, horixe daukat, sonbreru hori, guztiz bere egiten nauena, eta ez dut abandonatuko. Zapatekin gauza bera gertatuko zen segur aski, baina sonbreruarena eta gero. Ez doazkio ondo sonbreruari, baina sonbrerua ere ez doakio batere ondo halako gorputz ezdeusari; niri gustatu egiten, ordea. Zapatak ere ez ditut abandonatuko, alde guztietara daramatzat jantzita, sonbrerua ere bai, kanpora, noiznahi, zernahitarako, hirian barna noa.
Argazki bat aurkitu nuen, nire semearena, hogei urte zituenekoa. Kalifornian azaltzen da bere bi lagunekin, Erika eta Elisabeth Lennard-ekin. Argala da, hain da argala, non ugandar zuri bat dela ere esan bailiteke. Halako irribarre harroa ikusi nion, begirada isekari samarra. Zarpail itxura eman nahi du, gazte arlote batena. Halaxe dago gustura, pobre, pobre-itxura horrekin, gazte argal tankera horrekin. Argazki horrexek du antzik handiena transbordadoreko neskari egin ez zitzaion argazkiarekin.
Bera izan zen ertz txapaleko sonbreru arrosa hura, xingola beltz eta zabalekoa, erosi zuena; balizko argazki hartako emakume hura, nire ama da. Antz handiagoa hartzen diot hantxe oraintsuko argazkietan baino. Etxe bateko ataria, Hanoi-ko Laku Tipian. Elkarrekin gaude, bera eta gu, bere seme-alabak. Nik lau urte dauzkat. Nire ama argazkiaren erdian ageri da. Oso ongi ezagutzen dut haren deserosotasuna, haren irribarre ausentea, argazkia amaitzeko gogoa. Duen neke-aurpegiak, halamoduzko janzkerak eta logura-soak esaten didate bero egiten duela, leher eginda dagoela, aspertu egiten dela. Seme-alabon janzkerak, pobre-janzkera horrek erakusten dit, ordea, nire ama noizean behin sartzen zeneko egoera hura, jadanik, argazki hartan geneukan adinerako aurrez igartzen bagenekiena, nola, bat-batean, gu garbitzeko eta janzteko kemenik gabe gelditzen zen, baita batzuetan guri jaten emateko kemenik gabe ere. Nire amak egunero sentitzen zuen bizitzeko gogorik eza. Batzuetan iraun egiten zion horrek, beste batzuetan joan egiten zitzaion gauez. Zorte horixe izan dut nik, horrelako ama izatea, halako etsipen garbi batek joa, hain etsipen garbia ezen bizi-pozak berak ere, oso handia izanik ere, ez baitzuen, batzuetan, erabat distraitzen. Ez dut sekula jakin izan zer gertakari konkretuk behartzen zuen egunero-egunero gu gisa hartan abandonatzera. Egun hartan, egin berri zuen txorakeriagatik izango zen agian, erosi berri zuen etxearengatik -argazkikoa-, zeinaren beharrik ez baikenuen, eta noiz, gainera, eta nire alta oso gaixorik zegoenean, hiltzeko zorian, hiltzeko hilabete gutxi falta zitzaizkiola. Jakin berria ote zuen senarra hil Zion gaixotasun berberak jota zegoela bera ere? Bat datoz datak. Ez dakit, alabaina, eta berak ere ez zuen jakingo noski, zer-nolako ebidentziak zetozkion burura halako adoregabezia sortzera. Nire aitaren heriotza ote zen, ordurako present zegoena, ala egunarena? Matrimonio hura kolokan jartzea bestela? Senar hura? Seme-alaba haiek? Ala jabego horiek guztiak baino gauza orokorragoren bat?
Eguneroko kontua zen. Ziur dakit hori. Ikaragarria izan behar zuen. Etsipena, egunaren halako une jakin batean azaltzen zen. Eta horren ondotik zetorren aurrera egin ezina, edo logalea, edo deus ere ez batzuetan, edo besteetan, aitzitik, etxeko erosketak, mudantzak, edo baita beste batzuetan umore hori ere, umore hori soilik, lur-jota egote hori, edo, batzuetan, erregina bat, eskatzen zioten guztia, eskaintzen zioten guztia, lakuko etxea, inolako beharrik gabe, nire aita hiltzorian, edo ertz txapaleko sonbreru hura, txikitxoak hain desiratua, edo baita zapata haiek ere, lame doratuzkoak. Edo deus ere ez, edo lo egitea, hiltzea.
Sekula ikusi gabea nintzen horietako pelikularik, indiak horrelakoxe sonbreru ertz txapalekoak jarrita eta trentzak aurrealderantz erorita dituztela azaltzen direnekorik. Egun hartan trentzak dauzkat nik ere, ez ditut bildu beti bezala, baina ez dira beste haiek bezalakoak. Bi trentza luze jaisten zaizkit aurrealdetik, sekula ikusi ez dudan pelikula horietako emakume horiei bezala, baina neskato-trentzak dira halere. Sonbrerua daukadanetik ez dut gehiago ilea biltzen sonbrerua jarri ahal izateko. Denbora batetik hona laxatu egiten dut adatsa, atzeraka orrazten dut, nahiago nuke leuna balitz, gutxiago nabarmenduko balitz. Gauero orrazten dut eta oheratu aurretik berregin egiten ditut mototsak amak erakutsi zidan bezala. Iletsua dut adatsa, ile malguak dira, mingarriak, gerriraino heltzen zaidan ile adats kobre kolorekoa. Dudan gauzarik politena dela esaten didate maíz eta horrek, nik uste, esan nahi du ez naizela guapa. Parisen moztu nuen gero adats eder hori, hogeita hiru urterekin, nire ama utzi eta bost urte geroago. Halaxe esan nion: moztu. Eta hark moztu. Kolpe bakarra izan zen, guraize hotz haiek lepagaina doi-doi ukitu zidaten, egindako obra biribiltzearren. Lurrera erori zen. Eraman nahi nuen galdetu zidaten. Ezetz esan nuen. Harrezkero ez didate esan adats ederra dudanik, ez hainbestetan behintzat, ez lehen, moztu aurretik, esaten zidaten beste, alegia. Bestelakoak esan izan dizkidate harrezkero: begirada polita dauka. Irribarrea ere, ez dago gaizki.
Transbordadorean, begira, trentzak ditut oraindik. Hamabost urte t'erdi. Aurpegia pintatzen hasia naiz ordurako. Tokalon krema ematen dut masailetan, betazpietan ditudan pekak estaltzearren. Tokalon kremaren azpian haragi-koloreko hautsak ditut boteak, Houbigan markakoak. Amarenak dira hauts horiek, Administrazio nagusiko bileretara joateko ematen dituenak. Egun hartan ere gorriz pintatuak ditut ezpainak, gorri ilunez, garai hartan bezala, gerezi kolorez. Ez dakit nola eskuratu nuen ezpainetako margo hura, Hélène Lagonellek ebatsiko zion apika amari niretzat, ez naiz akordatzen. Ez dut perfumerik ematen, nire amaren etxean kolonia-ura dago, kolonia-ura eta Palmolive xaboia.
Transbordadorean, autobusaren ondoan, bada limusina beltz handi bat eta barruan gidaria, kotoi zuriko uniformez jantzia. Horixe da, bai, nire liburuetako hileta-autotzarra.
Léon-Bollée Morris-a da. Frantziaren Kalkutako enbaxadaren Lancia beltzak ez du sarbiderik izan literaturan.
Gidarien eta jaunen artean kristal mugikor horietakoak jartzen dituzte oraindik. Eserlekuak tolesgarriak dira oraindik. Logela baten zabalerakoa da oraindik ere barrutik.
Limusinan gizon dotore-dotore bat dago niri begira. Ez da zuria. Europarren janzkera du, kotoizko jantzi zuri horietakoa du jarrita, Saigongo bankeroena bezalakoa. Begira daukat. Ohituta nago begiratua izatera. Kolonietako neska zuriei begiratzen diote, baita hamabi urteko neska zuriei ere. Joan deneko hiru urteetatik hona zuriek ere begiratzen didate kalean barna noanean eta nire amaren lagunek adeitasunez eskatzen didate beren etxera merendatzera joateko beren emazteek kirol klubean tenisean aritzen diren bitartean. Engaina nezake neure burua eta pentsatu ederra naizela, emakume eder horiek bezala, emakume begiratuak bezala, zeren, egia esan, asko begiratzen bainaute. Badakit, ordea, ez dela edertasun kontua, beste zerbait baizik, hala nola, horixe, beste zerbait, nortasun-kontua esate baterako. Zer irudi eman nahi dudan, huraxe ematen dut, baita eder-irudia ere, hala ikusi nahi banaute, eder, edo polit, familiarendako polit, familiarendako baino ez, nigan ikusi nahi dutena, huraxe bihur naiteke. Eta sinetsi. Sinetsi, gainera, zoragarria naizela.
Behin sinetsita nagoenean, benetan bihurtzen naiz zoragarri halaxe ikusten nautenentzat eta halaxe, beren gustuen moldean, ikusi nahi nautenentzat, hori ere badakit. Halatan, zoragarria izan naiteke, nahita, baita neure nebaren heriotza-aiztokadak ikaraturik naukanean ere.
Heriotzarako konplize bakarra: ama. Nire ingurunean, haurren ingurunean erabiltzen zuten adieran darabilt zoragarri hitza.
Konturatuta nago. Badakit zerbait. Badakit ez dituztela jantziek egiten emakumeak eder, ez edertzeko tratamenduek, ez ukendu garestiek, ez bitxitasunak, ez apaingarriek ere. Badakit beste nonbait dagoela koska. Ez dakit non. Horixe besterik ez dakit, ez dagoela emakumeek uste duten horretan.
Emakumeei begira geratzen naiz, Saigongo karriketan, oihaneko postuetan daudenei. Oso ederrak dira batzuk, zuri-zuriak, kontu handiz zaintzen dute bere edertasuna hemen, oihaneko postuetan batez ere. Ez dute deus egiten, zain daude, besterik gabe, gauza haien guztien zain: Europa, maitaleak, Italiako oporrak, sei hilabeteko baimen luzeak, hiru urtean behin izaten dituztenak, horietan izango baitute behingoz mintzatzeko aukera, hemen gertatzen denaz, hain berezia den koloniako bizimodu honetaz, zuhaitz-landareez, dantzez, landetxe zuri handi hauetaz, bertan galtzeko moduko landetxetzar horietaz, funtzionario destinatuen bizileku diren horietaz. Zain egoten dira. Janzten dira, deusetarako ez bada ere. Norbere buruari begira egoten dira. Han egoten dira, landetxe haietako itzaletan, norbere buruari begira, gerorako, eleberri batean bizi direlakoan, beteak dituzte dagoeneko arropategi zabal horiek, arropa horiekin guztiekin zer egin ere ez dakitela, bata bestearen ondoan pilatzen dituztela, denbora bezala, egunak joan eta egunak etorri, zain eta zain. Batzuk erotu egiten dira. Batzuk abandonaturik uzten dituzte beren neskameek, isilik geratu ohi diren neskameek. Abandonaturik. Entzun egiten da nola heltzen zaien hitz hori, egiten duen zarata, ematen duen zaplaztadarena. Bere buruaz beste egiten dute batzuek.
Emakumeak beren buruaren kontra aritze hori beti iruditu izan zait oker bat.
Ez zen erakargarri izaten saiatu behar, ez zen hori. Norberaren baitan zegoen erakargarritasuna ala ez zegoen halakorik. Lehen begiradatik beretik zen bat erakargarri ala ez zen sekula erakargarri. Berehalakoan antzematen den sexu-harremana zegoen ala ez zegoen deus ere. Hori ere esperimentua baino lehen jakin nuen.
Hélène Lagonelle zen okerraren legetik salbatzen zen bakarra. Atzera samar gelditua txikitan.
Denbora askoan egona naiz neure soinekorik gabe. Zaku moduko batzuk dira nire soinekoak, amaren soineko zaharrez eginak, zaku moduko batzuk haiek ere. Aparte utzita amak niretzat eginarazitakoak, Dô-ri eginarazten dizkionak. Neskamea bera, nire ama sekula abandonatuko ez duena, ezta Frantziara itzuliko denean ere, ez neba nagusia Sadec-eko funtzionario-etxean bera bortxatzen saiatuko denean ere, ez eta sosik jasoko ez duenean ere. Mojetan hezia da Dô, bordatu eta tolesdurak egiten ditu, eskuz josten du, mendeak dira hark bezala ez duela inork josten, ileak bezain jostorratz mehez. Bordatzen duenez, izarak bordarazten dizkio amak, tolesdurak egiten dituenez, niretzako jantzi tolesduradunak eginarazten dizkio amak, halako zaku batzuk bailiran geratzen zaizkit, modaz paseak dira, ume-jantziak beti, bi tolesdura-lerro aurreko aldetik eta lepoko biribiltxoa, edota hegal osagarriak «goi mailako jostura»ren itxura ematearren. Zaku batzuen modura janzten ditut soineko horiek, eta gerriko batez itxuraldatzen, hala betiereko bihurtzen direlarik.
Hamabost urte t'erdi. Argala da gorputza, ahula la, haur-bularrak oraindik, arrosa xuriz eta gorriz makilatua. Eta gainera soineko hori, barregarri gerta litekeena baina inork barre egiten ez diona. Argi ikusten dut hortxe dagoela dena. Hortxe dago dena eta oraindik ez da deus ere gertatu, begietan ikusten dut, den-dena dago jadanik begietan. Idatzi egin nahi dut. Esana diot amari: horixe nahi dut nik, idatzi. Estreinakoan, erantzunik ez. Gero, galdetzen dit: idatzi zer? Liburuak, diot, eleberriak. Gogor botatzen dit: matematika-oposaketak amaitu eta gero, idatzi, nahi baduzu, horrek ez dit axola. Kontra dago, idazteak ez du meriturik, ez da lana, kontu bat da -geroago esango dit: haur-fantasia bat.
Hortxe dago feldrozko sonbrerudun neskatoa, ibaiaren lohizko argitan, transbordadoreko zubian bakarrik, besoak pausatuta. Gizon-sonbreruak arrosa-kolorea ematen dio eszena osoari. Horixe da kolore bakarra. Ibaiko brumazko eguzkipean, beroaren eguzkipean, ezabatu egiten dira ibai-ertzak, ibaiak eta ikusmugak bat egiten dutela dirudi. Isil-isilik doaz ibaiko urak, batere hotsik egin gabe, odola gorputzean. Uretatik kanpo haizerik ez. Transbordadorearen motorea, irudi hartako hots bakarra, bielak erreta dauzkan motore zahar erdi puskatu batena. Tarteka-marteka, indar gutxiko boladetan, ahots-marmarra. Eta zakurren zaunkak gero, nonahitik datoz, brumaren atzetik, herrixka guztietatik. Neskatoak txikitandik ezagutzen du txaluparia. Neskatoari irribarre egin eta zuzendari andrearen berri galdetzen dio txalupariak. Sarri ikusten omen du pasatzen, gauez, maiz joaten omen da Kanboiako lursailera.
Ama ongi dago, dio neskatoak. Transbordadorearen inguruan, ibaia, kareleraino hazia, eta dakartzan urak arroz-soroetako ur geldien erditik pasatzen dira, ez dira nahasten. Tonlesap oihan kanboiatarretik hona bidean aurkitutako oro ekarri du arrastaka. Arrastaka dakar aurrean jartzen zaion zernahi, lastozko etxolak, tigreak, bufaloak, itoak, gizon itoak, beitak, ur-hiazintozko irla elkarri itsatsiak, den-dena doa Ozeano Barerantz, deusek ez du hondoratzeko astirik, oro darama berekin barne-korrontearen ekaitz sakon eta zorabiozkoak, oro dilindaka ibai indartsuaren ur-azalean.
Halaxe erantzun nion, idatzi egin nahi nuela, oroz gain idatzi, beste deus ere ez, deus ez. Jeloskor dago ama. Erantzunik ez, begiradatxo labur bat, berehalakoan desbideratua, besagainak pixka bat jasotze hura, ezin ahazteko modukoa. Ni izango naiz aurrena alde egiten. Urte batzuk pasatuko dira galduko nauen arte, neskato hura, orduko neskato hura galduko duen arte. Semeei dagokienez, ez zegoen deusen beldur izan beharrik. Neskatoak, ordea, egun batean, bazekien hori, alde egingo zuen, libratzea lortuko zuen. Lehena frantsesean. Hala esan dio institutuko zuzendariak: zure alaba, andrea, lehena da frantsesean. Amak ez du deus esan, deus ere ez, ez dago kontent, ez baitira bere semeak frantsesean lehenak, zer nazka, nire amak, nire ama maiteak dio: eta matematikan? Erantzun diote: oraindik ez andrea, iritsiko da hori ere. Amak galdetu du: noiz iritsiko da? Berak nahi duenean, andrea, haiek erantzun.
Nire ama, nire maitea, itxura sinestezineko hori, Dôk konpondutako kotoizko galtzerdi horiekin, Tropikoetan eskolako zuzendari andrea izateko galtzerdiak jarri beharra dagoela uste du oraindik ere, soineko negargarriak, desitxuratuak, Dôk konponduak, iritsi berria da lehengusinez beteriko Pikardiako etxaldetik, azkenetaraino erabiltzen ditu, beharrezko delakoan dago, irabazi egin behar direla, bere zapatak, azkenetan daude haren zapatak, zeharka ibiltzen da, asko kostata, adatsak teinkatuak eta motots txinatar batean bilduta, gure lotsarako, lotsarazi egiten nau kalean, institutu aurrean, bere B.12an institutu aurrera iristen denean begira geratzen zaizkio denak, ama ez da deusez konturatzen, behin ere ez, giltzapetzea da berea, zigortzea, hiltzea. Niri begiratu eta esaten dit: zuk lortuko duzu, agian, hortik ihes egitea. Gau eta egun, ideia berbera buruan. Kontua ez da zerbait lortu beharra, norberak dagoen lekutik alde egin beharra baizik.
Bere onera etortzean, desesperaziotik irtetean, gizon sonbreruari eta lame doratuei erreparatu die. Hori zer den galdetu dit. Deus ere ez, nik. Begira geratu zait, gustatzen zaio, irribarre egin du. Ez dago gaizki, dio, ez dizu gaizki ematen, beste gauza bat da hori. Ez du galdetzen berak erosi duenentz, badaki baietz. Badaki kapaz dela horretarako, batzuetan, lehen aipatu ditudan aldarte horietan, zernahi atera dakiokeela, ezin izaten duela deus ere egin gure kontra. Ez da batere garestia, diot nik, ez kezkatu. Nondik atera den galdetzen dit. Vatinat karrikatik, nik erantzun, beherapen beheratuenetatik. Begi onez begiratzen dit. Adore-seinaletzat dauka, nonbait, neskatoaren irudimen hori, bere burua janzteko modu bat asmatu izan hori. Barregarrikeria hori, desegokitasun hori ontzat eman bakarrik ez, baina gustatu ere gustatzen zaio halako desegokitasuna berari, alargunen gisara hain andre formala denari, klaustroan itxitako mojen gisara kolore grisaxkaz janzten denari.
Miseriarekiko lotura ere hortxe dago, gizon-sonbreru horretan, zeren etxera dirua ekarri beharra izango baita, nola edo hala ekarri egin beharko da. Amaren ingurumarian desertua dago, semeak, desertua, ez dute deus egingo, lur gaziek ere ez, dirua alferrik galdua, ahitua. Neskato hura gelditzen da, hazten ari dena eta egunen batean, agian, etxera dirua ekartzen jakingo duena. Horra zergatik uzten dion amak, hark ez jakin arren, kalera neskato prostituitu baten gisan jantzirik ateratzen. Eta horrexegatik daki neskatoak ere berari eskaintzen dioten arreta desbideratzen, berak diruari eskaintzen dion aldera. Irribarrea sorrarazten du horrek amarengan.
Diru bila ariko denean amak ez dio halakorik eragotziko. Neskatoak esango du: bostehun piastra eskatu dizkiot Frantziara itzultzeko. Amak esango du ongi dela, horixe dela Parisen bizitzen jartzeko behar dena, honela: aski da bostehun piastrarekin. Neskatoak badaki egiten duena, berak egiten duena, horixe hautatu izango zukeela amak bere alabarentzat, baldin eta ausartu izan balitz, hartarako indarrik izan balu, halakorik pentsatze hutsak eragindako oinazea egunero present egongo ez balitz, ahulgarri.
Nire liburuetan, nire haurtzaroari buruzko kontakizunetan, oraintxe ez dakit zer ezkutatzen saiatu naizen, zertaz hitz egin dudan, esango nuke gure amarengana sentitzen genuen maitasunaz aritu naizela, baina ez dakit harengana orobat sentitzen genuen gorrotoaz aritu naizen, edota elkarrengana sentitzen genuen maitasunaz eta gorrotoaz, izugarria baitzen gorroto hura, hondamendi eta heriotzazko historia amankomuneko honetan, halakoxea izan baitzen gure familiaren historia nolanahi ere, nola maitasunezkoa hala gorrotozkoa, nik neuk ere ez baitut oraindik ulertzen, eskuragaitza baitzait, nire azalaren alderik sakonenean ezkutatua, itsu, haur jaio-berri baten gisan. Eremu horretxen baitan hasten da isiltasuna. Horixe da hor gertatzen dena, isiltasuna, nire bizi osoko lan geldo hori. Hortxe nago oraindik, deabruak hartutako haur horien aurrean, misterioarekiko distantzia berberean. Inoiz ez dut idatzi idazten ari nintzelakoan, inoiz ez dut maitatu maitatzen ari nintzelakoan, ate itxiaren aurrean zain egon besterik ez dut egin inoiz.
Mekongeko transbordadorean nagoen egun hartan, limusina beltzarenekoan, alde egin gabe dago artean nire ama urtegiko lursailetik. Aldian behin, harainoko bidea egiten dugu oraindik ere, lehen bezala, gauez, hirurak joaten gara oraindik ere hara, egun batzuk pasatzera. Hantxe gelditzen gara, bungalowaren begiratokian Siam mendiaren aurrean. Handik itzuli egiten gara gero. Zereginik batere ez du bertan, baina berriro itzultzen da leku hartara. Neba gaztea eta biok amaren aldamenean gaude, begiratokian, oihanaren aurrez-aurre. Handiegiak gara orain, orain ez gara gehiago ibaian bainatzen, ez gara gehiago bokaletako lokatzetara pantera beltza harrapatzera joaten, ez gara gehiago oihanera joaten ezta piper-soroetako herrixketara ere. Jadanik ez da haurrik ikusten, ez bufaloen gainean, ez beste inon. Harrapatu egin gaitu gu ere harridurak, eta nire amaz jabetu den geldotasun bera jabetu da gutaz ere. Horixe ikasi dugu, deus ez, oihanari so egiten, zain egoten, negar egiten. Beheko parteko lurrak galduta daude betiko, goiko parteko alorrak landatzen dituzte morroiek, utzi egiten diegu arroza, hantxe aritzen dira soldatarik gabe, nire amak eginarazitako lastozko etxolak erabiltzen dituzte. Beren familietako kide bagina bezala maite gaituzte, bungalowa bizirik mantenduko balute bezala aritzen dira eta hala dute mantentzen, bizirik. Baxera xaharrari ez zaio deus falta. Euriak usteldutako teilatua desagertuz doa. Altzariak garbi daude halere. Eta hortxe jarraitzen du bungalowaren irudiak, garbi, marraztua bailitzan, bidetik ikusteko moduan. Egunero zabaltzen dira hango ateak haizea sartu eta zura lehortu dadin. Eta gauez itxi egiten zaizkie zakur deslaiei, mendiko kontrabandistei.
Hala beraz, ez zen Réam-go kantinan izan, horra, lehen hala idatzi arren, ez nuen han ezagutu limusina beltzeko gizon diruduna, lursaila utzi eta gero izan zen, handik bizpahiru urtetara, transbordadorean, aipatzen ari naizen egunean, bruma eta berozko argi haren pean.
Lehen topo-egite hartatik urte t'erdira itzuliko da nire ama gurekin Frantziara. Altzariak oro salduko ditu. Eta gero urtegira joango da azkeneko aldiz. Begiratokian eseriko da sartaldera begira, Siam aldera begiratuko dugu beste behin, azkenekoz, ez da beste aldirik izango, zeren, iritziz aldaturik Frantzia utzi eta berriro Indotxinara, Saigonen erretiru hartzera itzuliko bada ere, ez baita gehiago jarriko mendi haren aurrean, oihan haren gaineko zeru hori-berdexka haren aurrean.
Bai, horixe, nioenez, bere bizian berandu samar zelarik, berriro hasi zen. Frantseseko eskola bat egin zuen, Frantses Eskola Berria, eta hari esker pagatu ahal izango ditu, hein batean, nire ikasketak eta hari esker mantendu ahal izango du amak bere seme nagusia, biziko den artean.
Bronkoneumonia batek eraman zuen neba gaztea, hiru egunetan, haren bihotzak ez zuen jasan. Orduantxe aldendu nintzen amarengandik. Japoniarren okupazio-garaian. Egun hartan dena amaitu zen. Sekula ez nion deus galdetu gure haurtzaroari buruz, berari buruz. Niretzat, neba gaztearen heriotzarekin hil zen ama. Baita neba nagusia ere. Ezin izan nuen gainditu bat-batean sentiarazi zidaten izu hura. Orain ez didate axola. Egun hartaz geroztik ez nuen gehiago haien berririk izan. Oraindik ez dakit nola lortu zuen chetty-ekin zituen zorrak kitatzea. Egun batetik bestera ez ziren gehiago azaldu. Ikusten ari naiz. Eserita daude Sadec-eko egongelatxoan, oihalezko gerripeko zuriz jantziak, hantxe daude, hitzik egin gabe, hilabeteak, urteak. Nire amaren ahotsa, lanturuka eta haiei irainka, bere egongelan dago, ez du irten nahi, oihu egiten du utz dezaten, gor daude, lasai, irribarretsu, hantxe gelditzen dira. Eta gero, egun batean, akabo dena. Orain hilda daude ama eta bi nebak. Oroitzapenetarako ere beranduegi da jada. Dagoeneko ez ditut maite. Ez dakit inoiz maite izan ote nituen. Abandonatu egin nituen. Joana da dagoeneko nire burutik haien azalaren perfumea, bai eta nire begietatik haien begien kolorea ere. Jadanik ez dut gogoratzen ahots hura, arratseko nekearekin etortzen zen eztitasun hura besterik ez. Dagoeneko ez dut entzuten barre hura, ez barrea ez eta oihurik ere. Akabo, ez naiz akordatzen. Horrexegatik ari naiz orain hari buruz idazten, honen erraz, honen luze, honen jariotsu, korriente idaztera heldu naiz.
Emakume hura 1932tik 1949ra bitartean egongo zen Saigonen. 1942ko abenduan hil zen nire neba gaztea. Harrezkero ez zen gauza izan inondik inora mugitzeko. Han omen dago oraindik, hilobitik hurbil, dio. Eta gero Frantziara itzuli zen azkenean. Berriro elkar ikusi genuenerako bi urte zituen nire semeak. Beranduegi zen elkartzeko. Lehen begiratuan ohartu ginen horretaz. Ez zegoen elkartzeko arrazoirik batere. Seme nagusiagatik ez balitz, akabua zen gainerako guztirako. Loir-et-Cher-era joan zen, Louis XIV gaztelu faltsura, bertan bizi eta hiltzera. Dôrekin bizi zen. Beldurra zion oraindik ere gauari. Erosia zuen fusil bat. Dô zelatan egoten zen gazteluko azken solairuko gela teilatupekoetan. Lur-eremu bat ere erosi zuen Amboise ondoan bere seme nagusiarentzat. Bazituen basoak. Botarazi zituen basoko zuhaitzak. Pariseko baccara klub batera joan zen sosak jokatzera. Gau batean galdu zituen basoak. Baso haien dirua galdu ondokoan tolesten zait bat-batean oroitzapena, orduantxe isurarazi dizkit segur aski malkoak neba nagusiak. Gauza bakarra dakit, autoan etzanda aurkitzen dutela, Montparnassen, Coupole-ren aurrean, hil egin nahi duela. Handik aurrera, ez dakit deus. Irudikaezina da zer egin zuen, amak, gazteluarekin, dena seme nagusiarentzat beti, berarentzat, dirurik irabazten ez dakien berrogeita hamar urteko mutikoarentzat. Inkubadora elektrikoak erosi eta beheko solairuko areto handian jartzen ditu. Seiehun txitoren jabe bihurtzen da kolpetik, berrogei metro karratu txito. Infragorriak behar bezala erabiltzen asmatu ez eta txito bakar batek ere ez du elikatzerik lortzen. Seiehun txito haien mokoak ez dira egokiak, ez dituzte ondo ixten, lehertu egiten dira gosez, ama ez da berriro hasiko. Txitoak jaio zirenean egon nintzen ni gazteluan, festa zen. Gero, halakoa da txito hilei eta haien janari darien kiratsa ezen ez bainaiz gauza amaren gazteluan ezer jateko oka egin gabe.
Dô eta seme deitzen zion haren artean hil zen, lehen solairuan zuen logelatzar hartan, non ardiak sartzen baitzituen lotara, lauzpasei ardi jartzen zituen bere ohearen inguruan izotza zenean, zenbait negutan, azkenekoetan.
Hantxe ulertu nuen, azkeneko etxe hartan, Loirakoan, behin bere aiko-maiko etengabea amaitu zuenean, familia haren arazoak bukatu zirenean, orduantxe ohartu nintzen lehendabizikoz eromenaz argi eta garbi. Orduan ulertu nuen argi eta garbi ama erotuta zegoela. Konturatu nintzen DU eta nire nebek beti izan zutela eromen haren berri. Eta nik, ordea, ez, artean ez nuela ikusi. Sekula ere ez nuela ikusi ama halako eromen-trantzean. Erotuta zegoen. Jaio zenetik. Odolean zeukan. Ez zegoen eromen hura zela-eta gaixorik, osasuna bezalaxe bizi zuen. Dó eta neba nagusiaren artean. Beste inork ez zekien horren berri. Lagun asko izan zituen beti, urte askoan eutsi izan zien lagunei eta beti izan zituen lagun berriak, oso gazteak batzuetan, oihaneko portuetatik iritsi berrien artekoak, edo baita geroago Turebako jendearen artekoak ere, horietako batzuk kolonia frantsesetako erretiratuak. Eutsi egiten zion jendeari, zeinahi adinekoari, bere inguruan, zuen buru-argitasunarengatik omen, hain bizia, bere alaitasunarengatik, sekula bazter uzten ez zuen bere naturaltasun paregabearengatik.
Ez dakit nork egin zuen desesperazioaren argazki hura. Hanoiko etxe-atarikoa. Aitak egingo zuen beharbada azkenekoz. Handik hilabete gutxira Frantziara eraman zuten atzera osasun-gorabeherak zirela eta. Hori baino lehen, aldatu egin zioten lan-lekua, Pnom Penh-a bidali zuten. Aste batzuk eman zituen han. Handik urtebete pasa aurretik hil zen. Amak errefusatu egin zion hari Frantziara laguntzea, zegoen lekuan bertan geratu zen, hantxe tinko. Pnom-Penh-en. Mekong-i begira dagoen erresidentzia ikusgarri hartan, Kanboiako erregearen jauregi izana baitzen, parke ikaragarri haren erdian, hektarea haietan, non nire amak ikara sentitzen duen. Gauak ikaratu egiten gaitu. Laurok ohe berean egiten dugu lo. Gauaren beldur dela dio amak. Erresidentzia hartantxe izan zuen amak nire aitaren heriotzaren berri. Telegrama jaso aurretik jakin zuen, bezperatik, berak beste inork ikusten eta ulertzen jakin ez zuen zeinu baten bidez, txori baten bidez, zeinek oihu egin baitzuen gauaren erdian eroturik, galdurik, nire aitaren jauregiaren iparraldeko bulegoan. Hantxe aurkitu zen, nire ama, senarra hil eta egun batzuetara, gauaren erdian orduan ere, bere aitaren, aitaren beraren irudiarekin aurrez aurre. Argia piztu du. Hortxe dago. Mahaiaren ondoan, zutik, jauregiko areto oktogonal hartan dago, amari begira. Oihu bat dut gogoan, deiadar bat. Esnarazi gaitu gertatutakoa kontatzeko, nola zegoen jantzita, igandeko trajearekin, traje gris harekin, burua goiti eta begirada zuzena, zuzenean gure amari begira. Txikia nintzenean bezala deitu diot, esan digu. Ez naiz beldur izan, esan digu. Korrika egin zuen desagertutako irudirantz. Txorien eta irudien ordu eta egunetan hil ziren biak ala biak. Horrexegatik sortzen zuen gure baitan, dudarik gabe, halako mira gure amaren jakituriak, gauza guztien gainekoak, baita heriotzaren gainekoak ere.
Gizon dotorea limusinatik jaitsi da, zigarro ingeles bat erretzen. Begira geratu zaio neskari, gizon-sonbrerua eta zapata doratuko neskari. Mantso-mantso hurreratzen zaio. Bistan da: izuturik dago. Hasieran, irribarrerik ez. Zigarro bat eskaintzen dio aurrenik. Dar-dar egiten dio eskuak. Hortxe dago arraza-desberdintasuna, ez da zuria, gainditu beharra dauka hori, horregatik ari da dardarka. Ez duela erretzen, hark erantzun, ezetz, eskerrik asko. Ez dio besterik, ez dio esaten utzi bakean. Apaldu egiten dio horrek beldurra. Ametsetan ari dela iruditzen zaiola esan dio orduan. Erantzunik ez. Ez du merezi erantzutea, zer erantzun gainera. Zain gelditu da. Eta gizonak galdetu dio: nondik zatoz, baina? Sadec-eko nesken eskolako zuzendariaren alaba dela dio. Pentsatzen jarri eta dio entzunda dagoela andre hartaz hitz egiten, haren amaz, Kanboian erositako lursailarekin izandako zorte txarraz, ezta? Bai, halaxe da.
Berriro dio arras ezohikoa dela bera transbordadore hartan ikustea. Goizean goiz, hain neska ederra, zu ez zara konturatzen, oso bitxia da, neska zuri bat bertokoen autokar batean.
Ongi geratzen omen zaio sonbrerua, are gehiago dena, oso ongi, zera ere badela... horixe, orijinala... gizonezko sonbreru bat, zergatik ez?, hain da neska polita, edozer jarrita ere.
Neska begira geratu zaio. Nor den galdetu dio. Parisen ikasketak egitetik itzulia omen da, Sadec-en bizi omen da bera ere, ibaiaren gainean hain justu, adreilu azuleko balaustratuekiko terraza handiak dituen etxetzar hartan. Nongoa den galdetu dio. Txinatarra omen da, Txinako iparraldetik etorria omen da haren familia, Fu-Chuen-dik. Utziko al didazu Saigon-a, zure etxera eramaten? Onartu dio. Auto-gidariari agindu dio har dezala autokarretik neskaren ekipaia eta sartzeko auto beltzean.
Txinatarra. Jatorriz txinatarra eta koloniako herritarren etxebizitza guztien jabe den gutxiengo finantziero horretakoa da. Gizon huraxe zen egun hartan Mekong ibaia zeharkatzen ari zena Saigon aldera.
Sartu da auto beltzean. Berriro ixten da ateka. Bat-batean halako estuasun bat, ia somatu ere egiten ez dena, halako neke bat, ibaiko argia lausotu egiten da, doi-doi halere. Halako gorraize bat, oso arma hura ere, lainoa, alde guztietatik.
Handik aurrera ez dut gehiago bidaiarik egingo bertakoendako autokarrean. Limusina bat izango dut institutura joateko eta atzera barnetegira itzultzeko. Hiriko jatetxe dotoreenetan afalduko dut. Eta hortxe jarraituko dut, zer ere egingo dudan, zer ere utziko dudan, zer ere hartuko dudan, oro deitoratuz, nola gauza onak hala txarrak ere, autokarra, autokarreko gidaria, barre eginarazten zidana, atzeko eserlekuetako andre xahar betel-mastekatzaileak, portaekipaiaren gaineko haurrak, Sadec-eko familia, Sadec-eko familiaren izugarrikeria, familiaren isiltasun berebizikoa.
Gizona hizketan zihoakion. Faltan somatzen omen zuen Paris, paristar adoragarriak, parrandak, jaiak, ah la la, la Coupole, la Rotonde, nik nahiago la Rotonde, gaueko boîteak, han emandako bi urte «izugarri» haiek. Eta neskak entzun, hark bere hitzaldian botatzen zituen datuei adi, bere aberastasuna erakusten zuten datuei, zeren datu horietatik atera baitzezakeen zenbat milioi zituen gizon hark. Eta gizonak kontu-kontari segitzen zuen. Hila zuen ama, seme bakarra zen. Aita besterik ez zitzaion geratzen, diruaren jabe zen aita. Baina badakizu zer den hori, hantxe dago joan deneko hamar urteetan, bere opio-pipari atxikia, bere landa-ohetik gobernatzen ditu diruak. Eta neskak baietz, ulertzen duela.
Ez du onartuko semea Sadec-eko postuko putaxka zuriarekin ezkontzerik.
Gizon hura karel ondora, neskato zuriarengana hurreratu baino askoz ere lehenago hasten da irudia, limusina beltzetik jaisterakoan hain zuzen, neskatoarenganantz abiatzen denean, eta neskatoak bazekien, bazekien gizona beldur zela.
Hasiera-hasieratik ikusten du halako zerbait, bere menpe daukala gizon hura. Horrenbestez, bere menpeko izan litezke beste gizon batzuk ere, hala egokituz gero. Beste zerbait ere ikusten du, badaki heldua dela zalantzarik gabe unea eta ez duela handik aurrera ihes egiterik izango bere buruarekiko dituen halako betebehar batzuetatik. Eta amak ez duela deus ere jakin behar, ezta nebek ere, egun hartantxe jakin zuen hori ere. Auto beltzean sartu denetik jakin du, familia horretatik kanpo dago lehenengo aldiz eta betiko. Aurrerantzean ez dute berari gertutakoez deus ere jakin beharko. Kendu egingo diete neskatoa, eraman, zauritu, hondatu, eta haiek ez dute, haatik, deus ere jakin beharko. Ez amak, ez nebek. Halakoxea izango da, aurrerantzean, bere patua. Limusina beltzean bertan negarrez hasteko modukoa.
Neskatoa aurrez aurre geldituko da orain gizon horrekin, lehenarekin, transbordadorean azaldu den harekin.
Oso azkar gertatu zen egun hartan, ostegun hartan. Egunero joaten zitzaion bila institutura handik barnetegira eramateko. Behin, barnetegira joan zitzaion ostegun arratsalde batez. Auto beltzean eraman zuen.
Cholen auzoan. Hiri txinatarra Saigongo erdigunearekin lotzen duten bulebarren kontrako norabidetik, hiribide amerikar horien antzekoak, tranbiak erditik, gizon batek karriaturiko gurditxo txinatarrak, autobusak. Arratsaldeko lehen orduak. Ihes egin du nesken paseo derrigorrezkotik.
Hiriko hegoaldean dagoen apartamentu bat da. Leku modernoa, arinki jantzia nolabait esatearren, modern-styleko altzariz. Gizonak dio: ez dira nik aukeratuak altzariak. Argi guti sartzen da apartamentuan, baina neskak ez dio pertsianak zabaltzeko eskatzen. Hantxe dago, sentimendu jakinekorik ez, gorrotorik ez, higuinik ere ez, desioa da jadanik, dudarik gabe. Berak ez daki. Onartu egin zuen bart arratsean gizonak hara joateko eskatu zionean. Egon behar duen lekuan dago, desterratua. Beldur pixka bat somatzen du. Beldur hori ez dagokio, nonbait, espero duenari soilik, baizik eta hain zuzen ere berari gertatuko zaionari. Adi-adi erreparatzen dio gauzen kanpoaldeari, argiari, hiriaren burrunbari, burrunba haretxen erdian baitago gela hura. Hasieran, begira geratzen zaio neskatoak zerbait esango duelakoan, baina neskatoak ez du hitzik esaten. Hala, gizona ere geldirik geratzen da, ez du biluzten, erotuki maite duela dio, ahapeka. Eta isilik geratzen da. Neskak ez dio erantzuten. Esan ziezaiokeen ez duela maite. Ez du deus esaten. Badaki, hantxe, momentu hartantxe konturatuta daki gizon hark ez duela ezagutzen, ez eta sekula ezagutuko ere, ez duela biderik hainbesteko perbertsitateaz konturatzeko. Ez eta neskatoa harrapatzeko itzulinguruka aritzeko ere, ez du sekula lortuko. Neskatoari dagokio jakitea. Badaki. Gizonaren ezjakintasunetik abiaturik, bat-batean badaki: transbordadorean bertan gustatu zitzaion. Gustatzen zaio gizon hura, neskaren baitan dago dena.
Neskak dio: nahiago nuke maite izango ez baninduzu. Eta maite banauzu ere, nirekin emakumeekin jarduten duzun bezalaxe nahi nuke jardutea. Ikarak jota bezala begiratu dio, eta galdetu: nahi duzu? Baietz erantzun dio. Hantxe hasi da sufritzen gizona, gela hartan, lehendabizikoz, harrezkero ez du gezurrik esango horri buruz. Neskari esan dio badakiela ez duela sekula maite izango. Utzi egiten dio hitz egiten. Hasieran neskak dio ez dakiela. Gero utzi egiten dio hizketan jarraitzen.
Gizonak dio bakarrik dagoela, ikaragarri bakarrik neskarenganako sentitzen duen amodio horrekin. Neskak dio bera ere bakarrik dagoela. Ez dio esaten zerekin. Gizonak dio: beste edozeini jarraituko zeniokeen bezalaxe jarraitu didazu honaino. Neskak erantzun dio esanez ez duela hori jakiterik, sekula ez baitio inori jarraitu gelaraino. Esan dio ez duela nahi hizketan egin diezaion, joka dezala apartamentura eramaten dituen emakumeekin bezala, horixe nahi duela. Arren hala jokatzeko eskatu dio.
Soinekoa brast kendu dio eta lurrera bota, kotoi zuriko slipa brast kendu eta ohera darama halaxe, biluzik. Ohearen beste aldera buelta eman eta negarrari eman dio orduan gizonak. Neska, emeki, eramankor, gizona berarengana erakarri eta biluzten hasi da, begiak itxita, poliki-poliki. Mugitzen saiatzen da gizona neskari bera biluzten laguntzearren. Ez mugitzeko eskatu dio. Utzi niri. Berak egin nahi omen du. Bai egin ere. Biluztu du. Gizonak, neskak hala eskatuta, ohearen alde batera egiten du gorputzarekin, apenas ordea, pixkatxo bat, neska ez esnatzeko bezala.
Leun bezain dotorea da azala. Gorputza. Argala da gorputza, indarrik gabea, eri egon zitekeen, makal, ilerik batere gabea, sexua du gizontasun-ezaugarri bakarra, ahul dago oso, irain baten menpe, minez, bailegoen. Neskatoak ez dio aurrez aurre begiratzen. Ez du begiratzen. Ukitu egiten du. Ukitu egiten du sexuaren leuna, azalarena, ferekatu egiten du kolore doratu hori, gauza berri ezezaguna. Gizona intzirika, negarrez ari da, amodio higuingarri batean murgildurik.
Eta hala, negarrez, egin egiten du. Hasieran, mina. Eta gero min hori onartu egiten da, aldatu, emeki-emeki kendu eta gozamen bihurtzen da, besarkaturik.
Itsasoa, formarik gabea, konparaezina, horra.
Irudi hark ere, transbordadorekoak, bazukeen lekurik, bere garaia baino lehenago, une honetan.
Galtzerdi adabatuekiko emakumearen irudiak alderik alde zeharkatu du gela hura. Azkenean, neskato bihurtua azaltzen da. Semeek bazekiten ordurako. Alabak artean ez. Sekula ez zuten elkarren artean amaz hitz egiten, dakiten horri buruz, amarengandik urruntzen dituen horri buruz, dakiten gauza behin betiko eta erabateko horri buruz, amaren haurtzaroari buruz.
Amak ez zuen jakin plazerra zer den.
Ez nekien odola isurtzen zenik. Mingarria al den galdetu dit, eta nik ezetz, zoriontsu sentitzen omen da.
Odola xukatu eta garbitu egin nau. Eta ni hari begira. Sentitu ere egin gabe badator berriro, desiragarri bihurtzen da berriro. Neure buruari galdetzen diot nola ausartu ote naizen amak debekatutakoaren bila. Hain patxadatsu, hain erabakior. Nola iritsi naizen «ideia azken muturreraino» betetzera.
Elkarri begiratzen diogu. Musukatu egiten dit gorputza. Zergatik etorri naizen galdetu dit. Esan diot egin beharra neukala, betebehar baten modukoa zela niretzat. Orduantxe hitz egin genuen lehenengoz. Bi neben berri ematen diot. Aipatzen diot ez dugula dirurik. Besterik ez. Ezagutzen du neba nagusia, postuko opio-erretegietan egin izan omen du topo harekin. Kontatzen diot nola neba horrek lapurretan egiten dion amari erretzera joateko. Gure zailtasunak aipatzen dizkiot. Ama hiltzeko zorian dagoela esan diot, ez duela askorik iraungo. Nire ama hiltzorian egote horrek ere izango duela, noski, zerikusirik gaur gertatu zaidanarekin.
Ohartzen naiz desiratzen dudala.
Erruki da nitaz, nik ezetz, ez dudala erruki beharrik, inork ez duela erruki beharrik, nire amak izan ezik. Esan dit: diruduna naizelako etorri zara. Nik, berriz, halaxe desio dudala, dirudun, lehenengoz ikusi nuenean ere halaxe ezagutu nuela auto haren barruan, bere diru eta guzti, eta ezin jakin dezakedala zer egingo nukeen bestela izan balitz. Gizonak dio: neurekin eraman nahi zintuzket, zurekin alde egin. Nik ezetz, oraindik ezin izango nukeela amarengandik alde egin, penaz hilko nindukeela horrek. Argi ikusten duela dio, ez duela zorterik izan nirekin, baina berak, gutxienez, dirua emango didala, ez dudala zertan kezkatu behar. Berriro etzan da.
Isilik gelditu gara berriro.
Handia da hiriko zarata, filme baten hotsa da oroimenean, goragi jarria, gortzeko modukoa. Ondo gogoan daukat, gela erdi ilunpetan, hitzik ez elkarri, hiriko burrunba etengabeak inguratua du neskatoa, hirian sartua, hiriko trenean. Kristalik gabeak dira leihoak, gortinatxo eta pertsianadunak. Gortinatxoetan espaloietako eguzkipean batetik bestera doan jendearen itzalak ikusten dira. Jendetza ikaragarria dabil beti. Arrailduak ageri dira itzalak, pertsianetako zirrikituen neurrira arrailduak. Zurezko eskalaproinen pauso-hotsak buruan sentitzen dira, karrankariak dira ahotsak, oihuka hitz egiten da txineraz, desertuko hizkuntzak beti irudikatu izan ditudan bezalaxe, izugarri hizkuntza arrotza da txinera.
Kanpoan, amaitzear dago eguna, ahots-zurrumurru eta pauso-hotsengatik dakigu, gero eta ugariagoak baitira, gero eta nahasiagoak. Plazer-hiri bat da, gauez puntu gorenean dagoena. Eta oraintxe hasi da gaua, eguzkia sartzearekin. Zirrikituekiko pertsiana horiek eta kotoizko gortinatxo hori besterik ez dago hiriaren eta ohearen artean. Ez dago inolako material gogorrik gu eta jendearen artean. Jende horrek ez daki bagarenik ere. Guk somatu egiten dugu nolabait ere haiek han daudela, batera heltzen zaizkigu haien ahots eta mugimenduak oro, adar batetik, oihuteria eten, triste, oihartzunik gabea zabaltzen duen turuta batetik bezala.
Gure gelaraino iristen da gozoki-usaina, kakahuete erreena, zopa txinatarrarena, okela errearena, belar-usaina, jazmin-usaina, errautsarena, intsentsuarena, ilinti-suarena, otarretan eramaten dute hemen sua, karriketan saltzen dute, hiri hartako usaina mendialdeko, oihaneko herrixketako usain berbera da.
Bat-batean txabusina beltz bat jantzita ikusi nuen. Eserita zegoen, whisky bat eskuan eta erretzen.
Esan zidan loak hartu ninduela eta bera dutxatu egin zela. Konturatu ere ez nintzen egin ia loak hartu ninduenean. Lanpara bat piztu zuen mahai apal batean.
Halako ohitura batzuk hartua da gizon hau, otu zait bat-batean, maiz etorriko da gela honetara, askotan egingo du larrutan, beldurra dauka gizon honek eta askotan dauka larrutan egin beharra beldurrari aurre egiteko.
Gustukoa dudala esan diot berak emakume asko edukitze hori, ni emakume horien artean nahasturik egote hori. Elkarri begira gelditu gara. Oraintxe ulertu du esan berri diodana. Aldatu egin zaio bat-batean begirada, begirada faltsua, ustekabez okerrean, heriotzan harrapatua.
Hurbiltzeko esan diot, berriro hasi behar duela. Hurbildu zait. Usain gozoa du zigarro ingeles horrek; ezti usaina, berriz, perfume garesti horrek, itsatsia du larruazalean zetaren usaina, zetazko oihalaren fruitu usaina, urrearena, desiragarria da. Berarenganako desio hori aipatu diot. Itxoiteko esan dit. Hizketan ari zait, berehala konturatu omen zen, ibaia barkuz zeharkatu genueneko hartatik beretik, halakoxea izango nintzela behin nire maitalea ezagutuz geroztik, amodioa maitatuko nuela, ba omen zekien engainatuko nuela, ezagutuko nituen gizon guztiak engainatuko nituen bezalaxe. Berari dagokionez, bera izan omen da bere zoritxarrerako irispidea. Zoriontsu sentitu naiz iragarri didan guztiarekin eta halaxe esan diot. Basati bihurturik, desesperaziozko sentimenduak harturik, gainera oldartu zait, haur-titiei hozka, oihuka, irainka. Itxi egin ditut begiak, hain baita sakona plazerra. Halaxe dago ohituta, diot neurekiko, horixe egiten du bizi honetan, larrua jo, hori besterik ez. Esku trebeak ditu, zoragarriak, perfektoak. Zorte handia izan dut, bistan da, ofizioa balu bezala daki egiten, zehatz-mehatz daki, jabetuta ez badago ere, zer egin behar den, zer esan behar den. Putatzat, urdangatzat hartu eta bere amodio bakarra naizela esaten dit, eta horixe da esan behar duena, horixe esan behar da esandakoa egiten uzten denean, gorputzari nahi duena egiten, bilatzen, aurkitzen eta hartzen uzten zaionean, eta dena da on, soberakinik ez, estali egiten dira soberakinak, oro darama berekin uholdeak, desioaren indarrak.
Hain dago gertu, hain hurbil, hiriko zarata, non zurezko pertsianaren kontra igurtzitzen sumatzen baitugu. Gelaren erditik pasatuko balira bezala entzuten da. Gorputza ferekatzen diot zarata haren erdian, joan-etorri haren erdian. Itsasoa, itsaso mugagabea, atzeraka egin, urrutiratu, eta berriro itzuli egiten dena.
Behin eta berriro egiteko eskatu nion. Egin ziezadala.
Eta hark egin. Odol gantzutsuan egin zuen. Eta halaxe izan zen, hil arterainokoa. Hiltzeko modukoa izan zen.
Zigarro bat piztu eta eman egin dit. Ahapeka hasi zait hizketan, ahora.
Nik ere ahapeka hitz egiten diot.
Bere kabuz esaten ez dakienez gero, neronek esan dut haren partez, ez dakienez bere baitan halako dotoretasun kardinal bat daramala, neronek esan dut haren partez.
Ilunabarra da. Bizi osoan gogoratuko omen dut arratsalde hura, baita bere aurpegia eta izena ahaztuko zaizkidanean ere. Etxe hura non dagoen gogoratuko ote dudan galdetu diot. Hark erantzun: begira ezazu ongi. Begiratu dut. Beste guztiak bezalakoa dela esan diot. Baietz, hala lela esan dit, beti bezala.
Oraindik ere ikus dezaket aurpegi hura, eta gogoan dut izena ere. Ikus ditzaket oraindik ere horma zuriztatu laiek, lonazko gortinatxo hura, sukaldera ematen duena, beste ate hura, arku baten gisakoa, beste gelara ematen duena, beste gelara eta aire zabaleko lorategi batera, non beroak itota baitaude landareak eta kalostra azulak baitaude inguru osoan, Sadec-eko landetxetzar hartan bezalaxe, terraza mailakatuak dituen eta Mekong ibaira ematen duen landetxetzar hartan bezalaxe.
Leku babesgabea da, galdua. Galdetu dit zer dudan gogoan. Eta nik ama dudala gogoan, hil egingo bainau egia jakinez gero. Ahalegin bat egiten ikusi dut eta gero esan egin du, esan du ulertzen duela nire amak esan nahi duena, desohore hori, dio. Gizonak berak ez omen luke halakorik jasaterik izango inoiz elkarrekin ezkontzez gerotan. Begira gelditu natzaio. Bera ere niri begira jarri eta desenkusatu egin da, harro. Txinatarra naiz, esan du. Irribarre egin diogu elkarri. Galdetu diot ea normala den lain triste egotea, gu gauden bezala. Larrutan egunez, berorik handieneko unean egin dugulako omen gaude hala. Ikaragarria izaten omen da beti ondorena. Irribarre egin eta dio: bai maite bada, baita maite ez bada ere, ikaragarria izaten da beti. Gauean pasatuko omen da, gaua heldu bezain pronto. Nik esan diot ezetz, ez dela soilik egunez egin izanagatik, oker dabilela, halako tristura batean nagoela sartua, aurrez espero nuen eta nigandik baino heldu ez den tristuran. Beti izan naizela tristea. Tristura berbera sumatu izan dudala txikitako argazkietan ere. Hainbestekoa dela gaur tristura horrek, beti sentitu izan dudan tristura bera dela aitorturik ere, neronekin duen antza, ezen nire izena ere jar bainiezaioke la. Gaur, esan diot, halako ongizate bat da niretzat tristura hori, hementxe bainago, behingoz eroria, nire amak betidanik bere biziko basamortuan deiadarka iragarri izan duen zoritxarrean eroria. Ez ditut zehatz-mehatz ulertzen, diot, nire amaren hitzak; badakit, ordea, hauxe dela nik espero nuen gela. Erantzungo ez didala jakinda ari naiz hizketan. Nire amak, esan diot, Jainkoaren apostoluek bezala oihukatzen ditu bere usteak. Ez omen da deus ere espero behar, oihukatzen du, inoiz ere ez, ezta inorengandik ere, ez inongo Estaturengandik, ez inongo Jainkorengandik ere. Mintzo natzaiolarik, begira-begira daukat, ez dit begirik kentzen, mintzo natzaiolarik ahora begiratzen dit, biluzik nago, ferekatzen nau, agian ez dit entzuten, ez dakit. Esan diot ez dudala inolaz ere arazo pertsonal bihurtu nahi aurkitzen naizen egoera zorigaiztokoa. Soil-soilik kontatu diot zeinen zail den jatea, janztea, bizitzea azken finean, amaren soldata hutsetik. Gero eta eragozpen handiagoz hitz egiten dut. Galdetzen dit: nola konpontzen zarete? Kale gorrian geundela esan diot, pobreziak apurtu egin zituela familiaren harresiak, etxetik kanpo suertatu ginela denok, bakoitza nahi zuena egiten. Lotsagabe batzuk ginen. Horrexegatik nago hemen zurekin. Nire gainean dago, berriro sartu da. Halaxe gelditu gara, itsatsita, kanpoko, oraindik ere kanpoko, hiri-oihuterian intzirika. Entzuten dugu oraindik ere oihuteria. Eta gero, jadanik ez da entzuten.
Gorputzean hartzen ditudan musuek negar eginarazten didate. Kontsolagarri zaizkit nonbait. Familian ez dut negarrik egiten. Egun hartan, gela hartan, kontsolatu egiten ninduten malkoek bai iraganetik eta bai etorkizunetik ere. Esan diot egunen batean alde egingo dudala amarengandik, egunen batean ez dudala gehiago amodiorik sentituko, ezta amarengana ere. Negarrez ari naiz. Burua nire gainean etzan eta negarrari eman dio berak ere ni negarrez ikusita. Esan diot nola, nire haurtzaroan, amaren zoritxarrak bete izan zuen ametsen lekua. Nire ama agertzen zela ametsetan eta sekula ez Gabon-zuhaitzik, beti ama eta ama besterik ez, dela pobreziak bizirik larrututako ama hura, dela zernahi trantzetan basamortuan oihu egiten duena, dela jateko bila dabilen hura, dela etengabe berari gertatutakoa, Marie Legrand Roubaix-i gertatutakoa kontatzen duena, bere errugabetasunaz, bere itxaropenaz mintzo den hura.
Pertsianetatik zehar ilunabarra hasi da sartzen. Goratu egin da burrunba. Sarkorragoa da, ozenagoa. Bonbila gorrixkekiko farolak piztu egin dira.
Irten egin gara apartamentutik. Berriro jarri ditut xingola beltzeko gizon-sonbrerua, zapata doratuak, ezpainetako gorri iluna, zetazko soinekoa. Zahartu egin naiz. Bat-batean ohartu naiz. Bera ere ohartu da. Esan dit: nekatuta zaude.
Espaloian, batera eta bestera dabil tropela, orain mantso orain arin, bide eginez, hazteritsu, zakur deslaiak bezala, itsu, eskaleak bezala, Txinako jendetza, oraindik ere ikusten dut egungo aurrerapenaren irudietan, duten ibiltzeko eran, denak batera, sekula urduritu gabe, tropelean joateko duten modu horretan, bakarrik balihoaz bezala, ez gustura, ez triste, deusen ikusminik gabe nonbait, ibiliko ez balira bezala aurrera eginez, ibili nahi izango ez balute bezala, soil-soilik hemendik handik baino gehiago aurreratzen saiatuko balira bezala, bakarrik eta jendartean, sekula ez bakar-bakarrik, beti jendartean bakarrik.
Solairu askoko jatetxe txinatar horietako batera joan gara, edifizio osoak hartzen dituzte, handiak dira biltegi handiak edo koartelak bailiran, balkoi eta terrazen bidez zabaltzen dira hirira. Edifizio horietatik irteten den zarata onartezina litzateke Europan, zerbitzariek oihuka eskatu eta sukaldariek entzun eta oihuka orobat errepikatze hori. Jatetxe horietan inork ez du hitz egiten. Terrazetan orkestra txinatarrak ari dira joka. Solairu lasaienera joan gara, europarrenera, berdin-berdinak dira menuak, baina ez da hainbeste oihukatzen. Haizagailuak eta zintzilikario astun batzuk daude jarrita zaratari aurre egiteko.
Esateko eskatu diot zeinen aberats den bere aita, eta nolaz. Aspergarri egiten omen zaio diru-kontuez aritzea, baina, hala nahi badut, ez omen du eragozpenik bere aitaren dirutzaz dakiena kontatzeko. Cholenen hasi zen dena, bertakoendako konpartimenduak zirela eta. Halako hirurehun eginarazi omen zituen. Bereak ditu zenbait karrika oso. Paristarren erara mintzo da frantsesez, bortxatu samar halere, halako erraztasun benetako bat nabari zaio diru kontuez ari dela. Aitak saldu egin omen zituen bere jabetzako zenbait edifizio Cholengo hegoaldean eraikinak egiteko lursailak erosteko asmoarekin. Sadec-eko arroz soroak ere salduak izan omen ziren bere ustez. Epidemiei buruz galdetu diot. Ikusita nagoela esan diot nola ixten zituzten apartamentu-kale osoak gauetik goizeraino, nola ixten zituzten ate-leihoak izurritea zela eta. Hemen ez omen da hainbesterako, oihanean baino maizago egiten omen dituzte hemen arratoi-galtzeak. Halako batean, konpartimentuei buruzko istorio bat kontatu dit. Banakako edifizio edo etxebizitzak baino aski merkeagoak omen dira eta askoz ere hobeto egokitzen omen zaizkie herri auzoetako beharrizanei. Hemen jendeari batera egotea gustatzen zaio, herritar behartsu horiei batez ere, mendialdetik etorriak dira eta kanpoan bizitzea gustatzen zaie, kalean. Eta behartsuen ohiturak ez dago zertan galtzen utzi behar. Bere aitak egin berri omen ditu, hain zuzen ere, halako hainbat konpartimendu, kalera ematen duten atari horietakoak dituztenak. Biziago, atseginago bihurtzen dira hala kaleak. Jendeak atari horietan ematen du eguna. Baita bertan lo egiten ere bero handia denean.
Esan diot gustatuko zitzaidakeela atari horietako batean bizitzea, horixe nuela amets txikitan, kanpoan lo egitea. Bat-batean, mina jarri zait. Ez da deus, min txiki bat besterik ez. Bihotz-taupadak sentitu ditut hortxe, berak egin berri didan zauri bizian, berak, mintzo zaidanak, gaur arratsean plazerra eragin duenak egindakoan. Ez dakit zer dioen, ez diot jaramonik egiten. Konturatu da eta isildu. Hizketan jarraitzeko esan d'or. Hizketan jarraitu du. Entzuten jarri naiz berriro. Askotan etortzen omen zaio gogora Paris. Neska paristarrengandik oso bestelakoa ikusten omen nau, askoz ere adeitasun gutxiagokoa. Konpartimentuen kontu horrek, esan diot ez duela hain errentagarri izan behar. Ez dit erantzun.
Gure arteko kontuak iraun zuen bitartean, urte t'erdian, halaxe hitz egiten genuen elkarren artean, sekula ez genuen nork bere buruaz hitz egiten. Konturatuta gaude, lehen egunetatik, ezin pentsatuzkoa dugula elkarrekin bizitzeko proiekturik egitea, eta hala, sekula ez genuen etorkizunaz hitz egin, halako kazetari-elkarrizketak izan ziren gureak, gisa berekoak.
Esan diot Frantzian egin zuen egonaldiak kalte handia egin ziola. Bat dator. Den-dena erosi omen zuen Parisen, emakumeak, ezaguerak, ideiak. Ni baino hamabi une zaharrago da eta beldurra ematen dio horrek. Adi nago nola hitz egiten dien, nola tronpatzen den, nola maitatzen nauen, halako teatralitate jakineko bezain benetako batean.
Neure familia aurkeztuko diodala esan eta itzuri egin nahi du, eta nik barre egin dut.
Ez da gauza bere sentimenduak azaltzeko parodiaren bidez ez bada. Konturatu naiz ez duela indarrik aitari aurre eginez ni maitatzeko, ni hartu eta berarekin eramateko. Negar egiten du maiz, ikaraz harantzago maitatzeko indarrik sumatzen ez duelako. Haren heroitasuna ni naiz, haren morrontza, berriz, aitaren dirua.
Nire nebez mintzo natzaionean, han erortzen da berehala halako ikara moduko horretan, mozorroturik bezala gelditzen da. Uste du nire inguruko denak zain daudela nirekin ezkontzeko mandatua noiz egingo duen. Badaki galdua dela jadanik nire familiarendako, haiendako egin dezakeen gauza bakarra are gehiago galtzea dela, bai eta, horrenbestez, ni galtzea ere.
Merkataritza-eskola batean ikastera joan omen zen Parisa; egia dio azkenean, hots, ez zuela deus ere egin eta aitak moztu egin zizkiola errekeituak, itzultzeko txartela bidali ziola eta Frantzia utzi beharrean aurkitu zuela bere burua. Itzulera hura, horixe da bere tragedia. Bukatu gabe dauzka merkataritza-ikasketak. Hemen bukatzeko asmoa omen du, postazko ikastaroen bidez.
Cholengo oturuntzetan hasi ginen familiarekin elkartzen. Ama eta nebak Saigona etorri zirenean, esan nion jatetxe txinatar handi haietara gonbidatu behar genituela, ez baitzituzten ezagutzen, sekula halakoetan egon gabeak izaki.
Denak berdin joan ziren arratsalde haiek. Nire nebak jan eta jan, hari hitzik ere egin gabe. Ezta begiraturik ere. Ezin diote begiratu. Ezin izango lukete. Egin ahal balezate, hari begiratzeko ahalegina alegia, gauza izango lirateke, besteak beste, ikasketetan aurrera egiteko, gizarte bizitzaren oinarrizko arauak onartzeko. Bazkari haietan amak beste inork ez du hitz egiten, oso gutxi hitz egiten du hasieran batez ere, zerbitzaturiko platerari buruzko esaldiren bat botatzen du, duen prezio izugarriaz, eta gero isildu egiten da. Gizona, berriz, lehenengo bitan, berehala saiatzen da Parisko ibilerak kontatzen, alferrik ordea. Deus ere esan izan ez balu bezala, entzun ez baliote bezala. Isiltasunean galtzen da haren saioa. Nire nebek jan eta jan jarraitzen dute. Inon ez dut beste inor hala jaten ikusi.
Pagatu du. Sosak zenbatu eta platertxoan utzi ditu. Denak hara begira. Estreinakoan, gogoan dut, hirurogeita hamazazpi piastra jarri zituen. Ama, urduritasunezko barregura-atake batek emateko zorian. Jaiki gara, alde egiteko. Eskerronik ez, inorenik. Sekula ez genuen eskerrik ematen halako bazkari ederren ostean, ez egun onik, ez ikusi arterik, ez zer modurik, sekula ez genuen deus ere esaten.
Nire nebek ez diote sekula hitzik egingo. Iduri du ikustezina zaiela, haiek sumatua, ikusia, entzuna izateko adinako trinkotasunik ez balu bezala. Eta hori nire oinetara makurtuta dagoelako, jakinekotzat jotzen baita ez dudala maite, sosen truke nagoela berarekin, ezin dudala maite, ezinezkoa dela, zernahi jasango lukeela nigandik eta ez litzaiokeela, hargatik, ahituko niganako amodioa. Hori txinatarra delako, ez delako zuria. Nire neba nagusiaren isiltzeko modu hori, nire maitaleari ezikusia egiteko modu hori hain da konbentzimenduz betea, non eredu ere bilakatzen baita. Maitalearen aurrean neba nagusiaren ereduari jarraitzen diogu denok. Nik ere, haien aurrean, ez diot hitzik egiten. Familiaren aurrean ez diot sekula hitz egin behar. Haien mezuren bat berari helarazteko izan ezik, noski. Hala, afalondoan, nebek Source-ra edatera eta dantzan egitera joan nahi dutela esan didatenean, nik esan diot Sourcera joan nahi dugula zerbait hartzera eta dantzan egitera. Hasieran, entzungor egin du. Eta nik, nik ez dut, neba nagusiaren logikari jarraiki, ez dut esandakoa errepikatu behar, eskaera errepikatu behar, hala egingo banu huts egingo nuke, amore emango nuke haren erreguarekiko. Erantzun dit azkenean. Ahapeka esan dit, xeratsu aritu nahian nonbait, nirekin bakarka egon nahiko lukeela une batez. Suplizioari akabu emateko esan du hori. Orduan, itxura egiten jarraitu behar, ongi aditzen ez diodalakoa alegia, berriro ere traizio egin, zeren bai baitirudi kolpea hartu izana adierazi nahi duela gisa horretan hitz eginez, nire neba nagusiak berarekiko duen jarrera salatu alegia, eta, beraz, ez diot inolaz ere erantzun behar. Ausartu da eta berriro hasi zait hizketan: begira, zuen ama nekatuta dago. Eta halaxe zen, Cholengo afari eder haien ondotik loak hartzen zuen gure ama. Oraingoan ere ez diot erantzun. Eta orduantxe entzun dut nire neba nagusiaren ahotsa, esaldi motz, mingarri, behin betikoa. Bera da hiruretatik ongien hitz egiten duena, esan ohi zuen amak. Esaldia esanik, zain gelditu da. Geldi-geldirik dago dena; ezaguna zait nire maitalearen izu hori, nire neba gaztearen izu berbera. Etsi du. Bagoaz Sourcera. Nire ama ere bai, Sourcera bera ere, lotara doa Sourcera.
Nire neba nagusia aurrean dagoenean, utzi egiten dio nire maitale izateari. Ez dio existitzeari uzten, baina ezdeusa gertatzen zait. Neba nagusiari obeditzen dio nire desioak, errefusatu egiten du nire maitalea. Biak elkarrekin ikusten ditudanero, pentsatzen dut ez dudala berriro halako ikuskizunik jasaterik izango. Gorputz ahul horrexek ezeztatzen du nire maitalea, plazerrera eramaten nauen ahultasun horrek berak. Nire nebaren ondoan, aitortu ezineko eskandalu bihurtzen da, lotsatzeko modukoa, ezkutatu beharrekoa. Ezinezkoa zait nire nebaren agindu isil horien kontra borrokatzea. Neba gaztearenganakoak direnean bai, baina nire maitalearenganakoak direnean, aldiz, ez dut nire buruaren kontra deus egiterik. Kontatzen ari naizeneko honetan, gogora datorkit aurpegi haren hipokresia, beste alde batera begiratzen duenaren aurpegi distraitua, bestelako zer pentsaturik baduen arren, haren masailezur estutu samartuek salatzen dutenez, amorratzen eta sufritzen, horixe jasan beharragatik, itsusikeria hori, eta guztia jatetxe on batean ondo jatearen truke, gauza normala izan behar lukeen horren truke. Oroitzapenaren inguruan ehiztariaren gaueko argitasun ubela. Asaldurazko hots karrankari bat entzun da, haur baten garrasia.
Sourcen ere, maitaleari inork ere hitzik ez.
Martel Perrier eskatu dugu denok. Nebek berenak behingoan hustu eta beste bana eskatu dute. Ama eta bionak ere haiei eman dizkiegu. Bizkor-bizkor ari dira nebak mozkortzen. Hargatik maitaleari hitzik egin gabe jarraitzen dute, baina gaizki esaka hasi dira. Neba gaztea gehienbat. Kexu da lekua tristea delako eta alterneko neskarik ez dagoelako. Astegun buruzurian jende gutxi izaten da Sourcen. Dantzan hasi naiz neba gaztearekin. Gero maitalearekin. Neba nagusiarekin ez, inoiz ez dut dantzan egin harekin. Beti uzkur, urduri, halako arrisku baten susmopean: denongan ezartzen duen erakargarritasun malefiko horren arriskua, gure gorputzak elkarrengandik hurbil egotearena.
Izugarrizko antza dugu elkarren artean, aurpegiz batez ere.
Negar egiteko zorian da Cholengo txinatarra. Zer egin diot?, esan dit. Nik, berriz, ez kezkatzeko, ez duela zertan kezkatu behar, beti dela hala, baita gure artean ere, bizitzako edozein egoeratan.
Apartamentuan berriro elkartuko garenean azalduko diot. Adierazi diot nire neba zaharrenaren bortizkeria hotz eta iraingarri hori beti dagoela present gertatzen zaizkigun gauza guztietan, bizi ditugun gauza guztietan. Hiltzea da hari burura datorkion lehenengo gauza, bizia kentzea, biziaz jabetzea, mesprezatzea, ehizatzea, sufriaraztea. Beldurrik ez izateko esan diot. Ez duela arriskurik batere. Ze, gauza bitxia bada ere, ni bainaiz neba zaharra beldurtzen duen bakarra, lotsarazten duen bakarra.
Sekula ez egun onik, arratsalde onik, urteberri onik. Sekula ez eskerrik askorik. Sekula ez hitzik. Sekula ez hitzen bat esan beharrik. Halaxe dago dena, mutu, urrun. Harrizko familia bat da, inolako sarbiderik ez duen halako lausotasun batean harri bihurtua. Egunero saiatzen gara hiltzen, elkar hiltzen. Elkarri ez hitz egiteaz gain, elkarri begiratu ere ez diogu egiten. Ikusiak izango garenez, ez dago begiratzerik. Begiratzea, zerbaitekiko, zerbaiti buruzko jakin-mina izatea da, galtzea da. Begiratua den inork ez du merezi begiratua izatea. Desohoragarri izaten da beti. Debekatuta dago elkarrizketa hitza. Horrexek adierazten du hemen ondoen, nik uste, lotsa eta urguilua. Gorrotagarri, itsusgarri zaigu ezein komunitate, familiak nahiz beste edozerk osatua izan. Hasierako lotsa batek batzen gaitu, bizitza bizi beharrak. Horixe da gu denon historiaren punturik sakonena, fede oneko pertsona horren hiru seme-alabak izatearena, geure amaren seme-alabak, gizarteak hil duen ama horrenak. Nire ama etsipenera eraman duen gizarteko partaide gara gu ere. Nire amari, ama maitagarri horri, ama uste oneko horri egindakoa dela kausa, gorroto diogu biziari, gorroto diogu elkarri.
Amak ez zuen aldez aurretik ikusi zer bilakatuko ginen gerora, bere etsipenaren ikuskizunaz geroztik, mutilez ari naiz batez ere, semeez. Baina, aurrez ikusi izan balu ere, nola isilduko zuen bere historia bilakatu zena? Gezurra esanaraziko al zien bere aurpegiari, bere begiradari, bere ahotsari, bere amodioari? Hiltzea ere bazuen. Bere buruaz beste egitea. Elkarrekin bizitzen ez zekien komunitate hura sakabanatzea. Neba zaharrena gazteenengandik bereiztea. Ez zuen halakorik egin. Baldresa izan zen, inkontsekuentea, arduragabea. Halakoxea izan zen. Bizi egin zen. Amodioaz harantzago maitatu genuen hirurok. Ezintasun horrexegatik, isildu, ezkutatu, gezurrik esan ezin horrexegatik maite izan dugu hirurok berdin, geure artean oso desberdinak izanda ere.
Luzea izan zen. Zazpi urte iraun zuen. Hasieran hamar urte genituen. Eta gero hamabi urte izan genituen. Eta gero, hamahiru urte. Eta gero, hamalau urte. Eta gero, hamasei urte, hamazazpi urte.
Asko iraun zuen, zazpi urte. Eta gero, azkenean, uko egin genion itxaropenari. Abandonatu egin genuen. Eta abandonatu egin genituen, baita ere, ozeanoaren kontrako ahaleginak. Begiratokiko itzalpean gaude, Siam mendiari so, ilun-iluna ageri da eguzkitan, beltza ia. Ama, azkenean, lasai dago, isolaturik. Haur heroikoak gara, haur etsiak.
Neba gaztea 1942ko abenduan hil zen, japoniarren okupazio garaian. Nik 1931n egin nuen alde Saigonetik, goi-batxilergoa bukatu ondoren. Behin bakarrik idatzi zidan hamar urte haietan. Sekula ez nuen jakin zergatik. Gutun konbentzionala zen, garbira pasea, akatsik gabea, kaligrafiatua. Ondo omen zegoen, eskola bazebilela. Gutun luzea zen, bi orrialde betekoa. Berehala antzeman nion bere haur-idazkerari. Apartamentu bat omen zeukan, eta auto bat, zein markatakoa zen ere esaten zidan. Berriro hasia omen zen tenisean. Ondo zegoela, dena ondo zihoala. Maite ninduen bezalaxe besarkatzen ninduela, estu-estu. Ez zuen gerra-konturik aitatzen, ez eta gure neba zaharrarenik ere.
Halako multzo bat osatuko bagenu bezala hitz egiten dut maiz nire nebez, hark, nire amak, hitz egiten zuen bezalaxe. Nire nebak, diot nik; eta amak ere, familiatik kanpo, nire semeak, esaten zuen. Modu iraingarriz aritzen zen beti bere semeen indarraz. Etxetik kanpo ez zuen xehetasunik ematen, ez zuen esaten neba zaharra bigarrena baino askoz ere indartsuago zenik; esaten zuen bere nebak bezain indartsua zela, Iparraldeko laborari haiek bezain indartsua. Harro zegoen bere semeen indarraz, bere neben indarraz ere harro egona zen bezalaxe. Mesprezatu egiten zituen ahulak, bere seme nagusiak bezala. Cholengo nire maitaleaz, neba zaharrenak esaten zuen gauza bera esaten zuen. Ez naiz erabiltzen zituen hitzak idazten hasiko. Desertuetako haratustelen artetik ateratako hitzak ziren. Nire nebak, diot, zeren hala esaten bainien nik ere. Beste modu batera deitzen hasi nintzenez geroztik, nire neba gaztea hazi eta martiri bilakatu zen.
Gure familian inolako jairik ez ospatzeaz gain, ez zen Gabon zuhaitzik jartzen, ez zapi bordaturik, ez lorerik ere, sekula ez. Ez eta, ordea, hildakorik, hilobirik, oroitzapenik batere. Ama bakarrik. Hiltzaile izaten jarraituko du neba zaharrenak. Neba horrexegatik hilko da neba gaztea. Baina nik alde egin nuen, eten egin nituen sustraiak.
Hil zen arte berarendako ez beste inorendako eduki zuen ama neba zaharrenak.
Garai hartan, Cholenen, irudiaren, maitalearen garai hartan, eroaldi bat izan zuen amak. Ez daki deusik ere Cholenen gertatutakoaz. Antzematen diot, ordea, zelatan daukadala, susmoak egiten dituela edozerekin. Ondo ezagutzen du bere alaba, neskatxa hura, neskatxa horren inguruan halako arrarotasun-aire bat dabil azken boladan, halako zuhurtzia sortu berri bat, nolabait esatearren, atentzioa ematen duena, ohiz baino are pausatuago hitz egiten du, eta hain jakingura zena distraiturik dabil orain, aldatu egin zaio begirada, so egile bihurtu da, baita bere amarenganako ere, bere amaren zoritxarrari egiten dio so, iduri du present dagoela haren zoritxarrean, haren bizian bat-batean izandako espantu hartan. Denik arriskurik handiena ikusten dio alabari: sekula ez ezkontzea, sekula gizartean leku bat ez izatea, gizartearen aurrean deus gabe, galdurik, bakarrik suertatzea. Eroaldietan gainera etortzen zait ama, logelan sartzen nau, ukabilkadak, belarrondokoak ematen dizkit, biluztu egiten nau, nigana hurbildu eta usaindu egiten du nire gorputza, arropak, txinatarraren perfumea usaintzen omen du, harantzago joaten da, arropak miatzen dizkit ea zikindu susmagarririk ageri den, eta ulu egiten du, hiri osoan entzuteko moduan, emagaldu bat dela bere alaba, etxetik kanpo botako duela, lehertzen ikusi nahi lukeela eta inortxok ere ez duela haren berri jakin nahi izango, desohoratua dagoela, ez duela zakurreme batek baino gehiago balio. Eta negarrez hasten da, galdezka zer egin dezakeen ezpada etxetik kanpora botatzea leku hura areago kutsa ez dezan.
Logela itxiaren hormen atzean, neba.
Nebak erantzun egiten dio amari, esaten dio baduela, bai, arrazoirik neskatxa jotzeko, ahots isila da berea, barnerakoia, xeratsua, egia jakin beharra omen dago, berdin dio zer preziotan, jakin beharra dago neskatxa hura alferrik gal ez dadin, ama etsipenean eror ez dadin. Duen indar guztiarekin jotzen du amak. Neskatxa bakean uzteko esan dio neba gazteak oihuka. Lorategira alde egin du, ezkutatu egin da, beldur da ez ote nauen hilko, beldur da, beti da ezezagun horren beldur, gure neba zaharrenaren beldur. Neba gaztearen beldurrak baretu egin du ama. Negarrari eman dio bere bizitzako hondamendia ikusita, bere alaba desohoratua. Negarrez hasi naiz ni ere. Gezurra diot. Zin dagit neure biziarren ez dela deus ere gertatu, deus ere ez, ezta musu bat ere. Nola?, diot, nola, ordea, txinatar batekin? Nola egingo nuen, bada, horrelakorik txinatar itsusi eta ahul horrekin? Badakit hortxe dagoela neba zaharrena, atearen kontra jarria, adi, badaki zertan ari den ama, badaki neskatxa biluzturik dagoela, joka ari zaiola, halaxe jarraitzea nahi luke, gehiago, askoz ere gehiago, arriskura iritsi arte. Amak badaki hortxe dagoela nire neba zaharrenaren nahikari hori, nahikari ilun eta izugarri hori.
Oso txikiak gara oraindik. Liskarrak sortzen dira, tarteka, nire neben artean, horretarako aitzakia agerikorik gabe, salbu eta neba zaharrenaren betiko lelo hori, neba txikiari esaten dionekoa: alde hemendik, molestatzen ari haiz. Hori esan eta joka hasten da. Hitzik esan gabe aritzen dira elkar joka, haien arnasketa, intziriak, kolpe-hots idorrak, besterik ez da entzuten. Amak, beti bezala, bere oihuez osatzen du koadroa.
Gaitasun berbera daukate sumintzeko, hiltzeko grina itsu hori izateko, anaiengan, arrebengan, amengan, beste inorengan ikusten ez den grina hori. Neba zaharrenak txarkerian libre aritu ezinagatik sufritzen du, txarkeriaren jaun eta jabe izan ezinagatik, ez hemen soilik baizik eta nonahi. Neba gazteak, berriz, izugarrikeria horren aurrean, neba zaharrenaren aldez aurretiko jarrera horren aurrean bere burua ahalke ikusten duelako.
Elkar joka hasten zirenean, beldur izaten ginen bietakoren bat, bata zein bestea, ez ote zen hilko; amak zioen beti ari zirela elkar joka, sekula ez zirela elkarrekin jostatu, sekula ez zutela hitz egin elkarrekin. Bera omen zen elkartzen zituen gauza bakarra, ama, eta batez ere arrebatxo hau, odola soilik.
Neba zaharrenaz ari zenean baino ez zuen esaten, nik uste, «nire semea». Hala esaten zion batzuetan. Beste biez ari zenean «txikiak» esaten zuen.
Etxetik kanpo gauza horiez guztiez ez genion hitzik ere esaten inori, ikasita geunden deus baino lehen geure bizitzako alderik funtsezkoena, miseria, isilik gordetzen. Berdin ikasi genuen gero gainerako guztia ere isilik gordetzen. Lehenengo konfidenteak, gehiegizkoa dirudi hitz horrek, gure maitaleak izan ziren, postutik kanpo ezagutu genituenak, Saigongo kaleetan hasieran, lineako pakebote eta trenetan gero, eta beranduago nonahi.
Nire amak, hala ematen dio bat-batean, arratsaldearen azken aldera, idorte-sasoietan batez ere, goitik behera ikuzarazten du etxea, garbitzearren, dio, osasungarri gisa, freskatzearren. Etxea lubeta baten gainean dago eraikita, eta lubeta horrixe esker dago isolaturik etxea, lorategitik berex, eskorpioetatik berex, inurri gorrietatik berex, bai eta Mekong-en uholdeetatik ere, montzoi haize birakari handien ondoren gertatu ohi direnetatik. Etxea lubeta horren gainean pasoa dagoenez, ur-baldekada handiz ikuz daiteke, goitik behera urezta daiteke, ortuak bezala. Aulki guztiak mahai gainean jarririk, ur-xirripak etxe osoan zehar, uretan dauzka oinak gelatxoko pianoak. Harmailetan behera doa ura, patioa hartu eta sukaldeetarantz. Morroi gaztetxoak pozik daude, denok elkarrekin gaude, haiekin, ureztatzen, eta gero Marseillako xaboia ematen diogu zoruari. Denok oinutsik, ama ere bai. Barre egiten du amak. Amak ez du deusen kontra deus esatekorik. Halako usain bat sumatzen da etxe osoan, ekaitz ondoko lur hezearen usain zoragarri hori dario, pozez xoratzen jartzen duen usaina, batez ere, horrekin batera, beste usain hura ere somatzen denean, Marseillako xaboiaren usaina, garbitasunarena, zintzotasunarena, arropa zuriarena, xuritasunarena, gure amarena, gure amaren xalotasun mugagabearena. Kaleetaraino jaisten da ura. Morroien familiak ere etortzen dira, morroien bisitariak ere bai, auzoko etxeetako haur zuriak. Ama zoriontsu dabil benetan desordena horretan. Oso-oso zoriontsu izatera iristen da batzuetan ama, mesedegarri zaiola dirudi amaren zorionari ahanztura-garai hori, etxea garbitzeko garaia. Salara joan, piano aurrean eseri eta buruz dakizkien aireak jotzen ditu amak, eskolan ikasitakoak. Kantari hasten da. Tarteka pianoa jotzen du, barreka. Jaiki eta dantzan hasten da kantu-kantari. Eta nork bere artean pentsatzen du, baita amak ere, badagoela zoriontsu izaterik etxe desitxuratu hartan, zeina, bat-batean, urmael, ibai-ertz bateko zelai, ibi, hondartza bilakatzen baita.
Bi txikienak dira, alabatxoa eta neba gazteena, oroitzen lehenak. Kolpetik, barreak utzi eta han abiatzen dira lorategira; ilunabarra da.
Oraintxe etorri zait gogora, idazten ari naizen unean berean, gure neba zaharrena ez zela han, Vinhlong-en, etxea goitik behera arazten ari ginenean. Gure begiralearen etxean zela, herriko apaiz harenean, Lot-et-Garonne-n.
Barre egiten zuen hark ere tarteka, baina sekula ez guk bezainbeste. Dena ahazten zait, ahaztu egiten zait hori esatea, neba gazteena eta biok haur barre-algarazaleak ginela, arnasa galtzeraino egiten genuela barre, bizia galtzeraino.
Kolore berberetan ikusten ditut nire haurtzaroa eta gerra. Nahasi egiten ditut elkarrekin gerra-garaia eta neba zaharrenaren erreinaldia. Jakina, neba gaztea gerra garaian hil baitzen: haren bihotzak, esana dut lehen ere, amore eman zuen, etsi egin zuen. Neba zaharrena ez dut uste gerrak iraun zuen bitartean ikusi ere egin nuenik, egia esan. Bost axola zidan ordurako hilda zegoen ala bizirik. Neba zen bezalakoxea ikusten dut gerra, alde guztietara hedatzen, edonondik sartzen, ebasten, jendea espetxeratzen, alde guztietan, orori lotua, nahasia, present gorputzean, pentsamenduan, esnaldian, loaldian, beti, grina hordiarazle horren gatibu, irrikaz eremu miragarri hori hartzeko, zeina den haurraren gorputza, ahulenen gorputza, herri menderatuena, hortxe baitago txarkeria, atarian, azalaren kontra.
Apartamentura itzuli gara berriro ere. Maitaleak gara. Ezin diogu utzi elkar maitatzeari.
Batzuetan ez naiz barnetegira itzultzen, haren ondoan egiten dut lo. Ez dut haren beso artean, haren berotasunean lo egin nahi izaten, baina gela berean egiten dugu lo, ohe berean. Batzuetan piper egiten dut, ez naiz joaten institutura. Gauez hirira joaten gara afaltzera. Dutxatzen nau, garbitzen, xukatzen, gurtzen, makillatu eta janzten, gurtu egiten nau. Bere biziko kuttuna naiz. Beldurrak bizi da ez ote dudan beste gizonen bat kausituko. Ni ez naiz halakoren beldur. Beste zerbaiten beldur ere bada, ez zuria naizelako baina bai hain gaztea naizelako, hain gaztea ezen, gure artekoa jakingo balitz, bera gartzelara joan bailiteke. Amari eta batez ere neba zaharrenari gezurra esaten jarraitzeko proposatzen dit, inori deus ere ez esateko. Gezurretan jarraitzen dut. Pobreegiak garela esaten diot amak auzibide bat hasi ahal izateko eta, gainera, hasi dituen auzibide guztiak galdu dituela, hasitako guztiak, katastroaren kontra, administradoreen kontra, zuzendarien kontra, legearen kontra, ez daki ongi moldatzen, patxada ez galtzen, zain egoten, zain jarraitzen, ezin du, oihu egin eta alferrik galtzen ditu bere aukerak. Gurearekin berdin gertatuko litzateke, ez dago zertan beldur izan behar.
Marie-Claude Carpenter. Amerikarra zen, zerakoa zen, oker ez banago, Boston-ekoa. Begi argi-argiak zituen, urdinabarrak. 1943. Ilehoria zen Marie-Claude Carpenter. Ximeltzen hasi gabea. Ederra, esango nuke nik. Irribarre labur samarrekoa, berehala ixten zena, tximista bezala desagertzen baitzen. Ahots apalekoa, entzuten ari naiz oraintxe, doinu altuetan gozagaitz samarra. Berrogeita bost urte zituen, adina jada, adina bera. Seigarrenean bizi zen, Alma-tik gertu. Apartamentua Sena ibaira emango zuen etxe bateko azken solairua zen, zabala bera. Neguan haren etxera joaten ginen afaltzera. Baita gosaltzera ere udan. Pariseko denda espezializatu onenetan eskatzen genituen jatekoak. Itxurosoak beti, kantitatez juxtu, urri antzean. Etxean ikusi nuen beti, sekula ez kanpoan. Mallarmé-tar bat egoten zen batzuetan. Maiz izaten zen bertan hiruzpalau literato ere, behin joan eta berriro itzultzen ez zirenak. Sekula ez nuen jakin nondik ateratzen zituen, ez non ezagutu zituen, ez eta ere zergatik gonbidatzen zituen. Sekula ez dut haien berri izan, ez eta haien obrarik irakurri edo aipamenik entzun ere. Gutxi irauten zuten otordu haiek. Luze hitz egiten genuen gerraz, Stalingrado, 42ko negu-bukaera. Marie-Claude Carpenter-ek entzun egiten zuen asko, informazio asko jaso, hitz gutxi, harritu egiten zen sarritan hainbeste gertakari oharkabean pasatzen zitzaizkiola ikusirik, barre egiten zuen. Bazkalostean, azkar-azkar barkamena eskatu ohi zuen korrika eta presaka alde egin beharragatik, baina lanpeturik omen zebilen. Ez zuen esaten, ordea, zertan. Asko ginenean, bertan gelditzen ginen beste pare bat orduz edo, berak alde egin eta gero. Esaten zigun: egon nahi duzuen arte. Gure artean ez zegoenean, inork ez zuen hari buruz hitz egiten. Gainera, ez dut uste Inor horretarako gai izango zenik, inork ez baitzuen ezagutzen. Alde egiten genuen, halako lokamuts zuri bat pasa izanaren sentimenduarekin itzultzen ginen beti, ezezagunen etxean ordu batzuk ematetik gentozela alegia, egoera berberean zeuden gonbidatu batzuekin -ezezagunak haiek ere- egotetik, biharamunik gabeko une bat bizi izatetik, une batere motibaziorik gabea, ez gizatiarrik ez bestelakorik ez zuena. Iduri zuen hirugarren muga bat zeharkatu genuela, tren-bidaia bat egin genuela, zain egon ginela itxaron-gelan medikuarenean, hotelean, aireportuan. Udan Senari begira zegoen terraza handi batean bazkaltzen genuen eta kafea edifizioaren teilatu osoa hartzen zuen lorategian edaten genuen. Bazen piszina bat. Inor ez zen bainatzen. Parisi beha egoten ginen. Etorbide inorgabeak, ibaia, kaleak. Kale hutsetan, katalpak loretan. Marie Claude Carpenter. Asko begiratzen nion, etengabe ia, molestagarri zitzaion, baina ezin nintzen egon hari begiratu gabe. Jakiteko begiratzen nion, jakin nahi nuen nor zen, Marie-Claude Carpenter. Zergatik zegoen han eta ez beste nonbait, zergatik zen, orobat, hain urrunekoa, Boston-ekoa, zergatik zen diruduna, zergatik ez zekien inork deus ere hari buruz, inork deus ere ez, zergatik eratzen zituen hartara bortxaturik bezala bilera haiek, zergatik, zergatik ageri zen haren begietan, oso urrun, barruan, begiradaren barru-barruan, heriozko partikula hura, zergatik? Marie Claude Carpenter. Zergatik zuten haren soineko guztiek halako ez dakit zer bat egokitzen ez zena, soinekoak osotara bereak ez izatea egiten zuena, berdin balio zezaketelarik beste gorputz bat janzteko. Soineko neutroak, hertsiak, argi-argiak, negu betean uda bezain zuriak.
Betty Fernández. Gizonez oroitzean ez da sekula emakumeez oroitzearekin batera datorren argitasun liluragarri horrelakorik sortzen. Betty Fernández. Atzerritarra bera ere. Haren izena esan orduko, hemen da, Pariseko kale batean barna doa, begilaburra da, oso gutxi ikusten du. Erdi itxi egiten ditu begiak aurrean duena ezagutzen duela ziurtatzearren, indarrik gabe ematen du eskua. Egun on, zer moduz, ongi? Aspalditik hila orain. Hogeitamar urte izango dira beharbada. Gogoan dut haren grazia, beranduegi da orain ahazteko, oraindik ez da deus perfekziora iristen, deus ez da perfekziora iritsiko, ez zertzeladak, ez garaia, ez hotza, ez negua, ez gosetea, ez alemanen porrota, ez eta Krimenaren ebidentzia. Beti gurutzatzen du kalea gauza horien Historiaren gainetik, horiek izugarriak izanda ere. Begi argiak honek ere. Xaharra du soineko arrosa, eta hautsez betea, berriz, sonbrerutxo beltza kaleko eguzkitan. Argala da, luzea, Txinako tintaz marraztua, grabatu bat. Jendea gelditu eta txunditurik geratzen da atzerritar horren, deus ikusi gabe pasatzen den horren dotoreziari so. Miragarria. Hasteko sekula ez dago jakiterik nondik datorren. Eta gero, pentsatzen dugu ez dagoela beste aukerarik, beste nonbaitetik etorria behar duela, handik. Ederra da, bere horretan eder. Jantzita, Europako arropa zaharrak, brokatu-arrastoak, modaz pasatako soineko zaharrak, gortina zaharrak, hondakin zaharrak, trapu zaharrak, goi-josturako piltzarrak, pipiak jandako azeri-larru zaharrak, igaraba-larru zaharrak, halakoxea baita haren edertasuna, urratua, dardaratsua, zinkurinatia, eta erbestekoa, deus ez doakio ondo, dena geratzen zaio handiegi, eta ederra da, flotatu egiten du, argalegia, ez zaio deusi egokitzen, eta ederra da hala ere. Halaxe da egina, buru eta gorputz, zerk ere ukitzen duen berehala bihurtzen da, nahitaez, edertasun horren partaide.
Jendea hartzen zuen Betty Fernández-ek, bazuen «egun» bat horretarako. Gu ere joan ginen noiz edo noiz hara. Behin Drieu la Rochelle zegoen bertan. Harrotasuna nabari zitzaion, gutxi hitz egiten zuen amore ez ematearren, ahots bortxatu batez, itzulia ematen zuen hizkera penagarri batean. Han izango zen akaso Brasillach ere, ez naiz ordea akordatzen, sentitzen dut. Sartre ez zen sekula han izaten. Montparnasse-ko hainbat poeta ere han izaten zen, baina ez dut izenik gogoratzen, bat ere ez. Alemanik ez zen izaten. Ez zen politikaz hitz egiten. Literaturaz hitz egiten zen. Ramón Fernández Balzac-i buruz aritzen zen. Gauak amaitu arte egongo ginatekeen hari entzuten. Halako jakituria ia erabat ahaztu batez mintzatzen zitzaigun, non ez bide zen apenas deus egiaztagarririk geldituko. Datu gutxi ematen zuen, iritziak ziren areago. Bere buruaz mintzo bailitzan hitz egiten zuen Balzac-ez, inoiz saiatu izan balitz bezala hura izaten, Balzac izaten alegia. Jendetasun handikoa zen Ramón Fernández, baita kulturan ere, modu funtsezko bezain gardena zuen jakituriaz baliatzeko, sekula ez zuen agerian uzten bere obligazioa, bere pisua. Pertsona benetakoa zen. Festa bat izaten zen beti harekin kalean, kafetegiren batean topo egitea, zoratzen jartzen zen topo egin izanagatik, benetan gainera, plazerrez agurtzen zuen. Egun on dena ondo? Holaxe, ingelesen modura, komarik gabe, barre batean, eta barrean ziraueno gerra bera ere txantxa bilakatzen zen, baita gerraren ondoriozko sufrimendu baitezpadako guztia ere, nola Erresistentzia hala Kolaborazionismoa, nola gosea hala hotza, nola martirioa hala laidoa. Betty Fernández-ek jendeaz hitz egiten zuen soilik, kalean ikusitako jendeaz edo ezagutzen zituenez, zer moduz zeuden, eskaparateetan gelditzen ziren salgaiez, esne-soberakinen banaketaz, arrainenaz, eskasiarako, hotzerako, gosete amaigaberako irtenbide lasaigarriez, beti mintzo zen esistentziaren xehetasun praktikoez, horretaz baino ez, adiskidetasun adeitsu batez, leial bezain samurkiro. Kolaboratzaileak, Fernández-tarrak. Eta ni, gerra amaitu eta bi urteren buruan, Frantziako Alderdi Komunistako kide. Erabatekoa da baliokidetasuna, behin-betikoa. Gauza bera da, erruki bera, laguntza-dei bera, zentzu-ahuldade bera, aztikeria bera, esan nahi baita, arazo pertsonala irtenbide politikoak konponduko duela. Bera ere, Betty Fernández, so geratzen zitzaien alemanen okupazio-garaiko kale hutsei, so Parisi, loretan zeuden katalpen enparantzei, beste emakume hura bezala, Marie Claude Carpenter bezala. Jendea hartzeko egunak izaten zituen honek ere.
Barnetegiraino lagundu dio limusina beltzean. Barnetegira iritsi baino lehentxeago gelditu da, ikus ez dezaten. Gaua da. Neskatoa autotik jaitsi eta korrika hasi da, atzera begiratu gabe. Sotoa zeharkatu eta berehala konturatu da errekreorako patio handian argiak piztuta daudela oraindik. Korridorera heldu orduko ikusi du, zain zeukan, berantetsia, zutik, irribarrerik gabe. Galdetu dio: non zinen? Eta hark erantzun: ez nintzen etorri lotara. Ez du esan zergatik, eta Hélène Lagonellek ere ez dio galdetu. Sonbreru arrosa kentzen dio eta trentzak desegiten, lo egiteko. Institutura ere ez zara joan. Ezta ere. Telefonoz deitu omen dute, dio Hélènek, horregatik omen daki, inspektora nagusiarekin egotera joan behar omen du. Neska asko daude patioko itzalpean. Zuriz jantziak denak. Zuhaitzetan, fokotzar batzuk. Ikasgela batzuetan itzali gabe daude oraindik argiak. Ikasle batzuk lanean ari dira oraindik, beste batzuk ikasgeletan gelditu dira berriketan aritzeko, edo kartetan, edo kantuan. Ikasleek ez dute lotara joateko ordu jakinik, halako beroa egiten du egunez ze arratsaldea nork bere kasa igarotzen uzten baitute nolarebait, begirale gazteek nahi bezala. Gu gara barnetegi estataleko zuri bakarrak. Mestiza asko daude, aitak abandonatuak gehienak, soldadu edo marinel edo aduanetako, postuetako, zerbitzu publikoetako funtzionario apalen batek abandonatuak alegia. Sorostetxe publikotik datoz gehienak. Cuarterona batzuk ere badira. Hélène Lagonelle-k uste du Gobernu frantsesak ospitaleetako erizain izateko hezten dituela, erizain edo umezurtz-etxeetako, legenardundegietako, ospitale psikiatrikoetako begirale. Koleradun eta izurridunen lazaretoetara ere bidaltzen dituzte, Hélène Lagonelleren ustez. Hala uste du Hélène Lagonelle-k eta negar egiten du horietako destinorik bat bera ere nahi ez duelako, ahotan darabil etengabe barnetegitik ihes egiteko kontua.
Banoa zerbitzuan dagoen begiralearengana, mestiza gazte bat bera ere, Hélène eta bioi asko begiratzen diguna. Honela dio: ez zara joan institutura eta lo ere ez duzu hemen lo egin gaur gauean, zure amari abisatu beharko diogu. Nik, berriz, beste erremediorik ez dudala izan, baina saiatuko naizela aurrerantzean gauero lotara barnetegira etortzen, ez duela merezi amari abisatzea. Begirale gazteak begiratu eta irribarre egin dit.
Berriro egingo dut. Amari abisatuko diote. Barnetegiko zuzendariarekin egotera etorri eta eskatuko dio utz nazala libre gauetan, ez kontrolatzeko zein ordutan itzultzen naizen, ez behartzeko igandetan barnetegiko neskekin paseatzera joatera. Honela dio: beti libre ibiltzen ohitutako neska da, hala ez izatera alde egingo luke, neronek ere, ama nauen honek, ez dut horren kontra deus egiterik, libre utzi beharra daukat neure ondoan nahi badut. Zuzendariak onartu egin zuen zuria naizelako eta, barnetegiaren izen onerako, beharrezko zaiolako mestizen artean zuri batzuk edukitzea. Era berean esan zion amak ni libre utziz gero ondo lan egiten nuela institutuan eta bere semeekin gertatutakoa hain zela izugarria, hain larria, ezen bere txikitxoaren ikasketak baitziren geratzen zitzaion esperantza bakarra.
Barnetegian hotel batean bezala bizitzen utzi zidan zuzendariak.
Laster izango dut emaztegai -diamante bat hatzean. Handik aurrera begiraleek ez didate gehiago atentziorik deituko. Susmoa izango dute ez nagoela hitz emanda, baina oso garestia da diamantea, inork ez du zalantzan jarriko haren benetakotasuna eta aurrerantzean inork ez du deus esatekorik izango neskatoari erregalatu dioten diamante haren prezioaren karietara.
Hélène Lagonelleren aldamenera itzuli naiz. Banku batean dago etzanda, negarrez, barnetegitik alde egitekoa naizela uste baitu. Eseri egiten naiz bankuan. Xoraturik nago ikusiz zeinen ederra den Hélène Lagonelleren gorputza, nirearen kontra jarria. Ezin ederragoa da gorputz hori, soinekopean libre, eskueran. Sekula ez dut ikusi horrelako bularrik. Ez ditut sekula ukitu. Hélène Lagonellek ez du lotsarik, ez da konturatzen, biluzik ibiltzen da logeletan barna. Jainkoak sortutako gauza ederrenetakoa da Hélène Lagonelleren gorputza, konparaezina, oreka hori, bere altueraren eta gorputzak bularrei eusten dien modu horren artekoa, gorputzetik kanpo baileuden, gorputzekoak ez bailiran. Berebizikoa, arras, bular eutsien kanpo-borobiltasun hori, eskuetara zuzenduriko kanpokotasun hori. Nire neba gaztearen gorputza ere, coolie tipi batena ematen baitzuen, itzali egiten zen distira haren aldean. Gizonezkoen gorputzek forma zikoitzak dituzte, barruratuak. Ez dira, ordea, alferrik galtzen, Hélène Lagonellerenak bezala, uda bete baino ez baitute iraungo beharbada, eta hori luze jota, hori besterik ez. Dalat-eko goi-ordekatik etorria da Hélène Lagonelle. Postuko funtzionarioa du aita. Duela gutxi heldu zen, ikasturte erdian. Beldurrak egoten da, ondoan jartzen zait, halaxe geratzen da deus esan gabe, negarrez hasten delarik sarritan. Arrosa kolorekoa eta beltzarana dauka larruazala, mendialdekoa, nabarmendu egiten da hemen, non neskato guztiek anemiaren zurbiltasun berdeska hori daukaten, bero kiskalgarriarena. Hélène Lagonelle ez da institutura joaten. Hélène Lagonellek ez daki eskolara joaten. Ez du ikasten, gauzak ez zaizkio buruan sartzen. Huts askorik egin gabe joaten da barnetegiko lehen mailako klaseetara, baina horrek ez dio deusetarako balio. Negar egiten du nire gorputzaren kontra jarrita, eta laztandu egiten dizkiot adatsak, eskuak, esaten diot berarekin geldituko naizela barnetegian. Ez daki ederra dela oso, Hélène Lagonelle. Haren gurasoek ez dakite zer egin berarekin, lehenbailehen ezkontarazten saiatzen dira. Nahi adina senargai topatuko luke Hélène Lagonellek, baina ez du nahi, ez du ezkondu nahi, amarengana itzuli nahi du. Berak. Hélène L.-k. Hélène Lagonellek. Azkenean amak nahi duena egingo du. Ni baino askoz ere ederragoa da, clown sonbrerua eta lamezko zapatak dituen hau baino askoz ere ederragoa, mila bider ezkongarriagoa, Hélène Lagonelle, Hélène, ezkontaraz dezakete, ezkon-bizitzan ezarri, izuarazi, beldurra ematen dion eta ulertzen ez duen hori azaldu, hortxe, zain egoteko agindu.
Hélène Lagonellek, berak, Hélènek, oraindik ez daki nik badakidana. Hala ere, berak, Hélènek, hamazazpi urte ditu. Esango nuke igarri egiten diodala, sekula ez du jakingo nik badakidana.
Hélène Lagonelleren gorputza baldarra da, errugabea oraindik, zer goxotasuna haren azalarena, fruitu batzuena bezalaxe ia somaezin bihurtzear dago. Lilurarena ia, gehiegi da. Hiltzeko gogoa iradokitzen du Hélène Lagonellek, bera bere eskuz hiltzeko amets gozoa eragiten du. Guztiz oharkabean daramatza bere irin-lorezko formak, erakutsi egiten ditu, inoren eskuek uki ditzaten, inoren ahoak jan ditzan, eragozpenik jartzen ez duelarik, oharkabean, forma horien indar apartekoaz jabetu gabe. Jan egin nahi nituzke Hélène Lagonelleren bularrak, beste hark nire bularrak jaten dituen bezalaxe, hiri txinatarreko gelan, hara joaten bainaiz arratsaldero Jainkoa sakonago ezagutzera. Irin-lorezko bular horiek, bereek, irents nazaten.
Xora-xora eginda nago Hélène Lagonellerenganako dudan desioarengatik.
Xora-xora eginda nauka desio horrek.
Neurekin eraman nahi dut Hélène Lagonelle, hara, arratsaldero, begiak erdi itxirik, oihu eginarazten duen plazerra hartzen dudan lekura. Entregatu egin nahi nioke Hélène Lagonelle gizon hari, nire gainean beste hori egiten duenari, haren gainean ere egin lezan. Ni bertan izanik, nire desioei jarraiki egin dezan, nik neure gorputza entregatzen dudan lekuan entrega dezan hark ere berea. Hélène Lagonelleren gorputza inguratuz, haren gorputza zeharkatuz, halaxe erdietsiko nuke bestearen, maitalearen plazerra, gisa horretan erabatekoa. Hiltzeko modukoa.
Cholengo gizon horren haragi berberekoa bailitzan ikusten dut, baina orainaldi distiratsu, eguzkitsu, errugabe batean halere, bere etengabeko agerpenean, keinu bakoitzean, malko bakoitzean, bere akatsetariko bakoitzean, bere ezjakintasun bakoitzean. Hélène Lagonelle, bera da hain gozamen abstraktua, sakona ematen didan morroi horren emakumea, Cholengo gizon ilun horrena, Txinakoarena. Txinakoa da Hélène Lagonelle.
Ez dut ahantzi Hélène Lagonelle. Ez dut ahantzi morroi hura. Hura utzi eta alde egin nuenean, bí urtetan ez nintzen beste ezein gizonengana hurbildu. Baina leialtasun misteriotsu horrek nire buruarekikoa izan behar zuen.
Familia horretan nago oraindik ere, hortxe nago eta ez beste inon. Idortasun horretan, gogortasun izugarri horretan, gaiztotasun horretan sentitzen naiz ¡non baino seguruago neure buruaz, neure funtsezko ziurtasunaren lekurik sakonenean, badakit geroago idatzi egingo dudala.
Huraxe izango dut heldulekua geroago, behin orainaldia iraganik, hura eta ez beste ezein. Cholengo apartamentuan pasatzen ditudan orduek halako argi fresko, berri batean bildurik agertarazten du leku hura. Leku itogarria da, heriotzatik hurbila, indarkeri leku bat, mingarria, desesperaziozkoa, desohorezkoa. Halakoxea da Cholengo leku hura. Ibaiaz bestaldean. Ibaia zeharkatu ondoren.
Ez dakit nolako geroa izan zuen Hélène Lagonellek, ez dakit hil zenentz. Berak alde egin zuen aurrena barnetegitik, ni Frantziara abiatu baino askoz ere lehenago. Dalatera itzuli zen. Amak eskatu zion Dalat-era itzultzeko. Ezkontzera, oker ez banago; metropolitik heldu zen gaxte batekin juntatu behar zuela uste dut. Oker nago beharbada, nahasten ari naiz agian. Hélène Lagonelleri gertatuko zitzaiola uste nuena eta Hélène Lagonellek, amak eskatuta, izan zuen alde egin behar hura.
Esango dut baita ere zer zen, nolakoa zen. Hona: lapurretan egiten die morroiei opioa erretzera joateko. Lapurretan egiten dio gure amari. Zulo-mian aritzen da armairuetan. Lapurtu egiten du. Jokoan egiten du. Aita zenak etxe bat erosi zuen hil aurretik Entre-deux-Mers-en. Huraxe zen gure ondare bakarra. Jokoan aritzen da. Amak saldu egiten du zorrak kitatzeko. Ez da aski, sekula ez da aski. Gazterik, ni saltzen saiatzen da Coupole-ko bezeroei. Berarengatik jarraitu nahi du bizitzen amak, jaten jarrai dezan, goxo lo egiten jarrai dezan, bere izena haren ahotan entzuten jarraitzeko. Eta Amboise aldean erosi zion etxaldea, hamar urtetako diru-aurrezkia. Gau batean alferrik galdua. Amak ordaindu zituen korrituak. Baita lehenago aipatu ditudan zuhaitz haien emaitza osoa ere. Gau batean. Lapurretan egin zion amari hiltzear zegoenean. Armairu-miatzailea zen, usaimen onekoa, ondo baitzekien bilatzen, izara-pilo handien artean txokoak aurkitzen. Eraztunak eta horrelakoak lapurtu zituen, gauza asko, bitxiak, jatekoa. Lapurretan egin zien Dôri, morroiei, neba gazteari. Niri ere bai, gauza asko. Ama bera ere salduko zukeen. Ama hildakoan notarioa etorrarazten du, berehala, heriotzak sortutako nahasmenduaren erdian. Badaki, bai, heriotzak sorturiko nahasmenduari probetxu ateratzen. Notarioak dio testamentuak ez duela balio. Amak seme nagusiaren aldeegi egin duela nire kaltetan. Ikaragarria da aldea, barregarria. Beharrezkoa da nik guztiz jabe- dut: sinatu egiten dut. Onartu dut. Nebak, lurrera begira, eskerrik asko. Negarrez hasi da. Amaren heriotzak eragindako nahasmenduaren erdian. Benetan ari da. Parisen liberazio-garaian, Hegoaldean kolaboratzailetzan jardun izanagatik jazarria dudarik gabe, ez daki nora jo. Nire etxera jotzen du. Sekula ez dut oso ongi jakin, halako arrisku bati ihesi dabil. Entregatu egingo zituen beharbada batzuen batzuk, juduren batzuk, edozein gauza. Goxoa da oso, maitagarria, halakoxea bihurtzen da beti hilketaren bat egin ondoren edo inoren laguntza behar duenean. Nire senarra deportatu egin zuten. Errukitzen da. Hiru egun gelditzen da bertan. Ahaztuta nago, irtetean ez dut deus ixten. Miatu egiten du. Gordeta dauzkat kupoien azukre eta arroza nire senarra itzultzen denerako. Miatu eta hartu egiten du. Armairu txiki batean hasten da gero miaketan, nire logelan. Eta aurkitu. Hartu egiten ditu nik gordetako diruak oro, berrogeita hamar mula libera. Ez du bilete bat bera ere uzten. Berriro elkar ikustean ez diot aipatu ere egingo, ezin izango dut, lotsagarriegia berarentzat. Testamentu faltsuaren ondotik, Luis XIV. gaztelu faltsua hutsaren truke izan zen saldua. Iruzurra izan zen salmenta, testamentua bezalaxe.
Ama hil zenez geroztik, bakarrik dago. Ez du lagunik, sekula ez zuen izan lagunik, emakumerik bai, izan zuen emakumerik tarteka; Montparnassen «lanean» jartzen zituen batzuek, beste batzuei ez zien lan eginarazten, hasieran behintzat, eta gizonik ere izan zuen, baina hauek ordaindu egiten zioten berari. Oso bakarrik bizi zen. Eta areagotu egin zitzaion bakardade hura zahartzaroan. Etxekalte hutsa zen, eskasak ziren haren kausak. Bere inguruan eragin zuen beldurra, ez areago. Gurekin galdu egin zuen bere benetako inperioa. Ez zen gangsterra, familiako etxekaltea zen, armairu-miatzailea, armarik gabeko hiltzailea. Ez zen arriskatzen. Bera bezalaxe bizi dira etxekalteak, elkartasunik gabe, handiostasunik gabe, beldurrean. Beldurra zuen. Bizimodu arraroa egin zuen ama hil zenez geroztik. Tours-en. Haren ezagun bakarrak kamareroak dira, lasterketen gaineko «isilpeko mezu»etarako, kamareroak eta dendosteko pocker-etako bezero zurruteroak. Haien antza hasi da hartzen, asko edaten du, ubeldu egin zaizkio begiak, okertu ahoa. Tours-en ez zaio deus ere geratzen. Behin bi jabetzak galdurik, deus ere ez. Amak alogeran jarritako altzaritegi batean bizi izan zen urtebetez. Silloi batean egin zuen lo urtebetez. Utzi egiten zioten sartzen. Urtebete utzi zioten han geratzen. Eta gero bota egin zuten kalera.
Urtebetez egon behar izan zuen zain, bahitu zioten jabetza berreskuratuko zuelakoan. Amaren altzari guztiak galdu ditu jokoan, bata bestearen atzetik, altzaritegikoak, brontzezko budak, kobrezko objektuak, eta gero oheak eta gero armairuak eta gero izarak. Eta halako egun batean ez zaio deus geratzen, horixe gertatu zitzaion, halako batean jantzitakoa besterik ez dauka, hori besterik ez, izara bat bera ere ez, goilare bakar bat ere ez. Bakarrik dago. Urtebetean inork ez dio aterik zabaldu. Pariseko lehengusuei deitzen die. Zerbitzu-gela bat edukiko du. Malesherbesen. Eta berrogeita hamar une bete ondoren izango du bere lehen enplegua, bere biziko lehen soldata, itsas aseguru konpainia bateko mandatari gisa aritu zen. Hamabost urte iraun zuen, oker ez banago. Ospitalera joan zen. Ez zen, ordea, han hil. Bere gelan hil zen.
Nire amak sekula ez zuen hitz egin seme hartaz. Sekula ez zen kexatu. Sekula ez Zion inori armairu-miatzailearen berri eman. Delitu baten antzekoa izan zen amatasun hura. Ezkutuan gordetzen zuen. Ulertezina irudituko zitzaion, ezin azaltzeko modukoa bere semea berak bezala ezagutzen ez zuen inori, Jainkoaren aurrean baizik ez aitortzekoa. Arrunkeriak esaten zituen hari buruz, huskeriak, beti berdinak. Nahi izanez gero hiruretan argiena izango zatekeela. «Artistena». Finena. Baita ama gehien maite izango zukeena ere. Ondoen ulertu zuena, azken finean. Ez omen zekien seme batengandik halakorik espero zitekeenik, halako intuiziorik, hain samurtasun sakonik.
Beste behin ikusi genuen elkar, neba gaztea aipatu zidan, hila baitzen. Esan zuen: «Zer gauza ikaragarria heriotza hau, izugarria, gure senide gaztea, gure Paulo txikia».
Irudi bat gelditzen da, gure arteko harremanarena: bazkari bat, Sadec-en. Hortxe gaude, jangelako mahaian bazkaltzen. Hamazazpi urte ditu batak eta hemezortzi besteak. Ama ez dago gurekin. Neba gazteak eta biok nola jaten dugun begira daukagu neba nagusia; gero, sardeska utzi, eta neba gazteari begira jarri da. Denbora luzean hari begira egon eta, bat-batean, izugarrikeria bat esan dio lasai asko. Janariari buruzkoa da esaldia. Poliki ibiltzeko esan dio, ez duela hainbeste jan behar. Neba gazteak erantzunik ez. Besteak bereari jarraitzen dio. Oroitarazten dio okela zati handiak beretzat direla, ez ahazteko. Bestela, dio. Galdetu dut: Zergatik hiretzat? Hark erantzun: hala delako. Eta nik, berriz: hilko ahal haiz! Ezin dut jaten jarraitu. Neba gazteak ere ez. Zain dago neba nagusia, neba gaztea noiz ausartuko hitzen bat esatera, hitz bakar bat, prest dauzka ukabilak, itxita eta mahai gainean jarriak, hari muturra hausteko. Neba gazteak hitzik ere ez. Zurbil-zurbil dago. Betileen artetik malkoak ageri zaizkio.
Egun triste batean hil zen. Udaberria zen, oker ez banago, apirila. Telefonoa jo didate. Deus ez. Ez didate beste deus esan. Hilda aurkitu dute, lurrean, bere gelan. Abantaila aterea zion heriotzak haren historiaren amaierari. Bizi zelarik ere egina zuen harenak, beranduegi zuen hiltzeko, gauza egina zen hura neba gaztea hil zenetik. Hitz menderatzaileak: dena eginda dago.
Elkarrekin ehortz zitzaten eskatu zuen amak. Ez dakit non, zein hilerritan, Loiran, hori badakit. Hantxe daude biak hilobiratuak, biak bakarrik. Bidezkoa da. Distira jasangaitzekoa da irudia.
Ordu berean iristen zen urte osoan ilunabarra. Oso laburra izaten zen, bat-batekoa ia. Eurite-sasoian, hainbat astetan, ez zen zerurik ikusten, halako laino uniforme batek estaltzen zuen, ilargiaren izpiek ere zeharkatzen ez zutena. Idorte-sasoietan, aldiz, biluzik ageri zen zerua, garbi-garbi, gordin. Argitsuak ziren ilargirik gabeko gauak ere. Eta berdin itxuratzen ziren itzalak lurrean, uretan, bideetan, murruetan.
Ez naiz ongi akordatzen egunez. Eguzki-argitasunak lausotu egiten zituen koloreak, desegin. Gauez, bai, akordatzen naiz. Zeruaz harantzago zegoen azula, trinkotasun guztien atzean zegoen, munduaren gibelaldea estaltzen zuen. Zerua, niretzat, azula zeharkatzen duen distira hutseko izarren hauts hori zen, zernahi kolorez harantzagoko fusio hotz hori. Batzuetan, Vinhlong-en, ama triste zegoenean, zaldi-orga lotarazten zuen eta mendi aldera joaten ginen sasoi idorreko gaua ikustera. Zorte hura izan nuen, gau haiek, ama hura. Gardentasun hutseko kataratetan jausten zen argia zerutik, erauntsi isil bezain geldietan. Azula zen airea, eskuarekin hartzeko modukoa. Azula. Argiaren diz-diz etengabe hura zen zerua. Oro argiztatzen zuen gauak, mendialde osoa, ibaiaren ertz bakoitza, gure ikusmena heltzen zen lekuraino. Berezia izaten zen gau bakoitza, irauten zuen denboraren araberako izena izan zezakeen bakoitzak. Gauetako hotsa, berriz, mendialdeko zakurrena zen. Ulu egiten zioten misterioari. Herri batetik bestera aritzen ziren elkarri erantzuten harik eta gauaren espazioa eta denbora guztiz betetzen ziren arte.
Patioko bideetako sagarrondo kaneleroen itzalak tinta txinatarrezkoak dira. Lorategia barri bihurtua da, marmolaren gelditasun batean. Etxea ere berdin, monumentala, hilobia iduri. Eta neba gaztea adi-adi doa orain, nire aldamenean, bide mortu hartan dagoen arkuperantz begira.
Egun batean, ez nuen ikusi institutu aurrean. Bakarrik dago gidaria auto beltzean. Gaixorik omen dago aita, Sadec-a itzuli omen da nagusi gaztea. Berari, gidariari, Saigonen geratzeko agindu omen diote, ni institutura eramateko eta atzera barnetegira laguntzeko. Egun batzuen buruan itzuli zen nagusi gaztea. Hantxe zegoen berriro, auto beltzaren atzeko partean, beste aldera so, begiradetatik babestearren, beldurrak beti. Elkar besarkatu genuen, hitzik esan gabe, besarkatuak, hantxe, ahaztuta, lizeoaren aurrean, besarkaturik. Musukatzen ginelarik, negarrez ari zen. Bizirik jarraituko zuen aitak. Itzalita gelditzen zen bere azken esperantza. Eskatu zion. Erreguka eskatu zion berarekin, bere gorputzaren kontra atxikitzen uzteko, ulertu behar ziola esan zion, berak ere bizi izango zuela, behin bederen, halako pasio bat bere bizitza luzean, ezinezkoa zela halakorik gertatu ez izana, eta berari ere uzteko eskatu zion horrelako pasio bat bizitzen, eromen hura, neskato zuriaren amodio ero hura, neskato hura maitatzen jarraitzeko denbora uzteko eskatu zion atzera Frantziara bidalia izan aurretik, uzteko oraindik, beste urtebete agian, ezinezkoa baitzitzaion ordurako amodio hura uztea, berriegia zen oraindik, indartsuegia, oraindik sortzen ari zen biolentzian sartuegia, izugarriegia izango zela oraindik haren gorputzetik aldentzea, eta are gehiago kontuan izanik, aitak guztiz ongi zekienez, halakorik ez zela sekula berriro gertatuko.
Behin eta berriro esana zion aitak nahiago zuela hilda ikusi.
Elkarrekin bainatu ginen tinetako ur freskoarekin, elkar musukatu, negar egin eta hiltzeko modukoa izan zen berriro ere, baina oraingoan, jadanik, gozamen kontsolaezinekoa. Eta gero esan egin nion. Esan nion ez zuela zertan deusez damutu behar, berak esana gogorarazi nion, alde egingo nuela nonahitik, ezin nuela erabaki zer egingo nuen. Hori ere berdin zitzaiola jadanik, pikutara paria zela dena. Orduan esan nion ni ere haren aitaren iritzi bereko nintzela. Uko egiten niola berarekin jarraitzeari. Ez nuen arrazoirik eman.
Vinhlongeko etorbide luzeetako bat da, Mekongen amaitzen dena. Gauez beti hutsik egoten da etorbide hori. Gau horretan ere, ia gauero bezala, matxura elektriko bat izan da. Hortxe hasten da dena. Iritsi naiz etorbidera eta, nire atzeko sotoa itxita, han non hondatzen den bat-batean argia. Korrika hasten naiz. Iluntasunaren beldur naizelako egiten dut korrika. Gero eta arinago noa korrika. Eta bat-batean nire atzetik norbait korrika datorrela iruditzen zait. Eta bat-batean ziur naiz baten bat datorrela niri segika, nire atzetik. Korrika jarraitzen dudalarik atzera begiratzen dut. Emakume luze bat da, argala oso, heriotza bezalakoa, barre egiten du eta korrika dator. Oinutsik dabil, eta korrika dator ni harrapatu nahian. Ezagutzen dut, postuko emakume eroa da, Vinhlongo emakume eroa. Lehenengoz entzuten dut, gauez hitz egiten du, egunez egiten du lo, eta batzuetan hementxe, etorbide honetan, lorategiaren aurrean. Oihu egiten du korrika doalarik, ezagutzen ez dudan hizkuntza batean. Ezin dut oihukatu, halakoa da nire beldurra. Zortzi bat urte izango ditut. Haren ulu-barrea eta haren poz-algarak entzuten ditut, dibertitzen ari da nirekin, ziur. Goitik beherako beldurra, horixe da oroitzapena. Beldur horrek nire adimena, nire indarra gainditzen dituela esatea, gutxi esatea da. Oroitzapen hori ahalik eta zehatzen azaltzearren esango dut ziur nintzela, guztiz ziur, ezen emakume hark ni ukitu izanez gero, eskuarekin ukitutxo bat soilik egin izan balit, heriotza baino askoz ere egoera okerragora pasako nintzela, erotu egingo bainintzen. Auzoen lorategira heldurik, etxera, eskailerak igo eta han erori nintzen lurrera ataurrean. Gero egun asko eman nituen niri gertatutakoaz deusik ere kontatu ezinik.
Neure bizian berandu jadanik, beldurrak jarraitzen dut nire amaren egoera -oraindik egoera horri izenik eman gabe jarraitzen dut- okertzen ikusita, egoera okertze horrek ekarriko baitzuen ama bere seme-alabengandik bereizi beharra. Neuk jakin beharko dut, behin eguna iristen denean, erabakitzen zer gertatuko den, eta ez nire nebek, zeren nire nebek ez baitute egoera hori neurtzen jakingo.
Elkarrengandik behin betik