CANDIDA: Antzerki atsegina
HITZAURREA
Idazlea
George Bernard Shaw Irlandan jaio zen 1856ko uztailaren 26an. Etxeko gazteena izan zen, hirugarrena, eta arreba bi zeuzkan. Aita George Carr Shaw zen eta ama Lucinda Elizabeth Gurly Shaw. Jatorriz protestantea zenez familiari nagusien taldekoa izatea zegokion, irlandartutako burgesiakoa, baina aita, lehenengo, soldata eskaseko funtzionarioa eta, ondoren, arrakasta gabeko merkataria izan zenez, gure gizonak txiro dotorearen giroa bizi izan zuen gaztetxotan. Egoera hori lotsagarriagoa iruditzen zitzaion pobre hutsa izatea baino. Lehenengo tutorea osaba elizkoi bat izan zuen, ondoren eskolara hasi zen, baina baztertu egin zituen ikasketa guztiak eta, hamasei urte zituela, bulego batean hasi zen lanean.
Jakinduria zabala lortu zuen musikaz, ertiaz eta literaturaz; alde batetik, amaren eraginagatik eta, bestetik, Irlandako Galeria Nazionalera egiten zituen ikustaldiakatik. Shawtarrenean Dublinen George John Vandeleur Lee musika-irakaslea bizi zen 1866az gero; 1872an amak senarra utzi zuen eta, alaba biak hartuta, Londresera joan zen irakasle zuenarekin.
1876an erabaki zuen gure George Bernard Shawek idazle izatea. Hogei urte zituen eta Londresera joan zen amaren eta arreba zaharrenarengana, bigarrena hila baitzen. Garai hartan larrutik jasan zuen pobrezia: amaren lepotik bizi zen, eta amaren diru-sarrerak aitaren pentsioa, libera esterlina bat astean, eta musika irakasten ateratzen zuena baino ez ziren. Museo Britainiarreko irakurgelan ematen zituen arratsaldeak eleberriak idazten eta eskolan ikusi ez zuena irakurtzen. Iluntzean, aldiz, Londresko intelektualen bilera eta eztabaidaguneetan hartzen zuen parte, bere heziketa osotzeko asmoarekin.
Dozena-erdi bat eleberri idatzi zituen eta ez zioten bere sasoian bat ere argitaratu. Hala ere, garai horretan aurkitu zuen bere nortasuna: barazkizale, sozialista, hizlari trebe, polemista bilakatu zen, eta antzerkiak idazten hasi. Fabiotar Elkartearen sortzaile sutsuenetakoa izan zen 1884an: klase ertaineko sozialisten taldea, Ingalaterrako gizartea aldatu nahi zuena, baina ez iraultzaren bidez, baizik eta bizitza intelektual eta politiko guztira zabalduz edo, Sidney Webb politikari eta ekonomialariaren hitzetan, «iragaziz»; Quintus Fabius Maximus Verrucosus kontsul eta diktadore erromatarraren izenetik hartu zuten deitura, ezizenez Cunctator (zuhurra) zelako. Elkartearen ekintza guztietan hartu zuen parte, batez ere argitalpenetan: 1889an Fabian Essays in Socialism argitaratu zuten, eta Candidan aipatzen da.
Artikuluak eta kritikak argitaratu zituen literaturaz, musikaz eta ertiaz zenbait egunkaritan, batzuetan ezizenez: Corno di Bassetto eta G.B.S., batik bat. Nortasun bitxia zeukan Bernard Shawek: bere izen-abizenen lehen letrek (G.B.S.) ezer iradokitzen ez zutenez, Corno di Bassetto erabiltzen hasi zen; goitizen hori aukeratu zuen, alde batetik, Europako aitoren semearen kutsua zeukala iruditu zitzaiolako eta, bestetik, inork ez zekielako zer zen. Izatez, musika-tresna baten italierazko izena da, adar ingelesaren antzekoa baina baxuagoa. Geroakarrenean musika-tresna horren ahairea entzun zuenean, esan ei zuen txarto aukeratu zuela ezizena: hiletarako balio zuela doinu horrek, baina ez bere kritika jostari eta garratzak izenpetzeko.
Antzerkigintzari dagokionez, horixe da gehien idatzi zuena. Satira gogorrak idatzi zituen, bere garaiko gizartean ikusten zituen hipokrisia eta bidegabekeriak salatzeko. Ezagunenak: Widowers' Houses, Mrs. Warren's proffession, Plays pleasant and unpleasant, Three Plays for Puritans, Man and Superman, John Bull's Other Island, Major Barbara, The Doctor's Dilemma, Androcles and the Lion, Heartbreak House, Pygmalion, Back to Methuselah, Saint Joan, The Aple Cart eta beste batzuk. Gai tragikoak direnean ere George Bernard Shawek beti sartzen du umorea eta ez da inoiz tragediarik gertatzen bere lanetan.
Bere garaiko antzerkigintza eraberritu zuen. Gogorregia zen gaia tratatzeko modua, gordinegia Ingalaterrako gizarteak erraz onartzeko. 1925ean Literaturako Nobel Saria eman zioten, baina berak uko egin zion sariari. 1950eko azaroaren 2an hil zen Ingalaterran (Ayot Saint Lawrence, Hertfordshire).
Idazlana
George Bernard Shawek idatzi zituen lehen antzerkiak idazlearen hitzetan Zakarrak ziren, «ikuslea egoera zakarren aurrean jartzen zutelako». Horren ordainetan, ikusleak erakartzeko beste lau idatzi zituen, berak Atseginak izendatu zituenak. Haiek eta hauek, denak batera argitaratu zituen 1898an Plays: Pleasant and Unpleasant izenburuarekin. Antzerki atseginetariko bigarrena da Candida, 1897an lehenengoz antzeztua. Garrantzi handia izan zuen Ingalaterrako antzertiaren historian, beronen arrakastak antzerki-lan mordo bat taularatzea ekarri baitzuen.
Emakumeak bi gizonen artean aukeratu beharra da antzerkiaren gaia, baina benetan berria dena emakumeak aukeratzeko darabilen irizpidea da: garai hartako eta, oraindik, oraingo irizpide arruntetatik urrun. Gizonak gogorra eta sendoa izan behar ote duen, eta hori zer den, edo gogor eta sendoaren itxura ematea benetan gogorra eta sendoa izatea ote den, horiexek darabiltza antzerki honetan, azkeneko ustekabera heldu arte. Gaia oso maitea da idazle honentzat; bere bizitzak zerikusia ere badauka, antzerkia irakurrita irakurlea ohartuko denez, hitzaurrean esandako datu autobiografiko batzuk agertzen baitira antzerkian ere. George Bernard Shawek feminismoa landu zuen bere antzerkietariko batzuetan: honetan, eta Man and Superman eta You Never Can Tell antzerkietan ere bai.
Jon Agirre
© Jon Agirre Garai