2. ekitaldia

 

Egun berbera, arratsalde-erdian. Gela berbera. Bisitarientzako aulkia berriro jarri dute mahaian. Marchbanks, bakarrik eta beste zeregin barik, idazmakina nola dabilen asmatu nahian dabil. Atean norbait sumatutakoan, errudunaren moduan aldendu da leiho aldera eta ikuspegiak buru-belarri erakarrita dagoenarena egiten hasi da. Garnett andereñoa, Morellek diktaturiko eskutitzak takigrafiaz jasotzen dituen koadernoa dakarrela, idazmakinaren aurrean eseri da, eta transkribatzen hasteko prestatu du langunea, Eugene dagoela konturatzeko lanpetuegi. Bigarren lerroa hasterakoan gelditu eta makinari begira geratu da. Zerbait oker dabil, noski.

 

PROSERPINE: Arranopola! Nire idazmakinarekin endredatzen ibili zara, Marchbanks jauna; eta alfer-alferrik duzu egin ez bazenu bezala begiratzea.

MARCHBANKS (izuti): Barkatu, Garnett andereñoa. Makinarekin zerbait idatzi nahi nuen, besterik ez. (Erostaka) Baina, ezin.

PROSERPINE: Ederto, lerroartea aldatu diozu.

MARCHBANKS (egiati): Ziurtatzen dizut halakorik ez dudala egin. Benetan. Gurpiltxo bati baino ez diot eragin. Klik moduko bat egin du.

PROSERPINE: A, orain ulertzen dut. (Lerroen tartea konpontzen diharduen bitartean, jario handiarekin ari da hizketan) Dirudienez danbolina zela pentsatu duzu. Erraz-erraz, eskukoari eragin, eta artezean aterako dizu maitasunezko gutun bat zeuretzat, ezta?

MARCHBANKS (serio): Asma liteke maitasun-gutunak idazteko makina. Horrelako eskutitz guztiak izaten dira berdinak, ala ez?

PROSERPINE (nolabait suminduta: horrelako eztabaidak, kortesiazko hitzetatik harago, bere gizabidezko arauetatik kanpo daudenez): Nola jakingo dut, ba? Zergatik galdetzen didazu niri?

MARCHBANKS: Barka eskatzen dizut. Nik uste nuen jende buruargiak —negozioak egiten eta eskutitzak idazten eta horrelakoak egiten dakienak— beti izan behar izaten zituela maitasun-aferak, zoratu ez egiteko.

PROSERPINE (jaikiz, haserre bizian): Marchbanks jauna! (Begirada garratza bota dio, eta apalategira doa handientzarekin).

MARCHBANKS (umiltasunez hurreraturik): Espero dut zu ez iraindu izana. Beharbada ez nituen aipatu behar zure maitasun-aferak.

PROSERPINE (apaletik liburu urdin bat hartuz eta mutilarengana saminki bihurtuz): Nik ez daukat maitasun-aferarik. Nola ausartzen zara horrelakorik esaten? Pentsatzea ere. (Liburua besapean ipini du, eta, idazmakinara itzultzen ari dela, Marchbanksek interes eta begikotasun handiagoarekin diotso).

MARCHBANKS: Benetan! A, orduan lotsatia zara, neure moduan.

PROSERPINE: Ez ba, ni ez naiz lotsatia. Zer esan nahi duzu?

MARCHBANKS (isilpean): Izan behar: horrexegatik daude munduan hain maitasun-afera gutxi. Denok gabiltza maitasunagatik irrikitan: gure izaeren lehen beharrizana da, gure bihotzen lehen erregua; baina ez gara ausartzen gure irrika adierazten: lotsatiegiak gara. (Oso egiati) O, Garnett andereñoa, zer ez zenuke emango beldur barik egoteko, lotsa barik...

PROSERPINE (eskandalizatuta): Baina, zer da hau!

MARCHBANKS (umearen egonezinarekin): A, ez iezazkidazu esan lelokeria horiek: ez naute engainatzen. Zertarako esan? Zergatik zara beldur, nirekin, zaren bezalakoa agertzeko? Ni zeure modukoa naiz.

PROSERPINE: Nire modukoa! Arren, zer zabiltza, ni losintxatzen ala zeure burua losintxatzen? Ez nago oso ziur nor. (Berriro saiatu da lanera itzultzen).

MARCHBANKS (emakumea misteriotsu geldiaraziz): Ixo! Maitasun bila nabil; eta oparo aurkitzen dut besteen bihotzetan. Baina hartaz galdetzen saiatzen naizenean, lotsa ikaragarri honek ez dit uzten; eta mutu geratzen naiz, edo, okerrago dena, gauza hutsalak esaten: inuzenteen gezurrak. Eta ikusten dut ni eskatzen ari naizen maitasuna txakurrei eta katuei eta txoritxoei ematen zaiela, etorri eta eskatu egiten dutelako. (Ia zotinka) Eskatu egin behar da; mamuaren modukoa da: ezin du hitz egin lehenengo hitz egiten ez bazaio. (Bere betiko doinuan, baina malenkonia sakonez) Munduko maitasun guztia hitz egiteko irrikitan dago; ez da ausartzen, besterik ez; zera delako: lotsatia! lotsatia! lotsatia! Horra hor munduaren tragedia. (Zotin sakon batekin bisitariaren aulkian jesarri da eta aurpegia eskuetan bildu du).

PROSERPINE (txundituta, baina erne: bere ondra, gazte arraroekin borrokan izaki): Jende dongeak noizbehinka gainditzen du lotsa hori, ezta?

MARCHBANKS (ia basati altxatuz): Jende dongea maitasunik ez daukana da: beraz ez dira lotsa izaten. Maitasuna eskatzeko adorea daukate ez dutelako behar: maitasuna eskaintzeko adorea daukate ez daukatelako ezer emateko. (Jarlekuan jausi da gogotxartuta, eta, betilun, gehitu du) Baina guk, daukagun maitasuna besteen maitasunarekin bildu nahi dugunok, ezin dugu hitz-erdirik atera. (Lotsati) Bat zatoz, ezta?

PROSERPINE: Hara: horrela hitz egiten amaitzen ez baduzu, gelatik alde egingo dut, Marchbanks jauna; benetan alde egingo dut. Ez da egokia.

 

Berriro jarri da idazmakinan, liburu urdina zabaldu du eta pasarte bat kopiatzen hasi da.

 

MARCHBANKS (etsita): Esatea merezi duen ezer ez da egokia. (Jaiki eta gelatik dabil, hara eta hona, berbetan) Ez zaitut ulertzen, Garnett andereñoa. Zertaz egin behar ote dut berba?

PROSERPINE (erdeinuz): Hitz egizu ezdeuskeriei buruz. Hitz egizu eguraldiaz.

MARCHBANKS: Ezdeuskeriei buruz lasai berbetan egongo zinateke ume bat inguruan bazeneuka, egarri, negar batean?

PROSERPINE: Ez dut uste.

MARCHBANKS: Beraz, ni ezin naiz egon ezdeuskeriei buruz berbetan, bihotza egarri, negar batean dudala.

PROSERPINE: Orduan, isilik egon.

MARCHBANKS: Bai, horretara heltzen gara beti. Isilik egoten gara. Isiltzen du horrek zure bihotzaren negarra? Negar egin, egiten du eta, ala ez? Egin behar, bihotzik baduzu.

PROSERPINE (bat-batean jaikiz, eskua bihotzean duela): O, alferrik da lan egiten saiatzea horrela hizketan zabiltzan bitartean. (Bere mahaitxoa utzi eta sofan eseri da. Sentimenduak azalmintzaren azalean ditu) Ez dizu axola nire sentimenduak negarrez dauden ala ez; baina gogoeta bat esango dizut, hori guztia dela eta.

MARCHBANKS: Ez daukazu esan beharrik. Badakit hala dena.

PROSERPINE: Baina, kontuz! Inoiz esaten baduzu nik esan dudala, ukatu egingo dut.

MARCHBANKS (errukitsu): Bai, badakit. Eta beraz ez daukazu berari esateko ausardia?

PROSERPINE (jauzi eginez): Berari! Nori?

MARCHBANKS: Dena delakoari. Maite duzun gizonari. Edonor izan liteke. Apaiz lagunkidea, Mill jauna, beharbada.

PROSERPINE (destainaz): Mill jauna!!! Gizon perfektoa niri bihotza apurtzen? Halakorik! Nahiago zu, Mill jauna baino.

MARCHBANKS (atzera eginez): Ez, benetan: barkatu; baina ez duzu hori pentsatu behar. Ni...

PROSERPINE (artega, sutondora doala eta bertan solaskideari atzea emanez): O, ez larritu: ez zara zu. Ez da pertsona zehatz bat.

MARCHBANKS: Badakit. Zuk sentitzen duzu maite dezakezula, eskaintzen zaizun edonor...

PROSERPINE (biratuz, bizituta): Eskaintzen zaidan edonor! Ez, ez horixe. Zertzat hartu nauzu?

MARCHBANKS (etsipenez): Alferrik da. Ez didazu benetako erantzunik emango: mundu guztiak esaten dituen gauza horiek baino ez. (Han-hemenka dabil sofaraino eta kontsolamendu gabe eseri da).

PROSERPINE (erreta bere gizabidea aristokrata batek gutxietsi duelakoan): A bai, elkarrizketa originala nahi baduzu hobe duzu joan eta zeure buruarekin hitz egitea.

MARCHBANKS: Horixe da olerkari guztiek egiten dutena: beren buruarekin ozenki jardun; eta munduak entzun egiten die. Baina bakardade ikaragarria ematen du noizean behin besteren bat hitz egiten ez entzuteak.

PROSERPINE: Itxaron Morell jauna etorri arte. Berak egingo dizu hitz. (Marchbanksek muzin). O, ez daukazu aurpegi arraroak ipini beharrik bera dela eta: zuk baino hobeto daki hitz egiten. (Jenioz) Txoriburu hori aterako lizuke hitz eginez. (Bere tokira haserre itzultzen ari dela, mutilak, bat-batean konturatuta, salto egin eta gelditu du).

MARCHBANKS: A, orain ulertu dut!

PROSERPINE (gorrituta): Zer ulertu duzu?

MARCHBANKS: Zure sekretua. Esadazu: benetan eta egiaz bera maite izan dezake emakume batek?

PROSERPINE (horrek muga guztiak gainditu balitu bezala): Hara!!

MARCHBANKS (sutsu): Ez, erantzun iezadazu. Jakin nahi dut: jakin behar dut. Nik neuk, ezin dut ulertu. Ez diot ezer ikusten ez bada hitzak, santujalekeriak, jendeak ontasuna esaten diona. Ezinezkoa da zuk hori maite izatea.

PROSERPINE (egokitasun hotza agertuz mutila mesprezatu nahian): Ez dakit zertaz ari zaren. Ez dizut ezertxo ulertzen.

MARCHBANKS (gartsu): Bai horixe. Gezurretan zabiltza: ...

PROSERPINE: Baina!

MARCHBANKS: ...Ulertzen didazu; eta badakizu. (Erantzuna jasoko duela deliberatuta) Maite izan dezake emakume batek?

PROSERPINE (aurpegira artez begiratzen): Bai. (Mutilak aurpegia eskuekin estali du) Zer duzun ez badakit ere! (Mutilak eskuak kendu ditu. Emakumea, mutilaren tragedia-aurpegiak ikaratuta, berehala aldendu da albait urrunen, aurpegira begi-begira, mutilak, sutondoko ume-aulkian guztiz zapuzturik esertzera joateko, atzea eman arte. Emakumea atera hurbildu denean, ireki egin da eta Burgess sartu da. Gizona ikusiaz batera deiadar egin du) Ene jainkoa! Hemen norbait dago. (Eta, bere buruaren jabe, berriro eseri da mahaian bere lekuan. Orri garbi bat ipini du idazmakinan Burgess Eugenerenganantz doan bitartean).

BURGESS (maila handiko bisitariari abegi ona egiten tematuta): Bueno, honela bakarrik utzi zaituzte, Morchbanks jauna. Zuri la'un e'itera etorri naiz. (Marchbanksek atsekabeturik begiratu dio, bestearengan eraginik izan ez badu ere) James orrezkaritza batekin bilduta da'o jantokian; eta Candy goian da'o nahi duen jostun gaztetxo bati erakusten. (Doluminez) Bakarti sentitu behar duzu hemen mekanogarfista baino beste inor e'uki gabe hizketarako. (Besaulkia mugitu eta eseri da).

PROSERPINE (zeharo sutan): Oso ondo egongo da orain, zure elkarrizketa zainduaren bentajarekin: oso kontsolagarria, nola ez. (Makinaz idazten hasi da laztuta).

BURGESS (haren ausarkeriak txundituta): Ez nengoen zurekin hizketan, andretxoa, nik daki'ala.

PROSERPINE: Ikusi duzu inoiz edukazio txarragorik, Marchbanks jauna?

BURGUESS (gogortasun arranditsuz): Morchbanks jauna jatorra da, eta ba'aki bere lekua zein den, eta hori batzuek dakitena baino gehia'o da.

PROSERPINE (amorratuta): Argi dago zu eta biok ez garela jaun eta andre jatorrak: ondo argi hitz egingo nizuke Marchbanks jauna hemen ez balego. (Makinako papera alborantz atera du eta urratu egin da) Hara! Eskutitza alferrik galdu dut... dena berriro egin behar orain. O, ezin dut jasan... agure kokolo buruhandia!

BURGUESS (jaikiz, suminak arnasgabetuta): E! Ni, a'ure kokolo buruhandia? Bai, e? Halako'ik (arnaska)! Ko'forme, neska! Ko'forme. Itxa'on zure na'usiari esan arte. Ikusiko 'zu. Erakutsiko 'izut: baietz ikasi.

PROSERPINE (urrunegi joan dela konturatuta): Ni...

BURGUESS (isilaraziz): Ez: e'indakoa e'inda da'o. Alferrik da o'ain esatea. Jakingo 'zu nor naizen. (Proserpinek desafiozko kolpe batez irristarazi du idazmakinaren orga, eta destainaz darrai lanean) Ez e'in kasu'ik e' ez, Morchbanks jauna. Ez du me'ezi. (Berriro eseri da garrantzi handiarekin).

MARCHBANKS (erabat urduri eta nahasita): Ez genuke hobe gaia aldatzea? Ni... nik ez dut uste Garnett andereñoak ezer esan nahi zuenik.

PROSERPINE (ziurtasun osoz): A, ez nuen ezer esan nahi, hortaz; horixe behar genuen!

BURGUESS: Nik ez nuke neure burua horri adi e'otera beheratuko.

 

Txirrin elektrikoak bi aldiz jo du.

 

PROSERPINE (ohar-liburua eta paperak hartuz): Hori niretzat da. (Kanpora doa bizkor).

BURGUESS (emakumeari atzetik esanez): A, barkatuko dizugu. (Azken hitza esan duenaren garaipentxoak nolabait lasaituta, eta oraindik erdi-makurtuta garaipena areagotzeko prest, emakumea jagoten geratu da une batez; ondoren bere jarlekuan Eugeneren alboan jesarri eta isilmandatuka diotso) O'ain bakarrik gaudenez, Morchbanks jauna, utz i'dazu ematen mundu guztiari emango ez nioke'n a'iskide-aholkua. Noiztik ezagutze' 'zu James, gure suhia?

MARCHBANKS: Ez dakit. Ez ditut inoiz egunak gogoratzen. Orain hilabete gutxi batzuk, beharbada.

BURGUESS: Ezer arraro'ik igerri diozu inoiz?

MARCHBANKS: Ez dut uste.

BURGUESS (hunkigarri): Ezingo zenuke. Ho'i da arriskua. Bueno, zora'uta da'o.

MARCHBANKS: Zoratuta!

BURGUESS: Burutik total e'inda. Adi egon zaitez eta igerriko diozu.

MARCHBANKS (deseroso): Baina hori izango da bere iritziak...

BURGUESS (belaunean hatz erakuslearekin jo eta sakatuz adi egon dakion): Ho'ixe da nik pentsatzen nuena, Morchbanks jauna. Denbora askoan pentsa'u izan dut haren eritziak baino ez zi'ela; baina, argi ibili, eritziak oso gauza serioa izate'a iristen di'a jendeak pra'tikara e'amatea e'abakitzen duenean, berak e'in duen bezala. Baina ho'i ez da kontua. (Ingurura begiratu du bakarrik daudela ziurtatzeko, eta Eugeneren belarrira hurreratu da) Zer uste 'zu esan di'ala gaur goizean gela honetan bertan?

MARCHBANKS: Zer?

BURGUESS: Esan dit... gu hemen gaudela baizen egia da hau... esan du: «Ni inuzentea naiz», esan du; «eta zu alproja hutsa zara». Ni alproja, kontu e'izu! Eta ge'o bostekoa bota 'it, hitz e'arretan ibili ba'ina bezala! Esango 'idazu gizon ho'i sano da'oela?

MORELL (kanpotik, atea zabaltzen dabilela, Proserpineri): Lor itzazu denen izen eta helbideak, Garnett andereñoa.

PROSERPINE (urrunetik): Bai, Morell jauna.

 

Morell barrura sartu da, ordezkaritzaren agiriak eskuetan.

 

BURGUESS (Marchbanksi ahapetik): Horra hor. Be'iratu eta ikusi. (Handikiro jaikiz) Barka'u, James, baina, kexa bat e'in behar dizut. Ez dut nahi; baina e'in beharra daukat, eskubidea eta betebeharra 'aukat.

MORELL: Zer da kontua?

BURGESS: Morchbanks jaunak baiezta'uko 'it: lekukoa izan da. (Oso hotsandiko) Zure andre gazte horrek erukazio guztia galdu eta a'ure kokolo buruhandia naizela esan dit.

MORELL (bihotz-bihotzetik): O, baina, Prossy gurea nolakoa den, gero? Hain da zintzoa: ez daki isilik egoten! Prossy gaixoa! A! A!

BURGESS (amorruz dar-dar): Eta zuk uste 'zu, be'ak esan duela ta, ho'i jasan behar dudala?

MORELL: Bu, lelokeriak! Ez iezaiozu kontuan har. Ez dio axola. (Txokora doa eta tiraderetariko batean sartu ditu paperak).

BURGESS: E, niri ez dit axola. Horren gainetik na'o. Baina ondo da'o ho'i? Ho'ixe da jakin nahi dudana. Ondo da'o ho'i?

MORELL: Hori Elizarentzako itauna da, ez laikoentzakoa. Minik eman dizu? Hori da zuretzako galdera, ezta? Ez dizu eman, noski. Ez pentsatu gehiago horretan. (Gaia amaitutzat jo du mahaian bere lekura joan eta eskutitzetan lanean hasiz).

BURGESS (Marchbanksi ahapetik): Zer esan dizut? Burutik e'inda. (Mahaira doa eta gose denaren adeitasun urriarekin itaundu du) Noiz da aparia, James?

MORELL: Oraindik, pare bat ordu arte ez.

BURGESS (etsita negarguraz): Emai'azu liburu atsegin bat sutondoan ikusteko; emango, James? Tipo ona zara.

MORELL: Nolako liburua? Liburu ona?

BURGESS (arranguraz ia garraxi eginez): Bai, ze'a! Gustatzeko mo'uko zerbait, denbora emateko baino ez. (Morellek aldizkari irudidun bat hartu du mahaitik eta eskaini dio. Apalik onartu du) 'kerrik asko, James. (Sutondoko aulki handira itzuli da, eta bertan eroso jarri da, irakurtzen).

MORELL (idatzi ahala): Candida laster etorriko da zurekin egotera. Bidali du ikaslea. Lanparak betetzen dabil.

MARCHBANKS (atsekaberik handienarekin ihardetsiz): Baina horrek eskuak lohituko dizkio. Ezin dut hori jasan, Morell: lotsagarria da. Neuk beteko ditut. (Aterantz abiatu da).

MORELL: Hobe duzu ez egitea. (Marchbanks gelditu egin da, zalantzan) Nire botak garbitzen baino ez lizuke utziko, goizean nik neuk egin beharrik ez izateko.

BURGESS (erabateko gaitzespenez): Orain ez daukazu, ba, zerbitzaria, James?

MORELL: Bai, baina ez da esklaboa; eta hiru banitu bezala dago etxea. Horrek esan nahi du denok lagundu behar dugula. Ez da plan txarra: Prossyk eta nik lanaz hitz egin dezakegu gosaldu eta gero garbitzen dugun bitartean. Garbitzea ez da neketsua lagun bi daudenean horretarako.

MARCHBANKS (oinaze batean): Uste duzu emakume guztiak direla Garnett andereñoa bezain artile arrunta?

BURGESS (hanpaduraz): Ho'i egia da, Morchbanks jauna: ho'i egia da. Artile arrunta da.

MORELL (soseguz eta esanguratsu): Marchbanks!

MARCHBANKS: Bai?

MORELL: Zenbat zerbitzari ditu zuen aitak?

MARCHBANKS (umore-txartuta): A, ez dakit. (Sofara doa, Morellen galderetatik ahalik eta urrunen egoteko bezala, eta egonezin handiarekin jesarri da, parafinan pentsatzen).

MORELL (oso ahots apalean): Hainbeste direlako ez dakizu! (Erasokorrago) Artile arrunta landu behar denean, txirrina jo eta baten bati pasatzen diozue, e?

MARCHBANKS: O, ez nazazu oinazetu. Zuk txirrina jo ere ez duzu egiten. Baina zure emaztearen atzamar ederrak parafina-olioz zikintzen ari dira, zu hemen zauden bitartean eroso jarrita berbaldia botatzen horrexetaz: amaitu ezineko berbaldia! Berbaldia! Berbak! Berbak! Berbak!

BURGESS (ihardespen hori biziro eskertuz): Ho'i, ho'i! De'bruak 'e hobeto! (Pozarren) Erantzu' i'ozu horri, James, artez.

 

Candida sartu da, mantala jantzita, irakurtzeko argiontzia garbi, beterik, eta argi egiteko prest dakarrela. Mahaian Morellen ondoan ipini du, erabiltzeko gertu.

 

CANDIDA (hatz-mamiak elkarrekin igurtziz, sudurraren tik txiki bat eginez): Gurekin geratzen bazara, Eugene, uste dut zeure ardurapean jarriko ditudala lanparak.

MARCHBANKS: Geratuko naiz lan gogor guztia niri ematekotan.

CANDIDA: Oso galaia zara; baina uste dut atsegin nukeela nola egiten duzun ikustea lehenengo. (Morelli) James, ez zara arduratu etxea behar bezala zaintzeaz.

MORELL: Zer egin dut —edo ez dut egin—, maitea?

CANDIDA (gogortxo): Nire neure txakurtxoaren eskuila betuna emateko erabilita dago. (Bihotz-minezko intziria egin du Marchbanksek. Burgessek inguruan begiratu du, harrituta. Candida sofara doa ziztu baten) Zer gertatzen da? Gaixorik zaude, Eugene?

MARCHBANKS: Ez, gaixorik ez. Bakar-bakarrik izua! Izua! Izua! (Burua esku artera makurtu du).

BURGESS (jota): Zer! Izututa, Morchbanks jauna! O, ho'i txarra da, zure adinean. Uxatu e'in behar duzu atoan.

CANDIDA (bareturik): Lelokeriak, aita! Izu poetikoa baino ez da, ezta, Eugene (mutila laztanduz)?

BURGESS (lotsatuta): O, izu po'tikoa da? Barka eskatzen dizut, barkatu. (Sutondorantz itzuli da berriro, ondorioa arinegi atera izana madarikatuz).

CANDIDA: Zer da, Eugene? Garbitzeko eskuila? (Mutilak dardara egin du) Tira, ba! Ez dio axola. (Mutilaren alboan eseri da) Ez zenidake opari egin nahi boli eta nakarrezko beste berri polit bat?

MARCHBANKS (leun eta doinuz, baina triste eta irrikaz): Ez, garbitzeko eskuila barik, ontzi bat: potina, urrutira joateko, mundutik alde, haitzurdinezko solairuak euriak garbitzen eta eguzkiak lehortzen dituen lekura; hego-haizeak tapiz berde-purpura ederren hautsa astintzen duen lekura. Edo zalgurdia! Zerura eroan gaitzan, argiontziak izarrak izanik, parafina-olioz egunero bete beharrik ez dagoen lekura.

MORELL (zorrotz): Eta nagiak, norberekoiak eta alferrak izatea beste egitekorik ez dagoen lekura.

CANDIDA (gaitzituta): O, James! Nola bota dezakezu dena pikutara?

MARCHBANKS (sutzen): Bai, nagiak, norberekoiak eta alferrak izatea, hau da, ederra eta askea eta zoriontsua izatea: ez dio gizon orok bihotz guztiarekin hori desio maite duen emakumeari? Horixe da nire ideala: zein da zurea, eta etxe-ilara beldurgarri hauetan bizi den jende izugarri guztiarena? Predikuak eta eskuilak! Zu predikatzeko eta emaztea eskuilatzeko, noski.

CANDIDA (xelebre): Botak garbitzen ditu, Eugene. Zeuk egin beharko dituzu bihar, hori esan duzulako berari buruz.

MARCHBANKS: O, ez aipatu botarik! Zure oinak politak izango lirateke mendietan.

CANDIDA: Nire oinak ez lirateke politak izango Hackneyko errepidean bota barik.

BURGESS (gaizpidea hartuta): Benga, Candy! Ez ha'i arrunta izan. Morchbanks jauna ez da'o horretara ohituta. Izuak ematen habilkio berriro. Po'tikoak esan nahi dut.

 

Morell isilik dago. Itxuraz lanpetuta dabil eskutitzekin: benetan, nahasirik dago, beldurrez, bizi izan duen esperientzia berri eta kezkagarriagatik, hau da, zenbat eta ziurrago dagoen bera bere eraso moralekin, orduan eta errazago eta eraginkorrago saihesten ditu Eugenek. Bere burua berak errespetatzen ez duen gizon baten beldur izaten hasita ikusteak min garratza ematen dio.

Garnett andereñoa telegrama batekin sartu da.

 

PROSERPINE (Morelli telegrama eskura emanez): Erantzuna ordaindutakoa. Mutila zain dago. (Idazmakinara itzuli eta bertan eseriz, Candidari) Maria prest daukazu sukaldean, Morell andrea. (Candida jaiki da) Tipulak heldu dira.

MARCHBANKS (asaldatuta): Tipulak!

CANDIDA: Bai, tipulak. Ez Espainiako benetakoak... gustu txarreko tipula gorri txikiak. Txikitzen lagunduko didazu. Goazen.

 

Gerritik oratu du eta kanpora daroa, hari tiraka. Burgess altxatu egin da nahigabetuta, sutondoko alfonbratxoan zutik, eurei begira zuhurtuta.

 

BURGESS: Candyk ez luke ibili behar noble baten lobarekin horrela. Urrune'i joaten a'i da. Entzun, James: sarritan portatzen da horren arraro?

MORELL (labur, telegrama idazten): Ez dakit.

BURGESS (bihozbera): Polito e'iten du berba. Beti e'uki izan dut etorria po'siarako. Candyk hereda'u du abildade ho'i. Ipuin e'arrak konta'azten zizki'an honelako umetxoa baino ez zela. (Gutxi gorabehera oin biko garaiera adieraziz).

MORELL (berean buru-belarri): Bai, noski. (Telegrama lehortu eta irten).

PROSERPINE: Kontatu ohi zenizkion ipuin ederrok zeuk asmatzen zenituen?

 

Burgessek, erantzutera beheratzeko batere asmorik gabe, destainazko jarrerrarik harroputzena hartu du sutondoko alfonbratxoan.

 

PROSERPINE (bare): Ez nuen sekula pentsatuko zeuk egingo zenuenik. Bide batez, hobe dut zuri abisatzea, Marchbanks jaunari halako gustua hartu diozunez gero. Zoratuta dago.

BURGESS: Zora'uta! Ze'a! Baita neu 're!!

PROSERPINE: Burutik eginda. Ikaratu egin nau, badiotsut, zu etorri aurretxoan. Ez zara konturatu nolako gauza bitxiak esaten dituen?

BURGESS: Ho'ixe da, beraz, po'siazko izuak esan nahi du'na. Behin edo bitan bururatu zait apur bat senetik irtenda e'on behar duela, alajaina! (Gela zeharkatu du aterantz, joan ahala ahotsa ozenagotuz) Bueno, e'arra hau aterpea gizon batentzat, zaintzeko inor barik, zeu baino!

PROSERPINE (aurretik igaro zaionean): Bai, ze izugarria izango litzatekeen zuri zerbait jazoko balitzaizu!

BURGESS (harro-harro): Ez i'dazu hitzik e'in niri. Esaiozu zeure na'usiari lorete'ira joan naizela zi'arro bat e'iten.

PROSERPINE (burlazar): O!

 

Burgessek ihardetsi orduko, Morell itzuli da.

 

BURGESS (bihozbera): Buelta bat emate'a lorete'ira, James.

MORELL (zakar): A, konforme, konforme. (Burgess kanpora doa agure nekatuaren itxura erdiragarria eginez. Morell mahaian, zutik paperen gainean, Proserpineri diotso, erdi umorez, erdi absente) Tira, Prossy andereñoa, zergatik ibili zara nire aitaginarrebari berba potoloak esaten?

PROSERPINE (lotsaz gorri-gorri eginda, eta bista atoan altxatuta, erdi minduta, erdi erantzukiz): Ni... (Negarrez hasi da).

MORELL (alaitasun samurrez, mahaiaren ingurutik harenganantz doala eta kontsolamendua emanez): O, baina, baina, baina! Berdin da, Pross: agure kokolo buruhandi bat da, ezta?

 

Negar-zotinetan lehertuz, lasterraldia egin du atera, eta ostean galdu da, ate-danbada batekin. Morell, burua astinduz etsita, zizpurua egin eta nekatuta doa bere aulkira, bertan jarri eta lanean hasi da; zaharra eta kezkatua ematen du.

Candida sartu da. Etxeko lana amaitu du eta amantala erantzita dator. Berehala ohartu da senarraren itxura abailduaz, eta isilik bisitarien aulkiaren kontra zutik geratu da, senarrari adi begira. Ez dio ezer.

 

MORELL (begiak goratuz, baina luma altxatuta lanari berriro ekiteko prest): Eta? Non dago Eugene?

CANDIDA: Eskuak garbitzen sukaldeondoan, iturrian. Sukaldari bikaina izango da Mariari dion beldurra gainditzen badu.

MORELL (labur): A! Dudarik ere ez. (Berriro hasi da idazten).

CANDIDA (hurrago joanda, eta, esan bitartean, eskua leunkiro gainean ipiniaz, geldiarazteko): Zatoz hona, maitea. Utz iezadazu zu ikusten. (Luma bota du eta emaztearen esanetara jarri da. Zutiarazi egin du, eta mahaitik apur bat aldendu, denbora guztian senarrari kritikoki begiratuz) Ipini aurpegia argitara. (Leihora begira ipini du) Gure mutilak ez dauka itxura onik. Lan gehiegi egiten ibili da?

MORELL: Ohi dudana baino gehiago ez.

CANDIDA: Oso zurbil dago, eta ile-zuri, eta zimurrekin, eta zahar. (Senarraren malenkonia handiagoa egin da; eta bilatutako alaitasunez eraso dio emazteak) Ala: (sofarantz tiraka) gaurkoz nahikoa idatzi duzu. Utzi Prossyri amaitzen. Zatoz eta hitz egidazu.

MORELL: Baina...

CANDIDA (tematuz): Bai, hitz egin behar didazu. (Eserarazi du, eta bera alfonbran jesarri da haren belaunondoan) Orain (eskuak elkartuz) itxura hobea hartzen hasi zara dagoeneko. Zergatik irten behar duzu gauero hitzaldiak eta berbaldiak egiten? Astean ozta-ozta daukat arratsalde bat zurekin egoteko. Jakina, zuk esaten duzun guztia egia da eta oso zuzena; baina ez du onik egiten: ez die axola zer esaten diezun ezta apurrik ere. Zurekin ados daudela uste dute; baina zertarako jendea ados eduki gero juxtu esan diezunaren kontrakoa egiten badute atzea ematen diezun unean bertan? Begira gure kongregazioa St Dominic elizan! Zergatik etortzen dira igandero zuri kristautasunari buruz jarduten entzutera? Zeragatik, negozioetan eta dirugintzan sei egunez buru-belarri ibili ondoren dena ahaztu eta atseden hartu nahi dutelako zazpigarrenean; horrela, freskaturik itzul daitezke eta lehenago baino diru gehiago egiten jarrai dezakete! Zuk benetan lagundu egiten diezu horretan, eragotzi beharrean.

MORELL (seriotasun kementsuz): Oso ondo dakizu, Candida, zeharo gogor egiten diedala horregatik sarritan. Eta elizara joateko ez badute besterik atsedena eta dibertsioa baino, zergatik ez dira gauza atseginagoetan... laxoagoetan saiatzen? Gauza onen bat izan behar, gurago badute igandeetan St Dominic leku txarragoak baino.

CANDIDA: Baina leku txarragook ez dira egoten irekita; eta egonda ere, ez dira ausartzen joaten inork ikusiko ote dituen. Gainera, James, maitea, hain bikain predikatzen duzu, eurentzat antzerkira joatea bezala da. Zergatik uste duzu izaten direla emakumeak hain sutsu?

MORELL (jota): Candida!

CANDIDA: O, badakit. Zuk, mutil kokolo horrek, uste duzu zure sozialismoagatik eta zure erlijioagatik dela; baina hori balitz, esaten diezuna egingo lukete zu ikustera etorri soilik egin beharrean. Prossyren gaitza dute denek.

MORELL: Prossyren gaitza! Zer esan gura duzu, Candida?

CANDIDA: Bai, Prossy, eta izan dituzun beste idazkari guztiak. Zergatik dago Prossy gauzak garbitzeko gertu, eta patatak zuritzeko, eta zergatik apaltzen du bere burua modu guztietara, astean sei txelin, hiriko bulegoan irabazten zuena baino gutxiagoren truke? Zurekin maiteminduta dagoelako, James: horrexegatik. Denak daude zurekin maiteminduta. Eta zu predikatzearekin maiteminduta zaude hain polito egiten duzulako. Eta zuk uste duzu dena dela zeruetako erreinuarenganako sugarra lurrean; eta eurek ere hori uste dute. Ai, kokolo maitea!

MORELL: Candida, zelako zinismo beldurgarria, arima-galgarria! Txantxetan zabiltza? Ala... nola liteke? ...jeloskor zaude?

CANDIDA (pentsakortasun bitxiz): Bai, batzuetan apur bat jeloskor sentitzen naiz.

MORELL (sinesgogor): Prossygatik?

CANDIDA (barreka): Ez, ez, ez, ez. Ez inorgatik jeloskor. Jeloskor beste norbaitegatik, maite behar luketen moduan maite ez duten norbaitegatik.

MORELL: Nigatik?

CANDIDA: Zu! Zergatik? Maitasunez eta adorazioz alferrik galduta zaude eta: zuretzako ona dena baino askoz gehiago jasotzen duzu. Ez, Eugenegatik esan nahi dut.

MORELL (ikara baten): Eugene!

CANDIDA: Ez da bidezkoa maitasun guztia zureganako izatea, eta batere ez berarentzat, nahiz eta berak zuk baino askoz beharrago duen. (Inarrosaldi batek dardara eragin dio bere borondatearen aurka) Zer da kontua? Kezkaren bat sortu dizut?

MORELL (presaka): Ezta bat ere. (Emazteari begi-begira larri) Badakizu nire uste osoa daukadala zugan, Candida.

CANDIDA: Harroputz hori! Horren ziur zaude zure eutsi ezinezko lilura eta xarmaz?

MORELL: Candida, min ematen didazu. Ez dut inoiz pentsatu nire lilura eta xarman. Zure onberatasunean, zure araztasunean pentsatu dut. Horrexetan daukat neure uste osoa.

CANDIDA: Nolako gordinkeria, zelako gauza jasangaitza niri esateko! O, elizgizona zara, James: erabateko elizgizona.

MORELL (itzuli eta urrunduz, bihotzean jota): Hala esaten du Eugenek.

CANDIDA (interes biziz, besoak senarraren belaunean ipini eta haren gainera makurtuz): Eugenek beti izaten du arrazoia. Mutil zoragarria da: kanpoan izan naizen denbora guztian gero eta gogokoago dudala konturatu naiz. Badakizu, James, berak susmorik txikiena ere izan ez arren, nirekin burua galdu arte maitemintzeko prest dagoela?

MORELL (itun): O, berak ez dauka horren susmorik, ezta?

CANDIDA: Alerik ere ez. (Besoak senarraren belaunetik batu ditu, eta pentsakor biratu da, jarrera patxadatsuagoa hartu du eskuak altzoan dituela) Noizbait jakingo du: hazten denean eta esperientzia hartzen duenean, zeure moduan. Eta jakingo du nik jakin behar nuela. Jakin gura nuke zer pentsatuko ote duen nitaz orduan.

MORELL: Txarrik ez, Candida. Espero dut eta hala bedi, txarrik ez.

CANDIDA (zalantzati): Edo bai, zeraren arabera.

MORELL (aztoratuta): Arabera!

CANDIDA (hari begira): Bai, berari zer gertatzen zaion, horrexen arabera. (Senarra espresiorik gabe begira dauka) Ez duzu, ba, ikusten? Kontua da nola heltzen den bera maitasuna benetan zer den ikastera. Esan nahi dut nolako emakumeak irakatsiko ote dion hori.

MORELL (zer egin ia ez dakiela): Bai. Ez. Ez dakit zer esan nahi duzun.

CANDIDA (azaltzen): Emakume on batengandik ikasten badu, orduan ondo egongo da: barkatuko dit.

MORELL: Barkatu!

CANDIDA: Baina jo dezagun emakume txar batengandik ikasten duela, hainbeste gizonek bezala, bereziki olerkariek, emakume guztiak aingeruak direla uste baitute! Demagun maitasunaren balioaz konturatzera heltzen dela bere ezjakintasunean alferrik galdu duenean eta bere burua lotsagarri utzi duenean! Barkatuko ote dit orduan, zure ustez?

MORELL: Barkatu, zergatik?

CANDIDA (zenbaterainoko leloa den ohartuz, eta apur bat etsita, baina samurtasun osoz hala ere): Ez duzu ulertzen ala? (Buruari eragin dio. Senarrarengana itzuli da berriro, pribatutasunik handienean azaltzeko moduan) Esan nahi dut, barkatuko ote dit berari nik neuk ez erakutsi izana? Emakume txarren eskuetan abandonatu izana, nire onberatasuna... zuk esan duzun moduan, araztasuna gorabehera? Ai, James, ze gutxi ulertzen nauzun, zure uste osoa nire onberatasun eta araztasunean daukazula esateko! Eugene gaixoari emango nizkioke biak, hotzak hilik dagoen eskekoari aldeko txala emango niokeen gogo bizi berberarekin, beste ezer ez balego ni gelditzeko. Jarri zure uste osoa zuri dizudan maitasunean, James; amaituko balitz, niretzat ardura gutxikoak izango bailirateke zure berbaldiak: zeure burua eta besteak egunero engainatzeko esaldi hutsak. (Jaikitzekotan da).

MORELL: Bere hitzak!

CANDIDA (bere burua gaingiroki txukuntzen jaiki ahala): Noren hitzak?

MORELL: Eugenerenak.

CANDIDA (atseginez): Beti izaten du arrazoia. Berak ulertzen zaitu; ulertzen nau; ulertzen du Prossy; eta zuk, laztana, zuk ez duzu ezer ulertzen. (Barre egin du, eta musu eman dio senarrari kontsolatzeko. Senarrak atzera egin du, sastada eman baliote bezala, eta jauzi batean zutitu da).

MORELL: Nola izan zaitezke hori egiteko gauza, musu... O, Candida (larrimina ahotsean) harpoia bihotzean sartu bazenit nahiago nuke musu hori eman izana baino.

CANDIDA (harrituta): Ene maitea: zer pasatzen da?

MORELL (erotu beharrik emaztea uxatuz): Ez ni ukitu.

CANDIDA: James!!!

 

Eten egin zaie elkarrizketa Marchbanks sartu baita Burgessekin; Burgess ate ondoan geratu da, begira, eta Eugene senar-emazte bien erdian jartzera lehiatu da.

 

MARCHBANKS: Zeozer pasatzen da?

MORELL (hilotza bezain zuri, bere burua irmo kontrolatuz): Ezer ez, zera baino: edo zuk arrazoia zeneukan gaur goizean, edo Candida zoratu egin zaigu.

BURGESS (ahalik eta ozenen protesta eginez): Zer! Candida 're zo'atu! O, benga, benga, benga! (Gela zeharkatu du sutondoraino, bide guztian protestaka, eta pipa laratzean jo du errautsa botatzeko).

 

Morell etsita jesarri da mahaian, aurrerantz okertuta aurpegia estaltzearren, eta atzamarrak elkarri gogor lotuta geldi eduki ahal izateko.

 

CANDIDA (Morelli, lasaiago eta barreka): O, aztoratuta baino ez zaude! Hori da dena? Ze konbentzionalak zareten jende ezkonbentzionala! (Jarlekuaren besoan eseri da alaitsu).

BURGESS: Benga, porta'u ha'i, Candy. Zer pentsa'uko du Morchbanks jaunak hitaz?

CANDIDA: Hori da Jamesek irakatsi didalako neure kabuz pentsatzen, eta inoiz ez jaramonik egiten jendeak nitaz zer pentsatuko ote duen. Ederto balio izan du berak pentsatzen zuen berbera pentsatu izan dudan bitartean. Baina orain! Zerbait ezberdin pentsatu dudala eta! Hara! Begiratu! (Morellengana seinalatu du, oso jostagura).

 

Eugenek begiratu egin du, eta berehala sakatu du eskua bihotzean, minen batek zulatu balio bezala. Sofan eseri da tragediaren zain dagoen gizonaren antzera.

 

BURGESS (sutondoko alfonbratxoan): Bueno, James, egia da ez duzula betiko itxura zirarragarria.

MORELL (ia negar-zotina den barrearekin): Hala dirudi. Barka eskatzen dizuet denoi: ez naiz konturatu nolako zalaparta ari nintzen sortzen. (Sentimenduak menderatzen ahaleginduz) Tira, tira, tira, tira, tira! (Berriz hasi da paperekin lanean, alaitasun irmoz).

CANDIDA (sofara abiatu eta Marchbanksen alboan jarririk, umorez, oraindik zirtolari): Tira, Eugene: zergatik zaude horren triste? Tipulek negar eragin dizute?

MARCHBANKS (ahapeka andreari): Zure ankerkeria da. Gorroto dut ankerkeria. Gauza ikaragarria da pertsona bat beste bati oinazea ematen ikustea.

CANDIDA (ironiarekin laztanduz): Mutil gizajoa! Ankerra izan naiz? Gustu txarreko tipulatxo gorriak txikitzean izan da?

MARCHBANKS (bihotzez): O, geldi, geldi: ez dut esan nahi nirekin. Oinaze beldurgarria eman diozu senarrari. Bere mina sentitzen dut neure bihotzean. Badakit zure errua ez dena... jazo beharreko zerbait da; baina ez ezazu zigortu. Dardara ematen dit oinazea eman eta barre egiten duzunean.

CANDIDA (sinesgogor): Neuk oinazea Jamesi! Lelokeriak, Eugene: gehiegizkoa esaten zabiltza! Kokoloa! (Jaiki eta mahaira doa kezkati) Ez egin lan gehiagorik, maitea. Zatoz eta hitz egizu gurekin.

MORELL (maitekor baina garratz): A, ez: nik ez dakit hitz egiten, predikatzen baino.

CANDIDA (eskua ferekatuz): Tira, zatoz eta predikatu.

BURGESS (erabat kexu): A, ez, Candy. Utzi hori guztia.

 

Lexy Mill sartu da, estu eta larri.

 

LEXY (lasterka Candidari eskua ematera): Zer moduz, Morell andrea? Biziro pozten nau zu berriro gure artean ikusteak.

CANDIDA: Eskerrik asko, Lexy. Ezagutzen duzu Eugene, ezta?

LEXY: A, bai. Zer moduz, Marchbanks?

MARCHBANKS: Nahikoa ondo, mila esker.

LEXY (Morelli): St Matthew Elkargotik nator oraintxe. Atsekaberik handienak jota daude zure telegrama dela eta.

CANDIDA: Zer esateko telegrafiatu duzu, James?

LEXY (Candidari): Haiei hitz egitekoa zen gaueon. Mare kaleko areto nagusia hartua dute eta diru-mordoa eralgia afixatan. Joaterik ez zuela esateko izan da Morellen telegrama. Sekulako ekaitza sortu du haien artean.

CANDIDA (harrituta, eta okerren bat susmatzen hasita): Berba egiteko hitzordua kendu!

BURGESS: E'ingo niken bere bizitza guztian lehenengo aldia izan dela. Ezta, Candy?

LEXY (Morelli): Telegrama espresa bidaltzea ebatzi dute, zure erabakia aldatzerik ba ote zenuen eskatzeko. Jaso al duzu?

MORELL (egonarria galtzeko zorian): Bai, bai, jaso dut.

LEXY: Erantzuna ordaindutakoa zen.

MORELL: Bai, badakit. Erantzun dut. Ezin joan naiteke.

CANDIDA: Baina zergatik, James?

MORELL (ia amorruz): Aukeratzen ez dudalako. Jende honi ahaztu egiten zaio ni ere gizona naizela: uste dute hitz egiteko makina naizela, nire bizitzako ilunabar guztietan eurei berba egiteko bizten dena. Ezin dezaket nik gau bat eduki etxean egoteko emaztearekin eta lagunekin?

 

Denak daude harrituta barru-lehertze hori dela eta, Eugene izan ezik. Ez du aurpegiera aldatu.

 

CANDIDA: O, James, ez duzu kontuan hartu behar horretaz esan dudana. Eta joaten ez bazara bihar kontzientzia txarrak erasoko dizu.

LEXY (larderiatuta, baina presatu guraz): Badakit, noski, bidegabeko eskaerak egiten dizkizutela. Baina mundu guztiari telegrafiatzen ibili dira beste hizlari baten bila; eta Agnostikoen Ligako lehendakaria baino ez dute lortu.

MORELL (berehala): Hara, gizon bikaina. Zer nahi dute hoberik?

LEXY: Baina beti esaten du sozialismoa eta kristautasuna bateraezinak direla. Guk egin dugun on guztia desegingo digu. Zuk hobeto dakizu jakina; baina... (Sorbaldak jaso eta sutondora doa noraezean Burgessen albora).

CANDIDA (lausengari): Bai, zoaz, James. Denok joango gara.

BURGESS (marmarka): Kontu e'in, Candy! Badionat! Egon gaitezen etxeko sutondoan, eroso. Pare bat ordu baino gehia'o ez din emango kanpoan.

CANDIDA: Hemen bezain eroso egongo zara batzarrean. Tribunan jarriko gara denok eta jende garrantzitsua izango gara.

MARCHBANKS (beldurretan): Ez, mesedez, ez gaitezen joan tribunara. Ez, denak izango ditugu begira: ezingo nuke jasan. Ni aretoaren atzealdean jarriko naiz.

CANDIDA: Ez zaitez beldur izan. Zuri barik, Jamesi begi-begira egongo dira denak.

MORELL: Prossyren gaitza, e? Candida!

CANDIDA (alai): Bai. Prossyren gaitza.

BURGESS (korapiloa askatu ezinik): Prossyren gaitza! Zertaz diharduzu, James?

MORELL (jaramon egin barik, jaiki egin da; atera doa; eta, irekita daukala, aginte-doinuarekin dei eginez): Garnett andereñoa.

PROSERPINE (urrunetik): Bai, Morell jauna. Banoa.

 

Denak zain, Burgess izan ezik: disimuluz Lexyrengana bihurtu da.

 

BURGESS: Entzun, Mill jauna. Zer da Prossyren gaitza? Ze gaixo dauka?

LEXY (isilmandatuka): Ez dakit zuzen-zuzen, bada; baina arraro hitz egin dit gaur goizean. Beldur naiz batzuetan pixka bat senetik irtenda ez ote dagoen.

BURGESS (gainezka eginda): Nola, kutsakorra izan behar du! Lau, etxe berean!

PROSERPINE (atalasean agerturik): Zer behar du berorrek, Morell jauna?

MORELL: Telegrafiatu St Matthew Elkargora banoala.

PROSERPINE (harrituta): Ez daude, ba, berorren zain?

MORELL (obediaraziz): Egizu esan dizudana.

 

Proserpine, beldurtuta, idazmakinaren aurrean eseri da, eta obeditu egin dio. Morellek, orain guztiz deliberatuta eta adoretsu, Burgessenganaino zeharkatu du gela, Candida bere joan-etorriei begira duela, harridura eta goganbehar gero eta handiagoarekin.

 

MORELL: Burgess, zuk ez duzu etorri nahi.

BURGESS (deitoratuz): O, ez 'zazu horrela hartu, James. Kontua da gaur ez dela i'andea, ba'akizu.

MORELL: Tamala. Uste nuen mahaiburua aurkeztea gurako zenuela. Eskualdeko Kontseiluko Lan-batzordean dago, eta eragina dauka kontratuen kontuan. (Burgess berehala esnatu da) Etorriko zara?

BURGESS (gogo biziz): Noski, ez naiz, ba, joango, James. Beti izaten da atse'ina zuri entzutea!

MORELL (Prossyrengana bihurtuz): Bileran oharrak jasotzea nahi nuke, Garnett andereñoa, beste egitekorik ez baduzu. (Ezetz egin du, berba egiteko beldur) Zu bazatoz, Lexy, betiko legez?

LEXY: Jakina.

CANDIDA: Denok goaz, James.

MORELL: Ez, zu ez zatoz; eta Eugene ez dator. Hementxe egongo zara eta zurekin edukiko duzu... etxera itzuli zarela ospatzeko. (Eugene jaiki egin da, arnaska).

CANDIDA: Baina, James...

MORELL (agintzen): Esan dut. Zuk ez duzu etorri nahi; eta berak ez du etorri nahi. (Candida protesta egitekotan da) Baina ez larritu: jende-aldra ederra izango dut zuek gabe ere, lehenago inoiz entzun ez didan jende onbideratu gabeak beteko ditu zuen aulkiak.

CANDIDA (kezkati): Eugene, ez zenuke etorri gura?

MORELL: Eugeneren aurretik joateko beldur izan behar nuke: berbaldiekiko hain kritikoa denez. (Mutilari begira) Badaki bere beldur naizela: horixe esan baitit goizean. Ederto ba, beldur zenbateraino naizen erakutsiko diot hemen zure zainpean utzita, Candida.

MARCHBANKS (bere buruari, sakon sentituz): Hau ederra. Hau pagotxa. (Berriro eseri da, ezpainak bananduta entzuten).

CANDIDA (goganbeharrez larri): Baina... baina... Zeozer pasatzen da, James. (Guztiz kezkatuta) Ez dut ulertzen...

MORELL (emaztea besoetan samurtasunez hartuz eta bekokian musu emanez): A, uste nuen neu nintzela ulertzen ez zuena, maitea.

 

 

© Bernard Shaw

© itzulpenarena: Jon Agirre Garai

 

 

"Bernard Shaw - Candida" orrialde nagusia