Sarrera

 

Anton Pavlovitx Txekhov Errusiako Taganrogen jaio zen 1860ko urtarrilaren 29an eta 1904eko uztailaren 14/15ean hil, Badenweiler, alemaniar hirian. Serbu jaio zen aita dendari baten seme, bere lanetan laguntzera behartu zuen aski goiz gerora idazle izango zena, eta berak zuzentzen zuen elizako koruan kantatzera ere bai. Ama atsegina izan zuen arren, Txekhovek beti oroitzapen goibela du haurtzaroaz. Herrian haur grekoentzat zegoen eskolan labur ibili ondoren hiriko gimnazijan sartu zen eta bertan iraun zuen hamar urtez. Garai hartan eskura zitekeen hezkuntzarik hoberena izan zuen, baina klasiko latino eta grekoetan oinarritua, gerora higuingarri gertatu zitzaizkion gaietan.

        1879ko udazkenean Txekhov Moskura joan zen bere familiarekin negozioetan porrot egin zuen aitak berriro hutsetik hasteko asmoa zuelako. Antonek medikuntza-fakultatean sartu eta 1884ean mediku titulua lortu zuen. Garai hartarako berak mantentzen zuen familia, zeren aitak oso gaizki ordainduriko enpleguak bakarrik aurkitzen bait zituen. Senideak aurrera ateratzeko ahalegin apartekoak egin behar izaten zituen ikasketak aurrena, eta mediku-lanak gero kazetaritza eta sketch komikoen idazketarekin txandakatuz.

        Idazle-karrera umorezko aldizkarietarako anekdota-kontatzaile bezala hasi eta bere lehen lanak izengoitiz sinatzen zituen. 1886 urterako sona handia irabazi zuen jendeak harrera aparta egiten zion zirto eta umorezko genero harekin. Txekhoven bizitzan aipaturiko urtea mugarritzat jartzen da idazletzari dagokionez, eta ordura arte irri eta isekazko eszenaz oretuak ziren lanak pixkanaka narrazio liriko-psikologiko izatera pasatzen dira, beraietan idatzi zituen bost obra dramatiko nagusietako «giroa» eta tonua jadanik agertzen direlarik. Gure itzulpenerako hautatu ditugun kontakizun gehienak 1887-89 bitartean eginak dira, heldutasun literariora iristen ari zenean hain zuzen ere.

        Nolanahi ere, medikuntza amaitu zuenean Txekhovek aski garbi zeukan lanbide horretan ez zuela ari izan nahi eta bestalde, tuberkulosiak jota zegoela. Bi aurkikunde horiek markatuko zuten etorkizuna eta hogei urtetan mila ipuin, bost teatro-obra eta zenbait pieza dramatiko txikiago idaztera iritsi zen. Luzaroan biziko ez zen susmoak ia burua altxa gabe idazten ihardutera bultza zuela esan liteke.

        XIX mendeko Errusian nabari zen astrapala ideologikoan Txekhovek muzin egin zien sermoi eta erretolika politikoari, eta sarritan aipatzen da bere kontra eta alde gutun batean idatzi zuen pasarte hura: «Ez naiz liberala, ez kontserbadorea, ez gradualista, ez anakoreta, ez indiferentista», hala ere, horrek ez du esan nahi bere idatzietan gizartearen arazo eta gorabeheretatik aparte gelditu zenik, nahiz eta Turgenev, Dostoievski edo Gorki baten mailako konpromisura ez iritsi. Badirudi, ideologiei baino erneago ibili zitzaiela gizakiaren promesa agortezinari eta izpirituaren zirrikituei. Batez ere giza auzi nagusiek kezkatu zuten, maitasuna, gorrotoa, handinahia, desengainua, egia, heriotza bezalakoek, normalean dogmatismo militanteek albora uzten dituzten gai horiek. Ez da harritzekoa, beraz, hasierako Tolstoiren ikasle eta mireslea handia izatea zentzu honetan.

        1890 urtean Sakhalin irla urrundura espedizio bat egin zuen Moskuko kritika eta inkaminketatik ihes egiteko. Bidaia luze eta neketsu horren ondorio izan zen Sakhalin irla (1893-94) lana, eta ondoren lehen bidaia egin zuen Mendebaldera. Garai beretsuan idatzi zuen Osaba Vanya maisulana eta Hartza, Proposamena, Ezteia, Urteurrena eta abar obrak.

        1892-98 bitartean, mediku eta administrari gisa 91-92ko gosetea arintzen buru-belarri saiatu ondoren Melikhovo herritxoan sailak erosi eta bertan jarri zen bizi izaten, bertako nekazariek, batez ere osasunaren aldetik, egiten zizkioten era guztietako eskariei erantzunez. Garai horretakoa da, besteak beste, Fraide Beltza. Harritzekoa da hainbesteko gizarte-ihardueraren artean nola lortzen zuen hainbeste eta hain umoak ziren narrazioak idazteko. Kaioa da ziurtasunez dataturiko teatro-obra bakarra.

        1897ko martxoan biriketako odoljario bat izan zuen eta Melikhovoko sailak saldu eta Jaltan villa bat eraikitzera beharturik aurkitzen da. Aurrerantzean bertan eta Frantses Rivieran ematen ditu negu gehienak, Mosku eta Petersburgoko mundu intelektualetik urrun. 1901ean Olga Knipper, bere obretan agertzen zen aktoresa gazteaz maitemindu eta ezkondu egin zen, baina emazteak teatrolanari uko egin ez zionez gero, denboraldi luzeak egiten zituzten elkarrengandik urrun eta ezkontzatik ez zen seme-alabarik jaio.

        Jaltako aldi honetan Txekhovek narrazio laburrak idazteari apur bat uko egin eta dramaturgiari eskaintzen dizkio bere indarrik hoberenak. Hiru Ahizpak (1900-01) eta Gereziondoen Baratza (1903-04) dira Moskuko Teatroarentzat idazten dituen bi obra nagusi. Autorea ez zen beti bat etortzen Stanislavsky bezalako berriztatzaile batekin, idazten zituen obrak antzeztean behar adinako naturaltasun eta deklamaziogabeziarik ikusten ez zuelako, eta behin eta berriz azpimarratzen du bere teatroa komedia areago zela tragedia baino.

        Hil zen garairako ospetsua bazen ere,1. Mundu Gerratera arte ez zuen nazioarteko entzuterik lortu eta 40 urte geroago 20 liburukitan bere obra osoak (Polnoe sobranie socinenü i pisem A. P. Cekhova) argitaratzean lortu zuen kritikak bere eskuetan sorkuntza eskerga guzti hura bildurik izatea. Bertan agertzen diren gutunek gezurtatu egiten dute bizitzan zehar pesimismoz jota ibili zelako sasi-ustea. Nahiz eta Txekhov batez ere bere teatro-lanengatik ezaguna izan, azken aldietako kritikak istorio eta narrazio laburren idazle bezala garrantzi eta sormen handiagokotzat aldarrikatu du, izan ere perfekzio harrigarrira iritsi bait zen genero horretan.

        Errusieratik euskarara lehendabizikoz egin den itzulpen honetarako hautatu ditugunak sona handienekoak dira eta Txekhoven mundua eta estiloaren berri irakurle euskaldunari emateko aukerakoak direlakoan gaude. Dastatuko ahal ditu irakurle euskaldunak maisu errusiar honen kontakizunetan nabari den giza aberastasun eta pilpira liriko guztia, Europako «etxe amankomunean» mendebala eta ekialdea elkarrekin bake eta anaitasunean bizi izateko pauso bizkorrak ematen ari diren une honetan.

 

X. Mendiguren

Donostian, 1990eko azaroan

 

 

© Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Txekhov / Ipuinak" orrialde nagusia

Anton Txekhov euskaraz