Seigarren pabilioia

 

I

 

Ospitalearen atarian eraikuntza txiki bat dago, lapabelar, asun eta basakalamuz inguratua. Teilatua lizundua du, tximinia erdi-porrokatua, eskailmailak erdi-higatuak eta belarrez estaliak eta hormetako estukutik hondarrak besterik ez da geratzen. Fatxada ospitaleari zuzendua dauka, atzekaldea landara begira, zeinatik bereizten bait du hesi zahar grisaska iltzez josi batek. Iltze hauek, puntak gora begira, hesiak eta pabilioia berak badute gure ospitaleetan eta gartzeletan bakarrik dagoen tristura eta bakardade-kutsu berezi hori.

        Asunen erredurei beldurrik ez badiezu, goazen pabilioirako bidezidor meharretik eta ikus dezagun zertan ari diren barrukoak. Lehen atea zabaldurik, eskaratzean sartzen gara. Hormetan zehar eta estufaren inguruan ospitale-trapu mordoak daude pilaturik. Lastairak, bata zahar eta urratuak, frakak, marra urdinekiko alkandorak, oinetako itxuragabetu gauzezak —piltzar guzti haiek pilotan nahasirik daude, usteltzen, kirats jasanezina dariela.

        Trapuen gainean pipa beti ahoan duela Nikita atezaina dago, galoi gorridun soldadu zahar erretiratua. Aurpegi gogor argala du, bekain eroriek estepako artzaintxakur itxura ematen diotela, eta sudur gorria; moztaka, iharra eta urduria da, baina ibilera beldurgarria eta ukabil sendoak. Pertsona sotil, erabakitsu, betetzaile zehatz eta soraio horietakoa da, munduan ordenua beste ezer baino gehiago maite duten horietakoa eta horregatik «jo» beharra dagoela sinetsirik daudenetakoa. Aurpegian, bularrean, bizkarrean, erortzen tokian, jotzen du, eta sinetsirik dago hori gabe ez legokeela hemen ordenurik.

        Aurrerago pabilioi guztia hartzen duen areto handi eta hedatsu batean sartzen da, ezkaratza kontutan hartu gabe. Hormak urdinzikinez igurtziak daude, sabaia gedarreztatua txosna tximinigabeetan bezala, —argi dago hemen neguan estufei kea dariela eta sunda izaten dela. Leihoak barrutik burdinazko xaretaz horniturik daude. Zorua gris eta higatua dago. Aza garratz, mitxa erre, tximitx eta amoniako kiratsa dago han eta lehen unetik piztitoki batean sartu bagina bezalako inpresioa eragiten du.

        Aretoan oheak zoruari finkaturik daude. Berorietan, eserita edo etzanda, gaixo-bata urdinez jantziriko eta aintzinako usariora txanoekiko pertsonak ageri dira. Zoroak dira.

        Guztira bost daude hemen. Bakarra da aitontsemea, gainerako guztiak burgesak dira. Atetik abiatuta aurrena dagoena burges garai, mehe, bigote horail distiratsu eta begi malkotsuekikoa da; eserita dago, buruari eutsiz eta puntu batera begiratzen du. Gau eta egun tristuraren menpean dago, buruari eraginez, hasperenka eta irribarre mingotsa eginez, nekez parte hartzen du elkarrizketetan eta normalean ez die galderei erantzuten. Makinalki jaten eta edaten du, ematen diotenean. Eztul mingarri, aunatzaileari eta masailen argaltasun eta gorritasunari bagagozkie, tuberkulosia hasten ari zaio.

        Ondoren agure txiki, bizkor eta oso zalu bat dator bizar punta luze eta ile ilun beltzena bezalako kizkurrarekin. Egunez aretoan zehar paseoan ibiltzen da leihotik leihora, edo ohean eserita egoten da, turkiarren erara eta txoka bat bezain nekagaitz txistuka, ahapean kantari edo barre-txikian aritzen da. Haur-alaitasuna eta izaera bizkorra gauez ere erakusten du Jainkoari otoitz egiteko jaikitzen denean, hau da, ukabilez bularra jotzeko eta ateetan atzaparka aritzeko. Moiseika judua da, gizajo bat, orain hogei bat urte zoratu zena, kaleguntzako tailerra erre zitzaionean.

        Seigarren aretoko bizilagun guztien artean berorri bakarrik ematen diote pabiliotik irteteko baimena eta baita ospitaletik kalera ere. Aspaldidanik du pribilegio hori, seguraski, ospitalean luzaroan bizi eta gizajo baketsu eta kaltegabea delako, hiriko bufoi gisa, mutikoz eta txakurrez inguraturik, kaleetan zehar ikusteko ohitura dagoelako. Batarekin, txano barregarri eta pantuflekin, batzutan oinutsik eta frakarik gabe ere bai, kalean zehar ibiltzen da ate eta denden aurrean geldituz eta kopeikatxo bat eskatuz. Leku batean kvasa ematen diote, beste batean ogia, hirugarrenean kopeikatxo bat, horrela normalean aseturik eta aberats itzultzen da pabilioira. Aldean daraman guztia, Nikitak kentzen dio bere probetxurako. Soldaduak zakarkeriaz, amorruz, patrikak irauliz eta Jainkoa testigutzat jarriz egiten du hau eta sekula gehiago ez diela juduari kalera irteten utziko eta desordenua dela beretzat munduan gauzarik txarrena esanez.

        Moiseika zerbitzaria da. Ura eramaten die kideei, estali egiten ditu lotan daudenean, kaletik kopeika bat ekarri eta txano berri bana egingo diela agintzen die; ezkerretara daukan auzoari, perlesidunari ere goilareaz jaten ere laguntzen dio. Guzti hori ez du egiten errukiz edota izaera humanitariozko inolako gogoetarengatik, baizik eta eskuinetara daukan auzoari, Gromovi, oharkabean men eginez eta bera imitatuz.

        Ivan Dmitritx Gromov, hogeitamahiru urreko gizasemea, jatorriz aitontsemea, exekutore judizial ohia eta Gobernu Zibileko enplegatuak, pertsegizio-mania pairatzen du. Ohean ez baldin badago marraskiloa bezala kiribilaturik, alde batetik bestera ibiltzen da instrukzioa egiten bezala. Baina oso gutxitan egoten da eserita. Beti erne dago, ataizean eta gurari lauso, zehazkaberen baten menpean. Ezkaratzeko zaratarik txikiena edo atariko oihu bat aski izaten dira burua altxatu eta adi jar dadin: ez ote datozkio bila? ez ote dute eramango? Eta hori dela-eta bere aurpegiak ezin gehiagorainoko ezinegona eta izularria adierazten ditu.

        Atsegin dut bere aurpegi zabal matrail-irtena, beti zurbil eta dohakabea, ispiluan bezala, borrokak eta beldur atergabeak martirioturiko arima isladatzen duena. Bere pariztak estrainio eta gaisozkoak dira, baina sufrimendu sakon eta benetakoak aurpegian utzi dizkion zimur finak, adimen eta zentzuzkoak dira, eta begietan distira epel osasuntsua du. Atsegin dut den bezala kunplitua, adeitsua eta guztiekiko tratuan aparteko delikatutasuna duena, Nikitarekin izan ezik. Norbaiti botoia edo goilarea erortzen zaionean, berehala ohetik jaiki eta jaso egiten du. Goizero egunon esaten die kideei, eta lotarakoan «ondo lo egin» opa izaten.

        Tirandurazko egoera atergabeaz eta pariztez salbu, bere zorotasuna honako honetan ere agertzen da. Batzuetan, arratsean, biltzen du bere burua batan, eta gorputz osoa dardarka, hortzei klask eraginez, alde batetik bestera eta ohe artean bizkor ibiltzeari ekiten dio. Badirudi sukar gogor batek jota dagoela. Honetan, gelditzen da ustekabean eta begiratzen die kideei, agi denez, garrantzizko zerbait esan nahi balie bezala, baina itxuraz, ez diotela entzungo edo ulertuko uste izanik urduri buruari eragin eta paseoari jarraitzen zaio. Baina laster nagusitzen zaie hitzegiteko irrika beste gogoeta guztiei, eta bero eta grinatsu hitzegiteari ekiten dio. Hizketa ordenugabea, sukartua da, eldarnioa bezalakoa, etena eta ez beti ulergarria, baina, aitzitik, hartan, bai hitzetan, eta bai mintzoan, guztiz ona den zerbait hautematen zaio. Hitzegiten duenean, aldi berean, zoroa eta zentzuduna antzematen zaizkio. Zaila litzateke bere hizketa zentzugabeak papereratzea. Giza doilorkeriaz hitzegiten du, eskubidea behartzen duen bortxaz, egunen batean lurrean izango den bizitza ederraz, uneoro zapaltzaileen ergelkeria eta krudelkeria gogorarazten dizkioten leihoetako xaretez. Zaharrak izan arren oraindik azkenekoak izango ez dituen leloen nahaskilo ordenugabe eta lokabea sortzen da.

 

 

II

 

Duela 12-15 urte, kale nagusi berean, bere jabegoko etxean Gromov funtzionaria bizi zen, gizon serio eta modukoa. Bi seme zituen: Sergei eta Ivan. Unibertsitateko laugarren urtean zegoela, Sergei alborengo bizkor batez harrapatu eta hil egin zen eta heriotze hau Gromov familiaren gainera bapatean abaildu ziren zorigaitz sail baten hasiera gisako zerbait izan zen. Sergei ehortzi eta aste bete geroago, aita zaharra auzitara eraman zuten iruzurra eta zarrastelkeriagatik, eta laster hil zen presondegiko eritegian tifusez. Etxea eta altzari guztiak saldu zituzten enkantean, eta Ivan eta ama inolako eskuarterik gabe gelditu ziren.

        Lehenago, aitaren garaian, Ivan Dmitritx Petersburgon bizi zen, unibertsitatean bait zebilen eta hilean 60-70 errublo hartzen zituen eta ez zuen inoiz jakin premia zer zen, orain bizimodua erabat aldatzera beharturik zegoen. Goizetik gauera eskolak ia hutsaren truk eman beharrean aurkitu zen, kopiagintzan lan egitera eta hala ere gose izatera, zeren irabazi guztiak amari bidaltzen bait zizkion mantenurako. Ivan Dmitritxek ezin izan zuen halako bizimodua jasan; jausi egin zen gogoz, porrot egin eta unibertsitatea utzirik etxera alde egin zuen. Han, herritxo batean, infludentzia bati esker maisu postua lortu zuen auzo-eskola batean, baina ez zen konpondu kideekin, ez zuten ikasleek atsegin izan eta laster utzi zuen postua. Hil zen ama. Urte erdi eman zuen lanposturik gabe, ogia eta ur hutsez mantenduz, ondoren exekutore judizial postua lortu zuen. Kargu honetan gaixotasunarengatik bidali zuten arte egon zen.

        Inoiz ez zuen, ezta estudiante gaztea zen urteetan ere, osasuntsu itxurarik izan. Beti zegoen zurbil, ihar, katarroetara isuria, gutxi jaten zuen, gaizki lo egiten zuen. Baso ardo batek burua nahasi eta nerbio atake bat emanerazten zion. Beti jendartera jotzen zuen, baina bere izaera suminkor eta ingira zirela-eta, ez zen inorengana hurbiltzen eta ez zuen adiskiderik. Beti mesprezuz mintzatzen zen hiritarren aurka, esanez, berorien manera zakar eta animalia lozorrotuen bizimoduari ezesgarri eta nardagarri zeritzela. Tenore-ahots altu gartsuz hitzegiten zuen eta sumindurik eta asaldaturik bezala edo suharraz eta miresmenaz eta zinez beti. Zernahi zelarik ere hizketagai, dena gauza bakarrera zuzentzen zuen: itogarria eta gogaikarria zen hiriko bizitza, gizarteak ez du interes jasorik, bizimodu motel, zentzugabea darama, bortxak, makurkeria lotsagabeak eta azaluskeriak soilik bixikotzen duena; bilauak ase eta jantzirik daude beti, eta jatorrek apurrak bakarrik jaten dituzte; beharrezko dira eskolak, bertako kazeta bat norabide jator batekin, teatroa, herri-liburutegiak, eta indar intelektualen elkargo bat; beharrezko da gizartea bere buruaz jabetu eta izutu dadin. Jendeari buruzko bere epaietan kolore bortitzak erabiltzen zituen, zuria eta beltza soilik, inolako ñabardurarik gabe; harentzat gizadiak bi sail zituen: bilauak eta jatorrak; ez zegoen tartekorik. Emakumeez eta maitasunaz beti grinaz, suharraz hitzegiten zuen, baina ez zen behin ere maitemindu.

        Bere epaien zorroztasuna eta urduritasuna gorabehera, maite zuten hirian eta aurrean ez zegoenean Vania deitzen zitzaion kutunki. Berezko finezia, adeitasuna, jatortasuna, ohitura-garbitasuna eta lebita maiztua, gaixo-itxura eta famili zorigaitzek sentimendu adiskidekor bero eta onbera sorrerazten zuten; gainera pertsona ikasia eta irakurria zen, hiritarren iritzian, eta guztiek entziklopedia ibiltari gisakotzat zeukaten.

        Izugarri irakurtzen zuen. Klubean eseri eta urduri bizarra lisatzen eta aldizkari eta liburuen orriak iraultzen ematen zuen astia, eta aurpegitik igartzen zitzaion ez zuela irakurtzen, baizik eta irentsi egiten zuela murtxikatzeko astirik gabe. Pentsatu beharra dago irakurketa zuela bere ohitura gaixozkoetako bat, zeren lera berdinaz oldartzen bait zitzaion eskuetaratzen zitzaion guztiari, baita aurreko urteetako kazeta eta egutegiei ere. Etxean beti etzanda irakurtzen zuen.

 

 

III

 

Behiala udazken-goiz batean abriguaren idunekoa jasorik eta lokatzatan txipili-txapalaka, Gromov kaleska eta barne-atarietan zehar denda batera zihoan bertan ordain-eskari bat aurkeztera. Aldarte goibela zuen, goizero bezala. Kalesketako batean oinetan bilurrak zituzten bi atxiloturekin eta beraien lau eskoltagizon armatuekin topo egin zuen. Lehenago sarritan topo egin izan zuen Ivan Dmitritxek atxilotuekin eta beti ere hauek gupida eta kontrakarrezko sentimendu bat sortzen zioten; oraingo topaketak, berriz, susmo estrainio eta berezi bat sortu zion. Bapatean otu zitzaion bera ere bilurrak jarri eta era berean lokatzatan zehar gartzelara eraman zezaketela. Dendariaren etxean apur batean egon eta berriz etxerakoan, postetxearen ondoan, ezaguna zuen polizi inspektore batekin topo egin zuen, zeinak agur egin eta berarekin pauso batzuk eman zituen kalean zehar, eta nolabait susmagarri eritzi zion horri. Etxean egun osoan ezin izan zuen burutik kendu atxilotuak eta soldadu armatuak, barne-artegatasun ezezagun batek ez zion uzten irakurtzen eta bere baitan biltzen. Arratsean ez zuen argirik piztu eta gauean ez zuen lorik egin eta denbora guztian atxilotu, bilurrak ezarri eta gartzelan sar zezaketela pentsatzen zuen. Ez zen inolako hutsegiteren errudun sentitzen eta segurta zezakeen etorkizunean ere ez zela hiltzaile, suemaile edo ebasle ere izango; baina agian zaila ote zen nahigabe, zabarkeriaz hogena egitea, edo agian ez ote zitekeen kalumnia edo azken finean, auziokerren baten biktima izan? Ez du alferrik irakasten mendeetako herri-esperientziak koarteletik eta kartzelatik ez dela inor libratzen. Eta auziokerra gaur eguneko prozeduran oso litekeena da eta ez da bat ere zaila. Inoren sufrimendua duten karguaren ikuspegitik bakarrik ikusten duten pertsonek, adibidez, epaile, polizia edo medikuek bezalakoek, denbora igaro ahala, eta ohituraren ohituraz hainbesteraino gogortzen dira, non nahita ere ezin izaten duten bezeroak tratu formala emanez ez bada. Ikuspuntu honetatik ez dira ezertan bereizten kortan ahariak eta txekorrak lepo egiten dituen baserritarrarengandik, odolean pentsatu gabe. Pertsonarekin horrelako jarrera formal arimagabea izateko, pertsona errugabeari dagozkion eskubide guztiak kendu eta presondegira kondenatzeko, epaileak gauza bakarra behar du: denbora. Formalitate batzuk betetzeko denbora bakarrik, zeinengatik epaileari dirua ordaintzen dioten, eta gero guztia akabo. Eta zoaz gero justizia eta babesaren bila herri txiki, zikin horretara, trenbidetik berrehun verstatara dagoenera! Gainera ez al da barregarria bortxa oro gizarteak premia arrazoizko eta bidezkotzat jotzen duenean, eta barkamenezko egintzak, esate baterako, absolbazioak nahigabe eta mendekuzko sentimendu-leherketa sortzen duenean?

        Goiz batez Ivan Dmitritx izuturik jaiki zen ohetik, bekokian izerdi hotza zuela, erabat sinetsirik, edozein unetan atxilotu zezaketela. Bezperako sentimendu astunek hain luzaroan iraun bazioten —pentsatzen zuen—, horrek esan nahi zuen egi parteren bat bazutela. Izan ere ezin zekizkiokeen burura etorri inolako ziorik gabe.

        Udaltzain bat igaro zitzaion, presarik gabe, leihoaren azpitik: hau ez zen alferrik. Bi gizon gelditu ziren etxearen ondoan eta isilik zeuden. Zergatik zeuden isilik?

        Eta Ivan Dmitritxentzat martiriozko gau eta egunak etorri ziren. Bere leihoen azpitik igarotzen eta atarira sartzen ziren guztiak espia eta salatitzat hartzen zituen. Eguerdian bi zaldiko kotxean igaro ohi zen poliziburua: bere landetxetik polizi buruzagigora joaten zen, baina Ivan Dmitritxi iruditzen zitzaion gero eta bizkorrago eta aurpegikera oso bereziarekin igarotzen zela: begibistan dago hirian gaizkile garrantzitsu bat dagoela adierazteko doala horrela. Ivan Dmitritxek dardar egiten zuen txilinots bakoitzeko eta ate-dei bakoitzeko, eta nozitzen egoten zen bere etxekoandrearen etxean aurpegi berri batekin topo egitean; polizia edo jendarme batekin topo egitean, irribarre egin eta txistuka hasten zen axolakabetasuna erakusteko. Ez zuen gau osoan erabat lo egiten, atxiloketaren zain, baina lotan balego bezala zurrungaka eta puzka aritzen zen, etxekoandreari lotan zegoela sinesterazteko; zeren lorik egiten ez bazuen, horrek esan nahi zuen barnezimikoak ez ziola uzten —froga nabarmena zen hori! Gertakariek eta logika zuzenak sinetserazi izan baliote beldur guzti hauek zentzugabekeriak eta psikopatiak besterik ez zirela, eta atxiloketak eta gartzelak, guztiak zabalago hartuta, funtsean ez dagoela ezer ikaragarririk, kontzientzia lasaitu egingo zitzaiokeen; baina zenbat eta logikoagoak eta zentzuzkoagoak zituen bere arrazoiketak, hainbat eta indartsuago eta kezkagarriago bihurtzen zitzaion barne-asaldura. Zera bezala zen, oihan birjinan agerrune bat ebaki nahi zuen ermitau harena bezala, zenbat eta kementsuago lan egiten zuen aizkoraz, sarriago eta nahasiago bihurtzen zitzaion oihana. Ivan Dmitritx, azkenaren buruan, guzti hau alferrikoa zela ikustean erabat utzi zion arrazoiketan aritzeari eta etsipenean eta izularrian erabat murgildu zen.

        Apartatzen eta jendeari ihes egiten hasi zen. Lehen atsekabea zuen lanbidea, jasanezin bihurtu zitzaion orain. Beldur zen nolabait azpijokua ez ote zioten egingo, oharkabean edalontziren bat patrikan ez ote zioten sartuko, gero frogatzat erabiliko zutena, edo halabeharrez dokumentu ofizialen batean errakuntzaren bat ez ote zuen egingo faltsifikazio itxurakoa edo inoren dirua galduko ez ote zuen. Bitxia zen inoiz bere bizitzan pentsamena orain bezain zalua eta asmakorra ez eduki izana, izan ere egunero milaka zio ezberdin imajinatzen bait zituen bere askatasuna eta ohorea arrisku larrian jartzeko. Bestalde, berriz, kanpoko munduarekiko interesa, bereiziki liburuekikoa, asko urritu eta oroimena huts egiten hasi zitzaion.

        Udaberrian, elurrak alde egitean, hilerriko troka batean, erdiustelduriko bi gorpu aurkitu zituzten: agure bat eta mutiko batenak, bortxazko heriotza izandako seinaleekin. Hirian ez zegoen gorpu haiek eta hiltzaile ezezagunak beste hizketagairik. Ivan Dmitritx, berak hil zituela inork pentsa ez zezan, irribarrezka kalean barrena ibiltzen zen, baina ezagunekin topo egitean, zurbildu, gorritu eta ez zegoela ahul eta babesgabeak hiltzea baino krimen handiagorik esateari egiten zion. Baina gezur honek laster aunatu zuen, eta zenbait gogoetaren ondoren, erabaki zuen bere egoeran etxekoandrearen etxeko sotoan ezkutatzea zuela hoberena. Sotoan eman zuen egun bat, gero gau bat eta beste egun bat, hotzez dardarka, eta ilunabarrari itxaron ondoren, itzalgaizka, lapurra bezala, bere gelara joan zen. Egunsentira arte zutik egon zen gelaren erdian, zirkinik egin gabe eta erne. Goizean goiz, eguzkia irten aurretik, labegin batzuk etorri ziren etxekoandrearenera. Ivan Dmitritxek ongi zekien sukaldeko tximinia konpontzera zetozela, baina izularriak sinetserazi zion poliziak zirela, labeginez mozorrotuak. Oinpuntetan irten zen gelatik, sarrakioak harturik, lebita eta kapelarik gabe, kalean zehar lasterka ekin zion. Atzetik zaunkaka txakurrek jarraitu zioten, non edo non baserritarren bat oihuka ari zen, belarrietan haizeak txistu jotzen zion eta Ivan Dmitritxek uste izan zuen mundu guztiko bortxa atzetik bildu eta pertsegizioan zetorkiola.

        Geldierazi, eraman etxera eta etxekoandreak medikuari dei egin zion. Andrei Efymovitx doktorea, aurrerago ere aipatuko dugunak, enplasto hotzak agindu zizkion bekokian eta ereinotz-tanta batzuk; buruari tristeki eragin eta alde egin zuen, etxekoandreari esanik, gehiago ez zela etorriko, zeren ezin bait dio inork jendeari burua galtzea eragotzi. Nola etxerik ez zuen ezta zer janik eta zaintzekorik, Ivan Dmitritx ospitalera bidali zuten eta gaixo benereoentzako pabilioian ezarri zuten. Gauez ez zuen lorik egiten, apetak zituen, eragozpenak sortzen zizkion gaixoei, eta berehala, Andrei Efymovitxen aginduz, seigarren pabilioira aldatu zuten.

        Urte bete baino lehen hirian erabat ahaztu zuten Ivan Dmitritx eta beronen liburuak, etxekoandreak estalpeko trineoaren gainean metatuak, mutikoek ebatsi zituzten.

 

 

IV

 

Ivan Dmitritxek ezker aldean duen auzoa, dagoeneko esana dugunez, Moiseika judua da, eta eskuin aldekoa, baserritar bat da, koipez estalia, ia biribila, aurpegi kamuts, erabat zentzugabearekin. Bizidun mugiezin, salo eta lohia da, aspaldian pentsatzeko eta sentitzeko gaitasuna galdua duena. Kirats garratz itogarria dario atergabe. Nikitak, txukuntzen duenean, izugarrizko zartadak ematen dizkio, bere indar guztiaz, ukabilez kezkatu gabe; baina izugarriena ez dira zartadak —horretara ohitu egiten bait da—, baizik eta izaki sorgortu horrek zartaden aurrean murtik ere ez esatea, zirkinik ez egitea, begiez ezer ez adieraztea, baizik eta arinki buruari alde bietara eragitea, upela astun baten gisara.

        Seigarren pabilioiko bostgarren eta azken biztanlea burges txikia da, garai batean postetxeko gutun-sailkapenean enplegatua, horail txiki, argal bat aurpegi ona baina isekati samarrekoa. Begi argi eta lasaietatik, begirada argi eta alaitik antz ematen zaionez, badu bere baitan gordea ezkutuko oso garrantzitsu eta oso atsegin bat. Burkoaren eta lastairaren azpian badu zerbait, inori erakusten ez diona, baina ez kenduko edo lapurtuko dioten beldurrez, herabez baizik. Batzuetan leihora joaten da eta kideei bizkarra emanez zerbait esekitzen du paparrean eta burua makurturik begiratzen dio; une horretan norbait joaten bazaio, senetik irteten da eta zera hori paparretik kentzen du. Baina ezkutuko hori ez da zaila igartzen.

        — Zorionak emazkidazu —esaten dio sarritan Ivan Dmitritxi—, bigarren mailako Estanislao izardunerako proposaturik nago. Bigarren maila izarduna atzerritarrei bakarrik ematen diete, baina nirekin salbuespen egin nahi dute —egiten du irribarre, ezbaiti sorbaldak uzkurtuz—. Hara, ez nuela itxaroten aitortzen dut!

        — Ez dut tutik ulertzen horretaz —aitortzen du zakar Ivan Dmitritxek.

        — Baina ba al dakizu zer lortuko dudan lehenago edo geroago? —jarraitzen du gutun-sailkatzaile ohiak, begiei maltzurki keinu eraginez—. Zalantzarik gabe Polo-Izar suediarra lortuko dut. Horrelako kondekorazioarengatik merezi du ahalegintzea. Gurutze zuria eta zinta beltza. Oso polita da.

        Seguraski, bizitza ez da beste inon pabilioian bezain aspergarria. Goizetan gaixoak, perlesiduna eta baserritar gizena izan ezik, ezkaratz handiko suiletan garbitzen dira eta baten hegalez xukatzen dira. Gero eztainuzko antoxin batzuetatik edaten dute Nikitak eraikuntza nagusitik ekartzen duen tea. Bakoitzari bere antoxina ematen diote. Eguerdian aza garratz eta patata-purezko zopa jaten dute, arratsean bazkaritan soberan geratutako purea jaten dute. Otordu arteetan etzanda, lotan, leihotik begira eta zoko batetik bestera paseoan ematen dute denbora gaixoek. Eta horrela egunero. Gutun-sailkatzaile ohiak ere beti kondekorazio berdin eta berez hitzegiten du.

        Jende berririk nekez ikusten da seigarren pabilioian. Aspaldidanik medikuak ez du zoro berririk onartzen, eta zoroetxe bat bisitatu nahi duten pertsonak, gutxi dira munduan. Bi hilabetez behin Semion Lazaritx bizargina etortzen da pabilioira. Nola mozten dien ilea zoroei eta Nikitak nola laguntzen dion horretan, eta nolako zarramaltza sortzen duten gaixoek bizargina, aurpegi mozkortuarekin eta beti irribarretsu agertzen denean, horretaz ez dugu hitzegingo.

        Bizarginaz aparte, inor ez da pabilioia ikustera etortzen. Gaixoak kondenaturik daude, eguna joan eta eguna etorri, Nikita bakarrik ikustera.

        Gainerakoan, arestian eraikuntza nagusian zurrumurru bitxi samar bat zabaldu zen. Medikua seigarren pabilioia bisitatzera joango zen zurrumurrua zabaldu zen.

 

 

V

 

Zurrumurru bitxia!

        Andrei Efymitx Ragin medikua gizon nabarmena da bere moetan. Diotenez, gazte-gaztetan oso elizkoia omen zen eta eliz-karrera egiteko prestatu omen zen; eta 1863an gimnasio-ikasketak amaitzean seminarioan sartzeko asmoa zuen, baina aitak, medikuntza eta zirujian doktore zenak, irri eta barre egiten omen zion eta deplauki aitortua zion ez zuela semetzat edukiko pope egiten bazen. Hau zenbateraino den egia, ez dakit, baina Andrei Efymitx berak aitortu du behin baino gehiagotan, ez zuela inoiz deirik sentitu medikuntzarako ez eta, oro har, zientzia berezietarako ere.

        Nolanahi zela ere, medikuntzako fakultatean ikasketak amaitzean, ez zen apaiztu. Ez zuen elizkoitasunik erakutsi eta medikuntza-karreraren hasieran gaur bezain elizgizon-itxura gutxi zeukan.

        Kanpokaldea astuna, zaharra, baserritarra zuen; aurpegiak, bizarrak, ile mengelak eta gorpuzkera handi eta baldarrak errepidearen hegiko ostatu-jabe tripandi, oldartsu eta traketsa gogorarazten zuen. Aurpegia gordina du, zain moreskaz estalia, begiak txikiak eta sudurra gorria. Garaia eta sorbalda-zabala, esku eta oin izugarriak ditu; antzematen zaio ukabilkada bakarraz batenak egiteko gauza dela. Baina ibilera lasaia du eta urratsak isil, itzalgaizka bezala ematen ditu; korridore mehar batean norbaitek harekin topo egiten badu bera gelditzen da beti pasua emateko, eta ez ahapeka espero zitekeenez, baizik eta ahots mehe eta eztiz esaten du: «Barkatu!». Lepoan badu zuldartxo bat iduneko almidoiztatuak erabiltzen uzten ez diona, eta horregatik ibiltzen da beti mihisezko alkondara edo perkalezko atorrarekin. Eskuharki ez da medikuari dagokionez janzten. Traje bera erabiltzen du hamar urtez, eta jantzi berria, judu baten dendan erosi ohi duena, zaharra bezain narrats eta zimur geratzen zaio; lebita berarekin hartzen ditu gaixoak, jaten du eta bisitak egiten; baina guzti hau ez da zikoizkeria, baizik eta bere itxurarekiko axoleza erabatekoa.

        Andrei Efymitx hirira joan zenean, kargua hartzeko, «ongintzako erakundea» egoera negargarrian aurkitzen zen. Pabilioi, korridore eta atarian nekez hartzen zen arnasarik kiratsarengatik. Ospitaleko enplegatuek, erizainek eta berauen seme-alabek pabilioietan lo egiten zuten gaixoekin batera. Kexu ziren ez zegoelako labezomorro, tximitx eta arratoiengatik bizitzerik. Kirurgi departamenduan ez zegoen disipulaz libratzerik. Ospitale osoan bi eskalpelu bakarrik zeuden eta termometro bakarrik ere ez, eta komunetan gordetzen ziren patatak. Jagoleak, mihiselariak eta praktikanteak lapurretan egiten zieten gaixoei, eta mediku zaharrak, Andrei Efymitxen aurrekoak, ziotenez ezkutuka saltzen zuen ospitaleko alkohola eta emakume eri eta erizainezko haren osoa zeukan beretzat. Hirian desordenu honen jakinaren gainean zeuden eta bapikatu ere egiten zuten, baina lasai hartzen zuten; batzuek zuribidetzen zuten esanez ospitalean burges txikiak eta baserritarrak bakarrik sartzen zirela, eta ez zutela kexatzeko arrazoirik, zeren eta etxean ospitalean baino askoz okerrago bizi bait ziren; ez zien jateko eperrik emango! Beste batzuek zuribidetzat esaten zuten herribiltzarraren laguntzarik gabe, hiri batek ezin zuela ospitale hoberik eduki, eta Jainkoari eskerrak txarra izan arren, bazutela bat. Eta biltzar berriak ez zuen sorostokirik ireki nahi ez hirian, ez ingurumarietan, hiriak bazuela bere ospitalea argudiatuz.

        Ospitalea miatu ondoren, Andrei Efymitxek ondoriotzat atera zuen erakunde hura eskandaluzkoa eta oso arriskutsua zela bertakoen osasunerako. Bere iritzian, egin zitekeen gauzarik arrazoizkoena gaixoei alta eman eta ospitalea ixtea zen. Baina juzkatu zuen horretarako ez zela aski bere nahi hutsa eta ez zuela eraginik izango; lohikeria fisikoa eta morala leku batetik botaz gero, beste leku batera joaten da; itxaron beharra zegoen berez ezabatu zedin arte. Gainera, jendeak ospitalea zabalik bazeukan eta hartaz baliatzen bazen, horrek esan nahi zuen beharrezko zutela; aurreritziak eta eguneroko bizitzako zikinkeria eta doilorkeria guztiak beharrezko ziren zeren denbora igaro ahala, simaurra lubeltza bezalako zera baliotsu bihurtzen bait da. Lurrean ez dago ezer hain ederrik, non sorburuan zikinkeriarik izan ez duen.

        Karguaz jabetzean, Andrei Efymitxek, itxuraz, axolakabe samar hartu zituen desordenu haiek. Enplegatuei eta erizainei pabilioietan ez oheratzeko eskatu zien bakarrik eta bi arasa prestatu zituen mediku-tresneriarentzat; jagolea, mihiselaria, praktikantea eta disipula beren postuetan geratu ziren.

        Andrei Efymitxek oso maite ditu zuhurtasuna eta jatortasuna, baina bere inguruan bizitza zuhur eta jatorra eraikitzeko nortasuna eta bere eskubideetan sinesmena falta zaizkio. Ezin du inondik ere agindu, debekatu, ekin. Badirudi bere buruari zin egin diola inori ahotsik ez altxatzea eta agindukerarik ez erabiltzea. Gogor egiten zaio «emadazu» edo «ekardazu» esatea; jan nahi duenean, ahulki eztul egin eta sukaldariari esaten dio: «Hartuko nuke te apur bat»... edo «Bazkalduko nuke zerbait». Jagoleari lapurretan ez egiteko, edo lanetik bidaltzea, edo kargu bizkarroi alferrikako hura erabat kentzea osoki haren indarren gainetik zegoen. Iruzur egiten diotenean Andrei Efymitxi, edo gezurra esan, edo nabarmenki faltsua den konturen bat sinatzeko aurkezten diotenean, karramarroa bezala gorritu eta errudun sentitzen da, baina hala eta guztiz ere sinatu egiten du; gaixoek gosez edo erizainen zakarkeriez kexatzen zaizkionean, aztoratu eta errudun marmar egiten du:

        — Ongi da, ongi da, ikusiko dut gero... Seguraski bada okerren bat hemen...

        Lehen aldian Andrei Efymitxek gogoz lan egin zuen. Egunero joaten zen kontsultara goizetik bazkalordura arte, ebakuntzak egin eta haurgintzez ere arduratzen zen. Emakumeek zioten oso arretatsua zela eta ongi igartzen zituela gaixotasunak, haurrenak eta emakumeenak batipat. Baina denbora igaro ahala lanak nabarmenki aspertzen zuen bere monotoniaz eta baliogabezia begibistakoaz. Gaur 30 gaixo hartzen dira kontsultan, bihar ikusten duzu 35 bildu direla, etzi 40, eta horrela eguna joan eta eguna etorri, urtea joan eta urtea etorri, eta hirian hilkortasuna ez da jaisten eta gaixoek ez diote etortzeari uzten. 40 gaixori behar bezalako laguntza ematea goizetik bazkalordura arte fisikoki ezina da, hau da, nahi izan gabe iruzur bihurtzen da. Urteroko balantzearen arabera 12.000 gaixo ikusi izanak, arrazoiketa sinple baten arabera, 12.000 pertsona engainatu izana esan nahi du. Gaixo larriak pabilioietan jarri eta haietaz zientziaren arauak betez arduratzea ere ezina da, zeren arauak badaude, baina zientziarik ez. Baldin eta filosofia utzi eta pedanteki arauak jarraitu nahi badira, beste medikuak bezala, horretarako ezer baino lehen garbitasuna eta bentilazioa behar dira eta ez zolda, jateko osasungarria eta ez aza garratzezko zopa nazkagarria, eta laguntzaile onak eta ez lapurrak.

        Eta zergatik ez utzi jendeari hiltzen, baldin eta heriotza bada bakoitzaren amaiera normal eta arauzkoa? Zertarako dendari batek edo funtzionari batek bizi behar dute bost, hamar urte gehiago? Baldin eta ikusten bada medikuntzaren xedea sendagaien bitartez sufrimentuak arintzea dela, orduan derrigorrean sortzen da galdera: zertarako arindu? Lehenengo, esaten dute, sufrimenduek gizakia perfekziora eramaten dutela, eta bigarren, gizadiak bere sufrimenduek pildora eta tanten bidez arintzen ikasiko balu, erlijioa eta filosofia erabat baztertuko lituzke, zeinetan orain arte aurkitu duen ez bakarrik gaitz guztientzako babesa, baita zoriona bera ere. Puxkinek ikaragarrizko minak sentitu zituen hil baino lehen, eta Heine dohakabea zenbait urtez perlesiak jota egon zen. Zergatik ez zuen sufritu behar Andrei Efymitxek edo Matriona Savixnak, zeinen bizitzak erabat hutsak eta ameba baten bizitzaren antzekoak izango liratekeen sufrimendurik ez balu?

        Gogoeta hauen eraginpean, Andrei Efymitx nagitzen hasi zen eta egunero ospitalera joateri utzi egin zion.

 

 

VI

 

Haren bizitza honela igarotzen da. Normalean goizeko zortzietan jaikitzen da, jantzi eta tea hartzen du. Gero despatxuan esertzen da irakurtzeko edo ospitalera joaten da. Hemen, ospitalean, korridoretxo mehar ilunean, anbulatorioko gaixoak kontsultaren zain egoten dira. Beren aurretik enplegatuak eta erizainak nola lasterka pasatzen diren ikusten dute, zoruko baldosen gainean botei durundia ateraz, gaixo mazkarrak ere pasatzen dira batatan, eramaten dituzte hildakoak eta suilak zikinarekin, negar egiten dute haurrek, ufa egiten du airekorronteak. Andrei Efymitxek badaki sukarra, bularrengoa duten eta, oro har, zirrarakorrak diren gaixoentzat hau martirio bat dela, baina zer egin dezake? Kontsulta-gelan bere praktikantea duen Sergei Sergeitxekin topo egiten du gizon txiki moztaka eta aurpegi afeitatukoarekin, oso garbia eta burueritzia, oso manera kunplituak eta solteak dituenarekin, traje berri eta oso lasaiarekin eta erizainarena baino senatore baten antz handiagoa duenarekin. Egundoko bezeria du hirian, gorbata zuria erabiltzen du eta medikua baino gaituagotzat dauka bere burua, zeren honek ez bait du bezeriarik. Kontsulta-gelako zoko batean, ikono handi bat dago armairu batean, kriseilu astun batekin, alboan kutxatila bat zorro zuriarekin; hormetatik apezpikuen erretratoak daude zintzilik, Sviatogorskeko monastegiaren ikusmira bat eta nabarlore ihartuzko koroa batzuk. Sergei Sergeitx erlijotsua da eta gogoko du ponpezia; ikonoa bere kontura ezarria da; igandeetan, kontsulta-gelan, gaixoetako batek, bere aginduz, letaniak irakurtzen ditu ozenki, eta irakurketaren ondoren Sergei Sergeitx bera pasatzen da pabilioietatik intsentsu ontziarekin eta intsentsua ematen die.

        Nola gaixoak ugari eta denbora laburra den, itaunketa labur batera mugatu behar izaten dira kontsultak eta bakoitzari ukendua edo irrizinolio gisako sendagairen bat agintzera. Andrei Efymitx eserita dago, kokotsari ukabilaz eutsiz, pentsakor, eta makinalki egiten ditu galderak. Sergei Sergeitx ere eserita dago, eskuak igurtzitzen ari da eta noizean behin esaldi bat esaten du:

        — Sufritzen eta nozitzen badugu —esaten du— Jainkoaren errukiari gaizki otoitz egiten diogulako da. Horra!

        Kontsulta-garaian Sergei Efymitxek ez du inolako ebakuntzarik egiten; aspaldidanik ohitura galdua du eta odola ikusteak berak ere higuina ematen dio. Haur bati eztarria miatzeko eztarria ireki behar dionean eta umea txilioka eta eskutxoez bere burua babesten hasten denean, belarrietaratzen zaion zaratak senetik ateratzen du eta malkoak begietaratzen zaizkio. Lehenbailehen sendagaia agintzen dio eta keinu egiten dio emakumeari albait lasterren umea eraman dezan.

        Kontsulta-gelan laster nekatzen du gaixoen herabeak, ergelkeriak, Sergeitx buruiritziaren hurbiltasunak, hormetako erretratoek eta baita berak hogei urtez aldatu gabe errepikatzen dituen bere galderek ere. Eta alde egiten du, bospasei gaixo hartu ondoren. Gainerakoez praktikantea bakarrik arduratzen da.

        Aspaldidanik bezeria pribaturik, Jainkoari eskerrak, ez duelako pentsamendu atseginarekin eta horregatik inork ez zaiola gaitzi izango, Andrei Efymitx, etxean sartzen denean, berehalaxe esertzen da despatxuko mahaiaren atzean eta irakurtzen hasten da. Asko irakurtzen du eta atsegin handiz. Soldataren erdia liburuak erosten gastatzen du eta etxebizitzako sei gelatatik hiru liburuz eta aldizkari zaharrez beterik dauzka. Historia eta filosofiako obrak ditu beste ezer baino gogokoago; medikuntzari dagokionez beti irakurtzen azkenetik hasten duen «Medikua» izeneko bakar batera dago abonaturik. Irakurketa zenbait orduz luzatzen du, etenik gabe eta ez da aspertzen. Ez du irakurtzen Ivan Dmitritxek bere garaian egiten zuen zalaparta eta presarekin, astiro baizik, sarkortasunez, gustukoak dituen edo ulertzen ez dituen pasarteetan sarritan geldituz. Liburuen ondoan vodka bonbiltxo bat dauka beti eta luzker gazi batzuk edo almibarretako sagarra, tapetearen gainean, platerik gabe. Ordu erdiz behin, basokada bat vodka ateratzen du, liburutik begiak altxatu gabe, eta edan egiten du, gero, begiratu gabe bilatzen du haztaka luzkerra eta zatika jaten du.

        Hiruretan kontuz hurbiltzen da sukaldeko atera, eztula egin eta esaten du:

        — Dariuxka, bazkaltzerik banu...

        Bazkari txar eta higuingarri samarra bukatu ondoren, Andrei Efymitxek bere gelan paseatzen du besoak bularrean gurutzatu eta pentsatu egiten du. Jotzen ditu laurak, gero bostak baina paseatzen eta pentsatzen jarraitzen du. Noizean behin sukaldeko ateak kirrinka egiten du eta bertatik Dariuxkaren aurpegi gorri, loguratua agertzen da,

        — Andrei Efymitx, ez al duzu garagardoa edateko ordua? —galdetzen dio kezkaturik.

        — Ez, oraindik ez da garaia... —erantzuten dio—. Itxaron egingo dut... itxaron...

        Arratsaldean normalean Mikhail Averianitx postetxe-burua etortzen da, hiri osoan gizon bakarra, zeinaren konpainia Andrei Efymitxi ez zaion nekagarri. Mikhail Averianitx behiala lurjabe aberatsa izana zen, kaballeriako ofiziala, baina porrot egin zuen, eta zahartzaroan posta-administrazioan sartu beharra izan zuen. Itxura bizi eta osasuntsua du, patila gris dotoreak, ongi hezitako gizonaren manera kunplituak eta ahots ozen atsegina. Ona eta sentimentuduna da, baina suminkorra. Postetxean erabiltzaileren batek protestan, eztabaidan edo besterik gabe argudiatzen hasten denean, Mikhail Averianitx gorritu egiten da, dardar egin gorputz osoaz eta ahots burrunbatsuz oihu egiten du: «Isilik!», horrela postetxeak aspaldidanik irabazia du bertatik sarri ibiltzea arriskutsua deneko erakundearen sona. Mikhail Averianitxek errespetatzen eta maitatzen du Andrei Efymitx bere izpiritu ikasi eta prestuarengatik, baina gainerako biztanleak hantustez tratatzen ditu, menpekoak balitu bezala.

        — Neu naiz! —esaten du Andrei Efymitxen etxean sartzean—. Egunon, adiskidea! Seguraski gaitzi natzaizu, ezta?

        — Bai zera, oso pozik nago —erantzuten dio medikuak—. Beti nago pozik zurekin.

        Bi adiskideak despatxuko dibanean esertzen dira eta denboraldi batean isilik erretzen dihardute.

        — Dariuxka, hartuko genuke garagardoa! —dio Andrei Efymitxek. Lehen botilakada garagardoa ere isilik edaten dute: medikuak pentsatzen eta Averianitxek bere itxura alai, biziarekin, zenbait interesgarria kontatzeko daukanak bezala. Elkarrizketa beti medikuak hasten du.

        — Tamalgarria da —dio astiro eta ahapean, buruari eraginez eta solaskideari aurrez-aurre begiratzeke (ez du inoiz begietara begiratzen)—, oso tamalgarria da, Mikhail Averianitx adiskide estimatu hori, gure hiri honetan inor ez izatea elkarrizketa zentzuzko eta interesgarria bat izaten dakienik eta atsegin duenik. Gabezia izugarria da guretzat. Intelektualgoak berak ere ez du erdipurdikeria gainditzen; berorren garapen-maila, neuk diotsut, ez da behe-klasearena baino garaiagoa.

        — Egia biribila. Ados nago.

        — Zerorrek ere badakizu —jarraitzen du medikuak ahots apalez eta astiro—, mundu honetan ezerk ez duela esangurarik ez interesik giza adimenaren izpiritu-adierazpen gorenak izan ezik. Adimenak ezartzen du animalia eta gizakiaren arteko muga gaindiezina, azken honen jainkozkotasuna sentzen du eta neurri batean ez dagoen ezilkortasuna ordezten du. Honetatik abiaturik, adimena da izan litekeen gozamen-iturri bakarra. Baina guk ez dugu ez ikusten ez entzuten adimena geure inguruan, —hots, gozamenak gabeturik gaude. Egia da, baditugu liburuak, baina ez dira inondik ere hizketa bizia eta jendearekiko tratua bezala. Oso alderaketa lortua ez den bat egin nahi baduzu, liburuak notak dira eta elkarrizketa kantua.

        — Egia biribila.

        Isiltasuna sortzen da. Sukaldetik Dariuxka irteten da, nahigabe eta tuntun-aurpegiarekin, eskuaz buruari eutsiz, ateetan gelditzen da entzuten egoteko.

        — A! —hasperen egiten du Mikhail Averianitxek—. Gaur egun ez dagoen zerbait nahi duzu!

        Eta kontatzen du lehen bizitza osasuntsu, alai eta interesgarriagoa nola zen, Errusian nola zegoen intelektualgo adimentsua eta zeinen garai zeuden ohorea eta adiskidetasuna. Dirua agiririk gabe ematen zen eta laidagarri zen estuasunean zegoen kideari eskua ez luzatzea. Eta zer kanpainak, zer abenturak, zer guduak, zer kideak, zer emakumeak! Kaukasoa —zeinen herrialde zoragarria! Komandante baten emaztea —emakume bitxia— ofizial-jantzia soinean zuela bakarrik joaten zen arratsean mendira, gidaririk gabe. Ziotenez, herriska batean erromantzea zuela printzeren batekin...

        —Ama Birjina maitea...! —hasperen egiten du Dariuxkak.

        — Eta nola edaten zen ! Nola jaten zen! Zeinen zoroak ziren liberalak!

        Andrei Efymitx entzuten dago baina ez dago adi; zerbait pentsatzen eta garagardoa xurrupaka edaten ari da.

        — Sarritan amets egiten dut pertsona adimentsuekin eta beraiekin hitzegiteaz —dio ustekabean tartekatuz Mikhail Averianitxek—. Aitak heziera bikaina eman dit, baina hirurogeiko ideien eraginpean mediku izatera behartu ninduen. Baderitzot, orduan jaramonik egin izan ez banio, gaur egun mugimendu intelektualaren erdi-erdian aurkituko nintzatekeela. Seguraski, fakultateren bateko kide izango nintzateke. Jakina, adimena ere ez da betikoa eta iraungi egiten da, baina badakizu zergatik sentitzen dudan berorrenganako isuria. Bizitza tranpa maltzurra da. Pentsalari batek bere garabetea lortzen duenean eta kontzientziaren heldutasuna, irteerarik gabeko tranpa batean eroria bezala sentitzen du bere burua. Izan ere, bere gogoz kontra eta halabeharretako edozeinengatik ezerezetik bizitzara deitua izan zen.. . Zertarako? Bere izatearen zentzua eta xedea jakin nahi ditu, eta ez dauka erantzunik edo erantzuna zentzugabekeria bat da; deitzen du ate batera eta ez diote irekitzen; eta heriotza iristen zaio —hau ere gogoz kontra. Eta horrela, gartzelan daudenak bezala, zorigaitz berak elkarturik, erosoago sentitzen dira elkarrekin daudenean, horrela, bada, bizitzan ere tranpari ez zaio igartzen pertsonak analisia eta abstrakziora makurturik elkarrekin bildu eta ideia libre eta ausartak elkarri trukatzen denbora ematen dutenean. Zentzu honetan adimena gozamen ordeztezina da.

        — Egia biribila.

        Solaskideari begietara so egin gabe, astiro eta ahapean, Andrei Efymitxek pertsona adimentsuez eta haiekiko elkarrizketez mintzatzen jarraitzen du, eta Mikhail Averianitxek arretaz entzuten dio eta arrazoia ematen dio: «Egia biribila».

        Eta zuk ez al duzu sinesten arimaren hilezkortasunean? —galdegiten dio supituki postetxe-buruak.

        — Ez, Mikhail Averianitx estimatua, ez dut sinesten eta ez dut sinesteko arrazoirik.

        — Aitortu beharra dizut baditudala neure dudak. Nahiz eta, bestalde, inoiz hilko ez naizen sentsazioa badudan ere. Batzutan neurekiko pentsatzen dut: «Tira, zaharkilo halakoa, baduk hiltzeko ordua».

        Baina barrenean ahots txiki batek esaten dit: «Ez pentsa, ez haiz hilko!». ..

        Bederatziak jo eta gero Mikhail Averianitxek alde egiten du. Ezkaratzean abrigua janzten ari dela, hasperen batez dio:

        — Nolanahi ere, a zer nolako zulora bota gaituen destinoak! Eta gogaikarriena hemen ere hil behar izatea da. Eh!...

 

 

VII

 

Adiskidea lagundu ondoren, Andrei Efymitx mahaira eseri eta berriro ikurtzen hasten da. Arratseko isiltasuna eta gero gauekoa ez du hots batek ere urratzen eta badirudi denbora gelditu egiten dela liburuaren gainean dagoen medikuarekin eta badirudi denak uzten diola izateari liburu honek eta pantaila berdearekiko kriseiluak izan ezik. Bere baserritar aurpegi zakarra argitu egiten da apurka-apurka estasi eta hunkipen-irribarre batekin giza adimenaren aurrerapenen aurrean. Oi!, zergatik ez ote da gizakia hilezkor? —pentsatzen du. Zergatik nerbio-zentruak, kiribilguneak, ikusmena, mintzamena, osasuna, jeinua, guzti hau hauts bihurtzera kondenaturik badago eta, azkenaren buruan, lurrazalarekin hoztera, gero milioika urtetan eta inolako xederik gabe Lurrarekin Eguzkiaren inguruan airean hegaz ibiltzera? Hozteko eta gero airean hegaz ibiltzeko ez dago inola ere gizakia ezizatetik atera beharrik bere adimen garai, ia jainkotiarrarekin eta gero, isekaz bezala, buztin bihurtzeko.

        Naturaren zikloak! Baina a zer nolako koldarkeria hilezkortasunaren ordezko horrekin nork bere burua alaitzea! Naturan gertatzen diren prozesu kontzientzigabeak ez dira giza ergelkeria baino nagusiagoak, zeren eta ergelkerian badago kontzientzia eta nahi bat, eta prozesuetan ez dago ezertxo ere. Koldarra bakarrik, heriotzearen aurrean duintasuna baino izularria handiagoa duena, alaitu daiteke egunen batean bere gorputza belarrean, harri batean, apo batengan... bizi daitekeen ideiarekin. Nork bere buruaren hilezkortasuna naturaren zikloetan ikustea hain da estrainioa, non eta kutxatila bati etorkizun distirante bat iragartzea den berorrek zeukan bibolin baliotsua hautsi eta alferrik galdu denean.

        Ordua jotzean, Andrei Efymitxek besaulkiaren bizkarraren kontra etzan eta begiak ixten ditu apur bat pentsatzeko. Eta supituki, liburutik ateratako pentsamendu ederren eraginpean bere iraganera eta presentera zuzentzen du begirada. Iragana higuingarria da, hobe da hartaz ez oroitzea. Eta presentean iraganeko gauza bera gertatzen da. Berak badaki bere pentsamenduak Lur hoztuarekin Eguzkiaren inguruan hegaz dabiltzan bitartean, medikuaren etxearen ondoan, eraikuntza handian, jendea iraungitzen dagoela gaixotasunetan eta zikinkeria fisikotan; baliteke norbaitek ez lorik egitea eta bizkarroien kontra burrukan aritzea, norbait disipulaz kutsatzen egotea edo benda estuegi batengatik intzirika egotea; baliteke, gaixoak erizainekin kartetan jokatzen eta vodka edaten ibiltzea. Aurten 12.000 pertsonari egin zaie iruzur; ospitale osoa duela hogei urte bezalaxe dago, lapurretan, maiseoan, esamesetan, konpaikerian eta berritsukeria zirtzilean eraikia, eta ospitalea, behiala bezala, erakunde moralgabe eta bertako biztanleen osasunerako oso arriskutsu izaten jarraitzen du. Berak badaki, seigarren pabilioian, burdinesiaren atzean, Nikitak egurtu egiten dituela gaixoak eta Moiseika egunero hirian barna dabilela limosna eske.

        Bestalde, berriz, berak badaki azken 25 urteotan medikuntzan aldaketa txundigarriak gertatu direla. Unibertsitatean ikasketak egiten ari zenean, bazeritzon medikuntzak laster jarraituko zuela alkimia eta metafisikaren asturua, eta orain gauez irakurtzen duenean, medikuntzak hunkitu egiten du, harridura sortzen dio, baita suharra ere. Izan ere, a zer erlantza ustegabea, a zer iraultza! Antisepsiari esker Pirogov handiak berak in spe ere ezinezkotzat zeuzkan ebakuntzak egiten dira. Probintzietako mediku arruntenak belaunaren juntura trenkatzera ausartzen dira; sabeleko ehun ebakuntzatatik bakarra da heriozkoa eta harri-gaitza hainbesteko huskeriatzat hartzen da, non beratzaz idatzi ere egiten ez den. Sifilia erabat sendatzen da. Heredentziaren teoria, hipnotismoa, Pasteuren eta Kochen aurkikuntzak, higiene-estatistika eta gure probintzi medikuntza errusiarra? Psikiatria gaur eguneko bere gaixotasun-sailkapenarekin, diagnostiko eta tratamendu-metodoekin, hau lehen zegoenarekin alderaturik mundu berri bat da. Orain zoroei ez zaie ur hotzik burura botatzen eta ez bortxa-alkandorarik ezartzen; gizaki bezala tratatzen dituzte, eta egunkarietan idatzi eta beraientzat ikuskizunak eta dantzaldiak ere antolatzen dituzte. Andrei Efymitxek badaki gaur eguneko iritziak eta gustuen aurrean, seigarren pabilioia bezalako nardagarrikeria trenbidetik berrehun verstatara bakarrik egon zitekeela, herritxo batean, non alkatea eta zinegotziak erdialfabetatuak diren, medikuarengan apaiza ikusten dutenak, zeinarengan sinetsi behar den inolako kritikarik gabe, nahiz eta ahoan berun urtua isuri; beste leku batean publikoak eta egunkariek aspaldi zatituko zuketen Bastilla txiki hura.

        «Tira, eta zer? —galdetzen dio bere buruari Andrei Efymitxek begiak irekiz— Zer gertatzen duk horrekin? Asepsia, Koch eta Pasteur asko, baina auziaren funtsa ez duk ezertan aldatu. Gaixoen kopurua eta hilkortasuna beti berak dituk. Zoroei dantzak eta ikuskizunak antolatzen zizkietek baina ez zituztek jaregiten. Hots, guzti hori tentelkeria eta ezdeuskeria duk, eta Vienako klinika hoberenaren eta nirearen artean, funtsean, ez zegok inolako alderik».

        Baina nahigabeak eta bekaitzaren antzeko sentimendu batek ez diote axolakabe egoten uzten. Nekea da, nonbait. Buru astuna liburuaren gainera makurtzen da, jartzen ditu eskuak aurpegipean, erosoago egoteko, eta pentsatzen du:

        «Auzi kaltegarri baten alde nabil eta iruzur egiten diodan jendearengandik jasotzen dut soldata, ez naiz jatorra. Baina ni neu ezer ez banaiz, gizarte gaitz ezinbestekoaren zatitxo bat besterik ez naiz: probintzi funtzionari guztiek kaltegarriak dira eta hutsaren truk jasotzen dute soldata... Hots, neure jatortasunik ezaz ez naiz neu errudun, denbora baizik... Berrehun urte geroago jaioko banintz, beste bat izango nintzateke».

        Hirurak jotzean, itzali kriseilua eta logelara doa. Ez du lo egiteko gogorik.

 

 

VIII

 

Duela bi urte Administrazioa eskuzabaldu egin zen eta urtean hirurehun errublo ematea erabaki zuen hiriko ospitalean mediku pertsonala indartzeko laguntza gisa, eskualde-ospitale berri bat ireki ordez; eta Andrei Efymitxi laguntzeko hiriak Evgeni Feodoritx Khobotov landa-medikua gonbidatu zuen. Artean oso gizaseme gaztea zen —ez zituen hogeitamar urte—, garaia, beltzarana, matrailburu zabalak eta begia txikiak zituen; arbasoak arrotzak izan bide zituen. Sosik gabe iritsi zen hirira, maleta txiki samarra eta emakume gazte eta itsusi batekin, zeinari bere sukaldari deitzen zion. Emakumeak bularreko haur bat zuen. Evgeni Feodoritxek txano biseraduna eta bota garaiak darabiltza, eta neguan larruzko zamarra. Laster egin da praktikantea eta diruzainaren adiskide; funtzionarien gainerakoari, ez jakin zergatik, aristokrata deitzen die eta alde batera uzten ditu. Etxe guztian liburu bakarra du: «Vienako klinikako errezeta txit berriak, 1881». Gaixoren batengana doanean beti aldean eramaten du liburu hau. Arratsetan klubean bilarrean jokatzen du, kartak ez bait ditu maite. Hizketan zalea da «kalaka», «zainzuriak ozpinetan», «aski duk ilunpea pintatzeaz» eta abar bezalako esamoldeak erabiltzearena.

        Astean birritan joaten da ospitalera, pabilioietatik igaro eta kontsultan hartzen ditu gaixoak. Antiseptikorik eta odola ateratzeko koparik bat ere ez egoteak sutan jartzen du, baina ez du ordena berririk ezartzen Andrei Efymitxi gaitzi izateko beldurrez. Andrei Efymitx bere lankidea doilorkume zahartzat dauka, ondasun ugarien jabe den susmoa du eta, sekretuan, bekaitza dio. Gogara hartuko luke haren postua.

 

 

IX

 

Udaberri-arratsetako batean, martxoaren bukaeran, lurrean elurrik ez zegoela eta ospitaleko jardinean zozoak kantari zebiltzala, medikua bere adiskide postetxe-burua ateraino laguntzera irten zen. Une hartan bertan ari zen sartzen atetik Moiseika judua, eskean ibiltzetik itzuleran. Txanorik gabe zegoen eta oin hutsen gainean eskalapoinekin eta eskuetan poltsatxo bat zeraman limosnekin.

        — Emaidazu kopeikatxo bat! —zuzendu zen medikuarengana, hotzez dardarka eta irribarrezka.

        Andrei Efymitxek, ez zekien inoiz uko egiten, eta hamar-kopeikako bat eman zion.

        «Bai gaizki —pentsatu zuen haren oin hutsei orkatila mazkar eta gorriei begiratuz—. Bustirik zegok-eta!»

        Eta errukia eta nardaren antzeko sentimendu batek eraginik, pabilioira joan zen juduaren atzetik, bai soiluneari eta bai orkatilei begira. Medikua sartzean, trapuen pilotik Nikita salto egin eta irme jarri zen.

        — Kaixo, Nikita —esan zuen emaro Andrei Efymitxek—. Ez legokek gaizki judu honi bota batzuk ematea, ezta? Bestela, katarroa harrapatuko dik.

        — Zeuk diozuna, gorentasun hori. Esango diot jagoleari.

        — Arren. Eskaiok nire partez. Esaiok neuk eskatu dudala.

        Pabilioira zihoan ezkaratzeko atea zabalik zegoen. Ivan Dmitritx, ohean etzanda eta ukondoan bermaturik, asaldaturik entzuten zuen ahots estrainioa eta bapatean ezagutu zuen medikua. Hiraz dardarka batean, salto egin, aurpegi gorri amorruzkoarekin, begiak irtenda, eta pabilioiaren erdira egin zuen lasterka.

        — Medikua etorri da! —garraisi egin eta barreari eman zion—. Azkenean ere! Jaun-andreok, bejondeizuela, medikuak bere bisitaren ohorea egiten digu! Alu madarikatua! —txilio egin zuen eta inoiz pabilioian ikusi ez zitzaion bezalako suminarekin, ostikoa eman zuen—. Akabatu alu hori! Ez, akabatzea gutxiegi da! Komunean ito!

        Andrei Efymitxek entzun zion eta pabilioiaren ezkaratzetik begiratuz emaro galdegin zion:

        — Zergatik?

        — Zergatik? —garraisi egin zuen Ivan Dmitritxek itxura mehatxuzkoz beragan hurbilduz eta dardarizoka batan bilduz—. Zergatik? Lapurra! —esan zuen nazkaz eta ttu egitera balihoa bezala ezpainak jarriz—. Berritsua! Borreroa!

        — Lasai zaitez —esan zion Andrei Efymitxek, errudun irribarre eginez—. Zin egiten dizut ez dudala inoiz ezer lapurtu; gainerakoan, seguraski, ahoberokeria handiak esaten ari zara. Ikusten dut, haserre zaudela nirekin. Lasai zaitez, arren eskatzen dizut, ahal baduzu eta esaidazu odol hotzez: zergatik zaude haserre?

        — Zergatik naukazu hemen?

        — Gaixo zaudelako.

        — Bai, gaixo nago. Baina ehunka, alehunka zoro dabiltza askatasunean zuen ezjakintasuna osasuntsuengandik haiek bereizteko gauza ez delako. Zergatik ni eta dohakabeok egon behar dugu hemen, turkoburu gisa? Zu, praktikantea, jagolea eta ospitaleko zure jendaila guzti hori sentimendu moralari dagokionez gutako edonoren azpitik zaudete, zergatik gaude gu hemen eta ez zuek? Non da logika?

        — Sentimendu moralak eta logikak ez dute zerikusirik honetan. Dena zirkunstantzien baitan dago. Sartu dutena, hemen dago, eta sartu ez dutena hortik dabil, eta kito. Ni medikua izatean eta zu gaixo mentala izatean ez dago ez moralitaterik, ez logikarik, baizik eta halabehar hutsa soilik.

        — Ez dut gangarkeria hori ulertzen... —lausoki esan zuen Ivan Dmitritxek eta ohean eseri zen.

        Moiseikak, zeina Nikitak lotsaz ez bait zuen arakatu medikuaren aurrean, ogi zatitxoak, papertxoak eta hezurtxoak hedatu zituen ohearen gainean, eta dardar egiteari utzi gabe, zerbait hebraieraz esateari ekin zion ahots bizkor eta kantariz. Seguraski, dendatxoren bat ireki zuela imajinatzen.

        — Utzidazu alde egiten, —esan zuen Ivan Dmitritxek, eta ahotsak dardar egiten zion.

        — Ezin dut.

        — Baina zergatik? Zergatik?

        — Ez dagoelako nire esku. Pentsa ezazu, zer irabazten duzu alde egiten uzten badizut? Zoaz. Hiritarrek edo poliziak atxilotu eta berriro hona ekarriko zaituzte.

        — Bai, bai, hori egia da... —esan zuen Ivan Dmitritxek eta bekokia igurtzi zuen—. Hori ikaragarria da! Orduan zer egin dezaket? Zer? Ivan Dmitritxen ahotsak eta pariztekiko haren aurpegi gazte azkarra atsegin izan zituen Andrei Efymitxek. Kontsolatu eta lasaitu egin nahi izan zuen mutil gaztea. Alboan ohe gainean eseri, pentsatu eta esan zion:

        — Zer egin galdetzen al didazu? Zure egoeran hoberena ihes egitea da. Baina, tamalez, alferrik da. Atxilotu egingo zaituzte. Gizarteak bere burua kriminal, gaixo mental eta, oro har, jende ezerosoagandik babesten duenean, orduan garaitezina da. Gauza bakarra daukazu: hemen egotea beharrezko zaizula pentsatuz kontsolatzea.

        — Inork ez du horren premiarik.

        — Gartzelak eta zoroetxeak badaudenez gero, norbaitek egon beharra du berorietan. Zu ez bazara, neu izango naiz eta neu ez banaiz, beste hirugarren bat. Zaude, etorkizun urrunekoan gartzelarik eta zoroetxerik gehiago izango ez denean, orduan ez da leihoetan burdinesirik, ez batarik izango. Jakina, garai hori lehenago edo beranduago iritsi egingo da.

        Ivan Dmitritxek irribarre maltzurra egin zuen.

        — Txantxetan ari zara —esan zuen begiak ñarrotuz—. Zuri eta zure laguntzaile Nikita bezalakoei bost axola zaizue etorkizuna, baina ziur egon zaitezke, jaun agurgarri hori, etorriko direla garai hobeak! Agian gaizki ari naiz, barre egin dezakezu, baina sortuko da bizitza berri baten egunsentia, garaile aterako da egia, eta gure kalean jai izango da! Nik ez dut ikusiko, nireak egingo du, baina norbaiten birbilobek ikusiko dute. Neure arima osoz agurtzen ditut eta pozten naiz, pozten naiz beraiengatik! Aurrera! Jainkoa lagun dakizuela, adiskideok!

        Ivan Dmitritx, begiak dirdirka, zutitu egin zen eta eskuak leihorantz luzatuz ahotsean hunkipena zuela jarraitu zuen:

        — Burdinesi hauen atzetik bedeinkatzen zaituztet! Bejondeiola egiari! Pozik nago.

        — Ez dut arrazoi berezirik ikusten pozik egoteko —esan zuen Andrei Efymitxek, zeinak Ivan Dmitritxen mugimenduari teatrala iritzi bait zion baina aldi berean oso atsegin—. Ez da gartzela eta zoroetxerik izango, eta egia, zuk ongi esan duzunez, garaile aterako da, baina gauzen funtsa ez da aldatuko, naturaren legeek lehengo berak izaten jarraituko dute. jendea gaixotu, zahartu eta hil egingo da orain bezalaxe. Zure bizitza argituko duen egunsentia ikusgarriena dela ere, azkenaren buruan sartuko zaituzte zerraldoan eta hobira botako zaituzte.

        — Eta hilezkortasuna? — Tira, mesedez!

        — Zuk ez duzu sinetsiko, noski, baina nik bai. Dostoievskik edo Voltairek, ez dakit nork esan zuen jainkorik ez balego, jendeak asmatu egingo lukeela. Eta nik benetan sinesten dut hilezkortasunik ez balego, goizago edo beranduago asmatu egingo duela giza adimen handiak.

        — Ongi esana —erantzun zuen Andrei Efymitxek, atseginez irribarre eginez—. Ongi dago zuk sinestea. Fede horrekin primeran bizi liteke horma batean paretarteturik ere. Arren esaidazu, egin al duzu nonbait ikasketarik?

        — Bai, izan nintzen unibertsitatean, baina ez nuen amaitu.

        — Pertsona pentsatzaile eta hausnartzailea zara. Nolanahi ere zeure baitan lasaipena aurkitzeko gai zara. Pentsamendu libre eta sakona, bizitza ulertzea helburutzat duena, eta munduaren huskeria zentzu gabearekiko mesprezu osoa-horra bi ondasun gizonak inoiz ezagutu ez dituen bezalakoak. Eta zu berorien jabe izan zintezke, nahiz eta zu hiru burdinesiren atzean bizi. Diogenes upela batean bizi zen, halere munduko errege guztiak baino zoriontsuago zen.

        — Zure Diogenes hori kaikua zen —esan zuen uzkur Ivan Dmitritxek—. Zergatik hitzegiten didazu Diogenesez eta nik dakita zer ulermenez? —bapatean haserretu eta salto batez zutitu zen—. Maite dut bizitza, grinaz maite dut! Pertsegizio-mania dut, beldur iraunkor eta jasanezina, baina badira une batzuk bizitzeko egarriak menperatzen nauenekoak eta orduan arrazoimena galtzeko beldurrak hartzen nau. Bizitzeko gogo izugarria dut, izugarria!

        Ezinegonez pabilioian zehar ibiltzen hasi zen eta ahotsa apalduz esan zuen:

        — Amets egiten dudanean, ikuskariek bisita egiten didate. Jende ezezaguna etortzen zait, ahotsak, musika entzuten ditut, eta baderitzot basoren batean, itsasoaren hegian paseatzen nabilela, eta hain gogo izugarria daukat hutsalkeriarena, kezkena... Esaidazu, zer berri dago hortik? —galdetu zuen Ivan Dmitritxek—. Zer dago hortik?

        — Hiriaren berri jakin nahi al duzu ala orokorrean?

        — Tira, aurrena hitzegidazu hiriaz eta gero orokorrean.

        — Tira, ba. Hirian bizitza nekagarriro zozoa da. Ez dago norekin hitzegin, ez dago nori entzun. Ez dago jende berririk. Bestalde, arestian etorri da Khobotov izeneko mediku gazte bat.

        — Ni hemen nengoela iritsi zen. Eta zer? Alproja bat.

        — Bai, gizon kulturagabe bat! Bitxia da, badakizu?... Guztia epaituz, gure hiriburuetan bizitza intelektuala ez dago moteldurik, badago mugimendua, hau da, benetako pertsonak ere izan beharko dute; baina zedozergatik handik norbait bidaltzen diguten bakoitzean begiratu ere egiteko modukoa ez den jendea izan ohi da. Hiri dohakabea!

        — Bai, hiri dohakabea! —hasperen egin eta ekin zion irribarrez Ivan Dmitritxek— Eta orokorrean zer? Zer diote kazetek eta egunkariek?

        Pabilioia ordurako ilunpetan zegoen. Medikua jaiki eta, zutik, atzerrian eta Errusian zer idazten zuten esaten hasi zen eta ideien munduaren joera nondik zihoan. Ivan Dmitritxek arretaz entzun eta galderak egiten zituen, baina supituki, zerbait ikaragarriaz oroitu balitz bezala, buruari heldu eta ohean etzan zen medikuari bizkarra emanez.

        — Zer duzu? —galdetu zion Andrei Efymitxek.

        — Ez duzu nitaz hitzerdi bat gehiago entzungo! —esan zuen zakar Ivan Dmitritxek—. Utz nazazu!

        — Zergatik ordea?

        — Uzteko esan dizut! Zer demontre!

        Andrei Efymitx, sorbaldak kuzkurtu, hasperen egin eta irten egin zen. Ezkaratzetik igarotzean, esan zuen:

        — Ez legoke gaizki hau jasotzea, Nikita... Izugarri usain txarra dario!

        — Zeuk diozuna, gorentasuna.

        «Hori mutil gazte atsegina! —pentsatzen zuen Andrei Efymitxek auzategian barna etxera zihoala—. Hemen bizi naizen denbora guztian, baderitzot, hitzegin daitekeen lehen pertsona dudala. Badaki arrazoitzen eta merezi duten gauzez interesatzen da».

        Irakurtzen ari zela eta oheratuta gero ere, denbora guztian Ivan Dmitritxengan pentsatzen zuen, eta biharamunean jaikitzean pertsona argi eta interesgarri bat ezagutu zuela gogoratu zuen eta lehen abagadunean berriro beragana joatea erabaki zuen.

 

 

X

 

Ivan Dmitritx aurreko eguneko jarrera berean zegoen ohean, eskuez burua estaliz eta zangoak uzkurturik. Ez zitzaion aurpegia ikusten.

        — Egunon, adiskidea, —esan zuen Andrei Efymitxek—. Lotan al zaude?

        — Hasteko, ez naiz zure adiskidea —esan zion Andrei Efymitxek burkoari—, eta bigarren, alferrik ari zara: ez duzu nigandik hitzerdirik ere lortuko.

        — Bitxia da... —marmar egin zuen Andrei Efymitxek nahasturik—. Atzo hain patxada ederrean ari izan ginen berriketan, eta bapatean zedozergatik mindu eta eten egin zinen... Agian zerbait desegokia esan nuen edo, behar bada, zure iritziekin bat ez zetorren zerbait esan nuen...

        — Bai, hori sinetsiko dizudalakoan al zaude? —esan zuen Ivan Dmitritxek agonduz eta medikuari ironiaz eta asalduraz begira; begiak gorrituak zeuzkan—. Bazoazke beste norabait espiatzera, hemen ez daukazu zer eginik. Atzo ulertu nuen zergatik etorri zinen hona.         — Fantasia bitxia! —irribarre egin zuen medikuak—. Orduan, espia naizelakoan zaude?

        — Bai, hala uste dut... Espia edo medikua, ni frogan jartzeko eskatu diotena, —berdin dio.

        — Ai, zu zara zu, benetan, barkaidazu... jota zaude!

        Medikua aulki batean eseri zen ohe ondoan eta ahakar gisa buruari eragin zion.

        — Tira, demagun arrazoia duzula, —esan zuen—. Demagun maltzurki hitzean harrapatzen zaitudala poliziaren eskutan jartzeko. Atxilotu eta ondoren epaitu egingo zaituzte. Agian epaian edo gartzelan hemen baino okerrago egongo al zara? Eta deportatu edo lan bortxatuetara beretara bidaltzea, agian pabilioi honetan egotea baino okerrago izango al litzateke? Uste dut ez litzatekeela okerrago... Zeri diozu beldurra orduan?

        Itxuraz, hitz hauek eragina izan zuten Ivan Dmitritxengan. Patxadaz eseri zen.

        Arratsaldeko laurak jota zeuden, Andrei Efymitx gelan zehar paseatzen ibiltzen eta Dariuxkak garagardoa edateko ordua ez ote zen galdetzen zion garaia zen. Atarian eguraldi lasai eta oskarbia egiten zuen.

        — Bazkalondoan paseo bat egitera irten naiz eta ikusten duzunez, hemendik pasatu naiz —esan zuen medikuak—. Eguberri-eguraldia dago.

        — Zer hiletan gaude? Martxoan? —galdetu zuen Ivan Dmitritxek.

        — Bai, martxoaren azkenean.

        — Ba al dago lokatzarik atarian?

        — Ez, askorik ez. Jardinean dagoeneko badaude zidorrak.

        — Orain ongi legoke zalburdiz hiritik kanpora norabait paseatzera joatea —esan zuen Ivan Dmitritxek bere begi gorriak igurtziz, erdilotan balego bezala— gero etxera itzuli gela epel, eroso batera eta... mediku jator batekin buruko min hau osatzea... Aspaldian ez naiz giza legean bizi. Hau nazka bat da! Nazka jasanezina!

        Aurreko eguneko aztoramenduaren ondoren aunaturik eta nagi zegoen eta gogogabe hitzegiten zuen. Hatzek dardar egiten zioten eta aurpegitik igartzen zitzaion buruko min handia zuela.

        — Gela epel eroso baten eta pabilioi honen artean ez dago alde handirik —esan zuen Andrei Efymitxek—. Gizonak patxada eta atsegina ez ditu kanpoan, bere baitan baizik.

        — Zer esan nahi du horrek?

        — Gizon arruntak ongia eta gaizkia kanpotik itxaroten ditu, hau da, zalburditik eta gelatik, baina pentsatzaileak bere baitatik.

        — Aizu, zoaz filosofia hau Grezian predikatzera, bero egiten duen eta laranja-usaina dagoen tokira, baina hemen ez dago bere giroan. Norekin hitzegin dut Diogenesi buruz? Zurekin ote?

        — Bai, atzo nirekin.

        — Diogenesek ez zuen gelarik eta bizileku epelik ere; han hori gabe ere bero egiten du. Kupela batean sartu, laranjak eta olibak jan eta kito. Baina Errusian bizitzea suertatu izan balitzaio, eta ez abenduan, baizik eta maiatzean gelaren batera deituko zukeen. Ziur nago hotzez kuzkurtuko zela.

        — Ez. Hotza, oro har beste edozein oinaze bezala, baliteke ez sumatzea. Marko Aureliok esan zuen: «Oinazea beste oinaze baten irudikapen bizia da: egizu borondate-ahalegin bat irudikapen hori aldatzeko, bazter ezazu, utz kexatzeari eta oinazea ezabatuko da». Hau egia da. Jakintsua edo pentsatzen, arrazoitzen duen gizona bera sufrimendua mesprezatzean bereizten da besteengandik; beti pozik dago eta ez da ezertaz harritzen.

        — Orduan ni inozoa naiz, sufritu egiten bait dut, ez bait nago pozik eta harritu egiten bait naiz giza ustelkeriaz.

        — Alferrik zabiltza. Sarriago pentsatuko bazenu, ulertuko zenuke zer huskeria den kanpotik kezkatzen gaituen guzti hori. Bizitza ulertzen saiatu behar da eta horretan dago egiazko zoriona.

        — Ulertzen... —zimurtu zuen bekokia Ivan Dmitritxek—. Kanpokoa, barrukoa... Barkaidazu, nik ez dut hau ulertzen. Nik zera bakarrik dakit —esan zuen zutitu eta medikuari amorruz begira— nik dakit Jainkoak odol beroa eta nerbioekin sortu nauela! Bai! Eta ehun organikoak, bizirik baldin badu, erreakzionatu egin behar du estimuluaren aurrean! Eta nik erreakzionatu egiten dut! Oinazearen aurrean oihu eta malkoekin erreakzionatzen dut; ziztrinkeriaren aurrean, suminarekin, eta laidagarrikeriaren aurrean, nazkarekin. Nire iritzian, honixe deitzen zaio bizia. Zenbat eta behereagoa den organismoa, hainbat sentikortasun eta energia handiagoz erreakzionatzen du errealitatearen aurrean. Nola ez jakin hau? Medikua izan eta huskeria hauek ez jakin! Sufrimendua mesprezatu, beti pozik egon eta ezertaz ez harritzeko egoera honetara iritsi beharra dago —eta Ivan Dmitritxek baserritar gizen eta koipez estalia seinalatu zuen— edo hainbesteraino trenpatu behar da norbere burua, non berarekiko sentiberatasuna galtzen den, hau da, beste hitz batzuetan esateko, bizitzeari utzi behar zaio. Barkaidazu, ez naiz jakintsua ez filosofoa —jarraitu zuen Ivan Dmitritxek aztoramenduz— eta ez dut tutik ulertzen horretaz. Ez nago arrazoitzeko egoeran.

        — Alderantziz, oso ederki arrazoitzen duzu.

        — Estoikoak, zuk imitatu nahi dituzun horiek, harrigarriak ziren, baina berorien irakatsiak duela bi mila urte gelditu ziren eta hazbete ere ez dute aurrera egin eta ez dute egingo ere, praktikoak eta bizigarriak ez direlako. Gutxiengo batean soilik izan zuten arrakasta, zeinak bere bizitza ikasten eta era guztietako teoriez gozatzen ematen bait zuen bizitza, baina gehiengoak ez zieten ulertzen. Aberastasuna eta heriotzearekiko axoleza predikatzen duen irakatsia erabat ulertezina da gehiengo handiarentzat, izan ere gehiengo honek ez bait ditu inoiz aberastasuna, ez bizitzako ongitasuna ezagutu; eta sufrimendua mesprezatzea beren bizitza mesprezatzea izango litzateke, izan ere gizonaren funtsa gosea, hotza, irainak, galerak eta herioarenganako beldur hamletiarrezko sentsazioak izatean bait datza. Sentsazio hauetan dago bizitza osoa: nozitu, gorrotatu egin liteke, baina inoiz ez mesprezatu. Bai, berriz esango dizut, estoikoen teoriak ezingo du inoiz etorkizunik izan, zeren ikusten denez, mendearen hasieratik orain arte aurreraka bait doaz oinazearekiko sentikortasuna, estimuluei erantzuteko gaitasuna...

        Ivan Dmitritxek supituki pentsamenduen haria galdu zuen, gelditu eta ernegaturik bekokia igurtzi zuen.

        — Garrantzizko zerbait esan nahi nuen eta galdu egin naiz. Zertaz ari nintzen...? A, bai! Berriz esango dut: ez dakit estoikoetako nork bere burua esklabutzat saldu zuen bere lagunurkoa erreskatatzeko. Ikusten duzu nola estoikoak ere estimuluen aurrean erreakzionatzen zuen, zeren lagunurkoaren alde nork bere burua deusezteko bezalako bihotzabaltasunezko egintza baterako arima sakerretua, gupidakorra eduki behar bait da. Hemen gartzelan ikasitako guztia ahaztu dut, bestela zerbait gehiago gogoratuko nukeen. Eta Kristorengana jotzen badugu? Kristok errealitatearen aurrean negarraz, irribarreaz, tristuraz eta suminaz erantzuten zuen, eta nozitu ere egiten zuen; ez zen irribarrearekin sufrimenduaren bila joan eta ez zuen heriotzea mesprezatzen, baizik eta otoitz egiten zuen Getsemaniko baratzan kaliza hartarik edan beharrik ez izateko.

        Ivan Dmitritx barre egin eta eseri egin zen.

        — Demagun, gizonaren patxada eta poza ez daudela hartaz kanpo, bere baitan baizik —esan zuen—. Demagun sufrimenduak mesprezatu eta ez dela ezertaz harritu behar. Baina zer oinarrirekin predikatzen duzu hori? Jakintsua al zara? Filosofoa? Ez, ez naiz filosofoa, baina edonork predikatu behar du hori, arrazoizkoa bait da.

        — Ez, jakin nahi dut, zergatik zu ulermena, sufrimenduen mesprezua eta gainerako guztian zeure burua gaitutzat daukazun. Sufritu al duzu inoiz? Ba al duzu sufrimenduen ezaguerarik? Esaidazu; txikitan astindu al zaituzte?

        — Ez, gurasoek higuina zieten gorputzeko zigorrei.

        — Ba, aitak gogor jotzen ninduen ni. Aita funtzionari gogor hemorroidikoa zen, sudur luze eta iduneko horitukoa. Baina zutaz hitzegin dezagun. Bizitza guztian ez dizu inork hatzaz ukiturik ere egin, ez zintuen inork ikaratzen, ez jotzen; zaldia bezain osasuntsu zaude. Aitaren hegalpean hazia zara eta haren kontura egin dituzu ikasketak eta gero berehala heldu diozu sinekura bati. Hogei urte baino gehiagoz bizi izan zara dohain etxe batean, berokuntza, argia, mirabearekin, gainera nahi zenuen moduan eta tamainan lan egiteko eskubidearekin, edo ezer ez egitekoarekin. Izaeraz nagia zara, paustela eta horregatik saiatu zara bizitza ezerk ez kezkatzeko eta lekutik ez mugitzeko eran antolatzen. Zereginak praktikanteari eta jendailaren gainerakoari utzi dizkiozu, eta bitartean zu epeletan eta isiltasunean eseri, dirua aurreratu, liburutxoak irakurri eta zeure burua gozatzen egon zara edozein tentelkeria goitarrezko gogoetekin (Ivan Dmitritxek medikuaren sudur gorriari begiratu zion) eta zurrutarekin. Hitz batean esateko, ez duzu bizitza ikusi, ez dakizu hartaz ezertxo ere, eta teorian bakarrik ezagutzen duzu errealitatea. Mesprezatu egiten duzu sufrimendua eta ez zara ezertaz harritzen oso arrazoi sinplearengatik: hutsalkeriaren hutsalkeria, barrukoa eta kanpokoa; bizitza, sufrimendua eta heriotzearekiko mesprezua; ulermena, egiazko zoriona —guzti hori filosofia da, errusiar alferrontziarentzako aproposena. Ikusten duzu, esate baterako, baserritar bat emaztea jotzen. Zertako sartu? Jo dezala, berdin hilko dira biak goizago edo beranduago, eta jotzaileak ez du zartadez jotakoa laidatzen, bere burua baizik. Ergelkeria bat da mozkortzea, ez da egokia, baina edaten badut hilko naiz eta edaten ez badut ere hilko naiz. Etortzen zaio emakume bat, hagineko mina du... Eta zer? Oinazea oinazearen irudikapen bat da eta gainera mundu honetan ez dago gaixotasunik gabe bizi izaterik; guztiok hil behar dugu eta horregatik, emakumea, zoaz hortik eta ez zaitez sar nire gogoetetan eta vodka-traguetan. Mutil gazte batek burubidea eskatzen dio, zer egin, nola bizi; erantzun aurretik, beste batek pentsatu egingo luke, baina zuk erantzuna prest daukazu: ulermena iristen saia zaitez edo egiazko zorionera. Eta zer da «egiazko zorion» fantastiko hori? Ez dago erantzunik, noski. Hemen burdinesi artean gauzkate, usteldu, martiriotu egiten gaituzte, eta hala ere guzti hau ederra eta arrazoizkoa da, zeren pabilioi honen eta gela epel erosoaren artean ez bait dago inolako alderik. Filosofia egokia: ez dago ezer egin beharrik, kontzientzia garbi eta gainera jakintsu bat bezala sentitzen zara.. . Ez, jauna, hau ez da filosofia, ez pentsamendua, ez begiratze-zabalera, baizik eta nagikeria, fakirismoa eta lorrozorrozko txaldankeria... Bai! —berriz sumindu zen Ivan Dmitritx—. Sufrimendua mesprezatu egiten duzu, baina ziur nago ateak hatzak harrapatuko balizu, eztarria urratu beharren garrasi egingo zenukeela!

        — Edo baliteke garraisirik ez egitea —esan zuen Andrei Efymitxek otzan irribarrez.

        — Baita zera ere! Eta perlesiak jotzen bazaitu, edo demagun, kaiku edo kirtenen batek, bere posizioaz edo karguaz baliatuz jendaurrean iraintzen zaituela eta jakingo bazenu horregatik zigorrik gabe geratuko dela, tira, orduan ulertuko zenuke zer den besteak ulermenera eta egiazko zorionera bidaltzea.

        — Oso orijinala —esan zuen Andrei Efymitxek pozez irribarrezka eta eskuak igurtziz—. Harrimen atsegina da niretzat zugan jeneralizazio horietarako isuria ikustea eta nire erretratoa, oraindik orain egin didazuna, benetan distiratsua da. Onartu beharra dut, zurekin hitzegiteak egundoko ongitasuna sortzen didala. Baina tira, entzun zaitut eta orain ni entzuteko erregutzen dizut...

 

 

XI

 

Elkarrizketa artean ordubetez luzatu zen eta, agi zenez, eragin sakona izan zuen Andrei Efymitxengan. Pabilioira egunero joaten hasi zen. Goizetan joaten zen bertara eta bazkalondoan eta sarritan arratseko ilunpeak ere Ivan Dmitritxekin hizketan harrapatzen zuen. Lehenengotan, Ivan Dmitritxek itzuri egiten zuen, asmo txarren errezeloa zuen eta ageriki azaltzen zuen bere kontrakarra, baina gero ohitu egin zen beragana eta tratu zakarra jarrera ironiati eta atoskorraz aldatu zuen.

        Laster zabaldu zen ospitalean Andrei Efymitx medikuak seigarren pabilioia bisitatzen zuen zurrumurrua. Inork —ez praktikanteak, ez Nikitak, ez erizainek— ezin zuen ulertu zergatik joaten zen hara, zergatik ematen zituen han ordu osoak, zertaz hitzegiten zuen eta zergatik ez zien errezetarik agintzen. Haren jokaerak estrainioa zirudien, Mikhail Averianitxek askotan ez zuen etxean aurkitzen, lehenago inoiz gertatu gabekoa, eta Dariuxka oso aztoraturik zebilen, zeren eta medikuak jadanik ez bait zuen bere garagardoa ordu jakinean hartzen eta batzuetan bazkaltzera berandu iritsi ere egiten zen.

        Behin batez, ekainaren amaieran izan zen hori, Khobotov doktorea zerbaitengatik Andrei Efymitxenera joan zen; etxean ez aurkitzean, atarira joan zen bila; han esan zioten mediku zaharra gaixo psikikoak ikustera joana zela. Pabilioian sartu eta ezkaratzean gelditzean, Khobotovek honako hizketa hau entzun zuen:

        — Ez gara inoiz bat etorriko eta ez duzu lortuko zeure sinesteen arabera ni aldatzerik —zioen Ivan Dmitritxek haserreturik—. Errealitatea ez duzu inondik ere ezagutzen, eta ez duzu inoiz sufritu; izaina bezala inoren ezbeharrez elikatu zara; nik, berriz, jaio nintzen egunetik gaur arte atergabe sufritu dut. Horregatik argi eta garbi esaten dizut: zu baino garaiagotzat jotzen dut neure burua eta gehiagotzat ere bai zentzu guztietan. Ez dagokizu nire irakasle izatea.

        — Ez dut inola ere neure sinesteen arabera zu aldatzeko asmorik —esan zuen Andrei Efymitxek ahapean eta tamalez, ulertu nahi ez zuelako—. Auzia ez da hau, adiskidea. Auzia ez dago zuk sufritu izatean eta nik ez. Sufrimentua eta poza igarokorrak dira; utz ditzagun, hor konpon. Baizik eta guk biok pentsatzean, biok bata bestea pentsatzeko, arrazoitzeko gauza diren pertsona bezala ikusten dugu, eta horrek solidario bihurtzen gaitu, nahiz eta gure ikuspegiak ezberdinak izan. Bazeneki, ene adiskidea, zeinen gogaiturik nagoen ergelkeria orokorraz, erdipurdikeriaz, tentelkeriaz eta zer pozaz hitzegiten dudan beti zurekin! Pertsona argia zara eta ongi pasatzen dut zurekin.

        Khobotovek atea piska bat ireki eta pabilioira begiratu zuen; Ivan Dmitritx txanoarekin eta Andrei Efymitx medikua elkarren ondoan eserita zeuden ohean. Zoroak pariztak egiten zituen, dardar egin eta zalapartaka biltzen zen batan; medikua, berriz, eserita eta geldi, burumakur zegoen eta aurpegi gorri, ezindu, tristea zeukan. Khobotovek sorbaldak uzkurtu, irribarre egin eta begirada trukatu zuen Nikitarekin. Nikitak ere sorbaldak uzkurtu zituen.

        Biharamunean Khobotov praktikantearekin etorri zen eraikuntzara. Biak ezkaratzean gelditu eta adi jarri ziren.

        — Gure aguretxoa, agi denez, ganbaratik jota zegok! —esan zuen Khobotovek eraikuntzatik irtenez.

        — Jainkoak gorde gaitzala! —hasperen egin zuen Sergei Sergeitxek arretaz putzuei iskintxo eginez bere bota distiratsu ziratu berriak ez zikintzeko—. Egia esan, Evgeni Feodoritx estimatua, aspaldidanik espero nuen hau!

 

 

XII

 

Harez gero Andrei Efymitx bere inguruan halako misterio bat sumatzen hasi zen. Baserritarrek, erizainek eta gaixoek, berarekin topo egitean, galderagile begiratzen zioten eta gero marmar egiten zuten. Maxak, jagolearen alabak, lehen atseginez ospitaleko jardinean topatzen zuenak, orain, irribarrez hurbiltzen zitzaionean buruan laztan egiteko, auskalo zergatik, ihes egiten zion. Mikhail Averianitx, postetxe-buruak, jadanik ez zuen hari entzutean «Egia biribila» esaten, baizik eta asaldura ulergaitzez «bai, bai, bai» marmar egiten zuen —eta pentsakor eta hunkiturik begiratzen zion; auskalo zergatik adiskideari garagardoa eta vodka edateari uzteko burubidea ematen hasi zitzaion, baina hori egitean, pertsona delikatua zenez gero, ez zuen zuzen hitzegiten, aieruz baizik, batzuetan gizon aparta zen batailoi-komandante batena aipatuz, beste batzutan pertsona bikaina zen erregimendu-kapelau batena, zuenak edan eta gaixotu egin bait ziren, baina edateari utzi eta erabat osatu. Bizpahiru aldiz joan zen Khobotov lankidea Andrei Efymitxengana; honek ere edari izpirituzkoak uzteko burubidea ematen zion eta itxuraz inolako arrazoirik gabe potasio-bromuroa hartzeko gomendatzen zion.

        Abuztuan Andrei Efymitxek gutun bat jaso zuen alkatearengandik garrantzi handiko arazo batengatik etortzeko eskariarekin. Adierazitako orduan udaletxera iritsirik, Andrei Efymitxek plazako komandantea, eskualdeko institutuaren ikuskaria, zinegotzi bat, Khobotov eta mediku gisa aurkeztu zioten beste gizon gizen eta horail bat aurkitu zituen bertan. Mediku hau, ahoskatze zaileko deitura poloniarra zuena, hiritik hogeitamar verstatara bizi zen, zaldi-haztoki batean eta orain bidenabar zegoen hirian.

        — Badago hemen eskari bat zuri dagokizuna —zuzendu zitzaion zinegotzia Andrei Efymitxi guztiak elkar aurkitu eta mahaira eseri zirenean—. Evgeni Feodoritxek dio farmazia txiki geratzen ari zaiela edifizio nagusian eta eraikuntzetako batera pasatu beharko litzatekeela. Jakina, ez da ezer gertatzen, lekuz alda daiteke eta kito, baina garrantzitsuena eraikuntza konpondu beharrean egotea da.

        — Bai, konpondu gabe ez dago ezer egiterik —esan zuen Andrei Efymitxek, pentsatu ondoren—. Esate baterako, baldin eta kantoiko eraikuntza atontzen badugu farmaziatarako, horretarako, nik uste, minimum bostehun errublo beharko direla. Alferrikako gastua.

        Apur batean isilik geratu ziren.

        — Duela hamar urte zuei jakinerazteko ohorea izan nuen —jarraitu zuen Andrei Efymitxek ahots apalez— ospitale hau gaurko bere egoeran gehiegizko luxua dela hiriarentzat. Berrogeigarren urteetan eraiki zuten, baina orduan beste baliabide batzuk zeuden. Hiriak gehitxo gastatzen du alferrikako eraikuntzatan eta baliogabeko kargutan. Uste dut diru honekin eta gauzak beste era batera jarrita bi ospitale ereduzko mantendu litezkeela.

        — Tira, ba, jar ditzagun gauzak beste era batera! —esan zuen biziki zinegotziak.

        — Dagoeneko izan dut horren berri jakinerazteko ohorea: eskualda itzazue osasun-zerbitzuak probintzi administraziora.

        — Bai, emaiozu dirua probintzi administrazioari eta xixkatu egingo dizu —barre egin zuen mediku horailak.

        — Hala dabiltza gauzak —onartu zuen zinegotziak eta berak ere barre egin zuen.

        Andrei Efymitxek begiratu nagi eta motel egin mediku horailari eta esan zuen:

        — Zuzenak izan beharra dago.

        Berriro isildu egin ziren. Tea zerbitzatu zuten. Plazako komandanteak, auskalo zer aztoramenduz, mahaian zehar Andrei Efymitxen eskua ukitu eta esan zuen:

        — Erabat ahazturik gauzkazu, doktorea. Baina fraide bat zara: ez duzu kartetan jokatzen, emakumeak ez dituzu atsegin. Aspertu egiten zara zeure kideekin.

        Eta guztiak hizketan hasi ziren zeinen aspergarria den pertsona gisako batentzat hiri hartan bizitzea. Ez dago teatrorik, ez musikarik, azken dantza-arratsean klubean hogei bat dama zeuden eta bi kaballero bakarrik. Gazteriak ez du dantza egiten, eta denbora guztia bufetaren inguruan metatu eta kartetan jokatzen du. Andrei Efymitx astiro eta ahots apalez, inori begiratu gabe, hitzegiten hasi zen zeinen tamalgarria, zeinen benetan tamalgarria den hiritarrek beren bizienergia, beren bihotza eta adimena kartetan eta esamesatan xahutzea eta ez jakitea edo nahi izatea beren denbora elkarrizketa interesgarrian eta irakurketan ematea, adimenak ematen dituen gozamenez baliatu nahi ez izatea. Adimena bakarrik da interesgarri eta gogoangarria, gainerako guztia arrunt eta ziztrina da. Khobotovek arretaz entzuten zion lankideari eta supituki galdetu zion:

        — Andrei Efymitx, zer egun da gaur?

        Erantzuna lortu ondoren, Khobotov eta mediku horaila, haren ezgaitasunaz ohartzen diren aztertzaile-doinuaz, Andrei Efymitxi galdezka hasi zitzaizkion: zer egun den gaur, zenbat urte dituen urteak eta ea egia zen seigarren pabilioian profeta haundi bat bizi zela.

        Azken galdera hori erantzutean Andrei Efymitxek gorritu eta esan zuen:

        — Bai, gaixo dago, baina mutil gazte interesgarria da.

        Ez zioten beste galderarik egin.

        Sargelan, abrigoa janzten ari zela, plazako komandanteak eskua sorbaldan ezarri eta hasperen batez esan zion:

        — Guk, zaharrok, atseden-ordua dugu!

        Udaletxetik irtetean. Andrei Efymitxek ulertu zuen bere ahalmen mentalak egiaztatzeko izendaturiko batzordea zela. Gogoratu zituen egin zizkioten galderak, gorritu eta agian lehen aldiz sentitu zuen tamal mingotsa medikuntzarengatik.

        «Jainko maitea —pentsatzen zuen, gogora ekarriz, nola arestian medikuek aztertua zuten— bi egun baino ez dira psikiatria ikasia dutela, azterketa egina dutela, baina nondik dator erabateko ezjakintasun han? Ez dakite psikiatriaren arrastorik ere!»

        Eta bizitzen lehen aldiz iraindua eta haserretua sentitu zen. Egun horretan bertan arratsaldez Mikhail Averianitx etxean izan zuen. Agur egin gabe, postetxe-buruak hurbildu, bi eskuetatik heldu eta ahots hunkituz esan zion:

        — Ene adiskidea, ene adiskidea, erakutsidazu sinesten duzula nire zinezko estimuan eta adiskidetzat naukazula... Ene adiskidea! —eta Andrei Efymitxi hitzegiteari utzi gabe, jarraitu zuen hunkiturik:— Maite zaitut zeure kultura eta izpiritu prestuarengatik. Entzuidazu, ene adiskidea. Zientziaren arauek medikuak egia estaltzera behartzen dituzte medikuak, baina nik militar erara egia garbia esango dizut: ez zaude ongi! Barkaidazu, ene adiskidea, baina hauxe da egia, eta inguruko guztiak ere aspaldian oharturik daude. Orain Evgeni Feodoritxek esaten zidan zeure osasunaren onerako jostatu eta olgatzearen premia duzula. Egia biribila! Primeran! Egun hauetan oporrak hartzera noa eta beste aire batzuk hartzera. Erakutsidazu adiskide nauzula, goazen elkarrekin! Goazen eta gabiltzan gazte-denboretan bezala!

        — Erabat ongi sentitzen naiz —esan zion Andrei Efymitxek pentsatu ondoren—. Ezin naiteke joan. Utzidazu adiskidetasuna beste nolabait erakusten.

        Auskalo nora joan, zertarakorik gabe, libururik gabe, Dariuxka gabe, garagardorik gabe, azken hogei urteotan eraikitako bizi-ordena kolpe batez deuseztu —lehen unean zentzugabe eta fantastiko iritzi zion halako ideiari. Baina gogoratu zuen udaletxean izandako elkarrizketa, etxerako bidean sentitu zuen sentsazio atsekabea eta hiritik denboraldi batez alde egitearen ideiari, non jende ergelak zorotzat bait zeukan, atseginezko iritzi zion.

        — Eta zehazki nora joateko asmoa duzu zuk? —galdetu zuen.

        — Moskura, Petersburgora, Varsoviara... Varsovian igaro ditut neure bizitzako bost urte zoriontsuenak. Bai hiri zoragarria dela! Goazen, adiskidea!

 

 

XIII

 

Handik astebetera Andrei Efymitxi atsedena proposatu zioten, hau da, erretiroa hartzea eta hori egitea berdin zitzaion eta astebete geroago bera eta Mikhail Averianitx Postetxeko autoan zihoazen trenbide-geltoki hurbilenerako bidean. Egunak freskoak, garbiak, zeru urdin eta urruntasun gardenekoak. Geltokirainoko berrehun verstak bi alditan egin zituzten eta bi aldiz lo egin zuten bidean. Postaguneetan gaizki garbituriko edalontzietan tea ematen zutenean edo zaldiak lotzen luze jotzen zutenean, Mikhail Averianitx moretu egiten zen amorruz eta gorputz osoaz dardar eginez, garraisika hasten zen: «Isilik! Erantzunik ez!» Eta zalburdian eserita, une batez ere gelditu gabe, Kaukaso eta Poloniako Erresumatik egindako bidaiak kontatzen zituen. Zenbat abentura, a zer topaketak! Ozenki hitzegiten zuen eta bitartean hain begi harrituak jartzen zituen, non gezurretan ari zela pentsa bait zitekeen. Gainera, kontatzean, Andrei Efymitxen aurpegira botatzen zuen hatsa eta belarrira barre egiten zion. Horrek lotsatu egiten zuen medikua eta ez zion pentsatzen eta bere baitan biltzen uzten.

        Trenean dirua aurreratzeagatik hirugarren klasean joan ziren, erretzaile ez zirenen bagoian. Bidaiarien erdia bakarrik zen garbia. Mikhail Averianitxek laster ezagutzen zituen guztiak, eta eserlekuz eserleku aldatuz, ozenki esaten zuen ez zela ibili behar trenbide sumingarri haietan. Doilorkeria besterik ez dago nonnahi! A, zaldiz ibiltzea besterik da: egun batean ehun versta egin eta osasuntsu, berri sentitzen zara. Eta uzta txarrak izan baditugu, Pinskeko zingirak lehortu dituztelako da. Eta oro har desordenua izugarria da. Berotzen zen, ozenki hitzegiten zuen eta ez zion inori hitzegiten uzten. Atergabeko berritsukeria honek, barre-algara ozen eta keinu esanguratsuekin, nekatu egin zuen Andrei Efymitx.

        «Biotatik zein duk zoroa? —pentsatzen zuen sumindurik—. Ni, pasaiariei eragozpenik ez sortzeko ahaleginak egiten ditudan hau, ala berekoi hori gizonik azkar eta interesgarrientzat bere burua daukan hori eta horrela inori bakerik ematen ez dion hori?

        Moskun, Mikhail Averianitxek galoirik gabeko militar-xake bat eta fraka zerrenda-gorridunak jantzi zituen. Kaletik txano eta longaina militarrarekin ibiltzen zen, eta soldaduak koadratu egiten zitzaizkion. Andrei Efymitxek bazeritzon orain gizon honek garai batean izandako etxaguntasun guztitik, hoberena irion eta txarrena besterik ez zuela gorde. Inork zerbitza ziezaion nahi izaten zuen, nahiz eta horretarako inolako premiarik ez egon. Mahaian aurrekaldean zeuzkan pospoloak, eta ikusten zituen, baina kamarariari oihu egiten zion sua eman ziezaion. Mirabearen aurrean ez zion lotsarik ematen barnearropatan ibiltzeak; morroiei, inolako salbuespenik gabe, baita zaharrei ere, hitanoz hitzegiten zien, eta haserretzen zenean ergelka eta inozoka tratatzen zituen. Guzti honi Andrei Efymitxek oso etxagunezko zeritzon, baina nazkagarri.

        Ezer baino lehenago Mikhail Averianitxek Iverskaiara eraman zuen adiskidea. Sutsuki errezatu zuen, gurketa handiekin eta malkoekin, eta amaitzean hasperen sakona egin eta esan zuen:

        — Nahiz eta ez sinetsi, errezatu ondoren lasaiago geratzen da bat. Mun emaiozu, adiskidea.

        Andrei Efymitxek, nahasturik imajinara hurbildu eta mun eman zion, eta Mikhail Averianitx ezpainak luzatuz eta burua kulunkatuz susmurka errezatzen ari zen bitartean, eta berriro begietara malkoak itzuli zitzaizkion.

        Joan ziren gero Kremlinera eta han Kainoi Haundia eta Kanpai Haundia ikusi zituzten, eta atzamarrez ukitu ere egin zituzten, miretsi zuten Zamoskvoretxie auzategiaren ikusmira, bisita egin zieten Salbatzailearen elizari eta Rumiantzev museoari.

        Testoven bazkaldu zuten. Mikhail Averianitxek luzaroan begiratu zion menuari, patilak laztanduz, eta jatetxeetan norbere etxean bezala sentitzera ohiturik dagoen gourmet-tonuarekin esan zuen:

        — Ea, zerekin liluratzen gaituzun gaur, pospolin horrek!

 

 

XIV

 

Medikuak paseatu, begiratu, jan, edan egiten zuen, baina sentimendu bakarra zeukan: Mikhail Averianitxenganako herra. Atsedena hartu nahi zuen adiskidearengandik, ihes egin, ezkutatu, eta adiskideak Andrei Efymitxengandik pauso bakar bat ere ez aldentzeko eta ahalik eta entretenigai gehien eskaintzearen betebeharra ezarria zion bere buruari. Zeri begiraturik ez zegoenean, bere hizketaz entretenitzen zuen. Jasan zituen bi egun Andrei Efymitxek baina hirugarren egunean jakinerazi zion adiskideari gaixo zegoela eta egun osoan gelan gelditu nahi zuela. Orduan adiskideak erantzun zion atsedena hartu beharra zegoela, indarrak ez huts egiteko. Andrei Efymitx dibanean etzan zen, aurpegia hormara zuela, eta hortzak estutuz, entzuten zion adiskideari sinetsirik zegoela Frantziak goizago edo beranduago derrigorrean menperatuko zuela Alemania, Moskun doilorkume asko zegoela eta zaldiaren kanpoko itxuratik ez zegoela bere gaitasunak epaitzerik. Medikuari belarriak furrundaka eta bihotza taupaka hasi zitzaizkion, baina fineziaz ez zen ausartu adiskideari alde egiteko edo isiltzeko esatera. Zorionez, Mikhail Averianitx aspertu zen gelan eserita egoten eta bazkalondoan paseatzera irten zen.

        Bakarrik egotean, Andrei Efymitx atsedenezko sentsazioan murgildu zen. Zeinen atsegina den zirkinik egin gabe dibanean etzanda egotea eta norbera bakarrik dagoela gelan konturatzea! Egiazko zoriona ezinezkoa da bakardaderik gabe. Aingeru eroriak seguraski bakardadea nahi zuelako engainatu zuen Jainkoa, ez bait dute ezagutzen. Andrei Efymitxek azkeneko egunetan ikusi eta entzundakoan pentsatu nahi zuen, baina Mikhail Averianitx ez ziezaion burutik irteten.

        «Baina oporrak hartu bazituk eta nirekin etorri baduk dena adiskidetasunez, bihotzabaltasunez izan duk —pentsatzen zuen medikuak tamalez—. Ez zegok ezer okerragorik adiskide-geriza hau baino. Zeren, bazirudik ona, bihotzabala, alaia dela, baina aspergarria duk. Ezin eramanezko aspergarria. Beti arrazoizko gauzak eta hitz egokiak bakarrik esaten dituzten baina ergelak direla igartzen zaien pertsona horiek bezalakoa.»

        Hurrengo egunetan Andrei Efymitxek gaixo zegoela esaten zuen eta ez zen gelatik irteten. Etzaten zen aurpegia hormara zuela dibanean eta atsekabetu egiten zen adiskideak hizketaz entretenitzen zuenean, edo atsedena hartzen zuen adiskidea irteten zenean. Bere buruarekin haserreturik zegoen bidaia egin zuelako eta adiskidearekin, egunean-egunean berritsuago eta erpiziago bait zen; ezin zuen inola ere lortu bere pentsamenduak serioa edo jasoa zen ezertan finkatzea.

        «Ivan Dmitritxek zioen errealitateak menpean hartu nau —pentsatzen zuen bere ziztrinkeriaz nahigabeturik—. Azkenean, dena zentzugabea duk... Itzuliko nauk etxera eta dena lehen bezalakoa izango duk... »

        Eta Petersburgon gauza bera: ez zen hoteletik egun osotan irteten, dibanean etzan eta garagardo bat hartzeko bakarrik jaikitzen zen. Mikhail Averianitxek denbora guztian presa ematen zion Varsoviara joateko.

        —Adiskidea, zertara joan behar dut nik hara? —esaten zuen Andrei Efymitxek ahots erregutzailez—. Zoaz bakarrik, eta utzidazu niri etxera joaten! Arren eskatzen dizut!

        — Inola ere ez! —protesta egiten zuen Mikhail Averianitxek—. Hiri zoragarria da. Bertan pasatu ditut neure bizitzako bost urte zoriontsuenak!

        Andrei Efymitxek ez zuen izan bereari eusteko behar adina nortasun, eta gogoz kontra Varsoviara joan zen. Han ere ez zen gelatik irteten, dibanean etzan eta bere burua, adiskidea eta hisituki errusiera ulertzeari uko egiten zioten zerbitzariak gorrotatzen zituen, eta Mikhail Averianitx ohi bezala osasuntsu, berritsu eta alai, hiritik paseatzen ibiltzen zen eta bere ezagun zaharrak bilatzen aritzen zen. Behin baino gehiagotan ez zuen hotelean gaua eman. Inork ez zekien tokiren batean gau bat eman ondoren, goizean goiz itzuli zen hotelera izugarri asaldaturik, gorriturik eta ileak tximatan zituela. Luzaroan alde batetik bestera ibili zen, zerbait bere baitan marmarka, eta gero gelditu eta esan zuen:

        — Ohore ezer baino lehen!

        Apur bat ibili ondoren, hartu eskuez burua eta ahots tragikoz esan zuen:

        — Bai Ohorea ezer baino lehen! Madarikatua Babilonia honetara etortzea burutik pasatu zitzaidan lehen unea! Adiskidea —zuzendu zitzaion medikuari— mespreza nazazu! Dena galdu dut kartetan! Emazkidazu bostehun errublo!

        Andrei Efymitxek bostehun errublo zenbatu eta isilik eman zizkion adiskideari. Orduan, lotsaz eta amorruz ubeldurik, egin zuen ahapean promesa alferren bat, hartu txanoa eta irten egin zen. Handik ordu pare batera itzultzean, besaulkian amildu, hasperen sakona egin eta esan zuen:

        — Ohorea salbatu da! Goazen, adiskidea! Ez dut minutu bakar batez ere gehiago geratu nahi hiri madarikatu honetan! Iruzurgileak! Espia austriarrak!

        Bi adiskideak beren hirira itzuli zirenerako azaroa zen eta kaleetan elur handia zegoen Andrei Efymitxen postua Khobotovek zeukan hartua; artean bere etxe zaharrean bizi zen, Andrei Efymitx noiz etorriko eta ospitaleko etxebizitza noiz hustuko itxaroten. Emakume itsusia, sukaldari deitzen zuena, ordurako ospitalean bizi zen. Baina ospitalean ospitaleari buruzko esamesak berriak zebiltzan. Ziotenez emakume itsusiak sesioa izan zuen jagolearekin, eta agi zenez gizona belauniko arrastaka ibili zitzaion aurrean barkamen eske. Heldu zen lehen egunetik Andrei Efymitxek etxebizitza bilatu behar izan zuen.

        — Adiskidea —esan zion herabeti postetxe-buruak— barkaidazu atrebentzia: zer baliabiderekin kontatzen duzu?

        Andrei Efymitxek isilik dirua zenbatu eta esan zuen: Laurogeitazortzi errublo.

        — Ez dizut hori galdetzen —esan zuen kikildurik Mikhail Averianitxek, ez bait zion medikuari ulertu—. Galdetzen dizut zer baliabide dituzun orokorrean.

        — Esan dizut: laurogeitazortzi errublo... Ez daukat besterik. Mikhail Averianitxek uste zuen medikua pertsona jatorra, prestua zela, baina nolanahi ere susmatzen zuen hogei bat mila errublotako kapitala izango zuela gutxienez. Baina orain, Andrei Efymitx ia eskalea zela jakitean, ez zeukala zertaz bizi, zer zela-eta oso ongi jakin gabe, auskalo zergatik, negarrari eman eta adiskidea besarkatu egin zuen.

 

 

XV

 

Andrei Efymitx Belova ugazabandrearen hiru leihoko etxetxo batean bizi zen. Etxetxo honek hiru gela bakarrik zituen, sukaldea kontuan sartu gabe. Berorietako bi, kalerako leihoak zituztenak, medikuak zeuzkan hartuak, eta hirugarrenean eta sukaldean Dariuxka eta emakumea bere hiru haurrekin bizi ziren. Batzuetan ugazabandreari amorantea etortzen zitzaion gaua ematera, baserritar mozkor bat, astrapala sortzen zuena eta haurrei eta Dariuxkari sarrakioa sartzen ziena. Iritsi eta sukaldean eserita vodka eskatzen hasten zenean, guztiak oso estu sentitzen ziren, eta medikuak errukiz bere gelan hartu negarrez ari ziren haurrak, eta beheraren gainean eratzaten zituen, eta honek poz handia ematen zion.

        Beti bezala jaikitzen zen, goizeko zortzietan eta tearen ondoren bere liburu zaharrak eta aldizkariak irakurtzeko esertzen zen. Berrietarako jadanik ez zeukan dirurik. Liburuak zaharrak zirelako, edo behar bada, bere egoeraren aldaketarengatik, irakurketak ez zuen jadanik lehen adinako indarraz bereganatzen eta aunatu egiten zuen. Nagikerian denbora ez ematearren, bere liburuen katalogo zehatza egiten ziharduen eta bizkarretan txarteltxoak itsasten zizkien, eta zeregin mekaniko, xehe honi liburuak irakurtzeari baino interesgarriago zeritzon. Lan monotono xehe honek, nolabaiteko era estrainioz, pentsamenduak sorgortzen zizkion, ez zuen ezertan pentsatzen eta denbora bizkor igarotzen zen. Sukaldean Dariuxkarekin eseri eta patatak zuritzea edo kizki-aleei zamarrak kentzeari berari ere interesgarri zeritzon. Larunbat eta igandeetan elizara joaten zen. Hormaren ondoan zutik eta begiak ñarroturik zituela, kantatua entzun eta bere aitagan, amagan, unibertsitatean, erlijioetan pentsatzen zuen; patxadatsu, triste sentitzen zen eta gero, elizatik irtetean, kexatu egiten zen elizkizuna hain bizkor amaitu zelako.

        Bi aldiz joan zen ospitalera Ivan Dmitritxengana, berarekin hitzegitera. Baina bi aldietan Ivan Dmitritx ohi ez bezalako ezinegon eta amorruarekin aurkitzen zen; bakean uzteko eskatu zion, aspaldian gaitzi zitzaiola berriketa hutsal hura, eta esaten zuen, jende doilor madarikatuari sari bat eskatzen ziola nozitutako sufrimendu guztiengatik: itxituran bakarrik uztea. Ala hori ere ukatu egin behar ote zioten? Andrei Efymitxek agurtu eta gabon esaten zionean, Ivan Dmitritxek sutan jarri eta esaten zion:

        — Zoaz ifernura!

        Eta Andrei Efymitxek ez zekien ordua, hirugarren aldiz beragana joan ala ez. Baina bazuen joateko gogoa.

        Lehen, bazkalaurrean, Andrei Efymitxek geletan barrena paseatu eta gogoeta egiten zuen, baina orain, bazkalondotik arratsalde erdiko tera arte dibanean etzaten zen bizkarrari aurpegia emanez eta inola ere burutik kendu ezin zituen pentsamendu kaxkarretan murgiltzen zen. Iraingarri zitzaion hogei urte baino gehiago zerbitzuan egin ondoren ez pentsiorik, ez gratifikaziorik ere ez eman izana erretiroarengatik. Egia da ez zuela prestuki zerbitzua egin, baina pentsioa guztiek hartzen zuten bereizkeriarik gabe, prestuki zerbitzatu ala ez. Gaur eguneko justizia hain zuzen ez da oinarritzen karguek, dominek eta pentsioek gaitasun moral eta trebetasunak sariztatzean, baizik eta zerbitzu orokorrean, zeinnahi izan dela ere. Zergatik izan behar zuen salbuespen berak bakarrik? Ez zeukan batere dirurik. Lotsa ematen zion dendaren aurretik igaro eta dendako andreari begiratzeak. Garagardoengatik jadanik 32 errublo zor ziren. Belova, ugazabandreari ere zor zion. Dariuxka ezkutuka arropa zaharrak eta liburuak saltzen ari da eta ugazabandreari gezurra esaten dio, laster medikuak diru asko jasoko duela.

        Bere buruarekin haserretzen zen bidaian aurreratuak zituen hiru mila errublo gastatu zituelako. Bai ongi etorriko litzaizkiokeela orain milaka errublo horiek! Kexu zen jendeak bakean uzten ez zuelako. Khobotov beharturik sentitzen zen noizean behin lankide gaixoari bisita egitera. Andrei Efymitxi higuina ematen zion haren pertsona osoak: haren aurpegi guriak, haren tonu inozo eta atoskorrak eta «lankide» hitzak eta bota garaiek; baina higuingarriena Andrei Efymitx sendatzera beharturik sentitzea eta gainera sendatzen ari zela uste izatea zen. Bisita bakoitzean potasio-bromuro poto bat eta arabarba-pastila bat ekartzen zizkion.

        Mikhail Averianitx ere adiskidea bisitatu eta entretenitzera beharturik sentitzen zen. Beti gezurrezko irpizitasunez Andrei Efymitxenera sartu eta barre bortxatuak egin eta, eta Andrei Efymitxi sinesterazten hasten zitzaion egun hartan itxura bikaina zuela eta gauzak, jainkoari eskerrak, hobera zihoazela eta hartatik atera zitekeen adiskidearen egoera erremediogabetzat jotzen zuela. Artean ordaindu gabe zeukion Varsoviako zorra eta oso lotsaturik eta bortxatu sentitzen zen eta horregatik barre ozenagoak eta gauza dibertigarriagoak esaten ahalegintzen zen. Haren gertakari eta kontakizunei orain amaigabe zeritzen eta jasanezinak ziren, bai Andrei Efymitxentzat eta bai berarentzat.

        Haren presentzian Andrei Efymitx dibanean etzan ohi zen aurpegia hormara zuela eta hortzak estuturik entzuten zion; ariman geruzatan kokatzen zitzaion jalkina, eta adiskidearen bisita bakoitzaren ondoren jalkin horiek gero eta gorago gelditu eta eztarrira iristen balitzaizkio bezala sentitzen zuen.

        Sentimendu ziztrinak isiltzeko lehenbailehen pentsatzen zuen bera, eta Khobotov, eta Mikhail Averianitx goizago edo beranduago hil beharrak zirela, naturan aztarnarik ere utzi gabe. Imajinatuko bagenu hemendik milioi bat urtetara izpirituren batek lurbiraren gainetik espazioan zehar hegaz egingo balu, lokatza eta harkaitza biluziak besterik ez luke ikusiko. Dena —bai kultura, eta bai lege morala— dena ezabatuko da eta lapabelarra ere ez da haziko. Zer garrantzi du lotsak dendariaren, Khobotov kaxkarraren eta Mikhail Averianitxen adiskidetasun astunaren aurrean? Guzti hau zentzugabea eta huskeria da.

        Baina arrazoiketa hauek ez zioten jadanik laguntzen. Milioi bat urte geroago lurbira imajinatzean, harkaitz biluzi baten atzean Khobotov agertzen zen bere bota garaiekin eta Mikhail Averianitx bere barre bortxatuarekin eta marmara lotsati bat ere entzuten zen: «Eta Varsoviako zorra, adiskidea, egun hauetakoren batean bihurtuko dizut... hutsik egin gabe».

        Behin baten, Mikhail Averianitx bazkalondoan etorri zen, Andrei Efymitx dibanean etzanda zegoela. Eta une berean Khobotov ere potasio-bromuroarekin etortzea gertatu zen. Andrei Efymitx astunki jaiki, eseri eta bi eskuez bermatu zen dibanean.

        — Ba, gaur, adiskidea —hasi zen Mikhail Averianitx—, aurpegikolore hobea duzu atzo baino. Bapo, mutil! Primeran, mutil!

        — Bada garaia, bada garaia ongi jartzeko, lankidea —esan zion Khobotovek aharrausika—. Baietz zeu ere asperturik egon betiko lelo honekin.

        — Aterako gara honetatik! —esan zuen alai Mikhail Averianitxek—. Oraindik ehun urte gehiago bizi behar dugu! Noski!

        — Ehun ez dira izango, baina hogei bat gehiago bai —kontsolatzen zuen Khobotovek—. Tira, tira, lankidea, ez desanimatu... Aski da ilunpeak pintatzeaz.

        — Oraindik erakutsi egingo dugu! —ekin zion barre-algaraka Mikhail Averianitxek eta kolpeak eman zizkion belaunean—. Oraindik erakutsi egingo dugu! Datorren udan, jainkoak nahi badu, Kaukasora joango gara eta dena zaldiz korrituko dugu: traka! traka! traka! Eta Kaukasotik itzulitakoan, horratx, ezteietara joango gara —Mikhail Averianitxek keinu maltzurra egin zuen begiaz—. Ezkondu egingo zaitugu, adiskidea... ezkondu...

        Andrei Efymitx konturatu zen supituki jalkin mingotsa eztarrira igo zitzaiola; bihotzak taupada ikaragarriak ematen zizkion.

        — Hau arrunkeria bat da! —esan zuen bizkor zutitu eta leihora aldenduz—. Baina ez al zarete konturatzen arrunkeriak esaten ari zaretela?

        Era bigun eta kunplituan jarraitu nahi izan zuen, baina gogoz kontra ukabilak estutu eta buruaz gainetik jaso zituen.

        — Utz nazazue! —oihu egin zuen berea ez zuen ahotsez, ubelduz eta gorputz osoaz dardarka—. Kanpora! Biok kanpora, biok! Khobotov eta Mikhail Averianitx zutitu eta aurrena harriduraz begiratu zioten, eta gero ikaraz.

        — Biok kanpora! —jarraitu zuen oihuka Andrei Efymitxek—. Kaikuok! Ergelok! Ez dut zure adiskidetasunaren eta zure sendagaien beharrik, kaikua! Zer arrunkeria! Zer nazka!

        Khobotov eta Mikhail Averianitx, ezbaiti elkarri begira, atera atzera egin eta ezkaratzera irten ziren. Andrei Efymitxek hartu potasio-bromuroaren flaskoa eta haien atzetik jaurtiki zuen: flaskoa zaratarekin hautsi zen atalasean.

        — Zoazte ifernura! —oihu egin zuen ahots negartiz, eskaratzera irtenez—. Ifernura!

        Bisitariak alde egin ondoren, Andrei Efymitxek, sukarra balu bezala dardarka, dibanean etzan eta artean luzaroan errepikatu zuen: — Kaiku alenak! Ergel alenak!

        Lasaitu zenean, burura etorri zitzaion lehen gauza izan zen Mikhail Averianitx gizajoa orain, oso lotsaturik eta atsekabe egongo zela eta guzti hura ikaragarria zela. Non zeuden arrazoia eta begiramendua? Non gauzen ulerkuntza eta axolagabetasun filosofikoa?

        Medikuak ezin izan zuen lo egin gau osoan bere buruarekiko lotsaz eta tamalez, eta goizean, hamarrak aldera, Postetxeko bulegoetara joan eta barkamena eskatu zion postetxe-buruari.

        — Ahaztu dezagun gertatutakoa —esan zion barren asaldatuaz Mikhail Averianitxek, eskua gogor estutuz—. Lehenagokoak gogoratzen dituenari, atera diezaiotela begia. Liubavkin! —supituki hain ozen oihu egin zuen, non postariak eta bisitariak ikaratu egin bait ziren—. Ekarri aulkia. Eta hik itxaron! —oihu egin zion leihatilatik gutun ziurtatu bat luzatzen zion emakumeari—. Ez al dun ikusten zertan ari naizen? Ez dugu gertatutakoa gogoratuko —jarraitu zuen samurki, Andrei Efymitxengana zuzenduz—. Eser zaitez, arren eskatzen dizut, adiskidea.

        Apur batean belaunak laztantzen aritu zen isilik eta gero esan zuen:

        — Burutik pasatu ere ez zait egin mintzerik. Gaixotasuna ez da gustoko gauza, ulertzen dut. Atzoko zure atakeak ikaratu egin gintuen medikua eta biok eta luzaroan hitzegin genuen zutaz. Adiskidea, zergatik ez zara zeure gaixotasunaz benetan arduratzen? Han ongi dagoelakoan al zaude? Barkaidazu nire adiskide-irekitasuna —marmar egin zuen Mikhail Averianitxek— oso egoera ezatseginean bizi zara: estuasunak, zikina, ez duzu pentsiorik, ez duzu zertaz sendatu... Ene adiskide maitea, medikuak eta biok bihotz-bihotzez erregutzen dizugu, jaramon egiozu gure burubideari: zoaz ospitalera! Han jateko osasungarria, zainketa eta sendagaia izango dituzu. Evgeni Feodoritx, nahiz eta gustu txarrekoa izan, geure artean esateko, baina gaitua da, erabat fidatzeko modukoa. Hitza eman dit zutaz arduratuko dela.

        Andrei Efymitx hunkitu egin zen zinezko interes honengatik eta supituki postetxe-buruaren masailetan dirdir egin zuten malkoengatik.

        — Adiskidea, ez sinetsi —esan zion ahapeka, eskua bularrera eramanez—. Ez sinetsi horiei! Iruzurra da! Nire gaixotasuna hogei urtetan hiri osoan pertsona argi bakarra aurkitu izatean dago, eta gainera zoroa da. Ez dago inolako gaixotasunik, ezik irteerarik gabeko gurpil zoro batean erori naizela. Dena berdin zait, denetarako nago prest. — Zoaz ospitalera, adiskidea.

        — Dena berdin zait, baita zulora joatea ere.

        — Adiskidea, emaidazu hitza, denean Evgeni Feodoritxi jaramon egingo diozula.

        — Nahi duzun bezala, ematen dizut hitza. Baina berriz esaten dizut, Mikhail Averianitx estimatua, gurpil zoro batean erori naiz. Orain denak, baita adiskideen zinezko interesak berak ere gauza bakarrera lerratzen nau: neure hondamendira. Nireak egin du eta badut aitortzeko kemena.

        — Adiskidea, sendatuko zara.

        — Zertarako hitzegin honetaz? —esan zuen Andrei Efymitxek suminez—. Pertsona bakanak dira bizitzaren amaieran nire oraingo sentsazioa sentitzen ez dutenak. Esaten dizutenean giltzurrinak gaixo dituzula eta bihotza handiturik edo antzeko zerbait, eta zu sendabidean jartzean, edo esaten badizute zoraturik zaudela edo gaiztagina zarela, hau da, hitz batean, jendeak bere arreta zugana zuzentzen duenean, jakizu gurpil zoroan eroria zarela eta bertatik ez zarela jadanik inoiz irtengo. Ahaleginduko zara irteten, baina barrurago sartuko zara. Errenda zaitez, ez bait dago salbatuko zaituen giza indarrik. Hala deritzot nik.

        Bitartean, leihatilan jendea metatzen ari zen. Andrei Efymitx, trabarik ez egiteko, zutitu eta agurtzen hasi zen. Mikhail Averianitxek berriro ohore-hitza hartu zion eta kanpoko ateraino lagundu zuen.

        Egun hartan bertan, arratsaldean, ustekabean Khobotov azaldu zitzaion bere larruzko txamarra eta bota garaiekin eta aurreko egunean ezer gertatu ez balitz bezalako tonuaz esan zion:

        — Arazo batekin natorkizu, lankidea. Aholkua eskatu nahi dizut: etorri nahiko al zenuke nirekin kontsultara?

        Khobotovek paseo batez entretenitu edo irabazpideren bat eman nahi ziola pentsatuz, Andrei Efymitx jantzi eta berarekin kalera irten zen. Pozik zegoen bezperako errua kitatzeko eta bakeak egiteko aukera zuelako eta bihotzez eskertzen zion Khobotovi, zeinak ez bait zuen bezperakoa aipatu ere egin eta, agi zenez, errukia bait zion. Hain gizon landugabearengandik nekez espero zitekeen halako fineziarik.

        — Eta non dago gaixoa? —galdetu zuen Andrei Efymitxek.

        — Ospitalean daukat. Aspaldian erakutsi nahi izan dizut... Kasu oso interesgarria da.

        Sartu ziren ospitaleko atarian, eta edifizio nagusia alde batera utzirik, zoroak zeuden erakuntzara jo zuten. Eta guzti hau erabateko isiltasunean. Eraikuntzan sartzean, Nikitak ohi bezala salto bat egin eta irme jarri zen.

        — Bada hor bat ezker aldean konplikazio bat izan duena —esan zuen ahapean Khobotovek, Andrei Efymitx pabilioian sartzean—. Zuk hemen itxaron, ni oraintxe nator. Estetoskopioaren bila noa.

        Eta irten egin zen.

        Iluntzen ari zuen. Ivan Dmitritx ohean etzanda zegoen, aurpegia burkoan murgildurik; perlesiduna, zirkinik egin gabe eserita, isilik negarrez eta ezpainei eragiten ari zen. Baserritar gizena eta gutun sailkatzaile ohia lotan zeuden. Dena isilik zegoen.

        Andrei Efymitx Ivan Dmitritxen ohean eserita zegoen eta itxaron egiten zuen. Baina igaro zen ordu erdi eta Khobotoven ordez Nikita sartu zen pabilioian bata bat, norbaiten barruko arropa eta zapatilak zekartzala.

        — Janzteko eskatzen dizut, gorentasuna —esan zion ahots apalez—. Hemen dago zure ohea, mesedez, hemendik —gehitu zuen, ohe huts, agi zenez, arestian ekarritako bat seinalatuz—. Ez da ezer, jainkoak nahi badu, sendatuko zara.

        Andrei Efymitxek dena ulertu zuen. Bera, hitzerdirik ere esan gabe, Nikitak seinalaturiko ohera hurbildu zen eta eseri egin zen; Nikita geldi eta itxaroten zegoela ikustean, biluzik jarri arte erantzi eta lotsatu egin zen. Gero ospitale-arropak jantzi zituen; galtzak oso labur geratzen zitzaizkion, alkandora labur eta batari arrain keaztu usaina zerion.

        — Sendatuko zara, jainkoak nahi badu —errepikatu zuen Nikitak.

        Pardel batean bildu zituen Andrei Efymitxen arropak, irten eta atea itxi zuen bere atzetik.

        «Berdin dio... —pentsatzen zuen Andrei Efymitxek, batan lotsati bere burua bilduz eta arropa berriekin preso itxura zeukala sentituz—. Berdin dio... Berdin dio fraka, uniformea edo bata hau...»

        Baina erlojua? Eta albo-patrikan zeraman ohar-libreta? Eta zigarroak? Nora eraman du Nikitak trajea? Orain, seguraski, heriotzera arte ez da izango frakak, gerruntzea eta botak jantzi beharrik. Guzti honek bitxi samarra eta ulergaitza ematen du lehen aldian. Andrei Efymitx orain ere sinetsirik dago Belovaren etxearen eta Seigarren Pabilioiaren artean ez dagoela inolako alderik, mundu honetan dena zentzugabea eta huskeriaren huskeria dela, baina bitartean eskuek dardar egiten zioten, hotza zuen oinetan eta larria ematen zion pentsatzeak une batetik bestera Ivan Dmitritxek jaiki eta bata horrekin ikusiko zuela. Zutitu zen, ibili apur bat eta berriro eseri egin zen.

        Eta horrela egon zen ordu erdiz, ordu betez eserita eta izularriraino asperturik zegoen; agian bizi al liteke hemen egun bat, aste bat eta urteak, jende hau bezala? Beraz, eserita egon, ibili apur bat eta berriro eseri egin zen; leihora joan eta begiratu egin daiteke, eta berriro alde batetik bestera ibili. Eta gero zer? Honela eserita egon denbora guztian, estatua bat bezala, eta pentsatu? Ez, hau ezina da.

        Andrei Efymitx etzan egin zen, baina berehalaxe zutitu zen, xukatu zuen mahukaz bekokiko izerdi hotza eta aurpegi guztiari arrain keaztu usaina zeriola sentitu zuen. Berriro ibili egin zen.

        — Gaizkiulertzeren bat da, nonbait... —esaten jardun eta besoak hedatu zituen ezbaiti—. Argitu beharra daukat, hemen gaizkiulertzeren bat dago...

        Une horretan Ivan Dmitritx itzartu zen. Eseri eta ukabilez igurtzi zituen masailak. Ttu egin zuen. Gero nagiro begiratu zion medikuari eta, agi zenez, lehen une batean ez zuen ezer ulertu; baina laster bihurtu zitzaion aurpegi loguratsua maltzur eta isekati.

        — Kontxo, zu ere hemen sartu zaituzte, adiskidea! —esan zuen lozorrozko ahots erlatsez, begi bat ñarrotuz—. Oso ongi. Ez al zara jendeari odola edaten ibili, ba, orain zeuri edango dizute. Primeran!

        — Hau gaizkiulertzeren bat da... —ihardun zuen esaten Andrei Efymitxek, Ivan Dmitritxen hitzek ikaraturik; sorbaldak uzkurtu eta errepikatu zuen: —gaizkiulertzeren bat...

        Ivan Dmitritx berriro ttu egin eta etzan egin zen.

        — Bizitza madarikatua! —marmar egin zuen—. Eta mingotsa eta. mingarriena da bizitza hau ez dela amaitzen sufrimenduengatiko sariarekin, ezta apoteosiarekin, operan bezala, heriotzarekin baizik; etorriko dira baserritar batzuk, helduko diote hildakoari beso-zangoetatik eta sotora. Brrr! Tira, ez da ezer... Baina beste munduan izango da gure txanda... Ni beste munduan nagoenean itzal baten modura etorriko naiz hona eta zerri hauek ikaratuko ditut. Ilea zuritzeraino izutuko ditut.

        Itzuli zen Moiseikarengana eta medikua ikustean, eskua luzatu zion.

        — Emadazu kopeikatxo bat! —esan zion.

        Andrei Efymitxek leihora hurbildu eta kanpora begiratu zuen. Iluntzen ari zuen, eta horizontean eskuin aldera ilargi hotz purpura ari zen irteten. Ospitaleko hesitik hurbil samar, ehun sazhenetara, ez gehiagora, etxe zuri garai bat zegoen harrizko hormaz inguratua. Gartzela zen.

        «Hori duk errealitatea!» —pentsatu zuen Efymitxek, eta beldur izan zen.

        Beldurra ematen zioten ilargiak, eta gartzelak, eta hesiko iltzeek, eta fabrika bateko erlantza urrunak. Atzekaldean hasperen bat entzun zen. Andrei Efymitxek bira eman eta paparrean izar eta kondekorazio distiratsuak zeuzkan gizon bat ikusi zuen, irribarrez eta maltzurki begia keinatuz. eta honek ere beldurra eman zion.

        Andrei Efymitxek ahaleginak egin zituen bere buruari sinetserazteko ilargian eta gartzelan ez zegoela ezer berezirik, eta psikikoki osasuntsua den pertsonek ere erabiltzen dituztela kondekorazioak eta denborarekin dena usteldu eta lur bihurtuko dela, baina supituki etsipenak menperatu zuen, heldu zion bi eskuez burdinesiari eta bere indar guztiaz astindu zuen. Burdinesi sendoak ez zuen amore eman.

        Gero, beldurrik ez balu bezala, Ivan Dmitritxen ohera joan eta eseri egin zen.

        — Adorea galtzen ari naiz, adiskidea —marmar egin zuen, dardarka eta izerdi hotza xukatuz—. Adorea galtzen.

        — Baina zuk filosofatu egiten duzu —esan zion isekaz Ivan Dmitritxek.

        — Jainko maitea, Jainko maitea... Bai, bai... Zuk behin esan zenuen Errusian ez dagoela filosofiarik, baina guztiek filosofatzen dute, baita xeheteriak ere. Baina xeheteriaren filosofiaketek ez diote inori kalterik egiten —esan zuen Andrei Efymitxek negar egin eta norbaiten errukia nahi balu bezalako tonuaz—. Zertarako dator orduan, adiskidea, barre maliziati hori? Eta nola ez filosofatu xeheteria honi, pozik ez badago? Pertsona argi, eskolatu, harro, askatasunzaleak ez du beste aukerarik hiri hau bezalako zulo zikin ergel batera eta bizitza osoa flasko, izain eta enplasto artean ematea baizik! Berritsukeria, kaikukeria, ergelkeria! Jainko maitea!

        — Ergelkeria besterik ez duzu esaten. Medikuntzaren aurka bazeunden, ministrari izan behar zenuen.

        — Ez, ezin inora joan. Ahulak gara, adiskidea... Ni axolagabea nintzen, ongi eta zuzen arrazoitzen nuen eta aski izan da bizitzak ukitu zantar bat egitea, adorea galtzeko... aunadura... Ahulak, ziztrinak gara... Zu ere bai, adiskidea. Pertsona argia, jatorra zara, amaren esnearekin onerako bulkadak zurgatu dituzuna, baina bizitzarekin topo egin orduko, aunatu eta gaixotu egin zara... Ahulak, ahulak!

        Irain-sentsazioa eta beldurra bezain kezkagarria zen beste zerbaitek larritzen zuen Andrei Efymitx arratsa hasi zen unetik denbora guztian. Azkenean konturatu zen garagardoa hartu eta erre egin nahi zuela.

        — Irten egingo naiz hemendik, adiskidea —esan zion—. Argia pizteko esango diet... Ezin dut honela... ezin dut egoera honetan... Andrei Efymitx atera joan zen eta ireki egin zuen, baina bapatean Nikitak salto batez zutitu eta bidea itxi zion.

        — Nora zoaz? Ezin da, ezin da! —esan zion—. Lotarako ordua da! — Minutu bat bakarrik da, atarian ibilitxo bat egitera! —esan zuen txunditurik Andrei Efymitxek.

        — Ezin da, ezin da, ez dago baimenik. Zerorrek ere badakizu. Nikitak atea itxi eta bizkarra jarri zuen haren kontra.

        — Baina hemendik irteten banaiz, nori axola dio? —galdetu zuen Andrei Efymitxek sorbaldak uzkurtuz—. Ez dut ulertzen! Nikita, irten egin behar dut! —esan zuen ahots ikaratiz—. Irten egin behar dut!

        — Ez sortu istilurik, ez dago ongi! —esan zuen nagusikoi Nikitak. Baina zer arraio da hau! —oihu egin zuen supituki Ivan Dmitritxek eta salto batez jaiki zen—. Zer eskubide du irteten ez uzteko? Nola ausartzen dira gu hemen edukitzera? Legean, nik uste, argi esana dagoela ezin zaiola inori askatasuna kendu epaiketarik gabe! Hau bortxaketa da! Bidegabekeria!

        — Bai, bidegabekeria! —esan zuen Andrei Efymitxek Ivan Dmitritxen oihuek adoreturik—. Irten egin behar dut, premia dut. Horrek ez du eskubiderik! Utzi irteten, esaten dizut!

        — Entzuten al duzu, zerri kaikua? —oihu egin zuen Ivan Dmitritxek eta ukabilaz jo zuen atea—. Ireki, bestela atea botako du. Errukabea!

        — Ireki! —oihu egin zuen Andrei Efymitxek gorputz osoaz dardarka—. Agindu egiten dizut!

        — Segi hitzegiten! —erantzun zuen atearen atzetik Nikitak—. Segi hitzegiten!

        — Gutxienez zoaz Evgeni Feodoritxi hona deitzera! Esaiozu hona etortzea nahi dudala... minutu baterako!

        — Bihar deitu gabe etorriko da.

        — Ez digute inoiz irteten utziko! —jarraitzen zuen bitartean Ivan Dmitritxek—. Hementxe akabatuko gaituzte! Jainko maitea, ba ote liteke gero beste munduan ifernurik ez izatea eta doilorkume hauek barkatuak izatea? Non da justizia? Ireki, doilorkumea, ito egiten naiz —oihu egin zuen ahots erlatsez eta ateari oldartu zitzaion—. Buru zanpatuko dizut! Asasinoak!

        Nikitak bizkor atea ireki, zakar, bi eskuez eta belaunaz Andrei Efymitxi bultza egin, gero abiada hartu eta ukabilaz jo zuen aurpegian Andrei Efymitxi iruditu zitzaion olatu gazi eskerga batek estali aurpegia eta oheraino herrestan eraman zuela; izan ere, ahoa gazia zeukan, hortzetatik odola zerion, nonbait. Igeri egin nahian bezala, eskuei eragiten hasi zen eta oheren bati heldu zion, eta une horretan sentitu zuen Nikitak bi aldiz jo zuela bizkarrean.

        Ivan Dmitritxek oihu ozena egin zuen. Seguraski joka ari zitzaizkion.

        Gero dena isildu zen. Ilartargi urtsua burdinesian zehar sartzen zen eta behearen gainean sarea zirudien itzal bat ageri zen. Beldur ematen zuen. Andrei Efymitx ohean etzan zen arnasari eutsiz; izuturik itxaroten zion beste kolpe bati. Norbaitek igitai bat hartu, sartu eta behin eta berriz bularrean eta hesteetan biraka erabili ziotela zeritzon. Sufrimenduaren sufrimenduz burkoari hozka egin eta hortzak estutu zituen, eta supituki buruan, kaosaren erdian, pentsamendu beldurgarri, jasanezin bat sortu zitzaion: sufrimendu hau bera urteetan zehar eta bere-berean sufritu behar zutela orain ilartargitan itzal ilunak ziruditen haiek. Nola gerta zitekeen, hogei urte baino gehiagoz berak ez jakitea edo ez jakin nahi izatea hura? Ez zekien, ez zeukan sufrimenduaren ezaguerarik, hau da, ez zen errudun, baina bere kontzientziak, Nikita bezain komentzigaitz eta zakarra zenak goitik beheraino izozturik utzi zuen. Salto batez zutitu, indar guztiaz oihu egin eta bizkorrago lasterka egin nahi izan zuen Nikita hiltzeko, gero Khobotov, jagolea, praktikantea ondoren bere burua, baina bularretik ez zitzaion hots bat ere atera eta zangoek huts egin zioten; hura itoaz, bularretik bata eta alkandora erauzi, urratu eta zentzurik gabe ohean amildu zen.

        Biharamun goizean buruko minez zegoen, belarriak furrundaka zeuzkan eta aldigaitza sentitzen zuen gorputz osoan. Bezperako bere ahulezia gogoratzeak ez zion lotsarik ematen. Koldarra izan zen, ilargiak ere beldurra eman zion, zinez adierazi zituen lehen bere baitan susmatu ere egiten ez zituen sentimendu eta ideiak. Esate baterako, filosofatzen zuen xeheteriak sentitu behar zuen ongiezaren ideia. Baina orain dena berdin zitzaion.

        Ez zuen jaten, ez zuen edaten, zirkinik egin gabe zetzan eta isilik zegoen.

        «Dena berdin zait —pentsatzen zuen galderak egiten zizkiotenean—. Ez dut erantzungo... Dena berdin zait».

        Bazkalondoan Mikhail Averianitx etorri zen eta pinterdi bat eta libra bat marmelada ekarri zion. Dariuxka ere etorri zen eta ordu bete osoan ohe ondoan egon zen aurpegian mingostasun kamutsezko adierazpena zuela. Khobotov medikuak ere bisita egin zion. Flasko bat potasio-bromuro eta pabilioia zerbaitez fumigatzeko agindu zion. Arratsaldean, Andrei Efymitx apoplexi atakez hil zen. Hasieran egundoko hotzikarak eta goralarriak sentitu zituen; zerbait nazkagarria, zirudienez, gorputz osoan barrena sartuz bezala atzamarretaraino, ari zitzaion igotzen urdailetik bururaino eta begi-belarriak blaitu zizkion. Begiak berdetu egin zitzaizkion. Andrei Efymitx konturatu zen azkena iritsi zitzaiola eta gogoratu zuen Ivan Dmitritx, Mikhail Averianitx eta milioika pertsonak hilezkortasunean sinesten zutela. Eta benetan halakorik baldin bada? Baina berak ez zuen hilezkortasunik nahi eta une batez bakarrik pentsatu zuen hartan. Orein talde bat, izugarri eder eta lirainak, zeinetaz bezperan zerbait irakurria bait zuen, igaro zitzaion ondotik; gero emakume batek eskua luzatu zion gutun ziurtatu batekin... Mikhail Averianitxek zerbait esan zuen. Gero dena ezabatu zen, eta Andrei Efymitxek betirako utzi zion izateari.

        Etorri ziren ohatilariak, heldu zioten beso-zangoetatik eta eraman zuten kapilara. Han egon zen mahaian etzanda begiak zabalik eta gauez ilargiak argi egiten zion. Goizean Sergei Sergeitx etorri zen, debozioz gurutzearen aurrean otoitz egin eta buru izan zuenari begiak itxi zizkion.

        Handik egun batera ehortzi zuten Andrei Efymitx. Hiletetan Mikhail Averianitx eta Dariuxka bakarrik izan ziren.

 

 

© Anton Txekhov

© itzulpenarena: Xabier Mendiguren Bereziartu

 

 

"Txekhov / Ipuinak" orrialde nagusia

Anton Txekhov euskaraz